Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

56. zk., 2026ko martxoaren 24a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
1276

30/2026 DEKRETUA, martxoaren 10ekoa, Enpleguaren Euskal Foroarena.

Dekretu honen xedea Enpleguaren Euskal Foroa sortzea eta arautzea da, enplegu-politika publikoetan parte hartzeko organo gisa. Enpleguaren Legeko 83. eta 84. artikuluetan aurreikusita dago (15/2023 Legea, abenduaren 21ekoa), baina, orain arte, erregelamendu bidez berariaz arautu gabe jardun du.

Organo horri, orain, esparru juridiko egonkor bat eman behar zaio, Euskadiko enplegu-politika publikoen gobernantza parte-hartzailearen eredua indartuz, eta bermatuz parte-hartze hori orekatua eta ordezkaritzaren araberakoa izango dela erakunde publikoentzat, eragile ekonomiko eta sozialentzat eta enpleguaren eremuan esku hartzen duten erakundeentzat. Bada, horretara dator arau honen onarpena.

Dekretuak, era berean, antolaketa- eta funtzionamendu-araubide bat ezartzen du, ahalbidetuko duena Enpleguaren Euskal Foroaren eginkizunak eraginkortasunez betetzea, oinarrizko printzipioak garbi edukita: elkargokide izatea, parte-hartzea, gardentasuna, eraginkortasuna eta administrazio ona; eta zuzen-zuzen errespetatuz sektore publikoaren araubide juridikoa.

Xedapen honen oinarri juridikoa Enpleguaren abenduaren 21eko 15/2023 Legean dago. Bada, lege horretako 83.1 artikuluaren arabera, Enpleguaren Euskal Foroa enplegu-politika publikoetan parte hartzeko organoa da, eta Eusko Jaurlaritzan enpleguaren eskumena duen sailari atxikita dago. Eusko Legebiltzarrak, gainera, agindu du foroari zeregin aktibo eta egonkorra eman behar zaiola euskal enplegu-sistemako eragileen topagune gisa, eta organo hau sortu eta erregelamendu bidez arautzea agindu hori betetzeko ere bada.

Enpleguaren Euskal Foroaren instituzionalizazioa bat dator, halaber, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategiarekin. Eta estrategia horrek dio enplegua funtsezko elementua dela gizartearen eta ekonomiaren garapenerako, eta nahiko luke -hau da apustua- lan-merkatua jasangarria izatea, inklusiboa eta ekitate-baldintzetan kalitatezko enplegua sortzeko gai. Ildo horretan aurrera eginez, estrategia horrek aurreikusten du foroa behar dugula eduki leku egonkor baten gisara, enplegu-politiken inguruan dihardugunean han elkar topo egiteko, ideiak erkatzeko, eta laguntza teknikoa eman-inguratzeko.

Enpleguaren Legeko 83.3 artikuluan xedaturik dagoena betez (15/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Enpleguarena), dekretu honetan, Enpleguaren Euskal Foroa sistematikoki arautu nahi izan dugu, Legeak berak gerorago erregelamendu bidez garatzeko utzi dituen funtsezko edukiak ardatz hartuta.

Dekretuak, lehenik eta behin, Enpleguaren Euskal Foroaren izaera juridikoa, atxikipena eta eginkizunak definitzen ditu, eta kide anitzeko partaidetza-organoa dela zehazten du, baita espazio egonkorra ere, enplegu-politika publikoen arloan informazioa zabaltzeko, erkatzeko eta proposatzeko.

Bigarrenik, haren osaera arautzen du, ziurtatuz ordezkaritza orekatua eta anitza egongo dela enpleguan esku hartzen duten erakunde publiko, eragile ekonomiko eta sozial eta entitateen artean, betiere printzipio gisa ordezkaritza, genero-berdintasuna eta erakundeen zilegitasuna zainduz.

Era berean, barne-antolaketaren eta funtzionamenduaren araubidea ere taxutu dugu, hau da, besteak beste, Osoko Bilkura eta Batzorde Iraunkorraren egitura, deialdiak egiteko eta erabakiak hartzeko mekanismoak, eta lantaldeak eratzeko aukera, funtzionamendu eraginkorra eta gardena bermatzeko, betiere kide-aniztasunaren eta administrazio onaren printzipioen arabera.

Azkenik, dekretuak zehazten du Enpleguaren Euskal Foroak nola egiten dituen proposamenak, gomendioak eta txostenak, eta nola bideratzen dituen organo eskudunetara, garbiago utziz tresna egokia dela erakundeen artean solas egiteko eta batak besteari laguntza teknikoa emateko Euskadiko enplegu-politika publikoen diseinuan, jarraipenean eta ebaluazioan, bereziki gogoan hartuta Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseilua, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalerriak.

Eta, amaitzeko, arauak irizpide batzuk ere badakartza genero-berdintasuneko, hizkuntza sexismorik gabe erabiltzeko, eta hizkuntzaren normalizaziorako, eta ele bietara dago idatzita, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasuna bermatuz.

Horrenbestez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, eta 2026ko martxoaren 10ean egindako bilkuran Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartu ondoren,

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Dekretu honen xedea Enpleguaren Euskal Foroaren osaera, araubidea eta funtzionamendua eta kideen hautaketa eta izendapena arautzea da, Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 83. eta 84. artikuluak garatuz.

2. artikulua.– Izaera eta araubide juridikoa.

1.– Enpleguaren Euskal Foroa kide anitzeko organo bat da, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 18. artikuluan xedatzen direnetako bat, enpleguaren arloan aholku-eginkizunak eta parte hartzeko eginkizunak betetzeko.

2.– Arau hauek eraentzen dute: Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 83. eta 84. artikuluek, dekretu honek eta, hala badagokio, organoak onartzen duen barne-funtzionamenduko erregelamenduak.

3. artikulua.– Atxikipena eta egoitza.

1.– Enpleguaren Euskal Foroa Eusko Jaurlaritzan enplegu-arloaren eskumena duen sailari adskribatuta geratzen da.

2.– Zer saili adskribatzen zaion, sail horren egoitza bera izango du; hargatik eragotzi gabe egoitzatik kanpo ohiko bilkurak edo bilkura bereziak egitea, deialdian hala zehazten bada.

4. artikulua.– Eginkizunak.

1.– Enpleguaren Euskal Foroari dagozkio Enpleguari buruzko abenduaren 21eko 15/2023 Legearen 84. artikuluan aurreikusitako eginkizunak, arauan agindutako xedera mugatuko direnak, edo esleitzen zaizkion beste edozein, lege xedapenez edo erregelamenduz.

2.– Enpleguaren Euskal Foroaren funtzionamenduaren ondorioetarako, eginkizunak bi multzo hauetan sailkatzen dira: informazioa eta proposamenak.

3.– Dagokion informazio-lana da derrigorrezko txostenak egitea, gai hauetako administrazio-prozeduretan (saio bereziak egin daitezke gai bakoitza jorratzeko):

a) Enpleguaren Euskal Estrategia.

b) Euskadiko hiru urteko enplegu-plana.

c) Enplegurako eta garapenerako toki-planak eta, hala badagokio, enplegurako lurralde planak.

d) Enpleguaren arloko xedapen orokorrak.

4.– Proposamenak egiteko eginkizunetan, ondoren aipatzen diren eremuetan proposamenak edo gomendioak egiten dira, legean ezarritako edukia eta ezaugarriak dituztela:

a) Lan-merkatuaren egoerari eta Europan eta estatuan zehazten eta aplikatzen diren enplegu-politika publikoei buruzko informazioa aztertzea.

b) Enpleguaren arloko proposamenak eta gomendioak egitea Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluari, Eusko Jaurlaritzari, foru-aldundiei eta udalerriei.

5. artikulua.– Barne-antolamendurako eta -funtzionamendurako ahalmenak.

Bere zereginak ondo betetze aldera, Enpleguaren Euskal Foroak ahalmen hauek izango ditu:

a) Funtzionamendu-erregelamendua bera eta erregelamenduaren aldaketak onartzea.

b) Lurraldearen eta gaiaren araberako lantaldeen eraketa onartzea.

c) Urteko kudeaketa-memoria onartzea.

d) Adituen iritzia eskatzea, foroari agindu zaizkion eginkizunak betetzeko.

e) Antolamendu-arloko beste erabaki-mota batzuk onartzea, haren funtzionamendu-araubideari buruz.

6. artikulua.– Proposamenak eta gomendioak egiteko eta aurkezteko eta haien jarraipena egiteko prozedura.

1.– Enpleguaren Euskal Foroaren proposamenak eta gomendioak Osoko Bilkuran, Batzorde Iraunkorrean edo lantaldeetan egingo dira, organo horietako bakoitzari esleitutako eskumenen arabera.

2.– Osoko bilkurak onartu beharko ditu proposamenak eta gomendioak, salbu eta, berariaz eskuordetuta, Batzorde Iraunkorrari dagozkionak.

3.– Behin onartuta, idazkaritzak, bitarteko elektronikoak baliatuz, proposamen-gomendio horiek formalki dena delako organo edo entitatera bidaliko ditu, zer noiz bidali duen jasota utziz.

4.– Organo horiek, gero, Enpleguaren Euskal Foroari jakinarazi ahal izango diote zer iritzi duten proposamen-gomendio horietaz, bai eta, hala badagokio, haien gainean zer egiten duten ere.

5.– Enpleguaren Euskal Foroak proposamenen eta gomendioen jarraipena ere egingo du, eta jarraipen horren berri, gero, urteko kudeaketa-memorian jasoko du.

7. artikulua.– Osaera eta izendapena.

1.– Enpleguaren Euskal Foroa lehendakari batez, idazkari batez eta hogeita hemeretzi bokalez osatuta dago, honela:

a) Lehendakaria, idazkaria eta zortzi bokal Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak izango dira. Horrela, bermatuko da hemen aipatzen diren arloen eskumena duten sailak ordezkatuta egotea, honela ordezkatuta ere:

– Enplegua: bokal bat.

– Hezkuntza: bokal bat.

– Unibertsitateak: bokal bat.

– Inklusioa: bokal bat.

– Lehiakortasuna: bokal bat.

– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia.

– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoko zuzendari nagusia.

– Besaldi, Enplegu eta Inklusio Politiken Ebaluazio Organoaren titularra.

Baldin eta sail batek arlo bat baino gehiagoren gaineko eskumenak baditu esleituta, arlo horietako ordezkaritza handitu egingo du, baina aurreko paragrafoan aipaturiko mugen barruan.

b) Hiru bokal foru-aldundien izenean, bakoitzeko bana.

c) Hiru bokal udalen izenean.

d) Lau bokal Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sindikatu sektore artekoen izenean. Bakoitzak bana izango du bermaturik.

e) Lau bokal Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza zabalena duten sektore arteko enpresaburu-elkarteen izenean.

f) Bokal bat Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren izenean.

g) Bokal bat langile autonomoen izenean.

h) Bokal bat Euskadiko lan-sozietateen izenean.

i) Hiru bokal, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko entitateen izenean. Baldintza hauek bete behar dituzte: enpleguaren arloan esku hartu behar dute; Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Erakundeen Erroldan inskribatuta egon behar dute; eta beren jarduera Euskal Autonomia Erkidego guztian garatu behar dute.

j) Hiru bokal Euskal unibertsitate sistemako unibertsitateen izenean.

k) Bokal bat garapen-agentzien eta enplegatze-agentzien izenean.

l) Hiru bokal klusterren izenean.

m) Hiru bokal, prestakuntza-erakundeen eta lanbide-heziketako ikastetxe bateratuen ordezkari gisa. Honela banatuko dira: bokal bat, ikastetxe publikoen ordezkari gisa; bokal bat, ikastetxe pribatuen ordezkari gisa; eta bokal bat, itunpeko ikastetxeen ordezkari gisa.

n) Bokal bat Merkataritza Ganberen izenean.

2.– Bokal titularrek edo ordezkoek dagokien erakundea ordezkatzeko eta horren izenean jarduteko nahikoa gaitasun izan beharko dute, ordezkaritza egoki baliatuko dutela eta izendatutako eginkizunak egikaritzen jarraituko dutela bermatzeko.

3.– Izendapenak egitean, saiatuko dira hautatutakoek gaitasun nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoaren bi hizkuntza ofizialetan, eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, hargatik eragotzi gabe beren karguagatik izendatzen direnak.

8. artikulua.– Lehendakaritza.

1.– Eusko Jaurlaritzan enpleguaren eskumena duen sailaren titularrari dagokio Enpleguaren Euskal Foroko lehendakaritza.

2.– Kargua hutsik badago edo titularra absente edo gaixorik badago, Eusko Jaurlaritzan enplegu-arloaren eskumena duen sailburuordetzako titularra arituko da lehendakari.

3.– Lehendakariak, edo lehendakariaren ordezkoak, arrazoi hauetakoren bat tartean denen utziko du kargua:

a) Agintaldiaren epea bukatzea.

b) Ordezkatzen duten erakunde, organo edo entitateko kargutik kentzea.

c) Ebazpen –judizial edo administratibo– irmo bat egotea, kargu publikoak betetzeko desgaikuntza edo kargualdi publikoa etetea dakarrena.

4.– Lehendakariari eginkizun hauek dagozkio:

a) Enpleguaren Euskal Foroko ordezkari izatea.

b) Ohiko, ezohiko eta berariazko bilkuren deialdia egitea, eta gai-ordena zehaztea.

c) Bilkuretako buru izatea eta eztabaidak moderatzea.

d) Foroaren akordioen aktak eta ziurtagiriak ontzat ematea.

e) Berdinketarik badago, bere botoaren bidez ebaztea, erabakiak hartu ahal izateko.

f) Bilkura nola egin erabakitzea, soilik aurrez aurre edo urrutitik.

g) Behar diren neurriak hartzea, Osoko Bilkurak eta Batzorde Iraunkorrak behar bezala funtzionatzeko.

h) Lehendakaritzaren berezko beste eginkizun batzuk, edo dekretu honetan legez edo erregelamenduz esleitzen zaizkionak.

9. artikulua.– Idazkaritza.

1.– Eusko Jaurlaritzan enplegu-arloaren eskumena duen zuzendaritzako funtzionario bat izango da Enpleguaren Euskal Foroko idazkari.

2.– Idazkaria eta hura ordeztuko duen funtzionarioa –kargua hutsik dagoenean edo titularra absente edo gaixorik dagoenean– enplegu-arloaren eskumena duen saileko titularrak izendatuko ditu, zuzendaritza hartako titularrak proposatuta.

3.– Idazkariak, edo idazkariaren ordezkoak, arrazoi hauetakoren bat tartean denen utziko du kargua: kargua uzteagatik, kargutik mugiarazi egin dutelako, karguari uko egiteagatik, funtzionario-izaera galtzeagatik, eta lanpostuan jarduteari uztea dakarren edozein inguruabarrengatik.

4.– Idazkariari eginkizun hauek dagozkio:

a) Foroaren bilkuretarako deialdia egitea, lehendakariak aginduta, eta kideentzako zitazioak egitea.

b) Foroaren bileretara joatea, hitz egiteko aukerarekin, baina botoa eman gabe.

c) Gaiak prestatzea bidera daitezen; bilkura-aktak idaztea; bilkura-akten fede ematea, eta bilkuretako akordioak, kontsultak eta txostenak ziurtatzea.

d) Kideek organoari egindako komunikazioak jasotzea, izan jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak, nahiz bere ardurapean behar dituen bestelako idazkiak.

e) Foroko jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaintzea.

f) Sektore publikoaren araubide juridikoari buruzko legediak kide anitzeko organoen idazkaritzari esleitzen dizkion eginkizunak.

g) Idazkaritzari datxezkion beste eginkizun batzuk edo dekretu honen bidez, legez edo erregelamenduz esleitzen zaizkionak.

10. artikulua.– Bokalak.

1.– Karguak berak ez baldin badakar bokala izatea, arau hauek beteko dira bokalak eta bokalen ordezkoak izendatzeko:

a) Enpleguaren, inklusioaren, hezkuntzaren, unibertsitateen eta lehiakortasunaren eskumenak dituzten sailetako titularrek izendatuko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoari dagozkion bokalak, goi-kargu gisa ari direnen artetik, Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Foru aldundien ordezkariak enplegu-arloko sail eskudunetako arduradunen artean izendatuko dira, eta, ahal bada, goi-mailako organoetako titularren eta goi-kargudunen artean.

c) Udaletakoak EAEko udaletan nagusi den elkarteak izendatu beharko ditu, hautetsien artean, eta ahaleginduko da tamaina bateko eta besteko udalak egon daitezen ordezkatuta.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde sindikal eta sektorearteko enpresaburuen elkarte nabarmenenetako bakoitzak ordezkari bana izendatuko du.

e) Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak berak izendatuko du bere bokala.

f) Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duten sektorearteko elkarteak izendatuko du autonomoen ordezkaritza.

g) Euskadiko lan-sozietateena Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza handiena duen elkarteak izendatuko du.

h) Euskadiko hirugarren sektore sozialeko entitate-sareak biltzen dituen elkarteak izendatuko ditu Euskadiko hirugarren sektore sozialeko entitateenak.

i) Unibertsitateen ordezkaritza euskal unibertsitate-sistemako adierazgarrienek izendatuko dute.

j) Garapen- eta enplegatze-agentzien ordezkaritza Garapen Agentzien Euskal Elkarteak (Garapen) izendatuko du. Izendatutako pertsona garapen-agentzia eta enplegatze-agentzia banako partaidea izan beharko da, eta bi agentzia moten ordezkari arituko da.

k) Klusterrei dagokiena erakunde dinamizatzaile erreferenteek izendatuko dute.

l) Prestakuntza-erakundeen eta lanbide-heziketako ikastetxe integratuen ordezkariak, berriz, haien artetik ikasle gehien dauzkatenek izendatuko dituzte (ehunekotan zenbaturik).

m) Merkataritza-ganberen ordezkaritza: ganbera horien elkarteak izendatuko du.

2.– Dekretu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, ordezkaritza handieneko erakundetzat hartuko dira dena delako sektorean hiru gauza hauek batera egiaztatzen dituztenak:

a) Euskal Autonomia Erkidego osoan zabalduta egotea benetan.

b) Egiaztaturik egotea dena delako eremu materialean etengabe jarduten ibili izana.

c) Sektorea ordezkatzeko gaitasuna, sektorez sektore hiru puntu hauen arabera: zenbat elkarte dauzkaten batuta; zenbat jende ordezkatzen duten; eta zenbat lan egiten duten.

Sindikatu- eta enpresa-erakundeen kasuan, araudi espezifikoan xedatutakoaren arabera zehaztuko da zer den ordezkaritzarik handiena izatea.

3.– Enpleguaren Euskal Foroko bokalek eskubide hauek izango dituzte:

a) Bilkuretara joatea eta bilkurako eztabaidetan parte hartzea.

b) Boto-eskubidea erabiltzea eta boto partikularra ematea, eta boto horren esanahia eta arrazoiak azaltzea.

c) Proposamenak, iradokizunak eta galderak egitea.

d) Esleitutako eginkizunak betetzeko behar den informazio eta dokumentazio zehatza eskuratzea.

e) Foroko kide izateagatik datxezkion beste eginkizun guztiak.

4.– Enpleguaren Euskal Foroan, entitate, instituzio edo erakundeek proposatuko dituzte Osoko Bilkurako bokalak, eta, izendatu, Enpleguaren Euskal Foroko lehendakariak izendatuko ditu, aurreko apartatuetan xedatutakoaren arabera.

Dekretu honen arabera, batzuetan, karguak berak dakar, zuzenean, foroan parte hartzea; halakoetan, ez dago bokal horiek berariaz izendatu beharrik.

5.– Izendapena lau urterako izango da, eta beste lau urteko aldietarako berritu ahal izango da.

Hala ere, karguagatik izendatzen diren bokalen kasuan, zenbat denbora dirauen kargu-izendapenak, denbora hori iraungo du bokal-izendapenak.

6.– Titularrek ordezko bat izan beharko dute izendatuta, karguari datxezkion eginkizunak egin ditzan titularra absente dagoenean edo gaixorik dagoenean, kargua hutsik dagoenean edo eginkizunak betetzea eragozten duen beste edozein kausa dagoenean.

Titularrak izendatzearekin batera izendatuko dira ordezkoak.

7.– Bokalek arrazoi hauek tarteko direnean utz dezakete kargua:

a) Agintaldiaren epea bukatzea.

b) Ordezkatzen duten erakunde, organo edo entitateko kargutik kentzea.

c) Ebazpen –judizial edo administratibo– irmo bat egotea, kargu publikoak betetzeko desgaikuntza edo kargualdi publikoa etetea dakarrena.

d) Izendapena egiteko eskumena duen organoak erabaki du, bokalaren entitateak, erakundeak edo antolakundeak proposaturik.

11. artikulua.– Funtzionamendua.

1.– Enpleguaren Euskal Foroak Osoko Bilkuran eta Batzorde Iraunkorrean funtzionatuko du.

2.– Enpleguaren Euskal Foroak behar dituen bitartekoak eta baliabideak izango ditu, behar bezala funtziona dezan bermatzeko. Bitarteko eta baliabide horiek Kontseilua adskribatuta dagoen sailak jarriko ditu.

3.– Osoko bilkuretako, Batzorde Iraunkorreko edo lantaldeetako saioetara joateagatik kideek ez dute eskubiderik izango ordainsaririk, kalte-ordainik edo dietarik jasotzeko.

Apartatu honetan xedatutakoak ez du eragozten idazkariak eskubidea izatea bere zerbitzuagatik kalte-ordainak jasotzeko, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 124. artikuluan edo lege hura ordezten duen arauan aurreikusitako eran.

4.– Foroak ingurune digitalean garatuko du bere jarduera. Eratzeak, komunikazioak, deialdiak eta erabakiak hartzeak, ahal dela, bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.

12. artikulua.– Osoko bilkura.

1.– Lehendakariak, idazkariak eta bokal guztiek eratzen dute Osoko Bilkura.

2.– Ohiko bilkuran, urtean behin batzartuko da, gutxienez, eta ezohiko bilkuran, berriz, lehendakariak deia egin ondoren, bere ekimenez edo bokal gehienek proposatuta.

3.– Lehendakariak gutxienez hamar egun lehenago egin beharko ditu Osoko Bilkurako deialdiak; ezohiko bilkuretarako deialdietan, ordea, epea bost egunera laburtu ahal izango da.

Deialdia posta elektroniko bidez bidaliko zaie kontseiluko kide guztiei. Bertan, bileren gai-ordena jasoko da, eta, aurreko paragrafoan aipatzen diren epeetan, gai-ordenan agertzen diren puntuei buruzko informazioa jarriko da haien esku.

4.– Administrazio-prozeduren tramitazioaren barruan txostenak egiteko baldin bada, horretarako berariazko bilkura modura egin daiteke Osoko Bilkura.

Berariazko bilkura horiek egin aurretik, idazkariak dagokion informazioa Osoko Bilkurako kideei bidaliko die, eta gutxienez 5 eguneko epea irekiko du ekarpenak egin ditzaten edo botoa eman dezaten.

Epe hori amaituta, Osoko Bilkurak urrutiko bilkura kolegiatu bat egingo du. Bilkura horretan, beti beharko da bermatu elkarreragina, zuzenean interkomunikatu ahal izatea eta kide guztien artean gogoeta egin ahal izatea.

Epe horretan oharrik edo proposamenik egiten bada, Osoko Bilkura baterako deia egingo da, gehienez ere 3 eguneko epean, dena delako gai horretaz eztabaidatzeko eta, beharrezkoa baldin bada, txostena egiteko.

Ekarpenik egin ez bada, botoak egiaztatu besterik ez du egingo bilkurak, eta hala jasoko da aktan, berariaz.

5.– Osoko bilkurara adituak ere joan ahal izango dira, lehendakariak edo bokalek proposatuta. Aditu horiek hitza izango dute, baina botorik ez.

6.– Baliteke Eusko Jaurlaritzan enpleguaren eskumena duen sailaren iritzia eta ekarpenak behar/nahi izatea; halakoetan, Osoko Bilkurak proposamen horiek ere eztabaida ditzake. Era berean, foroko kideen gutxienez heren batek proposatutako ekimenei heldu ahal izango die, baldin eta Euskadin enpleguari laguntzeko helburua badute, betiere foroko lehendakariak onartu baditu.

13. artikulua.– Batzorde iraunkorra.

1.– Batzorde iraunkorra da Enpleguaren Euskal Foroaren organo betearazlea da, eta Osoko Bilkurako kide hauek osatzen dute:

a) Lehendakaria, 8. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Idazkaria, 9. artikuluan xedatutakoaren arabera.

c) Hamabi bokal, Osoko Bilkurak aukeratuak Osoko Bilkura bera osatzen dutenen artetik, eta banaketa honekin:

1. Eusko Jaurlaritzak hiru bokal izango ditu, hain zuzen, enpleguaren, inklusioaren eta hezkuntzaren arloetako eskumenak dauzkaten sailetako titularrak.

2. Bokal bat foru-aldundien izenean.

3. Bokal bat udalen izenean.

4. Bokal bat Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza zabalena duten sektorearteko sindikatuen izenean.

5. Bokal bat Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza zabalena duten sektorearteko enpresaburu-erakundeen izenean.

6. Bokal bat Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren eta Euskadiko lan-sozietateen izenean.

7. Bokal bat Euskadiko hirugarren sektore sozialaren izenean.

8. Bokal bat euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateen izenean.

9. Bokal bat tokiko garapen-agentzien eta enplegatze-agentzien izenean.

10. Bokal bat prestakuntza-erakundeen eta lanbide-heziketako ikastetxe integratuen izenean.

2.– Osoko bilkurak proposatu, eta Enpleguaren Euskal Foroko lehendakaritzako titularrak izendatuko ditu Batzorde Iraunkorreko bokalak eta haien ordezkoak.

Ordezkaritza batek bokal bat baino gehiago badu Osoko Bilkuran, baina Batzorde Iraunkorrean ordezkari bakarra badagokio, ordezkaritza horretako erakundeak ados jarri beharko dira ordezkaria elkarrekin izendatzeko edo txandaka arituko dira.

Akordiorik lortzen ez bada, ordezkaritza txandaka baliatuko dute, urte batean bokal batek eta hurrengoan besteak, eta zozketa bidez erabakiko da nor hasten den.

3.– Lehendakariak bere ekimenez edo bokal gehienek proposatuta dei egindakoan bilduko da Batzorde Iraunkorra.

4.– Hauek izango dira Batzorde Iraunkorraren eginkizunak:

a) Osoko bilkurak prestatzea.

b) Osoko bilkuraren erabakiak betetzen direla zaintzea.

c) Osoko bilkurak agindutako lanak egitea.

d) Osoko bilkurari jarduketa-ekimenak aurkeztea eta proposatzea.

e) Lantalderik badago, haiek koordinatzea.

f) Osoko bilkurak espresuki eskuordetzen dion beste edozein eginkizun.

5.– Batzorde iraunkorrerako deialdiak egiteko, 12. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

14. artikulua.– Eratzea eta erabakiak hartzea.

1.– Behar bezala eratuta egoteko, Osoko Bilkuraren kasuan ezinbestekoa izango da lehendakaria, idazkaria eta hogeita lau bokal bertaratzea, eta, Batzorde Iraunkorraren kasuan, lehendakaria, idazkaria eta zazpi bokal.

Quorum nahikoa ez badago, bigarren deialdian bilduko dira, ordu erdi geroago, eta, orduan, Osoko Bilkuraren kasuan nahikoa izango da lehendakaria eta idazkaria -edo haien ordezkoak- eta hamabi bokal bertan izatea, eta, Batzorde Iraunkorraren kasuan, lehendakaria eta idazkaria edo haien ordezkoak eta bost bokal.

2.– Baldin eta Osoko Bilkurako edo Batzorde Iraunkorreko lehendakaria, idazkaria eta kide guztiak bilduta badaude –aurrez aurre edo urrutitik–, eta kide guzti-guztien artean hala erabakitzen bada, aurretiaz deia egin beharrik gabe ere bilkura hori bilera gisa balio osoz eratu ahal izango da bai eztabaidak egiteko bai erabakiak hartzeko.

3.– Inoiz ezingo da eztabaidatu edo erabakirik hartu gai-zerrendan sartuta ez dauden gaiei buruz, salbu eta Osoko Bilkurako edo Batzorde Iraunkorreko kide guztiak bertan daudenean eta gaia presakotzat jotzen denean kide gehienek aldeko botoa emanda.

4.– Foroak urrutitik egiten dituen bilkuretan, Osoko Bilkurako edo Batzorde Iraunkorreko kideak ez dira denak derrigor leku berean egon behar, baina berme hauek bai behar dira beti, bitarteko elektronikoz (telefonoak eta ikus-entzunezko bitartekoak barne): jakin beharra dago kideak edo haien ordezkoak nor diren, zein den haien adierazpenen edukia eta noiz egiten diren adierazpen horiek; era berean, bermatu behar da kideen arteko interaktibitatea eta komunikazioa denbora errealean gertatzen direla eta bilkuretan bitartekoak erabilgarri daudela. Besteak beste, posta elektronikoa eta bideokonferentziak sartutzat joko dira.

5.– Osoko Bilkurako eta Batzorde Iraunkorreko kide guztiek boto bana izango dute, idazkariak izan ezik.

6.– Erabakiak bileran dauden boto-eskubidedunen gehiengo soilez hartuko dira, eta lehendakariak kalitateko botoa izango du. Hartutako erabakiekin ados ez dauden bokalek boto partikular arrazoitua eman ahal izango dute, bilera egin eta ondoko 48 orduen barruan. Boto partikular hori erabakien aktari erantsiko zaio.

7.– Erabakiak Enpleguaren Euskal Foroa adskribatuta dagoen saileko egoitzan hartutzat joko dira.

15. artikulua.– Bilkuren aktak.

1.– Idazkariari dagokio bilkura guztietako aktak egitea, lehendakariaren oniritziarekin. Aktak elektronikoki sinatu beharko dituzte kargu horiek betetzen dituztenek.

2.– Akta Osoko Bilkurako eta Batzorde Iraunkorreko kide guztiei bidaliko zaie, bitarteko elektronikoak baliatuz. Haiek ere horrelaxe adieraz dezakete ados dauden, edo zertan ez dauden ados, eta, alegaziorik adierazten ez badute, bileran bertan joko da onartutzat.

3.– Bilera guztietako aktak bilera-amaieran onartuko dira, edo, bestela, hurrengo bilera hasten denean.

Aktan, hauek zehaztuko dira: nor izan diren bilkuran, zein izan den gai-zerrenda, non eta noiz egin den bilkura, zein izan diren eztabaidetako puntu nagusiak eta zein hartutako erabakien edukia.

Berariazko deialdietan, behin ekarpenak jasotzeko edota botoa emateko ezarritako epea amaituta, idazkariak akta egingo du, bozketaren emaitza eta/edo jasotako ekarpenak jasoz.

4.– Egiten diren bilkurak grabatzea edo euskarri elektronikoko agiriak erabiltzea erabakiz gero, fitxategi elektronikoak osoak eta benetakoak direla bermatzeko moduan gorde beharko dira, bai eta Osoko Bilkurako eta batzorde teknikoko kideentzat eskuragarri egoteko moduan ere.

5.– Aktak eta apartatu honek aipatzen dituen dokumentuak kontserbatzeko orduan, bat etorri beharko da Elkarreragingarritasunaren Eskema Nazionalari, Segurtasunaren Eskema Nazionalari eta Eusko Jaurlaritzak dokumentuak kudeatzeko dituen politika eta ereduari jarraituz unean-unean onartutako formatu eta estandarrekin.

16. artikulua.– Lantaldeak.

1.– Osoko bilkuraren erabakiz, lehendakariak lantaldeak eratu ahal izango ditu gaien edo lurraldearen arabera. Lantaldeok bilkurako kideek osatuko dituzte, baita kanpoko adituek ere batzuetan. Egokitzat jotzen diren bezainbeste aditu izendatuko dira, azterlan espezifikoak eta proposamenak egiteko.

2.– Lantaldeen eginkizunak Osoko Bilkurak edo Batzorde Iraunkorrak esleitutakoak izango dira. Edonola ere, Osoko Bilkuran edo Batzorde Iraunkorrean ezer proposatu nahi badute, proposamen horiek prestatzeko ardura ere izango dute, bakoitzak bere arloan.

17. artikulua.– Aholkularitza eta laguntza teknikoa.

1.– Enpleguaren Euskal Foroak, lehendakariaren bitartez, aholkularitza guztiak eskatu ahal izango ditu, enpleguari dagozkion zeinahi arlotan adituak direnen aholkularitza barne, eta bere eginkizunak betetzeko beharrezkotzat jotzen dituen datuak eskatu ahal izango dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko, foru-aldundietako eta udalerrietako edozein organori.

2.– Eusko Jaurlaritzan enplegu-arloaren eskumena duen sailburuordetzak emango du laguntza tekniko eta administratiborako egitura, hain zuzen ere, Enpleguaren Euskal Foroaren eginkizunetarako eta funtzionamendurako behar dena.

18. artikulua.– Euskararen erabilera.

1.– Enpleguaren Euskal Foroak euskara erabiltzeko aukera bermatuko du, euskaren erabilera normalizatzeko legediarekin bat etorriz.

2.– Nolanahi ere, deialdiak, aktak, oharrak eta ziurtagiriak bi hizkuntzetan idatzi beharko dira.

19. artikulua.– Urteko txostena, publizitatea eta gardentasuna.

1.– Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legeko 18.5 artikuluaren arabera, urtero-urtero Enpleguaren Euskal Foroaren kudeaketa-memoria idatzi behar da, Osoko Bilkuran onartuko dena. Gero, haren berri jendaurrean emango da, Eusko Jaurlaritzaren Gardena gardentasun-atariaren bidez.

2.– Foroaren, Osoko Bilkuraren eta Batzorde Iraunkorraren osaera ere gardentasun-atari horretan bertan argitaratuko da.

Horiek hartzen dituzten erabakiak eta bileren aktak ere argitaratuko dira.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA.– Izendapenak.

1.– Dekretu hau indarrean jartzen denetik bi hilabete igaro baino lehen, Enpleguaren Euskal Foroko Osoko Bilkurako kideak eta idazkaria izendatu behar dira.

2.– Batzorde Iraunkorrerako bokalen proposamena Osoko Bilkuran onartuko da, hark egiten duen lehen bileran, eta, gero, lehendakariak izendatuko ditu.

Horretarako, Batzorde Iraunkorra izendatzeko proposamena lehen Osoko Bilkurako gai-zerrendan jasoko da.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 10ean.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.


Azterketa dokumentala