Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2026ko martxoaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
ONGIZATE, GAZTERIA ETA ERRONKA DEMOGRAFIKOAREN SAILA
1161

21/2026 DEKRETUA, otsailaren 24koa, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen Erregelamendua onesten duena.

Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legeak helburu hauek dituela ezartzen du zioen azalpenean: alde batetik, hobetzea diru-sarrerak bermatzeko sistemak eskaintzen dituen prestazio ekonomikoen estaldura eta eskuragarritasuna, eta, bestetik, eskurago jartzea lan- eta gizarte-bizitzan moldatzeko zailtasunak dituzten euskal herritarrei kalitateko gizarte- eta enplegu-zerbitzuak. Horretarako, beharrezkoa izan da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistema osoaren funtzionamendua eta, oso bereziki, sistema osatzen duten prestazio ekonomikoena indarrean dagoen esparru arauemailea onartu zenetik euskal gizartean gertatu diren aldaketa sakonetara egokitzea, betiere 80ko hamarkadako krisiaren ondoren Euskadin abian jarritako eredua zainduz eta haren gizarte-legitimitatea eta jasangarritasun ekonomikoa bermatuz.

Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak funtsezko bi osagai ditu: prestazioak eta laguntza ekonomikoak eta lan- eta gizarte-inklusiora bideratutako tresnak. Lehenengoen barruan hauek nabarmentzen dira: batetik, eskubide subjektiboko eta aldizkako prestazio ekonomikoak, zeinak oinarrizko beharrekin erlazionatutako gastuei eta gizarte- edo lan-inklusioko prozesuetatik eratorritako gastuei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonei zuzendurik baitaude –diru-sarrerak bermatzeko errenta eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera–, eta, bestetik, diruz lagundu daitezkeen eta aldizkakoak ez diren gizarte-larrialdietarako laguntzak, zeinak helburu jakin baterako baitira eta gastu arruntei edo ezohikoei aurre egiteko behar beste baliabide ez duten pertsonei zuzendurik baitaude, beharrezkoak baitira gizarte-bazterketako edo arrisku-egoerak saihesteko edo arintzeko.

Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legeak aldaketa esanguratsuak egin ditu diru-sarrerak bermatzeko errentaren egituran, zeinak gizarte-larrialdietarako laguntzen erregulazioari eragiten baitiote. Legean prestazio eta laguntza ekonomiko guztiei eragiten dieten alderdi orokor komunak arautzen diren arren, jasotzen da erregelamendu bidez arautuko direla gero gizarte-larrialdietarako laguntzen espezifikotasunarekin zerikusia duten gai jakin batzuk.

Dekretuak artikulu bakar bat eta azken xedapen bat ditu.

Artikulu bakarrak Gizarte Larrialdietarako Laguntzen Erregelamenduaren testua onesten du.

Gizarte Larrialdietarako Laguntzen Erregelamenduak sei titulu, 36 artikulu, bi xedapen gehigarri, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat, bi azken xedapen eta bi eranskin ditu.

I. tituluak xedapen orokorrak jasotzen ditu, eta prestazioa mugatzen duten elementuak ezartzen ditu: xedea, definizioa eta izaera, egoitzaren definizioa, zer gastu espezifiko estaliko diren, prestazioaren ezaugarriak, non azpimarratzen baita prestazio horiek subsidiarioak direla prestazio ekonomikoak jasotzeari dagokionez, hala nola DSBEa edo EPEa, beste prestazio ekonomiko batzuekiko bateragarritasunak, prestazioa eskuratzeko betekizunak, laguntzaren titularren betebeharrak eta egoitza berean bizi direnak aldi berean onuradun izateko aukera. Artikulu bereizi batean arautzen da egoitzatzat zer ulertzen den, eta jasotako definizioari Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamendua gehitzen zaio.

II. tituluak dirulaguntza honen araubide ekonomikoa definitzen du, eta bereziki kontuan hartzen du baliabide eta ondare konputagarriak, laguntzen gehieneko zenbatekoak (urtero zehaztuko dira agindu bidez) eta laguntza horiek emateko mugak zehaztea. Laguntzaren benetako zenbatekoari dagokionez, erregelamenduaren testuak jasotzen du udal eskudun bakoitzak, urteko aginduaren arabera, kontzeptu bakoitzarengatik eman daitekeen gehieneko zenbatekoa murrizteko ahalmena duela, dauden-aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta; hain zuzen ere, eskatzaile guztien eskariari berdin erantzuteko udalaren ustez nahikoa den ehuneko negatiboan murriztuko da zenbateko hori. Nolanahi ere, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legeak agintzen duena kontuan hartuta, gizarte-larrialdietarako laguntzak ematea eta laguntza horien zenbatekoak baldintzatzen dituzten mugak ezartzen dira. Zehazkiago, berariaz xedatzen denez, laguntzak etxebizitza edo ohiko bizitokia erosteko eskatu diren kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuak ordaintzeko direnean, gizarte-larrialdietarako laguntzak kontzeptu horretarako jasotzeko gehieneko aldia ez da bost urte baino gehiago izango, bizikidetza-unitatea dagoen aldi osoan, edo etxebizitza beraren edo ohiko bizitokiaren gaineko kreditu bat ordaintzeko. Nolanahi ere, muga horiek ez zaizkie aplikatuko 60 urtetik gorako kideren bat duten bizikidetza-unitateei.

Gizarte-babesa bermatzen zaie administrazio publikoek babestutako programetan parte hartzen duten pertsonei, hala nola Euskadin familia-erreferenterik ez duten gazteen gizarteratzea eta laneratzea bizkortzea helburu duten Trapezistak programan parte hartzen dutenei, edo gazte horiei helduarora igarotzen laguntzeko beste programa batzuetan parte hartzen dutenei; gizarte-babesa bermatzen zaie, halaber, % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonei, gaixotasun mental bat diagnostikatuta dutenei eta bizimodu independentea izaten laguntzea helburu duten euskal administrazio publikoek babestutako programen erabiltzaileei.

III. tituluan jasotzen dira prestazioaren onarpenari dagozkionak: eskabidea nola eta non aurkeztu behar den –eskatzailea erroldatuta dagoen eta bizi den udalerria–, zer dokumentazio behar den (erregelamendu honen I. eta II. eranskinetan dago jasota), prozedura nola bideratuko den, eskatzaileek eta horien bizikidetza-unitateek edo laguntzaren onuradun izan daitezkeenek dituzten baliabideak nola egiaztatuko diren, eta prestazioaren ebazpena, ematea, ordainketa, gastuen justifikazioa eta aldizkako berrikuspenak nola egingo diren.

Erregelamenduak, halaber, prestazioa kudeatzen duen organoak laguntza emateko baldintzak betetzen direla aztertzeko ahalmena duela ezartzen du, betiere prozedura dirulaguntzen arloko araudi orokorrera egokituz, gizarte-larrialdietarako laguntzak dirulaguntzak direla kontuan hartuta. Administrazio-arintasunaren eta -ekonomiaren printzipioak bete daitezen, gogoratu behar da administrazioek neurriak hartu behar dituztela herritarrek administrazioen esku dauden datu eta dokumentuak ez emateko duten eskubidea bermatzeko, bai eta, eskatzaileak aurka egin ezean, eskuragarri dauden elkarreragingarritasun-zerbitzuen edo datuak trukatzeko plataformen bidez, laguntza eskuratzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak biltzeko ere. Laguntzaren ordainketari dagokionez, prestazioaren titularra ez den beste pertsona batzuei ordaintzeko aukera ezartzen du erregelamendu honek, titularrak zailtasun legal eta soziopertsonalak baldin baditu, banku-kontu bat eduki ezin badu edo laguntza kontuan sartu ezin bazaio.

IV. titulua oker jasotako kopuruak itzultzeko prozedurari buruzkoa da. V. tituluak, berriz, prozeduraren arau komunak erregulatzen ditu, eta ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publiko eskudunek gizarte-larrialdietarako laguntzen eskatzaile titularrei edo hartzaileei buruz eskatzen dituzten datu eta txosten guztiak Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legean eta erregelamendu honetan ezarritako prestazioak eskuratzeko baldintzak eta betebeharrak betetzen direla egiaztatzeko ezinbestekoak diren datuetara mugatuko direla. Horrez gain, adierazten da laguntza kudeatzeko espedienteetan agertzen diren datuen tratamendua eta euskal administrazio publikoen artean egin beharreko datuen komunikazioa, bakoitzaren eskumeneko prestazioak aitortzeko eta kontrolatzeko, legezko obligazio bat betetzeko egingo dela, eta interes publikoa dagoelako eta ahal publikoak baliatzeko, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamendua kontuan hartuta (datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa da erregelamendu hori eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du).

Nolanahi ere, erregelamendu honetan araututako gizarte-larrialdietarako laguntzak aitortzeari, berrikusteari eta itzultzeari buruzko administrazio-prozedura guztietan, administrazioak irisgarritasun unibertsala eta hizkuntza argiaren erabilera bermatuko ditu. Behar diren neurriak hartuko dira eskaera, errekerimenduak, ebazpenak, errekurtsoak eta jakinarazpenak pertsona guztiek ulertuko dituztela ziurtatzeko, baita arrazoi kognitiboak, psikosozialak, funtzionalak edo beste era batekoak direla-eta ulermen-oztopoak dituztenek ere, eta, beharrezkoa denean, izapideak egiteko laguntza, akonpainamendua edo asistentzia teknikoa izateko eskubidea bermatuko da.

Era berean, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako eta emakumeen aurkako indarkeria matxistarik gabe bizitzeko Legearen testu bategina onartzen duen martxoaren 16ko 1/2023 Legegintzako Dekretuaren 3.2 artikulua bete dadin, administrazioak helburu orokorra lortzen lagunduko du, hau da, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak desagerrarazten eta berdintasuna sustatzen, emakumeek eta gizonek laguntza hauek eskuratzeko eta jasotzeko eskubidea berdintasun-baldintzetan baliatuko dutela bermatzeko.

VI. titulua laguntza hauetan eskumena duten administrazioen arteko finantzaketari eta diru-transferentziei buruzkoa da. Atal hau bereziki garrantzitsua da laguntza hauei dagokienez, tokiko erakundeek izapidetzen eta Jaurlaritzak finantzatzen baitituzte. Alde horretatik, esan behar da, Euskal Autonomia Erkidegoan ematen diren prestazioak eta zerbitzuak bateratzeko, administrazio publiko guztiek ahalegin handia egin behar dutela udalerriek, beren nahitaezko autonomia errespetatuz, prestazioaren kudeaketari dagokionez erantzun koherentea eta elkartua eman diezaieten herritarrei, eta, horretarako, baliagarria izango da erregelamendu honetan eta Eusko Jaurlaritzak argitaratzen dituen urteko aginduetan ezarritakoa.

Lehenengo xedapen gehigarriak arau-hausteen eta zehapenen araubidea erregulatzen du, eta, horretarako, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legera eta haren erregelamendu-garapenera jotzen du, baina udalei ematen die prozeduraren instrukzioaren kudeaketa-organo izateko ardura. Bigarrenak, berriz, aukera ematen du gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen aurreko araudiari buruzko aipamen guztiak, zehazki, Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzko urtarrilaren 18ko 4/2011 Dekretuari buruzkoak, dekretu honen bidez onartzen den erregelamenduari egindakotzat hartzeko.

Lehenengo xedapen iragankorrak udalek Eusko Jaurlaritzari datuak eta egiaztagiriak nola helarazi behar dizkioten ezartzen du Gizarte Zerbitzuei buruzko Informazioko Euskal Sistema erabilgarri egon arte; bigarren xedapen iragankorrak, berriz, gizarte-larrialdietarako laguntzen eta etxebizitzako-gastuetarako prestazio osagarriaren arteko bateraezintasun-araubidea ezartzen du.

Xedapen indargabetzaileak Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzko urtarrilaren 18ko 4/2011 Dekretua indargabetzen du.

Bukatzeko, azken xedapenetako lehenengoak dirulaguntzen araubidearen eta administrazio-prozeduraren arloko araubide osagarria ezartzen du. Azken xedapenetako bigarrenak diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte-zerbitzuetako eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari esleitzen dio eredu normalizatuak onartzea eta aldatzea; ereduak aldatzeko modukoak izan behar dira, hobetu daitezen eta laguntzak izapidetzea sinplifikatu eta eraginkorrago bihur dadin.

Azkenik, I. eta II. eranskinek berariaz arautzen dituzte nola egiaztatu gizarte-larrialdietarako laguntzen titular eta onuradun izateko betekizunak eta beste egoera batzuk, bai eta premia ekonomikoko egoera ere.

Horrenbestez, eta, egin beharreko izapideak egin ondoren, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz eta Gobernu Kontseiluak 2026ko otsailaren 24an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Gizarte Larrialdietarako Laguntzen Erregelamendua onestea. Testua hemen txertatu da.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.

Erregelamendu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko otsailaren 24an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua,

NEREA MELGOSA VEGA.

GIZARTE LARRIALDIETARAKO LAGUNTZEN ERREGELAMENDUA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Erregelamendu honen xedea Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legeak ezarritako gizarte-larrialdietarako laguntzak –prestazio ekonomikoak– arautzea da, eta laguntza horietan sartu behar diren kontzeptuak eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan laguntzak emateko baldintzak zehaztea.

2.– Laguntza horiek emateko betekizunek eta aplikatzeko prozedurek aipatutako Legean, erregelamendu honetan eta erregelamendua garatzeko ematen diren xedapenetan araututakoari jarraituko diote.

2. artikulua.– Definizioa eta ezaugarriak.

1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak pertsona hauei zuzenduta daude: gizarte-bazterketako egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko beharrezkoak diren berariazko gastuei, –ohikoei nahiz ezohikoei,– aurre egiteko behar beste baliabide ez duten bizikidetza-unitate bateko pertsonei.

2.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak laguntza ekonomikoak edo dirulaguntzak dira, ez-aldizkakoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan kreditua esleituta egon beharko da eman ahal izateko. Aurrekoa bazter utzi gabe, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak eta udalek, administrazio publiko eskudunak direnez, behar beste diru esleituko dute urtero, laguntza horiekin lotutako gastuei aurre egiteko.

3. artikulua.– Egoitza.

Egoitzari dagokionez, Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legearen 13. artikuluan eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamenduaren 2. artikuluan xedatutakoa hartuko da kontuan.

4. artikulua.– Berariazko gastuak.

1.– 2. artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusitakoaren ondorioetarako, gastu hauek joko dira arrisku-egoerak nahiz gizarte-bazterketa prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko nahitaezkoak diren berariazko gastutzat, ohikoak zein ezohikoak izan:

a) Ohiko etxebizitza edo bizitokia eduki eta mantentzeko beharrezkoak diren gastuak, hauek barne:

1. Alokairu-gastuak.

2. Kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuak, gizarte-larrialdiko egoeraren aurretik eginak, etxebizitza edo bizitoki bat eskuratu delako.

3. Elektrizitate-, gas- edo etxeko beste erregai-horniketa batzuek eragindako energia-gastuak.

4. Ohiko etxebizitza edo bizitokia eduki eta mantentzeko beharrezkoak diren beste gastu batzuk. Kontzeptu horren barruan gastu hauek sartzen dira: ura, zaborra, estolderia, hiri- eta landa-izaerako ondasun higiezinen gaineko zerga, jabekideen erkidegoko kuotaren ondoriozkoak eta etxebizitzaren segurtasunarekin eta aseguru eta eraikinen ikuskapen teknikoarekin erlazionatutakoak.

5. Ohiko etxebizitzaren edo bizitokiaren bizigarritasunerako eta oinarrizko ekipamendurako beharrezkoak diren gastuak, hala nola:

1.– Altzari-gastuak.

2.– «Linea zuria» deituriko etxetresna elektrikoen gastuak.

3.– Etxebizitza egokitzeko edo konpontzeko gastuak.

4.– Etxebizitzan oinarrizko instalazioak egiteko gastuak.

6. Etxebizitza berri batean bizitzen jartzeko egin behar diren ezohiko gastuak, hala nola fidantza, horniduretan alta ematea, egokitze-lanak eta abar.

b) Bizikidetza-unitateko kide batek edo gehiagok dituzten oinarrizko beharrizanei dagozkien gastuak, esate baterako: jantziak, hezkuntza eta prestakuntza, eta osasun-arreta, betiere sistema publikoek estaltzen ez badituzte.

c) Aurretiko zorpetzearen gastuak, a) eta b) apartatuetan aipatutako gastu-kontzepturen batengatik sortuak, edo bizitzako oinarrizko beste beharrizan batzuei aurre egiteko gastuak egiteagatik sortuak.

2.– Era berean, aurreko paragrafoan ezarritako gastuak banakatzeko, banakako gastutzat hartuko dira pertsona jakin batek erabiltzen dituen elementu edo zerbitzuekin erlazionatuta daudenak eta kontsumitzen dituztela zehaztasunez ziurta daitekeenak, hala nola odontologia, betaurrekoak... Gastu komuntzat hartuko dira, ordea, higiezin bat okupatzeak berez dakartzan gastuak, zeinak higiezin horretan bizi direnek sortzen baitituzte eta haientzat bakarrik baitakarte onura; besteak beste, alokairua eta hornidurak. Etxebizitza horretan bizi den pertsona bakoitzari egotziko zaizkio alderdiek adostutakoaren arabera edo, halakorik ezean, zati berdinetan banatuko da gastua.

5. artikulua.– Ezaugarriak.

1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak helburu jakin baterako dira; beraz, helburu horretarako baino ezin dira erabili.

2.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak subsidiarioak dira eta, hala badagokio, indarrean dagoen legerian aurreikusi eta onuradunak edo haren bizikidetza-unitateko edozein kidek jaso ditzakeen eduki ekonomikoko edozein motatako gizarte-baliabide eta -prestazioen osagarriak dira. Horrenbestez, aldez aurretik, pertsonek beren eskubideak baliatu eta eskubidez dagozkien pentsio eta prestazio publikoak eskatu beharko dituzte, baldin eta gizarte-larrialdietarako laguntzekin bateragarriak badira, eta prestazio haiek jasotzeak dagokion gizarte-larrialdietarako laguntzen zenbatekoari eragiten badio.

3.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak besterenezinak dira, eta, beraz, ezin izango dira:

a) Obligazioen berme gisa eskaini.

b) Laga, ez osorik, ez partzialki.

c) Konpentsatu edo deskontatu, jaso behar ez ziren prestazioak itzultzeko izan ezik, betiere erregelamendu honetako IV. kapituluan aurreikusitako baldintzen arabera.

d) Atxiki edo bahitu, legeria zibilean eta prozesalean aurreikusitako kasuetan eta mugekin izan ezik.

6. artikulua.– Bateragarritasuna.

1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak bateragarriak dira diru-sarrerak bermatzeko errentarekin eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrerarekin.

2.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak bateragarriak dira etxebizitza-gastuetarako prestazio ekonomikoarekin, baina ez alokairu-gastuak ordaintzera bideratzen direnekin.

Era berean, alokairu-gastuak ordaintzeko erabiliko diren gizarte-larrialdietarako laguntzak bateraezinak dira Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitako laguntzekin (agindu horren bidez, Gaztelagun programako etxebizitzen alokairurako laguntzak arautzen dira) eta etxebizitza librea alokatzeko ematen diren beste laguntza batzuekin, zeinak ematen baitira aurreikusi daitezkeen ekonomia- eta gizarte-zaurgarritasuneko egoerei aurre egiteko, salbu eta laguntzaren zenbatekoa gizarte-larrialdietarako laguntzengatik eman beharreko zenbatekoa baino txikiagoa bada; kasu horretan, osagarriak izango dira.

7. artikulua.– Onuradunak.

1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzen titular izan daitezke, erregelamendu honetan aurreikusitako baldintzetan, betekizun hauek konplitzen dituztenak:

a) 18 urtetik gora izatea. Gutxieneko adin-muga horretatik salbuetsita daude, gazteago izanagatik ere, ondorengo egoeraren batean daudenak, gainerako baldintzak betetzen badituzte:

1. Gizakien salerosketaren eta sexu-esplotazioaren biktimak.

2. Genero-indarkeriaren biktimak edo etxeko indarkeriaren biktimak.

3. Pentsiodunak, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 27. artikuluan xedatutakoaren arabera.

4. Banantze- edo dibortzio-izapideak hasita dituztenak edo izatezko bikoteen edo elkarteen erregistroaren inskripzioa ezeztatzeko eskatuta dutenak.

5. Lehen semea edo alaba eduki edo adoptatu dutenak, adingabe bat modu iraunkorrean hartu dutenak edo % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duen edo mendekotasun-kalifikazioa duen adin nagusiko bat hartu dutenak.

6. Ohiko egoitza utzi dutenak errentak ez ordaintzeagatiko utzarazpen baten ondorioz, gerora sortutako ordaintzeko ezintasun baten ondorioz, hipoteka betearazteko prozedura baten ondorioz, etxebizitza bizi gaitz geratu delako edo etxebizitzaren irisgarritasun-arazoengatik, behar bezala egiaztatuta.

7. Egoera hauetakoren batean daudenak: kalteberatasun bereziko egoera, bazterketa-egoera edo nahitaez egoitza berean bizi behar izatea, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamenduaren 14. artikuluan xedatutakoaren arabera.

b) Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 25. eta 26. artikuluetan aipatutako bizikidetza-unitateetako bat izatea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea eta benetako bizilekua izatea modu jarraituan, eskaera egin aurreko sei hilabeteetan, gutxienez.

Epe hori bete ezean, eskaera egin aurreko hamar urteetatik bost urtez jarraian Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriren batean erroldatuta egon eta benetan han bizi behar dute.

d) Erregelamendu honen 4. artikuluan jasotako gastuei aurre egiteko behar beste baliabide ez izatea, baliabide ezak bizikidetza-unitateko kideak ukitzen baditu. Nolanahi ere, behar beste baliabide ez dagoela ulertuko da baldintza hauek betetzen direnean:

1. Bizikidetza-unitateak, azken urtean edo, prestazioak zer gastutarako eskatzen diren, gastu horiekin erlazionatzen den edo erlazionatuko den denbora-tartean, ez edukitzea aldi horretan bizikidetza-unitateak duen osaeraren arabera legokiokeen gehieneko errenta bermatuaren balioaren % 150 baino etekin handiagorik; etekin horiek Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legeak 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoaren arabera zehaztuko dira.

2. Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legeak 26. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezohiko bizikidetza-unitate bateko kideak egoitza berean bigarren mailarainoko –odolkidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna, adopzio, familia-harrera iraunkor edo adopzio aurreko harrerako lotura duten beste batzuekin bizi, eta ez izatea denek batera, dagokion aldian, bizikidetza-unitateak duen osaeraren arabera legokiokeen gehieneko errenta bermatuaren balioaren % 300 baino etekin handiagorik, baldin eta bizikidetza-unitate bereko kidetzat hartzen badira guztiak, dagokion aldi horretan.

e) Bizikidetza-unitateari urtebetean legokiokeen gehieneko errenta bermatuaren zenbatekoa halako bost baino ondare handiagoa ez izatea. Ondarearen balioa Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamendua onesten duen azaroaren 21eko 173/2023 Dekretuaren III. tituluko II. kapituluaren 2. atalean –errendimenduak zehazteari buruzkoa– ezarritakoarekin bat etorriz zehaztuko da.

f) Jasotzeko eskubidea izan dezaketen pentsioak eta prestazioak eskatuta edukitzea, salbu eta Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 16.1.g) artikuluan aurreikusitako egoeretan izan ezik.

2.– Alokairu-gastuak ordaintzeko diren gizarte-larrialdietarako laguntzen kasuan, artikulu honen 1. apartatuan jasotako baldintzak betetzeaz gain, hauek bete behar dira:

a) Gizarte-larrialdietarako laguntzak alokairu-gastuei aurre egiteko direnean, etxebizitzaren arloko eskumena duen sailaren zerbitzuan alokairuko etxebizitzaren eskatzaile gisa izena emanda egotea edo izena emateko eskaera egina izatea.

Betekizun hori ez zaie eskatuko kotizaziopeko edo kotizazio gabeko pentsioen onuradun diren 65 urtetik gorako pertsonei, baldin eta etxebizitza berean 10 urte baino gehiago bizi direla egiaztatzen badute edo, gutxieneko epe hori ez beteta ere, beren ohiko bizitokian jarraitu nahi badute.

b) Odolkidetasun edo ezkontza-ahaidetasunezko bigarren mailarainoko ahaidetasun-harremanik ez egotea eskatzailearen bizikidetza-unitatea osatzen duten edozein kideren eta etxebizitzaren errentatzailearen edo haren bizikidetza-unitateko edozein kideren artean, gizarte-larrialdietarako laguntzak alokairu-gastuak ordaintzeko badira.

3.– Eskatzaileak edo haien bizikidetza-unitateko beste edozein kidek ezingo dituzte baliatu alokairu-gastuak edo ohiko etxebizitza edo bizilekua erosteko kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuak ordaintzera bideratutako gizarte-larrialdietarako laguntzak egoera hauetakoren batean baldin badaude:

a) Etxebizitza bat alokairuan edo jabetzan izatea, baldin eta Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio publiko batzuek edo horien mendeko erakundeek sustatutako babes publikoko etxebizitza motaren batean sartuta badago, eskaera egin zenean indarrean zegoen legerian aurreikusitakoaren arabera.

b) Etxebizitza bat jabetzan edo gozamenean izatea eta gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatzea beste etxebizitza baten alokairu-gastuei aurre egiteko, azken hori ohiko bizitokia izanda ere, salbu eta desgaitasun-egoeragatik edo egoera hori larriagotzeagatik irisgarritasun falta dutelako, banandu edo dibortziatu direlako edo beste arrazoi batzuen ondorioz (hala nola utzarazpena) beren ohiko bizilekua utzi behar izan duten edo etxeko indarkeriaren edo indarkeria matxistaren biktima diren pertsonak badira, besteak beste.

8. artikulua.– Onuradunak elkartzea.

1.– Etxebizitzari buruzko legeriaren arabera definitutako etxebizitzen edo zuzkidura-bizitokien kasuan edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamendua onesten duen azaroaren 21eko 173/2023 Dekretuaren 2.1 artikuluaren b apartatuan jasotako bizikidetza-unitateetako kideak bizi diren esparru fisikoen kasuan, honako irizpide hauek aplikatuko dira:

a) Ez da ezartzen etxebizitza edo bizitoki berean bizi diren bizikidetza-unitateei gehienez zenbat gizarte-larrialdietarako laguntza eman dakizkiekeen, b) apartatuan ezarritakoak izan ezik. Nolanahi ere, udalek, laguntza horiek kudeatzeko duten autonomiaren eta aurrekontu-zuzkiduraren arabera, egokitzat jotzen dituzten mugak ezarri ahal izango dituzte, irizpide propioetan oinarrituta.

b) Alokairu-gastuak ordaintzeko gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatzen badituzte:

1. Azpierrentamendua edo logela-alokairua bi bizikidetza-unitatek edo gehiagok badute elkarrekin, betiere bigarren mailara arteko odolkidetasuneko eta ezkontza-ahaidetasuneko ahaidetasun-loturak izanik, edo adopzioko edo familia-harrera iraunkorreko edo adopzio aurreko lotura izanik, edo ezkontza-loturak edo ezkontza-loturaren antzekoak, bizikidetza-unitate horietako bati emango zaio laguntza, aurkezpen-ordenaren arabera, salbu eta erreferentziazko gizarte-zerbitzuak beste ezer erabakitzen badu premia handiagoko arrazoiengatik.

2. Azpierrentamendua edo logela-alokairua ahaidetasun-harremanik ez duten bi bizikidetza-unitatek edo gehiagok partekatzen badute, gehienez ere gizarte-larrialdietarako bi laguntza eman daitezke alokairu-gastuetarako. Bi eskaera baino gehiago badaude, aurkezpen-ordenaren arabera emango da, salbu eta erreferentziazko gizarte-zerbitzuak beste era bateko txostena egiten badu premia handiagoko arrazoiengatik. Gizarte-larrialdietarako bi laguntza emateko, errentamenduko, azpierrentamenduko edo logela-alokairuko kontratua eduki behar da.

Bi bizikidetza-unitatek edo gehiagok batera hartzen badute etxea errentan, gizarte-larrialdietarako laguntza bakarra emango da. Eskabide bat baino gehiago egonez gero, aurkeztu diren hurrenkeraren arabera ebatziko dira.

2.– Bizitoki kolektiboen kasuan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren azaroaren 21eko 173/2023 Dekretuaren 2.1 artikuluaren a, c, d eta e apartatuetan bizitoki horiek nola definitzen diren kontuan izanda, gizarte-larrialdietarako laguntzen gehieneko kopurua dagokion establezimendurako legez aitortzen diren gehieneko plaza kopuruak mugatuko du, eta eskumeneko administrazio publikoek bermatzen ez duten prestazioaren gasturako eskuratu ahalko dira laguntzak.

3.– Era berean, bizitoki kolektibotzat hartuko dira EAEko administrazio publikoek babestutako programak garatzen dituzten etxebizitzak, helburu hauek badituzte:

a) Euskadin familia-erreferenterik ez duten gazteen gizarteratzea eta laneratzea bizkortzeko prozesuak babestea, edo gazte horiek helduarora igarotzeko beste laguntza-programa batzuk bultzatzea.

b) % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duten edo gaixotasun mental baten diagnostikoa duten pertsonen bizitza independentea babestea.

Gizarte-larrialdietarako laguntzen gehieneko kopurua dagokion programaren esparruan bizitoki kolektiborako onartutako gehieneko plaza-kopuruak zehaztuko du.

9. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Gizarte-larrialdietarako laguntzak zein helburutarako jaso dituen, horrexetarako erabiltzea.

b) Ebazpena eman aurretik nahiz laguntza jasotzen den bitartean, eskatzaileak edo haren bizikidetza-unitateko edozein kidek eskubidea izan dezakeen pentsio eta prestazio publiko oro baliatzea, Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen bigarren paragrafoko 16.1.g) artikuluan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

c) Dagoeneko onartuta dauden gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatu zaizkion udalari laguntzak eskuratzeko aukera ematen duten baldintzak betetzeari buruz gerora sortutako gertaerak jakinaraztea, gehienez ere gertatu eta hamabost egun naturaleko epean, eta, zehazkiago, hauen berri ematea:

1. Bizikidetza-unitatearen osaerari eragiten dioten gertakariak, baita, hala badagokio, gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradun izan daitezkeen gainerako pertsonei buruzko bizileku-aldaketa ere, eta, nolanahi ere:

a) Bizikidetza-unitateko kideren baten heriotza.

b) Onuraduna edo bizikidetza-unitateko beste edozein kide egoitza-zentro publiko edo pribatuetan, zentro sanitario publiko edo pribatuetan, espetxeetan, desintoxikazio-zentroetan edo harrera-zentroetan sartzea, hilabeteko edo gehiagoko aldi baterako.

c) Bizikidetza-unitatea uztea eta onuraduna ohiko egoitzatik ateratzea.

d) Jaiotza, adopzioa, familia-harrera iraunkorra edo adopzio aurrekoa.

e) Titularrarekin bigarren mailara arteko odol-ahaidetasuna edo ezkontza-ahaidetasuna duen pertsona bat bizikidetza-unitatean sartzea.

f) Bizikidetza-unitatearen osaeran eragina duen beste edozein aldaketa.

2. Prestazioaren zenbatekoa kalkulatzeko oinarri gisa erabili diren baliabideak ukitzen dituzten gertakariak, hala nola:

a) Hileroko diru-sarrera motak edo zenbatekoak aldatzea, eta ondarea areagotzea edo murriztea.

b) Baliabideak handitzea, b) apartatuan aurreikusitako eskubide ekonomikoak baliatzearen ondorioz diru-sarrerak lortu direlako.

3. Laguntza emateko eskatutako baldintzaren bat aldi baterako edo behin betiko galtzea ekar lezakeen beste edozein gertakari edo egoera.

d) Dagoeneko onartuta dauden gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatu zaizkion udalari onuradunaren ohiko bizitokian gertatutako edozein aldaketaren berri ematea, gehienez ere gertatu eta hamabost egun naturaleko epean.

e) Jaso behar ez ziren prestazioen zenbatekoak edo behar baino zenbateko handiagoa jasoz gero, zenbateko hori itzultzea, erregelamendu honetako IV. kapituluan bildutakoaren arabera.

f) Administrazioaren aurrean agertzea eta harekin lankidetzan aritzea, hori eskatzen bazaio.

II. TITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA

10. artikulua.– Zenbatekoa eta baliabideak zehaztea.

1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzen zenbatekoa zehazteko, erregelamendu honen 10. artikulutik 13.era bitartean xedatutakoa beteko da.

2.– Eskatzailearen eta bizikidetza-unitateko gainerako kideen baliabideak zehazteko, baliabide guztiak zenbatuko dira erregelamendu honen 15. eta 16. artikuluetan aurreikusitako baldintzak kontuan hartuta.

11. artikulua.– Urteko gehieneko zenbatekoak.

Gizarte-zerbitzuen eta diru-sarrerak bermatzearen alorreko eskumena duten Eusko Jaurlaritzako sailek urtero ezarriko dituzte, agindu bidez, erregelamendu honen 4. artikuluan aurreikusitako gastu espezifiko bakoitzerako gizarte-larrialdietarako laguntza gisa, orokorrean, urte bakoitzean emango dituzten gehieneko zenbatekoak.

12. artikulua.– Eskatzaile bakoitzeko gehieneko zenbatekoa.

1.– Aurreko artikuluan ezarritakoa bazter utzi gabe, gastu espezifiko bakoitzeko eskatzaile bakoitzari aplika dakiokeen gehieneko zenbatekoa ezartzeko honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Eskatzailearen eta haren bizikidetza-unitateko gainerako kideen baliabideak.

b) Egindako edo egin beharreko berariazko gastuen zenbatekoa.

c) Udaleko gizarte-zerbitzuek egindako balorazioa gastua benetan beharrezkoa den, laguntza-premia duten pertsonak gizarteratzen laguntzeko garrantzitsua den edo lehentasunezkoa den jakiteko.

d) Gastu bakoitzerako kreditu esleiturik badagoen.

e) 11. artikuluan jasotako gehieneko zenbatekoak.

2.– Laguntzari eslei dakiokeen zenbatekoa honela aterako da: gizarte-larrialdietarako laguntzen urteko aginduak kontzeptu bakoitzerako ezartzen duen gehieneko zenbatekoari ehuneko jakin bat aplikatuta, edo gastuaren benetako zenbatekoa kontzeptuaren gehieneko zenbatekoa baino txikiagoa bada, benetako gastuaren zenbatekoari aplikatuko zaio ehunekoa. 1. paragrafoan aipatutako irizpideak oinarri hartuta, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ehunekoa erregelamendu honen 11. artikuluan aipatzen den urteko aginduan ezarriko da.

13. artikulua.– Laguntzaren benetako zenbatekoa.

1.– Eskabide bakoitzari eman dakiokeen laguntzaren benetako zenbatekoak ezin izango ditu muga hauek gainditu:

a) Erregelamendu honen 11. artikuluan aipatzen den aginduak gastu espezifiko bakoitzerako ezartzen dituen urteko gehieneko zenbatekoak.

Muga horrek kontuan hartuko ditu bai eskatutako laguntza espezifikoa, bai, hala badagokio, aurrekontu-ekitaldi berean eskatzaileari edo haren bizikidetza-unitateko edozein kideri emandako beste laguntza batzuk.

b) Kasu partikular bakoitzari aplika dakiokeen gehieneko zenbatekoa, zeina aurreko artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera ezartzen baita.

2.– Kasu partikular bakoitzari aplika dakiokeen zenbatekoa, aurreko artikuluan aurreikusitako prozeduraren arabera ezartzen dena, ordea, murriztu egin dezake udal eskudunak haren aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta, eta kasu horretan erregelamendu honen 11. artikuluan aipatzen den urteko aginduaren arabera, kontzeptu bakoitzarengatik eman daitekeen gehieneko zenbatekoa eskatzaile guztien eskaerari modu berean erantzuteko udalaren ustez nahikoa den ehuneko negatiboan murriztuko da.

3.– Hala ere, ezin izango da murriztu 4. artikuluaren 1.b) apartatuan zehaztutako oinarrizko premien kontzeptua, ez eta 4. artikuluaren 1.a) apartatuan zehaztutako alokairuaren kontzeptua ere, honako kasu hauetan:

a) Euskadin familia-erreferenterik ez duten gazteen gizarteratzea eta laneratzea bizkortzeko euskal administrazio publikoek babesten dituzten programen erabiltzaileak edo gazte horiek helduarora igarotzeko beste laguntza-programa batzuen erabiltzaileak badira.

b) % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonak edo gaixotasun mentalaren diagnostikoa dutenak izan eta EAEko administrazio publikoek babestutako bizitza independenteari laguntzea helburu duten programen erabiltzaileak badira.

4.– Aurreko apartatuko a) eta b) letretan aipatutako programak dekretu honen 11. artikuluan aipatzen den urteko aginduaren eta programaren esparru-dokumentuaren bidez zehaztuko dira.

14. artikulua.– Prestazioa emateko eta zenbatekoak kontatzeko mugak.

Gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko eta zenbatekoak zehazteko, muga hauek izango dira kontuan:

a) Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 63. artikuluan ezarritakoarekin bat etorrita, bizikidetza-unitatearen urteko diru-sarreren eta bizikidetza-unitate berari eman zaizkion Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren prestazio eta laguntzen baturak ezingo du gainditu gehieneko errenta bermatu honen % 200: titularraren bizikidetza-unitatearen ezaugarri berdinak dituen bizikidetza-unitate bati urtean egokituko litzaiokeen diru-sarrerak bermatzeko errentaren % 200.

Laguntza emateko prozeduran aurreko apartatuan aipatzen den inguruabarra gertatzen dela egiaztatzen denean, ulertuko da ez dela bete 7.1 artikuluaren d) apartatuko betekizuna, hau da, baliabide nahikorik ez izatea.

b) Laguntzak ohiko etxebizitza edo bizitokia erosteko eskatu diren kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuak ordaintzeko direnean, eta etxebizitza edo bizitoki horrek ezohiko balioa badu Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamendua onesten duen azaroaren 21eko 173/2023 Dekretuaren 45.3 artikuluan jasotzen denaren arabera, kontzeptu horretarako gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko gehieneko epea ez da bost urte baino gehiago izango, bizikidetza-unitateak irauten duen denbora osoan edo ohiko etxebizitza edo bizitoki beraren gaineko kreditu bat ordaintzeko.

Nolanahi ere, b) apartatuan ezarritako muga ez zaie aplikatuko 60 urte baino gehiagoko kideren bat duten bizikidetza-unitateei.

15. artikulua.– Baliabideak eta ondarea zehaztea.

1.– Eskatzailearen eta bere bizikidetza-unitateko gainerako kideen hileko baliabideak zehazteko, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren azaroaren 21eko 173/2023 Dekretuaren III. tituluko II. kapituluan aurreikusitakoa aplikatuko da, artikulu honetan aurreikusitako salbuespenak salbuespen.

2.– Enplegurako bultzagarriak indartzeko, eskatzailearen edo haren bizikidetza-unitateko beste kide batzuen norberaren konturako edo besteren konturako diru-sarreren portzentaje jakin batzuk ez dira zenbatuko baliabide erabilgarri modura. Enplegurako bultzagarri gisa zenbatzetik salbuetsi beharreko diru-sarreren ehunekoak zehazterakoan, urriaren 7ko 189/2025 Dekretuan xedatutako irizpideei jarraituko zaie (diru-sarrerak bermatzeko errentaren eta gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradunei aplikatzeko enplegu-pizgarriak arautzen ditu dekretu horrek).

3.– Diru-sarreratzat hartuko dira Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren gainerako prestazioetatik datozen etekinak, bai diru-sarrerak bermatzeko errentatik datozenak, bai etxebizitzarako prestazio osagarritik datozenak, bai eta etxebizitzaren legezko okupazioa lortzeko eskubide subjektiboa egikaritzeko etxebizitzaren prestazio ekonomikotik datozenak eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuaren 2022ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitako laguntzetatik datozenak ere (agindu horren bidez, Gaztelagun programako etxebizitzen alokairurako laguntzak arautzen dira), eta, orobat, zaurgarritasun ekonomiko eta sozialeko egoerei aurre egiteko ematen diren etxebizitza librea alokatzeko beste laguntza batzuk ere bai, baldin eta bateragarriak badira gizarte-larrialdietarako laguntzekin eta laguntza horrek dagokion gizarte-larrialdietarako laguntzen zenbatekoari eragiten badio.

4.– Behin hileko baliabideak aurreko paragrafoetan ezarritakoarekin bat etorriz zehaztu ondoren, urteko baliabideak edo prestazioak eskatu diren gastuekin lortzen diren edo lotuko diren denbora-tarterako baliabideak zehazteko, biderketa hau egin beharko da: hileko baliabideak bider gastu horiekin lotutako hilabete-kopurua.

16. artikulua.– Baliabide nahikoa.

1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzen onuradun izateko nahikoa baliabide dagoela joko da erregelamendu honen 7.1 artikuluko d) apartatuan araututako baldintzak betetzen direnean.

2.– Aurreko zenbakian xedatutakoaz gain, ulertuko da nahikoa baliabide dutela bizikidetza-unitateko kideren batek gizarte-larrialdietarako laguntzak eskuratzeko aitortutakoak ez beste baliabide batzuk izatea eragiten duten ondasunak eta zerbitzuak eskuratzen dituenean, bai eta haiei eusten dienean ere, betiere titularrak edo, hala badagokio, bizikidetza-unitateko edozein kidek ezin badu egiaztatu baliabide horiek bereak ez dituen baliabide ekonomikoetan dutela jatorria.

Ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko baliabide erabilgarri horien zenbaketak erregelamendu honen 7.1 artikuluaren d) letran ezarritako mugak gainditu behar ditu.

III. TITULUA
PRESTAZIOEN ONARPENA

17. artikulua.– Eskaera.

1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak eskuratzeko, interesdunak edo haren ordezkariak eskaera egin beharko dio erroldatuta dagoen eta benetan bizi den udalerriko udalari.

2.– Laguntza-eskabidea eta dokumentazioa elektronikoki edo aurrez aurre aurkeztuko dira, eredu normalizatu bat beteta. Eredu hori eskuragarri izango dute interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko udal guztietan eta haien egoitza elektronikoetan, udaletako gizarte-zerbitzuetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan.

3.– Eskaera izapidetzeko eta agiriak aurkezteko kanal presentziala edo elektronikoa erabiltzeak ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideetan kanal bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke.

4.– Eskatzaileek laguntza-eskabidea zein beharrezko dokumentazioa nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ditzakete. Halaber, laguntza-eskaeratik eratorritako ekintzetan, baita prozedura osoan ere, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak 6.1 artikuluetan ezartzen duenez.

5.– Eskatzaileek ez dituzte berriro aurkeztu beharko dagoeneko administrazio publikoen esku dauden dokumentuak eta informazioa. Horretarako, ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten datuak edo dokumentuak administrazio publikoen datuak trukatzeko plataformen bidez lortu edo egiaztatuko dira, salbu eta interesduna aurka badago edo teknikoki ezinezkoa bada horiek lortzea. Horrek guztiak ez ditu eragotziko Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-ahalmenak.

6.– Eskaerak erantzukizunpeko adierazpen bat izango du, gutxienez alderdi hauek jasoko dituena:

a) Egiazkoak direla eskabidean eta eskabideari erantsitako dokumentazioan emandako datuak, eta betetzen direla erregelamendu honetan jasotako laguntzen onuradun izateko baldintzak, laguntza kobratzen den denbora guztian.

b) Ez zaiola ezarri dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zehapen penalik edo administrazio-arloko zigorrik, eta ez dagoela hartarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoak emandako laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasitako itzultze- edo zehapen-prozeduraren batean dagoen ala ez. Mota horretako prozedura batean badago, zein prozedura den edo diren adieraziko da.

d) Ez dagoela Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 10/2023 Legearen 13.1 artikuluan ezarritako egoeretan.

e) Konpromisoa hartzen duela laguntzak kudeatzen dituen zuzendaritzari eskabidean adierazitako daturen bat aldatzen bada edo laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetan zerbait aldatzen bada haren berri emateko, egoera horietakoren bat gertatu eta 15 egun naturaleko epean.

f) Ahaidetasun-loturarik ez egotea odolkidetasuneko eta ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara arte eskatzailearen bizikidetza-unitateko edozein kideren eta etxebizitzaren errentatzailearen edo errentatzaile horren bizikidetza-unitateko edozein kideren artean (alokairurako gizarte-larrialdietarako laguntzen kasuan).

g) Etxebizitza bat jabetzan edo gozamenean ez izatea (alokairurako gizarte-larrialdietarako laguntzen kasuan).

h) Babes publikoko etxebizitza-motaren bateko etxebizitzarik ez izatea alokairuan edo jabetzan, eskabidea egin zenean indarrean zegoen legerian aurreikusitakoaren arabera (alokairurako gizarte-larrialdietarako laguntzen kasuan).

i) Prestazioaren onuradun izan daitezkeen bizikidetza-unitatea osatzen duten pertsonak informatuta egotea eta ez egotea laguntza kudeatzen duen organoak egin beharreko egiaztapenak egitearen aurka.

Aurka eginez gero, beharrezkoa den dokumentazioa aurkezteko konpromisoa hartzen du, jakitun izanik bizikidetza-unitatea osatzen duen edonork aurka eginez gero unitate osoari eragingo diola, eta guztiei eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu beharko dela.

18. artikulua.– Dokumentazioa.

1.– Aurreko artikuluan araututako eskabidearekin batera, erregelamendu honen I. eta II. eranskinetan jasotako egiaztagiriak aurkeztu beharko dira, kasu bakoitzaren arabera.

2.– Edozein kasutan ere, arintasuneko eta administrazio-ekonomiako printzipioak gauzatzeko eta administrazio publikoen arteko lankidetza- eta koordinazio-betebeharrari jarraiki, administrazio publikoek, gizarte-larrialdietarako laguntzen kudeaketaren esparruan, beharrezko neurriak hartuko dituzte herritarrek jada administrazio horien esku dauden datuak eta dokumentuak ez ekartzeko duten eskubidea bermatzeko.

Zehazki, entitate kudeatzaileak laguntza lortzeko eta mantentzeko beharrezkoak diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duen dokumentazioa bilduko du eskura dauden elkarreragingarritasun-mekanismoen bidez edo administrazio publikoen datuak trukatzeko plataformaren bidez, salbu eta eskatzailea aurka agertzen bada edo eskatzailearen baimen espresua eskatzen duen aplikatu beharreko lege bereziren bat badago; kasu horretan, eskatzaileak egiaztatu beharko du baldintzak betetzen dituela. Herritarraren adostasuna bitarteko elektronikoz eman eta jaso daiteke.

19. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea eta agiri osagarriak aurkeztea.

1.– Udalak egiaztatuko du eskabidea osorik bete den edo aurkeztu beharreko dokumentazioa gehitu zaion. Agirietan akats formalak edo akatsak daudela ikusiz gero, espedientea zuzentzeko eskatuko zaio eskatzaileari, hargatik eragotzi gabe gerora beste euskal administrazio publiko eskudun batzuek egin ditzaketen gainerako kontrol- eta berrikuspen-jarduketak.

2.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren babesean, udalak beste erakunde edo entitate publiko edo pribatu batzuei espedientea osatu edo zuzentzeko beharrezkotzat jotzen dituen beste edozein datu, dokumentu edo txosten eska diezaieke, hargatik eragotzi gabe gerora beste euskal administrazio publiko eskudun batzuek egin ditzaketen gainerako kontrol- eta berrikuspen-jarduketak.

3.– Eskatzaileak 10 eguneko epean udalak idatziz adierazitako inguruabarrak zuzentzen ez baditu, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eta, horretarako, ebazpen bat emango da, egoera, gertatutako egitateak eta aplikatu beharreko arauak adierazteko.

20. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.

1.– Eskatzailea erroldatuta dagoen eta bizilekua bertan duen udalerriko udalak izapidetuko du espedientea.

2.– Udalak eskabidearen edukia eta aurkeztutako dokumentazioa egiaztatuko ditu, baita gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko baldintza espezifikoak betetzen diren ere.

Horretarako, beharrezkoak diren datu eta txosten guztiak eskatu ahal dizkie beste erakunde eta entitate publiko eta pribatu batzuei edo eskatzaileari berari, baina prestazioa baliatzeko bete beharreko baldintzak eskatzaileak betetzen dituela egiaztatzeko ezinbestekoak direnetara mugatuko da. Era berean, ebazteko garrantzitsuak izan daitezkeen eta udalak berak dauzkan dokumentuak ere erantsi behar dizkio eskabideari.

3.– Eskatzaileak aurkeztutako gertakari edo frogez gainera, udalak beste batzuk ere kontuan eduki nahi izango balitu, entzunaldi horretarako izapideak egingo ditu, dena delako pertsonak alegazioak aurkezteko aukera izan dezan.

21. artikulua.– Alor ekonomikoari dagozkion eskubideak eta prestazioak egiaztatzea.

1.– Udalak egiaztatuko du eskatzaileak eta haren bizikidetza-unitateko kideek jaso ditzaketen eduki ekonomikoko gizarte-eskubideak eta -prestazioak osorik baliatu dituztela. Halaber, egiaztatuko du eskaeran atzera ez dutela egin eta ez dietela uko egin aitortuak zituzten pentsioei edo prestazioei.

2.– Eskatzaileak edo haren bizikidetza-unitateko kideek eskubidea duten pentsio eta prestazio publikoak jasotzen badituzte, eta baldin eta gizarte-larrialdietarako laguntzekin bateragarriak badira eta pentsio eta prestazio horien bidez jasotzen denak laguntzen zenbatekoari eragiten badio, udalak eskatzaileari eskatuko dio eskubide horiek dagokion ebazpena eman baino lehen egikari ditzala, indarrean dagoen legerian xedaturikoaren arabera. Eskatutakoa betetzen ez badute, ukatu egingo da eskabidea.

22. artikulua.– Ebazteko epea eta administrazio-isiltasuna.

1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzen eskabidea aurkeztu den udalak eskabidea aurkeztu eta gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko du laguntza emateko edo ukatzeko ebazpena.

2.– Epe hori amaitu eta esanbidezko ebazpenik ez badago, gizarte-larrialdietarako laguntzak ukatu egin direla ulertuko da, esanbidezko ebazpena emateko betebeharra alde batera utzi gabe.

3.– Aurretik adierazitako epea eten egingo da, prozedura eskatzaileari egotz dakiokeen arrazoi batengatik eten behar bada.

23. artikulua.– Ebazpena.

1.– Baiezko ebazpena, edo, hala badagokio, ezezkoa –ezezko ebazpenak arrazoitua izan behar du beti–, egintza ematen denetik hamar eguneko epean jakinaraziko dio udalak eskatzaileari, eta, betiere, aurreko artikuluan aurreikusitako epearen barruan. Jakinarazpen horrek ebazpenaren testu osoa jaso behar du, eta administrazio-bidean behin betikoa den ala ez, zer errekurtso jar daitezkeen, zein organori aurkez dakizkiokeen eta horiek jartzeko epea zein den adierazi beharko du.

2.– Gizarte-larrialdietarako laguntza emateko ebazpenean, eskatzaileari zenbateko prestazioa dagokion ezarriko du udalak, eta onuradun izateagatik zer eskubide eta bete behar dituen zehaztuko du.

3.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak eman aurretik, erreferentziazko oinarrizko gizarte-zerbitzuak benetako premia-egoera dagoela eta egoera horri aurre egiteko laguntza horiek egokiak direla egiaztatu beharko du beti; era berean, helburu horretarako kreditua badagoela ere egiaztatu beharko da.

4.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak eman nahiz ukatzeko ebazpenen aurka, indarrean dagoen legerian zehaztutako administrazio- eta jurisdikzio-errekurtsoak aurkez daitezke.

24. artikulua.– Prestazioa ordaintzea.

1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak emate-ebazpenean ezarrita dagoen moduan ordainduko ditu ebazpen hori eman duen organoak.

2.– Gizarte-larrialdietarako laguntza laguntzaren titularrari ordainduko zaio.

3.– Ordainketa zatika edo dena batera egingo da.

4.– Udalak gizarte-larrialdietarako laguntza titularra ez den beste bati ordaintzea erabaki dezake, kasu hauetan:

a) Eskaera bizikidetza-unitateko adin nagusiko edozein kidek egiten duenean, betiere prestazioaren titularrak onartzen badu, edo Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 25.2 artikuluan aipatutako bizikidetza-unitateko edozein kidek eskatzen duenean.

b) Eskatzailea egoitza-zentro publiko edo pribatuetan edo espetxeetan sartzen denean hilabeterako edo gehiagorako.

c) Desgaitasuna duten pertsonei dagokienez, inguruabar hauetakoren bat gertatzen denean:

1. Gaitasun juridikoa egikaritzeko eskritura publikoaren bidez ezarritako borondatezko laguntza-neurrien artean, prestazioa beste pertsona baten banku-kontuan ordaintzea sartzen denean.

2. Izatezko zaintzaileak baimen judiziala duenean desgaitasuna duen pertsonari aitortutako diru-sarrerak bermatzeko errenta bere titulartasuneko banku-kontu batean ordain dadin.

3. Kuradoretza eratu ondoren edo defendatzaile judiziala izendatu ondoren, ebazpen judizialak baimentzen duenean desgaitasuna duen pertsonari aitortutako diru-sarrerak bermatzeko errenta kuradorearen edo defendatzaile judizialaren titulartasuneko banku-kontu batean ordaintzeko.

d) Eskatzaileak, arrazoi soziopertsonalak direla-eta, prestazioa eman zen helbururako ezingo duela erabili edo horretarako zailtasunak izango dituela egiaztatzen denean, arrazoi hori egiaztatzen duen oinarrizko gizarte-zerbitzuaren txostena jaso ondoren.

5.– Salbuespen gisa, udalak gizarte-larrialdietarako laguntza Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 50.1 artikuluan ezarritakoaren arabera behar bezala erregistratuta dauden irabazi-asmorik gabeko entitateei ordaintzea erabaki dezake, edo zuzenean zerbitzua ematen duen entitate edo pertsonari, hura izango baita ordainketaren azken hartzailea, honako kasu hauetan:

a) Prestazioaren eskatzailea jarduteko gaitasuna duen bizikidetza-unitateko pertsona bakarra denean.

b) Prestazioa bizikidetza-unitateko beste edozein kideri ordainduz gero, prestazioa eman den helbururako erabiliko dela bermatzen ez denean.

6.– Ordainketa banku-transferentzia bidez egingo da, laguntzaren titularrak edo, artikulu honen 4. paragrafoan ezarritako kasuetan, beste pertsona batek horretarako izendatutako kontura. Ezinezkoa bada, kreditu-erakundeak oinarrizko ordainketa-kontu batera irispidea izatea ukatu duelako edo laguntza ordaintzea eragozten duten beste inguruabar batzuengatik, udaleko gizarte-zerbitzuen aldeko txostena jaso ondoren eta laguntzaren titularrak baimena eman ondoren eta egoera horrek irauten duen bitartean, ordainketa honela egin ahal izango da:

a) Bizikidetza-unitateko adin nagusiko kideen izenean dagoen kontu batean.

b) Horrelako konturik ez badago, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 50.1 artikuluan ezarritakoaren arabera behar bezala erregistratuta dagoen Euskadiko hirugarren sektore sozialaren barruko entitate baten kontuan; zein entitatetan, titularrak edo zerbitzua emango duen pertsonak aukeratuko du, hura baita ordainketaren azken hartzailea. Funts horiek laguntzaren titularraren esku jarri dituztela egiaztatu beharko dute entitate horiek.

25. artikulua.– Prestazioaren titularra ez den beste pertsona bati ordaintzeko prozedura.

1.– Aurreko artikuluko 4.a), b) eta c) apartatuetan aipatzen diren pertsonek eskatuta hasiko da prozedura edozein unetan, eta ordaintzeko izendatutako kontuaren titularra nor den egiaztatzen duen agiria erantsiko zaio.

2.– Eskabidean edo aurkeztutako dokumentazioan hutsune, errore edo kontraesanik detektatuz gero, edo irizten bazaio aurkeztutakoa osatu beharra dagoela, eskatzaileari hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo eskatutako dokumentuak aurkezteko eskatuko zaio, eta adieraziko zaio hori egiten ez badu eskaeran atzera egin duela pentsatuko dela; horretarako, ebazpena emango da aurrez.

3.– Artikulu honetan ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, prestazioa onartzeko eskumena duen organoak gizarte-larrialdietarako laguntza titularra ez den beste pertsona bati ordaintzea erabakiko du beste izapiderik egin gabe, hurrengo apartatuan ezarritakoa ezertan galarazi gabe. Bestelako kasuetan, ezetsi egingo da eskabidea.

Titularra ez den beste pertsona bati ordaintzeko erabakiak ez dio eragingo prestazioaren titulartasunari.

4.– 4. artikuluaren d) letraren eta 5. apartatuaren kasuan, ofizioz hasiko da laguntza aitortzeko eskumena duen organoaren erabakiz, gizarte-zerbitzuek eskaera arrazoitua eginez gero. Hor, ordainketa egiteko egokitzat jotzen diren adin nagusiko pertsonak identifikatuko dira, bai eta Euskadiko hirugarren sektore sozialaren barruko entitatea ere, 5. apartatuan jasotako kasuetarako.

Erabakiaren berri titularrari emango zaio, baita, kasuaren arabera, hasteko erabakian identifikatutako bizikidetza-unitateko kideei edo Euskadiko hirugarren sektore sozialeko entitateari ere, eta adieraziko zaie 10 eguneko epea dutela alegazioak egiteko eta egoki iritzitako dokumentuak edo bestelako iritzi-elementuak aurkezteko, baita prestazioa haien titulartasuneko banku-kontu batean egitea onartzen dutela adierazteko eta onarpen horren egiaztagiria aurkezteko ere.

26. artikulua.– Egindako gastuen justifikazioa.

1.– Emateko ebazpenak epe bat ezarriko du egindako gastuen fakturak edo egiaztagiriak aurkezteko. Ordainketa osoa batera egiten bada, hilabete izango dute, gehienez ere, ebazpen hori jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, eta zatika ordaintzen bada, berriz, hamabost egun, zatikako ordainketa bakoitza egin zenetik zenbatzen hasita.

2.– Alokairu-gastuak edota etxebizitza edo bizitoki bat erosteko kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuak ordaintzeko gizarte-larrialdietarako laguntzen kasuan, laguntza emateko ebazpenean ezarriko da onuradunak sei hilean behin ohiko etxebizitzaren edo bizitokiaren alokairu-gastuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dituela –ordainagiri pribatuak, fakturak nahiz banku-ordainketako ziurtagiriak– udalerriko oinarrizko gizarte-zerbitzuan. Sei hilean behingo maiztasun hori beharrezkotzat jotzen den bezainbeste laburtu ahal izango da, mugikortasun handia ikusten denean, hau da, eskatzailea ohiko bizilekuz asko aldatzen ari dela antzematen bada.

3.– Gastuak egin direla adierazten duten frogagirietan datu hauek jaso behar dira: pertsona fisiko edo juridiko igorlearen identifikazioko eta lokalizazioko oinarrizko datuak, haren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ), nortasun-agiri nazionala (NAN) edo atzerritarren identifikazio zenbakia (AIZ), gastu-kontzeptua eta horiei dagokien zenbatekoa.

4.– Salbuespen gisa, banketxe bitartez egiten ez diren ordainketen kasuan, pertsona fisikoen frogagiriek haien sinadura izan beharko dute, jaso izana adierazteko, eta, pertsona juridikoen kasuan, aplikatu behar zaien arautegiaren arabera eman behar dute faktura, eta hura aurkeztu.

27. artikulua.– Atzera eta uko egitea.

Gizarte-larrialdietarako laguntzen eskatzaileak bere eskabidean atzera egin dezake edo dagoeneko onartuta duen prestazioari uko egin, eskabidea aurkeztu duen udalera zuzendutako idazki baten bitartez. Udalak ebazpena emango du, eta bertan kasu horretako zirkunstantziak adieraziko dira, jazotako gertakariak eta arau aplikagarriak ere adierazita.

28. artikulua.– Aldizkako berrikuspenak.

Organo eskudunak egokitzat jotako aldizkako behar beste berrikuspen egin ditzake, prestazioa ematea eragin duten arrazoiek bere horretan jarraitzen duten egiaztatzeko. Ondorio horretarako, administrazioaren aurrean aurkezteko eta harekin elkarlanean aritzeko eskatu ahal izango zaie onuradunei.

IV. TITULUA
OKER JASOTAKO KOPURUAK ITZULTZEA

29. artikulua.– Oker jasotako kopuruak itzultzea.

1.– Jaso behar ez ziren gizarte-larrialdietarako laguntzak itzultzeko betebeharra bat etorriko da Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 65. artikuluan xedatutakoarekin.

2.– Udalak onuradunari oker jasotako prestazioak edo, behar baino zenbateko handiagokoak jasoz gero, gehiegi jasotakoak itzultzeko betebeharra ezarriko dio kasu hauetan:

a) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo behar adina ez justifikatzea, 24. artikuluan eta erregelamendu honen 9. artikuluan ezarritako gainerako betebeharretan ezarritakoaren arabera.

b) Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 36. artikuluan adierazitako edozein kausarengatik.

30. artikulua.– Oker jasotako kopuruak itzultzeko prozedura.

1.– Oker jasotako kopuruak itzultzeko prozeduraren xedea da gizarte-larrialdietarako laguntzatik zenbat jaso den oker zehaztea eta kopuru horiek itzuli behar direla deklaratzea.

2.– Aurreko artikuluan jasotako kasu guztietan, dagokion udalak emango dio hasiera oker jasotako prestazioak itzultzeko prozedurari.

Prozedura hasteko erabakian, alderdi hauek jasoko dira: oker jasotakoak zer gertaerek, zirkunstantziek eta datuk eragin dituzten, zein alditakoak diren eta, ahal bada, kuantifikazioa, bai eta zer ondorio ekonomiko izan ditzaketen, prozedura ebazteko eta jakinarazteko zer epe dagoen eta administrazio-isiltasunak zer ondorio izango dituen ere. Automatikoki etengo dira laguntza ordaintzeko dauden kopuruen igorpenak.

3.– Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 10/2023 Legearen 40.2 artikulua kontuan hartuz, udalak erabakia interesdunei jakinarazi eta 15 eguneko epea ezartzen da entzunaldi-izapiderako.

Instrukzio-organoak, prozedura izapidetzen ari den bitartean, beharrezkotzat jotzen dituen datuak eta informazioa eskatu dezake, datuak transmititzeko sistemen, bitartekaritza-plataformen eta gaituta dauden administrazioen arteko elkarreragingarritasun-zerbitzuen bidez.

4.– Alegazioak jaso ondoren edo epea alegaziorik aurkeztu gabe igaro ondoren, udaleko organo eskudunak ebazpen arrazoitua emango du, gai hauek jasoko ditu:

a) Gizarte-larrialdietarako laguntza gisa okerreko kopururik jaso den ala ez adierazten duen deklarazioa.

b) Hala badagokio, zorra zerk eragin duen, aldia eta zenbatekoa zehaztuta.

c) Hala badagokio, oker jasotako kopuruak itzultzeko betebeharra eta zer prozeduraren bidez itzuliko den. Horretarako, zorraren zenbateko osoa ordainketa bakarrean borondatez ordaintzeko aukera dagoela adieraziko da, eta hori betetzen ez bada premiamendu-prozedurari ekingo zaiola, horretarako ezarritako araubide juridikoaren arabera.

5.– Ematen den ebazpenaren aurka, indarrean dagoen legerian zehaztutako administrazio- eta jurisdikzio-errekurtsoak aurkez daitezke.

6.– Aurreko paragrafoan aurreikusitako ondorioetarako, ordainketa bakarrean borondatez ordainduko den kasuan izan ezik, Udalak indarreko gizarte-larrialdietarako laguntzetarako prestazioetatik ofizioz konpentsatzeko edo kentzeko aukera izango du, horiek onuradunaren bizikidetza-unitateko edozein kideri dagozkiola ere.

Konpentsazio edo deskontu hori udalak egingo du, eta zor den zenbatekotik deskontatuko da onartutako laguntzen zenbatekoa. Horretarako, oker jaso dela onartutako laguntzaren zenbatekoa eta epeak ezarriko dira, betiere, erregelamendu honen 2.1 apartatuan jasotako laguntzen xedea kontuan hartuta: gizarte-bazterketako egoerak prebenitu, saihestu edo arintzea.

7.– Jaso behar ez ziren prestazioen itzulketagatik edo konpentsazioagatik aurrekontu-ekitaldi bakoitzean lortutako zenbatekoak gizarte-larrialdietarako laguntzen prestaziotarako erabili beharko dira.

31. artikulua.– Dirua itzultzeko prozeduraren epea.

Dirua itzultzeko prozeduraren ebazpena emateko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, prozedurari hasiera ematen zaionetik zenbatzen hasita. Epe hori ebazpen espresurik eman eta jakinarazi gabe igarotzen bada, prozedura iraungi egingo da, eta hori adierazten duen ebazpenak jarduketak artxibatzea aginduko du.

Prozedura pertsona interesdunaren erruz gelditzen den kasuetan, ebazpena emateko eta jakinarazteko epea ere gelditu egingo da.

32. artikulua.– Preskripzioa eta iraungitzea.

Oker jasotako gizarte-larrialdietarako laguntzak itzultzeko betebeharra bi urtera preskribatuko da, kobratu ziren datatik aurrera edo itzultzea eskatzeko akzioa egikaritu ahal izan den datatik aurrera, okerreko kopurua jasotzea eragin zuen arrazoia edozein dela ere.

V. KAPITULUA
PROZEDURA ARAU KOMUNAK

33. artikulua.– Kexa-idazkia.

1.– Indarrean dagoen legerian aurreikusitako administrazio- eta jurisdikzio-errekurtsoak aurkez daitezkeela jakinda ere, interesdunek kexa arrazoitua aurkeztu diezaiokete gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari, zeinak diru-sarrerak bermatzeko errentaren arloko eskumena duen sailari jakinaraziko baitio.

2.– Kexa-idazkia elektronikoki aurkez daiteke helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/herritarrekin_interakzioa/kexa-eta-iradokizunak/web01-tramite/eu/

edo aurrez aurre, Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean herritarrentzako zerbitzuak dituen bulegoetan (https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua/) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren organoetan.

3.– Zertan oinarritzen den adierazi beharko da kexa-idazkian, eta dagozkion administrazio- edo jurisdikzio-errekurtsoetako arrazoiez bestelako zirkunstantziei buruzkoak izan beharko dute.

4.– Organo eskudunak dagozkion neurriak hartuko ditu, eta betiere bat etorriko dira formulaturiko kexaren nondik norakoarekin.

5.– Administrazio publikoen administrazio-prozedura erkideari buruz indarrean dauden legeen arabera izapidetuko dira kexak, bai eta indarrean dagoen araudi espezifikoak ezarritakoaren arabera ere.

34. artikulua.– Datuen konfidentzialtasuna eta administrazioen arteko lankidetza.

1.– Euskal administrazio publikoek datuak babesteko legeria errespetatzen dela bermatuko dute, bai eta gizarte-larrialdietarako laguntzak kudeatzeko espedientean agertzen diren eskatzaileen, titularren, onuradunen eta, hala badagokio, hartzaileen datuen konfidentzialtasuna ere, eta Inklusiorako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legean eta erregelamendu honetan ezarritako irispidea izateko betekizunak eta betebeharrak betetzeko ezinbestekoak direnetara mugatuko dira.

2.– Gizarte-larrialdietarako laguntzen prestazioak kudeatzeko jasotako datu pertsonalen tratamendua legezko betebehar bat betetzeko egiten da, interes publikoaren esparruan eta ahal publikoak baliatzeko, bat etorrita arau honekin: Europako Parlamentuarena eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko (EB) 2016/679 Erregelamenduaren 6.1.c) eta e) eta 9.2.b) eta h) artikuluak (erregelamendu hori datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa da, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen du).

3.– Era berean, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 77.1.d) artikuluan xedatutakoa beteko da, bai eta, zerga-datuei dagokienez, lurralde historiko bakoitzeko zergei buruzko foru-arau orokorrak eta Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrak ezartzen dutena ere.

VI. TITULUA
FINANTZAKETA ETA TRANSFERENTZIAK

35. artikulua.– Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa.

1.– Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen 140.3 artikulua aplikatuz, gizarte-larrialdietarako laguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako zuzkiduren bidez finantzatuko dira, eta, beraz, udalek gizarte-larrialdietarako laguntzen zenbatekoak ordaintzeko behar dituzten baliabide ekonomikoak esleituko dira urtero aurrekontu horietan.

Erregelamendu honetan arautzen den prozedurarekin erlazionatutako komunikazio guztietan argi eta garbi zehaztuko da diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte-zerbitzuetako eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailaren kargura ematen dela laguntza.

2.– Udalek urtero esleituko dituzte beren aurrekontuetan beharrezko baliabide ekonomikoak Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legean eta erregelamendu honetan aurreikusitako eskumenak egikaritzeko, gizarte-larrialdietarako laguntzen izapideari eta kudeaketari dagokienez.

36. artikulua.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak finantzatzeko udalei transferitu beharreko zenbatekoak zehazteko prozedura.

1.– Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte-zerbitzuetako eskumena duen sailak hauek ezarri beharko ditu urtero:

a) Erregelamendu honen 4. artikuluan aurreikusitako gastu espezifiko bakoitzerako gizarte-larrialdietarako laguntza gisa urte bakoitzean, orokorrean, eman beharreko gehieneko zenbatekoak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko esleitutako kredituak erkidego barruko lurralde historikoen eta udalerrien artean nola banatuko diren zehazteko irizpideen aldaketa, hala badagokio; irizpideak artikulu honen 2.a) eta 2.b) apartatuetan ezarri dira.

Lehen aipatutako banaketa-irizpideak zehazterakoan, kontuan hartuko dira, bereziki, gizarte-premiako adierazleak; hain zuzen ere, laguntza horien bidez estaltzen diren gastu espezifikoei aurre egiteko baliabide ekonomiko nahikorik ez duten pertsonek gizarte-larrialdietarako laguntzak eskuratuko dituztela bermatzeko. Adierazle horiek diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte-zerbitzuetako eskumena duen sailaren aginduz aldatu daitezke, Inklusiorako Erakundearteko Batzordeak aztertu ondoren.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko udal bakoitzari urtean dagokion aurrekontu-muga. Bi aginduetan esleitutako zenbatekoen batura izango da, artikulu honen 2. apartatuan ezarritakoaren arabera.

d) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitutako urteko kreditu osoaren ehunekoa. Artikulu honen 2.a) apartatuan jasotako premia-adierazleen arabera eta artikulu berberaren 2.b) apartatuan jasotakoen arabera banatuko da.

2.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak estaltzeko esleitutako kredituen banaketa bi unetan egingo da urtearen barruan, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte-zerbitzuetako eskumena duen sailaren aginduz; agindua EHAAn argitaratuko da:

a) Bat, urtearen hasieran; non zehaztuko baitira 1.a) apartatuan ezarritako gehieneko zenbatekoak, erregelamenduaren 12.2 artikuluan kontzeptu bakoitzerako ezarritako gehieneko zenbatekoaren edo gastu efektiboaren zenbatekoaren gaineko ehunekoa, 1.b) apartatuan ezarritako esleitutako kreditu osoaren banaketa-ehunekoa eta EAEko udal guztiei dagokien zenbatekoa, parametro hauen arabera, zeinak premia-adierazleak baitira:

1.– Aurreko urteko urriaren 31n, udalerrian Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten unitateen kopurua.

2.– Aurreko urteko urriaren 31n Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda zeuden eta diru-sarrerak bermatzeko errentarik edo bestelako prestaziorik jasotzen ez zuten udalerriko pertsonen kopurua.

EAEko udal guztiei zer zenbateko dagokien zehazteko 2.a) apartatuan jasotako premia-adierazleen arabera, 400 biztanletik beherako udalerri guztiei bermatu beharko zaie, gizarte-larrialdietarako laguntzen programa egikaritzeko, gutxieneko kopuru bat, udalerri horiei batera legokiekeen zenbatekoaren batezbestekoari dagokiona.

b) Aurreko ekitaldian esleitutako zenbatekoen gastuen justifikazioak jaso ondoren 36. artikuluan ezarritako epean eta moduan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan esleitutako kredituaren gainerakoa banatuko da, honako parametro hauen arabera, zeinak premia-adierazleak baitira:

1.– Aurreko ekitaldian udalerriari esleitutako zenbatekoa.

2.– Aurreko ekitaldian udalerrian gastatutako eta justifikatutako urteko zenbateko osoa, hala badagokio funts propioekin finantzatutako kopurua kontuan hartuta.

3.– Udalerriaren tamaina, biztanle-kopuruaren arabera. Udalerri txikitzat hartuko da 20.000 biztanle baino gutxiago dituena, eta udalerri handitzat, 20.000 biztanle edo gehiago dituena.

Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, kredituaren gainerakoa banatzen denean, udalerri bakoitzari banatutako zenbatekoak ez du gainditu behar ekitaldian esleitutako zenbatekoaren % 30.

3.– Agindu horiek argitaratu ondoren, Eusko Jaurlaritzako sail eskudunak esleitutako zenbatekoak transferituko dizkio udal bakoitzari. Aurreko paragrafoko a) apartatuaren kasuan, arau orokor gisa, transferentziak hiru hilean behin egingo dira, 37. artikuluan jasotako datuak eta dokumentuak bidali ondoren, lehen eta bigarren hiruhilekoen ordainketa izan ezik, aurreratu egingo baitira eta agindua argitaratu ondoren ordaindu. Aurreko paragrafoko b) apartatuaren kasuan, transferentzia ordainketa bakarrean egingo da, agindua argitaratu ondoren.

Foru Aldundira eskumenak eskuordetuta edo partzuergo, mankomunitate edo bestelako formulen bidez kudeaketa partekatuko formuletara jotzen duten udalen kasuan, gizarte-larrialdietarako laguntzen eskaerak jasotzeko eta laguntza horiek bideratzeko, aitortzeko eta ukatzeko eta, hala badagokio, laguntza horien ordainketak egiteko, udalaz gaindiko erakunde horiei transferituko dizkie Eusko Jaurlaritzako sail eskudunak udal bakoitzari esleitutako zenbatekoak.

4.– Eusko Jaurlaritzan aurrekontu-ekitaldia ixten denean, udal bakoitzari dagozkion kopuru guztiak erregulatu beharko dira behin betiko, aurrekontu-ekitaldi horretan laguntzak emateko benetako ebazpenetan oinarrituta, eta kontuan hartuz, horretarako, udalek erregelamendu honen 38. artikuluan ezarritakoari jarraikiz bidalitako dokumentazioa.

5.– Prestazioak ordaintzeko erabili gabeko soberakinak atzera Euskadiko Ogasun Nagusiari itzuli beharko dizkiote udalek.

37. artikulua.– Urtean zehar emandako laguntzen datuak eta egiaztagiriak bidaltzea.

1.– Udalek, hiruhileko bakoitzeko lehen hilabeteko –apirila, uztaila, urria– lehen hamabostaldian hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailaren eskura jarriko dituzte aurreko hiruhilekoan emandako prestazioei dagokien informazioa eta egindako gastua justifikatzeko dokumentuak. Azken hiruhilekoaren epea hurrengo ekitaldiko otsaileko azken egunean bukatuko da.

Informazio horretan datu hauek denak eman behar dira, aurreko hiruhilekoari dagokionez: titularraren eta haren bizikidetza-unitateko gainerako kideen datuak; haien baliabide ekonomikoen eta ondare-ondasunen datuak eta emandako laguntzen zenbatekoak eta kontzeptuak, laguntzak emateko eta ukatzeko ebazpenak oinarri hartuta. Era berean, behar ez zen kobrantza edo ordainketarik egin bada, dirua itzultzeko prozeduren zenbatekoak ere adieraziko dira.

2.– Hiruhileko natural bakoitzean egindako gastua egiaztatzeko, nahikoa izango da udaleko gizarte-zerbitzuetako arduradunak sinatutako justifikazioa. Urteko gastua, ordea, erakunde bakoitzeko fede-emaile publikoak egiaztatu beharko du, nahitaez.

3.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren datuak Gizarte Zerbitzuei buruzko Euskal Informazio Sistemaren bidez emango dira, edo Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailak zehazten duen bidalketa-kanal eta -metodoaren bidez, zeina sail horren webgunean argitaratuta egongo baita, dagokion gastuaren kalkuluarekin batera.

38. artikulua.– Aurreko ekitaldiko gizarte-larrialdietarako laguntzen urteko egiaztagiriak.

1.– Urteko gastuaren ziurtagiria udalerri bakoitzeko fede-emaile publikoak izenpetu behar du, eta ziurtagirian, batetik, Autonomia Erkidegoko udalerri bakoitzari ekitaldirako dagokion aurrekontu-muga ezartzen duen urteroko aginduan udalerriari esleitutako zenbatekoa zehaztu beharko da, eta, bestetik, udalak bere aurrekontuaren kargura gizarte-larrialdietarako laguntza gisa gastatutakoaren zenbateko osoa.

2.– Udalek foru aldundira jo badute edo partzuergoen, mankomunitateen edo beste formula batzuen bitartez kudeaketa partekatzeko bidea hartu badute gizarte-larrialdietarako laguntzen eskabideak jasotzeko, haiek bideratzeko, laguntzak onartzeko eta ukatzeko eta, hala badagokio, laguntza horiek ordaintzeko lanak betetzeko, udalerria baino lurralde-eremu handiagoko entitate horietako kontu-hartzailetza zerbitzuko arduradunak egiaztatu beharko du urteko gastua, edo, entitate horien arau organikoen arabera, gastu hori egiaztatzea dagokion pertsonak.

Aipatutako kasu horietan, urteko gastuaren ziurtagiria honela egin beharko da:

Ziurtagirian alderdi hauek zehaztu beharko dira, udalerri bakoitzeko: batetik, Autonomia Erkidegoko udalerri bakoitzari ekitaldi bakoitzerako dagokion aurrekontu-muga ezartzen duen urteroko aginduan udalerri horri esleitutako zenbatekoa, eta, bestetik, udalak gizarte-larrialdietarako laguntza gisa bere aurrekontuaren kontura gastatutako zenbateko osoa.

Tartean 20.000 biztanletik beherako eta gorako udalerriak badaude, ziurtagirian bi taldeak bereizi behar dira, talde bakoitzeko udalerriak eta datu ekonomikoak identifikatuz, a) apartatuan adierazten den bezala.

3.– Aurreko bi apartatuetan adierazitako ziurtagiriak bidaltzeko epea konpentsazioari dagokion ekitaldiaren hurrengo urteko otsailaren azken egunean amaituko da.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Arau-hausteen eta zehapenen araubidea.

Inklusiorako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren abenduaren 22ko 14/2022 Legearen IV. tituluan bilduriko arau-hausteen eta zehapenen araubideari dagokionez, Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren Erregelamendua onesten duen azaroaren 21eko 173/2023 Dekretuaren VI. kapituluan ezarritako zehapen-prozedura aplikatuko da, salbuespen honekin: gizarte-larrialdietarako laguntzen kasuan, dagokion udalak hasi, izapidetu eta ebatziko du prozedura.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Arau-aipamenak.

Beste xedapen batzuetan Gizarte Larrialdietarako Laguntzen urtarrilaren 18ko 4/2011 Dekretuari egiten zaizkion aipamenak erregelamendu honen bidez onesten den Gizarte Larrialdietarako Laguntzen Erregelamenduari eginak direla pentsatu behar da.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Administrazio publikoen arteko datu- eta dokumentu-transmisioak.

37. artikuluan jasotako datu-igorpenari dagokionez, Gizarte Zerbitzuei buruzko Euskal Informazio Sistema araututa eta funtzionatzen ez dagoen bitartean, informazioa prestazio hauetarako dagoen euskarri informatikoaren bitartez emango da, edo, bestela, gizarte-zerbitzuen alorreko eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzaren sailak xedatutako moduan, eta 35. artikuluan datuen edukiei buruz adierazitako baldintzak betetzez.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Etxebizitza Gastuetarako Prestazio Osagarriarekin bateraezina.

Erregelamendu honen 2.1.a) artikuluan aipatzen diren gastuak estaltzeko bideratzen diren gizarte-larrialdietarako laguntzak (ohiko bizitokia edukitzeko edo mantentzeko beharrezkoak diren gastuak) bateraezinak dira Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legen jasotzen den etxebizitza-gastuetarako prestazio osagarria jasotzearekin, baldin eta erregelamendua indarrean jartzean jasotzen ari badira.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA

Indargabetuta geratzen dira erregelamendu honetan xedatzen denari kontrajartzen zaizkion edo xedatzen denaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko arau guztiak eta, zehazki, berariaz indargabetzen da 4/2011 Dekretua, urtarrilaren 18koa, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautzen dituena.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Zuzenbide osagarria.

Ezertan eragotzi gabe dirulaguntzen arloko Estatuko oinarrizko araudia, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legea aplikatuko da osagarri gisa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Erregelamendu bidez garatzea.

Gizarte-zerbitzuen arloko eskumena duen sailburuari ahalmena ematen zaio gizarte-larrialdietarako laguntzak izapidetzeko behar diren eredu normalizatuak onartu eta aldatzeko, diru-sarrerak bermatzeko errentaren arloko eskumena duen sailari jakinarazi ondoren, bai eta erregelamendu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapenak emateko eta erregelamenduan ezarritako eskabide-eredu normalizatua aldatzeko ere.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala