Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

59. zk., 2026ko martxoaren 27a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
1352

EBAZPENA, 2026ko martxoaren 12a, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearena, Irakasle Agregatuen kidegoetako plazak txanda librean betetzeko lehiaketarako deia egiten duena.

Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle-ikertzaileen 2024ko lan eskaintza publikoak betez, errektore honek, Hezkuntza Sailaren baimena jaso ondoren, ebazpen honen I. eranskinean zerrendatuta dauden lanpostuak eskuratzeko lehiaketa deitzea ebatzi du.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1.– Arau orokorrak.

Lehiaketa honi aplikagarri zaizkio 2/2023 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Unibertsitate Sistemarena (2023ko martxoaren 23ko BOEn argitaratutakoa; aurrerantzean, LOSU); 5/21015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen dena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearena (2015eko urriaren 2ko BOEn argitaratua); 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena (2015eko urriaren 2ko BOEn argitaratua); 678/2023 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, unibertsitateko irakasleen kidegoetan sartzeko estatu egiaztapena eta kidego horietako plazetara sartzeko lehiaketen araubidea arautzen dituena (2023ko irailaren 6ko BOEn argitaratua); Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak, otsailaren 15eko 17/2011ko Dekretuaren bidez onartutakoak (2011ko otsailaren 24ko EHAAn argitaratua); Erabakia, 2024 irailaren 26koa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, unibertsitateko irakasleen kidegoetara sartzeko prozeduraren eta irakasle osoak eta agregatuak hautatzeko eta kontratatzeko prozeduraren Arautegia onartzeko dena; honako ebazpen hau eta aplikatu beharreko gainerako arautegia.

2.– Hautagaien baldintza orokorrak eta espezifikoak.

2.1.– Urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak, Enplegu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duenak, 56. eta 57. artikuluetan xedatzen duenez, hautaketa prozesu hauetan parte hartzeko, izangaiek jarraian adierazita dauden baldintzak bete beharko dituzte. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen barruan egiaztatu beharko dute baldintzak betetzen dituztela, eta agiriok lanpostua jabetzan hartu arte egon beharko dute indarrean.

2.2.– Baldintza orokorrak:

a) Nazionalitatea. Espainiarra edo Europar Batasunaren estatu kideetako herritar izatea; edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera langileen zirkulazio askea aplikatu behar denean, tratatu horien aplikazio eremuaren barruan egotea. Lehiaketan parte hartu ahalko dute adierazitakoen ezkontideek ere (baldin eta legez bananduta ez badaude), bai eta seme-alabek (ezkontideenak barne), betiere hogeita bat urte baino gutxiago badituzte edo, adin hori gainditu arren, haien kontura bizi badira.

Hautaketa prozesuan parte hartzeko eskaera aurkezteko unean, nazionalitatea egiaztatu beharko da, baita, hala badagokio, senidetasuna edo menpekotasuna ere, hala xedatzen baitu 8.2 artikuluan maiatzaren 18ko 543/2001 Errege Dekretuak, langileen zirkulazio askerako eskubidea aplikatzen zaien estatuetako herritarrak Estatuko Administrazio Orokorreko nahiz haren organismo publikoetako enplegu publikora sartzeari buruzkoak.

b) Lanpostuari dagozkion zereginak betetzeko gaitasun funtzionala izatea.

c) Hamasei urte beteta izatea eta, hala dagokionean, nahitaezko erretiroa hartzeko gehieneko adinetik gorakoa ez izatea (70 urte).

d) Diziplina espediente bidez edozein administrazio publikoren edo autonomia erkidegoetako organo konstituzional edo estatutarioen zerbitzutik bereizita ez egotea, ez eta, ebazpen judizialaren arabera, enplegu edo kargu publikorako desgaikuntza erabatekoa edo berezia izatea ere, zegokion kategoria profesional berera sartzeko denean. Beste estatu bateko herritarra izanez gero, gaitasungabetua edo egoera baliokidean ez egotea, eta diziplina zehapenik edo baliokiderik ez izatea, dagokion estatuan baldintza berberetan enplegu publikora iristea eragotziko duenik, hain zuzen.

2.3.– Hautagaien baldintza espezifikoak:

a) Doktore titulua izatea.

b) Ikerketa eta irakaskuntza jardueraren aldeko ebaluazioa edukitzea, Gobernuak araudiaren bidez finkatuko duena eta Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentziaren edo euskal araudian onartutako antzeko erakunde baten txosten batez egiaztatuko dena (UNIBASQeko irakasle agregaturako edo ANECAren irakasle doktore kontraturako).

c) Hizkuntza eskakizun elebiduna duen plaza bat izanez gero (euskara tarteko), Euskararen arloko errektoreordeak 2022ko ekainaren 5ean emandako Ebazpenean (uztailaren 11ko EHAA) zehaztutakoari jarraikiz egiaztatuko da euskararen ezagutza; edo Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko C1 mailaren pareko titulua aurkeztu beharko da, kontuan hartuta azaroaren 9ko 298/2010 Dekretuak ezartzen duena (298/2010 Dekretua, azaroaren 9koa, euskararen jakite maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetzeko eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko denak [2010eko azaroaren 15eko EHAA]); edo 47/2012 Dekretuan zehaztutakoa egiaztatu beharko da (47/2012 Dekretua, apirilaren 3koa, euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta euskara-maila hizkuntza-tituluen eta ziurtagirien bidez egiaztatzetik salbuesteko dena). Hala, horrelako lanpostuetan euskara jakitea nahitaezkoa izango da eta, ezagutza egiaztatu ezean, hautagaia kanporatu egingo da prozeduratik.

d) EAEn ofiziala ez den hizkuntza bat jakitea eskatzen duen hizkuntza eskakizuna daukaten plazen kasuan, beharrezkoa izango da kasuan kasuko hizkuntzan irakasteko gaitasuna egiaztatzea, Ofizialak ez diren hizkuntzetan irakaskuntza eskaintzeko egiaztagiria eskuratzeari buruzko araudian ezarritakoari jarraituz (Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren Erabakia, 2010eko ekainaren 24koa, 2010-12-02ko EHAA), bai eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektorearen 2012ko martxoaren 8ko Erabakiaren eranskinean ezarritakoari ere (ofizialak ez diren hizkuntzen baliokidetzari buruzko erabakia). Gaitasuna egiaztatzen ez badu, hautagaia lehiaketatik baztertua izango da.

e) Desgaitasun kupoan parte hartzen duten pertsonek egiaztatu beharko dute legez % 33ko edo gehiagoko adimen ezintasuna aitortuta dutela. Izangaiek eskatu ahal izango dituzte II. eranskinean minusbaliotasun kuporako adierazitako plazak, minusbaliatuaren izaera izan zein ez. Desgaitasun kupoaren eskatzailerik ez badago, edo hautaketa prozesua gainditzen ez badute desgaitasun kupoaren bidez parte hartzen duten pertsonek, plaza horiek kupo orokorrari metatuko zaizkio.

f) Plazaren azalpenean zehaztutako beste edozein baldintza.

3.– Eskaerak:

3.1.– Hautaketa proba hauetan parte hartzeko eskaerak egiteko, deialdi honen III. eranskinean jasotako eredua hartu beharko da oinarri.

3.2.– Eskaerak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, hala xedatzen baitu urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, 14.2.e) artikuluan eta Bitarteko elektronikoekin funtzionatzeko eta jarduteko UPV/EHUren arautegiak (2024ko urriaren 1eko EHAA). Horretarako, hamabost egun balioduneko epea egongo da, deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ofizialki argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

3.3.– Eskaerarekin batera dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren kopia, Espainiako nazionalitatea duten izangaien kasuan. Espainiako nazionalitatea ez duten baina parte hartzeko aukera duten izangaiek beren nazionalitatea egiaztatzeko agiriaren kopia aurkeztu beharko dute, bai eta, hala badagokio, senidetasuna egiaztatuko duten agiriak ere, edota lotura horren bitartez beste estatu bateko herritar baten kontura edo menpean bizitzea egiaztatzen duen agiria, hala dagokionean. Bestalde, lehiaketan parte hartzeko eskubidea daukatenek ezkontideak direlako, aipatutako dokumentuez gain, zuzenbidez banaturik ez daudela dioen zinpeko aitorpena edo promesa aurkeztu beharko dute.

b) 2.3 oinarrian jasota dauden baldintza espezifikoak betetzen direla egiaztatzeko agirien fotokopia.

c) Azterketa egiteko eskubideengatiko zenbatekoak ordaindu izanaren agiria. Eskaerak aurkezteko, urtero ezartzen diren tasak ordaindu behar dira.

d) Euskararen edo, hala badagokio, hizkuntza ez ofizialaren jakitea egiaztatzeko tituluaren edo ziurtagiriaren kopia, unibertsitateko irakasleen kidegoetako plazak eskatzeko eta irakasle osoak eta agregatuak hautatu eta kontratatzeko lehiaketen erregelamenduaren 7. eta 8. artikuluetan xedatutakoaren arabera.

e) Zinpeko adierazpena (IV. eranskina).

f) Egokitzapenen bat behar izanez gero, eta desgaitasuna duten pertsonen aukera berdintasuna bermatu ahal izateko eta neurri egokiak hartu ahal izateko, idazki bat aurkeztuko da parte hartzeko eskabidearekin batera, denbora eta bitartekoak egokitzeko eskatuz (V. eranskina). Halaber, eskatutako egokitzapenaren bidezkotasunari buruzko irizpen tekniko fakultatiboa aurkeztu beharko dute, desgaitasun maila zehaztu zuen balorazio organo teknikoak emana. Epaimahaiak txosten teknikoaren proposamena aztertuko du eta hura emateari buruzko erabakia hartuko du, ekainaren 9ko PRE/1822/2006 Aginduan ezarritako irizpideekin bat etorrita. Paragrafo honetan aipatutakoek izangaiek egokitzapenik eskatzen ez badute lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezteko unean, ulertuko da egokitzapen horiek ez dituztela behar edo uko egiten dietela, ezin izango delarik egokitzapenok prozeduraren ondorengo beste ezein unetan eskatu.

4.– Parte hartzeko eskubideengatik ordaindu beharreko tasak.

Eskatzen den plaza bakoitzeko 20,27 euro ordaindu behar dira, kasuan-kasuan zehaztu legez.

Ordainketa jarraian adierazita dagoen kontu korrontean egingo da, eskatzailearen izen-abizenak eta lortu nahi den plazaren hurrenkera zenbakia adierazita:

Kutxabank:

UPV/EHUko Irakasle-ikertzaileen Errektoreordetza. Irakasleen lehiaketetako tasak.

Kontu korrontearen zenbakia: ES73 2095 0292 94 3239002233.

Eskaerak aurkezteko epearen barruan aurkeztu beharko da tasa osorik ordaindu izanaren agiria, eta ez da egongo geroago aurkezteko aukerarik. Beraz, epe horretan aurkeztu ezean, hautagaia baztertua izango da.

Dena dela, azterketa eskubideak ordaindu arren, ezinbestekoa da lehiaketan parte hartzeko eskaria ere aurkeztea errektoreari, behar bezala beteta eta epearen barruan.

5.– Hautagaiak onartzea.

5.1.– Eskaerak aurkezteko epea amaituta, errektoreak agindua emango du UPV/EHUren webgunean argitaratzeko onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eskatzaileak baztertzeko arrazoiak ere adierazita bertan. Baztertutakoek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute eta, halakorik bada, akatsak zuzendu ahal izango dituzte. Horretarako hamar egun balioduneko epea emango da, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik kontatzen hasita.

5.2.– Zuzenketak egiteko aukerak ez du ekarriko, inolaz ere, beste epe bat irekitzea hautagaiek egiaztatzeko edo alegatzeko lehiaketan parte hartzea eskatzeko azken egunerako betetzen ez zituzten baldintzak. Era berean, akatsak zuzentzeko eta erreklamazioak aurkezteko epean ezin izango dute ez merezimendu berririk alegatu ez egiaztatu.

5.3.– Errektoreak, hautagaiek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onartzeko Ebazpena emango du, eta zerrenda hori UPV/EHUren webgunean argitaratuko da.

5.4.– Ebazpen horren kontra egiteko, behin betiko zerrendan baztertuak direnek aukerako berraztertze errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote UPV/EHUko errektoreari hilabeteko epean, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak (urriaren 2ko EBO), 112. artikuluan eta hurrengoetan adierazitako moduan; edo, bestela, errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute zuzenean jurisdikzio eskudunean.

5.5.– Hautaketa prozesuaren uneren batean administrazioak egiaztatuko balu izangaieren batek ez duela betetzen lehiaketan zehaztutako baldintzaren bat, bost eguneko epea emango dio falta den agiria aurkezteko. Agiria aurkeztu ezean, lehiaketatik kanpo geratuko da behin betiko. Edozelan ere, lehiaketan parte hartzeko eskatzen diren baldintzak lehiaketan parte hartzeko ezarritako epemuga iristerako bete beharko dira.

6.– Hautaketa probetako epaimahaiak.

6.1.– Deialdi honetako lehiaketak kasuan kasuko epaimahaiek ebatziko dituzte. Epaimahaiek hautagaien aukera berdintasuna bermatuko dute, eta merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuko dituzte.

6.2.– Epaimahaien osaera eta funtzionamendua araututa daude Unibertsitateko irakasleen kidegoetara sartzeko prozeduraren eta irakasle osoak eta agregatuak hautatzeko eta kontratatzeko prozeduraren Arautegian (Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluaren 2024ko irailaren 26ko Erabakia, II. titulua, 2024ko urriaren 10eko EHAA). Deialdi honetan zehaztuta ez dagoen guztian, epaimahaiek jarraitu beharko diote Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren Legean kide anitzeko organoetarako ezarritakoari (40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, 2ko BOE).

7.– Hautaketa prozesuaren garapena.

7.1.– Hautaketa Batzordeak Unibertsitatearen web orrian iragarriko du noiz izango den azken eguna proben oinarri diren merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkezteko. Merezimendu horiek I. eta II. eranskinetan zehazten dira, irakaskuntza programa, ikerketa proiektua eta jatorrizko ikerketa lana barne. Plazaren ezaugarrietan «egin beharreko jarduerak» atalean irakasgai bat baino gehiago sartzen bada, bana irakaskuntza programa aurkeztu beharko da irakasgai bakoitzeko.

7.2.– Irakasle agregatuen plazetarako hiru proba egingo dira:

a) Lehenengo proba izango da azaltzea epaimahaiari lehiakidearen merezimenduak eta ibilbidea (akademikoa, irakaskuntzakoa eta ikerketakoa), bai eta aurkeztutako irakaskuntza eta ikerketa proiektua ere (kasuan kasuko jakintza espezialitateko gaietako baten programa jasoko duena), eta horien guztien gaineko elkarrizketa izatea epaimahaiarekin.

b) Bigarren proban, lehiakideak aurkeztutako programako gai bat azaldu beharko zaio epaimahaiari, eta horri buruzko elkarrizketa izan. Gaia lehiakideak aukeratuko du, zozketaz ateratako hiru gairen artetik. Proba horren zati bat plazaren profilean agertzen diren hizkuntzetako bakoitzean egin beharko da.

c) Hirugarren proban, azken bost urteetan egindako ikerlan original bat azaldu beharko zaio epaimahaiari (argitaratua zein argitaratu gabea), eta horri buruzko elkarrizketa izan. Lehiakidea ikerlan horren egile nagusietako bat izan beharko da.

7.3.– Lehiakide bakar batek ere ez baditu gainditzen proba guztiak, plaza eman gabe utziko du epaimahaiak.

7.4.– Proba guztiak egin ondoren, eta hiru proba baztertzaileak nortzuek gainditu dituzten zehaztu ondoren, pertsona horien merezimenduak baloratuko dira, kontuan hartuta honako hauek:

a) Akreditatuta egotea plazari dagokion jakintza eremuan eta lortu nahi den kategoria baino goragoko kategoria batean (edo, lan kontratudun plazen kasuan, funtzionario figura baliokidean), bat etorrita unibertsitateko irakasleen kidegoetara sartzeko estatuko akreditazioari eta kidego horietako plazen lehiaketen araubideari buruzko uztailaren 18ko 678/2023 Errege Dekretuan edo horren aurreko legerian ezarritakoarekin: 20 puntu gehiago.

b) Euskararen jakintza III. eranskinean jasotako moduan baloratuko da. Euskara jakitea ezinbestekoa ez den plazen kasuan, merezimendu honengatik 11 puntu lortu ahal izango dira. Euskara jakitea ezinbestekoa den plazen kasuan, merezimendu gehigarriak baino ez dira puntuatuko, eta 2,2 puntu lortu ahal izango dira.

7.5.– Lehiakide bakarra aurkezten bada, epaimahaiak salbuetsi ahal izango du alegatutako merezimenduen ahozko aurkezpenetik, kide guztiak ados badaude, eta lehiakidea izendatzeko proposamena egingo da zuzenean, epaimahaiak hartutako erabakia arrazoitu beharko duelarik.

7.6.– Lehiakideren batek aurkezpena euskaraz egin nahi duela adierazi badu eskarian, bermatu beharko da epaimahaia osatzen dutenek autonomia erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan jarraitu ahal izango dutela hautaketa prozesua, horretarako behar diren baliabideak jarrita.

8.– Plazak betetzeko proposamena:

8.1.– Proba guztiak gainditu dituen hautagairik badago, epaimahaiak izendapen proposamena egingo du (txostenak eta puntuazioak kontuan hartuta), eta errektoreari bidaliko dio. Proposamena arrazoitu egin beharko da, eta loteslea izango da; hortaz, errektoreak epaimahaiaren proposamenean oinarritutako erabakia emango du. Epaimahaiko kide guztiak ados badaude, epaimahaiak txosten bakar bat egin ahal izango du, kuantifikatua eta arrazoitua, lehiakide bakoitzeko. Proposamena UPV/EHUren webgunean argitaratuko da.

8.2.– Plaza betetzeko edo bete gabe uzteko proposamenean hautagai bakoitzari egindako balorazioa jasoko da, behar bezala arrazoitua eta emandako puntuazioa zehaztuta.

8.3.– Lehiaketako plaza beteko duen pertsona proposatuko dute epaimahaiek, puntuazioari jarraikiz, eta ezin izango dituzte proposatu deialdian eskaintzen ziren plazak baino lehiakide gehiago.

8.4.– Aurreko atalean xedatutakoa gorabehera, epaimahaiek ordezkoak proposatu ahal izango dituzte, puntuazioari jarraikiz, hasieran proposatutako pertsonak kontratua sinatzeari edo izendapenari uko egiten dion kasurako.

8.5.– Epaimahaikide guztiek lehiakide guztiak kalifikatu behar dituzte.

8.6.– Izangaiek ez dute inolako eskubiderik izango hutsik geratzen diren plazen gainean, eta ezin izango dute eskatu ezein lan poltsatan sartzeko.

9.– Erreklamazioak.

9.1.– Epaimahaiak egindako proposamenaren kontra lehiakideek erreklamazioa aurkeztu ahal izango diote errektoreari, gehienez ere hamar eguneko epean, proposamena argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Erreklamazioa izapidetzea onartuz gero, eten egingo da izendapena (unibertsitateko irakasleen kidegoen kasuan) edo kontratazioa (lan kontratudun langileenean) egiteko epea.

9.2.– Erreklamazio Batzordeak hiru hilabete izango ditu erreklamatutako proposamena berretsi edo ezesteko, eta epaimahaiak hartuko duen ebazpenarekin bat datorren ebazpena emango du errektoreak. Aipatutako epea igarota ez bada eman erabakirik, jarritako erreklamazioa ezetsi egin dela ulertuko da. Errektorearen ebazpenak amaiera emango dio administrazio bideari eta kontra egiteko aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango da edo, bestela, zuzenean jarri ahal izango da errekurtsoa eskumena duen jurisdikzioan.

10.– Agiriak aurkeztea, izendapenak eta lanpostua jabetzan hartzea:

10.1.– Izendapenaren ondoren zehaztuko dira plazaren ezaugarriak: kidegoa, jakintza arloa, saila, ikastegia, arduraldia eta hizkuntza eskakizuna, bai eta lanpostuen zerrendako kodea ere.

10.2.– Izendapenak Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

10.3.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik 20 egunetara, gehien dela, proposatutako hautagaiak kontratua sinatu beharko du.

10.4.– Sektore publiko nahiz pribatuan beste lanpostu batean dihardutenek, lanpostua jabetzan hartu baino lehen (zehazki, izendapena egin eta lehen egunetan), bateragarritasuna onartzeko eskaera egin beharko dute. Horrela, kontratuaren sinatzea atzeratu egingo da, harik eta bateragarritasun espedientea ebazten den arte.

10.5.– Aurrez ezarritako epean proposatutako hautagaiak lanpostua jabetzan hartzen ez badu (ezinbesteko arrazoirik justifikatu gabe), eta lanpostua jabetzan hartzeko epea luzatu ez bada, UPV/EHUko errektoreak zerrendan hurrengo postuan dagoen hautagaia izendatuko du, betiere, horrek 10.1 oinarrian adierazita dagoen dokumentazioa aurkeztu ondoren.

10.6.– Lehiaketan eskuratutako plaza gutxienez bi urtez bete beharko da, beste unibertsitate batean plaza eskuratzeko lehiaketa batean parte hartu baino lehen.

10.7.– UPV/EHUk txanda kontratu bat egin ahal izango du plaza eskuratu duen pertsonarekin, bere pertsonala erretiro partzialera irits dadin errazteko.

11.– Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra aukerako berraztertze errekurtsoa jarri ahalko zaio errektoreari, hilabeteko epean; edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da jurisdikzio horretako Bilboko epaitegian, eta horretarako epea bi hilabetekoa izango da, erabakia web orrian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Leioa, 2026ko martxoaren 12a.

Errektorea.
Eskuordetzaz (errektorearen 2025eko urtarrilaren 30eko Ebazpena; 2025-02-19ko EHAA).

Irakasle-ikertzaileen errektoreordea,

EFREN ARESKURRINAGA MIRANDONA.

I. ERANSKINA

Plazaren zenbakia: 1. Kodea: AGC8L1-D00112-47. Kategoria: Irakasle Agregatua. Jakintza arloa: Ingeniaritza Kimikoa. Saila: Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza. Ikastegia: Bilboko Ingeniaritza Eskola. Hizkuntz eskakizuna: Elebiduna. Arduraldia: Osoa. Egin beharreko irakaslanak eta ikerlanak: «Erreaktore Kimiko eta Biologikoak» «Teknologia Kimikoak»

Plazaren zenbakia: 2. Kodea: AGC8L1-D00320-34. Kategoria: Irakasle Agregatua. Jakintza arloa: Zientzia Esperimentalen Didaktika. Saila: Matematika, Zientzia Esperimental eta Gizarte Zientzien Didaktika. Ikastegia: Hezkuntza eta Kirol Fakultatea. Hizkuntz eskakizuna: Elebiduna. Arduraldia: Osoa. Egin beharreko irakaslanak eta ikerlanak: «Natur Zientziak Lehen Hezkuntzako Ikasgelan»

II. ERANSKINA

1.– Plaza betetzeko lehiaketako epaimahaia. Kategoria: Irakasle Agregatua. Jakintza arloa: Ingeniaritza Kimikoa. Kodea: AGC8L1-D00112-47.

Batzorde titularra:

Jesús María Requiés Martínez. Unibertsitateko Katedraduna. UPV/EHU.

Esther Acha Peña. Irakasle Agregatua. UPV/EHU.

José Iglesias Morán. Unibertsitateko Katedraduna. Juan Carlos Erregea Unibertsitatea.

Rosalía Rodríguez Escudero. Unibertsitateko Irakasle Titularra. Juan Carlos Erregea Unibertsitatea.

Xose Ramón Novoa Rodríguez. Unibertsitateko Katedraduna. Vigoko Unibertsitatea.

Ordezko batzordea:

Iker Aguirrezabal Tellería. Irakasle Agregatua. UPV/EHU.

Victoria Laura Barrio Cagigal. Unibertsitateko Katedraduna. UPV/EHU.

Mikel Oregui Bengoechea. Irakasle Agregatua. UPV/EHU.

María Astrid Barona Fernández. Unibertsitateko Katedraduna. UPV/EHU.

Raquel Ibañez Mendizabal. Unibertsitateko Katedraduna. Kantabriako Unibertsitatea.

Jaime Lora García. Unibertsitateko Katedraduna. Valentziako Unibertsitate Politeknikoa.

María Linares Serrano. Unibertsitateko Irakasle Titularra. Juan Carlos Erregea Unibertsitatea.

2.– Plaza betetzeko lehiaketako epaimahaia. Kategoria: Irakasle Agregatua. Jakintza arloa: Zientzia Esperimentalen Didaktika. Kodea: AGC8L1-D00320-34.

Batzorde titularra:

Aritz Ruiz González. Irakasle Agregatua. UPV/EHU.

Arantza Rico Martínez. Irakasle Agregatua. UPV/EHU.

Ángel Luis Cortés Gracia. Unibertsitateko Katedraduna. Zaragozako Unibertsitatea.

María Mercedes Martínez Aznar. Unibertsitateko Katedraduna. Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea.

Radu Bodam Toma Toma. Irakasle Agregatua. Burgosko Unibertsitatea.

Ordezko batzordea:

Igone Palacios Agundez. Irakasle Agregatua. UPV/EHU.

Daniel Zuazagoitia Rey-Baltar. Irakasle Agregatua. UPV/EHU.

Araitz Uskola Ibarluzea. Irakasle Osoa. UPV/EHU.

Alex Ibañez Etxeberria. Unibertsitateko Katedraduna. UPV/EHU.

Ester Mateo González. Irakasle Agregatua. Zaragozako Unibertsitatea.

Antonio De Pro Bueno. Unibertsitateko Katedraduna. Murtziako Unibertsitatea.

Rut Jiménez Liso. Unibertsitateko Katedraduna. Almeriako Unibertsitatea.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala