
51. zk., 2026ko martxoaren 16a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (211 KB - 12 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1169
EBAZPENA, 2026ko otsailaren 20koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Aretxabaletako 33. sektorearen arau subsidiarioen aldaketa puntuala egiteko.
AURREKARIAK
2025eko azaroaren 12an, Aretxabaletako Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko gai honi buruz: «Aretxabaletako 33. sektorearen arau subsidiarioen aldaketa puntuala» (aurrerantzean, Plana). Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2026ko abenduaren 17an, eta espedientean jasota dago emaitza. Bestalde, Aretxabaletako Udalari jakinarazi zitzaion hasiera eman zitzaiola prozedurari.
Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-eragin adierazgarririk –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edota plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako.
Planak ez du esparrurik ezartzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari lotuta dauden proiektuei baimena emateko. Ez die, halaber, Natura 2000 Sareko espazioei ere eragiten, ezta Ondare naturalari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeriak edo Euskal Autonomia Erkidegoko natura zaintzeko legeria aplikatuz emandako arau-xedapen orokorrek edo nazioarteko hitzarmenek eragindako ingurumen-babeserako erregimenen bat duten eremuei ere.
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan araututa dago, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Honako hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Aretxabaletako 33. sektorearen arau subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:
A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.
Planaren eremua (47.763 m2) indarrean dauden Aretxabaletako arau subsidiarioen 33. sektorean dago, Olatza errekaren ezkerreko bazterrean eta GI-627 errepidetik hurbil.
Gaur egun eremua urbanizatuta eta eraikita dago. Egungo planeamenduan esleitutako gehieneko okupazioa dagoeneko agortu da, eta eraikigarritasun-soberakin bat dago, solairuarteren bat eraiki ahal izateko. Olatza errekaren eskuineko bazterrean ekipamendu-partzela bat dago, eta ez dago eraikita.
Hauek dira aldaketa puntual horren helburuak:
– 33. sektorearen eraikigarritasuna areagotzea, Mondragon Assembly taldearen instalazioak handitu ahal izateko.
– Eremuaren antolamendu xehatua aldatzea, Mondragon Assembly taldearen partzela pribatua handituta.
Aldaketa puntualean honako hauek egingo dira:
– Partzela berri bat mugatzea KL Katealegaia enpresaren eraikina finkatzeko.
– Ekipamendu-partzela berri bat mugatzea, poligonoaren transformazio-zentrorako.
– l-1 partzelaren gehieneko okupazioa eraikitako eraikinari egokitzea.
– 33. sektorearen azalera topografia xehatura egokitzea.
– Zonakatze xehatua (eremu berdeak/bidegintza) benetan eraikitako errealitatera doitzea.
Planak l.1 partzela egungo egoeran finkatzen du, oinaren okupazioari dagokionez izan ezik. Izan ere, pixka bat handitu da egun eraikita dagoen eraikinera egokitzeko, eta hiru partzela berri mugatzen ditu: I.2 eta I.3 partzela industrialak eta ekipamendu-partzela publiko berri bat, E.2.
– l.1 partzelak parametro hauek hartzen ditu aintzat:
• Partzelaren azalera: 10.933 m2.
• Gehieneko eraikigarritasuna: 9.837 m2(t)
• Gehieneko okupazioa: 9.395 m2.
• Eraikinaren gehieneko altuera: 12 m.
– I.2 partzela industriala, KL Katealegaia enpresaren eraikina hartzen duen partzela mugatu berria. Egungo eraikuntza finkatu egingo da. Partzelak parametro hauek hartzen ditu aintzat:
• Partzelaren azalera: 609 m2.
• Gehieneko eraikigarritasuna: 1.218 m2(t)
• Gehieneko okupazioa: 609 m2.
• Eraikinaren gehieneko altuera: 12 m.
– I.3 partzela industriala: Mondragon Assembly taldearen partzela da, eta hura handitzeko egun urbanizazio publikoaren parte diren lurzoruak gehituko dira. Helburua da egungo eraikina handitzea, oinaren okupazioa 2.546 m2 areagotzeko. Era berean, altuera 17 m-ra areagotzea aurreikusten da, bi solairu eraiki ahal izateko. Partzelaren eremu ez-eraikiko urbanizazio pribatuan aparkatzeko 96 plaza gaitzea aurreikusten da, bai eta eraikinaren lehenengo solairuko kotarako sarbidea ere, elementu hori ezinbestekoa baita ekoizpen-eremuak behar bezala funtzionatzeko.– l.3 partzela industrialak parametro hauek hartzen ditu aintzat:
• Partzelaren azalera: 9.436 m2.
• Gehieneko eraikigarritasuna: 15.400 m2(t).
• Gehieneko okupazioa: 9.436 m2.
Eraikuntzaren gehieneko altuera: 17 m.
– E.2 ekipamendu-partzela: 33. sektoreari zerbitzua ematen dion transformazio-zentro bat duen partzela publiko bat mugatu da.
Bestalde, Planak E.1 interes publiko eta sozialeko ekipamendu-partzela finkatzen du, 33. sektorean bide eta aparkalekuentzako azalera murrizten du, eta, aldi berean, eremutik kanpo 48 aparkaleku-plaza berri gaitzea proposatzen du, gertuko bide batean, Copreci enpresaren paraleloan. Era berean, berdeguneak egungo urbanizaziora egokitzen ditu, eta indarrean dagoen plangintzan aurreikusitako eremu libre eta berdeguneen azalera mantentzen du. Planean 57 zuhaitz landatzea aurreikusten da, bereziki 33. sektorearen barruan. Hala ere, sektore horren barruan zuhaitzak landatzea bideragarria ez bada, udal-titulartasuneko beste partzela batean landatuko dira.
Aurkeztu den dokumentazioan jasota dagoen informazioaren arabera, plana garatzeko zuzenean jardungo da. I-3 partzela zuzkidura-jarduketa da, eraikigarritasuna areagotzeagatik, eta I-1 eta I-2 partzelak, berriz, jarduketa isolatuak. Arloa ez dago ezein kudeaketa- eta egikaritze-baldintzaren menpe.
Alternatibak.
Ingurumen-dokumentuak bi aukera jasotzen ditu, 0. edo «esku-hartzerik ez» aukeraz gain. Proposatutako alternatiben ingurumen-analisia egin da, eta taula batean aurkeztu da. 0. alternatiba baztertu da; izan ere, Mondragon Assembly taldeak egungo pabiloia uztea eragin dezake, egungo pabiloiak ez baititu asetzen hazkunde-beharrak. Horrek pabiloia hutsik gelditzea eragingo luke, eta zaila izango litzateke etorkizuneko jarduketetarako egokitzea. Era berean, enpresa beste toki batera lekualdatzeak ingurumen-inpaktu nabarmena eragingo luke, garraioaren, eraikuntza berriak egikaritzearen eta lotutako mugimenduen ondorioz.
2. alternatibak enpresaren hazkunde-beharrak asetzen ditu; hala ere, alternatiba hori egikaritzeak lurzoru urbanizaezin berria okupatzea dakar, eta horrek Nekazaritza eta Basozaintzako LPSaren arabera landarediari eta nekazaritza-balio handiko lurzoruei eragingo lieke.
Soilik 1. alternatibak ematen du aukera enpresaren ekoizpen-beharrei erantzuteko, lurzoru antropizatua erabiliz, lurzoru urbanizaezin berririk okupatu gabe eta ahalik eta gehien murriztuz obra-fasean eragindako inpaktu-jarduerak. Hortaz, 1. alternatiba hautatu da.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.3 artikuluarekin bat etorriz, lege horren II.C eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez erabakitzeko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak edo programak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legeetan zerrendatutako kategoriaren batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: indarrean dagoen plangintzari dagokionez, aldaketak ez du azpimarratzeko moduko desberdintasunik eragiten aurreikusitako ingurumen-efektuetan, ezta hierarkian gorago dauden beste plan edo programa batzuetan ere. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; izan ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak gehitu daitezke planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak zaratari, lurzoruei, urei, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
Kontuan hartuta kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta plana garatuz etorkizunean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, uste da planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
Planaren eremua Aretxabaleta udal-mugartearen hirigunean dago, eta hiri-lurzoru sailkapena du.
Eremua Debako unitate hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Deba-B (ES111R040010) ur-masaren isuri-arroan dago. Sarriko edo Olatza errekak igarotzen dira eremutik, paraleloan, eta bi partzela industrialen artean Arkarazo edo Begiaran jariatzea igarotzen da, lurperatuta. Bi ibilgu horiek «Deba-B» ur-masara isurtzen dituzte urak (kodea: ES111R040010). Uraren kalitateari dagokionez, 2024. urtean, ur-masaren egoera ekologikoa «potentzialki neurrizkoa» zen, egoera kimikoa, «ona», eta egoera globala, «ona baino okerragoa». 2020-2024 aldian, egoera globala «ona baino okerragoa» zen. Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroari (EBE) dagokionez, eremuan ez da elementu babesturik identifikatzen.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko LAPari eta arlo hidraulikoari dagokionez, Sarriko erreka eta Arkazo adarra, Planaren eremua gurutzatzean, 0 mailako atal gisa sailkatzen dira (1<C<10 km2). Hirigintza-arloari dagokionez, Sarriko errekaren bazterrak hirigintza-garapen berrietarako potentziala duten ertz gisa zonifikatuta daude eraikitako industrialdeari dagokion zatian. Eraikita ez dagoen zatian (ekialdeko aparkalekuak), berriz, landa-eremuko bazter gisa sailkatuta daude. Bestalde, eremuko ingurumen-osagaiaren arabera, eremuko ertzak ez daude zonakatuta.
Jarduketa-eremua Hego Antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-006), zeinak 2024. urtean egoera global «ona» baitu. Eremuan ez dago hidrogeologia-intereseko lekurik, akuiferoak kutsatzeko arriskua ertaina da eta ez dauka ageriko kalteberatasunik.
Eremuko litologian pitzaduragatiko iragazkortasun txikiko arbel beltza, hareharria eta kareharri beltz kirasdunak daude, eta pitzaduragatiko iragazkortasun handiko maila karbonatuak. Proiektuaren xede den eremuan ez dago EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko lekurik.
Landarediaren ikuspegitik, eta EUNIS habitaten (geoEuskadi) kartografiaren arabera, eremua bat dator harizti azidofilo eta harizti-baso misto atlantiko landarediarekin, eta, hein handi batean, kokatuta dago dentsitate handiko herri eta hiriek okupatutako eremu batean, bai eta dentsitate txikiko eraikinak, manipulatu gabeko larreak eta bazkatutako larreak, hostozabalen baso gazteak eta Quercus robur baso azidofiloak dituzten eremuetan ere. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, landa-lanean Sarriko errekaren bazterrean landareak hauteman dira; batez ere haltzak (Alnus glutinosa) eta lizarrak (Fraxinus excelsior). Eremuaren hegoaldean (poligonoen atzealdean), batez ere lizarrak hauteman dira, baina honako hauek ere aurkitu dira: intxaurrondo europarraren aleren bat (Junglas regia), astigarra (Acer campestre), haltza (Alnus glutinosa), zumea (Salix atrocinerea), pinuaren familiako aleren bat, etab. Planean ez da hauteman Batasunaren intereseko habitatik (BIE) edo mehatxatutako flora espezierik.
Planaren antolaketa-eremua ez dago EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planaren eremuetan, ezta 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasotako eremuetan ere. Agindu horren bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta hegazti-faunaren babes-eremuak argitaratzen (2016-05-23ko EHAA).
Planaren eremua ez dator bat Natura 2000 sareko eremuekin, babestutako ingurune-eremuekin, ez eta inbentarioan sartutako beste eremu babestu edo natura-interesekoekin ere. Era berean, ez daude naturaguneen katalogoetan dauden beste zenbait espazio, LAGen azpiegitura berdean sartutako elementuak eta Onura Publikoko Mendiak (OPM). Edonola ere, Planaren eremua mendebaldean bat dator Aizkorri-Aratz «ES2120002» Kontserbazio Bereziko Eremuarekin (KBE).
Paisaiari dagokionez, eremua ez dago Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren Aurreproiektuan jasota (Eusko Jaurlaritza, 2005). Eremua nagusiki Goronaeta ikuseremuan dago, eta mendebaldeko zati txiki bat Aretxabaleta ikuseremuan.
Planaren eremuan ez dago kalifikatutako edo inbentarioan jasotako kultura-ondareko elementurik.
Ingurumen-arriskuekin lotuta, eta bereziki eremuaren uholde-arriskuarekin, Uraren Euskal Agentziak jakinarazi duenez, gaur egun ez dago uholde-arriskua adierazten duen kartografiarik Planaren eremuan dauden ibilguen kasuan. Bestalde, Planaren eremua bat dator Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioan sartutako kokaleku batzuekin; haien kodeak hauek dira: 20013-00049, 20013-00061 eta 20013-00062.
Bestelako arriskuez ari garela, baztertu egin dira sismikotasunarekin eta benetako higadurarekin zerikusia dutenak, bai eta SEVESO araudiaren mendeko enpresen hurbiltasunari lotutako arrisku kimikoa ere. Era berean, baztertu egin dira akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko eremuak egotearen ondoriozko arriskuak. Salgai arriskutsuen garraioari lotutako arriskuari dagokionez, eremuaren mendebaldean dagoen GI-627 errepidea arrisku txikikotzat jotzen da, eta eremua errepide horren 100, 200 eta 600 metroko afekzio-zerrendan dago. Ez dago salgai arriskutsuen trenbideko garraioari lotutako arriskurik.
Erantsitako azterlan akustikoaren arabera, planaren eremuan gaur egun zein etorkizunean (20 urteko aurreikuspena), bete egiten dira kalitate akustikoko helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak, lurzorutik 2 metroko altueran eta leihodun eraikuntzen fatxada eta garaiera guztietan.
Aretxabaletako udalerriko klima-aldaketari dagokionez, bero-boladen inpaktuari eta ibai-uholdeei lotutako arriskua eta kalteberatasuna txikia da hiri-ingurunean, eta gero eta lehorte gehiago egoteak jarduera ekonomikoetan (nekazaritza eta abeltzaintzan) duen arriskua eta kalteberatasuna ertaina da (udalaren kalteberatasun-indizeak eta arriskua, klima-aldaketaren aurrean. Ihobe 2017).
Aurrekoa ikusita, inpaktu nagusiak instalazio berriak eraikitzeko eta urbanizatzeko obren fasean sortutakoak izango dira. Beraz, jarduketa horiek ondorio hauek izango dituzte: lurzorua okupatzea, landaredia kentzea, emisio atmosferikoak, hondeaketa-soberakinak, hondakinak, isurketak eta zarata sortzea, etab. Horrek guztiak baliteke airearen, uren eta lurzoruen kalitatean eragina izatea.
Ingurumen-dokumentuak identifikatzen du eraikinaren inguratzailean eragindako landaredia, zehazki: 2 intxaurrondo europar (Juglans regia), 6 lizar (Fraxinus excelsior) eta sartzeko zailtasuna dela-eta zehaztu gabeko ale bat. Eraikinaren inguratzaile horren inguruan landare gehiago dago, eta hurbil dagoenez, eragina izan dezake. Zehazki, honako hauek hauteman dira: 3 haltz (Alnus glutinosa), 1 astigar (Acer campestre), 1 sahats ilun (Salix atrocinerea), Pinaceae familiako ale bakarra eta beste 14 lizar (Fraxinus excelsior), gutxi gorabehera. Ingurumen-dokumentu estrategikoan zehazten denez, Planean 57 zuhaitz landatzea aurreikusten da, obra-fasean kenduko diren zuhaitzak konpentsatzeko.
Eremuan kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak ukitzeari dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da.
Bestalde, uholde-arriskuari dagokionez, gaur egun ez dago planaren esparruko ibilguen uholde-arriskuari buruzko kartografiarik, eta, hortaz, Uraren Euskal Agentziarekin bat, hirigintza-izapideak egin bitartean justifikatu egin beharko da proposatutako hirigintza-garapena bateragarria dela Plan Hidrologikoaren araudiarekin eta UAKParekin, ez duela errepikatze-denboraren ondorioz pertsonekiko edo ondasunekiko kalteberatasuna areagotzen, edo ez duela inguruko uholde-arriskua nabarmen areagotzea ahalbidetzen.
Funtzionamendu-fasean jarduera areagotzearen eta eremuan egongo diren langileen ondoriozko inpaktuak aurreikusten dira, baina bateragarritzat jo dira. Era berean, balorazioa positiboa dute antropizatutako eremu batean erabilera industriala areagotzeak, inguru soziekonomikorako askotariko onurak sortzeak eta garapen ekonomikoa sustatzeak.
Proposatzen diren jarduketen eta haien ondoriozko eraginen ezaugarriak aintzat hartuta, planaren eraginak munta txikikoak, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak izango dira oro har, baldin eta indarrean dagoen legeria betetzen bada, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei buruzkoa bereziki, eta obrak jarduketa mota horietarako jardunbide egokiak kontuan hartuta egiten badira.
Planak indarrean dagoen plangintzarekiko proposatutako aldaketen ondoriozko eragin posibleak soilik aintzat hartuta, ez da aurreikusten inongo ingurumen-eragin esanguratsurik.
Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, planetik eratortzen diren jarduketak eta aurrerago proposatzen diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.
C) Ebazpen honetan honako neurri babesgarri eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri handirik izan ez dezan eta Aretxabaletako 33. sektorearen arau subsidiarioen aldaketa puntualaren ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, agindutako neurri babesgarri eta zuzentzaileak eransten badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.
Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:
Uholde-arriskua gutxitzeko neurriak.
– Uraren Euskal Agentziak adierazitakoaren arabera, aldaketa hau egin bitartean, edo, bestela, derrigorrezko baimenaren esparruan, Azterlan Hidrauliko bat aurkeztu behar da, justifikatuko duena proposatutako hirigintza-garapena bateragarria dela Plan Hidrologikoaren araudiarekin eta UAKParekin, ez duela errepikatze-denboraren ondorioz pertsonekiko edo ondasunekiko kalteberatasuna areagotzen, edo ez duela inguruko uholde-arriskua nabarmen areagotzea ahalbidetzen.
Azterlan horiek egitean, kontuan hartu beharko da Plan Hidrologikoaren Araudiko 37.4 artikuluan eta 10. eranskinean ezarritakoa, Plan Hidrologikoaren araudiko azterlan hidraulikoak egiteko. Azterlan hori helarazi beharko zaio Uraren Euskal Agentziari, baliozkotu dezan eta oniritzia eman diezaion.
– Aldaketa puntualaren araudi partikularrean gehitu egin beharko dira Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoan uholde-arriskutik babesteko indarrean dauden eta egiturazkoak ez diren neurriak. Urtarrilaren 24ko 35/2023 Errege Dekretua, zeinaren bidez onesten baitira Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko demarkazio hidrografikoen eta Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko demarkazio hidrografikoen Espainiako zatiaren plan hidrologikoen berrikuspenak (37-45 artikuluak). Zehazki, hauek:
• Erabilera berriak 500 urteko errepikatze-denborako uraldiek ez eragiteko kotan jarriko dira, eta arriskua eta egungo uholde-mota kontuan hartuta diseinatu beharko dira.
• Lurpeko garaje eta sotoei dagokienez, erabilera baimendu ahalko da, baldin eta bermatzen bada eremua iragazkorra dela 500 urteko errepikatze-denborako uraldietan, eta berariazko azterlanak egiten badira eraikinak behera ez etortzeko. Horretarako, kontuan hartuko da garraiatutako karga solidoa. Garaje eta sotook, gainera, ebakuazio-bideak eta haizebideak izango dituzte aipatu uholde-kotatik gora. Era berean, uholde-larrialdietan irisgarriak izatea hartuko da kontuan.
• Uholde-arriskupeko eremuan ez da baimenduko uholde-arriskua nabarmen handitzea dakarren hondakin eta betelanik metatzea.
• Uholde-arriskuko jarduketa orok erantzukizunpeko adierazpen bat izan beharko du.
Jabari Publiko Hidraulikoa eta haren babes-eremuak babesteari buruzko neurriak.
– Jabari Publiko Hidraulikoari eta haren babes-zortasunaren eremuari kalterik eragitea ekidin behar da, betiere EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialean, Uraren ekainaren 23ko 1/2006 Legean eta Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduan (849/1986 Errege Dekretua, apirilaren 11koa) ezarritakoa kontuan hartuta.
– Ibilguen zaintza-eremuan edozein obra edo lan egin aurretik, arroaz arduratzen den organismoaren administrazio-baimena eskuratu beharko da, eta, kasu honetan, Uraren Euskal Agentziarena.
– Uraren Euskal Agentziak jakinarazi bezala, eta Plan Hidrologikoaren araudiaren 48.1 artikuluan adierazitakoaren arabera, hirigintza-garapen berriek behar-beharrezkoak diren eremuetara mugatu beharko dute zoladura edo okupazio iragazgaitza, eta drainatze jasangarriko sistemak erabili beharko dituzte (zoladura iragazkorrak, ekaitzetarako andelak edo gailuak eta abar); haien bidez, lehendik zegoen egoeraren aldean jariatzea handitzen bada, hori konpentsatzen dela edo ondoriorik ez duela bermatuko dute. Horrez gain, sortutako jariatze-uren tratamendua aurreikusi beharko dute. Oro har, aipatutako araudian jasotakoari jarraikiz, gainazal iragazkorraren gutxieneko ehunekoa % 20koa izango da espaloietan, eta % 35ekoa, plaza eta hiri-berdeguneetan. Plan Hidrologikoaren araudian xedatzen denaren arabera, hiri- edo industria-drainatzeko azpiegituren bidez biltzen diren euri-uren jariatzeek, baldin eta jabari publiko hidraulikoa kutsa badezakete, Uraren Euskal Agentziak emandako isurtze-baimena izan beharko dute.
Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen gaineko neurriak.
– Planaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak egoteari dagokionez, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoa beteko da. Ildo horretan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako partzeletakoren batean Lege horren 23. artikuluan jasotako egoeraren bat gertatzen bada, lurzoruaren kalitatearen adierazpena izapidetu beharko da.
Ibai-uren eta lurpeko uren kalitatea babestera bideratutako neurriak.
– Obrak egin bitartean solidoak Olatza errekaren eta Arkarazo jariatzearen uretara ahalik eta gutxien iristeko neurriak ezarriko ditu, adibidez, luzetarako jalkin-hesiak, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.
– Pilaketa-eremuak, instalazio osagarriak edo makineriaren parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, drainatze-sareetatik urrun. Makineriaren mantentze-lanak iragazgaitzak ez diren eremuetan egitea saihestuko da. Nolanahi ere, hondakinak –bereziki olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, mantentze-lanak egiteko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.
– Istripuzko isurketen eragina saihesteko, prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra faserako, batez ere makinen mantentze-lanetan, eta, besteak beste, material xurgatzaileak erabiliko dira, isurketak eragindako lurrak kendu eta kudeatuko dira, etab. Istripuzko isurketa bat gertatzen bada, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.
Hornidurari, ur baliabideen erabilgarritasunari eta saneamenduari lotutako neurriak.
Uraren Euskal Agentziaren arabera, proposatutako handitzearen ondoriozko eskaera berrien kuantifikazioa gehitu beharko da, hala badagokio, Uraren Legearen Testu Bateginaren 25.4 artikuluan oinarrituta, aipatutako agentziak nahitaez hartu beharreko erabakiari begira.
Era berean, aurkeztutako dokumentazioari gehitu beharko zaio erakunde kudeatzailearen txostena, alegia, egungo sistemek karga berriak jasateko ahalmen nahikoa izatea justifikatzen duena, edo, ahalmen nahikoa ez badute, arazo horretarako proposatutako konponbideen aurreikuspena.
Aldaketa puntualen dokumentazio kartografikoan egun dauden eta proiektatu diren hornidura- eta saneamendu-sareen mugaketa jaso beharko da (ur beltzak eta euri-urak).
Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak.
Kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen ez dituzten eremuetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
Beste prebentzio- eta zuzenketa-neurri batzuk.
Aurreko neurriak eragotzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotuta egongo dira obrak egiteari, lurrak eta soberakinak kudeatzeari, hondakinak sortu eta kudeatzeari, hondeatutako lurzoruak kontrolatzeari, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babesteari buruzko jardunbide egokien eskuliburuarekin. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Kontratistaren instalazio-eremuak (barne hartuta makinak gordetzeko guneak, obra-txabolak, landare-lurra eta obrako materialak eta hondakinak aldi batean pilatzeko guneak) ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, kudeatuko dira Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.
Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Halakorik izanez gero, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eraman eta hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.
– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua), eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen errege-dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua).
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira zaratak sorburuan bertan murrizteko –bereziki, hondeaketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makineriaren mantentze-lan orokorretan eta zaratak nahiz bibrazioak sorburuan murrizteko eginkizunetan ere.
Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.
Lanek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterlan bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera. Inpaktu akustikoari buruzko azterlan horretan, aztertu beharko da zer onura akustiko lortu nahi den neurri zuzentzaile horien bitartez, eremu akustiko eta eraikin kalteberetan zarata murrizteari dagokionez, eta eraginpeko udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
Obrek irauten duten bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako muga-balioak eta kalitate akustikoko helburuak gainditzen badira, neurri zuzentzaile egokiak ezarriko dira eta neurriak ezarri arren gainditzen jarraitzen badira, administrazio eskudunak berariazko baimen bidez aldi baterako eten egingo ditu ezarri daitezkeen mugak, obrak egiten diren bitartean.
– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.
– Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, lehentasunez, erratz-makina mekanikoak erabiliko dira, solido esekiak dituzten jariatze-urak sortzea saihesteko.
– Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, espazio libreen landareztatze-lanak ahalik eta lasterren egingo dira; modu horretan, ekidin egingo dira higadura-prozesuak, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa.
– Berdeguneak «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenari jarraikiz loreztatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Espezie autoktonoak erabiliko dira eta jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie inbaditzaileak agertzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Landareztatze- eta lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste batzuk. Leheneratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.
– Espezie inbaditzaileen kontrola: obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuaren prospekzio bat egingo da, bertan dauden flora aloktono inbaditzailearen aleak aurkitzeko eta horiek desagerrarazteko erabiliko den protokoloa zehazteko, eta neurri egokiak ezarriko dira eremuan eta ingurunean ez hedatzeko.
– Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz, zeinaren bidez kanpoko argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen baitira, EA-01etik EA-07ra.
– Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/argitalpenak) jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen aurrezki eta energia-efizientzia eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan xedatutakoaren arabera, eta ebazpen honetan finkatutako neurri babesle eta zuzentzaileak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere (aurrekoen aurkakoak ez badira), ez dela aurreikusten «Aretxabaletako 33. sektorearen arau subsidiarioen aldaketa puntualak» ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Aretxabaletako Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen efektuak izateari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren ez bada «Aretxabaletako 33. sektorearen arau subsidiarioen aldaketa puntuala» onesten gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 20a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS