Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

52. zk., 2026ko martxoaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
1193

EBAZPENA, 2026ko otsailaren 11koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan prebentzio-delegatuak gaitzeko oinarrizko mailako prestakuntza ematen duten entitateei zuzendutako dirulaguntzen oinarri arautzaileak onesten dira, eta dirulaguntzen deialdia egiten da, 2026ko ekitaldirako.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea sortzen duen abenduaren 21eko 7/1993 Legearen arabera (lege hori ekainaren 27ko 10/1997 Legeak aldatu zuen), Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea (aurrerantzean, Osalan) administrazio-erakunde autonomoa da; izaera juridiko propioa eta aritzeko ahalmen osoa ditu, eta Justizia, Enplegu eta Gizarte Segurantza Sailera atxikita dago, zeina, gaur egun, Ekonomia, Lan eta Enplegu Saila baita. Erakundea sortzen duen Legearen 4.1.h) artikuluaren arabera, haren eginkizunen artean dago laneko segurtasun, higiene eta osasunari buruzko planak eta prestakuntza-ikastaroak programatu, antolatu eta bideratzea.

Osalanek, bat etorrita EAEn Laneko Osasuna eta Arriskuak Prebenitzeko Lanbidearteko Akordioaren III. sekzioan eskatzen denarekin (akordio hori 1997ko abenduaren 11n sinatu zen, eta 1998ko urtarrilaren 27ko EHAAn argitaratu, 17. zenbakian), 2026ko ekitaldirako deia egiten die (eranskinean zehazten diren baldintzetan) prebentzio-delegatuak gaitzeko oinarrizko mailako ikastaroak emango dituzten entitate publiko zein pribatuei, ebazpen honetan hizpide den dirulaguntza jasotzeko eskubidea eska dezaten.

Laneko arriskuen prebentzioaren arloan egiteko espezifikoak dituzten prebentzio-delegatuen (langileen ordezkariak dira) oinarrizko prestakuntza bultzatzeko xedez egiten da deialdi hau. Horrela, araudiaren inguruko ezagutzak eta ezagutza teknikoak eskuratuta, betiere prebentzio-ekintza hobetze aldera, enpresen zuzendaritzarekin lankidetzan jardun ahal izango dute, eta langileen lankidetza sustatu, laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia aplikatzeko orduan. Bereziki, laneko arriskuen prebentzioaren gaineko araudia betetzen dela zaindu eta kontrolatuko dute (besteak beste), eta enpresak aldez aurretik kontsulta egin ahal izango die, Laneko Arriskuak Prebenitzeko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen 33. artikuluaren arabera.

Aurrez aurreko prestakuntzak lehentasuna izaten jarraituko du prebentzio-delegatuentzat, prestakuntza-jardueretan elkartu daitezen, kolektibo heterogeneoa baita. Hala ere, aurrerantzean aukerakoa –ez nahitaezkoa– izango da prestakuntza online ematea hala prebentzio-delegatuentzat, nola ebazpen honen xede diren entitate publiko eta pribatuentzat.

Deialdi honek «Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen Dirulaguntzen 2025-2028ko Plan Estrategikoaren» 9. helburu estrategikoaren dirulaguntzei buruzko 10. ildoan dauka oinarria (Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuaren 2025eko otsailaren 4ko Aginduak onesten du plana, eta Osalanen web-orrian argitaratuta dago), eta Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legean ezarritakoari jarraitzen dio, bat eginez 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorraren oinarrizko xedapenekin (Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onesten duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatzen du lege hori) eta laguntzei eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin. Halaber, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, ebazpen honetan ezarritako irizpideen arabera. 20/2023 Legearen 7.2.a) artikuluan ezartzen denez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzak kudeatu eta esleitzean, besteak beste, publikotasun-printzipioa bete behar da. Era berean, 8.3 artikuluak ezartzen du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla dirulaguntza mota bakoitzaren edo dirulaguntza-programa bakoitzaren oinarri arautzaileak.

Hori dela-eta, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa edo lantokietako prebentzio-delegatuei oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntzen oinarri arautzaileak onestea eta dirulaguntzen deialdia egitea, 2026ko ekitaldirako.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasu horietan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko da epea zenbatzen. Horrela ezartzen dute hala urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearenak), 123. eta 124. artikuluetan, nola uztailaren 13ko 29/1998 Legeak (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duenak), 8.3 eta 46. artikuluetan.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Barakaldo, 2026ko otsailaren 11.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,

MARÍA LOURDES ISCAR REINA.

ERANSKINA

Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa edo lantokietako prebentzio-delegatuei oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntzen 2026ko deialdiaren oinarri arautzaileak.

1. oinarria Xedea.

Oinarri hauen xedea da 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean EAEko lantoki edo enpresetako prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko prestakuntza ematen duten entitate publiko nahiz pribatuentzako dirulaguntzak erregulatzea, 2026ko aurrekontu-ekitaldirako.

2. oinarria.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Baliabide ekonomikoak Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen aurrekontuetan xede horretarako propio ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira. Guztira, hirurehun mila (300.000) euro izango dira; horietatik 100.000 euro araudi-arloko zatiaren prestakuntza finantzatzera bideratuko dira, eta 200.000 euro, zati teknikoaren prestakuntza finantzatzera.

2.– Zati teknikoaren prestakuntzara bideratutako zenbatekoa araudi-arloko zatia diruz laguntzeko baliatu ahal izango da, eta alderantziz, baldin eta zenbateko horietako bat agortzen bada eta gehikuntzaren ondoriozko saldoarekin nahikoa kreditu badago beste lerroko soberako saldoa jasoko duen lerroaren eskaerari erantzuteko.

3.– Alde horretatik, segidako emakida-prozedura bat denez, behin egiaztatzen denean eskabideek eskatzen diren betekizunak betetzen dituztela, horiek ordenan ebatziko dira (espedientea noiz osatu den kontuan hartuta), aurrekontu-zuzkidura agortu arte; une horretan, deialdia itxiko da. Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 19.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera, inguruabar horren berri emango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian iragarkia jarrita, dirulaguntza berrien emakida eten edo ezesteko.

3. oinarria.– Entitate onuradunak.

1.– Deialdi hau jarraian aipatutako entitateei zuzenduta dago, baldin eta egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute, prebentzio-delegatuei oinarrizko prestakuntza emateko betekizunak betetzen badituzte eta ikastaro horiek ematen badituzte:

a) Prestakuntza-zentroak, publikoak zein pribatuak.

b) Sindikatuak.

c) Prebentzio-zerbitzu egiaztatuak, zerbitzuak itunduak dituzten enpresetako prebentzio-ordezkariei dagokienez.

2.– Entitate eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte onuradun izateko:

a) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 13. artikulua betetzea, zeina pertsona onuradun edo entitate laguntzaile izatea galarazten duten debekuei buruzkoa baita. Hori dela-eta, oinarri arautzaileetan eta deialdian aurreikusitako egoeretan egon behar dute; bestetik, ezin dira egon laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea eragozten dien administrazio- edo zigor-zehapen baten pean, eta ezin dute izan halako dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik.

b) Laneko Arriskuak Prebenitzeko azaroaren 8ko 31/1995 Legean jasotako betebeharrak egunean edukitzea; hain zuzen ere, arlo hauetakoak: prebentzioaren antolaketa-eredua, arriskuen ebaluazioa, prebentzio-jardueraren plangintza, eta, hala badagokio, prebentzio-sistemaren auditoretza.

c) Inongo administrazio publiko edo entitate pribaturen laguntzarik edo dirulaguntzarik ez jasotzea xede eta helburu bererako.

d) Prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztatuta egotea, bat etorrita ebazpen honen I. eranskinean (Prebentzio-delegatuei diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena) ezarritakoarekin.

a), b) eta c) apartatuetan ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzeko, erantzukizunpeko adierazpena sinatuko da dirulaguntzaren eskaera izapidetzean. d) baldintza betetzen dela justifikatzeko, I. eranskinean ezarritakoari jarraituko zaio.

4. oinarria.– Dirulaguntza jaso dezaketen ekintzak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira EAEko enpresa edo lantokietako prebentzio-delegatuak trebatzeko oinarrizko mailako prestakuntza-ikastaroak (2026ko ekitaldian egiten direnak), betiere delegatuak izena emanda badaude Laneko Arriskuen Prebentzio Delegatuen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan (lan-arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita dagoen erregistroa).

2.– Dirulaguntza hau jasotzeko, 2026an emandako oinarrizko prestakuntza-ekintzak izan behar dute, Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren Arloko Lanbidearteko Akordioan ezarri bezala; hortaz, oinarrizko prestakuntza horrek bi zati izan beharko ditu: bata araudi-arloko prestakuntza izango da, eta bestea prestakuntza teknikoa.

3.– Araudi-arloko prestakuntzak 16 orduko iraupena izango du guztira, eta prestakuntza teknikoak, berriz, 32 ordukoa. Irakastorduei dagokienez, araudi-arloko prestakuntzaren moduluari 12 ordu dagozkio, eta prestakuntza teknikoari 24 ordu. Gainerako orduak lanpostua nahitaez uzteko ordutzat hartuko dira, modulu horietara joateko.

4.– Sindikatuek emango dute oinarrizko ikastaroaren araudi-arloko prestakuntza, eskubideei eta betebeharrei buruzkoa, beren prebentzio-delegatuei lehentasuna emanda. Delegatu independenteek (hau da, afiliazio sindikalik ez dutenek) eskubidea izango dute beraiek aukeratutako sindikatuak emandako araudi-arloko prestakuntza jasotzeko.

5.– Oinarrizko prestakuntza teknikoa emateko egiaztatuta dauden zentroek edo entitateek aitortza jaso ahalko dute prebentzio-delegatu independenteei araudi-arloko trebakuntza emateko.

6.– Araudi-arloko prestakuntza bukatu ondoren, Osalanek arlo teknikoko prestakuntza-ekintzetara joan ahalko direnen zerrenda bidaliko die prestakuntza-zentroei, ezarrita dagoen barne-prozeduraren arabera.

7.– Osalanek ezarriko ditu eduki teknikoak zein araudi-arlokoak, eta, betiere, edukiok Laneko Osasun eta Arriskuen Prebentzioaren Arloko Lanbidearteko Akordioan ezarritako edukietara lotuko dira.

8.– 36 irakastorduko oinarrizko prestakuntza bukatzean, zeina bi modulutan banatuta baitago (araudi-arloko modulua 12 ordukoa da, eta arlo teknikoko modulua 24 ordukoa), Osalanek horren ziurtagiria emango die prestakuntza bukatu duten guztiei. Prestakuntza-ekintza burututzat emango da, asistentzia gutxienez % 80koa izan bada prestakuntza-ekintzaren zati bakoitzean.

5. oinarria.– Ikasgela birtuala.

1.– Edozein entitatek ikasgela birtuala erabili ahalko du, hala nahi izanez gero (ez da nahitaezkoa izango), eta aurrez aurreko prestakuntzak adinako balioa edukiko du.

2. «Ikasgela birtual» deritzo ikasteko ingurune bati, non tutore-prestatzaileak eta ikasleak elkarreraginean aritzen baitira, aldi berean eta denbora errealean, komunikazio-sistema telematiko sinkrono baten bidez. Sistema horrek modua emango du ezagutzak trukatu, eta, hala, ikasgelan parte hartzen duten pertsonen ikaskuntza ahalbidetzeko.

3.– Ikasgela birtualaren bidez ematen den prestakuntza egituratu eta antolatu egin behar da, une oro bermatzeko bai prestatzaileen eta parte hartzen duten prebentzio-delegatuen artean konektibitate sinkronizatua dagoela, bai komunikazioak noranzko bikoak direla.

4.– Metodologia hori, gehienez ere, jardueraren iraupenaren % 50ean erabili ahal izango da araudi-arloko ikastaroetan, eta jardueraren iraupenaren % 25ean, arlo teknikoko ikastaroetan.

a) Araudi-arloan, eskola-prestakuntzaren azken orduetan erabili ahal izango da ikasgela birtuala (6 ordu, lanaldi batekin parekatu ohi dena), eta ikasleek aurrez aurreko eskoletara joan beharko dute prestakuntza ematen duen entitatearen instalazioetara, eskola-prestakuntzaren lehen orduetan (6 ordu).

b) Arlo teknikoko prestakuntzan, ikasgela birtuala prestakuntza-jardueraren hirugarren egunean erabili ahal izango da nahitaez (6 eskola-ordu), eta, gainerako orduetan, ikasleek aurrez aurreko eskoletara joan beharko dute prestakuntza ematen duen entitatearen instalazioetara.

5.– Ikasgela birtualaren teknika erabiltzea erabakitzen duten prestakuntza-entitate publiko eta pribatuek bermatu egin behar dute ezagutza transmititzen dela, helburuak garatzen direla eta aurreikusitako edukiak ematen direla. Ikastaroaren jarraipena egin ahal izateko, gutxienez telefono-zenbaki bat eta posta elektronikoko helbide bat eman beharko dituzte, erabiltzaileek, arazo edo zalantza funtzionalik izanez gero, laguntza eskatu ahal izan dezaten. («VIII. eranskina. Prestakuntza-entitatearen erantzukizunpeko adierazpena, ikasgela birtualeko prestakuntzaren erabilerari buruzkoa»). Ikasgela birtuala erabiltzeko, entitateek prebentzio-delegatuaren berrespena eta prestasun-akordioa beharko dituzte («IX. eranskina. Prebentzio-delegatuaren erantzukizunpeko adierazpena, ikasgela birtuala erabiltzeko baimenari buruzkoa»).

6.– Eskola ikasgela birtualaren bidez eman den egunean edo egunetan ikasleen bertaratzearen jarraipena eta kontrola egiteko, irakasleak parte-hartzaile bakoitzaren sinaduraren laukitxoan adierazi beharko du eguneko saiora joan den ala ez (Bai edo Ez), eta egun horretan sinatu beharko du. Gainera, konektatutako parte-hartzaile guztiak agertzen diren pantailaren kopia erantsiko dio egun horretako sinadura-zerrendari. Gainerako egunetan, prebentzio-delegatu bakoitzak sinatu beharko du, ohi bezala.

7.– Osalaneko langileek, kontrol-organoa izanik, ikasgela birtualeko bertaratze-egiaztapenak egin ahal izango dituzte noizean behin. Horretarako, prestakuntza-entitateak eskura jarriko dizkio Osalani prestakuntza ematen den bitartean konexioa egin ahal izateko behar diren bitartekoak (esteka elektronikoa).

8.– Finantzaketaren ondorioetarako, tratamendu bera izango dute ikasgela birtualaren bidez emandako orduek eta aurrez aurreko orduek.

6. oinarria.– Eskabideak aurkeztea.

1.– EAEko enpresa edo lantokietako prebentzio-delegatuei prestakuntza emateko egiaztatuak dauden entitateek eskatu ahal izango diote dirulaguntza hau Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari, ebazpen honetan ezarritakoaren arabera.

2.– Eskabidea aurkezteko prozedura elektronikoa baino ez da izango. Prestakuntza-ekintza bakoitzeko aurkeztu beharko da eskabidea, izapidetze elektronikoaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/ Bai dirulaguntzaren eskabidea, bai jarraibideak eta aurkeztu beharreko formularioak edo dokumentuak prozedura elektroniko hauetan deskargatu eta aurkeztu ahal izango dira:

a) Araudi-arloko prestakuntzari dagokionez:

Prebentzio-delegatuei araudi-arloko oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207809

b) Arlo teknikoko prestakuntzari dagokionez:

Prebentzio-delegatuei arlo teknikoko oinarrizko prestakuntza emateko dirulaguntza: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1207810

3.– Eskabide elektronikoarekin batera, eranskin hauek aurkeztu beharko dira, beteta:

a) «III. eranskina. Prestakuntza-ekintzaren datuak», dirulaguntzaren xede den prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten prebentzio-delegatuen behin-behineko datuak jasotzen dituen dokumentua; bertan, ikastaroak ikasgela birtuala daukan adieraziko da. (III. eranskinean, delegatu parte-hartzaileen behin betiko datuak jasoko dira, baldin eta eskabidea deialdi hau indarrean jarri aurretik baina aribideko urtean egindako prestakuntza-ekintza bati buruzkoa bada).

b) «VIII. eranskina. Prestakuntza-entitatearen erantzukizunpeko adierazpena, ikasgela birtualeko prestakuntzaren erabilerari buruzkoa», digitalki sinatua. Ikasgela birtuala erabiliko bada soilik aurkeztu behar da (edo dagoeneko erabili bada, deialdi hau indarrean jarri aurretik baina aribideko urtean egindako prestakuntza-ekintzen kasuan).

4.– Eskabidea aurkeztu ondoko izapideak (espediente bakoitza begiratu, izapidetu eta haren jarraipena egitea) «Nire karpeta» gunearen bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

5.– Helbide honetan daude eskuragai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan enpresa eta entitateentzat (pertsona juridikoak) onartutako identifikazio eta sinadura elektronikoko bitartekoak: https://www.euskadi.eus/ziurtagiri-elektronikoak

6.– Ordezkari baten bidez ere egin ahal izango dira izapide elektronikoak; horretarako, ordezkari hori Eusko Jaurlaritzako Ordezkarien Erregistroan inskribatu beharko da, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ahalordeen-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/

7.– Eskabidea aurkezteak berekin dakar deialdi honen baldintzak modu formalean onartzea.

8.– Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau indarrean jartzen den egunean hasiko da, eta 2026ko azaroaren 13an amaituko, 23:59an (bi egun horiek barne), edo deialdi honen xede diren laguntzak finantzatzera bideratutako baliabide ekonomikoak agortzen direnean. Hala gertatuz gero, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak horren berri emango du organismoaren webgunean eta EHAAn.

Deialdi hau indarrean jarri aurretik baina aribideko urtean prestakuntza-ekintzak eman dituzten prestakuntza-entitateek ekintza horietarako dirulaguntzak eskatu ahalko dituzte, baldin eta 3. oinarrian entitate onuradun izateko jasotzen diren betekizunak betetzen badituzte eta oinarri honen 3. puntuan xehatutako eranskinak aurkezten badituzte.

9.– Prestakuntza-entitateek programatuta daukaten prestakuntza-ekintza bakoitza hasi baino 7 egun baliodun lehenago –gutxienez– eskatu beharko diote dirulaguntza Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeari; nolanahi ere, eskaera gutxienez 15 egun lehenago egitea gomendatzen dugu. Aurten, deialdi hau argitaratu aurretik eman diren prestakuntza-ekintzen kasuan, dirulaguntza eskatzeko epea bi hilabetekoa izango da ebazpen hau indarrean jartzen denetik.

7. oinarria.– Eskabideak zuzentzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek deialdi honetan ezarritako betekizunak betetzen ez badituzte edo haien edukia nahikoa ez bada, 10 eguneko epearen barruan gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio entitate eskatzaileari.

Adierazitako epean zuzenketak egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, betiere Administrazioak berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, «Nire karpeta» atalera jo beharko da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan sartuta (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/). Interesdunak jaso izanaren agiria elektronikoki izenpetzen duenean joko da jakinarazpena egindakotzat.

Bat etorrita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 43.2 artikuluan ezarritakoarekin, jakinarazpena bidali eta 10 eguneko epean interesdunak edukia eskuratu ez badu, jakinarazpenari uko egin diola eta izapidea prozeduraren arabera egin dela balioetsiko da, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta, ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu, teknikoki edo materialki.

8. oinarria.– Dirulaguntzaren izapidea.

1.– Osalanen Zuzendariordetza Teknikoak, dirulaguntza hauen kudeaketa-organoa den heinean, betiere teknikariek txostena eman ondoren, eskabideak aztertuko ditu eskatutako betekizunak betetzen dituzten egiaztatzeko, eta behin-behineko ebazpen-proposamena idatziko du. Ebazpen hori entitate interesdunei jakinaraziko die, eta 10 eguneko epea emango die alegazioak aurkezteko.

2.– Epea igaro eta alegazioak aztertu ondoren, halakorik egon bada, behin betiko ebazpen-proposamena emango du; gero, entitate onuradunei jakinaraziko die, eta baliodun 7 eguneko gehieneko epea emango die dirulaguntza onartzeko.

Onartzen ez badute, onuradun izateko proposatutako entitateak eskaerari uko egiten diola ulertuko da.

Behin-behineko ebazpen-proposamena jakinarazi eta bi hilabeteko gehieneko epean behin betiko ebazpen-proposamena jakinarazten ez badu, entitate interesdunek eskabideak ezetsi egin direla balioetsiko dute, bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluarekin.

3.– Behin betiko ebazpen-proposamena onetsitakoan, Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundeko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, prozedura ebatziko da.

4.– Hartutako ebazpena entitate eskatzaileei jakinaraziko zaie, banaka, gehienez ere bi hilabeteko epean, behin betiko ebazpen-proposamena jakinarazten denetik aurrera.

5.– Aurreko apartatuan adierazitako epea igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, beren eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango dute entitate interesdunek, bat etorrita Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 22.5 artikuluarekin.

6.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bideari amaiera emango dio, eta, ebazpen horren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke organo horri, hilabeteko epean, interesdun bakoitzari jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, zuzenean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, bi hilabeteko epean.

7.– Ebazpenen jakinarazpenak «Nire karpeta» atalaren bidez egingo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta

8.– Segidako lehiaketa-prozedura denez, eskabideak sartu ahala joango dira ebazten, espedientea osatuta dagoenean.

9.– Publikotasun-ondoriotarako bakarrik, urteko deialdia amaitutakoan, emandako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko da Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Erakundearen egoitza elektronikoan, berariaz adierazita zenbatekoa, finantzatutako jarduketa eta pertsona edo entitate onuraduna; era berean, ezetsitako dirulaguntzen zerrenda argitaratuko da.

9. oinarria.– Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

1.– Prestakuntza-jarduerak finantzatzeko aplika daitezkeen gehieneko modulu ekonomikoak (horien plangintza egitetik zein gauzatzetik eratorritako kostu guztiak barne) 133,58 eurokoak izango dira irakastordu bakoitzeko.

2.– Prestakuntza-ekintza bakoitzean, gehienez ere 15 prebentzio-delegatuko taldeek jaso ahalko dute dirulaguntza, eta 10 ikasletik beherako taldeek ezingo dute dirulaguntzarik jaso.

Salbuespenez, prestakuntza horretan euskararen erabilera sustatzeko helburuz, 5 pertsonako edo gehiagoko euskarazko taldeek dirulaguntza jaso ahalko dute, baina parte-hartzaile gutxiagoko taldeek ez.

Ekintzak taula honen arabera finantzatuko dira:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

3.– Dirulaguntzaren zenbatekoak barruan hartzen ditu prestakuntza-materialen gastuak.

Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak dagozkion prestakuntza-eskuliburuak doan emango dizkio ikasle bakoitzari, formatu digitalean. Sobera geratzen diren eskuliburuak Osalani itzuli beharko zaizkio.

4.– Azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua aplikatzeko, zeinaren bidez onesten baita Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina, desgaitasunen bat duten prebentzio-delegatuek prestakuntza jasotzeko dauzkaten zailtasunak edo desabantailak konpentsatu nahian, komunikaziorako laguntza eta zerbitzu osagarri guztiak jarriko ditu Osalanek, deialdi bakoitzaren kargura.

10. oinarria.– Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Prestakuntza-ekintza amaitu eta gehienez ere 15 egun balioduneko epean, dirulaguntzaren entitate onuradunak aurkeztu egin beharko ditu eskatutako dokumentuak. Dokumentu horien txantiloiak web-orriko prozedura elektronikotik deskargatu daitezke. Dokumentu horiek guztiak behar bezala bete behar dira, eskatzen den informazio guztia emanda. Entitate eskatzaileak zehaztasun edo informazio faltak zuzendu beharko ditu; hala egin ezean, dirulaguntza ukatuko zaio. 2026an deialdia indarrean jarri aurretik prestakuntza-ekintzak egin dituzten prestakuntza-entitateek dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztuko dituzte dokumentuok, 6.9 oinarrian ezarritako epean.

Dokumentazio hori aurkezteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpeta» atalera jo beharko da (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta).

Kontuan izan behar da araudi-arloa ematen duten entitateek honako hau eman behar dietela bertaratutakoei: «V. eranskina. Prebentzio-delegatuei arlo teknikoko oinarrizko prestakuntza emateko egiaztatutako zentroen zerrenda». Egiaztatutako zentroen zerrenda aldatu ahala eguneratuko da zerrenda hori, baita deialdi honek iraun bitartean ere. Araudi-arloko zatia ematen duten entitateek prozedura elektronikoan dagoen zerrenda berriena aurkeztu beharko diete prebentzio-delegatuei, IV. eranskinaren bidez aukeratu dezaten zein zentrotan jasoko duten zati teknikoa.

2.– Justifikazioan aurkeztu beharreko dokumentuak hauek dira:

a) «III. eranskina. Prestakuntza-ekintzaren datuak», behin betiko dokumentua, dirulaguntzaren xede den prestakuntza-ekintzan parte hartu duten prebentzio-delegatuen azken datuak jasotzen dituena; prestakuntza-ekintzak ikasgela birtuala duela adieraziko du, hala baldin bada.

b) «II. eranskina. Asistentzia-kontrolerako orria» dokumentu eskaneatua, PDF formatuan. Prestakuntza-ekintza zein egunetan eman den adierazi behar du, prestakuntza-ekintza eman duten irakasleen eta bertaratutako prebentzio-delegatu guztien NAN-zenbakia, izen-abizenak eta sinadura jasota. Egun bakoitzeko kontrol-orria irakasleak sinatu beharko du. Ikastaroa ikasgela birtualean emanez gero, pantailaren kopia erantsi beharko da, saioa eman den egunean edo egunetan zein parte-hartzaile konektatu diren erakusteko.

c) «IV. eranskina. Arlo teknikoko prestakuntza-zentroari eta ikasgela birtualaren erabilerari dagokienez prebentzio-delegatuak egin duen aukerari buruzko datuak» PDF formatuko dokumentu eskaneatu bakarra. Dokumentu horretan, prebentzio-delegatuek zati teknikoa egiteko aurkeztutako eskabide guztiak jasoko dira, eskabideotan aukeratuko dituztelako V. eranskinean agertzen diren prestakuntza-zentro egiaztatuetako bi. Era berean, prestakuntza hori ikasgela birtualaren bidez egin nahi duten adieraziko da. IV. eranskina araudi-arloko zatia ematen duten entitateek aurkeztu beharko dute, eta, horretaz gainera, IV. eranskinak dakarren datu-babesari buruzko informazioa ere emango diete ikasleei. Araudi-arloko zatian, ikastaroa ikasgela birtualarekin egin bada, IV.2 eranskina ere aurkeztu beharko da.

d) «VI. eranskina. Ikasleen ebaluazio-galdetegia» dokumentu eskaneatua. Prestakuntza-ekintzako ikasleek erantzundako inkestak jaso behar ditu, izena eman duten ikasleen kopurua eta inkestari erantzun dioten ikasleen kopurua adierazita. Irakaskuntza-metodologiak barruan hartzen badu aurrez aurreko ikasgela birtuala, 5. oinarrian ezarritako jarraibideak bete beharko dira; hau da, irakasleak parte-hartzaile bakoitzaren sinaduraren laukitxoan adierazi beharko du eguneko saiora joan den ala ez (Bai edo Ez), eta ikasgela birtuala erabili den egun horretan sinatu beharko du. Gainera, konektatutako parte-hartzaile guztiak agertzen diren pantailaren kopia erantsiko dio egun horretako sinadura-zerrendari. Gainerako egunetan, prebentzio-delegatu bakoitzak sinatu beharko du.

e) «VII. eranskina. Irakasleentzako ebaluazio-galdetegia» dokumentu eskaneatua. Prestakuntza-ekintzaren irakasleak erantzundako inkesta jasoko da bertan.

f) «IX. eranskina. Prebentzio-ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, ikasgela birtuala erabiltzeko baimenari buruzkoa». Ikasgela birtuala erabili bada bakarrik aurkeztu beharko da.

3.– Justifikazioak izapidetzeko moduari buruzko zehaztapenak eta bete beharreko ereduak eskuragai daude Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza), ebazpen honen 6.2 a) eta b) oinarrietan adierazitako prozedura elektronikoetan.

4.– Administrazioak esleituta dauzka egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko ahalmenak. Horregatik, Administrazioak edozein unetan eskatuko die entitate eskatzaileei eskabidea, aurkeztutako dokumentuak eta erantzukizunpeko adierazpenak baloratzeko beharrezkotzat jotzen duen informazio eta agiri osagarri oro, baita agiri originalak ere, benetakoak direla egiaztatzeko. Hori dela-eta, Administrazioak prozeduran aurrera ez egitea erabaki ahal izango du, baldin eta emandako datuetan funtsezko edozein zehaztasunik ez, faltsutasun edo omisio antzematen badu, hargatik eragotzi gabe entitate eskatzaileak izango lituzkeen bestelako erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

11. oinarria.– Dirulaguntzen likidazioa.

1.– Dirulaguntza ordainketa bakarrean emango da, zer prestakuntza-ekintzatarako eskatu eta onetsi den, prestakuntza-ekintza horixe amaitutakoan, deialdi honen 10. oinarrian eskatutako dokumentu-justifikazioa aurkeztu eta gero.

2.– Dirulaguntza zer prestakuntzatarako eskatzen den, prestakuntza horrexen orduen % 80 egin dituztenengatik bakarrik ordainduko da.

3.– Dagokion ordainketa jaso ahal izateko, entitate onuradunak alta emanda egon beharko du administrazio honen hirugarrenen erregistroan. Alta elektronikoki izapidetu daiteke (pertsona juridikoak izapidetze elektronikoa egitera behartuta daude, eta hala egin beharko dute), egoitza elektronikoan ere eskuragarri dagoen zerbitzuaren bidez; hauek dira helbideak: https://www.euskadi.eus/hirugarrenak (euskaraz) eta https://www.euskadi.eus/altaterceros (gaztelaniaz).

4.– Deialdi bakoitzean lortutako dirulaguntza ezingo da batu bestelako edozein erakunde pribatu nahiz publikok helburu bererako ematen dituzten beste dirulaguntzekin.

12. oinarria.– Entitate onuradunaren betebeharrak.

Entitate onuradunaren betebehar izango dira Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 14. eta 42. artikuluetan oro har ezarritakoak, eta, bereziki, honako hauek:

a) Esleitutako dirulaguntza onartzea, ebazpen honen 8.2 oinarriaren arabera.

b) Prestakuntza-jarduerak ikasleentzat doakoak izango direla ziurtatzea.

c) Osalanek, lan-arloan eskuduna den sailak, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egin beharreko egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartzea. Horretarako, instituzio, entitate eta erakunde horiei lokaletara eta instalazioetara sartzen utziko diete, eta parte-hartzaileekin, irakasleekin eta elkarrizketatzea komeni den gainerako pertsonekin harremanetan jartzeko datuak emango dizkiete, baita langileen legezko ordezkari parte-hartzaileekin harremanetan jartzeko datuak ere.

d) Dirulaguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein inguruabar objektibo nahiz subjektibotan izandako aldaketen berri ematea.

e) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 27. artikuluan xedatu bezala, onuradunek behar bezala iragarri behar dute finantzaketa publikoa jaso dutela dirulaguntza honen xede diren programak, jarduerak, inbertsioak edo bestelako jarduketak egiteko, gardentasunari buruzko legedian ezarritakoari jarraituz.

13. oinarria.– Ez-betetzeak, erantzukizunak eta diru-itzulketak.

Dirulaguntzaren entitate onuraduna Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan ezarritako kasuetako batean badago edo, bestela, ebazpen honetan, gainerako arau aplikagarrietan edo emakida-ebazpenean ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, Osalaneko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du. Ebazpen horren bitartez, ordaintzeko dauden zenbatekoak jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta, hala badagokio, jasotako dirulaguntza eta dirulaguntza ordaindu zenetik egokitzen diren berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, dagozkion gainerako egintzak aparte utzi gabe.

Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 38.1 artikuluak ezartzen duenez, itzuli behar diren zenbatekoak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira, eta, horiek kobratzeko, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean jasotzen dena aplikatuko da (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori).

14. oinarria.– Datu pertsonalen tratamendua.

Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko: Prebentzio-delegatuen prestakuntzaren dirulaguntzak eta kudeaketa.

a) Arduraduna.: Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.

b) Xedea: Dirulaguntza kudeatzea eta prebentzio-delegatuen prestakuntzarako ikastaroak (laneko arriskuak prebenitzeari buruzkoak) antolatzea eta ikastaroen gaineko ziurtagiriak egitea.

c) Legitimazioa:

1.– Tratamendua beharrezkoa da aplikatzekoak diren lege-betebeharrak betetzeko.

2.– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatzeko.

d) Hartzaileak:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

2.– Sindikatuak eta langileen batzordeak.

3.– Prestakuntza-entitateak.

e) Eskubideak: datuak irispidean edukitzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea daukazu, baita informazio osagarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/).

f) Informazio gehigarria: Gure web-orrian ikus dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza:

https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062500-capa2-eu.shtml

g) Araudia:

1.– Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES

2.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (https://www.boe.es/eli/es/lo/2018/12/05/3).

I. ERANSKINA
PREBENTZIO-DELEGATUEI DIRUZ LAGUNDUTAKO OINARRIZKO MAILAKO PRESTAKUNTZA EMATEKO EGIAZTAPENA

1.– Deialdi honen 3. oinarrian zerrendatutako edozein hartzailek eskatu ahalko du egiaztapena 2026ko ekitaldian prebentzio-delegatuei oinarrizko mailako prestakuntza emateko. Eskatzaileak bi taldetan sailkatuko dira:

a) 2025eko abenduaren 31 baino lehen prebentzio-delegatuei diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena lortu zuten entitate publikoak zein pribatuak.

b) Prebentzio-delegatuei diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena lehen aldiz eskatzen duten entitate publikoak zein pribatuak.

2.– Eskaera bitarteko elektronikoak erabiliz egingo da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa, prozedura elektroniko honetan:

«Prebentzio-delegatuei diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena 2026» (1042407 prozedura).

3.– Talde horietan bildutako entitate publiko edo pribatuek prebentzio-delegatuei diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena eskatu ahalko dute, hemen xehatutakoari jarraikiz:

a) Berritzeko eskabidea. Ebazpen hau indarrean jarri aurretik prebentzio-delegatuei diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztatuta egon diren eta egiaztapena emateko baldintzak betetzen jarraitzen duten entitateek, eskabidea betetzean, «Berritu» botoia markatu beharko dute; eskabidean, dagokion erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, egiaztapena eman zieteneko baldintzak betetzen jarraitzen dutela egiaztatu beharko dute.

b) Egiaztapena eskatzea.

Prebentzio-delegatuei diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapena lehen aldiz eskatzen duten entitate publikoek zein pribatuek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

1.– Prestakuntza-zentro edo prebentzio-zerbitzu egiaztatuak izatea, zerbitzuak itunduta dauzkaten enpresetako prebentzio-delegatuentzat, edo sindikatuak izatea (araudi-arloko prestakuntza emateko).

2.– Trebatu nahi den ikasle kopurura doitutako instalazioak eta baliabide material eta didaktikoak eskura izatea, ezaugarri hauen arabera:

1.– Ikasgelek 10 ikaslerentzako edukiera eduki behar dute gutxienez; ikasle bakoitzeko 2 m2, eta irakaslearentzat 4 m2.

2.– Behar beste baliabide didaktiko eta ekipamendu edukitzea: arbela, ekipo informatikoak eta ikus-entzunezkoak, Interneteko konexioa, telefonoa eta abar.

3.– Laneko arriskuen prebentzioan erdi- edo goi-mailako eginkizunak betetzeko prestakuntza egiaztatu duten irakasleak eduki behar dira, edo eman beharreko gaietan gutxienez urtebeteko irakaskuntza- edo lan-eskarmentua dutenak; halaber, irakasle guztiek gai izan behar dute prestakuntza hori euskaraz emateko.

Egokitzen den eskabidea beteko dute, eta dokumentu-justifikazio hau erantsi:

1.– Instalazioak eta baliabideak:

1.– Prestakuntza emateko baliabideei eta instalazioei buruzko betekizunak betetzen dituela egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia eskaneatua, PDF formatuan.

2.– Irakasleak:

1.– Prestatzaileen curriculum xehearen kopia eskaneatua, PDF formatuan.

2.– Prestatzaileen prestakuntza egiaztatzen duen dokumentazioaren kopia eskaneatua, PDF formatuan.

3.– Prestatzailearekin sinatutako kontratuen edo lankidetza-hitzarmenen kopia eskaneatua, PDF formatuan.

Entitateek, ebazpen hau indarrean jarri aurretik egiaztapena lortu bazuten baina egiaztapena lortzeko baldintzaren bat aldatu bada, egiaztapena berritzeko eskabidea bete beharko dute, egiaztapena lortzeko baldintzak betetzen ez dituztela adieraziz eta aurreko apartatuan adierazitako justifikazio-dokumentuak eta eskatzaileak egokitzat jotako bestelako agiriak formatu elektronikoan erantsiz.

4.– Deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da eskabideak aurkezteko epea, eta dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea itxitakoan bukatuko da, 2026ko azaroaren 13an.

5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz, aurkeztu beharreko eskabideek eta dokumentuek deialdi honetan ezarritako betekizunak betetzen ez badituzte edo haien edukia nahikoa ez bada, 10 eguneko epearen barruan gabezia hori zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio entitate eskatzaileari, eta adieraziko zaio ezen, horrela egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela, betiere Administrazioak berariazko ebazpena eman eta jakinarazi ondoren.

Akatsak zuzentzeko jakinarazpena elektronikoki egingo da. Jakinarazpenak kontsultatzeko, «Nire karpeta» atalera jo beharko da (https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko egoitza elektronikoan sartuta (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa/). Interesdunak jaso izanaren agiria elektronikoki izenpetzen duenean joko da jakinarazpena egindakotzat. Jakinarazpena bidali eta 10 eguneko epean interesdunak ez badu edukia eskuratu, ulertuko da uko egin diola eta izapidea prozeduraren arabera egin dela, non eta ez den egiaztatzen, ofizioz edo entitate hartzaileak eskatuta, ezin izan dela jakinarazpen horren edukira sartu, teknikoki edo materialki.

6.– Osalaneko zuzendari nagusiari dagokio, organismoko teknikariek egindako txostenak aztertu ondoren, ebazpen honetan arautzen den deialdia ebaztea, prebentzio-delegatuei diruz lagundutako oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapen-eskaerari dagokionez, zeina eranskin honen 3.b) apartatuan xehatzen baita. Berritzeko eskabideetan, bere garaian emandako egiaztapen-ebazpena baliozkoa izango da, ezarritako betekizunak betetzen jarraituz gero.

7.– Ebazpena idatziz jakinaraziko zaie entitate interesdunei, banaka, bi hileko epean gehienez ere, egiaztapen-eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «Nire karpetaren» bidez (https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gaztelaniaz, https://www.euskadi.eus/micarpeta).

Apartatu honetan aipatutako epea igarota ebazpenik jakinarazi ez bada, beren eskabidea baietsi egin dela ulertzeko moduan izango dira entitate interesdunak, hala xedatzen baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluak.

8.– Prebentzio-delegatuei oinarrizko mailako prestakuntza emateko egiaztapenaren emakida-ebazpenak ez dakar, berez, dirulaguntzaren emakida-ebazpena lortzea.

9.– Zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahalko da organo horretan, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean, Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita bi hilabeteko epean.

10.– Publikotasun-ondorioetarako, Osalanen web-orrian jarriko da egiaztatutako entitateen zerrenda.

11.– Nolanahi ere, baimena atzera bota daiteke Osalaneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, betiere entitate interesdunari entzun ondoren, baldin eta deialdi honen xede diren prestakuntza-jarduerak egiten ez badira, prestakuntza-entitateak interesik ez daukala balioetsiko baita; halaber, baimena atzera bota ahalko da, baimena lortzeko eskatutako baldintzak betetzen ez badira edo baimena emateko aintzat hartutako edozein inguruabar aldatu bada eta aldaketa hori gertatu eta hilabeteko epean horren berri eman ez bada.

12.– Datu pertsonalak tratatu egingo dira, eta izen hau duen tratamendu-jardueran sartuko: Prebentzio-delegatuen prestakuntzaren dirulaguntzak eta kudeaketa.

a) Arduraduna: Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea.

b) Xedea: Dirulaguntza kudeatzea eta prebentzio-delegatuen prestakuntzarako ikastaroak (laneko arriskuak prebenitzeari buruzkoak) antolatzea eta ikastaroen gaineko ziurtagiriak egitea.

c) Legitimazioa:

1.– Tratamendua beharrezkoa da aplikatzekoak diren lege-betebeharrak betetzeko.

2.– Tratamendua beharrezkoa da interes publikoaren aldeko eginkizunen bat betetzeko edo tratamenduaren arduradunari emandako botere publikoak baliatzeko.

d) Hartzaileak:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko beste organo batzuk.

2.– Sindikatuak eta langileen batzordeak.

3.– Prestakuntza-entitateak.

e) Eskubideak: datuak irispidean edukitzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea daukazu, baita informazio osagarrian jasotzen diren bestelako eskubide batzuk ere (https://www.euskadi.eus/datu-babesaren-gaineko-eskubideak-egikaritu/web01-tramite/eu/).

f) Informazio gehigarria: Gure web-orrian ikus dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza: https://www.euskadi.eus/informazio-klausulak/web01-sedepd/eu/gardentasuna/062500-capa2-eu.shtml

g) Araudia:

1.– Datu Pertsonalak Babesteko Erregelamendu Orokorra (https://eur-lex.europa.eu/legal-content/ES/TXT/HTML/?uri=CELEX:32016R0679&from=ES).

2.– 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa (http://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2018-16673).

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala