
51. zk., 2026ko martxoaren 16a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (220 KB - 16 orri.)
- EPUB (151 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1167
41/2026 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Osasun Ministerioarekin eta Red.es MP enpresa-erakunde publikoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, zerbitzu digital adimendunak garatzeko Osasun Sistema Nazionalaren (OSN) eremuan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Osasun Ministerioarekin eta Red.es MP enpresa-erakunde publikoarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, zerbitzu digital adimendunak garatzeko Osasun Sistema Nazionalaren (OSN) eremuan. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 6a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 6KO 41/2026 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA OSASUN MINISTERIOAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ETA RED.ES MP ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOAREN ARTEAN OSASUN SISTEMA NAZIONALAREN ESPARRUAN ZERBITZU DIGITAL ADIMENDUNAK GARATZEKO
C025/25-SP
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Batetik, Javier Padilla Bernáldez jauna, Osasuneko Estatu idazkaria, 2023ko azaroaren 28ko 986/2023 Errege Dekretuaren arabera (2023ko azaroaren 29ko BOE), Osasun Ministerioaren izenean eta bere eskumenak erabiliz, eta hitzarmenak egiteko ahalak baliatuz, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.g) artikuluan aitortu bezala.
Bestetik, Alberto Martínez Ruiz jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean, hitzarmena sinatzeko baimendua 2025eko urriaren 7ko Gobernu Kontseiluaren Akordio bidez.
Bestetik, Jesús Herrero Poza jauna, Red.es MP enpresa-erakunde publikoaren zuzendari nagusia (helbidea: Manuel Gómez Moreno z/g, 28020 Madril eta IFK: Q-2891006-E), administrazio-kontseiluak 2023ko azaroaren 28ko saioan izendatua. Ekitaldi honetan jarduteko eskumena du bere alde eskuordetutako gaitasunak direla medio, Red.es enpresa-erakunde publikoaren estatutua onartzen duen otsailaren 8ko 164/2002 Errege Dekretuaren 14.1.k) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Osasun Ministerioa, Euskal Autonomia Erkidegoa (aurrerantzean, «autonomia-erkidegoa») eta Red.es enpresa-erakunde publikoa (aurrerantzean, «Red.es») «aldea» izendatu daitezke, bakoitza bere aldetik, edo «aldeak» denak batean hartuz gero.
Alde guztiek hitzarmena sinatzeko behar den gaitasun juridikoa onartzen diote elkarri eta hori dela bide hauxe
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Osasun Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa egituratzen duen uztailaren 23ko 718/2024 Errege Dekretuaren arabera, sail horri dagokio Gobernuak osasunaren, plangintzaren eta osasun-laguntzaren arloan duen politika proposatzea eta betearaztea, bai eta Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenak baliatzea ere, herritarrei osasuna babesteko eskubidea bermatzeko. Osasuneko Estatu Idazkaritza da Osasun Sistema Nazionaleko berrikuntza-, hobekuntza- eta eraldatze-proiektuei heltzea dagokion Osasun Ministerioaren organo gorena, bereziki osasun digitalarekin eta informazio-sistemekin lotutakoei; organo horri dagokio, halaber, ikerketan berrikuntzak eta aurrerapenak Osasun Sistema Nazionalera igortzea, beste ministerio-sail batzuei eta autonomia-erkidegoei dagozkien eskumenen kalterik gabe.
Osasun Sistema Nazionaleko Osasun Digitalaren, Informazioaren eta Berrikuntzaren Idazkaritza Orokorra (ODIBIO) izeneko zuzendaritza-organoaren bidez garatzen dira eskumen horiek. Bere egitekoen artean daude, besteak beste, zerbitzu publiko digitalak garatzea, osasun digitala bultzatzea, teknologia emergenteak Osasun Sistema Nazionalean eta informazio kliniko eta sanitarioaren elkarreragingarritasun elektronikoan txertatzea estatuan nahiz nazioartean, datu klinikoen eta sanitarioen analitikan berrikuntza eta osasunari buruzko informazioaren ustiapena garatzea.
ODIBIO arduratzen da Osasun Sistema Nazionalaren (OSN) osasun digitaleko estrategia (ODE) gauzatzeaz, Osasun Sistema Nazionalaren lurraldearteko kontseiluak 2021eko abenduan onartua. Osasun digitaleko estrategia da osasun-arloan eskumenak dituzten administrazioen ekimenak eta jarduketak garatzeko erreferentzia-esparrua, eta Osasun Sistema Nazionalak bere eraldaketa digitala harmonian eta koordinatuta egitea sustatzen du.
Osasun Digitaleko Estrategiak bederatzi ekintza-planetan egituratzen dira, Berreskuratze Planaren funtsek eta aurrekontu nazionalak finantzatuta. Horietako bat Arreta Digital Pertsonalizatuko Plana da; horri esker Osasun Sistema Nazionalak arreta proaktibo eta indibidualizatuaren eredurako bidean aurrera egin ahal izango du; ondorioz, irisgarritasuna haziko da eta pazientearen itxaronaldiak murriztuko dira Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzuen zorroan asistentzia presentzial eta birtualeko jarraipen- eta prestazio-sistema osoa txertatuz. Eredu horretan, dela fakultatiboak hautatuta dela zerbitzuaren hartzaileak berak hautatuta, pazientearen jarraipen pertsonalizatu, jarraitua eta sistematikoa egin ahal izango da, osasun publiko eraldaketa digitalaren testuinguru orokorraren baitan. Ondorioz, arretaren eraginkortasuna hazi egingo da bai eta maila asistentzialen arteko jarraipena ere. Era berean horrek herritarren bizi-kalitate hobea ahalbidetuko du eta profesionalei erabaki klinikoak hartzen laguntzeko tresna bat eskainiko zaie.
Plan honen esparruan dago UNICAS sarea ezartzea ere; gaixotasun minoritarioa duen paziente pediatrikoari arreta osoa eskaintzeko xedez sortua. Autonomia-erkidego partaide bakoitzean gutxienez sare honetako zentro espezializatu bat dagoenez, pazientea ahalik eta gutxien lekualdatzen da. Pazienteak tratatzen dituzten profesionalen eta paziente horien familien artean kasuarekin zerikusia duen informazio guztia partekatzen da, eta UNICAS sareko nodo guztiek zerbitzu teknologiko, prozesu eta protokolo normalizatuak, partekatuak eta bateratuak dituzte sareko arreta pertsonalizatuko eredu bat finkatzeko. Bildutako datuak ezagutza-iturri izan daitezke eta gaixotasun horien ikerketari lagundu, teknika analitiko deskriptiboak eta prediktiboak eta adimen artifiziala erabilita. Era berean, tratamenduen kostu-eraginkortasun azterketak egiteko oinarri izan daitezke, bai eta gastuaren kontrolerako ere.
Osasun Digitaleko Estrategiaren beste ekintza-planetako bat Osasun Datuen Gune Nazionala («Data Lake sanitario») sortzea da, eta horri lotutako inbertsioaren arduraduna Digitalizazioaren eta Adimen Artifizialaren Estatu Idazkaritza da. Osasun Datuen Gune Nazionala osasun-datuen katalogo eta biltegi bat litzateke eta osasun-arloko eragile garrantzitsuek elikatuko lukete. Horri esker, datu horien azterketa masibo eta adimenduna egin ahal izango da, denbora errealean erantzuteko gaitasunarekin, osasuna babestea eta osasun-arloko predikzioak egitea izango du xede eta lagundu egingo du diagnostikoen, tratamenduen eta gaixotasunen errehabilitazioan eraginkortasun handiagoa izaten, zibersegurtasuneko baldintza egokietan eta Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde arteko Kontseiluaren gobernantzapean. Era berean, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2025eko otsailaren 11ko (EB) 2025/327 Erregelamenduak (Osasun Datuen Europako Esparruari buruzkoa eta 2011/24/EB Zuzentaraua eta (EB) 2024/2847 Erregelamendua aldatzen dituena) definitutako esparruan, Osasun Datuen Gune Nazionalean sartu ahal izango da datuen erabiltzaileen beste erabilera-kasu batzuetarako.
Bigarrena.– Eusko Autonomia Erkidegoak, bestalde, lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan 12. artikuluaren arabera, –Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena–, Osasun Sailari dagozkio plangintza eta antolamendu sanitarioaren arloko funtzioak eta jardun-arloak.
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urriaren 29ko 319/2024 Dekretuaren arabera, 4.2 artikuluak dioenez, Osasuneko sailburuari dagokio, sail horretako organo gorena den aldetik, sailari atxikitako erakunde publiko, erakunde autonomo eta gainerako organoak zuzendu, koordinatu eta kontrolatzea.
Hirugarrena.– Red.es enpresa-erakunde publikoa da eta Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioari atxikita dago Digitalizazioaren eta Adimen Artifizialaren Estatu Idazkaritzaren bidez, eta lankidetza estuan aritu da osasun-arloko administrazioekin Espainiako osasun publikoaren eraldaketa digitalean. Lankidetza horren esparruan hainbat hitzarmen egin dira osasun-arloko administrazioekin, arlo horretan zerbitzu digitalak abian jartzeko. Horren ondorioz, nazio mailako zenbait programa garatu dira eta Osasun Sistema Nazionalaren Historial Kliniko Digitala eta Errezeta Elektroniko Elkarreragilea ezarri ahal izan dira, eta erkidego mailako jarduketak egin ahal izan dira kronikotasunaren kudeaketaren eta datu klinikoen eta kudeaketako datuen analitika aurreratuaren esparruan.
Laugarrena.– Red.es enpresa-erakundearen egitekoetako bat da jarduera ekonomiko eta sozialeko alor guztietan informazioaren gizartea sustatu eta garatzeko jarduketak egitea, EGEF 2021-2027 Programa Operatiboetan xede horietarako aurreikusitako batasuneko funtsen kudeaketa barne, otsailaren 8ko 164/2002 Errege Dekretu bidez onartutako Estatuetako 3. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Europako Funtsen zuzendari orokorrak 2024ko apirilaren 30ean sinatutako Eginkizunak Esleitzeko Akordioaren arabera, Europako Batzordeak 2022ko abenduaren 13an C(2022) 9632 Erabakiaren bidez onartutako EGEF 2021-2027 Espainiako Eskualde Anitzeko Programaren Bitarteko Erakunde izendatu dute (CCI 2021ES16RFPR001) Red.es eta funtsen finantzaketa-bide bat du esleituta aipatutako Programa Operatibo horren esparruan proiektuak kudeatzeko.
Bosgarrena.– 2021-2027 Espainiako Eskualde Anitzeko Programak RSO1.2 berariazko helburuen barruan sartu du «Digitalizazioak herritarrei, enpresei, ikerketako erakundeei eta administrazio publikoei eskaintzen dizkien abantailak aprobetxatzea», eta kofinantza daitezkeen esku-hartzeak izango dira patologia kronikoak eta telezaintzak urrunetik monitorizatzeko programak ezartzeko jarduketak, osasuneko analitika aurreratua aplikatzekoak eta nahasmendu neurologikoak eta psikiatrikoak tratatzeko neuroteknologian eta adimen artifizialean (AA) oinarritutako erabilera-kasuak garatzekoak, besteak beste.
Seigarrena.– Europako Funtsen 2021-2027 programazio-aldiko Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Operatiboan (POPE) Red.es enpresa-erakundeak kudeatutako EGEF eskuragarri egoteak aukera ematen du Hitzarmen honetan jasotako jarduketei Europako funtsak aplikatzeko, eta jarduketa horiek RSO1.2 Berariazko Helburuaren esparruan daude.
Zazpigarrena.– Ebazpen honen bidez, «Ebazpena, Osasuneko Estatu Idazkaritzarena, zeinaren bidez baimentzen baita Red.es MP enpresa-erakunde publikoari transferentzia egitea, laurogeita lau milioi ehun eta lau mila seiehun eta hogeita bost euro eta berrogeita hamasei zentimokoa, legealdi honetako gastuen aurrekontuko 26.05.313E.740 aplikazioaren kargura», beharrezko funtsak bideratu dira Red.es enpresa-erakundearen jarduketen kofinantziazio nazionalerako. Jarduketa horiek EGEF 2021-2027 Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Operatiboko bitarteko erakunde gisa egingo ditu Osasunaren lerroan, RSO1.2 Berariazko Helburuaren barruan (aurrerantzean «Ebazpena»).
Ebazpenak dio autonomia-erkidegoek aurreikusitako ekintzen garapenean parte hartu ahal izango dutela, Osasun Ministerioaren, Red.es enpresa-erakundearen eta autonomia-erkidego bakoitzaren artean sinatutako hitzarmenen bidez, Ebazpenean jasotako termino eta baldintzetan. Ceuta eta Melilla Hiru Autonomoetarako jarduketei dagokienez, hitzarmen bat sinatuko da Red.es, Osasun Ministerioa eta INGESAren artean.
Euskal Autonomia Erkidegoak aipatutako Ebazpen horretan aurreikusitako jarduketen garapenean parte hartu nahi du.
Horregatik guztiagatik, aldeek administrazio arteko hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta klausula hauek arautuko dute.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Administrazioen arteko hitzarmen honen xedea da Osasun Sistema Nazionalaren esparruan EAEn Zerbitzu Digital Adimendunak garatzeko lankidetzan aritzea, adimen artifizialaren eta analitika aurreratuaren teknikak ezarrita informazio klinikoan eta kudeaketakoan, informazio hori eskuragarri jartzea eta patologia kronikoak eta telezaintzak urrunetik monitorizatzeko programak garatzea barne.
Bigarrena.– Jardunak.
Hitzarmen honetako jardunak (aurrerantzean «jardunak») Osasuneko Estatu Idazkaritzaren 2024ko irailaren 10eko ekarpenen Ebazpenean jasotako esparruetan kokatzen dira, hau da:
1.– Osasunaren sektoreak Adimen Artifiziala erabiltzeko kasuak definitu, garatu eta ustiatzeko eskura jartzea, Klausula honen 2. epigrafean aipatutako Osasun Datuen Gune Nazionalean eta irudi medikoaren elkarreragingarritasun-sarean eskura dauden azpiegiturak, zerbitzuak eta informazioa. Garatuko diren erabilera-kasuek behar teknologiko aurreratu berriak sor ditzakete eta horiek asetzeko egoki iritzitako irtenbideak eta zerbitzuak eskainiko dira Osasun Datuen Gune Nazionalean. Erabilera-kasuak izango dira, besteak beste, UNICAS sarearen esparruko gaixotasun arraroen diagnostikora eta jarraipenera bideratuak.
Garatuko diren erabilera-kasuak osasun-administrazio guztien esku ipiniko dira, Osasun Ministerioak kudeatutako biltegi edo katalogo baten bidez.
Garatuko diren Adimen Artifizialeko ereduak eta sistemak aplikatzekoa den araudiaren araberakoak izango dira eta Adimen Artifiziala Gainbegiratzeko Espainiako Agentziak eta beste erakunde eskudun batzuek finkatutako jarraibideak eta gomendioak jarraituko dituzte. Ekintza-lerro honetan sartuta daude lan-esparruak finkatzeko behar diren jarduerak, datuen babesaren eraginaren ebaluazioak, arriskuen analisiak eta aplikatzekoak diren araudi, jarraibide eta gomendioen arabera garatutako ereduen ebaluazioa.
2.– Osasun Sistema Nazionalean irudi medikoen elkarreragingarritasun-sarea finkatzea, dela erabilera primariorako dela sekundariorako; azkeneko hori Osasun Datuen Gune Nazionalarekin koordinazioan.
3.– Patologia kronikoak eta telezaintzak urrunetik monitorizatzeko programak garatzea, epigrafe honetan sartuz Arreta Digital Pertsonalizatuko Planaren UNICAS Sarearen eboluzioa.
1, 2 eta 3 jarduera-ildoak garatzeko proiektuetan zerbitzu hauek sartu ahal izango dira: aholkularitza eta babes teknikoko zerbitzuak, hardware eta software zuzkidura, aplikazioak garatu eta ezartzea eta aipatutako transferentziaren ebazpenaren esparruan eskuragarri jarritako azpiegituren, irtenbideen, plataformen eta abarren funtzionamenduaz eta mantentze-lanez gaitzea teknikariak.
Autonomia-erkidego bakoitzeko informazio-sistemen esparrurako partikularizatuta egongo dira jarduerak. Zortzigarren Klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeak onartuko ditu aipatutako Ebazpenean jasotako esparruetan jarduera-lerroak garatzeko proiektuak.
4.– Hitzarmen honetan garatutako proiektuak hedatu, kudeatu eta jarraipena egiteko jarduerak; horiek gauzatzeko eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsei buruzko baterako xedapenak ezartzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 50. artikuluan eta IX. eranskinean ezarritako baldintzak betetzeko beharrezkoak diren auditoretza-, kudeaketa- eta laguntza teknikoko lanak barne. Hitzarmen honen ondoriozko jarduketak eta emaitzak jakinarazteko, hedapen- eta jakinarazpen-jarduerak gauzatu daitezke. Hedapen- eta jakinarazpen-jarduera hauetan Espainiako Gobernua, Osasun Ministerioa, Red.es eta EAE identifikatuta egon beharko dira, baita Eskualde Garapeneko dagokion Europako Funtsa ere.
Aipatutako hedapen, kudeaketa eta jarraipenerako jardueretan sartzen dira nahiz Europar Batasunaren partaidetzaren berri jendeari emateko betebeharraren ondoriozkoak nahiz jarduerak egiteko behar diren kontratu publikoen kudeaketa eta jarraipena egiteko jarduerak eta egindako lanen kalitatearen ikuskaritza teknikoak. Zehatz esateko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduak eskatutako kartelak erosi eta ipiniko dira zentro onuradunetako jardueren finantzaketari buruz; jarduera horiek garatzeko eta abian jartzeko enpresa esleipendun arduradunek emandako zerbitzuen eta ondasunen ikuskaritza egingo duen edo ezaugarri teknikoak definitzen lagunduko duen laguntza tekniko espezializatua kontratatzearen ondoriozko gastuak ordainduko dira, halakorik behar bada eta egokia bada funts horiek Europar Batasunak eskatutako estandarretara egokitzeko.
Hirugarrena.– Aldeen betebeharrak.
1.– Osasun Ministerioaren betebeharrak.
Osasun Ministerioaren betebeharrak dira:
i) Hitzarmena behar bezala gauzatzeko beharrezko informazio guztia jaso eta Red.es enpresa-erakundeari ematea, bere eskumenen esparruan.
ii) Bigarren klausulan aurreikusitako jarduerak gauzatu ahal izateko beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak eskura jartzea Osasun Ministerioaren eskumenen alorrean.
iii) Autonomia-erkidegoarekin eta Red.es enpresa-erakundearekin batera identifikatzea hitzarmen hau garatzean gauzatu beharreko proiektuak, Bigarren klausulan aurreikusitakoak, ezarritako terminoen arabera.
iv) Aldeekin adostea ekitaldien, prentsa-oharren edo hitzarmen hau hedatzeko beste edozein ekintzaren edukia.
2.– Red.es enpresa-erakundearen betebeharrak.
Red.es enpresa-erakundeak hartutako konpromisoak:
i) Laugarren klausulan zehaztutako finantzaketa ematea.
ii) Autonomia-erkidegoarekin eta Osasun Ministerioarekin batera hautematea zein proiektu gauzatu, Hitzarmen hau garatzeko, bigarren klausula betez.
iii) Bigarren klausulan aurreikusitako jarduerak gauzatu ahal izateko beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak Hitzarmenaren eskura jartzea.
iv) Bigarren klausulan aurreikusitako jarduketak gauzatzea, hitzarmen honetako terminoen arabera. Ondorio horretarako, Red.es enpresa-erakundeak behar beste kontratazio-prozedura abiarazi ahalko ditu jarduera horiek behar bezala gauzatu ahal izateko.
v) Erakundeak hitzarmen honen itzalpean egikaritzen dituen proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egitea eta Jarraipen Batzordeari jakinaraztea.
vi) Aldeekin adostu ekitaldien, prentsa-oharren edo hitzarmen honen berri eman eta hedatzeko beste edozein ekintzaren edukia.
3.– Autonomia-erkidegoaren betebeharrak.
Autonomia-erkidegoak honako betebehar hauek hartzen ditu bere gain:
i) Laugarren klausulan aurreikusitako ekarpena justifikatu gastu edo inbertsio gisa.
ii) Hitzarmena behar bezala gauzatzeko beharrezko informazio guztia jaso eta Red.es enpresa-erakundeari ematea, bere eskumenen esparruan.
iii) Osasun Ministerioarekin eta Red.es enpresa-erakundearekin batera identifikatu hitzarmen hau garatzean gauzatu beharreko proiektuak, Bigarren klausulan aurreikusitakoak, bertako terminoen arabera.
iv) Bigarren klausulan aurreikusitako jarduerak gauzatu ahal izateko beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak Hitzarmenaren eskura jartzea autonomia-erkidegoaren eskumenen alorrean.
v) Beharrezko jarduketak egin hornitutako ondasunen errendimendua eta mantentzea ziurtatzeko bost urtez, betiere EGEFI buruzko Bosgarren klausulan aurreikusitakora doituta.
vi) Sei hilean behin Jarraipen Batzordeari ematea honek proposatutako adierazleen balioari buruzko informazioa, eta zazpigarren klausulan definitutako adierazleena, autonomia-erkidegoaren eskumenekoak badira.
vii) EGEFI buruz bosgarren klausulan aurreikusitako betebeharrak betetzea.
viii) Aldeekin adostu ekitaldien, prentsa-oharren edo hitzarmen hau hedatzeko beste edozein ekintzaren edukia.
Hitzarmen honetan aurreikusitako jarduerak zuzen eta osorik gauzatzeko egin beharrekoak egingo dituztela agintzen dute aldeek.
Laugarrena.– Finantzaketa.
Finantzaketa-klausula honen arabera, Red.es enpresa-erakundeak 7.600.143,39 euroko konpromisoa hartzen du Bigarren Klausulan aurreikusitako jarduerak garatzeko. Zazpigarren azalpenean aipatutako Ebazpenaren arabera, funts horiek honela banatzen dira:
– % 60 (4.560.086,03 euro) dagozkio Osasun Ministerioak Red.es enpresa-erakundeari egindako ekarpenari, 2021-2027 Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Operatiboko RS01 xedearen esparruan jarduerak garatzeko ebazpen honen bidez.
– % 40 (3.040.057,36 euro) Red.es enpresa-erakundearen funtsak dira.
Red.es enpresa-erakundeak urtero aurkeztuko du Jarraipen Batzordean zuzendari nagusiak edo Administrazio eta Finantza zuzendariak egindako ziurtagiria, ekitaldi ekonomiko bakoitzean egindako inbertsioen justifikaziorekin.
Red.es enpresa-erakundeak egindako gastu hautagarria 2021-2027 aldiko Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Operatiboko EGEF bidearen kontura ziurtatuko da.
Autonomia-erkidegoak Jarraipen Batzordearen esparruan justifikatuko ditu Hitzarmen honen xedeak lortzen laguntzeko jarduketak, gutxienez Osasun Ministerioaren ekarpenen pareko zenbatekoarekin. Autonomia-erkidegoak urtero aurkeztuko du Jarraipen Batzordean ziurtagiria, ekitaldi ekonomiko bakoitzean egindako inbertsioen edo gastuen justifikazioarekin.
Inbertsioak gauzatzea beti ere aldeen aurrekontu-erabilgarritasunaren mende egongo da.
Bosgarrena.– Onuradunaren betebeharrak EGEFen esparruan.
Red.es enpresa-erakundeak erakunde bitartekari gisa dagozkion egitekoak egin ahal izateko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko (EB) 2021/1060 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, zeinaren bidez ezartzen baitira Eskualdeen Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funts Plusari, Kohesio Funtsari, Bidezko Trantsiziorako Funtsari eta Itsas, Arrantza eta Akuikulturako Europako Funtsari buruzko baterako xedapenak, bai eta funts horietarako eta Asilo, Migrazio eta Integrazio Funtserako, Barne Segurtasuneko Funtserako eta Mugak Kudeatzeko Finantza Laguntzarako Tresnarako eta Bisatuen Politikarako finantza-arauak ere:
– Autonomia-erkidegoak Red.es enpresa-erakundeari jakinarazi beharko dio hornitutako ekipoak edo egindako jarduerak abian direla, ekipoen kokapen jakina -dagokion serie-zenbakia adierazita- edo egindako ekarpenak barne.
– Autonomia-erkidegoak I. eranskineko taula bete beharko du eta horren berri emango du Red enpresa-erakundeak ekipamendua entregatu eta gehienez 60 eguneko epean. Jakinarazpen hori atzeratzea kalte handia litzateke Red.es enpresa-erakundearentzat ezingo bailuke garaiz eskatu dagokion batasuneko kofinantziazioa eta horrek arriskuan jarriko luke jarduketen jarraipena.
– Autonomia-erkidegoak (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 65. artikuluan, «Eragiketen iraunkortasuna», xedatutakoarekin bat zaindu egingo du Hitzarmen honen xede den operazioak bost urte igaro baino lehen funtsezko aldaketarik izan ez dezan, baldin eta aldaketa horrek hitzarmenaren izaerari edo gauzatze-baldintzei eragiten badie, edo enpresa edo erakunde publiko bati bidegabeko abantailak ematen badizkio, eta azpiegitura baten jabetzaren izaera aldatzearen edo ekoizpen-jarduera bat uztearen ondorio bada.
– Autonomia-erkidegoak Red.es enpresa-erakundeari jakinaraziko dio akordio honen xede diren ekipo eta lizentzien erabileraren eta xedean egondako aldaketa garrantzitsu oro, berari egotz ezin zaiona. Aurreko paragrafoan aipatutako bost urteko epean ekipoak eta lizentziak galdu edo narriatuz gero, ordezkatu egin beharko ditu eta Red.es enpresa-erakundeari eman beharko dio gorabehera horien berri.
– Autonomia-erkidegoak, Hitzarmen honen xede diren jarduerak amaitu aurretik, balizko hartzaileei, hartzaile-xedeei eta jendeari oro har jardueren berri emateko informazio- eta komunikazio-bide guztietan adieraziko du operazioak EGEFen kofinantziazioarekin egin direla, (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 50. artikuluan eta IX. eranskinean ezarritako komunikazio- eta ikusgarritasun-baldintzak bete behar baititu. Betebehar horiek hauek dira, labur:
Onuradunek eta finantza-tresnak gauzatzen dituzten erakundeek funtsek operazioari emandako laguntza aitortuko dute, 62. artikuluaren arabera berrerabilitako baliabideak barne eta horretarako:
a) Onuradunaren webgunean, horrelakorik badago, eta sare sozialetan dituzten kontuetan operazioaren deskribapen laburra egingo dute, laguntzaren maila, helburuak eta emaitzak kontuan izanda eta modu proportzionatuan, eta Batasunaren finantza-laguntza nabarmenduko dute;
b) Batasunaren laguntza agirietan ikusteko moduko tokian nabarmentzen den adierazpena egingo dute operazioa gauzatzearekin zerikusia izan eta jendearentzat edo partaideentzat diren komunikaziorako agiri eta materialetan; programa operatiboa EGEFek kofinantzatu duela jakinaraziko da.
c) Publizitate-plaka edo -hesi erresistenteak ipiniko dituzte ikusgai jendeak ondo ikusteko moduko leku batean, Batasunaren ikurrarekin, IX. eranskinean agertzen diren ezaugarri teknikoen arabera, inbertsio fisikoak dakartzaten operazioak fisikoki gauzatzen hasi edo erositako ekipoak instalatu bezain laster.
d) Funtsek kofinantza ditzaketen esku-hartzeei buruz egindako plakek, kartelek eta gainerako agiri guztiek (koadernoak, liburuxkak, informazio-oharrak edo beste edozein motakoak) hauek izan beharko dituzte:
i) Europar Batasunaren ikurra, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 24ko 2021/1060 Erregelamenduan ezarritako arau grafikoen arabera, IX. eranskinean datozen ezaugarri teknikoekin, Europar Batasunari buruzko erreferentziarekin.
ii) «Eskualdeen Garapeneko Europako Funtsa» erreferentzia.
– Oro har, Red.es izango da plakak hornitu eta ipiniko dituena. Dena dela, autonomia-erkidegoak plaka horiek mantentzeko konpromisoa hartzen du indarrean den legediak markatzen duen inbertsoak iraun bitartean.
– Autonomia-erkidegoak lagundu egingo du (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 50.1.e) artikuluaren arabera garrantzi estrategikokotzat jo daitezkeen operazioak identifikatzen. Era berean, jardueraren kostua 10.000.000 euro baino gehiagokoa bada, komunikazio-jarduera edo -ekitaldi bat antolatzen lagundu beharko du, komeni denaren arabera, eta Europako Batzordeak eta kudeaketako agintaritzak parte hartu ahal izango dute.
– Autonomia-erkidegoak onartu egiten du Red.es enpresa-erakundearen webgunean argitaratutako lanen-zerrendan sartzea, (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 49. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
– Oro har, autonomia-erkidegoak aplikatzekoak diren batasuneko eta nazio mailako xedapen guztiak bete behar ditu EGEFekin kofinantzatu daitezkeen jardueren hartzailea denez, eta hor sartzen dira laguntza publikoen bateraezintasuna, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna eta diskriminaziorik eza, eta baimena ematen dio Red.es enpresa-erakundeari aplikatzekoa den arautegia betetzen dela egiaztatzeko beharrezko ikuskaritzak eta egiaztapenak egin ditzan.
– Autonomia-erkidegoak, (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 74.1.c) artikuluarekin bat etorrita, iruzurraren aurkako neurri efikaz eta proportzionatuak ezarriko ditu bere kudeaketa-esparruan, finantzaketa bikoitza saihestuko du, agiriak faltsutzea ere bai, etab. Era berean, balizko arriskuak hautemateko informazioa emango du.
– Autonomia-erkidegoak baimena eta erraztasunak eman beharra dauka Red.es edo beste kontrol-organoren batek (IGAE, ONA, Kontuen Auzitegia,... etab.) ikuskaritzak eta aplikatzekoa den araudia betetzen dela egiaztatzeko beharrezko egiaztapenak egiteko.
– Aldeek dirulaguntzen arau nazionalak (abenduaren 27ko HFP/1414/2023 Agindua, EGEF 2021-2027 aldirako finantzatutako programetan diruz lagundu daitezkeen gastuei buruzko arauak onartzen dituena) eta batasunekoak ((EB) 2021/1060 Erregelamendua eta (EB) 2021/1058 Erregelamendua) bete beharko dituzte.
– Aldeek hitzarmen honen xede diren jarduerekin zerikusia duten administrazio-agiriak gorde beharko dituzte, beren izaeragatik zaindu behar dituztenak, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan daitezkeen bitartean. Agiri horien eskuragarritasuna (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 82. artikuluan xedatutakora doituko da eta bost urtekoa izango da, kudeaketaren agintaritzak onuradunari azken ordainketa egiten dion urteko abenduaren 31tik hasita.
– Aldeek kontabilitateko erregistro independenteak mantendu behar dituzte edo kontabilitateko kode egokiak erabili operazioarekin zerikusia duten transakzio guztietarako (EB) 2021/1060 Erregelamenduaren 74.1.a) artikuluak ezarritakoaren arabera. Hori guztia EGEFekin finantzatutako gastuei buruzko auditoretza-pista bati jarraitzea ahalbidetzen duten kontabilitateko arau orokorren kalterik gabe.
– Aldeek aplikatzekoak diren batasuneko eta estatuko xedapen guztiak bete behar dituzte laguntza publikoen bateraezintasunari, gizon ea emakumeen berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruz.
– Aldeek bermatu egingo dute «kalte esanguratsurik ez eragitea» beteko dela (Do Not Significant Harm – DNSH printzipioa), 2020ko ekainaren 18ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2020/852 Erregelamenduan jasota dagoen arabera.
– Klausula honetan aurreikusitako betebeharrak bete ez dituelako Red.es enpresa-erakundeari eragindako kalteen erantzulea autonomia-erkidegoa izango da.
Seigarrena.– Baldintza teknikoak betetzea eta jabetza eskualdatzea.
Jardueren zentro onuradunek Red.es enpresa-erakundeak emandako ondasunak eta zerbitzuak berehala eragingarri egoteko beharrezko eskakizun teknikoak betetzen dituztela bermatuko dio autonomia-erkidegoak Red.es-i.
Laugarren klausulan aurreikusitako inbertsio-betebeharra betez, Red.es enpresa-erakundeak eskainitako ekipamenduen eta gainerako ondasunen jabegoa autonomia-erkidegoari eskualdatuko dio, ondasun horiek zentro onuradunen esku jartzerakoan edo, hala badagokio, ondasun horiek autonomia-erkideagoaren eskura jartzen direnean, autonomia-erkidegoak berak horretarako adierazitako lekuan.
Ekipamenduen jabegoa eskualdatutakoan, horien titulartasuna autonomia-erkidegoarena izango da.
Nolanahi ere, ondasun horiek Hitzarmen honetan finkatutako helburuetara bideratuko dira modu etengabean, gutxienez, aurreikusitako epeetan.
Zazpigarrena.– Proiektuen gauzapenaren segimendua eta inpaktua.
Aldeek jardueren garapena ebaluatu ahal izateko, Red.es enpresa-erakundeak egingo du hitzarmen honen xede diren proiektuen jarraipena, autonomia-erkidegoaren eta Osasun Ministerioaren eskumenen kalterik gabe.
Proiektu guztiek jarraipena eta eragina adierazteko multzo bat izan beharko dute, klausula honetako taularen arabera. Adierazle horien urteko eboluzioa eta urtero garatutako proiektuen zehaztasuna hitzarmen honen Jarraipen Batzordean aurkeztuko dira, kideek onar ditzaten. Zortzigarren klausulan aurreikusitako Jarraipen Batzordeak edozein unetan eskatu ahalko du adierazleen bilakaeraren informazioa. Era berean, Hitzarmenean aurreikusitako jardueren inpaktua neurtzeko garrantzitsutzat jotako beste zeinahi adierazle proposatu ahalko ditu.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
1 eta 2 adierazleak 2021-2027 aldiko Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Operatiboan definitutako gauzatzeen eta emaitzen adierazleei dagozkie. Jarraipen Batzordea eratzeko saioan ezarriko da gainerako adierazleentzako balio objektiboa.
Autonomia-erkidegoak eta Osasun Ministerioak adierazle horiek neurtzeko behar den informazio guztia emango diote Red.es enpresa-erakundeari hirugarren klausulan ezarritakoaren arabera.
Zortzigarrena.– Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea.
Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea eratu da eta Osasun Ministerioaren bi ordezkari, autonomia-erkidegoko bi ordezkari eta Red.es enpresa-erakundearen bi ordezkari izango ditu, berariaz izendatuak. Ordezkapenik baldin badago, izan behin betikoa edo behin-behinekoa, dagokion bilera-deialdian jakinarazi beharko da, eta bilerako aktan behar bezala jaso beharko da.
Jarraipen Batzordearen presidentetza Red.es enpresa-erakundeari dagokio eta honek izendatuko du idazkaria, hitza izango duena, baina botorik ez.
Jarraipen Batzordean parte hartu ahalko dute Aldeen gonbidatuek, hitzarekin baina botorik gabe.
Alde bakoitzeko bi ordezkariek boto bakarra izango dute (ordezkatzen duten aldearena), beraz, guztira hiru boto izango dira: boto bat Osasun Ministerioarena, boto bat autonomia-erkidegoarena eta boto bat Red.es enpresa-erakundearena.
Hauek dira Jarraipen Batzordearen eskumenak:
– Proiektuak onartzea Bigarren Klausulan aurreikusitako jarduerak garatzeko.
– Jardueren urteko egutegia onartzea.
– Helburuak lortu diren ebaluatzea.
– Jardueren urteko memoria aztertu eta onartzea.
– Adierazle berriak definitzea, aurrerapena eta jardueren eragina neurtzeko.
Jarraipen Batzordearen erabakiak aho batez hartuko dira, bere eskumen-eremu guztietan, helburuak lortzearen ebaluazioan izan ezik, hor gehiengoz hartuko baita.
Hitzarmen honetan agindu zaizkien eginkizunez gainera, hitzarmena ulertzeko edo betetzeko orduan arazorik sortzen baldin bada, Jarraipen Batzordearen ardura izango da ebaztea aho-batez. Era berean, hitzarmen honen gehigarriak izapidetzea proposatu ahal izango du, bertan aurreikusitako jarduketen hobekuntza eta aldaketekin; gehigarri horiek hamalaugarren klausulan aurreikusitakoaren arabera izapidetu beharko dira. Adostutako proposamen oro aho-batez hartuko da eta idazki batean jasoko du Jarraipen Batzordeak, bere kide guztiek sinatu beharko dutena.
Jarraipen Batzordea eratzeko saioa egingo da Estatuko Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan hitzarmena inskribatu eta hiru hilabeteko epean eta aldeetako batek eskatzen duen aldiro bildu ahal izango da. Dena dela, gutxienez urtean behin elkartuko da.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikuluan eta hurrengoetan xedatutako esparruaren barruan ezarriko ditu Batzordeak bere funtzionamendurako barne-arauak, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 54. artikuluan xedatutakoaren mende egongo da, kideen izendapenari dagokionez.
Aurreikusi gabeko guztirako, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren Bigarren Kapituluko Hirugarren Atalean kide anitzeko organoentzat ezartzen den araubide juridikoa aplikatuko da.
Bederatzigarrena.– Informazioaren babesa eta segurtasuna.
Hitzarmen hau sinatzen duten aldeek behar dituzten datu pertsonalen tratamendua datuen babeserako arloan estatuan eta batasunean araututakoaren mende egongo da, bereziki, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduak ezarritakoaren mende (Erregelamendua datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa da eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du).
Hitzarmen honetako Bigarren Klausulan aurreikusitako jarduerak egiteko autonomia-erkidego edo hiri autonomo baten ardurapeko datu pertsonaletara irispidea izan behar badu edo tratatu behar baditu Red.es enpresa-erakundeak, osasun-laguntza emateko eta Pazientearen autonomia eta informazio eta dokumentazio klinikoaren arloko eskubide eta betebeharrak arautzen dituen azaroaren 14ko 41/2002 Oinarrizko Legearen 16. artikuluan oinarrituta, beharrezkoa izango da tratamendu horren aurretik akordio bat egitea autonomia-erkidegoak edo hiri autonomoak Red.es izendatu dezan tratamenduaren arduradun.
Akordio horrek, edo tresna juridiko parekideak, gutxienez II. eranskinean jasotako informazioa izango du, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak xedatutakoaren arabera, eta Osasun Ministerioari jakinaraziko zaio sinatu aurretik.
Hamargarrena.– Hitzarmenaren izaera.
Hitzarmen hau hitzarmen administratibo bat da, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren VI. Kapituluak arautzen du.
Hamaikagarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du eta indarrean jarriko da Espainiako Sektore Publikoko Lankidetza Organo eta Tresnen Estatuko Erregistro Elektronikoan inskribatu ondoren. Halaber, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan xedatutakoaren arabera. Hitzarmena beste lau urterako luzatu ahal izango da, aldeek hala adostuz gero. Hitzarmenaren indarraldia eta balizko luzapena ezingo dira izan Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan xedatutako epeak baino luzeagoak.
Hamabigarrena.– Hitzarmena azkentzea eta ondorioak.
Hitzarmen hau azkendu egingo da helburuan sartzen diren jarduerak betetzean edo hitzarmena suntsitzeko arrazoi hauetako bat gertatzen bada:
a) Hitzarmenaren indarraldia amaitu eta luzapenik ez adostea edo luzapenaren indarraldia igarotzea, halakorik balego.
b) Sinatzaile guztien ahobatezko erabakia.
c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.
d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judiziala.
Hitzarmena bete edo indargabetuta, likidatu egingo da alde bakoitzaren betebeharrak eta konpromisoak zehazteko, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 52. artikuluan aurreikusitakoari jarraikiz.
Hala ere, hitzarmena suntsitzeko arrazoiren bat gertatzen denean, jardueraren bat balego martxan, aldeek, hitzarmenaren jarraipen-batzordeak proposatuta, aukera izango dute martxan daudenak eta egoki ikusten dituztenak amaitu arte segitzea erabakitzeko. Hala eginez gero, luzatu ezin den epe bat ezarriko dute jarduera horiek amaitzeko, eta epe hori igarotakoan jarduerak likidatu egin beharko dira, aurreko atalean adierazitako eran.
Hamahirugarrena.– Ondorioak, hitzarmena bete ezean.
Aldeetako batek Hitzarmena betetzen ez badu, beste alderdiak errekerimendu bat helarazi ahal izango dio betebeharra bete ez duenari, hilabeteko epean bete ditzan betegabetzat jotzen diren betebeharrak edo konpromisoak. Jarraipen Batzordeari ere emango zaio errekerimendu horren berri.
Hilabeteko epe hori igarotakoan ez-betetzeak bere horretan jarraitzen badu, eskaera egin zuen alderdiak hitzarmena suntsiarazteko arrazoia dagoela jakinaraziko dio beste aldeari eta Jarraipen Batzordeari, eta hitzarmena suntsitutzat joko da. Errekerimendua betearazpenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari jakinaraziko zaio.
Dena dela, Jarraipen Batzordeak dagokion aktan adierazi beharko du alde bakoitzak betebeharrak bete dituela edo ez dituela bete.
Errekerimenduan azaldutako epea igaro eta ez betetzeak irauten badu, errekerimendua igorri zuen aldeak beste aldeari jakinaraziko dio badagoela hitzarmena suntsitzeko arrazoia, eta hitzarmena suntsitua dagoela ulertuko da. Halakoetan, bete ez duenak eragin dituen kalte eta galerak ordaindu beharko dizkio beste aldeari.
Hamalaugarrena.– Hitzarmena aldatzea.
Hitzarmen hau aldatzeko, sinatzeko egindako izapide berdinak egin beharko dira, hitzarmena sinatu zuten aldeek adostuta.
Hamabosgarrena.– Gatazkak konpontzeko erregimena.
Hitzarmen hau interpretatzerakoan edo betetzerakoan sor litezkeen eztabaidak aldeak elkarren artean ados jarrita ebatzi beharko dira, Jarraipen Batzordearen baitan. Jarraipen Batzordeak ebatzi ezin duen tirabiraren bat egonez gero, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren mende jarriko da.
Adostasun froga gisa sinatzen dute aldeek hitzarmen hau, egindako azken sinadura digitalean adierazitako datan,
Egoitza elektronikoa, 2025eko abenduaren 12a.
Osasun Ministerioa,
JAVIER RUIZ FERNANDEZ.
Red.es enpresa-erakunde publikoa,
JESÚS HERRERO POZA.
Euskal Autonomia Erkidegoa,
ALBERTO MARTÍNEZ RUIZ.
I. ERANSKINA
EGEF EKIPOEN JARRAIPEN-TAULAK
PROIEKTUAREN HASIERAKO TAULA, RED.ES ENPRESA-ERAKUNDEAK BETE BEHARREKOA; HORNITUTAKO EKIPOEN EGOERA ADIERAZIKO DA
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Autonomia-erkidegoak bete beharrekoa, ekitaldi bakoitzeko lehenengo bi hilabeteetan, 5 urtez, egindako jarduerak jakinaraziz.
(Ikusi .PDF Fitxategia)
II. ERANSKINA
TRATAMENDUAREN ARDURADUN BAT IZENDATZEKO BEHAR DEN INFORMAZIOA
Tratamenduaren xedea eta deskripzioa.
Arduradunak egingo dituen datu pertsonalen tratamenduen deskripzioa.
Tratamenduaren iraupena.
Tratamenduaren xedea eta helburua.
Datu pertsonalen motak.
Arduradunaren betebeharrak eta eskubideak.
Arduradunaren betebeharrak eta eskubideak.
Tratamenduaren azpiarduradunak izendatzeko aukerak eta baldintzak.
Efikazia eta iraupena.
Aldaketa.
Datuak babesteko erregimena.
RSS