Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

55. zk., 2026ko martxoaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1266

EBAZPENA, 2026ko martxoaren 9koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2026rako «Hazten +» laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onesten dituena.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mende dago. Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan hainbat jarduera sustatzeko jarduketak adjudikatu zaizkio, hala nola, industria- eta enpresa-jarduera, inbertsioa, garapena, industria-dibertsifikazioa eta -lehiakortasuna, berrikuntza, nazioartekotzea, informazioaren eta jakintzaren gizartearen garapena eta enpresa-ekintzailetzaren sustapena.

Horren harira, SPRIk ekintzailetza laguntzeko bideratutako hainbat jarduketa garatu ditu. Horri esker, enpresa-ekimen berriei behar duten laguntza eskaini die. Ekintza horien artean aipatzekoak dira EAEren eraldaketa digitala sustatzea helburu duten laguntza-programak.

Helburua euren beharren neurrira egindako laguntza osoa eta malgua eskaintzea da, merkatuan abian jartzeko, hazteko eta arrakastaz finkatzeko. Halaber, proiektuek eskatzen duten hasierako finantzaketa eta, bereziki, epe luzerako finantzaketarako sarbidea ahalbidetuz.

Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzak publizitatearen printzipioaren arabera kudeatu eta eman behar dira, besteak beste. Era berean, DAELren 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza-mota bakoitzaren edo dirulaguntza-programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.

Hori guztia dela eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2026rako «Hazten +» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onestea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.

Bigarrena.– 2026rako «Hazten +» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik izango du eragina.

Bilbao, 2026ko martxoaren 9a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,

JON ANSOLEAGA UGARTE.

ERANSKINA
«HAZTEN+» 2026KO LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria- eta enpresa-arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak EAEko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.

Gobernu Kontseiluak 2025eko irailaren 30ean Industria – Euskadi 2030 Plana onetsi zuen, eta planak hiru ardatz estrategiko ditu oinarri (Industria gehiago, industria hobea eta isuri gutxiago), bai eta zeharkako beste ardatz bat (Desburokratizazioa). Ardatz horiek industria-eraldaketaren ikuspegi integrala islatzen dute egungo Europako testuinguruan. Ardatz estrategiko bakoitzak bost lehentasun estrategiko ditu, proiektu zehatzen bitartez hedatuko diren jarduketa-ildoak biltzen dituztenak. Hamasei lehentasun horiek Europako industrian abian diren trantsizio nabarmenei erantzuten diete.

Industria – Euskadi 2030 Planean EAEko industriak erabakitasunez aurre egin behar dien erronkak zehazten dira, Europako lehentasun estrategikoekin lerrokatzen da, eta EAEko industria-sektore estrategikoak hiru kategoria hauetan sailkatzen ditu:

1.– Irabazi (Oraingo industria-sektore traktoreak).

– Euskadiko balio erantsi gordinerako (BEGd) eta enplegurako ekarpen handia.

– Enpleguaren kalitate handia (egonkortasuna, prestakuntza, ordainsariak).

– Esportazio-bolumen eta -espezializazio altua = Produktibitate altua + lehiakortasuna.

– Intentsitate teknologiko ertaina – altua.

– EBko politika industrialaren arloko finantzaketa-lehentasun eta programekin lerrokatzea.

2.– Hazi (Etorkizunean ahalmen traktorea izango duten industria-sektoreak).

– Intentsitate teknologiko altua + gaitasun zientifiko-teknologikoak.

– Lehentasunezko sektore gisa aitortzea Batzordearen eta Europako programen lehentasunen artean.

– Datozen hamarkadetan merkatu globaletan hazteko potentzial handia.

– Irabaziren azpisektorea, etorkizunerako potentzialarekin.

3.– Jauzi (Merkatuan lidergoa izan dezaketen beste sektore batzuetako enpresak).

Beste edozein sektoretako enpresak, baldin eta proiektu eraldatzaileak planteatu eta, gutxienez, arlo hauetako batean, merkatuan, jauzi kualitatiboa badakarte: teknologia, berrikuntza, nazioarteko proiekzioa, jasangarritasuna. Proiektu eraldatzaile horiek edozein sektoretan sor daitezke. Abiapuntuaz gain, egiturazko eraldaketa-potentzialak bereizten ditu. Horrek eragin argia eta zabala du produktuak edo zerbitzuak bereiztean, lehiakortasuna eta merkatu-kuota irabazteko. Ezkutuko txapeldun berriak ekarriko dituzten ETEen proiektu arrakastatsuak egongo dira.

Industriarentzako laguntza- eta zerbitzu-programak oraindik ere ezinbestekoak dira; hala ere, ekimen disruptiboagoak beharrezkoak dira. Horregatik, Industria – Euskadi 2030 Planak sustatu egiten du gobernantza-eredu praktiko eta kolaboratibo bat ezartzea, proiektu eraldatzaileak oinarri hartuta.

Hazten + laguntza-programen helburua da enpresa-ekimen berritzaileei edo oinarri teknologikoko enpresa-ekimenei laguntza finantzarioa ematea, azeleratu eta hazteko. Hortaz, Industria – Euskadi 2030 Planaren ardatz estrategiko eta lehentasunekin erabat lerrokatuta dago, euskal industria-sistemaren lehiakortasuna, erresilientzia eta jasangarritasuna indartzera bideratuta baitago. Zehazki, Hazten + proiektuak Planean Irabazi, Hazi eta Jauzi gisa sailkatutako sektore industrialak bultzatzen laguntzen du, eta horretarako enpresa-proiektu berritzaileak eta hazteko ahalmen handia dutenak finkatzen laguntzen du.

Programak zuzeneko eragina du «Industria gehiago» eta «industria hobea» ardatz estrategikoetan, eta mekanismo gaitzaile gisa jarduten du balio erantsi handiko enpresa-ekimenak bultzatzeko, sortzeko eta bizkortzeko, industria-ehuna dibertsifikatzeko eta EAEn ekintzailetza-gaitasunak indartzeko. Programak lehentasun hauek ditu: enpresa industrialen lehiakortasuna handitzea; talentua erakartzea eta garatzea; berrikuntzan eta teknologian oinarritutako negozio-ereduak bultzatzea, eta enpresa-proiektuak heltzea eta eskalatzea ahalbidetuko duten inguruneak sustatzea.

Era berean, Industria – Euskadi 2030 planean ezartzen da helburu estrategikoak gauzatzea ahalbidetuko duten proiektu eraldatzaileak aktibatzeko beharra. Testuinguru horretan, Hazten + programa tresna gakoa da inpaktu handiko ekimen industrialak azeleratzeko; ekimen horiek orientazio teknologikokoak dira, enplegu kualifikatua sortzeko gaitasuna dute eta Planean identifikatutako sektore estrategikoak indartzen laguntze dute.

Hortaz, Hazten + programak Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa indartzen du, ekosistema industrial dinamikoa, berritzailea eta lehiakorra garatzeko, erronka globalei aurrea hartzeko eta eredu ekonomiko jasangarria eta balio handikoa finkatzeko gai izango dena.

Hazten+ 2026 programa erakundearen 2025-2028 aldirako onetsi den Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago. Plan hori Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburuaren 2025eko urtarrilaren 24ko Agindu bidez onetsi zen, eta erakundearen Gardentasun Atarian argitaratu zen. Halaber, ekimenak honako helburu hauek lortzen laguntzen du: finantza-laguntza ematea berritzaileei edo oinarri teknologikokoei edo industria-arloko proiektuei edo prozesu-produktu horiei lotutako zerbitzuetakoei, Industria 2030 planean lehenetsitako sektore estrategikoetan kokatuta daudenei (edo eragin positiboa izan dezaketenei), entitate onuradunen enpresa-plana bizkortzea ahalbidetzen duten gastuen kasuan. SPRIko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez, programari zegokion gastua baimendu zen.

1. artikulua.– Xedea.

Oinarri hauen helburua da 2026an Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) enpresa abian jartzeko fasean dauden enpresa-proiektu berritzaileei edo oinarri teknologikoko proiektu berriei, industria-arloko proiektuei edo prozesu-produktu horiei lotutako zerbitzuetakoei, eta ezagutzan intentsiboak diren enpresa-proiektu berriei emandako laguntza arautzea.

2. artikulua.– Emateko prozedura eta laguntzen izaera.

1.– Laguntzak norgehiagoka-araubidearen arabera esleituko dira.

2.– Emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.

3.– Deialdi honen esparruan emandako dirulaguntzak ez daude zuzen lotuta esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezarri eta ustiatzeari edo esportazioarekin zerikusia duten bestelako gastu arruntei.

4.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak edo dirulaguntzak 2014ko ekainaren 26an 187. EBAOn argitaratutako 651/2014 Salbuespeneko erregelamendu orokorraren (EB) («651/2014 Erregelamendua») 22. artikuluan («Enpresa-proiektu berrietarako laguntzak») xedatutakoaren menpe daude.

3. artikulua.– Definizioak.

1.– Enpresa- eta berrikuntza-zentroak – Business Innovation Center (BIC): ekintzaileei eta enpresei laguntza ematen dieten zentroak dira, enpresa-ekimen berritzaileak edo oinarri teknologikoko enpresa-ekimenak sustatzeko eta haien garapena sustatzeko.

2.– Ezagutzan intentsiboak diren enpresa-proiektuak: oinarri hauetan araututako laguntzetarako, ezagutzan intentsiboak diren enpresa proiektu gisa hartuko dira enpresa-proiektu berritzaileak edo enpresak produktu, zerbitzu edo prozesu berriak sortzeari edo negozio-eredu berriak garatzeari duen ezagutzaren aplikazio praktikoa egiteko oinarri teknologikoa dutenak.

3.– Enpresa-plana: negozio-aukera bat identifikatu, deskribatu eta aztertzen duen dokumentua, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa aztertuta. Plan horretan negozio-aukera hori enpresa-proiektu bideragarri bihurtzeko behar diren estrategia eta jarduketa guztiak garatzen dira.

4.– Enpresa txiki ez kotizatua: 651/2014 Araudiaren I. eranskinean aurreikusitakoaren arabera, enpresa txikiak dira 50 langile baino gutxiago dauzkaten enpresak, baldin eta 10.000.000 eurotik beherako urteko negozio bolumena nahiz urteko balantze orokorra badute.

Enpresa batek, kontuak ixteko egunean, egiaztatzen badu zentzu batean zein bestean gainditu dituztela, eta urtebeteko oinarri baten gainean, adierazitako langileen edo finantzako mugak, enpresa edo mikro-enpresaren izaera lortu edo galtzea bakarrik eragingo du, baldin eta gainditze hori bi ekitaldi jarraietan gertatzen bada.

5.– Proiektuaren memoria: Proiektuaren deskribapen-memoria bat aurkeztu beharko da. Nahitaezkoa izango da, eta proiektuaren bideragarritasuna eta inpaktua ebaluatzeko behar den informazioa bilduko da bertan. Memoria horrek aukera emango du proiektuaren koherentzia, berrikuntza-maila, jasangarritasun ekonomikoa, gauzatzeko proposatutako baliabideen egokitasuna eta Industria Planean definitutako sektore estrategikoekiko lerrokatzea eta ekarpena baloratzeko.

Memoria horretan, honako hauek identifikatuko dira: (i) dirulaguntzaren xede den proiektuaren oinarri teknologikoa eta berritzailea; (ii) aurreikusitako jarduketak; (iii) taldearen gaitasun teknikoa eta antolakuntzakoa; (iv) diru-sarrerak sortzeko eredua; (v) plangintza operatiboa eta komertziala sartuko da; eta hori guztia oinarri hauen 10. artikuluko g) apartatuan xedatutakoaren arabera.

6.– Erakunde laguntzaileak: oinarri arautzaile hauetan araututako laguntzen ondorioetarako, erakunde laguntzaile izendatzen dira EAEn dauden BICak; betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta DAELen ezarritakoaren arabera. Horrez gain, oinarri arautzaile jasotako zehaztasunak beteko dira.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Deialdi honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 1.000.000 eurokoak dira, eta SPRI - Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintzak.

1.– Laguntzaren onuradun izan ahalko dira EAEn gutxienez jarduera-zentro bat duten pertsona juridikoak, «Business Innovation Center» (BIC) baten tutoretzapean egin den enpresa-plan bat dutenak edo BIC baten oniritzia jaso dutenak Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen den oinarri teknologikoko edo industria-arloko proiektu berritzaile bat dutelako, nahiz produktu-prozesuari lotutako zerbitzuen edo ezagutzan intentsiboa den enpresa-proiektu berritzaile bat dutelako, baldin eta programa honen aurreko deialdietan ez diren onuradun izan eta honako betekizun hauek betetzen badituzte:

a) Sortu berriak izatea, hau da, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta bioteknologikoak 2021eko urtarriletik aurrera eratu izatea, eta, derrigorrezkoa izanez gero, Merkataritza Erregistroan (edo antzeko erregistroan) inskribatutako enpresak izatea.

b) Aurreikustea gutxienez 3 enplegu sortuko dituztela 3 urteko epean.

c) Enpresa txikia ez kotizatua izatea.

d) Alta emanda egotea EAEko Jarduera Ekonomikoen Zergari dagokion enpresa-jardueraren epigrafean.

e) Enpresak gutxieneko kapital soziala izatea, edo kapital soziala gehi jaulkipen- edo bereganatze-prima, 30.000 eurokoa, osorik ordainduta izatea eta eskaera aurkeztu aurretik dagokion erregistroan erabat inskribatuta egotea.

f) Eskaera aurkezteko unean, enpresak ez izatea 1.000.000 eurotik gorako kapital soziala (jaulkipen edo onarpen prima barne).

g) Enpresak ez kotizatzea balore-poltsa batean.

h) Enpresak etekinik banatu ez izana, ezta banatzea ere, harik eta deialdi honen bidez emandako laguntzak likidatu arte.

i) Enpresak bere gain hartu ez izana beste enpresa baten jarduera, salbu eta eskuratutako jardueraren negozio-bolumena xurgatu aurreko finantza-ekitaldian diruz lagun daitekeen enpresaren negozio-bolumenaren % 10 baino txikiagoa bada; beste enpresa bat erosi ez izana edo enpresa-kontzentrazio bidez osatu ez izana, salbu eta eskuratutako enpresa horren negozio-bolumena erosi aurreko finantza-ekitaldian diruz lagundu daitekeen enpresaren negozio-bolumenaren % 10 baino txikiagoa bada, edo kontzentrazio bidez osatutako enpresaren negozio-bolumena kontzentrazioaren aurreko ekitaldian bat egindako bi enpresen bolumen konbinatua baino % 10 baino txikiagoa bada.

j) Konpromisoa hartzea bere enpresa-plana, «Business Innovation Center» (BIC) baten tutoretzapean egindakoa, Ekintzaile edo Barne-ekintzaile programen bidez gauzatzeko edo, hala badagokio, BIC horien oniritzia duten enpresa-planak gauzatzeko.

2.– Honako hauek ezin izango dute eskuratu deialdiaren xede den dirulaguntzarik:

a) DEAL 13. artikuluan aurreikusitako inguruabar eragozleetako batean badaude, eta honako hauek dira:

i) Epai irmo baten bidez, dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzera kondenatua izatea, edo prebarikazioa, funtzionario-eroskeria, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, eragimen-trafikoa, iruzurrak eta legearen aurkako ordainarazpenak edo hirigintza-delituak egiteagatik.

ii) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana, konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren mende egotea edo Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera desgaitua izatea, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.

iii) Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana, kausaren batean erruduntzat jo badira.

iv) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak Herri Administrazioen Zerbitzupeko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean eta Kargu Publikoen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko kasuren batean egotea, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak izatea, lege horretan bertan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

v) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea, erregelamenduz zehazten den moduan.

Bereziki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharrak beteta dituztela ulertuko da, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Horrela, dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketan egunean daudela ulertuko da zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean, edo dagokion itzulketa-ebazpena aurkaratzearen ondorioz zorra etetea erabaki denean.

vi) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea zerga-egoitza.

vii) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean ez izatea, erregelamendu bidez ezarritako moduan.

viii) Ebazpen irmo baten bidez, AJLren arabera dirulaguntzak lortzeko aukera galtzearekin zigortua izatea. Zehazki, ezin izango dira dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan sexu-diskriminazioagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloko araudia ez betetzeagatik zigor administratibo edo penala jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian. Era berean, ezingo dute laguntzarik edo dirulaguntzarik jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat indarrean izan behar duten enpresek, ez eta 50 langile baino gehiagoko enpresek ere, baldin eta egiaztatzen ez badute sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzeko eta horri aurre egiteko neurririk ezarri dutela, emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan Estatuko legeriak ezarritako baldintzetan.

ix) Ekonomia zirkular baterako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Administrazioei buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik zigortuta egotea.

x) Desgaitasunen bat duten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, kuota hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

b) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan bakarrik, abenduaren 29ko 3/2004 Legean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituenean, aurreikusitako ordainketa-epeak ez betetzea.

c) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.

d) Krisian dagoen enpresatzat hartzea, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01 EBAO).

e) Sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.

f) Zehapena jaso izana administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

g) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

h) DEALen 48.1 artikuluan aurreikusitako kasuan badago, enpresaren deslokalizazioan ez erortzea, 49. artikuluaren arabera.

i) 651/2014 Erregelamenduaren 1.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera aipatutako Erregelamendua aplikatzen ez zaien kategorietako batean badaude; hau da, kategoria hauetakoren batean:

– I+G+b-ko laguntza-araubideak, baldin eta estatu kide bakoitzeko Estatuko laguntzen urteko batez besteko aurrekontua 150 milioi eurotik gorakoa bada, indarrean sartu eta sei hilabetetik aurrera.

– 651/2014 Erregelamenduaren 1. artikuluko 2. ataleko a) letran jasotako araubideen aldaketak, Erregelamendu honen arabera laguntza-araubidearen bateragarritasunari eragin ezin diezaioketen aldaketez edo onetsitako ebaluazio-planaren edukiari nabarmen eragin ezin diezaioketen aldaketez bestelakoak.

– Esportazioarekin lotutako jardueretarako laguntzak, zehazki, zuzenean lotura dutenak esportatutako kantitateekin, establezimenduetarako laguntzekin eta banaketa-sare baten funtzionamenduarekin edo esportazio-jarduerari lotutako beste ohiko kostu batzuetarako laguntzak.

– Inportatuen ordez produktu nazionalak erabiltzearen baldintzapeko laguntzak.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntzaren azken ordainketa egin arte bete beharko dira aurreko ataletan laguntzen onuradun izateko (salbuespen bakarra DEALren 13.1.b) artikuluan aurreikusitako konkurtso-egoerei buruzko debekurik eza da) aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako betekizunak honela egiaztatuko dira:

4.1.– SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako baldintza hauek betetzen direla:

– Industria-jarduerako zentro bat dutela EAEn, non proiektuak eragina izango duen.

– Egunean dituztela beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

– Altan emanda egotea EAEko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari dagokion enpresa-jardueraren epigrafean.

Hala ere, eskatzaileak aurka egin ahal izango du, eta, kasu horretan, kasuan kasuko organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

4.2.– 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan soilik egiaztatuko da bete direla Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak, bai enpresaren ziurtagiriaren bidez, KAEOn inskribatutako auditorearen ziurtagiriaren bidez edo DLOren 13.3 bis artikuluan aurreikusitako adostutako prozeduren txostenaren bidez.

4.3.– Eskatutako gainerako baldintzak 10. artikuluan adierazitako dokumentuen bidez egiaztatuko da, edo, bestela, Oinarri hauei I. eranskin gisa erantsitako eredu normalduaren bidez; bigarren kasu horretan, eskatzaileak, SPRIK eskatzen dionean, erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko dokumentuak aurkeztu beharko ditu, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta DAELren 13.9 artikuluan ezarritako betekizunei jarraikiz. Erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatutako betekizunen egiazkotasuna, hala badagokio, ikuskapen-bisitan edo dokumentuak egiaztatzeko eskatuta egiaztatu ahal izango da.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.

1.– Diruz lagun daitezkeen gastuek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Laguntza-eskaera egin ondoren eta gehienez ere 24 hilabeteko epean sortu beharko dira. Proiektua eskaera aurkeztu ostean hasi beharko da, eta, edozein kasutan, deialdiaren ekitaldi berean.

b) Ez da diruz lagun daitekeen gastutzat hartuko produktu propioa garatzea.

c) Ez da diruz lagundu daitekeen gastutzat joko fakturan jasotako balio erantsiaren gaineko zerga.

d) Aurkeztutako proiektuaren esparruan azpikontratatutako kanpoko enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Ezingo dira izan sektore publikoko erakundeak, aplikatzeko instituzio-arauekin bat.

– Akzio edo partaidetzen bidez lotutarik ez izatea, zuzenean edo zeharka kudeatzea, laguntzaren eskatzailearekin edo lankidetza-proiektu batean sartutako enpresaren batekin.

2.– Diruz lagun daitezkeen gastuak baloratzeko, kontuan hartuko dira honako betekizun hauek:

a) Gastuek lotura zuzena izan beharko dute deialdiak xedetzat duen jarduerarekin, eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarria euroa ez den moneta batekin baloratzen bada, ordainketa-dataren truke-tasara bihurtuko da.

d) Ez dira inolaz ere gastu hautagarritzat joko fabrikatu edo merkaturatutako produktuak, ezta eskatzaileak edo taldeko nahiz lotutako enpresek laguntza-eskatzailearekin egindako lanak ere, ekintzen edo parte-hartzeen bidez, zuzenean edo zeharka.

3.– Laguntzekin, enpresa-proiektu berri bat bultzatzeko gastuak finantzatuko dira, baldin eta enpresa-planean sartuta badaude edo hura garatzeko beharrezkoak badira.

Honako gastu hauek finantzatu ahalko dira:

a) Lan-kontratazioagatiko langile-gastuak. Honako baldintza hauek bete beharko ditu:

– Langile berriak izatea, talde sustatzaileko kide ez izatea eta sustatzaileen gaitasunak osatzea.

– EAEn lan egiten dutenak.

– Bilatzen diren eginkizunekin bat datorren esperientzia akademiko eta profesionala izatea.

– Honako hauek soilik hartuko dira kontuan: autonomia, ekimen eta erantzukizun handiko lanbide-kategorietan sartzen direnak.

Langile-gastu gisa hartzen da enpresak langile berri bat kontratatzen duenean bere gain hartzen duen gastu totala. Horren baitan soldata gordina ez ezik, Gizarte Segurantzako kotizazioak eta horri lotutako beste kostu batzuk ere barne hartzen ditu.

Gehienez ere 2 langile berriri lotutako langileen gastuak ordainduko dira, eta kontratatutako pertsona bakoitzaren zereginak zehaztu beharko dira.

Ez dira diruz lagunduko enpresa berriko bazkideak kontratatzeko gastuak, ez eta talde bereko enpresetako pertsonak lekuz aldatzeko gastuak ere.

Honako hauek ez dira diruz lagun daitezkeen langile-gastuetan sartuko: aparteko orduak egitea; mozkinengatiko ordainketak; bonuak edo dibidenduak jasotzeko eskubidea edo helburuak lortzeagatikoak; gauzazko ordainketak; hartu gabeko oporrak; dietak eta lokomozio-gastuak; ezkontzagatiko ordainsariak; heriotzagatiko kalte-ordainak eta dagozkien lekualdatzeak; lan-harremana eten, kaleratu edo uzteagatiko kalte-ordainak, eta errepikariak ez diren ordainsari-kontzeptuei dagozkienak.

b) Kanpo-lankidetza eta aholkularitza tekniko adituak, proiektuaren garapenari berariaz lotuak.

Diruz lagundu daitezkeen gastu horien barruan, ez dira sartuko, besteak beste, enpresa-kudeaketari berari dagozkion kanpo-lankidetzenak eta aholkularitza teknikoenak, hala nola auditoretza- eta kontabilitate-zerbitzuekin edo finantza-aholkularitzarekin lotutakoak, edo lan-zuzenbidearen edo zerga-zuzenbidearen eremukoak.

c) Higiezinen alokairu berrien gastuak, laguntza osorik eskatu ondoren formalizatu eta sortutakoak.

d) Patenteak eta jabetza industrialeko beste eskubide batzuk eskatzeko eta mantentzeko gastuak, bai eta erregistroak, ziurtagiriak eta homologazioak ere.

e) Proiektua sustatzeko eta hedatzeko gastuak.

4.– Inola ere ezin izango da finantzatu inbertsiorik, hornidura-gasturik, finantza-gasturik, mantenu-gasturik, lokomozio- eta bidaia-gasturik, prestakuntza-gasturik, kanonik eta lizentziarik, asegururik eta bestelako gastu eratorririk, 100 eurotik beherako gasturik, eskudirutan egindako ordainketarik eta oinarri hauetan araututako laguntzak lortzeko kudeaketa-gasturik.

5.– DAELren 30. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, soilik joko da egindako gastutzat benetan ordaindutako gastua, justifikazio-aldia amaitu aurretik egina. Era berean, diruz lagun daitezkeen gastuak, onuradunak bere merkataritza-eragiketetan egindakoak, ordaintzeko, kontuan izan beharko da zer ordainketa-epe aurreikusten den aplikatu beharreko araudi sektorialean, zeren gastuak epe horietan ordaindu beharko dira, edo, halako araudirik egon ezean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

6.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak, guztira, 70.000 eurokoak izango dira gutxienez.

7. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.

1.– Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira, eta kontuan hartuko dira diruz lagun daitezkeen gastuen % 70era arte. Kontzeptu guztiengatik metatutako laguntza, gehienez ere, 100.000 eurokoa izango da.

2.– Langile berriak kontratatzeko langileen gastuetarako dirulaguntza 35.000 eurokoa izango da, gehienez, lanaldi osorako kontratatzen den langile berri bakoitzeko. Halaber, gehienez ere 70.000 euroko laguntza emango da kontzeptu horrengatik, kontratazio horrek enpresari ekarriko dion gastua mugatu gabe.

8. artikulua.– Metaketa, laguntzen mugak eta azpikontratazioa.

1.– Deialdi hau gauzatzean ematen diren dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako dirulaguntza edo laguntzekin, bai eta helburu bererako beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere, laguntza-neurri horiek diruz lagun daitezkeen gastu desberdinei buruzkoak direnean, edo laguntza-neurriak diruz lagun daitezkeen kostu berberekin guztiz edo partzialki bat datozenean, betiere bateratzen diren zenbatekoek errespetatzen badituzte 7. artikuluan ezarritako laguntzaren gehieneko intentsitatea eta gehieneko zenbatekoak edo 651/2014 Erregelamenduan ezarritakoaren arabera aplika daitekeen laguntzaren zenbateko handiena. Bestela, murriztu egingo da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, muga horiek gaindi ez daitezen.

Dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat eginda, inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Beste laguntza publiko batzuen eta programa honen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.

Batasuneko erakundeek, agentziek, enpresa erkideek edo beste organo batzuek zentralki kudeatzen duten eta zuzenean edo zeharka estatu kidearen kontrolpean ez dagoen Batasunaren finantzaketa Estatuko laguntzekin konbinatzen bada, azken horiek soilik hartuko dira kontuan jakinarazpen-atalaseak eta laguntzaren gehienekoak errespetatzen diren zehazteko, betiere diruz lagun daitezkeen kostu berberetarako emandako finantzaketa publikoaren guztizko zenbatekoak ez baditu gainditzen Europako araudi aplikagarrian ezarritako gehieneko finantzaketa-ehunekoak.

2.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea.

a) Hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea. Hirugarrenekin % 100era arte azpikontratatzea edo kontratatzea onartzen da; edozein kasutan, DAELren 31.1 artikuluan adierazitakoa bete beharko da. Ulertuko da onuradunak azpikontratatu edo kontratatu duela baldin eta hirugarrenekin adosten badu dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egikaritzea. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Hirugarrenekin adostutako jarduera horrek dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiago bada, kontratazioak DAELren 31.3 artikuluko baldintzak bete beharko ditu.

b) Diruz lagun daitezkeen gastuak. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoa baino handiagoa bada eta hirugarrenekin kontratua egin beharra badago, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziengatik horiek egiten, mailegatzen edo hornitzen dituzten behar besteko erakunderik ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada. Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.

9. artikulua.– Laguntza eskatzea.

1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren webgunearen bidez.

2.– Laguntzaren eskaera eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialean aurkez daitezke. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatzen duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.

3.– Laguntzaren eskaerak enpresa eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.

4.– Eskaera hori erakundea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko aurreratu bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez).

10. artikulua.– Aurkeztu behar diren dokumentuak eta informazioa.

1.– Aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek informazio eta dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren zenbakia (NAN) edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ).

b) Sozietatearen eraketa-eskritura eta horren aldaketa, hala badagokio.

c) Sozietatearen ordezkariaren ahalordea.

d) Identifikazio fiskaleko txartela.

e) Ordainketak egin ahal izateko emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.

f) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena. Erakundearen legezko ordezkariak 5. artikuluan ezarritako inguruabarrak betetzen dituela adierazten duen adierazpena, inprimaki normalizatuaren jasotako ereduaren arabera, honako hauek barne: konpromisoa hartzen duela aurrerakina enpresaren kontabilitatean islatzeko, aplikatu beharreko kontabilitate-arauekin bat etorriz, pasibo gisa, aurrerakina emateko ezarritako baldintzak betetzen ez diren bitartean edo aurrerakina jasotzeari buruzko arrazoizko zalantzak dauden bitartean, eta SPRIri itzultzekoa, dagozkion interesekin, aurrerakina itzultzea erabakitzen duen ebazpenak hala xedatzen badu. Erantzukizunpeko adierazpena, erakunde publiko edo pribatuek proiektu bererako eskatu edo eman dizkioten laguntzen zerrendari buruzkoa, eskaera egin den edo, hala badagokio, laguntza eman den data barne; halaber, dirulaguntza eman duen organismoa, programa, gastuak eta inbertsioak eta laguntzaren zenbatekoa. Era berean, enpresaren tamaina zehazteko dokumentazioa aurkeztu beharko da, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoa.

g) Horiez gain, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Legezko ordezkariaren notario-ahalordea, laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu pertsona juridikoaren ordezkariaren indarreko ziurtagiriaren bidez, agintaritza ziurtatzaile aitortu batek emandakoa.

– Identifikazio Fiskaleko Txartela, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu. Ziurtagiriak indarrean egon behar du, agintaritza ziurtatzaile batek emandakoa izango da, eta aukera eman beharko du IFZ zenbakiari eta eskatzailearen izen sozialari buruzko datua egiaztatu ahal izateko.

– Urteko batezbesteko plantillaren egiaztagiria eta amaitutako azken ekitaldiari dagokion Sozietateen gaineko Zergaren adierazpena.

– Datu orokorrak (ekipoa) eta diruz lagun daitezken gastuen aurrekontu zenbatetsia eta inbertsio-, fakturazio- eta enplegu-arloetako aurreikuspen-datuak, 2026., 2027. eta 2028. urteetarako.

– 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeretarako, enpresaren ziurtagiria, KAEOn inskribatutako auditorearen ziurtagiria, edo ordaintzeko legezko epeei dagokienez DLOren 13.3 bis artikulua betetzeari buruz adostutako prozeduren txostena, agindu horretan zehaztutako baldintzetan.

– 3 urterako enpresa-planaren ale bat.

– Garatu beharreko proiektuaren memoria, programaren aplikazioan ageri den eredu deskargagarriari jarraikiz, non, gutxienez, honako hauek jaso beharko diren (gehienez 40 orri, Arial 11 letra-tamaina):

i) Laburpen exekutiboa (enpresaren eta jardueraren sektorearen aurkezpena, eta enpresaren oinarri teknologikoaren deskribapen laburra).

ii) Tartean dagoen talde ekintzailearen kudeaketa-ahalmena (aurretiazko prestakuntza eta lanbide esperientzia, egungo rol eta ardurak eta hurrengo 3 urteetarako aurreikusitakoak). Langile berriak badaude (gehienez 2), sartu beharreko profil bakoitzaren zereginak adierazi eta zehaztu beharko dira, profil bakoitzak enpresari ekartzen dion gastuarekin batera.

iii) Proiektuaren oinarri teknologikoa eta berrikuntza (proposatutako teknologia, I+G estrategia, jabetza intelektual eta industriala kudeatzeko planak eta erabiltzeko, industriaren sekretuaren edo beste erregistro-moten ereduak).

iv) Diru-sarrerak sortzeko eredua (negozio-eredua, merkatu potentziala eta lehia, eta produktuaren/prozesuaren/zerbitzuaren abantaila bereizgarriak).

v) Plangintza operatiboa eta komertziala, inbertsioa eta finantzaketa (jardueren egutegia, epeak, beharrezko baliabideak, hiru urterako aurreikuspen-kontuak).

vi) Proiektuaren eraginaren balorazioa (aurreikusitako enplegu-sorrera eta inbertsioak, genero-berdintasuna, gizarte-inklusioa eta jasangarritasuna).

Eskaeran justifikatuta ez dauden diruz lagun daitezkeen gastu guztiak proiektuaren aurrekontu finantzagarritik kanpo geratuko dira.

– Erakunde eskatzailea enpresa txikia dela egiaztatzen duen dokumentazioa, eta, enpresa-talde baten kide izanez gero, parte hartzen duen taldearen sozietate-organigrama, bai eta zeharka parte hartu ahal duten beste sozietate batzuena ere (651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean aurreikusitako irizpidearen arabera), partaidetza-ehunekoa adierazita. Enpresa txikia dela egiaztatzeko, enpresak aurkeztuko ditu enpleguari, negozio-bolumenari eta balantze orokorrari buruzko urteko datuak, bai eta harekin elkartutako edo lotutako gainerako enpresenak ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen datu orokorrak ere aurkeztuko ditu. Halaber, talde osoaren antolaketa-eskema aurkeztu beharko da, non adieraziko diren partaidetza eta enplegu-datuak, ustiapen-zifra eta balantzea; hori guztia, laguntzak eskatu aurreko bi ekitaldiei lotuta, horrelakorik egonez gero.

2.– Aurkeztutako eskaera ondo ulertzeko, ebaluatzeko eta izapidetzeko beharrezkotzat jotzen denean, SPRIk beste dokumentazio edo informazio osagarriren bat eskatu ahalko dio erakunde eskatzaileari.

11. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2026ko maiatzaren 14an amaituko da. Dena dela, eskatzaileentzako arreta teknikoa 2026ko maiatzaren 14ko 15:00etan amaituko da (Espainiako ordu penintsularra).

12. artikulua.– Ebaluatzeko eta ebazteko prozedura.

1.– Eskaerak aurkeztu ondoren, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak BIC bati esleituko dizkio.

2.– BICek oinarrien 5. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla aztertuko dute, eta eskatzaileari behar bezala aztertzeko beharrezkoa den dokumentazio edo informazio osagarria eskatu ahal izango diete.

3.– BICek SPRIri txosten ez lotesle bat helaraziko diote, aurkeztu diren eskaerei buruzkoa.

4.– Organo kudeatzaileak 5. artikuluko betekizunak betetzen diren aztertuko du.

5.– Hala ere, eskaerak hutsik badu, ez bada oso-osorik bete edo ez bada atxiki eskatutako dokumentazioa, BICak edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio hutsune horiek betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko 10 eguneko epean. Gainera, adieraziko dio ezen, hori egin ezean, eskaera bertan behera geldituko dela, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurretiazko ebazpena eman ondoren, 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

6.– Ondoren, balorazio-batzordeak proiektuak aztertu eta ebaluatuko ditu, 13. artikuluko irizpideak aplikatuz. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren ekintzailetza saileko bi kidek (Aitor Cobanera Rodríguez eta Imanol Cuétara Camiruaga) eta EAEko Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasunaren Saileko ekintzailetza eta nazioartekotzearen zuzendaritzako bi kidek (Ane Miren de Arińo Ochoa eta José Luis Espańa Guzmán) osatuko dute batzordea.

Batzordearen funtzionamenduarekin lotura duen guztian, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

7.– Ebaluazio fasean, balorazio-batzordeak egokitzat joz gero, deitu ahalko die laguntza eskatu duten enpresei, aurkeztutako dokumentazioarekin batera, proiektuari eta haren bilakaerari buruzko azalpen xehatua emateko, eta beste edozein datu argitzeko, oinarri hauen arabera garrantzitsua bada.

8.– Organo kudeatzaileak, espedientea eta balorazio-batzordearen balorazioa ikusita, laguntza emateko proposamena idatziko du, SPRIko Zuzendaritza Nagusiari zuzenduta.

13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.

1.– Aurkeztutako proiektuaren memoriaren arabera baloratuko dira onartutako eskabideak (arau honen 10.g) artikuluan aipatzen den aplikazioko eredu deskargagarriaren arabera), honako irizpide eta haztapen hauen arabera:

a) Industria 2030 Planean definitutako sektore estrategikoekin lerrokatzea (0-25 puntu).

Proiektuak EAEko sektore estrategikoetan inpaktu esanguratsua sortzeko duen potentziala baloratuko da, besteak beste, honako gai hauei dagokionez: enplegua sortzea, lehiakortasuna hobetzen laguntzea, emisioak murrizten laguntzea, balio-kateak indartzea eta nazioarteko posizionamendua.

Sektore estrategikotzat hartuko dira Industria Planean jasotakoak, Irabazi, Hazi eta Jauzi kategorien baitan. Kategoria horien artean, besteak beste, honako sektore hauek daude: automozioa, energia, fabrikazio aurreratua, metalurgia eta mugikortasun jasangarria. Halaber, honako sektore emergente hauek daude: aeroespaziala, biosanitarioa, soluzio digital aurreratuak, sare adimendunak eta energia-biltegiratzea eta erregai berriztagarriak.

b) Ekintzailetza-taldearen kudeaketa-gaitasuna (0-25 puntu).

Proiektuari dagokion sektorearen ezagutza baloratuko da (gaitasun eta esperientzia profesionala), bai eta prestakuntza akademikoa eta osagarria ere.

Horrez gain, aintzat hartuko dira ekintzailetza-taldearen konpromiso- eta dedikazio-maila, lidergoa, osagarritasuna eta kohesioa. Halaber, ekintzailetza eta I+G+b babesteko inguruneekiko lotura baloratuko dira, bai eta finantzaketaren erakarpena ere.

c) Proiektuaren oinarri teknologikoa eta berrikuntza (0-25 puntu).

Proiektuaren izaera berritzailea eta maila teknologikoa baloratuko dira, bai eta egindako eta planifikatutako I+G+b inbertsioak ere.

Horrez gain, positiboki baloratuko da plan bat izatea jabetza intelektuala eta industriala eta patenteak kudeatzeko, eta eskaera-prozesua hasita egotea; horrez gain, aintzat hartuko dira enpresak hartutako beste babes-modu batzuk, hala nola erabilgarritasun-ereduak, sekretu industriala edo beste erregistro mota batzuk.

d) Proiektuaren garapena (0-25 puntu).

Plangintza operatiboa eta komertziala, inbertsioa eta finantzaketa (jarduerak, epeak eta beharrezko baliabideak) baloratuko dira.

Sarrerak sortzeko eredua, merkatu potentziala eta bezeroen ezagutza baloratuko dira.

Enplegua sortzea baloratuko da, baita genero-berdintasuna, gizarteratzea eta jasangarritasuna ere.

Era berean, kontuan hartuko dira proiektuaren memoriaren kalitatea eta argitasuna eta proposatutako proiektuaren azalpena eta aurkezpena.

2.– Hautagarriak izan ahal izateko, proposamenek gutxienez 60 puntu lortu beharko dituzte, eta beharrezkoa izango da 12,5 puntuko gutxieneko puntuazioa lortzea artikulu honetako a) eta b) letretan aurreikusitako irizpide guztietan, eta 15 puntu c) eta d) letretan aurreikusitako irizpidean.

14. artikulua.– Ebazpena, argitalpena, jakinarazteko modua eta baliabideak.

1.– SPRIren zuzendaritza nagusiak laguntzak ebatziko ditu, norgehiagoka-araubidean, eta eskatzaileei jakinaraziko die. Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko zaio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako epean eta moduan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da, zuzenean, administrazioarekiko auzien Bilboko epaitegietan.

2.– SPRIko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, eskabideak oinarri hauen arabera ezestea erabakiko da.

3.– Eskaeren berariazko ebazpena emateko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, egindako eskaera formulatu, eta hurrengo egunetik aurrera. Epe hori igaro eta jakinarazpenik jaso ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

4.– Emandako laguntzak SPRIren webgunean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, denek izan dezaten horren berri.

15. artikulua.– Laguntzen likidazioa.

1.– SPRIk ordainduko du erakunde onuradunei emango zaien dirulaguntza, BICek emandako balorazioaren eta SPRIren ondorengo onespenaren arabera.

2.– Dirulaguntza ematen den unean, emandako dirulaguntzaren % 10eko aurrerakina ordainduko da, dirulaguntzari datxekion jarduketak gauzatu ahal izateko beharrezko finantzaketa gisa; DAELn eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako dirulaguntzen bermeen eta itzulketaren jardunbide orokorra arautzen duen eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoa betez.

3.– Proiektua gauzatu izanaren justifikazioa: onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRIren aplikazio informatikoan gaitutako likidazio-eskaera erabiliz, egutegi honen arabera:

– Lehenengo likidazio-eskaera: 2026ko abenduaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da likidazio-eskaera, salbu eta emakida-ebazpena 2026ko azaroaren 1etik aurrera ematen bada. Likidazioa aurretik adierazitako moduan aurkezten ez bada, onuradunak haren izaera galduko du.

– Bigarren likidazio-eskaera: 2027ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko da likidazio-eskaera. Likidazioa aurkezten ez bada, onuradunak haren izaera galduko du.

– Azken likidazio-eskaera proiektua amaitu eta gehienez 3 hilabeteko epean aurkeztu beharko da, eta, edozein kasutan, 2028ko urriaren 31 baino lehen.

4.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek.

5.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, kostuen banakapenarekin.

b) Fakturen ordainketen ordainagiriak, kontuetan edo ordainketaren banku-ziurtagirian islatuta.

c) Hala badagokio, emandako zerbitzua eta egindako gastuak egiaztatzeko agiriak.

d) Proiektuaren memorian jasotako jarduketen abiarazte eta gauzatzeari buruzko egikaritze-memoria, kontularitza-informazioarekin eta behin-behineko egoerekin batera.

e) Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretarako funts horien zenbatekoa, jatorria eta zenbatekoa egiaztatu beharko dira.

f) DAELren 30.3 artikulua aplikatuz, entitate onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.

Likidazio-eskaera osorik betetzen ez bada edo eskatutako dokumentazioarekin batera aurkezten ez bada, SPRIk edo dagokion BICak erakunde eskatzailearen legezko ordezkariari jakinaraziko dio, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, antzemandako gabeziak konpon ditzan.

6.– Hala ere, egindako gastutzat soilik joko dira justifikazio-epea amaitu aurretik egindako gastuak. Ez dira kontuan hartuko Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten gastuak.

16. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– BICak, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauez arduratuko dira:

a) Dokumentazioa aztertu eta proiektuak hasiera batean balioztatzea.

b) Onetsitako proiektuaren jarraipena eta tutoretza.

c) Ordainketa-proposamenaren analisia eta hasierako balioespena.

d) Enpresa-planak aztertzeko txostenak egitea, eta haiek Balorazio Batzordeari bidaltzea.

e) Oinarri hauetako 18. artikuluan araututako laguntzaren baldintzak aldatzeko proposamenak.

f) Edonola ere, oinarri hauetan jasotako guztiak.

2.– Hauek dira EAEn kokatutako BICak:

Araba:

– BIC Araba: Arabako Eraberrikuntza-industrialdea AB – Centro de Empresas e Innovación de Álava SA.

Bizkaia:

– BIC Bizkaia Ezkerraldea: Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda SA.

– Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentroa / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ SAU).

Gipuzkoa:

– BIC Gipuzkoa: Centro de Empresas e Innovación de Gipuzkoa (BIC GIPUZKOA BERRILAN SA).

– Saiolan SA.

17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Onuradunaren betebeharrak dira DAELen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki eta mugatzeko xederik gabe, honako hauek:

1.– Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.

2.– SPRIri justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.

3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpenaren harrera-data eta hamabost egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIren aurrean, ulertuko da hura onartuta gelditu dela.

4.– Dirulaguntza eman zaion proiektu horrexetara bideratzea.

5.– Onartzea SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.

6.– Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.

7.– SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren, eta beste kontrol-organo eskudunen (nazioko zein komunitate-mailakoak) egiaztatze- eta kontrol-jarduketak ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak, aurreko jarduketak egitean eskatutako informazio guztia aurkeztuz.

8.– SPRIri eskaera edo dirulaguntza edo laguntzak jaso izana jakinaraztea, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen antzeko xedea badute, edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak. Jakinarazpen hori jakin bezain laster egin beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.

9.– SPRIri berehala jakinaraztea laguntza emateko kontuan hartutako edozein baldintza aldatu dela.

10.– Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.

11.– Honako hedapen-neurri hauek hartzea, dirulaguntzaren xede den programa, jarduera, inbertsio edo jarduketaren finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko, honako honen arabera:

– Publikoki hedatzeko dokumentu, kartel, propaganda edo argitalpenetan SPRIren logotipoa eta «SPRIk diruz lagunduta» esaldia agertu beharko da, honako esteka honetan eskura dagoen formatuari jarraikiz: https://www.spri.eus/es/logo/

– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.

12.– Dirulaguntza emateko ebazpena eman aurretik eta hura ordaintzeko unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, ogasun-gaietan eskumena duen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailburuaren aginduz erregelamendu bidez zehazten den moduan.

13.– Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

14.– Jasotako laguntzaren aurrerakina pasibo gisa jasotzea enpresaren kontabilitatean, eta SPRIri itzultzea, laguntza itzultzea erabakitzen duen ebazpenean hala xedatzen bada.

15.– Jasotako funtsak ezarri direla egiaztatzen duten frogagiriak gordetzea, baita dokumentu elektronikoak ere, horiexek erabili ahal direlako egiaztatzeko eta kontrola egiteko.

16.– DAELren 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa.

17.– Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan. Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.

18.– Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

19.– DAELren 30.2 artikuluari jarraikiz, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagundu daitezkeen gastuek enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

20.– Onuraduna DAELren 48.1 artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean, deslokalizaziorik ez egitea, 49. artikuluaren arabera.

21.– Dirulaguntza jaso dezaketen programa, jarduera, inbertsio edo jarduketen finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasunari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

18. artikulua.– Laguntzak aldatzea.

1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabakitzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, aldez aurretik, unean uneko egoeraren balorazioa eginda, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, DAELren 14.e) artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa ez emendatzea.

c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran eman izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handiak.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELren 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

19. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira.

2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez-betetzetzat joko da ondore horietarako.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo ez betetzea programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak.

c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa-baimenik.

d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.

e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.

f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.

g) DAELn aurreikusitako arrazoiak.

3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.

4.– Deialdi honetan, gainerako arau aplikagarrietan eta, hala badagokio, emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez badira, DAELren 51. artikulua aplikatuz enpresen deslokalizazioari buruzko adierazpena barne, hura indargabetuko da, ez-betetzearen aurretiazko espedienteari jarraikiz, eta SPRIri laguntzak itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, zeinek Eskubide Publikoko sarrerako izaera izango duten, horri buruz DAELn xedatutakoari jarraikiz, dagozkien ekintza legal eta zehapenei kalterik egin gabe. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.

5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntza batzuen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (8. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.

6.– Halaber, bidezkoa izango da jasotako laguntza itzultzea onetsitako proiektu bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo exekutatzen bada.

7.– Ezarritako baldintzak zati batean betetzen direnean, baldin eta egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, dirulaguntza zati batean ordainduko da, edo, hala badagokio, zati batean itzuliko da, kalkulatzeko egin behar zen jarduera guztitik benetan egindakoaren proportzioa erabiliz. Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubide duen zenbateko partzial horrek bat egingo du emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikatze hori egiaztatu ondoren eta erakunde emaileak onartu duenean.

8.– Borondatezko epean itzultzen ez bada, premiamendu-bidetik eskatu ahalko da, aplikatu beharreko araudian ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Araudi aplikagarria. Programa honi araudi hau aplikatu ahal zaio:

1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

2.– Aplikatzekoak diren kasuetan, 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.

3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

4.– Salbuespenen 651/2014 Erregelamendu Orokorra (EB), 2014ko ekainaren 26ko EBAOn (187. zenbakia) argitaratua.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Deialdiaren interes publikoan eta parte-hartzeko egin duzun eskaeran oinarrituta, tratamendu horren xedea da eskatu duzun laguntzaren espedientea kudeatzea, datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRIk duen interes publikoa baita, SPRI Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia gisa sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betez.

Informazio hori gai horretan eskuduna den Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahalko zaie.

Datuak laguntza emateko espedientea izapidetu bitartean eta legez eskatu daitekeen epea iraun bitartean gordeko dira datuak, lege-betebeharrak betetzeko xedez.

Interesdun guztiek eskubide hauek egikaritu ahal izango dituzte: datuak zuzentzea edo ezereztea, tratamendua mugatzea, datuen eramangarritasunari aurka egitea edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izatea, bai eta datuen babesaren inguruan aplikagarria den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide elektroniko honetara bidalita: lopd@spri.eus. Halaber, interesdunek gure Datuak Babesteko ordezkariarekin harremanetan jar daitezke, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide honetan: dpd@spri.eus

Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.avpd.euskadi.eus

SPRIn datu pertsonalak babesteari buruzko informazio osagarria eta zehatza jasotzeko, webguneko Pribatutasun Politika atala (https://agenda.spri.eus/lege-oharra/pribatutasun/) kontsulta daiteke.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA

Onuradunek, nolanahi ere, programa honen bidez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, oinarri hauetan zehaztutako baldintzetan.

I. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUA

[izen-abizenak] jaun/andrea, indarrean dagoen [...] zenbakidun NANarekin, [...] IFK eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duen [erakunde eskatzailearen izena](r)(e)n izenean, eta jarduera-zentroa [EAEko jarduera-zentroa] duenak,

I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta, zehazki:

– Eskari honetako dagokion atalean honako hauei buruzko informazioa aurkezten dela:

a) Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

b) Enpresaren tamaina zehazteko datuak, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoa.

– Ez dagoela oinarri hauetako 5.2 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean, hau da:

a) DAELren 13. artikuluan aurreikusitako eragozpen-egoeretako batean daudenak, hau da:

i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

ii) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

iii) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.

iv) Honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean egotea pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak: 53/1984 Legea (abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa) eta 1/2014 Legea (ekainaren 26koa, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituena). Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direnak, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako baldintzetan.

v) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.

vi) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

vii) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan, zehazki, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduaren arabera (zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatzeari buruzkoa).

viii) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak DEALaren arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradunak edo erakunde laguntzaileak izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako araudia urratzeagatik administrazio-zehapena edo zigorra jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian zehar. Horretaz gain, ezingo dituzte laguntzak edo dirulaguntzak jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun plan bat izan behar duten arren halakorik ez duten enpresek, ezta sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitu eta saihesteko neurriak ezarri dituztela egiaztatu ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Estatuko legedian ezarritakoarekin bat.

ix) Pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua, ez egotea zigortuta Ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik, administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena bete arte.

x) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

b) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan bakarrik, abenduaren 29ko 3/2004 Legean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituenean, aurreikusitako ordainketa-epeak ez betetzea.

c) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain egotea.

d) Krisian dagoen enpresatzat hartzea, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01 EBAO).

e) Zigortuta egotea Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriagatik, administrazio-bidean ebazpen irmo baten bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak gauzatu eta zehapena bete arte.

f) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

g) 651/2014 Erregelamenduko 1.2 artikuluaren arabera baztertutakoen kategorietako batean egotea, hau da, kategoria hauetakoren batean:

– I+G+b-ko laguntza-araubideak, baldin eta estatu kide bakoitzeko Estatuko laguntzen urteko batez besteko aurrekontua 150 milioi eurotik gorakoa bada, indarrean sartu eta sei hilabetetik aurrera.

– 651/2014 Erregelamenduko 1. artikuluko 2. ataleko a) letran jasotako araubideen aldaketak, Erregelamendu honen arabera laguntza-araubidearen bateragarritasunari eragin ezin diezaioketen aldaketez edo onetsitako ebaluazio-planaren edukiari nabarmen eragin ezin diezaioketen aldaketez bestelakoak;

– Esportazioarekin lotutako jardueretarako laguntzak, zehazki, zuzenean lotura dutenak esportatutako kantitateekin, establezimenduetarako laguntzekin eta banaketa-sare baten funtzionamenduarekin edo esportazio-jarduerari lotutako beste ohiko kostu batzuetarako laguntzak;

– Inportatuen ordez produktu nazionalak erabiltzearen baldintzapeko laguntzak.

– Konpromisoa hartzen duela enpresa-deslokalizazioan ez erortzeko, AJAPELen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera.

II.– Eskaera honetako datu guztiak egiazkoak eta osoak dira, baita aurkeztu dudan dokumentazio guztia ere, eta dagokion erantzukizuna hartzen dut (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

III.– Aurreko I. atalean egindako adierazpena betetzen duela egiaztatzen duen dokumentazioa duela, Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatzen dionean, eta konpromisoa hartzen duela aurreko betebehar horiek betetzeko aitorpen edo baliatze horri dagokion denbora guztian.

IV.– Ezin izango da eragindako eskubidea baliatu edo jardueran jarraitu deklarazio honekin batera edo hari erantsitako edozein datu, adierazpen edo dokumentutan funtsezko zehaztasun-gabeziarik, faltsukeriarik edo omisiorik badago, edo administrazio eskudunari adierazpena aurkezten ez bazaio, horren berri izaten den unetik bertatik aurrera. Hori guztia, egon daitezkeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboei kalterik egin gabe, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.

[ ] Ados nago goian adierazitako adierazpenen edukiarekin.


Azterketa dokumentala