Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2026ko martxoaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OGASUN ETA FINANTZA SAILA
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1162

29/2026 DEKRETUA, martxoaren 3koa, zeinaren bidez baimena ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, eta baimena ematen baitzaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titulartasuneko akzioen ordezkariari sozietate horren estatutuen 6. artikulua aldatzeko adostasuna emateko.

«Bilbao Exhibition Centre SA» sozietatea 2001ean eratu zen, eta hauen partaidetza du: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala, Barakaldoko Udala eta Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganbera.

Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen xedea da «merkataritza-topaketak antolatzea eta kudeatzea, jarduera ekonomikoaren adar ezberdinen merkataritza sustatzeko bide gisa, baita aisia eta kulturarekin zerikusia duten topaketak ere».

Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen Akziodunen Ezohiko Batzar Orokorrak, 2025eko abenduaren 17an egindako bilkuran, erabaki zuen 31.999.992,00 euroko kapital-gehikuntza egitea, eta, horretarako, gaur egun daudenen klase eta serie bereko 4.637.680 akzio berri jaulki eta zirkulazioan jartzea, bakoitza 6,90 euroko balio nominalekoa eta titulu izendunen bidez ordezkatuta, 19.391.311tik 24.028.990era bitartean zenbakituta, biak barnean direla.

Bilera hartan, Barakaldoko Udalak, Bilboko Udalak eta Bilboko Merkataritza, Industria, Zerbitzu eta Nabigazio Ganberak espresuki uko egin zioten akziodunen lehentasun-eskubideari, eta ez dute parte hartuko kapital-gehikuntzan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen akzioduna denez, lehentasunezko eskubidea du aipatutako sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Kapital Sozietateen Legearen testu bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuaren 110.1 artikuluan ezartzen duenez, enpresa-ondarearen parte diren ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, Gobernu Kontseiluak aurrez baimena eman behar, dekretu baten bidez, ondarearen arloan eskumena duen sailburuak eta, zuzenean edo erakunde instrumental baten bidez, sozietatea atxikita dagoen edo atxikiko zaion saileko buruak elkarrekin proposaturik. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuratzea ez baldin bada behinik behin, nahitaez adierazi beharko du sozietatearen xedea zein den, baita Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka zer partaidetza-ehunekoa izango duen ere.

Bestalde, lege-testu beraren 111.2 artikuluak hau xedatzen du: zuzenean nahiz zeharka Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorraren edo instituzionalaren titulartasunpekoak diren akzioen ordezkariek sozietate-estatutuak onartzeko edo aldatzeko onarpena emateko, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko dute, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta sozietatea loturik duen saileko sailburuak biek batera proposaturik.

Ondorioz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak batera proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 3an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Baimena ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari «Bilbao Exhibition Centre SA» sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Horretarako, hamabost milioi, bederatziehun eta laurogeita hemeretzi mila, bederatziehun eta laurogeita hamasei euroren (15.999.996,00) akzioak harpidetuko ditu, hau da, kapital-gehikuntzaren % 50. Eragiketa horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Bilbao Exhibition Centre SA sozietatean izango duen zuzeneko partaidetza % 49,99188koa izango da.

2. artikulua.– Baimena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko akzioen ordezkariari, kapital-gehikuntzaren ondorioz, Bilbao Exhibition Centre SA sozietatearen estatutuen 6. artikulua aldatzeko adostasuna emateko, kapital-gehikuntzaren emaitzazko baldintzetan, kapital-sozialaren zenbateko berria jasotzeko.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 3an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.


Azterketa dokumentala