Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2026ko martxoaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
1051

20/2026 DEKRETUA, otsailaren 24koa, Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa, BiziLab, sortzekoa eta haren lanpostuen zerrenda onartzekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoen Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 21eko 4/2023 Legegintzako Dekretuak arau-esparru propioa ezartzen dute. Arau-esparru horri esker, hezkuntzari laguntzeko zerbitzuak izango dituen euskal eskola bat eratu ahal izango da, ikastetxeekin lankidetzan arituta aukera ematen duena hezkuntzari laguntzeko zerbitzuak dituen euskal eskola bat eratzeko, ikastetxeekin lankidetzan aritzeko, hezkuntza-prozesuak hobetze aldera. Ildo horretan, 17/2023 Legeak 88. artikuluan hitzez hitz dioenarekin bat etorriz, honako hau xedatzen da: «Hezkuntzari laguntzeko zerbitzuen oinarrizko egiturak eta funtzionamendua Eusko Jaurlaritzaren erregelamendu bidezko garapenaren bidez arautuko dira», Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Ekainaren 18ko 78/2024 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako ikasleentzat hezkuntza-sistema inklusibo baten esparruan aniztasunari erantzutekoak, hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen eginkizunak ezartzen ditu 18. artikuluan. Zerbitzu horiek aholkularitza emango dute, bai eta beharrezko laguntza teknikoa eta prestakuntzakoa ere, aniztasunari eta laguntza-premiei emandako erantzuna bat etor dadin dekretu horretan ezarritako printzipioekin. Zerbitzu horien jarduera-esparrua ikastetxe guztietara hedatzen da, eta, eskura dituzten baliabideen arabera, lehentasuna emango zaie funts publikoekin finantzatutako ikastetxeei.

Otsailaren 6ko 15/2001 Dekretuaren bidez, Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroak (Berritzeguneak) sortu ziren, hezkuntzari laguntzeko zerbitzu gisa.

Ondoren, otsailaren 17ko 40/2009 Dekretuaren bidez, Berritzeguneen egitura, antolaketa eta funtzionamendua arautu zen, horrela, Berritzeguneek beren gain hartu zuten curriculum-arloen eta Hezkuntza Sailburuordetzaren lehentasunezko jarduketa-eremuen lidergoa.

Harrezkero, aldaketa sozial eta ekonomikoek beharrizan eta sentsibilitate berriak sortu dituzte, eta erantzun egokia eta hezkuntza-esparruan ere modu pertsonalizatuan jardutea eskatzen dute. Hori dela eta, beharrezkoa da euskal hezkuntza-sistemari ematen zaion laguntza berrikustea, irakaskuntzaren kalitatea, aukera-berdintasuna eta hezkuntza-sistemaren eraginkortasuna hobetuko duen eskola lortzeko.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuan islatu da ikaskuntza-, berrikuntza-, aniztasunari erantzuteko eta hezkuntza-inklusiorako politikei modu espezifikoagoan heltzeko eta birbideratzeko premia hori, baita eragindako zuzendaritzen funtzioak berriz definitzearen bidez egindako antolamendu-egokitzapena ere, gizarteak eskatzen dizkigun premiei hezkuntza-erantzun egokia emateko.

Azken hamarkadetako aldaketa sozialen ondorioz, errealitate berriei aurre egin behar diegu, eta hezkuntza-erronkei erantzuteko baldintza eta tresna egokiak diseinatu behar ditugu. Hona hemen erronkak: bizikidetza positiboa lehentasunezko ardatz gisa; migrazio-fluxuak, ikastetxeetako soziologia aldatu baitute; gure ikastetxeetako kulturartekotasuna eta aniztasunaren kudeaketa; familien eskari berriak; ikasleak eta konpetentzien garapena erdigunean jartzen dituen ikaskuntza; erronka demografikoa; eta ingurunea gero eta teknologikoagoa izateak dakartzan mehatxuak eta aukerak. Horregatik guztiagatik, administrazioaren eta ikastetxeen rolak birpentsatu egin behar dira, ikastetxeei protagonismo handiagoa emateko eta administrazioaren eta ikastetxeen arteko erantzunkidetasun-akordioak sustatzeko.

2030erako Hezkuntzako Ekintza Esparruak («Kalitatezko hezkuntza inklusibo eta ekitatibo baterantz eta guztiontzako bizialdi osoko ikaskuntzarantz»), Unescoko 184 kidek Parisen onartutakoak, azpimarratzen du hezkuntzaren ikuspegia pertsonen bizitzak eraldatzeko bitartekoa dela. Zehazkiago, kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta ekitatiboa bermatzea eta guztiontzako etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatzea proposatzen du. Konpromisoak barne hartzen du genero-berdintasunaren garrantzia eta bizitza osoan ikasteko aukera eta emaitza onenak sustatuko dituen kalitatezko hezkuntzaren beharra onartzea, testuinguru guztietan eta hezkuntza-maila guztietan.

Era berean, 2030erako Hezkuntza Agenda Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren funtsezko zatia da. Helburua da hezkuntzari buruzko 4. Garapen Jasangarriko Helburuaren hamar helmugak lortzea; hauek dira xede horietako batzuk: sexuen arteko berdintasuna eta inklusioa, hezkuntzan genero-desberdintasunak ezabatzeko eta ikasketa-maila guztietarako sarbide berdinzalea bermatzeko; pertsona kalteberentzako prestakuntza profesionala, desgaitasuna duten pertsonentzat ere bai; hezkuntza, haren bidez sustatzeko garapen jasangarria eta hiritartasun globala; eta, azkenik, ikasketa-ingurune eraginkorrak, seguruak, biolentziarik gabekoak eta inklusiboak.

Hori guztia lortzeko, jarduketa-eremu eraginkor eta inklusiboagoak sortu behar dira, testuinguruan kokatutako aniztasunari erantzuteko, ikasleen premiak sortzen diren ingurunera lotuta. Eta ez soilik desgaitasun-kasuetan, zeina testuinguruko faktoreek definitzen baitute; baizik eta zailtasun-egoera guztietan, testuinguru naturalek esku-hartzearen eraginkortasuna errazten eta hobetzen baitute, eta eskola da testuinguru natural garrantzitsuenetako bat, familiarekin batera. Aniztasunarekiko hezkuntza-erantzunaren identifikazioari, ebaluazioari, esku-hartzeari eta monitorizazioari buruzko erabakiak ikasle eta irakasleengandik hurbilen dagoen instantzian hartzea arrakastaren bermea da.

Horretarako, besteak beste, ikastetxeek erantzun horrekiko gaitasunak indartu behar dituzte; bai eta inklusioan laguntzeko profesionalen profila eguneratu ere, erantzukizun berriak hartzeko; eta, azkenik, Hezkuntza Inklusioari Laguntzeko aholkularitzak espezializatu behar dituzte.

Espezializazio horren bidez, ezagutza-arlo baten garapen espezifiko eta trinkoagoa egiteaz gain, profesionalen antolaketa konplexuagoa lortzen da, eta modu efizienteagoan garatzen da hezkuntza-erantzuna, gero eta beharrezkoagoa baita. Ikastetxeek ikasketarako oztopoak baztertzeko autonomia eta parte-hartze handiagoa izateko, ezinbestekoa da hezkuntza-sistemaren aholkularitza-gaitasuna areagotzea, ikastetxe bakoitzak bere prozesua egin ahal izan dezan guztiontzako eskola eraikitzeko bidean.

Bestalde, aurrera egin behar da berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak eragin ditzaketen baldintza pertsonalak identifikatu, ebaluatu eta monitorizatzeko eta horietan esku hartzeko prozesuetan. Ezinbestekoa da neurogarapeneko nahasmenduen (desgaitasun intelektualak, komunikazio-nahasmenduak, autismoaren espektroko nahasmenduak, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua, ikaskuntzaren nahasmendu espezifikoa, mugimenduaren nahasmenduak...), jokabide-nahasmendu larrien edo zentzumen-desgaitasunen tratamenduko espezialistak edukitzea ikasleen, familien eta irakasleen laguntza-premiei erantzun onena emateko.

Era berean, haurtzaroan agertzen diren gaixotasun kronikoek eta osasun mentalari lotutako arazoen intzidentziaren gehikuntzak eragin nabarmena dute hezkuntzan, eta proposamen berrien beharra ekarri dute, esparru horietan eskumenak dituzten eta ikasle batzuen baldintza pertsonalei eragiten dieten beste erakunde sanitario eta sozial batzuk barne hartuko dituztenak.

Jarduketa horiek eta egungo eta etorkizuneko premiei heltzeko proposamen berriak Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroaren, BiziLaben, oinarria dira.

Planteamendu humanista horrek hezkuntzaren eztabaidari heldu behar dio garapen ekonomikoan betetzen duen erabilera-funtzioaz harago, eta justizia sozialeko balio demokratikoetan oinarritutako hezkuntza birplanteatu behar du, curriculum tradizionala zalantzan jarriz eta lortu nahi dugun gizartea (inklusiboa, modernoa, zabala, elkarrizketarako irekia, kritikoa, humanoa, demokratikoa eta jasangarria) eraikitzea ahalbidetuko duen curriculuma eraikiz.

Azaldutako guztiarekin bat etorriz, Euskadi Basque Country 2030 Agendak –ezinbesteko erreferentzia-tresna izanda Eusko Jaurlaritzarentzat– honela definitzen du 4. helburua: «Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea». Helburu horren barruan, helmuga hauek jasotzen ditu: bikaintasunerantz aurrera egiten duen eta hezkuntzarako sarbidearen berdintasuna bermatzen duen kalitatezko eskola inklusibo, bidezko eta berritzailea sustatzea; oreka, gizarte-kohesio, kulturartekotasun eta bizikidetza-maila handiagoak lortzea gure ikastetxeetan; bizikidetzaren eta giza eskubideen alorreko hezkuntza sustatzea (indarkeriarik eza, dibertsitatea eta elkartasuna); eleaniztasuna bultzatzea eskolan; eta irakaskuntzaren modernizazio teknologikoa bultzatzea.

Testuinguru horretan, bizikidetza positiboa, inklusioarekin batera, Euskadiko hezkuntza-sistemaren egiturazko ardatz bihurtzen da; izan ere, ezinbesteko elementua da garapen sozial eta pertsonalerako, eta ikaskuntzak eta prestakuntza-arrakasta lortzeko. Horiek horrela, eskolak ongizate, konfiantza, segurtasun, onarpen eta inklusioko testuingurua sortu behar du, beharrezkoa baita adierazitako arrakasta errazteko. Horretarako, harremanak berdintasun-testuinguru batean ezarri behar dira, eta helburu eta proiektu komunak formulatu behar ditugu, hezkuntza-komunitatearekin batera erantzukizunak partekatuta, ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza integrala lortzeko. Lortu nahi den kalitatezko hezkuntzak inklusioa sustatzen eta desberdintasuna gure gizartearen aktibotzat hartzen duten balioak garatzea bultzatzen du; halaber, esku hartzeko eredu integral eta malguak erabiltzean objektibatu behar da, bai eta metodologia aktiboak eta lankidetzakoak erabiltzean ere, zeinak kalitateko hezkuntza-aukerak bermatuko baitituzte eta ikasleei aukera emango baitiete beren ikaskuntzaren partaide eta kudeatzaile izateko.

Berez positiboa den kontzeptu batez hitz egiten ari gara, ikasi behar den kontzeptu batez, eta eskola-testuinguruan nahitaez garatu behar denaz, gizarteratze-gune garrantzitsuenetako bat baita, elkarbizitzen ikasteak berekin dakarren etengabeko ikaskuntzaren prozesuan. Bizikidetza hauxe da: harremanak izatea norberarekin, besteekin eta ingurunearekin. Inor ez denez jakitun jaiotzen, elkarbizitzen ikasi egiten da. Eskolak ikaste-prozesu hori planifikatzeko aukera ematen digu.

Agerikoa da inguru horretan dauden arazo sozialek eragina dutela ikastetxeetako bizikidetzan. Ikastetxeak aintzat hartu behar du indarkeriaren fenomeno soziala. Mota askotako indarkeria dago, esaterako honako hauek ikus ditzakegu: jarrera disruptiboak, elkarren arteko harreman txarrak, behar bezala konpondu ez diren gatazkak, baita parte-hartzaile guztientzako suntsitzaileak izan daitezkeen jazarpen eta indarkeriazko jarrerak ere.

Hori ez da berria. Eskola-jazarpena beti egon da, gure artean dago, tinko, baina egun, ikerketa-lanari esker, aurrera egin dugu fenomenoaren kontzeptualizazioan. Gizarte-kontzientzia handiagoa izanda, halaber, ikaskideen arteko jazarpena gai garrantzitsua bilakatu da, eta hezkuntza- eta gizarte-eremuan ardura gehien sortzen duen gaietariko bat bihurtu, ikasleen garapen pertsonalean, sozialean eta ikasketa-garapenean dituen ondorio larriengatik. Ondorioz, eskolak eta hezkuntza-sistemak lehenetsi egin behar dute.

Helmuga horiek, beraz, hezkuntza-arloan eskuduna den sailaren ildo estrategiko bihurtzen dira, eta, beraz, baita haren laguntza-zerbitzuen eta ikastetxeen ildo estrategiko ere.

Gainera, gure herriak badu berezitasun linguistiko bat, eta, beraz, erronka honi aurre egin behar diogu: hezkuntza-esparru eleaniztun eta kulturartekoaren alde egitea, euskara ardatz hartuta. Beharrezkoa da euskarak hezkuntza-sistemaren erreferentzia-hizkuntza gisa duen eginkizuna indartzea eta ikasleek, irakasleek eta hezkuntza-komunitate osoak euskara aktiboki erabil dezaten bultzatzea, eta, orobat, ikasleei konpetentzia ematea eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren arloan, derrigorrezko hezkuntza amaitzean, hizkuntza ofizialen ezagutza praktikoa, beste hizkuntza baten edo biren gaineko ezagutzak eta gizarte eleaniztun eta kulturaniztun batean elkarrekin bizitzeko gaitasuna bermatuko dituena.

Horregatik guztiagatik, egungo eta datozen hamarkadetako erronkei erantzuteko, gobernantza-eredu berriak sustatu behar ditugu gure hezkuntza-sisteman: «eredu erantzunkidea eta deszentralizatuagoa, hezkuntza-komunitate (ikasleak, familia, irakasleak eta irakasle ez diren langileak), osoaren parte-hartze aktiboa sustatuko duena, hezkuntza-proiektu komunitarioak bultzatuko dituena, hezkuntza formaleko eta ez-formaleko eskola-erakunde berriak eratuko dituena, ikasle guztien ikaskuntza sustatuko duena eta ikasleak beren ikaskuntzaren subjektu aktibo bihurtuko dituena».

Arestian azaldutakoaren ildotik, beharrezkotzat jotzen da inklusioari laguntzeko zerbitzuen gobernantza-esparrua eguneratzea, haren definizioari, egiturari eta antolaketari dagokienez, aipatutako helmugei erantzun diezaieten eta ikasle guztientzako kalitateko eskola inklusiboa garatzea berma dezaten.

Dekretu honek lau kapitulu ditu, guztira hogeita bost artikulu, xedapen gehigarri bat, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta sei azken xedapen ditu.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, aurreikusitako izapideak egin ondoren, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzunda eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko otsailaren 24an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:
I.KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Sorrera eta izaera.

1.– Dekretu honen xedea da Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa, BiziLab (aurrerantzean, Bizilab) sortzea, hezkuntzari laguntzeko zerbitzu gisa, eta haren lanpostuen zerrenda onartzea.

2.– BiziLabek Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroarekin, Hezilabekin (aurrerantzean, HeziLab), elkarrekintzan jardungo du, elkarlanerako eta zerbitzu partekatuetarako eredu baten bidez, eta Zonako Berritzeguneen eta Berritzegune Nagusiaren eginkizunak hartuko ditu bere gain, hezkuntza-inklusioa, bizikidetza eta aniztasunaren kudeaketari dagokionez.

3.– BiziLab hezkuntzaren esparruan eskumena duen saileko aniztasunaren eta hezkuntza-inklusioaren arloko zuzendaritza eskudunari atxikita geratzen da organikoki eta funtzionalki, dekretu honetan zehazten diren funtzioak garatzean.

2. artikulua.– Jarduera-eremua.

BiziLaben jarduera-eremua Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe guztietara hedatzen da, kontuan hartuta, bereziki, abenduaren 21eko 17/2023 Legearen arabera, laguntza-zerbitzuen eremua ikastetxe guztietara zabaltzen dela, eta erabilgarri dauden baliabideen arabera lehentasuna ematen zaiela funts publikoekin sostengatutako ikastetxeei.

3. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

BiziLaben erantzuna ikastetxeetara eta profesionaletara zuzendu behar duten jarduera-printzipioak honako hauek dira:

a) Euskal hezkuntza sistema eraldatzeko tresna izatea.

b) Erantzun egokituak, arinak eta eraginkorrak ematea ikastetxeetako ikasle eta irakasleen premia aldakor eta berehalakoei, eraldaketa teknologikoaren eta gizarte-eraldaketen ondorioz, baita ingurumen- eta epidemiologia-erronken ondorioz ere.

c) Ikastetxeak antolatzeko eta kudeatzeko barne-egitura sendotzen laguntzea.

d) Erronka berriak aurrez, malgutasunez, moldagarritasunez, erresilientziaz eta eraginkortasunez onartzea, etengabeko berrikuntzaren bidez eta hezkuntza-bikaintasuna lortzeko helburuarekin.

e) Hezkuntza-esparruan esperientzia erkatu arrakastatsuen sentsore edo detektatzaile gisa jardutea, euskal hezkuntza-sistemako zentroetan nazioartekotzea sustatzeko.

f) Ikaskuntza-metodologia berriak etengabe garatzea, alderatutako eredu aurreratuenak eta inklusiboenak kontuan hartuta.

g) Ikastetxeetan esperientzia pilotuak bultzatzea eta esperientzia horiek aztertu eta ebaluatzea, euskal hezkuntza-sistema osora zabaldu aurretik.

h) Euskal hezkuntza-sistemak, oro har, eskola ekitatibo eta bikaina berma dezan sustatzea, babestea eta lantzea, inklusioak, aukera-berdintasunak, hezkidetzak, diskriminaziorik ezak eta genero ikuspegiak gida ditzaten hezkuntza-komunitatearen jarduera guztiak.

i) Ikastetxeek eskola-komunitate kolaboratiboak sortzeko egiten duten ahalegina babestea, inklusio-esparruan ikasle guztien parte-hartzea, ikaskuntza eta arrakasta sustatzeko.

j) Irakasleei aholku ematea ikasle guztiek ahalik eta lorpen-mailarik handiena lor dezaten funtsezko gaitasunetan eta gaitasun espezifikoetan, beren proiektu pertsonalen garapena arriskuan jar dezaketen ikaskuntza-oztopoak eta parte-hartzea ezabatuz.

k) Ikasle guztiei zuzendutako berrikuntza-proiektuen garapena bultzatzea, erabilitako ikuspegiek eta metodologiek bermatu dezaten aniztasunari beti erantzun inklusiboa ematea beti.

l) Hezkuntza-testuinguru eleaniztunean euskara berezko hizkuntza gisa indartzea eta babestea, ingurune bakoitzeko errealitate soziolinguistikoa eta euskal kulturaren garapena kontuan hartuta, eta, aldi berean, hezkuntza-ingurunearen eta ingurune globalaren aberastasun kulturaniztunarekiko errespetuaren eta estimuaren balioak lantzea.

m) Hezkidetza-eskola garatzen laguntzea, genero-ikuspegia eta aniztasun afektibo-sexualarekiko errespetua barne hartuko dituena, indarkeria matxista prebenitzen lagunduko duen planteamendu integral batetik abiatuta.

n) Informazioaren tratamenduan datu pertsonalen babes egokia bermatzea, indarrean dagoen legeriaren arabera.

o) Lankidetza sustatzea ISEI-IVEIrekin (Irakas-sistema ebaluatu eta ikertzeko erakundea) eta Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuarekin.

4. artikulua.– Helburuak eta eginkizunak.

1.– Honako hauek dira Bizilaben helburuak:

a) Hezkuntza-inklusioa sustatzea eta laguntzea ikastetxeetako aniztasunari ematen zaion erantzunak ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bermatu dezan, hartara ikasleen bizitzarako konpetentziak garapen-maila gorenera iristeko, edozein direla ere haien inguruabar pertsonalak.

b) Bizikidetza positiboa izatea –zentzurik zabalenean– inklusioa eta ekitatea bultzatzeko hezkuntza-politiken eta programen ardatz.

c) Hezkuntza-komunitate osoaren ongizate emozionalera bideratutako konpetentziak eskuratzen laguntzea, ikasgelan ikasleen, irakasleen eta hezkuntzako langileen arteko segurtasuna eta konfiantza sortuko duen girotik abiatuta giroa sortzearen bidez.

d) Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Bigarren Hezkuntzan hezkidetza-eredu bat sustatzea.

e) Ikasle guztien irispidea, iraunkortasuna, bilakaera eta akreditazioa bermatzea, batez ere gure hezkuntza-sisteman sartu berri direnena eta edo kalteberatasun-egoeran dauden familiena ere, garapen pertsonal, sozial eta akademikoaren ingurune, giro eta oinarri bizikidetza izango den eremu batean.

2.– Helburu horiek lortzeko, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Aniztasunari erantzuna emateko araudia eta irizpideak aplikatzea, normalizazio eta inklusio printzipioak kontuan izanda.

b) Ikastetxeei aholkularitza ematea eta horiekin lankidetzan jardutea hezkidetzako esparru inklusibo batean ongizate emozionalera bideratutako bizikidetza positiboko espazio seguruak sortzeko.

c) Ikastetxeei prestakuntza, aholkularitza eta tresnak ematea bizikidetza-planak, hezkidetza-proiektuak eta ikasle guztien eskola-arrakasta lortzera bideratutako proiektuak garatzeko.

d) Eskola inklusiboaren garapena sustatzea, ikasle guztiek parte hartu eta ikasteko prozesu gisa, eta ikastetxeetako hezkuntza-proiektuen eraldaketa sustatzea metodologia eta jardunbide inklusiboen bidez.

e) Ikastetxeei aholkularitza ematea ikasteko eta parte hartzeko oztopoak identifikatzeko eta ezabatzeko prozesuetan, ikasle guztien garapen integrala berma dezaten, haien garapen konpetentzial, emozional eta sozial osoari erreparatuta.

f) Ikastetxeei unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-mailetako irakasleak eta hezitzaileen prestakuntzan laguntzea, proiektu inklusiboak garatzeko.

g) Irakasleei eta inklusioan laguntzen duten profesional ez-irakasleei prestakuntza eta aholkularitza ematea, beren eginkizunak betetzen dituzten ikastetxeetako irakasle-taldearekin lankidetzan.

h) Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekiko, unibertsitateekiko, beste administrazio batzuekiko eta hirugarren sektoreko entitateekiko lankidetza bultzatzea.

i) Hezkuntza-sisteman aplikatu eta zabaltzeko materialak eta argitalpenak prestatzea.

j) Berrikuntza pedagogiko eta teknologikoko profesionalen prestakuntza sustatzea, unibertsitate-esparruarekin eta entitate publiko zein pribatuekin lankidetzan, eta prestakuntza hori ikastetxeetako profesionalei zuzentzea.

5. artikulua.– Kokalekuak.

BiziLaben kokapen nagusia Bilbon egongo da, eta beste sei zonaldeko kokapen izango ditu Durangon, Leioan, Barakaldon, Donostian, Eibarren eta Vitoria-Gasteizen.

6. artikulua.– Ikastetxeen zonakatzea.

BiziLaben eragin-eremu geografikoa Euskal Autonomia Erkidego osoa izango da. Hala ere, bere eginkizunen garapena optimizatzeko, esku hartzeko kokapen hauek ezartzen dira:

Araba:

A1 kokapena. Vitoria-Gasteiz.

Bizkaia:

B1 kokapena. Durango.

B2 kokapena. Leioa.

B3 kokapena. Bilbao.

B4 kokapena. Barakaldo.

Gipuzkoa:

G1 kokapena. Donostia.

G2 kokapena. Eibar.

II. KAPITULUA
INKLUSIOA, BIZIKIDETZA ETA ANIZTASUNAREN KUDEAKETA GARATZEKO ZENTROAREN, BIZILAB-EN, ANTOLAMENDUA ETA FUNTZIONAMENDUA

7. artikulua.– Kudeaketa-sistematika.

1.– Azaldutako helburuak lortzeko, BiziLabek prozesuen araberako kudeaketa-sistema bat baliatuko du, etengabeko hobekuntzan eta berrikuntzan oinarritua.

2.– BiziLabek Urteko Kudeaketa Plan bat izango du (aurrerantzean, UKP), aniztasunaren eta hezkuntza-inklusioaren arloan eskuduna den zuzendaritzako arduradunak onartutakoa.

3.– UKP hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzaren Plan Estrategikoa betetzea garatzen duen dokumentua da.

4.– UKPk, gutxienez, honako alderdi hauek jasoko ditu:

a) BiziLabi esleitutako jarduketa-printzipioak betetzeko, planaren erreferentziako aldian garatzen diren helburuak.

b) Planifikatutako helburuak lortzeko ekintzak.

c) Kronograma eta ekintzen plangintza, horien aurrerapena gainbegiratzeko.

d) BiziLaben Prestakuntza, Komunikazio eta Digitalizazio Plana.

e) Helburuen betetze-mailaren jarraipena egiteko funtsezko adierazleak.

f) BiziLaben Gastuen Urteko Aurrekontua.

g) Urteko Kudeaketa Planak atal espezifiko bat izango du zerbitzuaren ebaluazio kualitatiboari buruz, eta bertan zehaztuko dira ikastetxeen eta familien balorazioak jasotzeko estrategiak, bai eta emaitzen azterketatik abiatuta aurreikusitako hobekuntza-neurriak ere.

5.– BiziLaben jarduera prozesu edota proiektuetan oinarrituko da, zentroaren jarduera deskribatzen eta dokumentatzen duten elementu gisa, eta proiektu jakin bat garatzen den bitartean balioa gehitzen duten jarduera-sekuentzia gisa definitzen dira.

8. artikulua.– Antolaketa-egitura.

1.– BiziLabek, dagozkion funtzioak betetzeko, egiturazko lanpostu hauek izango ditu, eta dagokion lanpostuen zerrendan antolatuko dira:

a) Zuzendaritza.

b) Esparruko arduradunak.

c) Aholkularitza espezializatuak.

2.– Bizilab jardun-esparru hauetan egituratzen da funtzionalki:

a) Ikasketa eta programa integratuen esparrua: Politika eta praktika inklusiboak aztertzeko, eta, horrekin batera, esku-hartze programa integratuak sortu, finkatu eta hobetzeko proposamenak garatzeko.

b) Inklusioari laguntzeko esparru orokorra: Ikasteko aparteko zailtasunak, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua (ADHN) eta goi-mailako gaitasunak goiz hautemateko, ebaluatzeko eta erantzun egokia emateko.

c) Inklusiorako laguntza espezifikoaren esparrua: Hezkuntza-premia bereziak eragiten dituzten eta intentsitate handiko laguntzen beharra dakarten neurogarapenaren nahasmenduak identifikatu eta ebaluatzeko eta alderdi horiei erantzuna emateko.

Esparru horretan honako espezialitate hauek izango dira:

– Irisgarritasun sentsoriala eta garapen motorraren nahasmenduak eta horiei lotutako afekzio medikoak.

– Portaeraren eta garapen pertsonalaren nahasmenduak.

– Garapen intelektualaren nahasmenduak (GIN) eta autismoaren espektroko nahasmenduak (AEN).

d) Bizikidetzaren eta aniztasunaren kudeaketaren arloan berritzeko esparrua: Ikastetxeei bizikidetza positiboa, ongizate emozionala, hezkidetza eta ikasle guztien eskola-arrakasta garatzeko aholkularitza, prestakuntza eta laguntza emateko.

e) Kudeaketa operatiboaren esparrua.

3.– Esparru bakoitzak arduradun bat eta lantaldeetan antolatutako aholkularitza espezializatuak izango ditu.

4.– Era berean, BiziLabek zerbitzu-eginkizunetarako deialdia egin ahal izango du, lanpostu bati berariaz esleitu gabeko proiektuak abian jartzeko eta eginkizun bereziak betetzeko. Deialdi hauen bidez hautatutako langileak laguntzaileak izango dira zailtasun bereziko edo kualifikazio berezia behar duten proiektu zehatzak egiteko, baldin eta proiektu horiek lotuta badaude unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzaren ildo estrategikoekin, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan. Dagozkion deialdietan, egin beharreko zereginak eta eskatzen diren berariazko eta lanbide-gaitasuneko baldintzak jasoko dira. Zerbitzu-eginkizun horiek berritu ahal izango dira, egindako lanaren aldeko txostena egin ondoren, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legean ezarritakoaren arabera.

5.– Era berean, BiziLabek lankidetza-mekanismoak antolatu ahal izango ditu ikastetxe publikoetako irakasleekin edo zuzendariekin, zerbitzu-eginkizunen beharrik gabe, laguntza-, jarraipen-, laguntza- eta ezagutza-transferentziako funtzioak betetzeko edo ikastetxearen helburuei eta funtzioei lotutako ekimenak garatzeko.

Lankidetza horiek parte-hartzaileen lanpostutik bertatik garatuko dira, erregelamendu bidez zehazten diren prozedura, baldintza eta irizpideen arabera, eta ez dute haien administrazio-egoera edo lan-baldintzak aldatuko, hargatik eragotzi gabe, hala badagokio, ezar daitekeen aintzatespen funtzionala.

Lankidetza horien eginkizunek, jardun-eremuek eta baldintzek bat etorri beharko dute unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzaren ildo estrategikoekin eta BiziLaben helburuekin.

9. artikulua.– Zuzendaria.

1.– BiziLabeko zuzendariak zentroaren funtzionamenduaren ardura gorena hartuko du bere gain, baita Urteko Kudeaketa Planean ezarritako helburuak lortzeko konpromisoa ere.

2.– Zuzendari-lanpostua Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasle-kidego hauetako bateko karrerako funtzionario batek beteko du:

– Maisu-maistren Kidegoa.

– Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoa.

– Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoa.

3.– BiziLabeko zuzendaria unibertsitatez kanpoko hezkuntzan eskumena duen sailburuordetzako titularrak izendatuko du, aniztasunaren eta inklusioaren esparruan eskumena duen zuzendariak proposatuta, izendapen askeko prozeduren bidez, lanpostuen berezko zuzendaritza-funtzioak, koordinazio estrategikoa eta erantzukizun berezia kontuan hartuta, eta, kasu guztietan, jardun-eremuaren eta ikuspegi estrategikoaren ibilbidea, esperientzia eta ezagutza espezifikoa balioetsiz, gaitasun profesional handia eta konfiantza berezia eskatzen baitute, betiere talde tekniko sendoak, kohesionatuak eta osagarriak bermatzeko helburuarekin.

4.– BiziLabeko zuzendaritzak eginkizun hauek izango ditu:

a) BiziLaben antolaketa, funtzionamendu eta betearazpen-alderdiak kudeatzea.

b) Aniztasunaren eta inklusioaren esparruan eskumena duen zuzendaritzari gastuen urteko aurrekontua proposatzea, gastuak onartzea eta ordainketak ziurtatzea.

c) Aniztasunaren eta inklusioaren esparruan eskumena duen zuzendaritzari kudeaketa-kontuak bidaltzea, bateratzeko eta aurrekontu-ekitaldia ixteko eta likidatzeko kontabilitate-baldintzak modu zentralizatuan betetzeko, ekonomia- eta ogasun-eskumena duen sailak urtero ezartzen dituen arauen arabera.

d) Urteko Kudeaketa Planaren zirriborroa egitea, BiziLabeko esparruetako arduradunekin lankidetzan, aniztasunaren eta inklusioaren esparruan eskumena duen zuzendaritzak ezarritako irizpideen arabera, azken honek onartu dezan.

e) Urteko Kudeaketa Plana ebaluatzea BiziLabeko esparruetako arduradunekin lankidetzan, eta ebaluazio-txostena aurkeztea aniztasunaren eta inklusioaren esparruan eskumena duen zuzendaritzari, onar dezan.

f) BiziLabi atxikitako langileen buru izatea eta indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzea.

g) BiziLabeko esparruen lanak gainbegiratzea eta koordinatzea.

h) BiziLabek gauzatutako ekintzei buruzko txostenak aurkeztea aniztasunaren eta inklusioaren esparruan eskumena duen zuzendaritzan.

i) BiziLaben Urteko Kudeaketa Planaren betearazpenari buruzko nahitaezko txostenak egitea.

j) BiziLaben ordezkari nagusi gisa jardutea izaera bereko beste erakunde batzuekiko harremanetan eta trukeetan, bai Estatukoekin, bai Europar Batasunekoekin, bai mundukoekin, metodologiak, proiektuak, esperientziak eta sistematika operatiboak kontrastatu, transmititu eta hobetzeko.

k) HeziLabekin eta Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuarekin elkarrekintza eta lankidetza-harremana sustatzea, bakoitzaren helburuak lortzeko.

l) Zaintza teknologikoa egitea, kanpoko zein BiziLabeko informazioa jasotzeko, berrikuntzan, inklusioan eta hezkuntza-teknologian egindako aurrerapenei buruz.

m) BiziLaben, euskara, zerbitzu eta lan-hizkuntza izan dadin zaintzea, interesa duen orok bi hizkuntza ofizialen artean aukeratzeko eskubidea erabil dezan erakundearekin dituen harremanetan.

n) Indarrean dagoen Hizkuntza Normalizatzeko Planaren helburuak definitzea, helburu horiek lortzeko ekimenak garatuz eta ebaluatuz, BiziLab osatzen duten esparru bakoitzeko arduradunekin lankidetzan.

o) Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak eta kudeaketa-planak onartzea eta ebaluatzea.

p) Aniztasunaren eta inklusioaren esparruan eskumena duen zuzendaritzaren titularrak eskatzen dizkion gainerako ekintzak egitea.

10. artikulua.– Esparruko arduraduna.

1.– BiziLabeko esparruen ardura duten pertsonek beren gain hartuko dute beren esparruaren funtzionamenduaren erantzukizun gorena, baita UKPan ezarritako helburuak lortzeko konpromisoa ere, beren esparruaren jardun-eremuari dagokionez.

2.– Esparruko arduradunaren lanpostua Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen kidego bateko karrerako funtzionario batek beteko du.

3.– Esparruko arduraduna BiziLabeko zuzendaritzaren mende egongo da, eta aniztasunaren eta inklusioaren esparruan eskumena duen zuzendaritzako titularrak izendatuko du, BiziLabeko zuzendaritzak proposatuta, izendapen askeko prozeduraren bidez, lanpostuaren erantzukizun funtzional berezia, BiziLabeko zuzendaritzarekiko mendekotasun zuzena eta BiziLaben jardun-ildoen koherentzia, lerrokatze estrategikoa eta inplementazio egokia bermatzeko beharra kontuan hartuta. Kasu guztietan, ibilbidea, esperientzia, esparruaren ezagutza espezifikoa eta ikuspegi estrategikoa balioetsiko dira, betiere talde tekniko sendoak eta osagarriak bermatzeko helburuarekin.

4.– Esparruko arduradunak eginkizun hauek izango ditu:

a) BiziLabeko zuzendaritzari laguntzea ezartzen dituen estrategiak hedatzen.

b) Dagokion arloaren jarduna gidatzea, koordinatzea eta bideratzea, BiziLaben zuzendaritzak ezartzen dituen irizpideen arabera.

c) BiziLabeko zuzendaritza-taldearekin lankidetzan aritzea, BiziLabi atxikitako langileen buru gisa, eta indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzea.

d) Esparruko UKPa egitea, BiziLabeko zuzendaritzak ezartzen dituen irizpideen arabera, eta plan hori betetzen dela bermatzea.

e) Bere esparruko zereginak eta pertsonak bultzatzea eta koordinatzea.

f) Bere esparruari dagokion UKPa nola gauzatzen den kontrolatzea eta ebaluatzea.

g) Bere esparruko koordinazio-bilerak deitzea eta zuzentzea, gai-zerrenda ezartzea, kudeaketaren berri ematea eta aurkezten diren proposamenak biltzea eta bere esparruko langileek indarrean dagoen araudia betetzen dutela zaintzea.

h) BiziLaben zuzendaritzari proposatzea bere eskumen-eremuarekin zerikusia duten ikastetxeek prestakuntzaren eta aholkularitzaren esparruan egiten dituzten eskaerak.

i) BiziLabeko zuzendaritzak ezartzen dituen koordinazio bileretan parte hartzea.

j) UKParen araberako lan-prozesuak ezartzea eta bere eskumeneko esparrua osatzen duten profesionalak beren funtzioen garapenean koordinatzea.

k) Bere eskumeneko esparruko pertsonak, espazioak eta baliabide materialak kudeatzea, BiziLaben prestakuntza, komunikazio eta digitalizazio planak kontuan hartuta.

l) BiziLabeko zuzendaritzarekin, lankidetzan aritzea UKPa egiteko eta ebaluatzeko.

m) Unibertsitateekin eta estatuko eta nazioarteko kanpoko beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea.

n) Bere esparruarekin lotutako kongresu eta konferentzietan aktiboki parte hartzea BiziLabeko zuzendaritzak emandako jarraibideen eta UKPan ezarritako lan-ildoen arabera.

o) Zaintza teknologikoa egitea, kanpotik eta esparrutik bertatik bere jarduera-eremuari dagozkion berrikuntzan, inklusioan eta hezkuntza-teknologian egindako aurrerapenei buruzko informazioa jasotzeko.

p) Euskararen erabilera sustatzea zerbitzu- eta lan-hizkuntza gisa, bere eskumeneko esparruan, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin bat etorriz.

q) BiziLabeko zuzendaritzak eskatzen dizkion gainerako ekintzak egitea.

11. artikulua.– Zuzendaritza-taldea.

1.– Zuzendaritza-taldea zuzendariak eta BiziLabeko zuzendariak izendatutako esparru-arduradunek osatuko dute, aniztasunaren eta inklusioaren esparruan eskumena duen zuzendaritzaren onespenarekin.

2.– Zuzendaritza-taldearen eginkizunak dira:

a) BiziLabeko zuzendariari laguntzea esleituta dituen eginkizunak betetzen.

b) Bizilabeko zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea UKPa egiteko.

c) UKParen jarraipena eta ebaluazioa egitea.

d) Erregelamendu bidez esleitzen den beste edozein.

12. artikulua.– Lantaldeak eta taldearen koordinazioa.

1.– Inklusioari laguntzeko esparru orokorra, Inklusiorako laguntza espezifikoaren esparrua, Ikasketa eta programa integratuen esparrua eta Bizikidetzaren eta aniztasunaren kudeaketaren arloan berritzeko esparrua lantaldetan egituratuko dira.

2.– Lantaldeak BiziLabeko lanpostuetara atxikitako pertsonekin osatuko dira, hezkuntza-inklusioa, bizikidetza eta aniztasunaren kudeaketa garatzeko.

3.– Lantalde horiek aholkulariak izango dituzte. Aholkulari horiek, beren lanpostuari dagozkion eginkizunez gain, kokalekuko lantaldea koordinatuko dute. Esparruko arduradunak izendatuko du taldearen koordinatzailea, lidergo-gaitasunaren eta lantaldeak kudeatzeko gaitasunaren irizpideei jarraituz.

4.– Talde bakoitzak II. eranskinean (BiziLabeko lanpostuen zerrenda) adierazitako lurralde-eremuan beteko ditu bere eginkizunak.

13. artikulua.– Taldeen koordinatzaileen eginkizunak.

BiziLabeko aholkulari gisa eta norbere taldeko kide gisa dagozkien eginkizunez gain, eginkizun hauek izango dituzte:

a) Taldearen esparruan informazio-trukea bermatzea.

b) Ezarritako lan-metodoak eta -prozedurak ezartzeari buruzko aholkularitza ematea.

c) Taldearen zereginak osatzen dituzten alderdiak ordenatzea, esleitutako zereginak betetzen direla ziurtatzeko.

d) Taldeko kideak lankidetzara bultzatuko dituen, kohesioa erraztuko duen eta talde-espiritua sustatuko duen lan-giroa sortzea.

e) Taldearen bilerak prestatzea eta horietan moderatzaile gisa aritzea, arloko koordinatzaileak aurreikusitako urteko plana betetzeko eta arloko kideek indarrean dagoen araudia betetzen dutela zaintzea.

f) Arloko koordinatzaileak aurreikusitako koordinazio-bilera eta -saioetan parte hartzea.

g) BiziLabeko zuzendaritza-taldearekin lankidetzan aritzea, BiziLabi atxikitako langileen buruzagitzan, eta indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzea.

h) Erregelamendu bidez zehazten den beste edozein eginkizun burutzea.

14. artikulua.– Ikasketa eta programa integratuen esparrua.

1.– Ikasketa eta programa integratuen esparrua politika eta jardunbide inklusiboen azterketarekin eta balorazioarekin lotuta dago, eskola inklusibo bat eraikitzeko prozesua bideratzen lagunduko duen informazioaren eta datuen analisiaren bidez; arlo hau lotuta dago, halaber, esku hartzeko programa integratuak sortu, finkatu eta hobetzeko proposamenak garatzearekin ere.

2.– Esparru horrek eginkizun hauek ditu:

a) Hezkuntza-jardunbide inklusiboetan aurrera egiteko estrategiak garatzea.

b) Guztion ikaskuntza lortzeko ikastetxeen jardunbiderik egokienak zein izan daitezkeen aztertu eta horiek gauzatu eta zabaldu daitezen sustatzea.

c) Erantzun inklusiborako lan-prozesuak eta -prozedurak garatzea hezkuntzari laguntzeko zerbitzuetatik.

d) Informaziorako eta dokumentuen kudeaketarako sistemak sortzea.

e) Aldizka planifikatzen diren proiektu estrategikoen edo eskola inklusiboa garatzeko proiektuen garapena koordinatzea.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateekin lankidetzan aritzea, modu egituratu eta sistematikoan.

g) Prozesuei, plangintzari eta kontrolari buruzko proposamenak aztertzea eta egitea, BiziLaben eskumenen eta eginkizunen eremuan.

h) BiziLabeko beste arloei prestakuntza-edukiak proposatzea.

i) Programak integratzeko filosofiari jarraitzen dioten programak aztertzea, bai hezkuntza-esparruan, bai osasunaren eta gizartearen esparruan.

j) Plan eta jarduketa integratuak diseinatzeko eta ezartzeko proposamenak garatzea, beste erakunde edo sistema batzuekin lankidetzan.

k) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin lankidetzan gauzatzen diren sailaren programak edo jarduketak koordinatzea. Besteak beste, ikusteko desgaitasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabide-zentroak, ospitaleko hezkuntza-arretarako eta arreta terapeutiko-hezigarrirako lurralde-zentroak eta arreta goiztiarreko lantaldea.

l) Ikusmen-desgaitasuna duten ikasleak hezkuntzan barne hartzeko baliabide-zentroak, ospitaleko eta etxeko hezkuntza-arretarako eta arreta terapeutiko-hezigarrirako lurralde-zentroak eta arreta goiztiarreko lantaldea arlo horren mende egongo dira, beste erakunde batzuekin partekatutako zerbitzua den aldetik. Zentro horietako ikasleei jarraipena egitea arloaren eginkizunetatik kanpo geratzen da.

m) Kronikotasunari eta osasun mentalari erantzun integratua emateko proiektuak gauzatzean, azterlanak egin eta aholkularitza ematea, inklusiorako laguntza espezifikoaren arloarekin lankidetzan.

n) Prozesuei, plangintzari eta kontrolari buruzko proposamenak aztertzea eta egitea, Aniztasunaren eta Inklusioaren Esparruaren eremuan.

o) Aniztasunaren eta Inklusioaren Esparruko programetarako prestakuntza-edukiak proposatzea.

p) Ataleko gainerako esparruekin eta BiziLabeko beste atal batzuekin lankidetzan aritzea.

15. artikulua.– Inklusioari laguntzeko esparru orokorra.

1.– Inklusioari laguntzeko esparru orokorrak lotura du honako hauek detektatu, ebaluatu eta horiei erantzutearekin:

a) Ikasteko aparteko zailtasunak.

b) Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua (ADHN).

c) Goi-mailako gaitasunak.

d) Hizkuntzaren eta komunikazioaren garapenaren nahasmenduak.

e) Mugako gaitasun intelektuala.

f) Heldutasun-atzerapena.

2.– Esparru honetako lantaldeek eginkizun hauek dituzte:

a) Ikastetxeetako orientabide psikopedagogikoko taldeekin lankidetzan aritzea berariazko laguntzaren premia duten ikasleen premiak identifikatu eta ebaluatzeko eta familiei orientabidea emateko.

b) Ikastetxeetako profesionalek aniztasunari erantzun inklusiboa emateko egiten dituzten jarduketak sustatzea eta horietan laguntzea, baliabide propioak eta komunitatearen baliabideak mobilizatuz, behar diren laguntzak bermatzeko.

c) Aginduzko baheketa-prozesuen garapenean orientazioa ematea eta ebaluazio psikopedagogikoa eta esku hartzeko proposamena prestatzen laguntzea, bai eta horiek ezartzeko beharrezkoa den laguntza ematea ere.

d) Berariazko aholkularitza ematea ikasteko aparteko zailtasunen, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmenduaren (ADHN) eta goi-mailako gaitasunen detekzio goiztiarrari eta horiei erantzuteari. Kategoria horretan sartzen dira hizkuntzari eta/edo komunikazioari, mugako gaitasun intelektualari eta heldutasun-atzerapenari lotutakoak ere.

e) Aholkulari gisa parte hartzea dagokion lurralde-eremuko Arreta Goiztiarreko Balorazio Lantaldean, eta programa horretan integratuta dauden eta ikasteko aparteko zailtasunak dituzten ikasleen jarraipena egitea.

f) Esku hartzeko prozesuak garatzeari buruz aholku ematea, eta aniztasuna ikasgelako programazioaren abiapuntutzat hartzen duten estrategiak sustatzea.

g) Berariazko laguntza-baliabide pertsonalak behar bezala eta malgutasunez erabiltzeko proposamenak egitea eta aholkua ematea.

h) Laguntza-premien balorazioaren ondoriozko eta ebaluazio psikopedagogikoaren ondoriozko txostenak egitea, betiere taldeko aholkularitzek egin badituzte balorazioak eta ebaluazioak. Era berean, hezkuntza-administrazioak, bere eskumenen eremuan eta indarrean dagoen araudiaren arabera, eskatzen dizkien txostenak egitea.

i) Hezkuntza-administrazioak ezarritako aholkularitza-prozesuei jarraitzea, ebaluazio psikopedagogikoari buruzkoa barne.

j) Ikasleen jarduketa-plan pertsonalizatuei buruzko aholkularitza ematea eta haien jarraipena egitea, baldin eta ikasle horiek beren premiei egokitutako esku-hartze pedagogikoa behar badute nahiz eta berariazko laguntza-baliabide pertsonalak eduki ez.

k) Bere eskumeneko arloetan laguntzeko profesional espezifikoen prestakuntzarako orientabidea eta lankidetza ematea, inklusiorako laguntza espezifikoaren arloko profesionalekin lankidetzan eta, betiere, ikastetxeetako irakasle aholkularien eta orientatzaileen laguntzarekin.

l) Beren jarduketak koordinatzea inklusiorako laguntza espezifikoaren esparruko eta ikasketa eta programa integratuen esparruko aholkularitzekin.

m) Beren jarduketak sistematikoki koordinatzea aldi berean esku hartzen ari diren beste eragile komunitario, sozial eta sanitario batzuekin, izan aldizkako saioen bidez edo arreta integratuko programen esparruan.

n) Beren jarduera profesionalaren esparruan egiten dituzten jarduketen kontrol sistematikoa izatea, beren garapen profesionala errazteko eta aholkularitza-prozesuetan beren esperientzia erabilgarri jarri eta hobekuntza-proposamenak egiteko.

o) Ataleko gainerako arloekin eta BiziLabeko beste atal batzuekin lankidetzan aritzea.

16. artikulua.– Inklusiorako laguntza espezifikoaren esparrua.

1.– Inklusiorako laguntza espezifikoaren esparruak barnean hartzen du intentsitate handiko laguntza-premiak dakartzaten neurogarapenaren nahasmenduak identifikatu eta ebaluatzea eta horiei erantzutea.

2.– Inklusiorako laguntza espezifikoaren arloak espezialitate hauek hartuko ditu barnean:

a) Irisgarritasun sentsoriala eta garapen motorraren nahasmenduak eta horiei lotutako afekzio medikoak: Aholkularitza eta lankidetza, garapen motorraren nahasmenduek eta horiei lotutako afekzio medikoek eta oztopo sentsorialek (entzumenekoak eta ikusmenekoak) eragindako berariazko hezkuntza-laguntzaren premiak hautemateko, diagnostikatzeko eta horiei erantzuteko.

b) Portaeraren eta garapen pertsonalaren nahasmenduak: Portaeraren eta garapen pertsonalaren nahasmenduek eragindako ikasteko eta parte hartzeko oztopoak identifikatzeko, diagnostikatzeko eta horiei erantzuteko aholkularitza eta lankidetza.

c) Garapen intelektualaren nahasmenduak (GIN) eta autismoaren espektroko nahasmenduak (AEN): Aholkularitza eta lankidetza, garapen intelektualaren nahasmenduek eta autismoaren espektroko nahasmenduek ikasteko eta parte-hartzeko prozesuetan eragiten dituzten oztopoak identifikatzeko, diagnostikatzeko eta horiei erantzuteko.

3.– Inklusiorako laguntza espezifikoaren arloko taldeek eginkizun hauek dituzte:

a) Intentsitate handiko neurriak eta laguntza eman behar izatea dakartzaten oztopo sentsorialen, motorren, kognitiboen eta psikikoen ondoriozko berariazko laguntza-premiak identifikatzen eta ebaluatzen laguntzea orientabide psikopedagogikoko taldeei (motako horretako oztopoak dira desgaitasun intelektual larria, moderatua edo arina, desgaitasun motorra, sentsoriala –ikusmenekoa eta entzumenekoa–, autismoaren espektroko nahasmenduak eta horiei lotutako desgaitasun intelektual moderatua edo arina, portaera-nahasmendu larriak eta horiei lotutako beste komorbilitate batzuk).

b) Ebaluazio psikopedagogikoa egitea, eta esku hartzeko proposamena egin eta hura ezartzeko beharrezkoak diren laguntzak ere proposatzea.

c) Ikasle horien familiei beren seme-alaben hezkuntzari buruzko orientabidea ematea.

d) Beren premiei egokitutako esku-hartze pedagogikoa behar duten ikasleen jarduketa-plan pertsonalizatuei buruzko aholkularitza ematea eta jarraipena egitea.

e) Esku hartzeko prozesuak garatzeari buruz aholku ematea, eta aniztasuna ikasgelako programazioaren abiapuntutzat hartzen duten estrategiak sustatzea.

f) Berariazko laguntza-baliabide pertsonalak behar bezala eta malgutasunez erabiltzeko proposamenak egitea eta aholkua ematea.

g) Laguntza-premien balorazioaren ondoriozko eta ebaluazio psikopedagogikoaren ondoriozko txostenak egitea, betiere arlo horretako aholkularitzek egin badituzte balorazioak eta ebaluazioak. Era berean, hezkuntza-administrazioak, bere eskumenen eremuan eta indarrean dagoen araudiaren arabera, eskatzen dizkien txostenak egingo dituzte.

h) Laguntza Intentsiboko Programetan eta Zerbitzu Integratuetako Programetan (Arreta Goiztiarrekoa barne) integratutako ikasleen jarraipena egitea, betiere ikastetxeetako irakasle aholkulariekin eta orientatzaileekin lankidetzan.

i) Helduarora igarotzeko programen jarraipena egitea.

j) Irakasle diren hezkuntzako profesionalak (Pedagogia Terapeutikoko irakasleak eta Entzumen eta Hizkuntzako irakasleak) prestatzea, inklusiorako laguntza orokorraren arloarekin lankidetzan, bai eta hezkuntzako profesional ez-irakasleak ere, talde espezifikoei atxikita badaude.

k) Ikastetxeei, irakasle-taldeei eta hezkuntza-zerbitzuei aholkularitza eta prestakuntza ematea, kontuan hartu diren ikasleen premiei erantzutea erraztuko duten antolamendu- eta metodologia-irizpideei buruz.

l) Beren jarduketak koordinatzea inklusioari laguntzeko arlo orokorreko eta ikasketa eta programa integratuen arloko aholkularitzekin.

m) Beren jarduketak sistematikoki koordinatzea aldi berean ikasleekin esku hartzen ari diren beste eragile komunitario, sozial eta sanitario batzuekin.

n) Aholkulari gisa parte hartzea, hala badagokio, dagokion lurralde-eremuko Arreta Goiztiarreko Balorazio Lantaldean, eta hezkuntza-premia bereziak eragiten dituzten eta intentsitate handiko laguntzen beharra dakarten neurogarapenaren nahasmenduak dituzten eta programa honetan integratuta dauden ikasleen jarraipena egitea.

o) Beren jarduera profesionalaren esparruan egiten dituzten jarduketen kontrol sistematikoa izatea, beren garapen profesionala errazteko eta aholkularitza-prozesuetan beren esperientzia erabilgarri jarri eta hobekuntza-proposamenak egiteko.

p) Ataleko gainerako arloekin eta BiziLabeko beste atal batzuekin lankidetzan aritzea.

17. artikulua.– Bizikidetzaren eta aniztasunaren kudeaketaren arloan berritzeko esparrua.

Bizikidetzaren eta aniztasunaren kudeaketaren arloan berritzeko esparruak eginkizun hauek ditu:

a) Ikastetxeei prestakuntza, aholkularitza, protokoloak eta tresnak ematea, berdinen arteko tratu txarrei, eskola-jazarpenari eta portaera suizidari buruzko prebentzio-jarduketak egin ditzaten.

b) Ikastetxeak bizikidetza positiborako eta balizko jazarpen-egoeren aurrean tolerantziarik gabeko espazio seguruak izan daitezen laguntzea, eta helburu hori lortzeko proiektuak zuzentzea eta sustatzea.

c) Ikasleen ongizate emozionala lortzen laguntzea, eta, horretarako, curriculum sozio-emozional propioa garatzea.

d) Ikastetxeei prestakuntza, aholkularitza, protokoloak eta tresnak ematea, hezkidetzako eskola-eredua bultzatzeko.

e) Ikastetxeek beren kulturan, politiketan eta jardunbideetan genero-ikuspegia txerta dezatela bultzatzea.

f) Mekanismoak martxan jartzea indarkeria matxista prebenitu, era goiztiarrean detektatu eta hari erantzun eraginkorra emateko.

g) Proiektuak sustatzea zaurgarritasun-egoeran dauden ikasleei zuzenduta, eskola-arrakasta hobetzeko eta bizitzarako konpetentziak hobeto garatzeko, ikasleekin planteamendu inklusibo batetik esku hartuta.

h) Ikastetxeei prestakuntza, aholkularitza eta laguntza ematea, gure sisteman sartu berri diren ikasleei eta familia atzerritarreko ikasleei hezkuntza-sisteman sartzen eta bertan irauten laguntzeko jarduerak gauzatu ditzaten, bai eta, jatorrizko kulturak aintzat hartuta, beren aurrerapen akademikoa, pertsonala eta profesionala ahalbidetzeko ere.

i) Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekin, unibertsitateekin eta beste administrazio batzuekin laguntza eta lankidetza bultzatzea.

j) Ataleko gainerako arloekin eta Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroko, BiziLabeko, beste atal batzuekin lankidetzan aritzea.

k) Hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzari laguntzea hezkuntza-sistema ebaluatzen arlo horren eskumen-eremuan, ezartzen diren prozeduren bidez.

l) Honako zutabe hauetan oinarritutako hezkuntza-orientazioa bultzatzea: orientazio akademiko profesionala, bizikidetza positiboaren garapena, aniztasunarekiko arreta eta hezkuntza-inklusioa.

18. artikulua.– Kudeaketa operatiboaren arloa.

Kudeaketa Operatiboaren esparruak eginkizun hauek ditu:

a) BiziLabeko zuzendaritzari laguntzea kudeaketa operatiboaren plangintzan, koordinazioan eta jarraipenean, erakundeak behar bezala funtzionatzen duela eta helburu estrategikoak behar bezala gauzatzen direla bermatuz.

b) Erabakiak hartzeko informazio- eta laguntza-sistemak diseinatu, mantendu eta garatzea, datu garrantzitsu, fidagarri eta eguneratuetan oinarrituta, jarduerari jarraipena egiteko, emaitzak aztertzeko eta ikastetxeko prozesuak etengabe hobetzeko.

c) BiziLaben prozesuen bidezko kudeaketa-sistema diseinatu, ezarri, mantendu eta ebaluatzea, antolaketa-efizientzia, barne-koherentzia, etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatuz lan-prozeduretan.

d) BiziLabeko UKParen plangintza, gauzatzea eta ebaluazioa koordinatzea, zentroaren helburu estrategikoekin eta hezkuntza-esparruan eskumena duen sailburuordetzak ezarritako lehentasunekin bat datorrela ziurtatuz.

e) Ikastetxearen antolaketa- eta funtzionamendu-alderdi orokorrak kudeatzea, barne-koordinazioa, zuzendaritzak emandako arauak eta jarraibideak aplikatzea eta horiek betetzen direla zaintzea barne.

f) BiziLaben gastuen urteko aurrekontua kudeatzea, jarraipen ekonomiko-finantzarioa eginez, kudeaketa-txostenak prestatuz eta kontuak Zentroko zuzendaritzaren eta organo eskudunen aurrean izapidetuz.

g) BiziLabi atxikitako irakaskuntzaz kanpoko giza baliabideak kudeatzea, eta zuzendaritzari laguntzea ikastetxeko langileekin lotutako antolaketa-alderdietan, zerbitzu eskudunekin koordinatuta.

h) BiziLaben egoitzetako eta prestakuntza- eta berrikuntza-jardueretarako espazioak, azpiegiturak eta baliabide materialak planifikatzea eta kudeatzea.

i) BiziLaben, Komunikazio, Digitalizazio eta Ingurune Birtualen Plana diseinatu, koordinatu eta kudeatzea, barneko eta kanpoko komunikazio eraginkorra bermatuz, bai eta kudeaketarako, prestakuntzarako, ikaskuntzarako eta lankidetzarako tresna digitalen erabilera estrategikoa ere.

j) BiziLabeko prestakuntza kudeatzeko sistema integrala diseinatu, kudeatu eta mantentzea, barne hartuta prestakuntza-eskaintzaren plangintza operatiboa, deialdien, inskripzioen, ziurtagirien eta lotutako datuen kudeaketa, bai eta ikaskuntzako ingurune presentzial, hibrido eta birtualetarako euskarria ere, Hezkuntza Sailean prestakuntzaren esparruan eskumena duen zuzendaritzarekin koordinatuta, eta zentroaren prestakuntza-ereduarekin bat etorriz.

k) Kalitatea, efizientzia eta etengabeko hobekuntza sustatzea ikastetxeko jarduera guztietan, ebaluazio-ikuspegiak, aldaketaren kudeaketa eta ziurgabetasun-testuinguruetara egokitzea gaineratuz.

l) BiziLabeko, gainerako esparruekin zeharka lankidetzan aritzea, bai eta HeziLabekin ere, koherentzia operatiboa eta bere eginkizunak garatzeko behar duen euskarria bermatuz.

m) Erregelamendu bidez esleitzen den beste edozein eginkizun betetzea, BiziLaben eskumenen esparruan.

19. artikulua.– Aurrekontua, kontratazioa eta ondarea.

1.– BiziLabi esleitutako funtzioak betetzeko behar den zuzkidura ekonomikoa banatuko du urtero hezkuntza-esparruko sail eskudunak bere aurrekontuaren barruan.

2.– Kontratazioari dagokion guztirako, BiziLab, dagokion sailaren egiturari buruzko dekretuan araututakora egokituko da.

3.– BiziLabek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ondarea osatzen duten ondasunak izango ditu, hezkuntza-esparruan eskumena duen sailari atxikita badaude eta sail horrek BiziLaben esku jartzen baditu.

III. KAPITULUA
LANPOSTUEN ZERRENDA ETA LANPOSTUAK BETETZEA

20. artikulua.– Lanpostuen zerrenda.

1.– Onartu egiten da BiziLabeko lanpostuen zerrenda, lanpostu horretan jarduteko eskatzen diren baldintzak eta gainerako ezaugarriak adierazita, dekretu honen II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

2.– Egungo Zonako Berritzeguneetako karrerako funtzionarioak behin betiko integratuko dira BiziLabeko lanpostuetan, giza baliabideak berresleitzeko prozeduraren bidez. Lanpostuen berresleipen hori dekretu honen I. eranskinean (Berritzegune Nagusiko eta Zonako Berritzeguneetako behin betiko langileen berresleipena BiziLabeko lanpostuetan) jasota dago.

21. artikulua.– Lanpostuak betetzea.

1.– BiziLabeko langileen lanpostuak betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 21eko 4/2023 Legegintzako Dekretuaren 33. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

2.– Lanpostuak aldi baterako atxikipenaren bidez beteko dira. Hasiera batean, hiru urteko iraupena izango du, eta 33. artikuluan aurreikusitakoaren arabera berritu ahal izango da. Balorazio-prozesua egin ondoren, atxikipen mugagabea egin ahal izango da, artikulu honetan ezarritako irizpideen arabera.

3.– Aldi baterako atxikipen-aldian egindako lanaren balorazioaren helburua egokitasun profesionala bermatzea, esleitutako eginkizunak behar bezala betetzea eta BiziLaben helburu estrategikoei benetako ekarpena egitea izango da, bai eta jardun profesionalaren etengabeko hobekuntza bideratzea ere.

4.– Aldi baterako atxikipenean egindako lana baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, gutxienez:

a) BiziLaben estrategia-, funtzio- eta arau-esparruarekiko egokitasuna.

Jarduera profesionala zenbateraino egokitzen den BiziLabi esleitutako jarduera-printzipioetara, helburuetara eta funtzioetara, eta hezkuntzaren, antolaketaren eta pedagogiaren esparruan indarrean dagoen araudia benetan ezagutzen eta aplikatzen den.

b) Helburuak betetzea eta planifikatutako jarduerak.

Urteko Kudeaketa Planean esleitutako helburu, jarduketa eta erantzukizunen betetze-maila, bai maila indibidualean, bai talde-lanaren esparruan, ezarritako jarraipen- eta ebaluazio-adierazleak kontuan hartuta.

c) Kalitate teknikoa eta zorroztasun profesionala jardunean.

Egindako aholkularitzaren, laguntzaren, prestakuntzaren, ebaluazioaren, esku-hartzearen eta jarraipenaren kalitatea, egokitasuna eta zorroztasun teknikoa, bai eta lanpostuko jardunean egindako txosten, material, tresna eta gainerako produktuena ere.

d) Lanbide-jardunak ikastetxeetan duen eragina.

Jarduera profesionalak benetako ekarpena egitea irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak, ikasleen gaitasunen garapena, berrikuntza pedagogikoa eta antolakuntzakoa eta ikastetxeen hezkuntza-eraldaketa hobetzeko, zerbitzuaren ebaluazio-prozesuen emaitzen arabera.

e) Talde-lana, koordinazioa eta lankidetza profesionala.

Lantaldeetan parte-hartze aktiboa eta arduratsua izatea, BiziLabeko beste esparru batzuekin eta inplikatutako beste zerbitzu eta eragile batzuekin lankidetzan aritzea, eta BiziLabeko funtzionamendu koordinatu eta eraginkorra lortzen laguntzea. Hala badagokio, taldeak koordinatzeko eginkizunak betetzea baloratuko da.

f) Berrikuntza, etengabeko hobekuntza eta ezagutzaren transferentzia.

Berrikuntza-proiektuetan, esperientzia pilotuetan eta etengabeko hobekuntza-prozesuetan parte hartzea, bai eta ezagutza eta jardunbide egokiak sortzeko, sistematizatzeko eta hezkuntza-sisteman transferitzeko gaitasuna ere.

g) Lanbide-garapena eta etengabeko prestakuntza.

Konpetentzia profesionalak eguneratzeko eta etengabe hobetzeko konpromisoa, prestakuntza-ekintzetan parte hartuz eta eskuratutako ikaskuntzak praktika profesionalean aplikatuz.

h) Hizkuntza ofizialen erabilera eta hizkuntza-gaitasuna.

Euskara lan- eta zerbitzu-hizkuntza gisa erabiltzea, BiziLabeko Hizkuntza Normalizatzeko Planarekin bat etorriz, eta garatutako jarduketetan ikuspegi eleaniztunari eta kulturartekoari ekarpena egitea.

i) Erantzukizun profesionala eta antolamenduaren betetze-maila.

Erantzukizun-maila lanpostuan jardutean, betebehar profesionalak eta antolakuntzakoak betetzea, funtzio publikoaren printzipio etikoak errespetatzea eta datu pertsonalak behar bezala kudeatzea eta babestea.

5.– Egindako lanaren balorazioa erreferente objektiboetan eta ebidentzia egiaztagarrietan oinarrituko da. Horien artean, gutxienez, honako hauek hartu ahal izango dira kontuan:

a) Urteko Kudeaketa Planaren jarraipen-eta ebaluazio-txostenak.

b) Jarduera indibidualari eta, hala badagokio, taldeari buruzko memoriak.

c) Esparruko arduradunek eta BiziLabeko zuzendaritzak egindako txostenak.

d) Ikastetxeei eta, hala badagokio, parte hartzen duten beste eragile batzuei egindako zerbitzuaren ebaluazio kualitatiboaren emaitzak.

e) Lanpostuaren jardunean egindako dokumentazio teknikoa.

6.– Egindako lanaren balorazioa urtero egingo da prestakuntzako, orientazioko eta etengabeko hobekuntzako ondorioekin, pertsona bakoitzari informazio argia eta sistematikoa emateko bere lanbide-jardunari buruz eta lanpostuaren eginkizunetara egokitzeari buruz, gogoeta eta garapen profesionala bultzatuz.

Era berean, balorazio hori nahitaezkoa izango da hiru eta sei urteko aldiak amaitzean, aldi baterako atxikipena berritzeko eta, hala badagokio, atxikipen mugagabea lortzeko.

22. artikulua.– BiziLaben Balorazio Batzorde Iraunkorra.

1.– BiziLaben Balorazio Batzorde Iraunkorra sortzen da, hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzari atxikitako kide anitzeko organo gisa, dekretu honen 21. artikuluan aurreikusitako balorazio-funtzioak egiteko.

2.– Balorazio Batzorde Iraunkorrari dagokio lanpostuak betetzeko merezimenduak baloratzea, bai eta egindako lana baloratzea ere, aldi baterako atxikipena berritzeko eta, hala badagokio, atxikipen mugagabea lortzeko, dekretu honetan ezarritako irizpideen arabera.

3.– Balorazio Batzorde Iraunkorra presidente batek, presidenteorde batek, bokal batek eta idazkari batek osatuko dute. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

4.– Balorazio Batzorde Iraunkorreko kideak hezkuntza-esparruan eskumena duen sailburuordetzaren titularrak izendatuko ditu, ebazpen bidez, espezialitate-printzipioarekin bat etorriz, parte hartzen duten pertsonen hautaketan edo lan-balorazioan titulazio bereko edo handiagoko irakaskuntza-kidegoan jardunean dauden karrerako funtzionarioen artean, baldin eta bete edo bete beharreko eginkizunetan esperientzia egiaztatua badute.

Izendapenean ordezkoak izendatuko dira, eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, berdintasunaren esparruan indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera.

Era berean, Batzordeko kideak izendatzeko, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan behar besteko hizkuntza-gaitasuna izatea.

5.– Balorazio Batzorde Iraunkorra eraketari, funtzionamenduari eta erabakiak hartzeari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 17. artikulura kide anitzeko organoentzat xedatutakoaren arabera arautuko da, hargatik eragotzi gabe dekretu honetan aurreikusitako antolaketa-berezitasunak.

Era berean, Batzordearen jarduna printzipio hauen araberakoa izango da: objektibotasuna, inpartzialtasuna, gardentasuna, merezimendua, gaitasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

IV. KAPITULUA
PROFIL KONPETENTZIALA, AHOLKULARIEN PRESTAKUNTZA ETA EBALUAZIOA

23. artikulua.– Aholkularitzen eskumen-profila.

1.– Aholkulariek konpetentzia hauek izan behar dituzte:

a) Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistema, laguntza-zerbitzuak eta hezkuntza-esparruan eskumena duen sailaren egitura ezagutzea, baita horien arau-esparruak ere.

b) Bere lan-esparruko metodologien eta berariazko didaktiken ezagutza aditua.

c) Planifikatzeko eta dinamizatzeko gaitasunak, hezkuntza-prozesuan inplikatutako eragile guztien parte-hartze aktiboa errazten duten tresnatzat hartuta.

d) Bere esku-hartze eremuari lotutako berrikuntza-proiektuak sortu, diseinatu eta garatzeko gaitasuna.

e) Taldean lan egiteko gaitasuna.

f) Irakasleak beren irakaskuntza-jardunari buruzko hezkuntza-ikerketan eta etengabeko hobekuntzan motibatzeko gaitasuna, autoprestakuntzaren, prestakuntzaren eta hezkuntza-proiektuetan parte hartzearen bidez.

g) Ezagutza eraikitzeko gaitasuna, hezkuntza-jardunari buruzko hausnarketatik abiatuta, negoziazioaren eta laguntzaren bidez; eta ezagutza hori irakasleei helarazteko gaitasuna.

h) Aurrez aurreko modalitatean, modalitate erdipresentzialean edo urrutikoan funtzioak betetzeko trebetasuna, zuzeneko parte-hartzea izanik aurrez aurreko ikastaroetan, ikastaro erdipresentzialetan eta lineako ikastaroetan, materialak prestatzean eta txostenak eta tutoretza egitean.

i) Irakasleekin partekatutako jardunbide egokien ereduak moldatu, hobetu eta aberasteko materialak prestatzeko Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala (IDU) aplikatzeko trebetasuna.

j) Proiektuak gidatzeko gaitasuna, metodologia arinak aplikatuz, taldeko kideak koordinatuz eta gidatuz helburuei, zaintza- eta ikerketa-jarduerei eta, batez ere, erakundeen, bazkideen eta inplikatutako beste eragile batzuen arteko harremanen koordinazioari dagokienez.

k) Erakundeen eta ikastetxeen arteko lankidetza sustatzeko gaitasuna, ezagutzaren trukea sustatuz.

l) Plangintza estrategikoak eta urteko planak egiteko gaitasuna.

m) Bere esku-hartze eremuari lotutako material didaktiko-kurrikularrak, tresnak eta protokoloak egiteko gaitasuna.

n) Bere eginkizunak betetzean joan-etorriak egiteko prest egotea.

o) Bi hizkuntza ofizialetan, idatziz zein ahoz, adierazpen eta ulermen maila altua erakustea, baita atzerriko hizkuntza batean gaitasuna erakustea ere.

2.– Aholkulariaren profila definitzeak ez du esan nahi aholkularitza-lanak haren jakintza-esparrura edo sartzen diren etapara mugatu behar direnik.

24. artikulua.– BiziLabeko profesionalen prestakuntza eta eguneratzea.

1.– BiziLaben, zuzendaritzari dagokio UKPan txertatuko den Prestakuntza Plan bat sustatzea.

2.– Prestakuntza Planak hainbat motatako prestakuntza-ekintzak jasoko ditu:

a) Langile berriei hasierako prestakuntza emateko ekintzak, harrera-planetan jasoko direnak. Hasierako prestakuntza hori lan-prozesuak eta jardunbide egoki partekatuak ikastea erraztuko duen mentorizazio-programa batekin osatuko da.

b) Gaitasun profesionalak finkatzeko ekintzak. Mota horretako ekintzetan hainbat prestakuntza-modalitate eskainiko dira, lanbide-jardueraren garapenarekin eta beste jarduera praktiko batzuekin lotutako alderdi teorikoak sartzeko.

c) Hezkuntza-esparruko aholkularitzari eta esku-hartzeari buruzko eztabaida eta bateratze-lana egiteko ekintzak, baita jardunbide egoki partekatuak garatzeko ekintzak ere. Berdinen arteko ikaskuntza eta garapen profesionala jardun-protokoloen eta lan-prozesuen parte izango dira.

d) Langile guztiei emakumeen eta gizonen berdintasunari eta genero-ikuspegiari buruzko oinarrizko prestakuntza mailakatu eta iraunkorra bermatzeko ekintzak.

25. artikulua.– BiziLaben ebaluazioa.

1.– BiziLabek UKPa prestatzean, jarraipen eta ebaluazio-sistema bat ezarriko du proposatutako helburuen betetze-maila eta jardueren emaitzen balorazioa zehazteko. BiziLaben jardueretan kontuan hartuko dira emaitzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazleak.

2.– Barne-ebaluazioko sistemez gain, BiziLab, kanpoko ebaluazio- eta aintzatespen-prozesuen mende egongo da.

3.– BiziLaben jarraipen eta ebaluazio-sistemak zerbitzuaren urteko ebaluazio kualitatiboa izango du, ikastetxeen eta artatutako familien iritzien, esperientzien eta balorazioen bilketa egituratuan oinarrituta.

Ebaluazio horren emaitzak BiziLabeko zuzendaritza-taldeak aztertuko ditu, eta indarguneak identifikatzeko, hobekuntza-esparruak hautemateko eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren ekintza zuzentzaileak ezartzeko erabiliko dira.

XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA.– Soldata-osagarriak.

Lanpostu horiek lortzen dituzten funtzionarioek jatorrizko kidegoari dagozkion lanpostu-mailako osagarriari eta berariazko osagarriari eutsiko diete. Era berean, berariazko osagarri gehigarria jasoko dute bere lanpostuagatik.

(Ikusi .PDF Fitxategia)
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zenbait arauren indarraldia.

Dekretu honek geroko erregelamendu bidezko garapenera igortzen dituen gaietan, eta hura garatzen duten xedapenak eman arte, indarrean dauden erregelamendu-arauak aplikatuko dira hezkuntza-sistemari laguntzeko zerbitzuen antolaketari, funtzionamenduari, lanpostuen hornikuntzari, prestakuntzari, ebaluazioari, kudeaketa ekonomikoari eta barne-araubideari dagokienez, dekretu honetan xedatutakoaren aurka ez doan guztian.

Nolanahi ere, aplikazio iragankor horrek ez dio kalterik egingo xedapen indargabetzailean ezarritakoari.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Langileen egoera iragankorra, lanpostuak behin betiko bete arte.

Dekretu honen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera deitutako hornidura-prozeduren bidez betetako BiziLabeko lanpostuaz jabetu arte, gaur egun Zonako Berritzeguneetan eta Berritzegune Nagusian eginkizunak betetzen dituzten langileek eginkizun horiek betetzen jarraituko dute, eta egungo administrazio-egoerari eutsiko diote.

Jarraitutasun hori erabat iragankorra izango da, eta ez du inolako eskubiderik sortuko lanpostuak behin betiko betetzeari dagokionez.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen dira honako agindu hauek:

a) 40/2009 Dekretua, otsailaren 17koa, Berritzeguneen egitura, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duena.

b) 41/2009 Dekretua, otsailaren 17koa, Berritzeguneetako lanpostuen zerrenda onartzen duena.

c) 42/2009 Dekretua, otsailaren 17koa, Berritzeguneetako lanpostuen zerrendako aldaketek zer langileri eragingo dien zehazteko irizpideak ezartzen dituena, eta Berritzeguneetan berriz atxikitzeko prozesua arautzen duena.

Halaber, indargabetu egiten da dekretu honetan xedatutakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko xedapen oro.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Zonako Berritzeguneei eta Berritzegune Nagusiari buruzko arau-erreferentziak.

Indarrean dagoen araudiak Zonako Berritzeguneei eta Berritzagune Nagusiari egiten dizkien aipamen guztiak, BiziLabi esleitutako funtzioei buruzkoak, ikastetxe horri egindakotzat hartuko dira.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Hezkuntza sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretua aldatzea.

Aldatu egiten dira Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuaren arau hauek:

Bat.– 2. artikulua aldatzea. Egitura orokorra.

Aldatu egiten da 2. artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«3.– Organo hauek ere Hezkuntza Sailari atxikita egongo dira, sorrera-arauetan zehaztutakoaren arabera:

3.1.– Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 90. artikuluan xedatutakoaren arabera sortua.

3.2.– Euskadiko Eskola Kontseilua.

3.3.– Musika Irakaskuntzen Aholku Batzordea.

3.4.– Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua.

3.5.– Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua (iTlent).

3.6.– Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 83. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.7.– Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI-IVEI), desagertzear dagoena.

3.8.– Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (Tknika).

3.9.– Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena.

3.10.– Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa, HeziLab.

3.11.– Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa.

3.12.– Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua (EIEI).»

Bi.– 13. artikulua aldatzea. Hezkuntza Politiketako Sailburuordetza.

Kendu egiten da 13. artikuluaren 2.atala, eta, horren ordez, honako hau gehitzen da:

«2.– Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzari dagokio:

a) HeziLab Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroko eta BiziLab Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroko lanpostuak betetzeko Balorazio Batzorde Iraunkorra atxikitzea, bai eta haren kideak izendatzea ere.

b) Hezilab eta Bizilab sortzeko dekretuaren 7. artikuluan aurreikusitako Plan Estrategikoa onartzea.

c) HeziLab Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroko zuzendaria izendatzea, ikaskuntzaren eta berrikuntzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak proposatuta.

d) BiziLab Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroko zuzendaria izendatzea, aniztasunaren eta inklusioaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak proposatuta.»

Hiru.– 14. artikulua aldatzea. Ikaskuntza eta Berrikuntza zuzendaritza.

3.atala gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.– Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa, HeziLab, Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari atxikita geratzen da organikoki eta funtzionalki, bere arauan zehazten diren funtzioak garatzeko.

Ikaskuntza eta Berrikuntzako zuzendariari dagokio HeziLab Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroko esparruetako arduradunak izendatzea, HeziLabeko zuzendaritzak proposatuta.»

Lau.– 15. artikulua aldatzea. Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritza.

3. atala gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.– Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa, BiziLab, Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzari atxikita geratzen da organikoki eta funtzionalki, bere arauan zehazten diren funtzioak garatzeko.

Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendariari dagokio BiziLab Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroko esparruetako arduradunak izendatzea, BiziLabeko zuzendaritzak proposatuta.»

Bost.– 22. artikulua aldatzea. Lurralde ordezkaritzak.

Ezabatu egiten da 2.atala.

Sei.– Azaroaren 19ko 381/2014 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarria aldatzea.

Bigarren xedapen gehigarria honela geratzen da idatzita:

«BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kontratu txikiak.

Beren eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren kontratuetan, funtzionamendu-gastuei badagozkie, kudeaketa zentralizatukoak ez badira, beste organo batzuen eskumenekoak ez badira, edo eskumena duen fakultatiboak egindako proiektu teknikoa behar duten obrak ez badira, eta indarreko legerian txikitzat tipifikatuta badaude, kontratazio-organotzat hartuko dira, eta haiei lotutako gastua baimentzeko eta onartzeko eskumena izango dute, hurrenez hurren, honako organo, organismo, institutu eta kontseilu hauen ordezkariak diren pertsonek:

– Lurralde-ordezkaritzak.

– Ikastetxeen ekonomia eta finantza-kudeaketaren araudian aurreikusitakoak.

– Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (Tknika).

– Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua (iTlent).

– Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua (EIEI).

– Euskadiko Eskola Kontseilua.

– Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI).

– Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua.

– Hezkuntza-sistemari laguntzeko zerbitzuak (Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa, HeziLab, eta Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa) eta sailaren mendeko beste erakunde batzuk, funts aurreratuak kudeatzeko baimena dutenak.»

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ospitaleko eta etxeko hezkuntza-arretarako eta arreta terapeutiko-hezigarrirako lurralde-zentroak.

Beronen bidez aldatzen da Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroak sortzen dituen abenduaren 26ko 266/2006 Dekretuaren 5. artikulua; eta honela idatzita geratzen da:

«5. artikulua.– Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroak, organikoki, dagokien Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzaren mende egongo dira, eta, funtzionalki, Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroaren, BiziLaben, mende, hargatik eragotzi gabe Hezkuntzako Ikuskaritzari dagozkion gainbegiratze-eginkizunak.»

AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA.– Ikusmen-desgaitasuna duten ikasleen hezkuntza-inklusiorako baliabide-zentroak.

Beronen bidez aldatzen da Ikusteko Urritasuna duten Ikasleak Hezkuntzan barne hartzeko Baliabidetegiak sortzen dituen martxoaren 1eko 40/2005 Dekretuaren 6. artikulua; eta honela idatzita geratzen da:

«6. artikulua.– Ikusmen-desgaitasuna duten ikasleen hezkuntza-inklusiorako baliabide-zentroak, organikoki, dagokien Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzaren mende egongo dira, eta, funtzionalki, Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroaren, BiziLaben, mende, hargatik eragotzi gabe Hezkuntzako Ikuskaritzari dagozkion gainbegiratze-eginkizunak.»

AZKEN XEDAPENETAKO BOSGARRENA.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren langile lan-kontratudunen lanpostu zerrenda.

1.– Uztailaren 4ko 186/2017 Dekretuan jasotako lanpostuen zerrenda eta haren ondorengo aldaketak aldatzen ditu (186/2017 Dekretua, uztailaren 4koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei laguntzeko irakasle ez diren lan-kontratudun langileen lanpostuen zerrenda onartzen duena; 2017-07-11ko EHAA, 131. zk.), eta honela geratzen da idatzita.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Eraginpeko langileen lan-harremanek ezabatutako erakundearekin zituzten izaera juridiko eta baldintza berei eutsiko diete.

2.– Hezkuntza-laguntzako espezialistak eta zeinu-mintzairaren interpreteak Hezkuntza Saileko ikastetxe publiko bati atxikita geratuko dira. Transkribatzaile edo material-egokitzaileak IBTetara, eta gizarte-langileak Hezkuntza Ordezkaritzetara.

Langile horien lan-harremanek ezabatutako erakundearekin zituzten izaera juridiko eta baldintza berei eutsiko diete.

3.– Hezkuntza Saileko lan-legepeko irakasle eta hezitzaileen hitzarmen kolektiboan (2025-11-06ko EHAA, 214. zk.), esleitutako eginkizunei buruz Berritzeguneei egindako aipamen oro BiziLabi egindakotzat hartuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO SEIGARRENA.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko otsailaren 24an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOŃA PEDROSA LOBATO.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala