Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

55. zk., 2026ko martxoaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN SAILA
1263

EBAZPENA, 2026ko martxoaren 5ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita «Bilboko Hiri Trenbidearen Kabiezeseko kotxetegien oinarrizko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda.

2026ko otsailaren 13ko Ebazpenaren bidez, «Bilboko Hiri Trenbidearen Kabiezeseko kotxetegien oinarrizko proiektua» onetsi zen. Ebazpena 2026ko otsailaren 27an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (40. zk.).

Proiektuaren helburu nagusia da Kabiezeseko etorkizuneko kotxetegien eta haien trenbide plataformaren oinarrizko proiektua garatzea, Ballonti ibarbidearen eta A8aren arteko eremuan. Oinarrizko proiektu horrek eraikuntza proiektuaren aurreko fasea osatzen du, eta azpiegitura berriaren ezaugarri geometrikoak zehazten ditu, baita ukitutako ondasun eta eskubideen definizio zehatza ere, Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Lursailak lortzeko eta ukitutako ondasun eta eskubideak kudeatzeko, proiektuak ondasun eta eskubide horien identifikazioa biltzen du. Horretarako, desjabetzeen eranskinean ageri dira lurzatien zerrenda eta planoak.

Organo honek eskumena du garraio-azpiegituren arloko jarduketak gauzatzeko beharrezkoak diren desjabetze-espedienteak izapidetzeko, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 382/2024 Dekretuaren 11.2.c) artikuluak xedatzen duenaren arabera.

Trenbide Sektorearen irailaren 29ko 38/2015 Legearen 6.2 artikuluak xedatutakoaren arabera – lege hori abenduaren 19ko 26/2022 Legeak aldatu zuen–, beste lursail batzuk erabili beharra dakarten trenbide-lineen proiektuak, horien tarteak edo tren-azpiegituraren beste elementu batzuk eraikitzeko proiektuak edo lehendik zeuden azpiegiturak aldatzeko proiektuak onartzen direnean, onespenak berekin ekarriko du onura publikoaren edo gizarte-interesaren deklarazioa, lursail horiek okupatu beharra izatea eta okupazio hori premiazkotzat deklaratzea, ukitutako eta identifikatutako ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako.

Nolanahi ere, proiektua onartzeak inplizituki berekin dakarren arren proiektuak ukitutako ondasunak eta eskubideak okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 17.2, 18. eta 19.2 artikuluek ondasun eta eskubide horien xehetasunak jasoko dituen zerrenda egin eta jendaurrean jarri behar dela ezartzen dute, nahi duenak alegazioak eta datuak aurkeztu ahal izan ditzan, okerrak zuzentzeko eta interesdunak zein diren ondo zehazteko.

Hortaz, aipatutako xedapenak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak azterturik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aurrekarietan aipatzen diren «Bilboko Hiri Trenbidearen Kabiezeseko kotxetegien oinarrizko proiektua»ren obrak gauzatzeko nahitaezko desjabetzearen espedientea hastea. Ukitutako ondasun eta eskubideak ebazpen honen eranskinean daude zehaztuta.

Bigarrena.– Jendaurrean jartzea «Bilboko Hiri Trenbidearen Kabiezeseko kotxetegien oinarrizko proiektuak» ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, ebazpen hau azken aldiz argitaratu eta hurrengo egunetik hamabost (15) egun balioduneko epean alegazioak aurkeztu ahal izan daitezen, okerrik baldin badago zuzentzeko, hala ezartzen baitute Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 19.2 artikuluak eta harekin bat datozenek. Alegazioak Mugikortasun Jasangarriaren Saileko Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan aurkeztu beharko dira, idatziz (Donostia kalea 1, Lakua 1, 01010 – Vitoria-Gasteiz).

Aipatutako epean, ondasun eta eskubideen zerrenda Ortuellako udaletxeko iragarki-oholean ere jarriko da jendaurrean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 5a.

Garraio Azpiegituren zuzendaria,

MARÍA DOLORES DE JUAN DE MIGUEL.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala