
51. zk., 2026ko martxoaren 16a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 2 orri.)
- EPUB (113 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1168
EBAZPENA, 2026ko martxoaren 9koa, Herritarrak Artatzeko eta Administrazioa Berritzeko zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita euskal sektore publikoaren administrazioa bizkortzeko eta sinplifikatzeko Legearen aurreproiektua.
Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernu Sailak lege-aurreproiektu bat prestatu du euskal sektore publikoaren administrazioa bizkortzeko eta sinplifikatzeko; egun, indarreko araudiaren arabera izapidetzen ari da.
Lehenik eta behin, arauaren testua prestatu aurreko kontsulta publikoa bideratu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan eta Irekia gobernu irekirako eta herritarren partaidetzarako atarian iragarkia jarrita. Hala egin zen Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 11. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.1 artikuluan xedatzen dena betetzeko.
Bigarrenik, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legea betez, lege-aurreproiektua egiteko prozedurari hasiera eman zitzaion, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren 2025eko abenduaren 3ko Aginduaren bidez.
Bertan, Herritarrak Artatzeko eta Administrazioa Berritzeko Zuzendaritza izendatu zen arau-prozedura hau izapidetzeko organo arduradun, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 21. artikuluaren 1. apartatuko b) epigrafean hari esleitutako eskumenen arabera, zeinak hau baitio: «Xedapen orokorren proiektuak, araugintza-ekimenak eta jarraibideak egitea, digitalizazioaren, Interneteko presentziaren, kudeaketa-prozesuen eta prozeduren arloan, eta horiek sinplifikatzea, arintzea, administrazio-kargak murriztea eta herritarrentzako kalitatea eta efizientzia hobetzea».
Hori guztia Gobernantza, Administrazio Digitala eta Autogobernu Sailaren eginkizunei eta jardun-arloei dagokienez, zeinak aurreikusita baitaude lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta haien eginkizunak eta jardun-arloak finkatzeari buruzkoan:
f) Administrazioa, administrazio digitala, gobernu elektronikoa eta gardentasun-politika modernizatzea eta eraberritzea. Irekia–Gobernu Irekia plataforma kudeatzea.
m) EAEko administrazio publikoen antolaketa eta prozeduraren araubidea eta EAEko gobernantza publikoa aplikatzeko eredua diseinatzea, politika publikoak definitu eta gauzatzerakoan.
q) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eraldaketa digitala.
s) Administrazio elektronikoa eta zerbitzu publiko digitalak hobetzea.
Hirugarrenik, Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legea betez, lege-aurreproiektuaren testu elebiduna onartu zen, aurretiaz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren 2026ko urtarrilaren 28ko Aginduaren bidez.
Euskal sektore publikoa aspalditik ari da hainbat jarduera-ildo lantzen, EAEko sektore publikoa prest egon dadin gizartearen aldaketa teknologiko gero eta handiagoen, administrazio elektronikoaren garapenaren eta botere publikoekiko herritarren gogobetetasunaren aurrean.
Edonola ere, nahitaezkoa da Administrazio hurbilago, sinpleago, efikazago eta efizienteagoaren aldeko konpromisoan sakontzeko jarduera-ildoei heltzeko lanean jarraitzea, herritarrak erdigunean,, prozesuekin, prozedurekin eta tresnekin lotutako alderdiak bideratuta, arrazionalagoak, arinagoak eta administrazioaren aldetik sinpleagoak izan daitezen eta karga, ahalegin eta kostu gutxiago eragin ditzaten.
Horrela, ekimena beste urrats bat izango da berezko esparru juridikoan, gobernantza publikoaren arloan oro har, eta administrazio digitalaren eta herritarrentzako arretaren arloan, bereziki. Arauak, herrialde-ikuspegia izanik, EAE Europako testuinguruan kokatuko du arlo horietan, eta bere egingo ditu Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen (ELGA) «Gobernu digitalerako arau-esparrua» (Digital Government Policy Framework) delakoaren sei ezaugarriak: digitala diseinutik bertatik abiatuta, datuetan oinarritutako sektore publikoa, gobernua plataforma gisa, irekia lehenespenez, erabiltzaileak erdigunean jartzen dituena, eta proaktiboa.
Funtsean, Administrazio publikoaren desburokratizazioa lantzeko beste ekimen bat da lege-aurreproiektu hau, eta, pertsona orori egokiturik, efizientziaz eta arintasunez jarduteko mekanismo berriak aztertzen ditu. Azken finean, funtsezko pilarea da hori, eskura dauden kanalen bidez herritarrei ematen zaien arreta hobetzeko eta EAEn bizi diren pertsonen eguneroko bizitza errazteko.
Horregatik guztiagatik, lege-aurreproiektu honen xedea da zerbitzu digitalak eta herritarrentzako arreta bideratzea, herritarrak erdigunean, zeharkako ikuspegi integrala eta multikanala baliatuta; legearen xedea da, orobat, administrazioa sinplifikatzea eta prozedurak bizkortzea arautzea.
Ekainaren 30eko 6/2022 Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, herritarren eskubide eta interes legitimoei zuzenean eragiten dieten xedapen orokorrek aurretiazko kontsultaren, entzunaldiaren eta jendaurreko informazioaren izapideak bete beharko dituzte.
Horrenbestez, euskal sektore publikoaren administrazioa bizkortzeko eta sinplifikatzeko Legearen aurreproiektua jendaurrean jartzen da, hilabetez, ebazpen hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Azaldutakoagatik, bat etorriz Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 317/2024 Dekretuaren 21. artikuluko 1. paragrafoko b) letran xedatutakoarekin, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal sektore publikoaren administrazioa bizkortzeko eta sinplifikatzeko Legearen aurreproiektua jendaurrean jartzea, hilabetez, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Bigarrena.– Aurreko apartatuan xedatutakoa bete dadin, eta herritarrek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten, aipatutako proiektuaren edukia eskuragarri egongo da Eusko Jaurlaritzako Herritarrak Artatzeko eta Administrazioa Berritzeko Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (www.euskadi.eus).
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 9a.
Herritarrak Artatzeko eta Administrazioa Berritzeko zuzendaria,
SABINO SAN VICENTE ÁLVAREZ.
RSS