Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2026ko martxoaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
1279

AGINDUA, 2026ko martxoaren 11koa, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, sei arraunlariri goi-mailako kirolarien deklarazioa ukatzekoa.

Goi Mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren martxoaren 30eko 2/2023 Legearen aurka ez dagoen guztian indarrean) 4.2 artikuluan ezartzen du Eusko Jaurlaritzako kirolaren arloko sailburu eskudunak adieraziko du, Goi Mailako Kirola Ebaluatzeko Batzordeak proposatuta, errendimendua eta sailkapena dela-eta munduko edo Europako onenen artean daudenak maila handiko kirolariak direla, bakoitza bere kirol-modalitate eta -diziplinetan, dekretu honetan eta I. eranskinean ezartzen diren hautaketa-irizpideen arabera, betiere jarraian aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

Aurkeztutako eskaerak ikusita, Ebaluazio Batzordeak, eskabide guzti-guztiak aztertu eta baloratu ondoren, ebazpen-proposamena egin zuen 2025eko azaroaren 25ean, eta Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2025eko azaroaren 28ko Aginduaren bidez, goi-mailako izendatu ziren zenbait kirolari, teknikari eta epaile, eta, halaber, eskaera batzuk ukatu ziren, besteak beste agindu horren aurka berraztertzeko errekurtsoa jarri zuten sei arraunlarienak. Hauek dira:

– Maddi Landa Odriozola.

– Udane Orbegozo Cincunegui.

– Lohitzune Orbegozo Cincunegui.

– Iratxe Irureta Laraioz.

– Maria Nadet Elustondo Aguirre.

– Nora Etxeberria Matxain.

Berraztertzeko errekurtso guztiak kirol emaitza berberak argudiatuz aurkeztu ziren, kirolari guztiak batera lehiatzen dira eta kirol emaitza bera lortzen dute, eta, beraz, errekurtso guztiak batera aztertzen dira.

Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2026ko otsailaren 26ko aginduen bidez, berraztertzeko errekurtso horiek ebatzi ziren, partzialki baiestea erabaki zen, eta espedientea atzera eraman zen, Ebaluazio Batzordeak eskaerak balioetsi zituen unera, irizpideak zehaztu eta beste balorazio bat egin zezan.

2026ko martxoaren 5ean Goi Mailako Kirola Ebaluatzeko Batzordearen bilera egin zen, eta, hor, berriro aztertu ziren eskabideetan eta aukerako berraztertze-errekurtsoetan aurkeztutako emaitzak. Guztiek ere honako merezimendu hauek alegatzen zituzten:

– Bigarren postua (zilarrezko domina), haiek, beren idatzian, «Campeonato de España de traineras» deitzen dioten proban.

Berriro ere egiaztatzen da Espainiako Arraun Federazioaren ziurtagiriak bigarren postua egiaztatzen duela Espainiako Trainerilla Txapelketan (Meira-Moañan egina, 2024-05-05ean), eta ez traineruen proban, errekurtsogileek beren alegazioetan oker adierazten duten bezala.

Eskaerak ukatzean, zehaztu zen bikaintasun-irizpidea, hau da, aulki finkoaren goi-maila, ezin dela nazioarte-mailako emaitzak erabilita aztertu, gainerako kirol-modalitate guztietan bezala. Beraz, aulki finkoko arrauna Goi Mailako Kirolari buruzko uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren I. eranskineko merezimenduekin parekatzeko, Ebaluazio Batzordeak irizpide hau erabiltzen du: «garaipena lortzea (lehen postua), denboraldi berean, aulki finkoaren maila goreneko hiru lehiaketetan. Hauek dira lehiaketa horiek: ACT Liga (EuskoTren edo Euskolabel), Kontxako Bandera eta Espainiako Traineru Txapelketa. Guztiak traineruetakoak».

Azterketaren ondoren, eta gehiago sakondu ondoren, sei kirolarien eskaerak ukatzea uztailaren 20ko 203/2010 Dekretuaren 4.2 artikuluan oinarritzen da. Bertan ezartzen denez, goi-mailako kirolariaren izaera aitortuko zaie errendimendua eta sailkapena dela-eta munduko edo Europako onenen artean daudenei. Hala ere, modalitate autoktonoetan, hala nola aulki finkoko arraunean, ez dago nazioarteko lehiaketa homologagarririk. Hain zuzen ere, berezitasun hori dela-eta, Lehenengo Xedapen Gehigarriak aukera ematen du Ebaluazio Batzordeak merezimenduak balioesteko, modalitate autoktonoen lehiaketa-egitura kontuan hartuta (aulki finkoko arrauna, herri-kirolak eta euskal pilota). Aulki finkoko arraunaren kasuan, aitorpena ez da munduko txapelketetan oinarritzen, baizik eta kirol bikaintasunaren errendimenduaren egiaztapen objektiboan, lehiaketa-maila gorenari dagokionez ebaluatuta.

Irizpide hori I. xedapen gehigarrian aipatzen diren modalitateei buruz 2013an eta 2014an egindako azterketaren ondoren aplikatzen ari da; hauek dira modalitate horiek: aulki finkoko arrauna, euskal pilota eta herri-kirolak. Hala, Ebaluazio Batzordeak, 2014ko azaroaren 10ean egindako bileran, kirol-modalitate horietarako erabili beharreko irizpideak onartu zituen. Bilera horretan adostu zen aulki finkoko arranerako eskatuko zen kirol emaitza honako hau izango zela: lehen postua lortzea, ACT ligan (Euskotren edo Euskolabel), Kontxako Banderan eta Espainiako Traineru Txapelketan.

Hori da, beraz, urte hauetan goi-mailarako jaso diren eskaera guztiei aplikatu zaien irizpidea.

Eskatzaileen kirol-maila aintzat hartuta, egiaztatzen da aurkezten dituzten merezimenduekin ere ezin direla etorkizun handiko kirolaritzat hartu; maila hori goi-mailako mailatik beherakoa da.

Horregatik guztiagatik, goi-mailako kirola ebaluatzeko batzordeak, balorazio berri bat egin eta 2014tik erabiltzen ari diren irizpideak berretsi ondoren, 2025eko azaroaren 25ean egindako bileran hartutako erabakia berretsi du. Hau da, kirolari errekurtsogileei goi-mailako izaera ukatzea, goi-mailako kirolaritzat hartzeko behar diren kirol-baldintza teknikoak ez betetzeagatik.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Goi Mailako Kirola Ebaluatzeko Batzordeak egindako proposamena ikusita, jarraian zerrendatzen diren pertsonei goi-mailako kirolari izaera ukatzea, goi-mailako kirolaritzat hartzeko behar adina kirol-baldintza tekniko betetzen ez dituztelako:

– Maddi Landa Odriozola.

– Udane Orbegozo Cincunegui.

– Lohitzune Orbegozo Cincunegui.

– Iratxe Irureta Laraioz.

– Maria Nadet Elustondo Aguirre.

– Nora Etxeberria Matxain.

Bigarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera izango ditu ondorioak.

Hirugarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Laugarrena.– Argitara bedi agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, jende guztiak honen berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 11.

Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,

IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.


Azterketa dokumentala