
55. zk., 2026ko martxoaren 23a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (271 KB - 21 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1265
EBAZPENA, 2026ko otsailaren 26koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2026rako «Adimen Artifiziala» laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia argitaratzea agintzen duena.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera industrialeko eta enpresa arloko jarduera bultzatzera bideratutako jardunbideak bideratzeko eta lehiakortasuneko bektore gisa honako hauen arteko trantsizioak EAEko enpresetan txertatzen laguntzeko ardura du: teknologia-digitala, energia-ingurumena eta demografia-gizartea. Horretarako, enpresen jarduera ekintzailean inbertsioa, berrikuntza, nazioartekotzea eta jarduera sustatzea bultzatzen ditu.
Alde horretatik, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hainbat ekintza garatu ditu EAEko enpresa-esparruan eraldaketa digitala bultzatzeko. Ekintza horien artean, aipatzekoak dira EAEko eraldaketa digitala bultzatzera bideratutako laguntza-programa anitzak.
Ondorioz, laguntza-programa hau enpresetan AA proiektuak ezartzen laguntzeko lehentasunezko helburuarekin diseinatu da, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresentzat «AA erabiltzen hasteko ibilbidearen» arabera.
Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (DEAL) 7.2.a) artikuluan eskatzen du lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena hainbat printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, DEALen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hori guztia dela eta,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2026. urterako «Adimen Artifiziala» laguntza-programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horien edukia atxikita dago ebazpen honen eranskinean.
Bigarrena.– 2026. urterako «Adimen Artifiziala» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Bilbao, 2026ko otsailaren 26a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
JON ANSOLEAGA UGARTE.
ERANSKINA
2026KO ADIMEN ARTIFIZIALA LAGUNTZA-PROGRAMAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren mendeko erakunde publikoak, hainbat ekintza gauzatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta, besteak beste, enpresen garapena sustatzeko.
«Adimen Artifiziala» programa Industria Plana – Euskadi 2030en ardatz estrategikoekin eta planean ezarritako lehentasunekin bat datorren tresna da. Plan horrek Irabazi, Hazi eta Jauzi gisa sailkatutako industria sektoreak indartzen eta garatzen laguntzea du helburu. Ildo horretan, programak adimen artifizialaren erabilera erraztu nahi du, eta, aldi berean, erregulazioa lerrokatzea sustatzen du, hala nola AI Act (2024/1689 EB Erregelamendua, adimen artifizialaren arloko arau harmonizatuak ezartzen dituena) eta Data Act (2023/2854 EB Erregelamendua, datuak bidezkotasunez eskuratzeko eta erabiltzeko arau harmonizatuei buruzkoa), eta nazioartean aitortutako estandarrekin lerrokatzea sustatzen du.
Programak eragin zuzena du Industria Plana – Euskadi 2030en «Industria gehiago» eta «Industria hobea» ardatz estrategikoetan, eta Plan horretan jasotako hainbat lehentasun lortzeko elementu gaitzaile gisa jarduten du. Horien artean, nabarmentzekoak dira industria-enpresa txiki eta ertainen tamaina eta lehiakortasuna handitzea, adimen artifiziala gero eta interkonektatuago dagoen Europako ingurune digitalean erabiliz, industriarako talentu berria erakarriz eta garatuz, EAEko enpresen artean Adimen Artifiziala eta Zibersegurtasuna hartzea bultzatuz eta azpiegitura fisiko eta digital aurreratuak sustatuz, betiere, modu erabakigarrian lagunduz haren eraldaketa digitalean eta lehiakortasuna sendotuz.
Era berean, Industria Plana – Euskadi 2030ek bere helburuen operazionalizazioa planteatzen du, Planean bertan zehaztutako lehentasun estrategikoei laguntzera bideratutako proiektu eraldatzaileak abian jarriz. Proiektu horien ezaugarri nagusiak dira, besteak beste, intentsitate teknologiko handia eta Irabazi eta Hazi moduko sektore estrategikoak indartzen eta bultzatzen egiten duten ekarpena.
Testuinguru horretan, SPRIk erronka horiei erantzuteko hainbat ekintza garatzea proposatzen du, eta programa hau horietako bat da. «Adimen Artifiziala» programak EAEko enpresetan AA nabarmen handitzeko helburuari erantzuten dio. Gainera, aipatu beharrekoa da Programa hau Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko urtarrilaren 24ko erabakiaren bidez onetsitako eta erakundearen Gardentasun Atarian argitaratutako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela, 2025-2028 aldirako, eta Planaren helburu hau betetzea laguntzen du: «Enpresetan AA proiektuak ezartzen laguntzea, AA erabiltzeko ibilbidearen arabera.»
1. artikulua.– Xedea.
Programaren helburua Euskal Autonomia Erkidegoko enpresetan adimen artifizialean oinarritutako zerbitzu edo irtenbideak aplikatzeko proiektuei laguntza ematea da, enpresen lehiakortasuna hobetzeko. Era berean, datuen kudeaketa estrategikoaren esparruan, adimen artifizialean oinarritutako soluzioen ezarpena bizkortzea helburu duten proiektuak babestuko dira. Programa honen helburua da euskal enpresetan adimen artifiziala eraginkortasunez erabiltzen hastea sustatzea, antolamendu-alderdiak zein alderdi teknikoak lantzen dituen adopzio-ibilbide baten bidez.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Laguntza horiek behar bezala jasotako laguntzen ondoz ondoko esleipenaren arabera emango dira. Ondorioz, banaka eta modu ordenatuan ebatziko dira, oinarri hauetan zehaztutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unea kontuan hartuta.
2.– Programa hau aplikatzearen ondorioz emandako laguntzek 2023ko abenduaren 13an Batzordeak onartutako (EB) 2831/2023 Erregelamenduak jasotako garrantzi txikiagoko edo de minimis laguntza izaera dute. Aipatutako araudia de minimis laguntzekin lotuta Europar Batasuneko Funtzionamendu Tratatuak jasotzen dituen 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da («EBren 2831/2023 Erregelamendua»).
3.– Programa honen bidez ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira.
4.– Programa honen baitan emandako dirulaguntzak ez daude esportatutako kopuruei, banaketa-sare bat ezartzeari eta ustiatzeari, edo esportatzeko jarduerari lotutako beste gastu korronte batzuei zuzenean lotuta.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Dirulaguntza-programa honen helburura bideratutako baliabide ekonomikoak 11.000.000 eurokoak dira, eta SPRI aurrekontuetan horretarako ezarri diren aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. SPRIren aurrekontuak 2026rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Funtsak mugatuak direnez, programa honen bitartez lortu nahi da ahalik eta denbora tarte txikiena igarotzea laguntza eskatzen denetik ematen den arte, eta horrenbestez, espedientea osatua dagoenean eta era ordenatuan egingo da esleipena. Programaren guztizko zenbatekoa gainditzen duten laguntzei ezezkoa emango zaie, ebazpen baten bidez.
3.– Programarako funtsak agortzen badira, programari amaiera emango zaio, eta horren berri emango du SPRIren zuzendari nagusiak sozietatearen web-orrian (www.spri.eus) eta EHAAn argitaratuko den ebazpen baten bidez.
4.– Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezingo da beste dirulaguntzarik eman eta, hori dela eta, aurkeztu diren, baina ebazteke dauden eskaerak ezetsi egingo dira.
5.– Jasotako eskaeren arabera eta helburu bererako aurrekontua badago, aurrekontuaren gehieneko zenbatekoa 5.000.000 euro gehiagoz handitzeko aukera aurreikusten da (hau da, 16.000.000 eurora arte). Gehieneko zenbatekoa handitzeko ebazpena EHAAn argitaratu beharko da. Edonola ere, argitaratze horrek ezin ekarriko du eskabide berriak aurkezteko epea irekitzea edo ebazteko epe berri baten hasiera.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta izaera hori lortzeko eskakizunak.
1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte industria-enpresek (pertsona fisikoak edo juridikoak) edo industria-produktuarekin edo -prozesuarekin lotutako zerbitzu-enpresek, 5. artikuluan deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak gauzatzeko proiektuak aurkezten badituzte.
2831/2023 Erregelamenduaren 1.1 artikuluaren arabera, kanpoan geratzen dira arrantzako eta akuikulturako produktuen lehen mailako ekoizpenean eta nekazaritzako produktuen lehen mailako ekoizpenean aritzen diren enpresak.
Hori guztia, baldin eta:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat badute. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izan beharko du inpaktua eta bertan egin beharko da diruz laguntzekoa den jarduera.
b) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergan alta emanda badaude.
2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:
a) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari (ZTBES) edo antzeko izaera duten I+G sareei atxikita daudenek.
b) Sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeek, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
c) DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2023ko otsailaren 13an emandako aginduak ezarritako kasuetan. Hala, dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta dagoela aintzat hartuko da zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzultzeko dagokion ebazpenaren aurkaratzea bertan behera uztea adostu bada.
d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe daudenek.
e) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu dutenek, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
f) Europako Segurtasun Estrategian sartzen ez diren erabilera militarreko armak edo teknologiak ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen dituztenak.
3.– Dirulaguntzen onuradun izateko aurreko apartatuetan adierazitako baldintzak dirulaguntzaren eskaera aurkezten denetik ematen den dirulaguntzaren azken ordainketa egin arte bete beharko dira.
4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du eskakizun hauek betetzen direla:
– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat dutela, zeinetan proiektuak eragina izango duen.
– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergan alta emanda daudela.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.
Dena den, eskatzaileak aurka egin dezake. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiri positiboak eman beharko ditu.
b) Gainerako baldintzak erantsitako adierazpenaren bidez egiaztatuko dira, eta adierazpen hori eskaerak prozesatzeko aplikatiboan txertatzeko garaian Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikulua bete beharko da, baita DEALen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak ere. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatutako baldintzen egiazkotasuna ikuskapen bidez edo dokumentazioa eskatuz egiaztatu ahal izango da hala badagokio.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Diruz lagundu daitezkeen jardueratzat hartuko dira EAEko enpresetan adimen artifizial aplikatuko soluzioak eta datuaren estrategia hartzera zuzendutako proiektuak, indarrean dagoen arau esparruarekin bat etortzea sustatuz, hala nola AI Act eta Data Act, eta horiek nazioartean aitortutako esparru eta estandarren eta administrazioak bultzatutako zigilu edo marka propioen arabera lerrokatzea eta ziurtatzea sustatuz.
Horrela, proiektuak erakundeetan adimen artifiziala erabiltzen hastearekin lotutako faseren batean kokatu beharko dira. Diruz lagundu daitekeen jarduera bererako, ez da nahitaezkoa fase guztiak barne hartzea, ezta fase bererako deskribatutako jarduketa guztiak gauzatzea ere. «Ibilbidearen» barruan jasotako faseak eta horietako bakoitzari lotutako proiektuen tipologiak, aldi berean diruz laguntzeko modukoak izango direnak, jarraian zehazten dira:
I.– AA eta Datuaren estrategia.
Erakundean Adimen Artifizialaren estrategiarako ibilbide-orria diseinatzera eta negozioaren helburuekin bat datozen erabilera-kasuak identifikatzera bideratutako jarduerak. Era berean, AA modu etiko, seguru eta fidagarrian eskuratzea eta erabiltzea bermatuko duen datuaren estrategiaren definizioa babesten da.
a) AAren estrategiaren definizioa eta diseinua.
– Aholkularitza AAren Estrategian.
– AAren heldutasunaren diagnostikoa.
– AAren erabilera-kasuak identifikatzea.
– AAren eskalatze-estrategia.
– AAren estrategiaren definizioarekin eta diseinuarekin lotutako beste proiektu batzuk.
b) Datuaren Estrategiaren definizioa eta diseinua.
– Aholkularitza Datuaren Estrategian.
– Datuaren Heldutasunaren diagnostikoa.
– Datuaren estrategiaren definizioarekin eta diseinuarekin lotutako beste proiektu batzuk.
II.– AAren eta Datuaren Gobernua.
Adimen artifizialaren eta datuaren kudeaketaren arloko gobernantza-politikak definitzera eta ezartzera bideratutako jarduerak. Ekintzek bat etorri behar dute indarrean dagoen araudi esparruarekin, hala nola, AI Act eta Data Act, eta praktika etiko, arduratsu eta gardenak sustatu behar dituzte AAn oinarritutako teknologien garapenean eta erabileran.
a) AA kudeatzeko sistema ezartzea.
– Araudia betetzearekin bat etortzeko aholkularitza.
– AAren Politikak egitea.
– AAren soluzioetarako arriskuak ebaluatzeko sistemak.
– Egokitzapena eta ISO 42001 ziurtagiria edo baliokidea.
– UNE 0086 espezifikaziora egokitzea, AAren iraunkortasunari dagokionez.
– AAren kudeaketarekin lotutako beste proiektu batzuk.
b) Datuaren Gobernu Sistema ezartzea.
– Datuaren gobernu-sistema ezartzea (UNE 0085).
– Datuaren gobernu, kudeaketa eta kalitateari buruzko UNE espezifikazioetara (0077, 0078, 0079 eta 0080) edo baliokideetara egokitzea.
– Datuaren kudeaketarekin zerikusia duten beste proiektu batzuk.
III.– Azpiegitura eta datuak.
Batez ere jarduera teknikoak, azpiegitura teknologikoa eta datuen eskuragarritasuna prestatu eta egokitzera bideratuak, Adimen Artifizialean oinarritutako proiektuen inplementazio eraginkorra errazteko helburuarekin.
a) Atzitzeko, biltegiratzeko, kudeatzeko, prozesatzeko eta elkarreragingarritasunerako azpiegitura prestatzea eta egokitzea:
– Sentsorika, IoT soluzioak, datuak atzitzeko prozesuen digitalizazioa.
– Datu-baseak eta datuetarako sarbidea birtualizatzeko sistemak egokitzea.
– Datuak prozesatzeko inguruneak zabaltzea.
– Datuen elkarreragingarritasuna eta estandarizazioa.
– Azpiegitura eta datuak prestatu eta egokitzeko beste proiektu batzuk.
b) Ustiapena, datuen analisia eta partekatzea:
– Business Intelligenceren dashboardak garatzea.
– Visual Analytics.
– Datu-espazioak.
– Datuaren ustiatzearekin zerikusia duten beste proiektu batzuk.
IV.– AA soluzioak.
AArekin zerikusia duten zerbitzuak garatzeko edo ezartzeko jarduerak, batez ere enpresaren prozesuen iragarpena, optimizazioa, automatizazioa, kalitatea eta laguntza lortzera bideratuak:
a) AAn oinarritutako merkataritza-soluzioak ezartzea:
– RPAn (Robotic Process Automation) oinarritutako automatizazio-soluzioak.
– NLPn oinarritutako soluzioak (Natural Language Processing).
– Ikuspegi Artifizialean oinarritutako soluzioak.
– AA barne hartzen duten plangintza- eta kudeaketa-tresnak.
– AA soluzioak ezartzeko beste proiektu batzuk.
b) AA Aplikatuko soluzioen garapena:
– Machine Learning eta Deep Learning.
– AA Sortzailea.
– Konputazio kuantikoa, AA kuantikoa edo inspirazio kuantikokoa.
– Biki digitalak.
– Ikuspegi Artifizialean oinarritutako soluzioak.
– AAren soluzioak garatzeko beste proiektu batzuk.
V.– Gaikuntza eta lidergoa Aan.
Datura eta berrikuntzara bideratutako antolamendu-kultura sustatzera bideratutako jarduerak, sentsibilizazio-, prestakuntza- eta laguntza-ekintzen bidez EAEn jarduera garatzen duten pertsonentzat. Ekimen horien helburua da erakundea prestatzea adimen artifizialean oinarritutako soluzioak hartzeko, aldaketarekiko erresistentzia murriztuz eta pertsonen, prozesuen eta teknologiaren arteko lerrokatzea ziurtatuz.
a) AAn gaitzeko plana.
– AAn gaitzeko plan korporatiboa egitea (AI Act).
b) Gaikuntza eta lidergoa AAn.
– Langileen AAn gaitasun digitalak ebaluatzea.
– Langileak sentsibilizatzeko eta gaitzeko beste jarduera batzuk AAn.
– Proiektuak hasi eta gehienez 12 hilabeteko epean gauzatuko dira.
Orokorrean:
– Ez dira diruz lagunduko artikulu honetan deskribatzen diren eta erakunde onuradunaren beraren katalogoaren barruan dauden produktuak/zerbitzuak. Salbuespen gisa, muga hori ez da aplikatuko enpresa edo produktu batean araudia betetzeari edo ziurtapenari lotutako diruz laguntzeko moduko jardueretan.
– Ez da diruz laguntzeko modukotzat joko oinarrizko ofimatikako paketeak erostea, nahiz eta horiek AA tresnak izan.
– Inola ere ez da diruz lagunduko Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea; eta, ondorioz, Programa honen testuinguruan diruz lagundutako dirulaguntzek ezingo dute zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat martxan jarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste ohiko gastu batzuekin.
6. artikulua.– Gastu hautagarriak eta gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.
1.– Gastu edo inbertsio hautagarritzat hartuko dira 5. artikuluan deskribatutako aholkularitza, ingeniaritza, hardware eta software-lizentzien gastuak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:
a) 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera sortutakoak edo fakturatutakoak izatea eta proiektua gauzatzeko ezarritako epean. Epe hori ezin izango da 12 hilabetetik gorakoa izan, hasten denetik aurrera.
b) Kanpoko enpresa adituek eginak. Kanpoko enpresa aditutzat hartuko da dirulaguntzaren xede den proiektuaren esparruan jarduera ekonomikoa erregulartasunez gauzatzen duen erakunde pribatu oro, edozein forma juridiko dutela ere.
2.– SAAS (Software as a Service) formatuko kudeaketa-aplikazioak ezartzea aurreikusten duten proiektuei dagokienez, gastu hautagarritzat hartu ahal izango dira era horretako zerbitzuei egozteko moduko gastuak ere, gehienez 12 hilabetean, baldin eta artikulu honetan deskribatutako baldintzak betetzen badituzte eta 5. artikuluan deskribatutako proiektu moten barruan badaude.
3.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da gastu hautagarria izango.
4.– Honako hauek inola ere dira gastu eta inbertsio hautagarriak izango: eskatzaileak berak egindako lanak, kanpoko enpresa adituak egindako joan-etorrien gastuak, material didaktikoak egitea eta aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak. Gastu horiek fakturen kontzeptutik bereizita aurkeztu beharko dira.
– Deialdi honetatik kanpo geratzen dira bulegoko lanpostuak eskuratu, berritu edo mantentzeko gastuak, erabilera orokorreko sistema eragileak, xede orokorreko ekipo informatikoak eta ekipo eratorriak, bulegotika- edo produktibitate-lizentziak eta, oro har, bulegoko langileen lan arrunterako erabiltzen den edozein ekipamendu edo software barne.
5.– Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Sektore publikoren batekoak edo sektore publikoaren parte ez izatea, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalerako arauen arabera.
6.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
a) Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den jarduerarekin.
b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.
c) Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.
d) DEALen 30.1 artikuluan aurreikusten den moduan, diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezingo da inolaz ere merkatuaren balioa baino altuagoa izan. Alde horretatik, antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.
e) DEALen 31.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, onuradun batek azpikontratatu egiten duela ulertuko da hirugarren batekin adosten duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa. Hori horrela, azpikontratazioa edo hirugarrenen kontratazioa diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jardueren azpikontrataziorako edo hirugarren kontrataziorako aplikagarri izango dira aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak.
f) DEALen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrenen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada. Dirulaguntzaren justifikazioan edo eskaeran aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.
7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
Laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira.
Programa honen esparruan, enpresa onuradun bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 100.000 eurokoa izango da, laguntza/proiektu jarduketa bat edo gehiago egiteko.
Dirulaguntzaren 100.000 euroko gehieneko mugaren barruan, diruz lagun daitezkeen kontzeptu bakoitzeko gehieneko dirulaguntzak hauek izango dira:
– Aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak: gehienez, 100.000 euro.
– Hardwarea edo software-lizentziak: gehienez 80.000 euro.
Edonola ere, aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak, gutxienez, proiektutik diruz lagun daitekeen oinarriaren % 20 izango dira.
Dirulaguntza kalkulatzeko, kontuan hartuko dira definizio hauek:
– «Proiektuaren gehieneko aurrekontu onartua» honako kontzeptu hauen batura izango da:
– aholkularitzako edo ingeniaritzako gastuetan onartutako aurrekontua, gehi
– hardwarean edo software-lizentzietan onartutako aurrekontua.
– Aholkularitza- edo ingeniaritza-gastuak, gutxienez, diruz lagun daitekeen oinarriaren % 20 izango direla dioen irizpidea aplikatu ondoren onartutako gehieneko aurrekontua izango da «diruz lagun daitekeen oinarria».
Diruz lagundu daitekeen oinarriaren gastu hautagarri bakoitzari % 60ko laguntza-intentsitatea aplikatuko zaio.
8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
1.– Programa honetan aurrez ikusitako laguntzak ezingo dira gastu hautagarri beretarako SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak emandako beste laguntza batzuekin pilatu.
2.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk edo Europako Erkidegoko beste finantzabide batzuk eskura ditzakete, baldin eta gastu hautagarrietarako gehieneko laguntzaren intentsitatea errespetatzen badute.
3.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk edota bestelako sarrera mota batzuk, publiko nahiz pribatuak, gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko, edo pribatu batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.
4.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzek garrantzi gutxiagoko laguntzen edo de minimis izaera dute.
5.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen de minimis guztien kopurua ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan azken hiru urteetan.
6.– De minimis laguntzak ez zaizkio metatuko Estatuko inongo dirulaguntzari, diruz lagun daitezkeen gastu horiei dagokienez, ezta arriskuaren finantzaketa-neurri berdinarentzako estatuko beste edozein dirulaguntzari ere, baldin eta metatze horrek gaindituko balu laguntzaren intentsitatea edo dagokion dirulaguntzaren kopururik altuena. Gehieneko kopuru hori kasu bakoitzaren ezaugarri zehatzen arabera dago ezarrita, kategorien araberako salbuespen-araudi baten edo Batzordeak harturiko erabaki baten bitartez.
7.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.
8.– De minimis laguntzak emandakotzat hartuko dira enpresari laguntza jasotzeko eskubide legala ematen zaion unetik aurrera.
9. artikulua.– Laguntza-eskaera.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira SPRIren webguneaz baliaturik.
2.– Aurreikusitako dirulaguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek dirulaguntza-eskaera bete beharko dute SPRIren webgunean dagoen aplikazio informatikoaren bitartez. Ondoz ondoko pantailak ditu aplikazioak eta eskatzaileek eskatuko zaien informazioa ikusi ahal izango dute horietan, oinarri hauen arabera.
3.– Dirulaguntzaren eskaera hori izenpe elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalorde duen pertsona batek.
4.– Erakunde onuradunaren eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.
5.– SPRIk kontsultatu egingo du ea zerga-betebehar guztiak eta Gizarte Segurantzako betebeharrak betetzen diren, baita enpresa Jarduera Ekonomikoen Zergan alta emanda dagoen ere. Nolanahi ere, laguntza-eskaerak aukera ematen du eskatzaileak kontsulta ofizioz egitearen aurka egiteko, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
6.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri eta informazio hauek aurkeztu behar dira:
a) Oinarri arautzaile hauen eranskinean ageri den normalizatutako ereduaren edukiaren arabera egindako erantzukizunpeko adierazpena.
b) Alderdi hauei buruzko informazioa:
– Aurreko 3 urteetan jasotako de minimis laguntzen zerrenda; bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
c) 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeren eta enpresen kasuan, erantzukizunpeko adierazpena edo, hala badagokio, ROACen izena emandako auditorearen ziurtagiria edo adostutako prozeduren txostena, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.3 bis artikulua, ordaintzeko legezko epeei buruzkoa, betetzeko.
d) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu, pertsona juridikoaren ordezkariaren ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiriak indarrean egon behar du, eta agintaritza ziurtatzaile batek emandakoa izango da.
e) Identifikazio Fiskaleko Txartela, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu. Ziurtagiriak indarrean egon behar du, agintaritza ziurtatzaile batek emandakoa izango da, eta aukera eman beharko du IFZ zenbakiari eta eskatzailearen izen sozialari buruzko datua egiaztatu ahal izateko. Langile autonomoen kasuan, nahikoa izango da laguntza-eskaera aitortutako agintaritza ziurtatzaile batek igorritako pertsona fisikoaren ziurtagiri bidez sinatzea. Ziurtagiriak indarrean egon beharko du, eta eskatzailearen izen-abizenak eta NAN-zenbakiari buruzko datua egiaztatzea ahalbidetu beharko du.
f) Proiektuaren eskaintza tekniko eta ekonomikoa (gehienez 25 orrialde), puntu hauei buruzko informazio zehatza eduki behar duena:
– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionez).
– Detektatutako arazoa / premia. Proiektuaren helburuak.
– Egin beharreko ingeniaritza edota aholkularitza lanen, eta produktuaren/zerbitzuaren nahiz proiektuan sortuko diren dokumentuen azalpena.
– Dirulaguntza jasoko duen proiektuaren bidez egingo diren hardware eta software inbertsioen azalpena. Argitu proiektuarekin duen lotura eta zergatik den beharrezkoa.
– Ezarriko den konponbidearen azterketa zehatza. Proiektuan erabiliko diren teknologiak.
– Aurrekontu banakatua, bere baitan hartuz aholkularitza edo ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak, eta hardwarea (hala badagokio).
– Egin behar den zeregin bakoitzarentzat balioetsitako ordu kopurua (dedikazioak).
– Proiektua gauzatzeko egutegia.
g) Hainbat hornitzaileren eskaintzak, DEALen 30.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.
7.– Jakinarazpenen abisuak bidaltzeko garaian, posta elektronikoko helbide gisa programaren eskatzaile/onuradun gisa jasota dagoena bakarrik onartuko da.
8.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.
10. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2026ko azaroaren 2an amaituko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa 2026ko azaroaren 2ko 15:00etan (Espainiako penintsulako ordua) amaituko da.
11. artikulua.– Esleipenaren prozedura.
1.– Organo kudeatzaileak kudeatuko ditu laguntza-eskaerak, espedientea osorik dagoen unetik aurrera.
2.– Ebazpena SPRIko Zuzendaritza Nagusiaren titularrak egingo du, ondoz ondoko esleipenaren erregimenean, eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio gehienez 10 egun balioduneko epean, igortzen denetik aurrera. Baiespen- edo ezespen-ebazpen hori SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio; halaber, haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRIren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta moduan.
3.– Ebazteko epea. Ebazteko gehieneko epea 6 hilabetekoa izango da agiri guztiak aurkezten diren egunetik aurrera. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
4.– Ebazpenen berri ematean jakinaraziko da zenbateko dirulaguntza emango den, zein baldintzatan ematen den, EBren 2831/2023 Erregelamenduaren arabera izatea eta jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere adieraziko da.
5.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.
12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 90 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua burutu izana justifikatu beharko dute, SPRIren webguneko likidazio-eskaeraren inprimakiak betez.
2.– Likidazio-eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek.
3.– Erakunde eskatzailearen eta bere legezko ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskaeran.
4.– Likidazio-eskaerarekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, aholkularitza eta garbiketa-edo ingeniaritza, hardware- eta software-lizentzien kostuen banakapenarekin.
b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagiriak.
c) Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretan bideratutako funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira.
d) Kanpoko enpresa adituak proiektua gauzatu ondoren egindako lanak egiaztatzen dituen memoria teknikoa (gehienez 25 orrialdekoa), informazio hau jasotzen duena:
– Konpondutako arazoa/premia. Lortutako helburuak. Aurkeztutako proiektuaren desbideratzeak, baleude, eta haiek justifikatzea.
– Eginiko ingeniaritza- edota aholkularitza-lanak eta proiektuan sortutako dokumentuak.
– Aholkularitza-zerbitzuaren barruan egindako lanen deskargu zehatza, bertan adieraziz eskaini zaion ordu kopurua (aholkulariaren/teknikariaren izena, data, zeregina, eskainitako denbora).
– Dirulaguntzaren xede den proiektuarekin lotutako hardware eta software arloko inbertsioen azalpena eta frogak (pantaila atzemateak, argazkiak...). Proiektuarekin duen lotura eta beharra agerian uztea.
– Fakturatutako zenbatekoak banakatuta, orobat adieraziz aholkularitza edo ingeniaritza kostuak, sistemaren lizentziak eta mantentze-lanak eta hardwarea (hala badagokio).
e) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN).
SPRIk ofizioz egiaztatuko du likidazio-eskatzaileak baldintza hauek betetzen dituela:
– Jarduera-zentroa Euskal Autonomia Erkidegoan duela.
– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergan alta emanda dagoela.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela.
Dena den, eskatzaileak aurka egin dezake. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
5.– Ebazpena Zuzendaritza Nagusiko titularrak emango du, eta, haren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio SPRIren zuzendari nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epean eta moduan.
13. artikulua.– Laguntza- edo likidazio-eskaerak zuzentzea.
1.– Laguntza- edota likidazio-eskaerak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa aurkezten, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen legezko ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.
2.– Epe horretan erakunde onuradunak akatsa zuzendu ez badu, laguntza-eskaeren kasuan, eskaera ukatuko da, helburu horretarako agindutako ebazpen baten bidez.
14. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntzak SPRIk ordainduko ditu, onuradunari ordainketa bakarra eginda, likidazio-eskaera eta 12. artikuluan eskatzen den justifikaziorako dokumentazioa modu egokian aurkeztu ondoren.
2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari, 7. artikuluan ezarritako irizpideen arabera.
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Oinarri hauen babesean ematen diren dirulaguntzen onuradunek DEALen 14. eta 42. artikuluetan ezarritako betebeharrak izango dituzte, eta, bereziki eta mugarik jartzeko asmorik gabe, honako hauek:
a) Jarduera egitea edo dirulaguntza-esleipenaren oinarrian dagoen egoeran egotea.
b) Dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezko eskakizunak eta baldintzak betetzen direla eta jarduera egiten dela egiaztatzea SPRIren aurrean.
c) Emandako laguntza onartzea. Ildo horretan, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta ondorengo hamar egun balioduneko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.
d) Emandako laguntza jarduera-plana garatzera bideratzea.
e) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.
f) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.
g) Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduketak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez.
h) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso dutela hemen araututako dirulaguntzen xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
i) Dirulaguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatu dela jakinaraztea SPRIri.
Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
j) Esleipenaren ebazpena eman aurretik eta ordaintzerako unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak zein dirulaguntzen itzulketei lotutako betebeharrak egunean dituela ziurtatzea, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2023ko otsailaren 13an onartutako Aginduan ezarritako moduan.
k) Erakundearen izaera juridikoak hala eskatuz gero, hauek izatea: liburu kontulariak, diligentzia-erregistroak, eta onuradunari kasu bakoitzean aplikatu ahal zaizkion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak eskatutako baldintzetan ikustatutako gainerako dokumentuak, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten egoera kontulariak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egin daitezkeela bermatzeko.
l) Jasotako funtsak erabili izanaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.
m) Hedapen-neurri hauek ezartzea dirulaguntza jasoko duen programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren izaera publikoari publizitate egokia eman ahal izateko, DEALen arabera:
– Jendaurrean zabaltzeko prestatzen diren dokumentuetan, karteletan, propagandan eta argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta esaldi hau jaso beharko dira: «SPRIk diruz lagundua», esteka honetan eskuragarri dagoen formatuaren arabera: https://www.spri.eus/es/logo/
– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzen argitalpenean, iragarkietan eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.
n) Garatutako jardueraren edo jarduketaren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DEALen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.
ñ) Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexu- eta genero-ikuspegia kontuan hartzea, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan.
o) Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta, batez ere, euskara erabiltzea diruz lagundutako jarduketarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
p) DEALen 30.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, baldin eta dirulaguntza jasotzen duena enpresa bat bada, operazio komertzialetan egindako diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikagarria den sektoreko araudian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, hala badagokio, merkataritzako-operazioetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
q) Baldin eta onuraduna DEALen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeraren batean badago, deslokalizaziorik ez egitea, DEALen 9.4.h) artikuluan gehiegizko finantzaketarik ez egotea barne hartzen duena.
16. artikulua.– Dirulaguntzak aldatzea eta epeak luzatzea.
1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo bere baldintzak aldatzea erabakitzea, gertatutako egoerari buruzko balorazioa egin ostean, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:
a) Alde baten instantziari erantzunez gero, pertsona onuradunak jakin bezain laster komunikatzea eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DEALen 14.e) artikuluan jasotako betebeharra betez.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Egindako edo egingo den jarduera edo jokabidea oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.
e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran gertatu izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handiak.
f) Hirugarrenen eskubideak ez urratzea.
2.– Onuradunak emandako dirulaguntza osoa edo partziala jaso badu, eta aldaketarekin zenbatekoa txikitzen bada, DEALen 40. artikuluan aurreikusitakoa jarraituko da.
3.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 12 hilabetez atzeratu ahal izango da proiektuak gauzatzeko epea (12 hilabetekoa da epe hori).
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete oinarri hauetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du, eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dirulaguntzen arloko legezko berandutze-interes aplikagarriak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan. Era berean, aholkularitza enpresak hutsegiteren bat egin badu, programa honi atxikitako beste proiektu batzuetan parte hartzea debeka dakioke.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurrez ikusitako eraginetarako ez-betetzea izango da honako hau:
a) Laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako ekintzak aldatzea SPRIren baimenik gabe. Halaber, ez betetzea izango da SPRIri ez jakinaraztea proiektuaren exekuzioan gertatutako aldaketak, baldin eta aldatu egiten badituzte laguntza emateko aztertu ziren baldintzak. Posible da aldaketak baimentzea, betiere erakunde onuradunak baimena eskatu badio SPRIri, eta justifikatu baditu aldaketa horiek, ahal dela, proiektuan aplikatu baino lehen, eta, betiere, programa honek lagundutako jardueren eta lortu nahi dituen helburuen izaera aldatzen ez badute.
b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
d) Laguntza eskuratzea programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
f) Proiektua beste zerbaitetara desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) DEALen aurrez ikusitako kausak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak (DEALen 51. artikuluaren arabera, enpresa-deslokalizazioaren aitorpena barne) edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatu egingo da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta SPRIri dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio. Itzulketa horiek Zuzenbide Publikoaren diru-sarrerak izango dira, DEALen eta 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoaren arabera, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. SPRIren Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta betiere, onuradunaren jarduketak konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, dirulaguntza partzialki ordainduko da edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulatzerakoan kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen kopuru partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.
6.– Halaber, gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 8. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzeko 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
2.– Dirulaguntzei buruzko 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta, aplikagarria denean, 2003ko abenduaren 17ko 38/2003 Legearen Erregelamendua onartzen duen 2006ko uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.
4.– Europako Batzordearen EB 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Itunaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan (DBLO-EDB), Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean (DBEO) eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eus. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da:www.avpd.eus
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://agenda.spri.eus/lege-oharra/pribatutasun/
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRIk oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira, eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Onuradunek programa honen bitartez esleitutako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, 15. artikuluan zehaztutako baldintzetan.
ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA
[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duena, eta:
HAU ADIERAZTEN DU HAREN ERANTZUKIZUNPEAN
I.– Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, hauek:
(i) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentro bat duela. Hain zuzen ere, aurkeztutako proiektuak zentro horretan izango du inpaktua eta bertan egingo da diruz laguntzekoa den jarduera.
(ii) Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda dagoela.
(iii) Aurreko 3 urteetan de minimis laguntza gisa 300.000 euro baino gehiago ez dituela jaso. Hori dela eta, eskaera honetako dagokion apartatuan, alderdi hauei buruzko informazio-zerrenda aurkeztu beharko da:
a) Aurreko 3 urteetan jasotako de minimis laguntzak, bertan adierazi beharko da laguntza hori noiz eman zen, zer erakundek eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
(iv) Eskaera honetako dagokion apartatuan gehitu duela enpresaren tamaina zehazteko informazioa.
(v). Enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen duela, DEALen 49. artikuluan adierazitako baldintzetan.
(vi).– Gainfinantzaketarik ez egiteko konpromisoa hartzen duela, DEALen 9.4h) artikuluan adierazitako baldintzetan.
(vii) Ez dagoela atxikita Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareari (ZTBES) edo antzeko izaera duten I+G sareei.
(viii) Ez izatea sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeak, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
(ix) Ez dagoela DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean; hau da:
a) Epai irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearen zigorra jaso izana; edo prebarikazioarekin, funtzionario-eroskeriarekin, ondasun publikoak bidegabe erabiltzearekin, influentzia-trafikoarekin, iruzurrekin eta legearen aurkako ordainarazpenekin lotutako delituengatik edo delitu urbanistikoengatik zigorra jaso izana.
b) Borondatezko konkurtso-aitorpena eskatu izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat aitortu izana, konkurtsoan aitortuta egotea (hitzarmen bat eragingarri bihurtu denean izan ezik), esku-hartze judizial baten mende egotea edo 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legeak xedatutakoaren arabera ezgaituta egotea, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitze-aldia amaitu gabe egonda.
c) Kausaren batean errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin izana.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona fisiko batzuen legezko ordezkariak direnak honako lege hauek jasotako kasuren batean sartuta egotea bateraezintasuneko erregimenari dagokionez: Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargudun Publikoen Interes Gatazkak eta Jokabide Kodea Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, edo Hauteskunde Erregimen Orokorreko 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan xedatutako hautetsia izatea, gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan edo lege horretan ezarritako baldintzen arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez izatea, araudiak zehazten duen moduan.
f) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean ez izatea, araudiak zehazten dituen baldintzetan.
h) Epai irmo baten bidez, zigor gisa, dirulaguntzak jasotzeko aukera galdu izana, lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehatzago esanda, dirulaguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile izaera ezin izango dute eduki sexu-arrazoiarekin lotutako jarduera baztertzailea egin badute edo sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso badute, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako enpresa hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: Estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena do sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.
i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, pribatua edo publikoa, Ekonomia zirkularrerako kutsatutako lurzoruei eta hondakinei buruzko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri edo oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatua egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak abian jarri eta isuna ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonen mesedetan lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota ez bete izana, hori bete ahal izateko neurri alternatiboak abian jarri direla frogatu gabe.
(x) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten mende ez egotea.
(xi) Ez duela LGTBIfobiarik egin, bultzatu edo sustatzen, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
(xii) Europako Segurtasun Estrategian sartzen ez den erabilera militarreko armamentua edo teknologia ekoizten, merkaturatzen eta finantzatzen ez duela.
II.– Eskaera honetako datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazio guztian jasotakoak egiazkoak eta osoak dira. Horrekin lotuta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikuluak xedatutakoaren arabera, dagokion erantzukizuna hartuko du bere gain.
III.– Aurreko I. apartatuan egindako adierazpena betetzen dela ziurtatzen duen dokumentazioa duela eta Administrazioaren esku jarriko duela hark eskatutakoan, eta aurrez aipatutako betebeharrak betetzen jarraitzeko konpromisoa hartzen duela, haren eskubidearen aitortzari edo egikaritzeari dagokion denbora-tartean zehar.
IV.– Badakiela adierazpen honi laguntzen dion edo adierazpenaren barruan agertzen den datu, adierazpen edo dokumenturen bat guztiz zuena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo hura Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez badu, ezingo duela eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.
[ ] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.
RSS