
51. zk., 2026ko martxoaren 16a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (105 KB - 2 orri.)
- EPUB (114 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1164
28/2026 DEKRETUA, martxoaren 3koa, zeinaren bidez ezeztatzen baita «Gehitu, Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkartea / Asociación de gais, lesbianas, bisexuales, trans e intersexuales del País Vasco» izeneko elkartearen onura publikoaren aitorpena.
«Gehitu, Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkartea / Asociación de gais, lesbianas, bisexuales, trans e intersexuales del País Vasco» izeneko elkartea onura publikokoa deklaratu zen Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2006ko maiatzaren 2ko 88/2006 Dekretuaren bidez.
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dionez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuak arautzen ditu onura publikoa aitortzea lortzeko, mantentzeko eta ezeztatzeko bete behar diren baldintzak eta prozedura.
Horrez gain, aipatutako ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 44. artikuluak, onura publikoko elkarteen betebeharrei buruzkoak, ezartzen du onura publikoko aitorpena duten elkarteek aurreko ekitaldiari dagozkion urteko kontuak aurkeztu behar dituztela Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean, ekitaldi hori amaitu eta hurrengo sei hilabeteen barruan.
Ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 45. artikuluaren arabera, onura publikoaren aitorpena Eusko Jaurlaritzaren dekretu bidez ezeztatu ahal izango da, baldin eta aitorpen hori eragin zuten betekizunak betetzen jarraitzen dela egiaztatzen ez bada edo elkarte mota horri dagozkion betebeharrak behin eta berriz eta modu larrian urratzen badira.
Babesletzaren 2026ko urtarrilaren 30eko txostenean adierazitakoaren arabera, elkarteak ez du bete kontuak epearen barruan aurkezteko eginbeharra, 2021, 2022 eta 2023ko ekitaldiei dagokienez. Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariaren 2026ko otsailaren 5eko Ebazpenaren bidez, legezko betebeharrak ez betetzea egiaztatu zen, eta ez-betetze hori astuntzat eta errepikatutzat jo zen. Ebazpen horrek amaitutzat ematen du elkartearen onura publikoaren aitorpena ezeztatzeko hasitako prozeduraren instrukzioa, informazio-eginbideak eta gainerako izapide egokiak egin ondoren, eta dekretu hau ematea proposatzen du. Hori guztia, uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuaren 21. artikulutik 27. artikulura bitartean xedatutakoa betez.
Ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, emandako txostena eta instruitutako prozedura azterturik, Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 3an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onura publikoaren aitorpena ezeztatzea «Gehitu, Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual, trans eta intersexualen elkartea/asociación de gais, lesbianas, bisexuales, trans e intersexuales del País Vasco» izeneko elkarteari, aitorpen horri dagozkion eginbeharrak larriki eta behin eta berriz ez betetzeagatik eta legezko betebeharrak ez betetzeagatik.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Nolanahi ere, aukerako berraztertze- errekurtsoa aurkez daiteke aurretik.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 3an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS