
56. zk., 2026ko martxoaren 24a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (180 KB - 10 orri.)
- EPUB (304 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1282
43/2026 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Aragoiko Osasun Zientzien Institutuarekin sinatutako hitzarmena, praktika medikoko aldaketen eta osasun-emaitzen arloko zenbait ikerketa proiektutan batera parte hartzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Aragoiko Osasun Zientzien Institutuarekin sinatutako hitzarmena, praktika medikoko aldaketen eta osasun-emaitzen arloko zenbait ikerketa proiektutan parte hartzekoa. Hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 17a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 17KO 43/2026 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA ARAGOIKO OSASUN ZIENTZIEN INSTITUTUAREN ARTEKOA, BATERA PARTE HARTZEKO ZENBAIT IKERKETA-PROIEKTUTAN, ARAGOIKO OSASUN ZIENTZIEN INSTITUTUAREN PRAKTIKA MEDIKOKO ALDAKETEN ETA OSASUN-EMAITZEN IKERKETA-LERROAN
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, eta haren izenean eta hura ordezkatuz, Gonzalo Tamayo Medel jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuaren 5.2.g) artikuluan aitortzen zaion eskumena betez, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren 2025eko apirilaren 15eko baimenarekin ari dena, hitzarmen hau sinatzeko.
Eta, bestetik, Aragoiko Osasun Zientzien Institutua (aurrerantzean, AOZI), egoitza soziala Aragoiko Ikerketa Biomedikoko Zentroan (AIBZ) duena (San Juan Bosco etorbidea 13, Zaragoza), Aragoiko Osasunaren apirilaren 15eko 6/2002 Legearen 70. artikuluari jarraituz, Aragoiko Gobernuaren abuztuaren 12ko 170/2023 Dekretuaren bidez AOZIko zuzendari kudeatzaile Elena María Gonzalvo Suñer andreak ordezkatuta eta Aragoiko Gobernuak 2026ko otsailaren 11n hartutako Erabakiaren bidez sinatzeko baimenduta.
ADIERAZTEN DUTE:
1.– Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak (aurrerantzean, Osasun Saila), Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzaren bidez, haren eginkizunen artean du, Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzu sanitarioak planifikatzeko eta ebaluatzeko baliagarriak izango diren osasun-arloko azterlanak egiteko ardura.
2.– Eginkizun horiek betetzeko, Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritza «Arreta Espezializatuetako Datuen Gutxieneko Oinarrizko Multzoaren EAEko Erregistroa (AE-DGOM)» izeneko tratamenduaren arduraduna da. Helburua da Arreta Espezializatuarekin harremanetan jartzen diren pertsonen ezaugarri demografikoak eta klinikoak ezagutzea, eta, horrela, ospitaleratze-maiztasunari eta ospitale-erabilerari buruzko informazio garrantzitsua lortzea, plangintza eta ebaluazio sanitarioa egiteko.
3.– Aragoiko Osasun Zientzien Institutuak (aurrerantzean, AOZI), Aragoiko osasun-arloan ardura duen gobernu-sailari atxikitako entitatea berau, garapenerako estrategia-ildoen artean du Praktika Medikoaren Aldakortasunaren eta Osasuneko Emaitzen analisia. 2001ean abiarazitako ildo hori ikerketa-proiektuetan hezurmamitzen da, zeinak erakunde publikoen lehia-deialdien bidez eta mandatuen bidez garatzen baitira, bai Espainia mailan bai nazioartean. Proiektu horietan, autonomia-erkidego bakoitzaren arreta espezializatuko DGOMa erabiltzen da (AEE-DGOM) informazioa lortzeko oinarrizko iturri gisa.
4.– Proiektuak, interes zientifikoa izateaz gain, baliagarriak dira osasuneko politiken berri emateko, bereziki zerbitzuen jardueraren gaineko politiken berri, Osasun Saileko eskumenen arloan.
Bi aldeek ikerketa-ildo horretan elkarlanean aritzeko interesa dutela, eta aldi berean, izaera pertsonaleko datu automatizatuen babesean xedatutakoa beteko dela ziurtatuta, honako lankidetza-hitzarmena sinatzea erabaki dute, honako klausulekin bat etorriz:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Lankidetza-hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da AOZIri datu pseudonimizatuak lagatzea, Osasun Sistema Nazionalaren Praktika Medikoko Aldaketen Atlasa –PMA– izeneko proiektu orokorrean ezarritako helburuak lortzeko.
Datuak lagatzean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan eta datuak babestearen arloan indarrean dagoen gainerako araudian ezarritakoa bete beharko da, bereziki Datuak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 10.3 artikulua, 41/2002 Legearen 7.1 eta 16.3 artikuluak, eta Historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzko martxoaren 13ko 38/2012 Dekretuaren 16. artikulua.
Bigarrena.– Osasun Sailaren konpromisoak.
a) Osasun Sailak AOZIri bidaliko dizkio, pasahitz bidez babestutako artxibo zifratuan, proiektuak gauzatzeko behar diren urtekoen I. eranskinean zehaztutako aldagaiak.
b) Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legearen 16.3 artikuluan eta Historia klinikoari eta osasun-arloko paziente eta profesionalek dokumentazio klinikoaren arloan dituzten eskubide eta obligazioei buruzko martxoaren 13ko 38/2012 Dekretuaren 16. artikuluan xedatutakoa betez, datu-basea historia-zenbakitik bereizita bidaliko da, eta ezinezkoa izango da gizabanakoak identifikatzea, aldatutako zenbakiei jarraipena egiteko aukera mugatu gabe. Beraz, datuak lagatzen dituen alderdiak (Osasun Saila) pertsonak berridentifikatu ahal izango ditu, baina datuak jasotzen dituen alderdiak (AOZI) ezin izango ditu berriz identifikatu.
c) Osasun Sailak, tratamenduaren aurretik, tratamendu-eragiketek datu pertsonalen babesean zer eragin duten ebaluatu beharko du.
Hirugarrena.– AOZIren konpromisoak.
a) AOZIk konpromisoa hartzen du datu pertsonalak babestearen arloan indarrean dagoen araudia betetzeko; informazioa gordetzeko sistema egokiak erabili beharko ditu eta horretan jardungo duten langile guztiak sekretua gordetzera behartuta egongo dira.
b) AOZIk konpromisoa hartzen du hari bidalitako datuak hitzarmen honek barnean hartzen dituen proiektutarako bakarrik erabiltzeko eta datuok hirugarrenei ez lagatzeko. Hauek hartuko dira hirugarrentzat: ez direnak «Data Science for Health Services and Policy Research» (Zerbitzu eta politika sanitarioen arloko ikerketarako datu-zientzia; aurrerantzean, DSHSPR) ikerketa-taldekoak.
c) AOZIk konpromisoa hartzen du emandako datuetan oinarritutako txosten guztietan ezinezkoa izateko pertsonak edo ospitaleak identifikatzea.
d) AOZIk, DSHSPRren bidez, txostenaren zirriborro bat bidaliko dio Osasun Sailari; bertan, azterketaren emaitzak agertuko dira, baina horiek ezin izango dira publikoki erabili azken artikulua edo txostena argitaratu arte.
e) Konfidentzialtasun-betebeharra beteko du eskuratzen dituen datuen gainean, eta bermatuko du ardurapean dituen pertsonek konpromisoa hartu dutela, idatziz, tratatutako datuen konfidentzialtasuna gordetzeko. Betebehar hori hitzarmena bukatzen denean ere indarrean egongo da;
f) Arriskuaren araberako segurtasun-maila bermatzeko neurri tekniko eta antolaketa-neurri egokiak aplikatuko ditu. Neurri horiek ezartzeko, kontuan hartuko dira teknika aurreratuena, aplikazio-kostuak, tratamenduaren izaera, irismena, testuingurua eta helburuak, bai eta pertsona fisikoen eskubide eta askatasunetarako arriskuak, eta arriskuon probabilitatea eta larritasuna ere, besteak beste, honako hauek barne hartuta:
– Helmugan jasotako gertaera anonimo bakoitzari beste identifikatzaile bat esleitzea (ausazkoa eta automatikoa).
– Tratamendu-sistemen eta -jardueren konfidentzialtasun, osotasun, erabilgarritasun eta erresilientzia iraunkorra bermatzeko gaitasuna.
– Datuen eskuragarritasuna eta datuetarako sarbidea berehala berrezartzeko gaitasuna, gorabehera fisikorik edo teknikorik gertatuz gero.
– Tratamenduaren segurtasuna bermatzen duten neurri teknikoen eta antolaketa-neurrien eraginkortasuna aldian-aldian egiaztatzeko, inpaktua ebaluatzeko eta baloratzeko prozesua.
– Osasun Sailari aukera ematea informazioaren erabilerari buruzko auditoriak egiteko eta horretan laguntzea.
g) Segurtasun-mailaren egokitasuna ebaluatzean, kontuan hartuko dira bereziki datu-tratamenduak izan ditzakeen arriskuak; batez ere, transmititutako, gordetako edo beste moduren batez tratatutako datu anonimizatuak istripuz edo legez kontra suntsitzeak, galtzeak edo aldatzeak, edo baimenik gabe datuok lagatzeak edo eskuratzeak dakartzanak.
h) AOZIk txosten zehatz eta konfidentzial bat bidaliko dio Osasun Sailari, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuari buruzko azterlanaren emaitzak jasoko dituena, eta txosten hori ez da inola ere publikoki erabiliko.
i) AOZIk konpromisoa hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuari buruzko azterlanaren emaitzak ez zabaltzeko, non eta Osasun Sailak, emaitza horiek bere antolamenduan izan dezaketen eragina aztertu ondoren, berariazko onespena ematen ez badu; eta, nolanahi ere, emaitzen zabalkundeak kontuan hartuko ditu Osasun Sailak egin ditzakeen gomendioak.
j) AOZIk, DSHSPRren bidez, konpromisoa hartzen du hitzarmen honen xede diren proiektuekin lotutako prestakuntza-jarduerak eta transferentzia-jarduerak egiteko, Osasun Sailak garatutako politiketan ikerketaren emaitzak erabiltzea errazteko.
k) AOZIk, proiektuaren arduradunaren bitartez, konpromisoa hartzen du Osasun Sailak bidalitako erregistro guztiak proiektuak amaitu ondoren suntsitzeko.
l) AOZIk hitzarmenaren helburuak lortzeko azpikontratatu behar badu, Osasun Sailari jakinarazi beharko dio, gutxienez hilabete lehenago, eta azpikontratatu nahi diren tratamenduak adieraziko dizkio, eta argi eta garbi identifikatuko ditu kontratista eta harekin harremanetan jartzeko datuak. Azpikontratazioa egin ahal izango da Osasun Sailak berariaz onartzen badu azpikontratazioa. Kasu horretan, AOZIk betebeharrak betetzearen zuzeneko erantzulea izaten jarraituko du, eta, nolanahi ere, datuak lagatzearen eta tratatzearen azken arduraduna izango da, eta azpikontratistak hartuko du bere gain erantzukizun solidarioa.
Laugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.
Aldeek konpromisoa hartzen dute honako manu hauetan xedatutakoa betetzeko: 2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzkoa.
Solaskideen datu pertsonalak soilik tratatuko dira alderdi bakoitzak, tratamenduaren arduradun den aldetik, hitzarmen hau kudeatu eta garatzeko. Alderdi bakoitzak bere langileei eta laguntzaileei emango die bere datu pertsonalen tratamenduaren berri. Datuak ez zaizkie hirugarrenei lagako, eta –hitzarmenaren xedea amaitu ondoren– indarrean dagoen legeriak eskatzen duen bezala gordeko dira.
Interesdunek tratamenduari buruzko informazio gehiago eskatu ahal izango dute, eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko, aurka egiteko, ezabatzeko, mugatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, hitzarmen honen hasieran agertzen diren helbideetara joz, indarrean dagoen legerian ezarritakoaren arabera.
Bosgarrena.– Hitzarmenaren jarraipena.
Hitzarmen honen garapen optimoa lortzeko jarraipen-batzorde bat sortuko da. Honako hauek osatuko dute:
– Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzako bi ordezkari, zuzendariak berak izendatuak; haietako batek batzordeburu jardungo du.
– AOZIko bi ordezkari: DSHSPR taldeko ikertzaile arduraduna eta zuzendari kudeatzaileak izendatutako ordezkari bat.
Hauek izango dira batzordearen oinarrizko zereginak:
1.– Aztertzea ea hitzarmen honetan araututakoaren barruan sar ote daitezkeen AOZIk DSHSPRreko arduradunaren bidez egin nahi dituen azterketa espezifikoak, eta, hala badagokio, behar diren kudeaketak egitea Osasuneko Eraldaketa, Plangintza eta Digitalizazioaren Zuzendaritzari azterketa horiek onartzeko dagokion eskaera egiteko.
2.– Hitzarmen hau ulertzean edo gauzatzean sor litekeen edozein desadostasun edo eztabaida aztertzea.
3.– Hitzarmen honen luzapena aztertzea eta proposatzea.
Seigarrena.– Segurtasun-baldintzak informazioa transmititzean. Sekretu estatistikoa.
AE-DGOM fitxategiak AOZIri bidaltzeko, berariaz beteko da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta haiek garatzeko arauetan ezarritakoa, bai eta bigarren klausulan xedatutakoa ere.
Kasu bakoitzean, alderdiak ados jarriko dira informatikaren arloan ezarri behar diren neurriei buruz, zehaztutako transmisio moduaren arabera. Halaber, beren gain hartzen dute datu pertsonalen segurtasunaren urraketak kontrol-agintaritzari jakinarazteko betebeharra.
AOZIren ardura izango da erabat bermatzea Osasun Sailak lagatako informazioa erabiliko dela pertsonen nahiz zentroen datu indibidualak babestuta. Hala, proiektuetan parte hartzen duten langile guztiek sekretu estatistikoa gorde beharko dute, eta Funtzio Estatistiko Publikoari buruzko maiatzaren 9ko 12/1989 Legea aplikatzearen ondoriozko gainerako murrizketak aplikatu beharko dituzte.
Zazpigarrena.– Finantzaketa.
Hitzarmen honek ez du ekarriko alderdien arteko inongo motako finantzaketa edo kontraprestazio ekonomiko edo finantzario galdagarririk.
Zortzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia, luzapena eta salaketa.
Hitzarmen honek sinatzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak, eta lau urteko iraupena izango du. Lau urte gehiagoz luzatu ahal izango da, alderdiek hala adosten badute, salbu eta alderdietako edozeinek hitzarmena salatzen badu, indarraldia amaitu baino hiru hilabete lehenago gutxienez.
Bederatzigarrena.– Aldeetako bakoitzak bere egindako betebeharrak eta konpromisoak bete ezean aplikatu beharreko ondorioak.
Alderdietako bakoitzak hitzarmen honen bidez bere egindako betebeharrak eta konpromisoak ez betetzea hura indargabetzeko kausa izan daiteke.
Hitzarmenaren ez-betetze bat dagoela ikusten bada, ez-betetzea egin duen alderdiari jakinaraziko zaio, gutun ziurtatu bat bidalita –hartu izanaren agiriarekin–, eta jarraipen-batzordeko burua kopian jarrita. Gutun hori jaso ondorengo hamabost egunetan, zuzendu egin beharko da egoera, edo, halakorik gertatzen ez baldin bada, hitzarmena behar bezala betetzeko ezintasuna dakarten arrazoiak eta kausak adieraziko ditu hura urratu duen alderdiak, eta batzordeburuak jarraipen-batzordea deituko du hortaz eztabaidatzeko. Bi alderdiak gogobeteko dituen adostasunik lortu ezean, hitzarmena indargabetuta geratuko da.
Ados daudela adierazteko, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzen dute, eta azken sinatzailearen sinatze-data hartzen da dokumentu hau formalizatzeko datatzat.
Egoitza elektronikoa, 2026ko martxoaren 3a.
EAEko Administrazio Orokorraren ordezkari gisa,
Osasuneko eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea,
GONZALO TAMAYO MEDEL.
Aragoiko Osasun Zientzien Institutua,
Aragoiko Osasun Zientzien Institutuko zuzendari-gerentea,
ELENA MARIA GONZALVO SUÑER.
RSS