
51. zk., 2026ko martxoaren 16a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (200 KB - 13 orri.)
- EPUB (142 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1166
40/2026 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Urretxuko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, herritarrei informazio partikularra eta espezializatua emateari eta bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeari buruzkoa, etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien eskatzaileen erregistroari lotutako zenbait prozedurari dagokienez.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aipatu den lankidetza-hitzarmena sinatu du, eta, behar bezalako publikotasuna emateko, hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Urretxuko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, herritarrei informazio partikularra eta espezializatua emateari eta bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeari buruzkoa, etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien eskatzaileen erregistroari lotutako zenbait prozedurari dagokienez. Lankidetza-hitzarmen hori ebazpen honen eranskin gisa agertzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 6a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 6KO 40/2026 EBAZPENARENA
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA URRETXUKO UDALAREN ARTEKO LANKIDETZA HITZARMENARENA, HERRITARREI INFORMAZIO PARTIKULARRA ETA ESPEZIALIZATUA EMATEARI ETA BITARTEKO ELEKTRONIKOAK ERABILTZEN LAGUNTZEARI BURUZKOA, ETXEBIZITZA BABESTUEN ETA ZUZKIDURA-BIZITOKIEN ESKATZAILEEN ERREGISTROARI LOTUTAKO ZENBAIT PROZEDURARI DAGOKIENEZ
BILDU DIRA:
Alde batetik, Denis Itxaso González, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua.
Eta bestetik, Jon Luqui Albisua, Urretxuko Udaleko alkate-udalburua.
PARTE HARTU DUTE:
Lehenengoak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu gisa, eta Gobernu Kontseiluaren 2025eko martxoaren 3ko Erabakiaren bidez baimenduta, lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean.
Bigarrenak, Urretxuko Udaleko alkate-udalburu gisa, Urretxuko Osoko Bilkurak 2024ko uztailaren 17an egindako bileran onartutako erabakiaren bidez, baimena eman baitzion hitzarmen hau sinatzeko.
Alde biek elkarri aitortu diote lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko behar adinako gaitasuna, eta horretarako,
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak 12. eta 53. artikuluetan arautzen ditu interesdunei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzea eta haien eskubideak; eta 13. artikuluan, berriz, pertsonek administrazio publikoekiko harremanetan dituzten eskubideak.
Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak, 13. artikuluan, Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroa sortu zuen, edo hobeto esanda, jarraipena eman zion etxebizitza-gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren mendekoa zen eta antzeko ezaugarriak zituen aurreko administrazio-erregistroari, hots, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak arautzen duen Erregistroari (Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa da agindu hori).
Bigarrena.– Hauek dira Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroaren lehenengo bi eginkizunak:
a) Babes ofizialeko etxebizitzak, zuzkidura-bizitokiak eta parekatutako etxebizitzak eskuratzeko araudian aurreikusitako baldintzak betetzen dituzten eta etxebizitza eskatzen duten pertsona fisikoak edo bizikidetza-unitateak erregistratzea.
b) Babes ofizialeko etxebizitzak, zuzkidura-bizitokiak eta parekatutako etxebizitzak kudeatzeko eta esleitzeko behar diren datuak ematea herritarrei, berdintasuna eta lehia bermatzeko etxebizitza horiek eskuratzeko orduan.
2012ko urriaren 15eko Aginduaren 5. artikuluak xedatzen duenez, etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak hitzarmenak sinatu ahal izango ditu Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroaren kudeaketan lagundu nahi duten udalekin, beren udalerrian aurkezten diren eskaerak eta horiekin lotutako dokumentazioa erregistratuz. Eta 7. artikuluan jasotzen denez, udal horiek Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroaren baldintzei eta funtzionamenduari buruz beharrezkoa den informazio guztia eman beharko diete herritarrei.
Azkenik, 25. artikuluaren arabera, babes ofizialeko etxebizitzak, parekatutako etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozeduretan parte hartzeko, pertsonek edo bizikidetza-unitateek Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dute, salbuespen batzuk aurreikusten badira ere.
Hirugarrena.– Etxebizitza Legeak, II. kapituluan, etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa arautzen du. Eskubide horren edukia Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboari buruzko urriaren 10eko 147/2023 Dekretuaren bidez garatu da.
Etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboaren (aurrerantzean, eskubide subjektiboa) titularrek honako baldintza hauek bete behar dituzte, besteak beste:
e) Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan baliozko eran inskribatuta egotea, alokairuko eskatzaile gisa soilik.
f) Artikulu honen e) letran aipatzen den inskripzioan gutxienez hiru urteko antzinatasuna egiaztatzea, etenik gabe eta etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortzeko eskaera egin aurreko hiru urteetan, aipatutako dekretuaren 8. artikuluan ezartzen diren salbuespenetan izan ezik.
Laugarrena.– Arau horiek irakurtzea nahikoa da ulertzeko zer garrantzi duen Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan (aurrerantzean, Erregistroa) behar bezala izena emateak etxebizitza babestuaren eskatzaileentzat eta, are gehiago, eskubide subjektiboa aitor dakien nahi dutenentzat. Hala ere, ez zaie beti erraza izaten eskaerak betetzea, behar duten dokumentazioa ematea, egoera-aldaketak jakinaraztea, etab., batez ere zerbitzu publikoen eta administrazio-prozeduren digitalizazioak aurrera egin ahala, eta, beraz, izapidetze elektronikoak aurrera egin ahala.
Bosgarrena.– Ekainaren 20ko 91/2023 Dekretuak, herritarrei arreta osoa eta kanal anitzekoa eta zerbitzu publikoetarako sarbidea bitarteko elektronikoen bidez emateari buruzkoak, 20. artikuluan ezartzen du jarduketa-arlo, zerbitzu eta prozedura bakoitzean eskumena duten administrazio-organoek eman behar dietela informazio partikularra eta informazio espezializatua herritarrei.
Dekretu horren 24. artikuluaren arabera, informazio espezializatutzat joko da administrazioaren jardueraren eduki espezifikoa eta zehatza eskaintzea xede duena, baldin eta eduki horrek gaiagatik, xehetasunagatik edo konplexutasun juridiko edo teknikoagatik bereziki kualifikatutako langileen arreta eskatzen badu.
26. artikuluaren arabera, informazio partikularra izango da interesdunei aukera ematen diena izapidetzen ari diren edo amaituta dauden prozeduren egoerari edo edukiari buruzko eskubide eta interes legitimo zehatzak baliatzeko.
Horrenbestez, Erregistroari, eskubide subjektiboari eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko gauzatzen dituen prozedurei dagokienez, Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzak eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza arduratzen dira informazio mota hori eskaintzeaz.
101. artikuluan, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bulegoen eginkizunen artean, herritarrei Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekiko harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzea sartzen da.
Hala ere, udalak jarduera horietan sartzea abantaila handia da herritarrentzat, eta, gainera, erregistroaren kudeaketa hobetzen eta eskubide subjektiboa aitortzeko prozeduren eta etxebizitzaren arloan eskumena duen sailaren esleipen-prozeduren izapidetzea arintzen laguntzen du. Bestalde, udalak dira herritarrengandik hurbilen dauden administrazioak eta, beraz, zerbitzu horretan udalaren parte hartzeak herritarrei zerbitzu ona jasotzen laguntzen die eta administrazioaren pertzepzioa hobetzen du.
Horretarako, beharrezkoa da langileek Erregistroan eta eskubide subjektiboaren kudeaketari eta esleipen-prozedurei euskarria ematen dieten aplikazio informatikoetan jasotako informazioa kontsultatzeko aukera izatea.
Erregistroen Interkonexio Sistema (SIR) administrazio publikoen artean erregistro-idazpen elektronikoak trukatzeko oinarrizko azpiegitura da. Hori ezartzeak aukera ematen du administrazioen arteko paper-zirkulazioa ezabatzeko, efizientzia areagotuz eta papera manipulatzeko eta bidaltzeko kostuak ezabatuz, erregistro-idazpenetan aurkeztutako dokumentazioaren kopia autentiko elektronikoak sortzeari esker, hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea betez (uztailaren 9ko 10/2021 Legearen azken xedapenetako bederatzigarrenak aldatu zuen lege hori).
Asmo horrekin, eta betiere inplikatutako alderdi bakoitzaren eskumen-mailak errespetatuz, bakoitzaren interesak, konpromisoak eta ekarpenak behar bezala bideratzeko, alderdi guztiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzen dute, honako klausula hauen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Urretxuko Udalak eta Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak lankidetzan nola jardungo duten artikulatzea, herritarrei administrazio-informazio partikularra zein espezializatua emateko, eta bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzeko, Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroari lotutako prozeduretan, hala nola erregistroan inskribatzea, aldatzea eta baja ematea, etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak gauzatutako babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozeduretan parte hartzea, etxebizitza bat okupatzeko eskubide subjektiboa aitortzeko eskaera egitea eta hura azkentzea, eta etxebizitzako prestazio ekonomikoa aldatzea, etetea eta azkentzea.
Lankidetza horren ondorioz, honako pertsona edo bizikidetza-unitate hauek soilik eskuratu ahal izango dute informazio hori, aldez aurretik identifikatuta:
– Etxebizitza babestuen edo zuzkidura-bizitokien eskatzaileak, Urretxuko udalerrian erroldatuta badaude.
– Erroldatu gabe egonik, Urretxuko udalerrian etxebizitza babestua edo zuzkidura-bizitokia eskatzen dutenak.
Bigarrena.– Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren konpromisoak.
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak konpromisoa hartu du hitzarmen honen esparruan honako jarduketa hauek egiteko:
– Urretxuko Udalak berariaz horretarako izendatutako langileei kontsulta egiteko behar diren aplikazio informatikoetarako sarbidea ematea:
a) Lehenengo klausulako bigarren paragrafoan zerrendatutako pertsonak edo bizikidetza-unitateak erregistroan inskribatzea.
b) Eskubide subjektiboa aitortzeko eta azkentzeko espedienteak eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa aldatzeko, eteteko eta azkentzeko espedienteak.
c) Etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak garatutako esleipen-prozeduretan parte hartzeari buruzko informazioa.
– Erregistroen Interkonexio Sistemaren (SIR) erabilera sustatzea, lehen identifikatutako prozeduretan beharrezkoa den dokumentazioa bidali eta jasotzeko, digitalizatu aurretik, ahal den neurrian formatu fisikoak eta mezularitzako edo posta arrunteko zerbitzuak erabiltzea saihestuz.
– Langile horiei aholkularitza eskaintzea Erregistroaren, eskubide subjektiboaren eta babes publikoko etxebizitzak, parekatutako etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozeduren araudi erregulatzaileari buruz, bai eta aholkularitza ematea ere Erregistroan inskribatzeko, aldatzeko edo baja emateko eskaerak, etxebizitzarako eskubide subjektiboa aitortzeko eskaerak eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa emateko eta esleipen-prozeduretan parte hartzeko eskaerak kudeatzeari dagokionez.
– Herritarren kontsultei erantzuteko prestakuntza ematea, honako hauei dagokienez: erregistroan sartzeko baldintzak eta erregistroa kudeatzea, babes publikoko etxebizitzak, parekatutako etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurak, eta eskubide subjektiboa.
– Urretxuko Udalari ematea inprimaki elektronikorik ez duten izapideei dagozkien paperezko inprimaki eguneratuak, baldin eta Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroa kudeatzearekin, babes publikoko etxebizitzak esleitzeko prozesuetan parte hartzearekin eta etxebizitza bat eskuratzeko eskubide subjektiboa aitortzearekin lotutako jarduketetan erabili behar badira.
– Urretxuko Udalari informazio estatistiko eguneratua eta anonimoa ematea, hala eskatzen badu, Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan izena emanda dauden edo etxebizitza bat eskuratzeko eskubide subjektiboa edo etxebizitzarako prestazio ekonomikoa aitortzea eskatu duten Urretxuko pertsonei buruz.
Hirugarrena.– Urretxuko Udalaren konpromisoak.
Urretxuko Udalak konpromisoa hartzen du hitzarmen honen esparruan honako jarduketa hauek egiteko, lehenengo klausularen bigarren paragrafoan aipatutako pertsonei dagokienez, NANa edo bizileku-txartela edo pasaportea aurkeztuta behar bezala identifikatu ondoren:
– Erregistroan jasotako inskripzio-eskaerei eta horien aldaketei edo bajei buruzko informazio administratiboa, partikularra zein espezializatua ematea.
– Herritarrei laguntza ematea bitarteko elektronikoak erabiltzeko, erregistroan inskribatzeko, aldatzeko edo baja emateko prozeduretan.
– Eskubide subjektiboa aitortzeko eta azkentzeko eta etxebizitzako prestazio ekonomikoa aldatzeko, eteteko eta azkentzeko espedienteei buruzko informazio administratiboa, partikularra zein espezializatua ematea.
– Herritarrei laguntza ematea bitarte elektronikoak erabiltzeko, eskubide subjektiboa aitortzeko eta azkentzeko eta etxebizitzarako prestazio ekonomikoa aldatzeko, eteteko eta azkentzeko prozedurei dagokienez.
– Etxebizitza-gaietan eskumena duen sailak garatutako esleipen-prozeduretan parte hartzeari buruzko informazio administratiboa, partikularra zein espezializatua ematea.
– Herritarrei bitarteko elektronikoak erabiltzen laguntzea, etxebizitzaren arloan eskumena duen sailak garatutako esleipen-prozeduretan parte har dezaten.
– Inprimaki elektronikoak erabiltzea, baldin badaude, eta paperezko inprimakiak bitarteko elektronikoen bidez egin ezin diren izapideetarako gordetzea.
– Erregistroen Interkonexio Sistema (SIR) erabiltzea lehen identifikatutako prozeduretan beharrezkoa den dokumentazioa bidaltzeko eta jasotzeko, digitalizatu aurretik, ahal den neurrian formatu fisikoak eta mezularitzako edo posta arrunteko zerbitzuak erabiltzea saihestuz.
Laugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.
Datu pertsonalak datu pertsonalen babesaren arloko egungo araudiak eskatzen duenaren arabera tratatuko dira:
a) (EB) 2016/679 Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena.
b) 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Hitzarmen hau indarrean jartzen den egunean, Urretxuko Udala «Etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien eskatzaileen erregistroa» (ID 1122) eta «Etxebizitzarako prestazio ekonomikoaren kudeaketa» (ID 1628) izeneko datu pertsonalen tratamendu-jardueren eragilea izango da. Tratamendu horien arduraduna Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza da.
Tratamenduaren xedea, iraupena, izaera eta helburua, datu pertsonal motak eta interesdun-kategoriak, eta arduradunaren eta eragilearen betebeharrak eta eskubideak hitzarmen honen eranskinean ezarritakoak dira.
Eranskin hori hitzarmenaren zati banaezina da eta izaera juridiko bera du, eta loteslea da, Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 28.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Bosgarrena.– Araubide ekonomikoa.
Lankidetza-hitzarmen honek ez dakar alderdi sinatzaileen arteko kontraprestazio ekonomikorik; hala ere, alderdi bakoitzak, hala badagokio, bere gain hartutako betebeharrak betetzeko beharrezkoak diren inbertsioak egin beharko ditu.
Seigarrena.– Hitzarmenaren jarraipena.
Urretxuko Udalak, etxebizitzaren arloan eskumena duen sailaren ekarpenekin eta oniritziarekin, jarraipen-txosten bat egingo du urtero, hitzarmen honetan zehaztutako konpromisoak betetzen direla jasotzeko.
Sor daitezkeen interpretazio-arazoak eta gatazkak edo interferentziak konpontzeko, eta, oro har, sortzen diren gorabehera guztiei erantzuteko, zuzenean komunikatuko dira erakunde parte-hartzaileetako solaskideak. Hartara, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzako zerbitzua den Etxebideko arduraduna eta Urretxuko Udaleko idazkaria izango dira gertatzen diren interpretazio-arazoetarako solaskideak.
Zazpigarrena.– Hitzarmenaren araubide juridikoa eta izaera.
Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak, Euskal Sektore Publikoaren maiatzaren 12ko 3/2022 Legeak, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legeak eta Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuak arautzen dute. Hori dela eta, haren interpretazioaren, aplikazioaren, betearazpenaren eta ondorioen inguruan sor daitezkeen auzi guztien berri izatea administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio, aurreko klausulan aurreikusitako bidea agortu ondoren.
Hitzarmena Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen aplikazio-eremutik kanpo dago.
Hitzarmena aldatzeko, Urretxuko Udalaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren arteko ahobatezko akordioa beharko da, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren bitartez.
Zortzigarrena.– Indarraldia eta azkentzea.
Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa da, sinatzen den egunetik aurrera. Epe hori beste lau urtez luzatu ahal izango da, indarraldia amaitu aurreko edozein unetan.
Hitzarmenaren indarraldia azkendu ahal izango da esku hartzen duten administrazioen adostasunez, edo administrazioetako batek, beste alderdiak bere gain hartutako betebeharren ez-betetze larri bat egiaztatzen badu; kasu horretan alde-bakarrez azkendu dezake hitzarmena.
Hitzarmenean jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena suntsiarazteko arrazoia izango da, eta alderdiak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Gainera, suntsipena eragin duen alderdiak sortu diren kalte eta galera guztiak ordaindu beharko dizkie, bai beste alderdiei, bai fede oneko hirugarrenei.
Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu honen lau ale sinatu dituzte, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.
Egoitza elektronikoa, 2026ko otsailaren 12a.
Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua,
DENIS ITXASO GONZÁLEZ.
Urretxuko Udalaren alkate-udalburua,
JON LUQUI ALBISUA.
ERANSKINA
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Urretxuko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmenari, elkarlana artikulatzeko honako jardueretan kudeaketa egokia ahalbidetzeko: etxebizitza babestuen eta zuzkidura bizitokien eskatzaileen erregistroari lotutako hainbat prozeduratan informazio partikularra eta espezializatua ematea eta herritarrei bitarteko elektronikoen erabileran laguntzea.
I.– Tratamenduaren mandatuaren xedea.
Eranskin honetako objektu diren datu pertsonalak, fitxa hauetan agertzen direnak, «Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroa» (ID 1122) eta «Etxebizitzako prestazio ekonomikoaren kudeaketa» (ID 1628) tratamenduaren arduradunaren tratamendu-jardueren erregistroaren parte dira, eta horien arduraduna Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza da; edukiak esteka hauetan kontsulta daitezke: https://www.euskadi.eus/web01- aprat/eu/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1122?locale=eu eta https://www.euskadi.eus/web01-aprat/es/ac34aRatWebWar/control/fichaRat/1628
Helburu hauek ditu: «Izena emanda dauden pertsonen unean uneko ezagutza; etxebizitza babestuen, zuzkidura-bizitokien eta parekatutako etxebizitzen esleipenaren kudeaketa eta kontrola, eta gertatzen diren gorabeherak; etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboaren aitorpena, etxebizitzarako prestazio ekonomikoarena barne», eta «Etxebizitzako prestazio ekonomikoa ematen denetik kudeatzea: baldintzei eustea, aldaketak, eteteak, azkentzeak, bidegabeki jasotako prestazioen itzulketak, geroratzeak, zatikatzeak eta konpentsazioak; eta etxebizitza bat eskuratzeko eskubide subjektiboa», hurrenez hurren.
Datuen tratamendua beharrezkoa da Urretxuko Udalak kontsultak ebazten lagundu ahal izateko eta eranskin honetako hitzarmenaren lehenengo klausularen bigarren paragrafoan zerrendatutako interesdunei bitarteko elektronikoak erabiltzen lagundu ahal izateko.
Urretxuko Udalak jarduera horiek egiteko berariaz izendatutako langileek bakarrik tratatu ahal izango dituzte datuak.
Hauek dira tratamendu-eragileak (Urretxuko Udalak) eskura ditzakeen interesdunen kolektiboak eta tratatutako datu pertsonalak:
ID 1122:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
ID 1628:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Tratamenduaren barruan, jarduketa hauek egingo dira:
(Ikusi .PDF Fitxategia)
II.– Iraupena.
Eranskin honen indarraldia hitzarmenaren zortzigarren klausulan aurreikusitakoa da.
Behin amaituta, Urretxuko Udalak eranskin honetako III. ataleko Q) letran adierazitakoaren arabera jardungo du.
III.– Tratamendu-eragilearen betebeharrak.
Urretxuko Udalak eta bertako langileek betebehar hauek izango dituzte:
A) Tratatu beharreko datu pertsonalak hitzarmen honetan aurreikusitako helburuetarako soilik erabiltzea. Inola ere ezingo dituzte datuak beste helburu batzuetarako erabili.
B) Datuak Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren jarraibideen arabera tratatzea.
Urretxuko Udalak uste badu jarraibideren batek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua edo Batasuneko edo estatu kideetako datuen babesaren arloko beste edozein xedapen urratzen duela, berehala jakinaraziko dio Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari.
C) Idatziz jasotzea tratamenduaren edozein arduradunen kontura egindako tratamendujardueren kategoria guztiak, baita Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza ere, honako hauek jasota:
I) Udalaren izena eta harremanetarako datuak, datuak babesteko ordezkariarenak, hala badagokio, eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzarenak.
II). Arduradun bakoitzaren kontura egindako tratamenduen kategoriak, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritza berariaz sartuta.
III) Honako hauei buruzko datuen tratamenduaren inguruan hartzen diren segurtasunneurri tekniko eta antolakuntzakoen deskribapen orokorra:
a) Datu pertsonalen seudonimizazioa eta zifratzea.
b) Tratamendu-sistemen eta -zerbitzuen konfidentzialtasun, osotasun, erabilgarritasun eta erresilientzia iraunkorra bermatzeko gaitasuna.
c) Gorabehera fisiko edo teknikoren bat gertatuz gero, datu pertsonalen eskuragarritasuna eta sarbidea azkar leheneratzeko gaitasuna.
d) Tratamenduaren segurtasuna bermatzeko neurri teknikoen eta antolaketaneurrien eraginkortasuna aldian-aldian egiaztatzeko, ebaluatzeko eta baloratzeko prozesua.
D) Datuak hirugarrenei ez jakinaraztea, salbu eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren berariazko baimena badu, legez onartutako kasuetan.
E) Organismo publiko batek edo tokiko edo udalez gaindiko merkataritza-sozietate batek etxebizitza-zerbitzuak kudeatzea.
DBEOren 28.2 artikuluak dioenez, «tratamendu-eragileak ez du beste eragile batengana joko, arduradunaren idatzizko baimen espezifiko edo orokorrik gabe»; hau da, mandatu batean azpimandatu bat egiten bada, berariaz onartu beharko du tratamendu-arduradunak.
Urretxuko Udalak organismo publiko baten edo tokiko edo udalaz gaindiko sozietate publiko baten bidez kudeatzen baditu etxebizitza-zerbitzuak, eta organismo edo sozietate horrek mandatu honen xede diren datu pertsonalak eskuratu behar baditu, bi baldintza hauek bermatu beharko ditu:
I) Organismo publikoak edo tokiko edo udalez gaindiko sozietate publikoak egiten duen datu pertsonalen tratamendua bat etortzea indarreko legeriarekin, mandatu honetan jasotakoarekin eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren jarraibideekin.
II) Udalak eta organismo publikoak edo tokiko edo udalez gaindiko sozietate publikoak datu pertsonalak tratatzeko mandatu bat formalizatzea, gutxienez mandatu honetan aurreikusitako baldintzetan; mandatu hori tratamenduaren organo arduradunaren esku jarriko da, hala eskatzen duenean, mandatua egin dela eta edukia egiaztatzeko. Mandatu horren arabera, organismo publikoa edo tokiko edo udalaz gaindiko sozietate publikoa tratamenduaren azpieragile bihurtuko da.
Nolanahi ere, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak, tratamenduaren arduraduna den aldetik, edozein unetan egiaztatu ahal izango du adierazitako bi baldintzak bete direla.
F) Mandatu honen ondorioz eskuratu dituen datu pertsonalak isilpean gordetzea, baita xedea amaitu ondoren ere.
G) Bermatzea datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek konpromisoa hartzen dutela, berariaz eta idatziz, konfidentzialtasuna errespetatzeko eta dagozkion segurtasun-neurriak betetzeko, eta hartara aurrez, behar bezala jakinarazi behar zaizkiela. Era berean, Urretxuko Udalak hitz ematen du sarbidea kontrolatuko duela, eta konfidentzialtasun-neurriak hartuko ditu datu pertsonalen babes egokia bermatzeko, batez ere kategoria bereziko datuak edo bereziki zaurgarriak diren datu pertsonalen kategoriei eragiten dieten datuak tratatzen ari direlako.
H) Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren eskura izatea aurreko apartatuan ezarritako betebeharra betetzen dela egiaztatzen duten agiriak.
I) Datu pertsonalak tratatzeko baimena duten pertsonek datu pertsonalak babestearen arloan behar den prestakuntza dutela bermatzea.
J) Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari laguntzea interesdunengandik zuzenean jasotzen dituen eskubideei erantzuten, edo behar den informazioa ematea Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez aurkezten direnak ebatzi ahal izan ditzan.
Interesdunek aurreko eskubideak baliatzen dituztenean tratamenduaren eragilearen aurrean, arduradunak adierazitako helbidera posta elektronikoz jakinarazi beharko du. Jakinarazpena berehala egin behar da, eta inola ere ez eskaera jaso eta hurrengo lanegunetik aurrera.
K) Informazio-eskubidea:
1.– Tratamendu-eragileak, datuak biltzeko unean, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak emandako datu-tratamenduei buruzko informazioa eman behar dio interesdunari; izan ere, dituen eskubide guztien informazioa eman behar dio tratamendu-eragileak interesdunari.
L) Datuen segurtasunaren urraketak jakinaraztea:
Urretxuko Udalak, bere ardurapeko datu pertsonalen segurtasunean urraketaren baten berri izanez gero, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari jakinaraziko dio, atzerapen bidegaberik gabe eta, ahal bada, urraketaren berri jaso eta 48 ordu baino lehen solaskideei mezu elektronikoa bidalita, gorabehera dokumentatu eta komunikatzeko behar den informazio guztiarekin batera, salbu eta segurtasunaren urraketa horrek pertsona fisikoen eskubide eta askatasunetarako arriskurik ekartzea aski gertagaitza bada, eta betiere, erabaki horren eta ondorioen gaineko erantzukizuna Urretxuko Udalarena izango da.
Segurtasun-arrakalak ebaluatzeko excel-orria eta segurtasun-arrakalak jakinarazteko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan nahitaez erabili beharrekoak izango dira, salbu eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak jakinarazpen-prozedura espezifiko bat ezartzen badu.
Urretxuko Udalari dagokio datuen segurtasunaren urraketak ahalik eta lasterren interesdunei jakinaraztea, urraketak pertsona fisikoen eskubide eta askatasunetarako arrisku handia ekar dezakeenean.
Komunikazioa hizkera argi eta errazean egin behar da, eta gutxienez hauek jasoko ditu:
I) Datuen urraketaren izaeraren azalpena.
II) Urretxuko Udaleko datuak babesteko ordezkariaren izena eta harremanetarako datuak, edo, hala badagokio, informazio gehiago lor daitekeen beste harremanetarako puntu batenak.
III) Datu pertsonalen segurtasunaren urraketak izan ditzakeen ondorioak.
IV) Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak datu pertsonalen segurtasunaren urraketa konpontzeko hartutako edo proposatutako neurriak, eta, hala badagokio, balizko ondorio negatiboak arintzeko hartutako neurriak.
M) Etxebizitza Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari laguntza ematea arriskuen analisian eta, hala dagokionean, datu-babesaren gaineko inpaktuaren ebaluazioan.
N) Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari laguntza ematea kontrol-agintaritzari aurretiazko kontsultak egiteko, hala dagokionean.
O) Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren esku jartzea bere betebeharrak betetzen dituela frogatzeko behar den informazio guztia, bai eta arduradunak edo hark baimendutako beste auditore batek egiten dituen auditoretzak edo ikuskapenak egiteko behar den informazio guztia ere.
P) Segurtasun-neurriak ezartzea.
Urretxuko Udalak Segurtasunaren Eskema Nazionalean ezarritako segurtasun-neurriak ezarriko ditu, egiten duen datu-tratamenduari dagokionez.
Nolanahi ere, honako hauetarako mekanismoak ezarri beharko ditu:
I) Tratamendu-sistemen eta -zerbitzuen konfidentzialtasun, osotasun, erabilgarritasun eta erresilientzia iraunkorra bermatzea.
II) Gorabehera fisiko edo teknikorik izanez gero, datu pertsonalak berriro erabilgarri eta irispidean azkar jartzea.
III) Tratamenduaren segurtasuna bermatzeko ezarritako neurri tekniko eta antolakuntzakoen eraginkortasuna erregulartasunez egiaztatu, ebaluatu eta baloratzea.
IV) Datu pertsonalak seudonimizatzea eta zifratzea, hala badagokio.
Urretxuko Udalak Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak pribatutasun-neurrien arloan emandako jarraibideak bete beharko ditu.
Q) Datuen xedea.
Hitzarmena amaitzean, baliogabetu egingo dira Urretxuko Udalari emandako Etxebideren erregistroko plataformara sartzeko baimenak, eta datu pertsonalak plataforma horretan geratuko dira, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzaren eskura.
Baimenak ezeztatu ondoren, Urretxuko Udalak horiek tratatzeko erabilitako ekipo informatikoetan dauden datu guztiak ezabatuko ditu.
Eragiketa horiek egiteko, Urretxuko Udalak eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzak Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak segurtasunari eta pribatutasunari buruz ezarritako jarraibideak bete beharko dituzte.
IV.– Tratamenduaren arduradunaren betebeharrak.
Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzari eta, hala badagokio, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Zerbitzu Zuzendaritzari dagokie:
a) Urretxuko Udaleko langileek Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua betetzen dutela zaintzea, aldez aurretik eta tratamendu osoan.
b) Tratamendua gainbegiratzea, ikuskapenak eta auditoretzak egitea barne.
Tratamenduaren arduraduna.
Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria,
MARIO YOLDI DOMÍNGUEZ.
Tratamendu-eragilea.
Urretxuko Udalaren alkate-udalburua,
JON LUQUI ALBISUA.
RSS