
55. zk., 2026ko martxoaren 23a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (126 KB - 2 orri.)
- EPUB (109 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
KULTURA ETA HIZKUNTZA POLITIKA SAILA
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1258
33/2026 DEKRETUA, martxoaren 10ekoa, zeinaren bidez aitortzen baita «Asociación Itsas-Gela Aula del Mar» izeneko elkartea onura publikokoa dela.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak ezartzen du onura publikokotzat aitortu ahal izango direla Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak, baldin eta, beren jardueren bidez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen betetzen badituzte eta, gainera, artikulu horretan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.
Aitorpen hori Gobernu Kontseiluaren dekretu baten bidez egiten da, Onura Publikoko Elkarteei eta horien Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren II. kapituluan arautzen den espedientea izapidetu ondoren; aitorpena diskrezionala da, elkarte eskatzaileak garatutako helburuek eta jarduerek merezi duten balorazioaren arabera.
Ildo horretatik, 2024ko urriaren 29an, «Asociación Itsas-Gela Aula del Mar» izeneko elkarteak aitorpen hori eskatu zuen, Onura Publikoko Elkarteen Babesletzari zuzendutako idazki baten bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/09550/2001 zenbakiarekin inskribatuta dago elkarte hori, 2001eko abenduaren 17ko Ebazpenaren bidez.
Elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoan betetzen ditu dagozkion funtzioak, eta, eratu zenetik, ezarrita dituen helburu nagusiak lortzera zuzentzen ditu jarduerak; bereziki, itsasoari eta haren inguruneari buruzko gaiak jendarteratzen ditu, arreta berezia jarriz eskola-adinean dauden gazteengan, eta itsas ekosistemaren hauskortasunaz eta hura errespetatzeak duen garrantziaz kontzientziatzen du. Era berean, itsasoa guztiona dela eta baliabide-iturri baliotsua dela ikusarazten du.
Onura publikoa aitortzeko eskaerarekin bat egin dute Pasaiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Bestalde, 2025eko irailaren 8an, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzak elkartea onura publikokoa dela aitortzearen aldeko txostena egin zuen. Orobat, 2025eko uztailaren 24an, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Saileko Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak aitorpenaren aldeko txostena egin zuen. Zuzendaritza horiei txostenak egiteko eskatu zitzaien, gaiari buruzko eskumena dutelako.
Azkenik, 2025eko azaroaren 26an, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak aldeko balorazio-txosten teknikoa eman zuen. Txosten horretan, bete beharreko lege- eta erregelamendu-eskakizun guztiak betetzen direla justifikatzen da, dagozkion sailek proposatuta onura publikoa aitortu aurretik.
Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren, Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren eta Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 10ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– «Asociación Itsas-Gela Aula del Mar» izeneko elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/G/09550/2001 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea eta aitorpen horri dagozkion eskubideak aitortzea. Era berean, dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 10ean.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako lehenengo lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
IBONE BENGOETXEA OTAOLEA.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
RSS