
51. zk., 2026ko martxoaren 16a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (233 KB - 18 orri.)
- EPUB (127 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
1174
EBAZPENA, 2026ko otsailaren 26koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2026rako Ekintzaile laguntza-programa arautzeko oinarriak onesten eta argitaratzen dituena eta deialdia egiten duena.
Oinarri teknologikoa duten enpresa berritzaile berriak sortzen laguntzea funtsezko politika izan da euskal administrazio publikoentzat. Horrela, hainbat plan eta programa onetsi dira ekintzailetza modu integralean bultzatzeko, gero eta proiektu, enpresa eta enplegu lehiakor eta jasangarri gehiago sortu eta haz daitezen, bereziki etorkizuneko sektoreetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eraldaketa ekonomiko eta sozialaren etapa berri bat ekar dezaten.
Euskadiko ekintzailetza-erronken artean hauek daude: «arrantza-leku» eta iturrietatik sortutako ideien eta ekimen berrien masa kritikoa eta kalitatea handitzea, proiektu bakoitzaren behar espezifikoei erantzunez, eta finantzaketarako eta inbertitzeko aukerak eskaintzea jaio, abiarazi, hazi eta finkatzeko potentziala duten proiektuei, bai eta merkatuan sartzeko eta «lehen bezeroak» lortzeko aukerak ematea ere proiektu ekintzaileei, etorkizuneko sektoreetan potentzial handiena duten proiektuei batez ere.
Ekintzaileei laguntzeko apustua herrialde osoaren konpromisoa da oraindik, eta, horretarako, inplikatutako erakunde eta eragile guztien arteko elkarlana bultzatzen jarraitu nahi da, uste sendoa baitugu enpresa-ekimen berritzaile berriak sortzea giltzarri dela gure erkidegoak etorkizunean hazten jarrai dezan.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publiko bat da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-arloko jarduera bultzatzeko jardunbideak bideratzeko ardura du, eta lehiakortasuneko bektoreak diren aldetik trantsizio teknologiko-digitala, energetiko-ingurumenekoa eta demografiko-soziala Euskadiko enpresetan txertatzen laguntzekoa inbertituz, berrituz, nazioartean zabalduz eta jarduera ekintzailea sustatuz.
Horren harira, SPRIk ekintzailetzaren eta barne-ekintzailetzaren aldeko hainbat jarduketa garatu ditu, eta enpresa-ekimen berriei behar duten laguntza eskaini. Helburua euren beharren neurrira egindako laguntza osoa eta malgua eskaintzea da, merkatuan abian jartzeko, hazteko eta arrakastaz finkatzeko eta proiektuek hasieran behar duten finantzaketa eta, bereziki, epe luzerako finantzaketa lortzeko bidea errazteko.
2030 Industria Plana bat dator Europako lehentasun estrategikoekin, eta EAEko industria-sektoreak hiru kategoria hauetan sailkatzen ditu: Irabazi (egungo industria-sektore eragileak), Hazi (etorkizunari begira eragiteko potentziala duten sektoreak) eta Jauzi (merkatuan lidergo-potentziala duten beste sektore batzuetako enpresak). Lehentasun-irizpide hori modu progresiboan eta dinamikoan aplikatuko da Industria Plana eta horren tresna eta proiektuak gobernatzeko erabakietan.
Ildo horretatik, Ekintzaile laguntza-programak finantza-laguntza eman nahi die lehentasunezko sektoreetan enpresa-proiektu berritzaile edo oinarri teknologikoko proiektuei (edo onuragarriak izan daitezkeenei), ideia heltzeko, bideragarritasuna aztertzeko eta enpresa abian jartzeko faseetarako. Proiektuek, nagusiki industria-izaerakoak edo produktu-prozesu industrialei lotutako zerbitzuen arlokoak izan beharko dute, pertsona fisikoek edo enpresek zuzendu beharko dituzte, BIC baten tutoretzapean egon behar dute eta enpresa berri bat eratzeko bokazioa izan beharko dute.
Euskadiko Enpresa eta Berrikuntza Zentroek (BIC) parte-hartze handia dute programan, ekintzaileei eta enpresak sortzeari laguntzeko tresna gisa duten eginkizuna dela eta. Zentro horiek laguntza ematen dute enpresa berriak abian jarri eta garatzeko prozesu osoan zehar, eta, gainera, aholkularitza ematen diete eta beren jardueretarako azpiegiturak eskuratzen laguntzen.
Programa bat dator Euskadi Basque Country 2030 Agendarekin; Nazio Batuek 2015eko irailaren 25ean onetsitako Garapen Jasangarrirako 2030 Agendari Euskadik egindako ekarpena da agenda hori. Horretan, enpresak oinarrizko eginkizuna betetzera gonbidatzen dira; hori, aldi berean, ardura eta aukera paregabea da negozioen helburuak ekitate- eta jasangarritasun-helburuen barruan errenditzeko. Laburbilduz, Garapen Jasangarrirako Helburuek (GJH) aukera ematen dute garapen jasangarriaren arloko munduko erronka handienei aurre egitea ahalbidetuko duten soluzioak eta teknologiak garatzeko eta ezartzeko.
Era berean, adierazi behar da Ekintzaile programa entitatearen 2025-2028ko aldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela. Plan hori Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onetsi zen (gero, Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 6ko Aginduaren bidez aldatu zen), eta erakundearen gardentasunaren atarian argitaratu zen. Programak planaren helburu hau lortzen laguntzen du: «Proiektu berritzaileei edo teknologia-oinarrikoei edo proiektu industrialei edo produktu-prozesu industrialei lotutako zerbitzuetakoei laguntzea». SPRIko Administrazio Kontseiluak, 2025eko abenduaren 16ko saioan, era berean, programari dagokion gastua onetsi zuen.
Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzak publizitatearen printzipioaren arabera kudeatu eta eman behar dira, besteak beste. Era berean, DAELen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza-mota bakoitzaren edo dirulaguntza-programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2026rako Ekintzaile laguntza-programaren oinarri arautzaileak eta deialdia onestea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da ebazpen honetan.
Bigarrena.– 2026rako Ekintzaile programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Erabaki honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bilbao, 2026ko otsailaren 26a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
JON ANSOLEAGA UGARTE.
ERANSKINA
2026RAKO «EKINTZAILE» LAGUNTZA-PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK
1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.
1.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da arlo hauetako proiektuak laguntzea:
1) Ekintzailetza: pertsona fisikoek edo enpresa sortu berriek gidatutako enpresa-proiektu berriak.
2) Barne-ekintzailetza: euskal enpresen barruko ekintzailetza, enpresa-proiektu berriak sustatzekoa, ideiaren heltze-faseetan eta EAEn enpresa abian jartzeko faseetan, . Proiektu horiek enpresaren egungo jarduera dibertsifikatu behar dute.
Bi kasuetan, EAEn dauden «Bussiness Innovation Center» (BIC) baten tutoretzapean dauden enpresa-proiektu berritzaileei edo oinarri teknologikoko proiektu berriei, industria-arloko proiektuei edo prozesu-produktu horiei lotutako zerbitzuetakoei lagundu behar diete, Euskal Autonomia Erkidegoan heltzeko eta abian jartzeko faseetarako.
Laguntza hori honako laguntza-mota hauen bidez gauzatuko da:
1. ildoa. Ekintzailetza: pertsona edo talde sustatzaileari edo enpresari, ideiaren heltzeko prozesuan eta enpresako plana egiteko prozesuan, hura martxan jarri arte laguntzea. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izango da.
2. ildoa. Barne-ekintzailetza: enpresaren talde sustatzaileari ideia heltzeko eta enpresako plana egiteko prozesuan laguntzea, harik eta enpresa berri bat abian jarri edo eratu arte. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izango da.
2.– Laguntzen izaera.
a) Laguntza horiek ondoz ondo emateko prozeduraren arabera emango dira, behar bezala jasotako eskaeren artean. Banaka eta ordenatuta ebatziko dira, oinarri hauetan eskatutako dokumentazio guztiarekin eskaera osatu den unearen arabera.
b) Programa honen esparruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.
c) Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi gutxikoak edo minimis laguntzak dira, eta, beraz, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko (EB) 2831/2023 Erregelamenduak («2831/2023 Erregelamendua») ezarritakoa bete behar dute.
2. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.
1.– Business Innovation Center: Enpresa- eta berrikuntza-zentroak dira, irabazi-asmorik gabekoak; ekintzaileei eta enpresei laguntza ematen diete, enpresa-ekimen berritzaileak edo oinarri teknologikoko enpresa-ekimenak sustatzeko eta haien garapena sustatzeko. BICak tresna dinamizatzaileak dira enpresa-proiektu berriak ekoizpen-sarean sartzeko, eta haien helburua da proiektu horien etorkizunari arrakasta-berme onenekin ekitea, berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko konpromisoaren bidez.
2.– Enpresako plana: negozio-aukera bat identifikatu, deskribatu eta aztertzen duen dokumentua, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa aztertzen duena. Plan horretan, negozio-aukera hori enpresa-proiektu bideragarri bihurtzeko behar diren prozedura eta ekintza guztiak garatzen dira.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 2026an laguntzak emateko programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 3.500.000 eurorenak dira, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek Euskal Autonomia Erkidegoko 2026ko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.
2.– Funts hauek mugatuak direnez, laguntzak eskatu eta ematea ahalik eta lasterren egitea nahi du programak; laguntzak, beraz, espedientea osorik dagoen unearen arabera adjudikatuko dira, modu ordenatuan, eta ebazpen bidez ukatuko dira, programarako gehieneko zuzkidura gainditzen badute.
3.– Programara bideratutako funtsak ahituz gero, programa amaitu egingo da eta horren berri emango da SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez eta webgunean (www.spri.eus), eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Aurrekontu-kreditua ahitutakoan, ezingo da laguntza berririk eman, eta berariaz atzera botako dira aurkeztu bai baina ebazteko dauden eskariak.
4. artikulua.– Entitate onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.
1.– Laguntza-ildoak.
1. ildoa.– Ekintzailetza.
Honako hauek izan daitezke laguntzaren onuradunak: (i) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsona fisikoak; eta (ii) 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera eratu diren edo 2024ko urtarrilaren 1az geroztik jarduera ekonomikoetan alta eman duten eta gutxienez jarduera-zentro bat Euskal Autonomia Erkidegoan duten pertsona juridikoak. Bi kasuetan, enpresa-proiektu berritzailea edo teknologia-oinarrikoa edo industriala produktu-prozesu industrialei lotutako zerbitzuetakoa izan behar du eta Euskal Autonomia Erkidegoan abiarazteko asmoa izan behar da.
2. ildoa.– Barne-ekintzailetza.
Egoitza soziala edo gutxienez jarduera-zentro bat EAEn duten pertsona juridikoak izan daitezke laguntzaren onuradun, baldin eta enpresa-proiektu berritzailea edo teknologia-oinarrikoa edo industriala edo produktu-prozesu industrialei lotutako zerbitzuetakoa badute, enpresa berri bat sortzeko bokazioa badute eta alta emanda badaude Euskadiko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien industriako epigrafean.
2.– Bi ildoetako edozeinetan, honako hauek ezingo dira izan deialdiaren laguntzen onuradun:
a) Sektore publikoren bateko kide direnak, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
b) DAELen 13. artikuluan aurreikusitako egoera eragozleren batean daudenak.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak egunean dituztela pentsatuko da, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Hala, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela iritziko zaio zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean edo itzulketa-ebazpena aurkaratzeagatik etetea erabaki denean.
c) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.
d) 1. ildoaren kasuan, aurreko urteetan Ekintzaile programaren onuradun izan direnak.
e) Enpresa-proiektu berrien sustapenaren, inkubazioaren edo azelerazioaren arloetan lan egiten dutenak.
f) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzen dutenak, leheneratzeko terapiak sustatu edo egiten dutenak barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
3.– Eskabidea aurkezten denetik emandako laguntza likidatu arte bete beharko dira laguntza ekonomikoaren onuradun izateko aurreko ataletan adierazitako eskakizunak (DAELen 13.1.b) artikuluan aurreikusitako konkurtso-egoerei buruzko debekua izatea salbuetsita).
4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatu behar dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du baldintza hauek betetzen direla:
– Pertsona juridikoek jarduera-zentro bat izatea Euskal Autonomia Erkidegoan, eta proiektuak han eragina izatea.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.
– Alta emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan dagokien industriako epigrafean.
Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean organo eskudunak emandako administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.
b) Gainerako betekizunak egiaztatzeko, DAELen 13. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauei eranskin gisa erantsi zaien eredu normalizatuaren arabera. Bigarren kasu horretan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu SPRIk hala eskatzen dionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako eskakizunak eta DAELen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatutako betekizunen egiazkotasuna, hala badagokio, gainbegiratze-bisitan edo dokumentuak eskatzean egiaztatu ahal izango da.
5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.
Honako hauek hartuko dira diruz lagun daitezkeen jarduera gisa:
– 1. ildoa. Ekintzailetza: pertsonari, talde sustatzaileari edo enpresari ideia heltzeko prozesuan eta enpresako plana egiten laguntzea, martxan jarri arte. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izango da.
– 2. ildoa. Barne-ekintzailetza: enpresaren talde sustatzailea ideia heltzeko prozesuan eta enpresako plana egiten laguntzea, hala badagokio merkataritza-entitate berri bat martxan jarri eta eratu arte, baldin eta bideragarria dela frogatzen bada. Laguntza hori itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izango da.
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak (1. ildoa eta 2. ildoa).
1.– Laguntzari begira, hauek joko dira gastu hautagarritzat, baldin eta 100 euroko gutxieneko zenbatekoa gainditzen badute:
– Prestakuntza espezifikoa eta enpresakoa. Ez-arautua barne, baldin eta proiektuarekin lotuta badago.
– Aholkularitza- gastuak eta kanpoko laguntza teknikoaren gastuak.
– Prospekzio- eta dokumentazio-gastuak.
– Prospekzio komertzialeko azoka eta bidaietan parte hartzea.
– Maketa eta prototipoak egitea.
– Aurrekoen osagarri diren beste batzuk.
2.– Diruz lagun daitezkeen gastuak proiektuaren BIC tutoreak onetsi beharko ditu, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Maketa eta prototipoen gastuek, oro har, ezingo dute gainditu onetsitako aurrekontu guztiaren % 25.
b) Laguntza-eskaera egin ondoren eta gehienez ere 18 hilabeteko epean sortu beharko dira. SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak hautagarritzat jo ahalko ditu laguntza emateko ebazpenaren aurretik egindako gastuak ebazpenean, proiektua hasi ondoren, baldin eta 2026ko urtarrilaren 1aren ondoren egiten badira. Kasu horretan, 18 hilabeteko epea hautagarritzat jotako lehen gastuaren sortzapen-datatik aurrera hasiko da zenbatzen.
c) Ez da gastu hautagarritzat joko fakturan jasandako balio erantsiaren gaineko zerga, salbu eta onuraduna pertsona fisikoa izanik autonomoa ez denean.
d) Aurkeztutako proiektuaren esparruan azpikontratatutako kanpoko enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:
i) Ezingo dira izan sektore publikoko entitateak, instituzioak sailkatzeko arau aplikagarrien arabera.
ii) Ez izatea loturarik, akzio edo partizipazioen bidez, ez eta zuzenean edo zeharka administratuak izatea ere, laguntzaren eskatzailearekin edo lankidetza-proiektu batean sartutako enpresetakoren batekin, proiektua hasi eta amaitu ondorengo hiru urteetan.
3.– Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
a) Gastu hautagarriek lotura zuzena izan beharko dute programak xedetzat duen jarduerarekin, eta artikuluetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.
c) Gastu hautagarria euroa ez den diru batekin baloratzen bada, ordainketa-eguneko truke-tasara bihurtuko da.
d) Ez dira inolaz ere gastu hautagarritzat joko fabrikatu edo merkaturatutako produktu edo zerbitzuak, ezta eskatzaileak berak edo taldeko edota akzio edo partizipazio bidez laguntza-eskatzailearekin zuzenean edo zeharka lotutako enpresek egindako lanak ere.
4.– Edozein kasutan, DLOren 30. artikuluarekin bat datozenak oinarri hauetako esparruan diruz lagun daitezkeen gastutzat joko dira.
7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa emango dira:
1.– 1. ildoko laguntzetan (Ekintzailetza), hautatu daitezkeen gastuen % 100 arte hartuko dira kontuan.
2.– 2. ildoko laguntzetan (Barne-ekintzailetza), hautatu daitezkeen gastuen % 70 arte hartuko dira kontuan. Intentsitate hori % 100era igoko da proiektuaren testuinguruan merkataritza-entitate berri bat sortu eta eratzen bada, proiektua egikaritu bitartean.
3.– Bi ildoetan laguntzaren gehieneko zenbatekoa 30.000 eurokoa izango da.
8. artikulua.– Laguntzak metatzea, mugak eta azpikontratazioa.
1.– Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dira edo beste finantzabide komunitario batzuk, baldin eta gastu hautagarri berberetarako programa bakoitzean ezarritako gehieneko intentsitateak errespetatzen badira, banan-banan aztertuak.
2.– Dirulaguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza batzuekin bat eginda, inolaz ere ezin da izan onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Beste laguntza publiko batzuen eta programa honen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.
3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzatzat hartzen dira.
4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntza, guztira, ezingo da izan 300.000 eurotik gorakoa, aurreko hiru urteko edozein alditan kontabilizatuta.
5.– Minimis laguntzak ezin dira metatu gastu berberetarako estatutik jasotako laguntzekin, ez eta arriskua finantzatzeko neurri berbererako estatu-laguntzekin, baldin eta batura hori laguntzaren intentsitatea baino handiagoa bada, edo kategorien araberako salbuespenen erregelamendu batean nahiz Europako Batzordearen erabaki batean kasuan kasuko inguruabarretarako ezarritako laguntzen zenbatekoa baino handiagoa bada.
6.– Aurrez aipatutako muga horiek edo programa honek zehazten dituen beste batzuk gaindituz gero, soberako kopurua murriztu egingo da programaren arabera emandako zenbatekotik.
7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea aitortzen zaion unean.
8.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea.
DAELen 31.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, onuradunak azpikontratatu edo kontratatu duela iritziko zaio, baldin eta hirugarrenekin adosten badu dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egikaritzea. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenak azpikontratatzea edo kontratatzea diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta, diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko edo kontratatzeko, aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatu beharko dira.
9.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoa baino handiagoa bada eta hirugarrenekin kontratua egin beharra badago, onuradunak hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, hiru hornitzailerenak, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziengatik horiek egiten, ematen edo hornitzen dituen behar besteko entitaterik ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.
Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabili behar dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.
Aplikagarria den kasuetan, onuraduna enpresa denean, diruz lagundu daitezkeen gastuak DAELen 30.2 artikuluan ezarritako epeetan ordainduko dira.
9. artikulua.– Laguntza eskatzea.
1.– Laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten entitateek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren webgunean eskuragarri dagoen eskaera bete behar dute. Horren arabera, eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egin behar dira, SPRIren webgunearen bidez, (https://www.spri.eus/laguntzak/ekintzaile/ helbidean, alegia). Interesdunek webgunean aurkituko dute kudeaketa egiteko behar den informazioa.
2.– Laguntza-eskaera, eskatutako dokumentazioarekin batera, hautatutako hizkuntza ofizialean aurkez daiteke. Gainera, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera.
3.– Eskaera hori pertsona fisikoak sinatu beharko du, edo, pertsona juridikoa bada, entitatea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak, sinadura elektroniko aurreratu bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez).
4.– Laguntzaren eskaerak pertsona fisiko edo enpresa eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.
10. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Aurreikusitako laguntzak eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten entitateek (bi ildoak) dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
1.– Onuraduna pertsona fisikoa bada:
a) Talde sustatzaileko kideen nortasun-agiri nazionala.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko errolda-ziurtagiria.
c) Ordainketak egin ahal izateko emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.
d) Proiektua definitzeko dokumentua; bertan jasota egon behar dira datu orokorrak (proiektuaren jatorria, garatuko den produktua edo zerbitzua, xede den merkatua...) eta diruz lagundu daitezken gastuen aurrekontu zenbatetsia eta inbertsio-, fakturazio- eta enplegu-arloetan aurreikusitako datuak, datozen hiru urteetarakoak.
2.– Onuraduna pertsona juridikoa bada:
a) Entitatearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionala (NAN) edo atzerritarren identifikazio-zenbakia (AIZ).
b) Eraketa-eskritura.
c) Sozietatearen ordezkariaren ahala, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu agintaritza ziurtatzaile aitortu batek eman duen eta indarrean dagoen pertsona juridikoaren ordezkariaren ziurtagiri baten bidez.
d) Identifikazio fiskaleko txartela.
e) Ordainketak egin ahal izateko emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.
f) Hala badagokio, EJZn alta emanda ez izatearen ziurtagiria.
g) Proiektua definitzeko dokumentua; bertan jasota egon behar dira datu orokorrak (proiektuaren jatorria, garatuko den produktua edo zerbitzua, xede den merkatua...) eta diruz lagundu daitezken gastuen aurrekontu zenbatetsia eta inbertsio-, fakturazio- eta enplegu-arloetan aurreikusitako datuak, datozen hiru urteetarakoak.
3.– Pertsona fisikoa zein juridikoa bada, entitatearen edo pertsona fisikoaren lege-ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauei eranskin gisa atxikitako eredu normalizatuko edukiari jarraikiz.
Horretaz gain, honako informazio hau aurkeztu beharko da:
– Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan emandako minimis laguntzen zerrenda, hauek adierazita: emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa.
– Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, hauek adierazita: eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa.
11. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Ildo bietarako laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2026ko abenduaren 11n amaituko da. Dena dela, eskatzaileentzako arreta 2026ko abenduaren 11ko 15:00etan amaituko da.
12. artikulua.– Laguntza emateko prozedura.
1.– Aurkezpena.
a) Eskatzaileak eskaera bete beharko du.
b) SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak BIC bati esleituko dio eskaera, oinarri hauetako 14. artikuluan aurreikusitako erakunde laguntzailea den aldetik.
c) BICek egiaztatuko du informazio guztia zuzena dela, eta, hala badagokio, aldeko txostena egingo du.
2.– Kudeaketa.
a) Laguntza-eskaerak organo kudeatzaileak kudeatuko ditu, espedientea osorik dagoen unearen arabera. Organo kudeatzaileak BICen laguntza izango du; horrek eskaera ulertu eta aztertu ahal izateko behar adina dokumentazio edo informazio osagarri eskatu ahalko dio eskatzaileari.
Eskaerak hutsak baditu, ez bada oso-osorik bete edo ez bada atxiki eskatutako dokumentazioa, BICek edo SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak enpresa interesdunari eskatuko dio hamar eguneko epean hutsune horiek betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Gainera, adieraziko dio hori egin ezean eskaera bertan behera geldituko dela, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurretiazko ebazpenarekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.
b) BICek egin beharko dituzte aurkeztutako eskarien analisiak eta hasierako balidazioa, eta, oinarri hauetako 14. artikuluan esleitutako funtzioen barruan, enpresa-proiektua aztertzeko txostena egin behar dute.
c) Egindako txostenaren arabera, organo kudeatzaileak laguntza emateko proposamen bat idatziko du, SPRIren Zuzendaritza Nagusiarentzat.
3.– Ebazpena.
a) Prozeduraren ebazpena SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiak emango du, eta eskaerak aurkezpen-ordenaren arabera ebatziko dira, behar den aurrekontu-kreditua dagoen bitartean, eta eskatzaileei jakinaraziko zaie.
b) Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak atzera botako dira SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bitartez.
c) Gehienez ere sei hilabeteko ebazpen-epea ezartzen da, dokumentazio osoa aurkezten denetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskaera atzera bota dela esan nahi du.
d) Denok jakiteko zer laguntza onartu diren, SPRIren webgunean eta Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
e) Emakidaren ebazpenean onuradunari jakinaraziko zaio minimis laguntza dela.
13. artikulua.– Laguntzen justifikazioa eta ordainketa.
1.– Laguntza (1. ildoa eta 2. ildoa).
a) SPRIk ordainduko du entitate onuradunei emango zaien dirulaguntza, BICek emandako balorazioaren eta SPRIren ondorengo onespenaren arabera.
b) Aldizka, eta gutxienez seihileko bakoitzean behin, entitate onuradunek proiektuaren egikaritzea justifikatu beharko dute, SPRIren aplikazio informatikoaren bidez (ondore horietarako, lehenengo seihilekoa laguntza onetsi eta hurrengo seihilekoa izango da).
Laguntza onesteko urtean, gutxieneko likidazio bat egin beharko da, baldin eta onetsi denetik urtea amaitu arte hiru hilabete baino gehiago igarotzen badira.
Azken likidazio-eskaera proiektua amaitu eta gehienez hiru hilabete igaro baino lehen aurkeztu beharko da, eta, edozein kasutan, 2028ko irailaren 30a baino lehenago. Seihilekoko likidazio bat gutxienez aurkezten ez bada, entitate onuradunak onuradun izateari utziko dio.
c) Eskaera hori pertsona fisikoak sinatu beharko du, edo, pertsona juridikoa bada, entitatea ordezkatzeko ahalordea duen pertsonak, sinadura elektroniko aurreratu bidez.
d) Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
– Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, kostuak banakatuta.
– Fakturen ordainketen ordainagiriak, ordainketa kontuetan edo banku-ziurtagirian islatuta.
– Hala badagokio, emandako zerbitzuaren egiaztagiriak.
– Sei hilean behin: Enpresa Proiektua prestatzeko lanaren bilakaera, jardueraren memoriaren bidez.
– Laguntza-aldiaren amaieran: egindako enpresako plana.
– Merkataritza-entitate berria eratzen den unean, eratzen bada: sozietatearen eratzeko eskriturak eta IFZ.
– DAELen 30.3 artikulua aplikatuz, entitate onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.
– Jarduerak dirulaguntzarekin batera funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretarako funts horien zenbatekoa, jatorria eta aplikazioa egiaztatu beharko dira.
Likidazioa ez bada guztiz betetzen edo ez bada harekin batera eskatutako gainerako dokumentazioa aurkezten, SPRIk edo dagokion BICak entitatearen legezko ordezkariari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean hutsune hori betetzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko.
2.– Dirulaguntzen ordainketa.
– 1. ildoaren kasuan, behar bezala justifikatu eta onartzen diren gastuen % 100 ordainduko da.
– 2. ildoaren kasuan:
a) Orokorrean, behar bezala justifikatzen diren gastuen % 70 ordainduko da.
b) Adierazitako epeetan merkataritza-entitate berria eratzen bada:
– Merkataritza-entitate berria eratu arte behar bezala justifikatu eta onartzen diren gastuen % 30 ordainduko da.
– Merkataritza-entitate berria eratu denetik behar bezala justifikatu eta onartzen diren gastuen % 100 ordainduko da.
Kasu guztietan, dirulaguntza 30.000 eurokoa izango da gehienez ere.
14. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.
1.– Oinarri hauetan jasotako araudiarekin bat ematen diren laguntzei dagokienez, EAEko BICak erakunde laguntzaile izendatzen dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera (698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena) eta DAELen ezarritakoaren arabera. Horrez gain, arau honetan eta dagokion lankidetza-hitzarmenean jasotako zehaztasunak beteko dira.
2.– Hauek dira EAEn kokatutako BICak:
Araba.
– BIC Araba: Arabako Eraberrikuntza-Industrialdea AB – Centro de Empresas e Innovación de Alava SA.
Bizkaia.
– BIC Bizkaia Ezkerraldea: Centro de Desarrollo Empresarial de la Margen Izquierda SA.
– Bizkaiko Enpresa eta Aurrerapen Zentrua / Centro de Empresas de Innovación de Bizkaia (BEAZ SAU).
Gipuzkoa.
– BIC Gipuzkoa: Centro de Empresas e Innovación de Gipuzkoa (BIC Gipuzkoa Berrilan SA)..
– Saiolan SA.
3.– BICak, erakunde laguntzaile gisa, honako funtzio hauez arduratuko dira:
a) Dokumentazioa aztertu eta proiektuak hasiera batean balioztatzea.
b) Onetsitako proiektuaren jarraipena eta tutoretza.
c) Ordainketa-proposamen(ar)en analisia eta hasierako balioespena.
d) Oinarri hauetako 16. artikuluan arautzen diren laguntzaren baldintzak aldatzeko proposamenak.
e) Edonola ere, oinarri hauetan jasotako guztiak.
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
DAELen 14., 27. eta 42. artikuluetan jasotakoak dira onuradunen betebeharrak, eta, zehazki, eta xede mugatzailerik gabe, hauek:
a) Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
b) SPRIri justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.
c) Emandako laguntza onartzea. Ildo horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean entitate onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIren aurrean, hura onartuta gelditu dela iritziko zaio.
d) Emandako laguntza haren xede den jarduketa-plana garatzeko erabiltzea.
e) SPRIk beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio gehigarri guztia eskatu ahal duela onartzea, eta SPRIk izendatutako langileek beharrezko eta komenigarritzat jotzen dituzten egiaztapenak egin ditzaketela euren instalazioetan, esleitutako laguntzaren xede den proiektua egikaritu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzeko.
f) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urteko epean zehar, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.
g) SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eta beste kontrol-organo eskudunen (estatukoen zein Europar Batasunekoen) egiaztatze- eta kontrol-jarduketak ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak, aurreko jarduketak egitean eskatutako informazio guztia aurkeztuz.
h) SPRIri eta BICari jakinaraztea hemen araututako laguntzen xede bera edo antzeko xedea duten dirulaguntza edo laguntzak, diru-sarrera edo baliabideak eskatu edo lortu izana, edozein administrazio edo entitate publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak. Jakin bezain laster jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
i) SPRIri laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.
j) Honako hedapen-neurri hauek hartzea, dirulaguntzaren xede den programa, jarduera, inbertsio edo ekimenaren finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko, DAELekin bat:
– Publikoki hedatzeko dokumentu, kartel, propaganda edo argitalpenetan SPRIren logotipoa eta SPRIk diruz lagundua esaldia agertu beharko da, honako esteka honetan eskura dagoen formatuari jarraikiz: https://www.spri.eus/es/logo/
– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.
k) Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.
l) Dirulaguntza ordaindu aurretik, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzea, bai eta dirulaguntzak itzultzeari dagozkionak ere, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan zehazten den moduan.
m) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzak arautzeko oinarriek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.
n) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueretarako beharrezkoak izan daitezkeelako.
o) DAELen 35.4 eta 36. artikuluetan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa.
p) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokien alderdia errespetatzen dituzten hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntza jasotzen duen jarduera edo proiektuak behar dituen agiri eta material guztietan. Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.
q) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.
r) Onuraduna DAELen 48.1 artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean, enpresa-deslokalizaziorik ez egitea 49. artikuluan ezarritako eran.
s) Diruz lagundu daitezkeen programen, jardueren, inbertsioen edo edozein motatako jarduketen finantzaketaren izaera publikoa behar bezala iragartzea, gardentasunari buruzko legedian ezarritako eran.
16. artikulua.– Laguntzak aldatzea eta epeak luzatzea.
1.– Dirulaguntza ematen duen organoak erabaki dezake emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, aldez aurretik unean uneko egoeraren balorazioa eginda, baldintza hauek betetzen direnean:
a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, DAELen 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.
b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.
c) Oinarri arautzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.
d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.
e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.
f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.
2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELen 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.
3.– Halaber, programa kudeatzeko arduradunak luzatu ahal izango du egin beharreko jarduerak egiteko epea, baldin eta entitate eskatzaileek hala eskatzen eta behar bezala justifikatzen badute, eta 6.2 artikuluko hemezortzi hilabeteko gehieneko epea gainditzen ez bada.
17. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeak.
1.– Entitate onuradunek eman zaien laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, oinarri hauetan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira.
Entitate onuraduna konkurtso-prozedura batean sartuta badago, SPRIk lehentasuna izango du kasu bakoitzean aplikatu beharreko xedapenek aitortu bezala emandako laguntza itzulgarriak berreskuratzeko, eta, hala badagokio, itzultzeko betebeharraren erantzukizun subsidiarioa bideratzeko espedientea abiarazi ahal izango du pertsona juridikoen ordezkarien aurka, haien izaera edozein dela ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketa Erregelamendua onartzen duen urtarrilaren 12ko 1/2021 Dekretuaren 100.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira, honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:
a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez-betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, baldin eta SPRIri eskatzen bazaizkio eta entitate onuradunak justifikatzen baditu, eta, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, eta ez bada hutsaltzen jarduketen izaera.
b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, baldin eta ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.
d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.
e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.
f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) DAELen aurreikusitako arrazoiak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak, tartean DAELen 51. artikuluak ezartzen duen enpresen deslokalizazioaren adierazpenari buruzkoa, edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da, ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta dirulaguntza edo berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, zeinak DAELen xedatutakoaren arabera eskubide publikoko diru-sarrerak baitira, eta horrek ez du eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak ezartzea. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.
5.– Ezarritako baldintzak zati batean betetzen direnean, baldin eta egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, dirulaguntza zati batean ordainduko da, edo, hala badagokio, zati batean itzuliko da, egin behar zen jarduera guztitik benetan egindakoaren proportzioa erabiliz hori kalkulatzeko. Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubide duen zenbateko partzial horrek bat egingo du emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikatze hori egiaztatu ondoren eta erakunde emaileak onartu duenean.
6.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntza batzuen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (10. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.
7.– Halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da onetsitako proiektu bat Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo exekutatzen bada.
8.– Borondatezko epean itzultzen ez bada, premiamendu-bideari ekin ahal izango zaio, aplikagarria den legezko araudian xedatutakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.
Programa honi araudi hau aplikatzen zaio:
1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.
2.– 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta, aplikatzekoa den kasuetan, 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena.
3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
4.– Batzordearen (EB) 2023/2831 Erregelamendua, 2023ko abenduaren 13koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko egin duzun eskaeran oinarrituta, tratamendu horren xedea da eskatu duzun laguntzaren espedientea kudeatzea, datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa SPRIk duen interes publikoa baita, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia gisa sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betez.
Informazio hori gai horretan eskuduna den Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahalko zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetu bitartean eta legez eskatu daitekeen epea iraun bitartean gordeko dira datuak, lege-betebeharrak betetzeko xedez.
Interesdun guztiek eskubide hauek egikaritu ahal izango dituzte: datuak zuzentzea edo ezereztea, tratamendua mugatzea, datuen eramangarritasunari aurka egitea edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izatea, bai eta datuen babesaren inguruan aplikagarria den araudian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide elektroniko honetara bidalita: lopd@spri.eus. Halaber, interesdunek gure Datuak Babesteko ordezkariarekin harremanetan jar daitezke, idatzizko jakinarazpen baten bidez, honako helbide honetan: dpd@spri.eus
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta, SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.apvd.euskadi.eus
SPRIn datu pertsonalak babesteari buruzko informazio osagarria eta zehatza kontsultatzeko, webguneko Pribatutasun Politika atalera (https://www.spri.eus/lege-oharra/) jo daiteke.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauekiko hartzen dituen erabakiek administrazio-izaera dute, eta, beraz, eskumeneko jurisdikzioa administrazioarekiko auziena izango da.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Onuradunek, betiere, programa honen bitartez emandako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, 15. artikuluan zehaztutako eran.
ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUA
[Izen-abizenak] jauna/andrea, indarrean dagoen [...] zenbakidun NANarekin, [...] IFK eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duen [eskatzailearen izena](r)en izenean,
I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta zehazki:
– Aurreko hiru urteetan ez duela jaso 300.000 eurotik gora minimis laguntzetan.
– Eskaera honetatik dagokion atalean alderdi hauei buruzko informazioa ematen dela:
a) Aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen zerrenda, hauek adierazita: emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Proiektu bererako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, hauek adierazita: eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa.
– Ez dagoela programaren oinarri hauetako 5. artikuluaren 3. atalean aurreikusitako egoeretako batean, hau da:
a) Sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.
b) DAELen 13. artikuluan aurreikusitako egoera eragozleren batean egotea, hau da:
a) Epai irmo bidez dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorra jaso izana edo prebarikazioagatik, eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, eragimen-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legez kontrako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik zigorra jaso izana.
b) Borondatezko konkurtsoaren deklarazioa eskatu izana; edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo izana; konkurtsoan deklaratuta egotea, salbu eta horretan hitzarmenaren eraginkortasuna eskuratu badu; esku-hartze judizialaren mende egotea; edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearekin bat ezgaituak egotea, konkurtsoaren kalifikazio-epaian zehaztutako desgaikuntza-aldia amaitu gabe.
c) Administrazioarekin eginiko edozein kontratu ebazpen irmo bidez indargabetu izana errudun deklaratuak izateagatik.
d) Honako lege hauek jasotako bateraezintasun-araubidearen kasuetako batean dauden pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak izatea: 53/1984 Legea (abenduaren 26koa, Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzkoa) eta 1/2014 Legea (ekainaren 26koa, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak arautzen dituena). Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapenezko karguak direnak izatea, lege horretan edo gai horiek arautzen dituen autonomia-erkidegoko araudian ezarritako eran.
e) Indarreko xedapenen arabera, zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean ez izatea erregelamenduz ezarritako moduan.
f) Egoitza fiskalak erregelamenduaren arabera zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean izatea.
g) Dirulaguntzak itzultzearen ondoriozko beharrak ordaindu gabe izatea erregelamenduak zehaztutako eran.
h) Ebazpen irmo bidez zehapena jaso izana eta, horren ondorioz, dirulaguntzak jasotzeko aukera galdu izana, lege honi edo hala adierazten duten beste batzuei jarraikiz. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradunak izan edo erakunde laguntzaileak izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako araudia urratzeagatik administrazio-zehapena edo zigorra jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian zehar. Horretaz gain, ezingo dituzte laguntzak edo dirulaguntzak jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun plan bat izan behar duten arren halakorik ez duten enpresek, ezta sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitu eta saihesteko neurriak ezarri dituztela egiaztatu ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Estatuko legedian ezarritakoarekin bat.
i) Pertsona fisikoa edo juridikoa, publikoa edo pribatua, zigortuta egotea Ekonomia zirkular baterako hondakin eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astuna edo oso astuna egiteagatik, administrazio-bidean, ebazpen irmo baten bidez, harik eta neurri zuzentzaile egokiak bete eta zehapena ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonentzako lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete ez izana, kuota hori betetzeko neurri alternatiboak martxan jarri izana egiaztatu gabe.
c) Enpresa-proiektu berrien sustapenaren, inkubazioaren edo azelerazioaren arloetan lan egitea.
d) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe egotea.
e) 1. ildoaren kasuan, 2025ean Ekintzaile programaren onuradun izana.
f) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, Trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
– Adierazpen honek barnean hartzen ditu eskatzaileak programaren oinarrietako 8.9 artikuluan adierazitakoa betetzeari buruzko konpromisoak, hau da, enpresak deslokalizatzeari buruzkoak, DAELen 49. artikuluaren arabera, eta gainfinantzaketarik ez izateari buruzkoak, DAELen 9.4.h) artikuluaren arabera.
II.– Betetzen ditut indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
– Egiazkoak eta osoak dira eskabide honetako datu guztiak, baita aurkezten ditudan agiri guztiak ere, eta neure gain hartzen dut horren erantzukizuna (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 28.7 artikulua).
III.– Erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehatza ez bada edo faltsua bada edo funtsezko zerbait falta bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, ezinezkoa izango da eragindako eskubidea baliatzen edo jarduera egiten jarraitzea gertakari horien berri izaten den unetik aurrera, eta, gainera, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak egon daitezke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. atalean ezarritakoaren arabera.
○ Ados nago goian adierazitako adierazpenen edukiarekin.
RSS