
51. zk., 2026ko martxoaren 16a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (325 KB - 22 orri.)
- EPUB (887 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1163
27/2026 DEKRETUA, martxoaren 3koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailetako eta organismo autonomoetako langile funtzionarioen eta lan-kontratukoen lanpostuen zerrendak onartzen dituzten dekretuak aldaraztekoa.
Urriaren 14ko 226/1997 Dekretuaren bidez, karrerako funtzionarioentzat eta langile lan-kontratukoentzat gordetako lanpostuen zerrendak onartu ziren. Dekretu hori hainbat aldiz aldatu da, besteak beste, honako hauen bidez: Funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatzen dituen ekainaren 26ko 105/2007 Dekretuaren bidez (analisi funtzionalak egiteko prozesuen ondoriozko aldaketak); Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen dituen azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzeko maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren bidez, eta apirilaren 11ko 73/2017 Dekretuaren bidez. Apirilaren 11ko dekretu horren bidez, Segurtasun Saileko eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia organismo autonomoko lan-kontratuko langileentzat gordetako lanpostuen zerrendak aldatzen dira; lanpostuak baloratzeko prozesuaren ondoriozkoa da dekretu hori, zeina egin behar izan baitzen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan-arloko Salaren 2016ko urtarrilaren 26ko epaia exekutatzeko (23/2015 zk. Autoetan emana).
Administrazioaren barne-egiturak antolatzeko baliabideak dira lanpostuen zerrendak; beraz, indarrean dauden prozeduren arabera izapidetuta, aldeko ebazpena jaso duten aldaketak aldian-aldian sartu behar dira lanpostu-zerrendetan, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 45. artikuluan agindutakoa betetzeko.
Horiek horrela, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 3an egindako bileran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Ontzat ematea funtzionarioentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak, zeinak dekretu honen I. eranskinean baitaude eta, maiatzaren 17ko 61/2022 Dekretuaren bidez onartu ziren, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioen kidegoak eta eskalak arautzen dituen azaroaren 11ko 7/2021 Legera egokitzeko dekretuaren bidez.
Bigarren artikulua.– Langile lan-kontratukoentzat gordetako lanpostuen zerrendetan egindako aldaketak onartzea. Zerrenda horiek apirilaren 11ko 73/2017 Dekretua aldatzen duen dekretu honen II. eranskinean agertzen dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu dakioke Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, dekretua argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 3an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
RSS