
52. zk., 2026ko martxoaren 17a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- PDF (156 KB - 3 orri.)
- EPUB (107 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
1191
1/2026 FORU DEKRETU-ARAUA, martxoaren 10ekoa, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorretan finantza tutoretza eskumena garatzen duen otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua aldatzen duena.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Itunak, maiatzaren 23ko 12/2002 Legearen bitartez onetsiak, besteak beste printzipio hauek ezartzen ditu 48. artikuluan: Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek autonomia fiskal eta finantzarioa izango dutela beren eskumenak garatu eta exekutatzeko, eta aurrekontu egonkortasunaren arloan Estatuarekin koordinatuta eta elkarlanean arituko direla. Orobat, artikulu horrek dio ezen toki entitateen eremuan Estatuak finantza tutoretzari dagokionez une bakoitzean egikaritzen dituen ahalmenak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde eskudunei dagozkiela. Era berean, 62.b) artikuluak ezartzen du Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren zeregina dela «aurrekontu egonkortasunaren arloko elkarlanari eta koordinazioari buruzko konpromisoak adostea».
Bestalde, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren azken xedapenetako hirugarrenak bigarren apartatuan jasotzen du ezen lege horretan xedatutakoa Euskal Autonomia Erkidegoari aplikatzeko garaian Ekonomia Itunaren Legean ezarritakoa hartuko dela beti kontuan, foru araubideari erreparatuta.
Era berean, martxoaren 23ko 2/2007 Legeak, baliabideak banatzeko eta foru aldundiek egin beharreko ekarpenak zehazteko metodologiari buruzkoak, bigarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan ezartzen du Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoen aurrekontu egonkortasuneko helburuak erabakiko dituela, kontuan hartuta zer konpromiso hartzen den haientzat Ekonomia Itunaren 62. artikuluan aurreikusitakoa aplikatuta.
Araudi horretan oinarrituta, Gipuzkoako Batzar Nagusiek otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua onetsi zuten, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorrean finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena.
Duela gutxi, aurrekontu superabitaren erabilerari buruzko arau bereziak aplikatzeko aukera luzatu da estatuan. Hala, toki entitateei ahalbidetzen zaie 2024an lortutako superabita bideratzea finantzarioki jasangarriak izango diren inbertsioak 2025, 2026 eta 2027ko ekitaldietan finantzatzeko, arau orokorraren neurri alternatibo gisa, zeinaren arabera, superabit hori zor publikoa murrizteko erabili behar baita, gehiegizko defizitaren protokoloa (GDP) aplikatuta.
Gipuzkoako toki entitate askoren finantza egoerak hobera egin izanak aukera eman die 2024ko eta 2025eko ekitaldietan superabita lortu eta diruzaintzako gerakin positiboarekin amaitzeko. Hala ere, xedapen horretan jasotako neurriak aplikatu ahal izan ditzaten, beharrezko gertatzen da aldatzea aipatutako otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorrean finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena.
Haien aplikazioa posible izan dadin Gipuzkoako toki entitateentzat, baita 2025eko aurrekontuaren likidazioan helburu fiskalak eta gastu araua bete direla egiaztatzeko garaian ere, neurri horiek presazko bidetik onetsi behar dira.
Hemen proposatzen diren neurriak ezin dira onetsi foru arauak onesteko ezarrita dagoen araugintzako prozedura arruntaren bidez, haren epeak oso luzeak direlako. Horregatik, egoki iritzi da neurri horiek foru dekretu arau baten bidez onestea.
Alde horretatik, uztailaren 12ko 6/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren Erakunde Antolaketa, Gobernu eta Administrazioari buruzkoak, 14. artikuluan xedatzen du ezen, premiazko eta aparteko arrazoiak daudenean, Diputatuen Kontseiluak behin-behineko arau xedapenak eman ahal izango dituela bere eskumen esklusiboen esparruan; xedapen horiek foru dekretu arauak izango dira eta ezin izango dute eraginik izan foru organoen antolaketan, araubidean eta funtzionamenduan.
Foru dekretu arauak Batzar Nagusietan eztabaidatu eta bozkatu behar dira berehala, baliozkotuak izateko.
Horrenbestez, Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuak proposaturik, eta Diputatuen Kontseiluak gaurko bileran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aldatzea otsailaren 8ko 1/2013 Foru Araua, Gipuzkoako toki entitateen aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren alorrean finantza tutoretzaren eskumena garatzen duena.
Bat.– 6. artikulua aldatzen da, «Aurreikusitakotik gorako diru-sarrerei eman beharreko erabilpena» izenekoa, eta honela geratzen da idatzita:
«1. Aurreikusitakoaren gainetik lortzen diren diru-sarrera ez-finalistak toki entitatearen zor bizia murrizteko edo zorpetze eragiketa berriak saihesteko erabiliko dira.
2.– Hala ere, dela diruzaintzako beharrengatik, dela zuhurtasun irizpideengatik, aurreko apartatuan xedatutakoaren aplikazioa aurrekontua likidatu arte atzeratu ahal izango da».
Bi.– 7. artikulua aldatzen da, «Diruzaintzako gerakinaren erabilpena» izenekoa, eta honela geratzen da idatzita:
«7. artikulua. Aurrekontu superabitaren erabilpena.
1.– Aurreko ekitaldiko aurrekontu likidazioak superabita ematen badu, toki entitatearen zor bizia murrizteko edo zorpetze eragiketa berriak saihesteko erabiliko da.
1. puntu honetan aurreikusitakoaren ondorioetarako, superabita da Europako kontu sistemaren arabera neurtutako finantzaketa ahalmena, eta zorpetzea, berriz, gehiegizko defizitaren protokoloaren ondorioetarako dagoen zorra, Europako araudian definitzen den eran.
2.– Hala ere, toki entitateek posible izango dute hurrengo puntuan aurrekontu superabitaren erabilpenari buruz arautzen diren arau bereziak aplikatzea, bi baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Toki entitateen zorpetze eragiketak baimentzeko araudian ezarrita dauden mugak betetzea edo ez gainditzea.
b) Aurreko ekitaldian aurrekontu superabita eta gastu orokorretarako diruzaintzako gerakin positiboa izatea aldi berean.
3.– Aurrekontu superabitaren erabilpenari buruzko arau bereziak lehentasun hurrenkera honen arabera aplikatuko dira:
Lehenik eta behin, toki entitateen betebeharra da aurrekontu superabita edo, txikiagoa balitz, gastu orokorretarako diruzaintzako gerakina bideratzea aurrekontuan aplikatu gabe dauden eta aurreko ekitaldiko abenduaren 31n "Aurrekontuan aplikatu gabeko eragiketen hartzekodunak" 4130 kontuan kontabilizatu diren obligazioei aurre egiteko, eta, horren ondoren, kitatu behar dituzte hornitzaileei ordaintzeke dauden gainerako obligazioak, aurreko ekitaldia ixtean kontabilizatuta eta aplikatuta daudenak.
Aurreko a) letran aipatutako obligazioei aurre egin eta gero, bideratu beharreko zenbatekoak zeinu positiboa izaten jarraitzen badu, zenbateko hori finantzarioki jasangarriak diren inbertsioak egiteko erabili ahal izango da, betiere defizita sortzeko arriskurik ez badakarte.
b) apartatu honetan aurreikusitakoa aplikatzeko, gainera, beharrezkoa izango da toki entitatearen hornitzaileei ordaintzeko batez besteko epeak ez gainditzea berankortasunari buruzko araudian aurreikusita dagoen gehieneko epea.
Aurreko a) eta b) letretan ezarritakoa aplikatu ondoren geratzen den zenbatekoak saldo positiboa ematen badu, zenbateko hori toki entitatearen zor bizia murrizteko edo zorpetze eragiketa berriak saihesteko erabiliko da, artikulu honetako 1. puntuan ezarritakoaren arabera.
4.– Artikulu honen 3. puntuko a) eta b) letretan aurreikusitakoaren arabera egindako gastuaren zenbatekoa ez da gastu konputagarritzat hartuko 4. artikuluan definitutako gastu araua aplikatzearen ondorioetarako».
XEDAPEN IRAGANKORRA
Superabitaren erabilpenaren arau bereziei buruz, otsailaren 8ko 1/2013 Foru Arauaren 7.3 artikuluan xedatutakoa 2024ko superabitari aplikatuko zaio 2025, 2026 eta 2027ko ekitaldietarako. Nolanahi ere, beharrezkoa izango da inbertsio proiektuak 2026ko abenduaren 31 baino lehen hastea.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Arauak emateko ahalmena.
Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematen zaie foru dekretu arau hau garatu eta aplikatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzaten.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Foru dekretu arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean jarriko da indarrean.
Donostia, 2026ko martxoaren 10a.
Diputatu nagusia,
EIDER MENDOZA LARRAÑAGA.
Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatua,
MIREN ITZIAR AGIRRE BERRIOTXOA.
RSS