Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

55. zk., 2026ko martxoaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1260

AGINDUA, 2026ko martxoaren 13koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita gaur egun Fundación Vizcaina Conde de Aresti izeneko fundazioaren estatutuen aldaketa.

2025eko irailaren 24an eskabide bat sartu da Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko lehen Fundación Vizcaina de Caridad-Residencia Conde de Aresti izena zuen fundazioaren estatutuen aldaketa; horien artean izenaren aldaketa ere.

Eskabidearekin batera espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu da.

2025eko maiatzaren 12an, fundazioaren patronatuak erabaki zuen fundazioaren izena aldatzea, bai eta Bilboko Gotzaindegiaren patroi ordezkariaren izena eguneratzea ere, estatutuen lehenengo eta bosgarren artikuluak eta aldatutako izenak agertzen diren guztiak aldatuz. Erabakia jendaurrean jarri zen Bilbon, 2025eko irailaren 24an, Juan Benguria Cortabitarte notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 2.503).

Izendapenaren aldaketaren oinarria da lehengo izena «luzeegia zela, eta, aldi berean, eguneratu egiten zela Karitate hitza kenduta». Gotzaindegiko ordezkariaren izena aldatu da «terminologia zaharkitua» erabiltzen zelako, Torre-Urizar Sektoreko Pastoraltza Ordezkariari buruz hitz egiteko, Bilboko Artzipresari buruz ari zelako.

Fundazioen Erregistroak antzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zion fundazioari, eta 2026ko otsailaren 12an sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailean eskatutako zuzenketa.

Zuzendu ondoren, estatutuen lehen artikuluan jasotako lege-erreferentzia eguneratu da, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiaren izena ere estatutuen bosgarren artikuluan. Horretarako, legezko izena erabili da. Zuzenketa 2026ko otsailaren 12ko zuzenketa-eginbidearen bidez egin zen, Juan Benguria Cortabitarte notarioaren aurrean 2025eko irailaren 24an formalizatutako 2.503 protokolo-zenbakiko eskriturarena.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio estatutuak aldatzeko espediente hau Agindu bidez ebaztea, hauekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua.

Espedienteari funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 37. eta 51.2 artikuluetan; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako baldintzak.

Fundazioaren estatutuen testu bategina, 2025eko irailaren 24an, Juan Benguria Cortabitarte notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan (protokolo-zenbakia: 2.503) aurreikusitako baldintzetan, zeina 2026ko otsailaren 12an zuzendu baitzen zuzenketa-eginbide baten bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak kontuan hartu beharreko azken bertsio balioduna izango da inskribatzeko ondorioetarako.

Horrenbestez, estatutuen aldaketa bat dator aplikagarriak diren lege eta erregelamenduetan ezarritakoarekin.

Hori guztia kontuan hartuta,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea orain Fundación Vizcaina Conde de Aresti izena duen fundazioaren estatutuen aldaketa, Agindu honen datarekin eta 2025eko irailaren 24an, Juan Benguria Cortabitarte notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan (protokolo-zenbakia: 2.503) aurreikusitako baldintzetan, zeina 2026ko otsailaren 12an zuzendu baitzen zuzenketa-eginbide baten bidez.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, ondorioz, honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 13a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala