Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2026ko martxoaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

HEZKUNTZA SAILA
1050

19/2026 DEKRETUA, otsailaren 24koa, Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa, HeziLab, sortu eta haren lanpostuen zerrenda onartzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoen Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 21eko 4/2023 Legegintzako Dekretuak arau-esparru propioa ezartzen dute. Arau-esparru horri esker, hezkuntzari laguntzeko zerbitzuak izango dituen euskal eskola bat eratu ahal izango da, ikastetxeekin lankidetzan arituta aukera ematen duena hezkuntzari laguntzeko zerbitzuak dituen euskal eskola bat eratzeko, ikastetxeekin lankidetzan aritzeko, hezkuntza-prozesuak hobetze aldera. Ildo horretan, 17/2023 Legeak 88. artikuluan hitzez hitz dioenarekin bat etorriz, honako hau xedatzen da: «Hezkuntzari laguntzeko zerbitzuen oinarrizko egiturak eta funtzionamendua Eusko Jaurlaritzaren erregelamendu bidezko garapenaren bidez arautuko dira», Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legean ezarritakoari jarraikiz.

Otsailaren 6ko 15/2001 Dekretuaren bidez, Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroak (Berritzeguneak) sortu ziren, hezkuntzari laguntzeko zerbitzu gisa.

Ondoren, otsailaren 17ko 40/2009 Dekretuaren bidez, Berritzeguneen egitura, antolaketa eta funtzionamendua arautu zen, horrela, Berritzeguneek beren gain hartu zuten curriculum-arloen eta Hezkuntza Sailburuordetzaren lehentasunezko jarduketa-eremuen lidergoa.

Bestalde, egungo Ingurugela Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegi gisa sortu ziren irailaren 19ko 207/1989 Dekretuaren bidez. Dekretu horretan jasotzen denaren arabera, IIHII ikastetxeak ingurumen-esparruan eskumena duen sailaren mende daude organikoki, baina haien programazioa eta jarduera-ildoak batera aztertu eta zehaztuko dituzte hezkuntza-esparruan eskumena duen sailarekin.

Ingurumenaren esparruko jarduera-ildoak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuaren 1998ko ekainaren 22ko Aginduaren bidez arautu ziren, eta unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sisteman ingurumen-hezkuntzaren garapena 1996ko ekainaren 26ko Aginduaren bidez arautu ondoren, Ingurumen Hezkuntzako Programa onartu zen.

Otsailaren 13ko 28/2001 Dekretuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegietako (IIHII) lanpostuen zerrenda onartu zuen.

Azkenik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eta Lurralde eta Ingurumen sailburuaren 2005eko martxoaren 16ko Aginduaren bidez, «Ingurugela» izena onartu zen Ingurugiroarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegietarako (IIHII).

Harrezkero, aldaketa sozial eta ekonomikoek beharrizan eta sentsibilitate berriak sortu dituzte, eta erantzun egokia eta hezkuntza-esparruan ere modu pertsonalizatuan jardutea eskatzen dute. Hori dela eta, beharrezkoa da euskal hezkuntza-sistemari ematen zaion laguntza berrikustea, irakaskuntzaren kalitatea, aukera-berdintasuna eta hezkuntza-sistemaren eraginkortasuna hobetuko duen eskola lortzeko. Aldaketa horiek aurre egin beharreko errealitate berrien, eta hezkuntza-erronkei erantzuteko eszenatoki eta tresna egokiak diseinatzeko beharraren aurrean jartzen gaituzte: ikastetxeetako soziologia aldatu duten migrazio-fluxuak; kulturartekotasuna eta aniztasuna gure ikastetxeetan; familien eskaera berriak; ikasleak eta konpetentzien garapena erdigunean jartzen duen irakaskuntza; erronka demografikoa, eta ingurunea gero eta teknologikoagoa izateak dakartzan mehatxuak eta aukerak.

Gai horiek kontuan hartuta, 2015ean, Nazio Batuek Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda onartu zuten. Bertan, plan bat ezarri zen, 15 urtetan 17 Helburu (GJH) lortzeko pertsonentzat zein planetarentzat, pobreziari amaiera emateko, planeta babesteko eta mundu guztiko pertsonen bizitzak eta ikuspegiak hobetzeko. Garapen Jasangarrirako Helburuen artean, laugarren helburuak Kalitatezko Hezkuntza bultzatzeko hainbat xede biltzen ditu, eta horien artean dago ikasle guztiek garapen jasangarria sustatzeko beharrezko ezagutza teoriko eta praktikoak eskuratzen dituztela bermatzea, esaterako, garapen jasangarrirako hezkuntzaren eta bizimodu iraunkorraren bidez.

Horregatik guztiagatik, Administrazioak eta ikastetxeek rol berriak birpentsatu behar dituzte, azken horiei protagonismo handiagoa emateko eta bien arteko erantzukidetasun-akordioak sustatzeko.

Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuan islatu da ikaskuntza, berrikuntza, aniztasunari erantzuteko eta hezkuntza-inklusiorako politikei modu espezifikoagoan heltzeko eta birbideratzeko premia hori, baita eragindako zuzendaritzen funtzioak birdefinituz egindako antolamendu-egokitzapena ere, gizarteak eskatzen dizkigun premiei hezkuntza-erantzun egokia emateko.

Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legeak, 88 eta 89. artikuluetan, laguntzako hezkuntza-zerbitzuen ezaugarri orokorrak jasotzen ditu, eta hezkuntza-sistemaren berezko tresna gisa definitzen ditu. Hezkuntza-zerbitzu horien helburu nagusia da prestakuntza, aholkularitza eta irakaskuntzari eta ikastetxeen lidergoari laguntzea, baita hezkuntza-ikerketa eta berrikuntza ere, hezkuntzaren kalitatea aldatzen eta hobetzen laguntzeko.

Era berean, xedatzen du hezkuntza-zerbitzu lagungarri horien eginkizun nagusia ikaskuntza indartzea eta digitalizazio etiko eta arduratsua garatzea dela, eta horretarako, kudeaketa-eredu aurreratuei buruzko ezagutza transferitzeko eginkizuna hartzen dute beren gain. Eredu horiek hezkuntzaren etapa guztietako hezkuntza-antolamendu, metodologia, tresna, pertsona eta taldeetan proiektatzen dira, eta ikastetxe guztien beharretara eta errealitateetara egokituz, beren jardueran, eskura dituzten baliabideen arabera, lehentasuna emanez funts publikoekin finantzatutako ikastetxeei.

Azkenik, xedatzen du hezkuntza-zerbitzu lagungarrien oinarrizko egiturak eta funtzionamendua hezkuntza-esparruan eskumena duen sailaren erregelamendu-garapenaren bidez arautuko direla.

Bien bitartean, Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 30eko 75/2023, 76/2023 eta 77/2023 Dekretuak onartu ditu. Dekretu horien bitartez, Haur Hezkuntza, Batxilergo eta Oinarrizko Hezkuntzako curriculumak ezartzen dira, hurrenez hurren, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen dira, euskal hezkuntza-sistemak lortutako hezkuntza-mailak hobetzeko eta XXI. mendeko erronka handiei erantzun behar dieten hezkuntza-helburuak bultzatzeko. Hori guztia, 2030erako Garapen Jasangarriaren (UNESCO) helburu nagusiekin bat datorrela, eta nabarmenduz 4. helburua, «Kalitatezko hezkuntza inklusibo eta ekitatiboa bermatzea eta guztiontzako etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatzea», eta Europar Batasuneko Kontseiluaren gomendioa (2018) etengabeko ikaskuntzarako funtsezko gaitasunei buruzkoa.

2030erako Hezkuntzako Ekintza Esparruak («Kalitatezko hezkuntza inklusibo eta ekitatibo baterantz eta guztiontzako bizialdi osoko ikaskuntzarantz»), Unescoko 184 kidek Parisen onartutakoak, hezkuntzaren ikuspegia pertsonen bizitzak eraldatzeko bitartekoa dela nabarmentzen du. Zehazkiago, kalitatezko hezkuntza inklusiboa eta ekitatiboa bermatzea eta guztiontzako etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatzea proposatzen du. Konpromisoak barne hartzen du genero-berdintasunaren garrantzia eta bizitza osoan ikasteko aukera eta emaitza onenak sustatuko dituen kalitatezko hezkuntzaren beharra onartzea, testuinguru guztietan eta hezkuntza-maila guztietan.

Aurretik azaldutako guztiarekin bat etorriz, Euskadi Basque Country 2030 Agendak, Eusko Jaurlaritzarentzat ezinbesteko erreferentzia-tresnak, 4. helburua definitzen du: «Kalitatezko hezkuntza inklusibo eta ekitatiboa bermatzea, eta pertsona guztientzako etengabeko ikaskuntzarako aukerak sustatzea», eta honako xede hauek jasotzen ditu, besteak beste: kalitatezko eskola inklusiboa, ekitatiboa eta berritzailea sustatzea, bikaintasunerantz aurrera egiten duena eta berdintasuna bermatzen duena hezkuntzarako sarbidean; oreka, gizarte-kohesio, kulturartekotasun eta bizikidetza handiagoa lortzea gure ikastetxeetan; bizikidetzaren eta giza eskubideen esparruko hezkuntza sustatzea (indarkeriarik eza, aniztasuna eta elkartasuna), eta eleaniztasuna bultzatzea eskolan, eta irakaskuntza prozesuen digitalizazio etikoa eta arduratsua sustatzea, hezkuntza-komunitate osoa digitalki ahaldunduz eta irakaskuntza-metodologien euskarri izango diren material digitalen prestakuntza barnebilduz.

Xede horiek, beraz, hezkuntza-esparruan eskumena duen sailaren ildo estrategiko bihurtu dira, eta, beraz, baita haren laguntza-zerbitzu eta ikastetxeena ere.

Gainera, gure herrian berezitasun linguistikoa dugu, eta hezkuntza-esparru eleaniztun eta kulturartekoaren alde egiteko erronka, euskara ardatz hartuta. Beharrezkoa da euskarak hezkuntza-sistemaren erreferentziazko hizkuntza gisa duen eginkizuna indartzea eta ikasleek, irakasleek eta hezkuntza-komunitate osoak aktiboki erabil dezaten bultzatzea, baita ikasleei eleaniztasunerako eta kulturarteko gaitasuna ematea ere, derrigorrezko hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B2 maila lortzea bi hizkuntza ofizialetan, hizkuntza bat edo bi gehiago jakitea eta gizarte eleaniztun eta kulturaniztun batean elkarbizitzarako gaitasuna ahalbidetzea.

Horregatik guztiagatik, egungo eta datozen hamarkadetako erronkei erantzuteko, gobernantza-eredu berriak sustatu behar ditugu gure hezkuntza-sisteman: eredu deszentralizatuago bat, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartze aktiboa sustatuko duena, hezkuntza eta komunitate-proiektuak bultzatuko dituena, hezkuntza formaleko eta ez-formaleko eskola-erakunde berriak eratuko dituena, ikasle guztien ikaskuntza sustatuko duena eta subjektu hori bere ikaskuntzaren aktibo bihurtuko duena.

Gaur egun dauden laguntza-zerbitzuak ere hezkuntza-erronka berrietara egokitu behar dira, ekitatea eta aniztasunarekiko arreta eta hezkuntza-inklusioa zainduz. Beraz, puntu honetan eguneratu egin behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 88. artikuluan definitutako hezkuntza-sistemari laguntzeko oinarrizko egiturak.

Dekretu honek lau kapitulu ditu, guztira hogeita eta sei artikulu, bi xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.

Ondorioz, Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, aurreikusitako izapideak egin ondoren, Euskadiko Eskola Kontseiluari entzunda eta Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko otsailaren 24an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Sorrera eta izaera.

1.– Dekretu honen xedea da Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa, HeziLab (aurrerantzean, HeziLab), sortzea, hezkuntzari laguntzeko zerbitzu gisa, eta haren lanpostuen zerrenda onartzea.

2.– HeziLabek, Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroarekin, BiziLabekin (aurrerantzean, BiziLab), elkarrekintzan jardungo du, elkarlanerako eta zerbitzu partekatuetarako eredu baten bidez, eta bere gain hartuko ditu Zonako Berritzeguneen berrikuntzarekin lotutako funtzioak, baita Berritzegune Nagusiaren eta «Ingurugelaren» funtzioak ere.

3.– HeziLab hezkuntzaren esparruan eskumena duen saileko ikaskuntzaren eta berrikuntzaren arloko zuzendaritza eskudunari atxikita geratzen da organikoki eta funtzionalki, dekretu honetan zehazten diren funtzioak garatzean.

2. artikulua.– Jarduera-eremua.

HeziLaben jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko funts publikoekin sostengatuta dauden ikastetxe guztietara hedatzen da, lanbide-heziketako ikastetxeak izan ezik.

3. artikulua.– Jarduteko printzipioak.

HeziLaben, dekretu honen bidez sortu denak, erantzuna ikastetxeetara eta profesionaletara bideratu behar duten jarduera-printzipioak honako hauek dira:

a) Euskal hezkuntza sistema eraldatzeko tresna izatea.

b) Erantzun egokiak, arinak eta eraginkorrak ematea ikastetxeetako ikasle eta irakasleen premia aldakor eta berehalakoei, eraldaketa teknologikoaren eta gizarte-eraldaketen ondorioz, baita ingurumen- eta epidemiologia-erronken ondorioz ere.

c) Ikastetxeak antolatzeko eta kudeatzeko barne-egitura sendotzen laguntzea.

d) Erronka berriak aurrerapenez, malgutasunez, moldagarritasunez, erresilientziaz eta eraginkortasunez onartzea, etengabeko berrikuntzaren bidez eta hezkuntza-bikaintasuna lortzeko helburuarekin.

e) Digitalizazioa eta eraldaketa teknologikoa, ikastetxeen, ikasleen eta irakasleen erronketara eta larrialdi klimatikoaren testuingurutik eratorritakoetara etengabe egokitzeko.

f) Hezkuntza-esparruan esperientzia erkatu arrakastatsuen sentsore edo detektatzaile gisa jardutea, euskal hezkuntza-sistemako zentroetan nazioartekotzea sustatzeko.

g) Ikaskuntza-metodologia berriak etengabe garatzea, alderatutako eredu aurreratuenak eta inklusiboenak kontuan hartuta.

h) Ikastetxeetan esperientzia pilotuak bultzatzea eta esperientzia horiek aztertu eta ebaluatzea, euskal hezkuntza-sistema osora zabaldu aurretik.

i) Euskal hezkuntza-sistemak, oro har, eskola ekitatibo eta bikaina berma dezan sustatzea, babestea eta lantzea, inklusioak, aukera-berdintasunak, hezkidetzak, diskriminaziorik ezak eta genero ikuspegiak gida ditzaten hezkuntza-komunitatearen jarduera guztiak.

j) Ikastetxeek eskola-komunitate kolaboratiboak sortzeko egiten duten ahalegina babestea, inklusio-esparruan ikasle guztien parte-hartzea, ikaskuntza eta arrakasta sustatzeko.

k) Irakasleei aholku ematea ikasle guztiek ahalik eta lorpen-mailarik handiena lor dezaten funtsezko gaitasunetan eta gaitasun espezifikoetan, beren proiektu pertsonalen garapena arriskuan jar dezaketen ikaskuntza-oztopoak eta parte-hartzea ezabatuz.

l) Ikasle guztiei zuzendutako berrikuntza-proiektuen garapena bultzatzea, erabilitako ikuspegiek eta metodologiek bermatu dezaten aniztasunari beti erantzun inklusiboa ematea.

m) Hezkuntza-testuinguru eleaniztunean euskara berezko hizkuntza gisa indartzea eta babestea, ingurune bakoitzeko errealitate soziolinguistikoa eta euskal kulturaren garapena kontuan hartuta, eta, aldi berean, hezkuntza-ingurunearen eta ingurune globalaren aberastasun kulturaniztunarekiko errespetuaren eta estimuaren balioak lantzea.

n) Hezkidetza-eskola garatzen laguntzea, genero-ikuspegia eta aniztasun afektibo-sexualarekiko errespetua barne hartuko dituena, indarkeria matxista prebenitzen lagunduko duen planteamendu integral batetik abiatuta.

o) Informazioaren tratamenduan datu pertsonalen babes egokia bermatzea, indarrean dagoen legeriaren arabera.

p) Lankidetza sustatzea ISEI-IVEIrekin (Irakas-sistema ebaluatu eta ikertzeko erakundea) eta Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuarekin.

4. artikulua.– Helburuak eta eginkizunak.

1.– HeziLaben azken helburua ikasleen garapen integrala bermatzea da, haien konpetentzia-garapena kontuan hartuta, eta honako helburu hauek izango ditu:

a) Hezkuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren eremuan metodologia-hobekuntzak eta ikerketa bultzatzea.

b) Irakasleei hainbat metodologia eta teknologiari buruzko prestakuntza eta aholkularitza ematea.

c) Irakaskuntza-/ikaskuntza-prozesua hobetuko duten ingurune berri presentzial eta digitaletan aurrera egitea.

d) Euskal eskola publikorako plan estrategikoaren garapenean laguntzea.

2.– Helburu horiek lortzeko, eginkizun hauek izango ditu:

a) Berrikuntza-prozesuak bultzatzea, irakaskuntza-praktikek hezkuntza-erronka berriei erantzun diezaieten, ikasleen banakako premiei erantzunez.

b) Berrikuntza teknologikoari eta irakaskuntzari aplikatutako teknologia berriei buruzko prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea eta ematea, ikuspegi pedagogiko berritzailearekin, gizarteak planteatutako erronkei erantzuteko.

c) Ikastetxeen kudeaketan eta antolaketan berrikuntza-prozesuak bultzatzea, lidergo pedagogiko, dinamiko eta parte-hartzailea sustatzeko, lankidetzan, pertsonenganako konfiantzan, autonomian eta taldeak kudeatzeko gaitasunean oinarrituta.

d) Berrikuntza-proiektuak eta ezagutza aplikatuaren transferentzia bultzatzea eta koordinatzea irakasleen, zuzendaritzen, ikastetxeen eta hezkuntza-komunitatean parte hartzen duten eragile guztien artean, baita ikastetxeen ingurunean ere, hezkuntza-prozesuak eta emaitzak hobetzeko.

e) HeziLaben izaerari eta helburuei erantzungo dieten programei eta proiektuei ekitea, EAEko beste organo batzuekin lankidetzan, hezkuntzaren eta unibertsitateen eremuan.

f) HeziLaben izaerari eta helburuei erantzuten dieten proiektuetan lankidetzan aritzea Estatuko, Europako eta nazioarteko beste erakunde batzuekin, Euskadiko hezkuntzari munduko erreferentziazko hezkuntza-sistemetan kokatzen laguntzeko, hezkuntza-bikaintasuneranzko etengabeko orientazioari erantzuteko.

g) Kultura eta hizkuntza propioaren alderdi bereziak errespetatuko dituen prestakuntza bultzatzea, globaltasunari eta kultura-aniztasunari irekia.

h) Prestakuntza-proiektuak garatzea eredu metodologiko berriekin, sortzen ari diren premiei aurrea hartuta, eta printzipio etikoetan, inklusiboetan eta kalitatezkoetan oinarritutako prestakuntza bultzatzea, pertsonengan zentratua, haien ongizate emozionalagatik eta ongizate emozionalerako, eta garapen profesionalerako.

i) Berrikuntza teknologikoarekin, metodologikoarekin eta kudeaketarekin lotutako gaiei buruzko prestakuntza kudeatzea.

j) Dekretu honen 2. artikuluan adierazitako ikastetxeetan, ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren alorrean eskumena duen zuzendaritzako arduradunak agintzen dizkion eginkizun guztiak betetzea.

5. artikulua.– Kokalekuak.

1.– HeziLabek kokaleku nagusi bat izango du Bilbon, beste kokaleku bat Donostian eta beste bat Vitoria-Gasteizen.

2.– HeziLabeko laguntzaileek BiziLabi erregelamenduz esleitzen zaizkion kokalekuak erabili ahal izango dituzte beren jarduerak garatzeko, uneko proiektuen beharren arabera.

II. KAPITULUA
ANTOLAKETA-EGITURA ETA FUNTZIONAMENDUA

6. artikulua.– Kudeaketa-sistematika.

1.– Azaldutako helburuak lortzeko, HeziLabek prozesuen araberako kudeaketa-sistema bat izango du, etengabeko hobekuntzan eta berrikuntzan oinarritua.

2.– HeziLabek Urteko Kudeaketa Plan bat izango du (aurrerantzean, UKP), ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren esparruan eskumena duen zuzendaritzako arduradunak onartua.

3.– UKP hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzaren Plan Estrategikoa betetzea garatzen duen dokumentua da.

4.– UKPk, gutxienez, honako alderdi hauek jasoko ditu:

a) HeziLabi esleitutako jarduketa-printzipioak betetzeko, planaren erreferentziako aldian garatzen diren helburuak.

b) Planifikatutako helburuak lortzeko ekintzak.

c) Kronograma eta ekintzen plangintza, horien aurrerapena gainbegiratzeko.

d) HeziLaben Prestakuntza, Komunikazio eta Digitalizazio Plana.

e) Helburuen betetze-mailaren jarraipena egiteko funtsezko adierazleak.

f) HeziLabeko Gastuen Urteko Aurrekontua.

g) Urteko Kudeaketa Planak atal espezifiko bat izango du zerbitzuaren ebaluazio kualitatiboari buruz, eta bertan zehaztuko dira ikastetxeen balorazioak jasotzeko estrategiak, bai eta emaitzen azterketatik abiatuta aurreikusitako hobekuntza-neurriak ere.

5.– HeziLaben jarduera prozesu edota proiektuetan oinarrituko da, zentroaren jarduera deskribatzen eta dokumentatzen duten elementu gisa, eta proiektu jakin bat garatzen den bitartean balioa gehitzen duten jarduera-sekuentzia gisa definitzen dira.

7. artikulua.– Antolaketa-egitura.

1.– HeziLabek, dagozkion funtzioak betetzeko, egiturazko lanpostu hauek izango ditu, eta dagokion lanpostuen zerrendan antolatuko dira:

a) Zuzendaritza.

b) Esparruko arduradunak.

c) Aholkularitza espezializatuak.

2.– HeziLab jardun-esparru hauetan egituratzen da funtzionalki:

a) Digitalizazioaren eta berrikuntza teknopedagogikoaren esparrua.

b) Lidergo pedagogikoaren eta hezkuntza-eraldaketaren esparrua.

c) Irakaskuntza-gaitasunen eta curriculum-garapenaren esparrua.

d) Metodologien eta ikaskuntza-inguruneen esparrua.

e) Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzako berrikuntza-esparrua.

f) Nazioartekotze esparrua.

g) Euskara, eleaniztasuna eta kultura-aniztasuna esparrua.

h) Kudeaketa operatiboaren esparrua.

3.– Esparru bakoitzak arduradun bat eta lantaldeetan antolatutako aholkularitza espezializatuak izango ditu.

4.– Era berean, HeziLabek, zerbitzu-eginkizunetarako deialdia egin ahal izango du, lanpostu bati berariaz esleitu gabeko proiektuak abian jartzeko eta eginkizun bereziak betetzeko. Deialdi hauen bidez hautatutako langileak laguntzaileak izango dira zailtasun bereziko edo kualifikazio berezia behar duten proiektu zehatzak egiteko, baldin eta proiektu horiek lotuta badaude unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzaren ildo estrategikoekin, erregelamendu bidez ezarritako baldintzetan. Dagozkion deialdietan, egin beharreko zereginak eta eskatzen diren berariazko eta lanbide-gaitasuneko baldintzak jasoko dira. Zerbitzu-eginkizun horiek berritu ahal izango dira, egindako lanaren aldeko txostena egin ondoren, Euskal Enplegu Publikoaren abenduaren 1eko 11/2022 Legean ezarritakoaren arabera.

5.– Era berean, HeziLabek lankidetza-mekanismoak antolatu ahal izango ditu ikastetxe publikoetako irakasleekin edo zuzendariekin, zerbitzu-eginkizunen beharrik gabe, laguntza-, jarraipen-, babes- eta ezagutza-transferentziako funtzioak betetzeko edo ikastetxearen helburuei eta funtzioei lotutako ekimenak garatzeko.

Lankidetza horiek parte-hartzaileen lanpostutik bertatik garatuko dira, erregelamendu bidez zehazten diren prozedura, baldintza eta irizpideen arabera, eta ez dute haien administrazio-egoera edo lan-baldintzak aldatuko, hargatik eragotzi gabe, hala badagokio, ezar daitekeen aintzatespen funtzionala.

Lankidetza horien eginkizunek, jardun-eremuek eta baldintzek bat etorri beharko dute unibertsitatez kanpoko hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzaren ildo estrategikoekin eta HeziLaben helburuekin.

8. artikulua.– Zuzendaria.

1.– HeziLabeko zuzendariak (aurrerantzean, zentroko zuzendaritza) zentroaren funtzionamenduaren ardura gorena hartuko du bere gain, baita Urteko Kudeaketa Planean ezarritako helburuak lortzeko konpromisoa ere.

2.– Zuzendari-lanpostua Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasle-kidego hauetako bateko karrerako funtzionario batek beteko du:

– Maisu-maistren Kidegoa.

– Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoa.

– Hezkuntzako Ikuskatzaileen Kidegoa.

3.– HeziLabeko zuzendaria unibertsitatez kanpoko hezkuntzan eskumena duen sailburuordetzako titularrak izendatuko du, ikaskuntza eta berrikuntza esparruan eskumena duen zuzendariak proposatuta, izendapen askeko prozeduren bidez, lanpostuen berezko zuzendaritza-funtzioak, koordinazio estrategikoa eta erantzukizun berezia kontuan hartuta, eta, kasu guztietan, jardun-eremuaren eta ikuspegi estrategikoaren ibilbidea, esperientzia eta ezagutza espezifikoa balioetsiz, gaitasun profesional handia eta konfiantza berezia eskatzen baitute, betiere talde tekniko sendoak, kohesionatuak eta osagarriak bermatzeko helburuarekin.

4.– HeziLabeko zuzendaritzak eginkizun hauek izango ditu:

a) HeziLaben antolaketa, funtzionamendu eta betearazpen-alderdiak kudeatzea.

b) Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren esparruan eskumena duen zuzendaritzari gastuen urteko aurrekontua proposatzea, gastuak onartzea eta ordainketak ziurtatzea.

c) Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren esparruan eskumena duen zuzendaritzari kudeaketa-kontuak bidaltzea, bateratzeko eta aurrekontu-ekitaldia ixteko eta likidatzeko kontabilitate-baldintzak modu zentralizatuan betetzeko, ekonomia- eta ogasun-eskumena duen sailak urtero ezartzen dituen arauen arabera.

d) Urteko Kudeaketa Planaren zirriborroa egitea, HeziLabeko esparruetako arduradunekin lankidetzan, ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren esparruan eskumena duen zuzendaritzak ezarritako irizpideen arabera, azken honek onartu dezan.

e) Urteko Kudeaketa Plana ebaluatzea HeziLabeko esparruetako arduradunekin lankidetzan, eta ebaluazio-txostena aurkeztea ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren esparruan eskumena duen zuzendaritzari, onar dezan.

f) HeziLabi atxikitako langileen buru izatea eta indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzea.

g) HeziLabeko esparruen lanak gainbegiratzea eta koordinatzea.

h) HeziLabek gauzatutako ekintzei buruzko txostenak aurkeztea ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren esparruan eskumena duen zuzendaritzan.

i) HeziLaben Urteko Kudeaketa Planaren betearazpenari buruzko nahitaezko txostenak egitea.

j) HeziLaben ordezkari nagusi gisa jardutea izaera bereko beste erakunde batzuekiko harremanetan eta trukeetan, bai Estatukoekin, bai Europar Batasunekoekin, bai mundukoekin, metodologiak, proiektuak, esperientziak eta sistematika operatiboak kontrastatu, transmititu eta hobetzeko.

k) BiziLabekin eta Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutuarekin elkarrekintza eta lankidetza-harremana sustatzea, bakoitzaren helburuak lortzeko.

l) Zaintza teknologikoa egitea, kanpoko zein HeziLabeko informazioa jasotzeko, berrikuntzan, inklusioan eta hezkuntza-teknologian egindako aurrerapenei buruz.

m) HeziLaben euskara zerbitzu eta lan-hizkuntza izan dadin zaintzea, interesa duen orok bi hizkuntza ofizialen artean aukeratzeko eskubidea erabil dezan erakundearekin dituen harremanetan.

n) Indarrean dagoen Hizkuntza Normalizatzeko Planaren helburuak definitzea, helburu horiek lortzeko ekimenak garatuz eta ebaluatuz, HeziLab osatzen duten esparru bakoitzeko arduradunekin lankidetzan.

o) Hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak eta kudeaketa-planak onartzea eta ebaluatzea.

p) Ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren esparruan eskumena duen zuzendaritzako titularrak eskatzen dizkion gainerako ekintzak egitea.

9. artikulua.– Esparruko arduraduna.

1.– HeziLabeko esparruen ardura duten pertsonek beren gain hartuko dute beren esparruaren funtzionamenduaren erantzukizun gorena, baita Urteko Kudeaketa Planean ezarritako helburuak lortzeko konpromisoa ere, beren esparruaren jardun-eremuari dagokionez.

2.– Esparruko arduradunaren lanpostua Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleen kidego bateko karrerako funtzionario batek beteko du.

3.– Esparruko arduraduna HeziLabeko zuzendaritzaren mende egongo da zuzenean, eta ikaskuntzaren eta hezkuntza-berrikuntzaren esparruan eskumena duen zuzendaritzako titularrak izendatuko du, HeziLabeko zuzendaritzak proposatuta, izendapen askeko prozeduraren bidez, lanpostuaren erantzukizun funtzional berezia, HeziLabeko zuzendaritzarekiko mendekotasun zuzena eta HeziLaben jardun-ildoen koherentzia, lerrokatze estrategikoa eta inplementazio egokia bermatzeko beharra kontuan hartuta. Kasu guztietan, ibilbidea, esperientzia, esparruaren ezagutza espezifikoa eta ikuspegi estrategikoa balioetsiko dira, betiere talde tekniko sendoak eta osagarriak bermatzeko helburuarekin.

4.– Esparruko arduradunak eginkizun hauek izango ditu:

a) HeziLabeko zuzendatzari laguntzea ezartzen dituen estrategiak hedatzen.

b) Dagokion esparruaren jarduna gidatzea, koordinatzea eta orientatzea HeziLaben zuzendaritzak ezartzen dituen irizpideen arabera.

c) HeziLabeko zuzendaritza-taldearekin lankidetzan aritzea Hezilabi atxikitako langileen buru gisa, eta indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzea.

d) Esparruko Urteko Kudeaketa Plana egitea, HeziLabeko zuzendaritzak ezartzen dituen irizpideen arabera, eta plan hori betetzen dela bermatzea.

e) Bere esparruko zereginak eta pertsonak bultzatzea eta koordinatzea.

f) Bere esparruari dagokion urteko kudeaketa-plana nola gauzatzen den kontrolatzea eta ebaluatzea.

g) Bere esparruko koordinazio-bilerak deitzea eta zuzentzea, gai-zerrenda ezartzea, kudeaketaren berri ematea, aurkezten diren proposamenak biltzea eta bere esparruko langileek indarrean dagoen araudia betetzen dutela zaintzea.

h) HeziLaben zuzendaritzari proposatzea bere eskumen-eremuarekin zerikusia duten ikastetxeek prestakuntzaren eta aholkularitzaren esparruan egiten dituzten eskaerak.

i) HeziLabeko zuzendaritzak ezartzen dituen koordinazio bileretan parte hartzea.

j) Urteko kudeaketa-planaren araberako lan-prozesuak ezartzea eta bere eskumeneko esparrua osatzen duten profesionalak beren funtzioen garapenean koordinatzea.

k) Bere eskumeneko esparruko pertsonak, espazioak eta baliabide materialak kudeatzea, HeziLaben prestakuntza, komunikazio eta digitalizazio planak kontuan hartuta.

l) HeziLabeko zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea Urteko Kudeaketa-Plana egiteko eta ebaluatzeko.

m) Unibertsitateekin eta estatuko eta nazioarteko kanpoko beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzea.

n) Bere esparruarekin lotutako kongresu eta konferentzietan aktiboki parte hartzea HeziLabeko zuzendaritzak emandako jarraibideen eta Urteko Kudeaketa Planean ezarritako lan-ildoen arabera.

o) Zaintza teknologikoa egitea, kanpotik eta esparrutik bertatik bere jarduera-eremuari dagozkion berrikuntzan, inklusioan eta hezkuntza-teknologian egindako aurrerapenei buruzko informazioa jasotzeko.

p) Euskararen erabilera sustatzea zerbitzu- eta lan-hizkuntza gisa, bere eskumeneko esparruan, Gobernu Kontseiluak onartutako Euskararen Agenda Estrategikoarekin bat etorriz.

q) HeziLabeko zuzendaritzak eskatzen dizkion gainerako ekintzak egitea.

10. artikulua.– Zuzendaritza-taldea.

1.– Zuzendaritza-taldea zuzendariak eta HeziLabeko zuzendariak izendatutako esparru-arduradunek osatuko dute, ikaskuntzaren eta hezkuntzaren berrikuntzaren esparruan eskumena duen zuzendaritzaren onespenarekin.

2.– Zuzendaritza-taldearen eginkizunak dira:

a) HeziLabeko zuzendariari laguntzea esleituta dituen eginkizunak betetzen.

b) Hezilabeko zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea Urteko Kudeaketa Plana egiteko.

c) Urteko Kudeaketa Planaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

d) Erregelamendu bidez esleitzen den beste edozein.

11. artikulua.– Esparruko koordinazio-taldea.

1.– Esparruko koordinazio-taldea arlo bakoitzeko aholkulariek eta arloko arduradunak osatuko dute.

2.– Esparruko koordinazio-taldearen eginkizunak dira:

a) Esparruko arduradunari esleitu zaizkion eginkizunak betetzen laguntzea.

b) Esparruko arduradunarekin lankidetzan aritzea esparruaren urteko kudeaketa-plana egiteko.

c) Esparruko urteko kudeaketa-planaren jarraipena eta ebaluazioa egitea.

d) Erregelamendu bidez esleitzen den beste edozein.

12. artikulua.– Digitalizazioaren eta berrikuntza teknologiko-pedagogikoaren esparrua.

Digitalizazioaren eta berrikuntza teknologiko-pedagogikoaren arloak eginkizun hauek ditu:

a) Hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailari laguntzea hezkuntza digitalizatzeko estrategia sustatzen.

b) Irakaskuntza-gaikuntzako planak diseinatu, inplementatu eta ebaluatzea, gaitasun tekno-pedagogikoak hobetzeko, adimen artifizialaren eta ikaskuntza-ingurune digitalen erabilera kritikoa, etikoa eta pedagogikoki oinarritua barne.

c) Ikastetxeen eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuen digitalizazio etiko eta arduratsua bultzatzea, hezkuntza-komunitate osoa digitalki ahaldunduz eta irakaskuntza-metodologiei eusten dieten material digitalen prestakuntza barnebilduz.

d) Ikasleen ahalduntze digitala garatzea eta konpetentzia digitalen aplikazioan sakontzea, ezagutza hobeto eskuratzeko motor gisa.

e) Ikastetxeetan berrikuntza teknologiko-pedagogikoko proiektuen inplementazioa aholkatu, koordinatu eta ebaluatzea, eta ikastetxearen garapena erraztea, digitalki eskuduna den erakunde gisa.

f) Ingurune birtual malguak eta ikasleen eta irakasleen arteko interakzioa sustatzen duten espazioak sustatzea, antolatuak eta aldi berean malguak, banakako ikaskuntzara egokituak, ikuspegi inklusiboa eta zeharkakoa bermatuz, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan teknologia digitalaren erabilera hobetzeko.

g) Berrikuntza aurreratuko proiektuak bultzatzea adimen artifizialaren eta datuen analisiaren bidez, hezkuntza-arrakasta eta hezkuntza-sistemaren hobekuntza hobetzeko, erabilera etiko, garden, ekitatibo eta inklusiboaren bidez.

g bis) Baliabide teknologiko auditagarriak, berrerabilgarriak, libreak eta gardenak erabiltzea, tresna digitalen integrazio pedagogikoko esparru batean oinarrituta egin dadin sustatuz.

h) Ezagutza garrantzitsua ikastetxeen egitura osora helarazteko beharrezkoak diren prozedurak ezartzea, barneko zein kanpoko sare-lana indartuz.

i) HeziLabeko esparruei aholkularitza, prestakuntza eta laguntza ematea, proiektuen diseinuan, garapenean eta ebaluazioan hezkuntza-digitalizazioko, adimen artifizialeko, datuen analisiko eta ikaskuntzako ingurune birtualetako ikuspegiak txertatzeko, HeziLab osoaren koherentzia tekno-pedagogikoa eta berritzailea bultzatuko duen zeharkako esparru gisa jardunez.

j) Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekiko, unibertsitateekiko eta beste administrazio batzuekiko laguntza eta lankidetza bultzatzea.

k) HeziLabeko gainerako esparruekin eta BiziLabekin lankidetzan aritzea.

l) Hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzari laguntzea hezkuntza-sistemaren ebaluazioan, esparru horren eskumen-eremuan, ezartzen diren prozeduren bidez.

13. artikulua.– Lidergo pedagogikoaren eta hezkuntza-eraldaketaren esparrua.

Lidergo pedagogikoaren eta hezkuntza-eraldaketaren esparruak eginkizun hauek ditu:

a) Ikastetxe publikoetako zuzendaritzak hobetzea, zuzendaritza-funtzioko esparru berri baten bidez. Esparru berri horrek zehaztuko ditu zuzendaritzen eginkizunak, eskumenak eta erantzukizunak, kargua lortzeko behar den prestakuntza, eta beren eginkizunak betetzeko baliabide eta pizgarri ekonomiko zein irakaskuntzarako karrerarako pizgarriak.

b) Zuzendaritza-taldeen prestakuntza-programa indartzea, birdefinitzea eta eguneratzea, egiaztatutako ebidentzietan eta esperientzietan oinarritutako prestakuntza-estrategia eta -ikuspegi berriak txertatuz.

c) Ikastetxeetan hezkuntza-lidergorako eta zuzendaritzetarako talentua erakartzeko sistema bat diseinatzea, garatzea eta ezartzea, ikastetxeetako zuzendaritzetan planifikatutako txandakatzea eta berroneratzea ahalbidetzeko.

d) Kudeaketa aurreratu eta eraginkorra eta lidergo eraldatzailea erraztuko duten, hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea eta inplikazioa hobetuko duten eta ikasleen errendimenduaren arrakastan eragina izango duten estrategia eta ereduekin lotutako mundu mailako jardunbide egokiak identifikatzea, aztertzea eta egokitzea.

e) Ikastetxeekin lankidetzan aritzea estrategia, pertsona, aliantza, baliabide eta prozesuen kudeaketan bikaintasun-ereduak ezartzen eta garatzen, eredu aurreratu, iraunkor eta ekitatiboetan oinarrituta, pertsonenganako konfiantzan, autonomian eta taldeen autokudeaketarako gaitasunean oinarrituta.

f) Ezagutza garrantzitsua ikastetxeen egitura osora helarazteko beharrezkoak diren prozedurak ezartzea, barneko zein kanpoko sare-lana indartuz.

g) Ikastetxeetan erakundeen eta haien pertsonen erantzukizun juridikoaren arauak bete daitezen sustatzea, baita ikastetxe horien gizarte-erantzukizunaren kudeaketari dagokionez ere, hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzak zehazten dituen arauei jarraikiz.

h) Ikastetxeetako zuzendaritzetan inplikatutako pertsonen jarraipena egitea, haien premiei eta eskaerei erantzuteko, eta lidergo pedagogiko eta eraldatzailean laguntzeko.

i) Ikastetxe publikoetako zuzendaritza-taldeen arteko lankidetza sortzea eta sustatzea, esperientziak partekatzeko, elkarrekin gogoeta egiteko eta hezkuntza-kudeaketaren hainbat esparrutan proposamenak egiteko, topaketa-eremuekin.

j) Ikastetxeen jarraipen estrategikoko prozesuak diseinatu, koordinatu eta garatzea, berrikuntza-proiektuei, prestakuntza-planei, hobekuntza-estrategiei eta hezkuntza-eraldaketako prozesuei dagokienez, haien garapen-maila, koherentzia, inpaktua eta laguntza-premiak aztertzeko, eta ikastetxe, lurralde eta sistema mailan erabakiak hartzea bideratzeko.

k) Ikastetxe publikoetako hezkuntza-berrikuntzako figurak (BeA figurak) bultzatu, koordinatu, garatu eta ebaluatzea, hezkuntza-esparruan eskumena duen sailburuordetzak ezarritako jarraibideen arabera, haien prestakuntza diseinatu eta koordinatuz eta laguntzeko, mentoretzako, sareko lanerako eta ezagutzaren transferentziarako gailu egonkorrak antolatuz, ikastetxeetan hezkuntza-berrikuntzako eta -eraldaketako prozesuak eraginkortasunez ezartzen laguntzeko.

l) Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekiko, unibertsitateekiko eta beste administrazio batzuekiko laguntza eta lankidetza bultzatzea.

m) HeziLabeko gainerako esparruekin eta BiziLabekin lankidetzan aritzea.

n) Hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzari laguntzea hezkuntza-sistemaren ebaluazioan, esparru horren eskumen-eremuan, ezartzen diren prozeduren bidez.

14. artikulua.– Irakaskuntza-gaitasunen eta curriculumaren garapenaren esparrua.

Irakaskuntza-gaitasunen eta curriculum-garapenaren esparruak eginkizun hauek ditu:

a) Egungo hezkuntzaren erronkei arrakastaz heltzeko, ikerkuntzan, konpetentzia profesionaletan eta irakaskuntzako kode etikoan oinarrituta definitzea.

b) Unibertsitateekin lankidetzan aritzea irakaskuntzako hasierako prestakuntza diseinatzeko.

c) Irakasle-funtziora sartzeko proben diseinuan eta garapenean parte hartzea.

d) Ikastetxeei laguntzea eta haiekin lankidetzan aritzea beren beharretara eta ezaugarrietara egokitutako irakaskuntzako konpetentzia profesionalak garatzeko prozesuetan, ikastetxeek beren irakasleen premiak detekta ditzaten eta prestakuntza-proposamen zehatzak egin ditzaten sustatzea.

e) EAEko ikastetxeetan garapen profesionaleko jardunbide egokiak antzematea eta balioestea, beste batzuentzat inspiratzaileak izan daitezkeenak, eta EAEn eta EAEtik kanpo ezagutaraztea.

f) Ikastetxeen foroak eta sareak sustatzea garapen profesionalerako eta planak eta estrategiak diseinatzeko, irakasleen etengabeko garapen profesionalean norberaren erantzukizuna areagotzeko.

g) Irakasle berrien irakaskuntzan eragiteko proiektu esperimentalak ikertu, garatu eta ezartzea.

h) Irakasleen autoebaluazio profesionala sustatzea eta erraztea.

i) Curriculuma behar bezala lantzeko behar diren gaitasunak hautemateko prozesuak bultzatzea: kontzeptu-esparru partekatuak eta paradigma eguneratuak, curriculumaren ezagutza, ebidentzietan oinarritutako metodologiak, prestakuntza-ebaluazioa.

j) Curriculumak berrikustea eta eguneratzea, diziplinarteko ikuspegi integratuagoa erraztuko duen ikaskuntzen antolaketarekin, ezagutzaren aurrerapenetara egokitzeko, baita tokiko, euskal gizartearen eta Europako eta nazioarteko testuinguruaren aldaketetara eta eskakizun berrietara ere.

k) Hezkuntza-esparruan eskumena duen sailari hezkuntza-programa esperimentalak diseinatzea eta proposatzea, ikastetxeetan gara ditzan, batez ere hezkuntza-konplexutasunaren indize altua duten ikastetxeetan, esperientzia horiei buruzko aholkuak emanez eta ebaluatuz eta, hala badagokio, orokortuz.

l) ISEI-IVEIk egindako ebaluazioetan laguntzea, irakaskuntza-jardueraren emaitzak indarrean dagoen hezkuntza-araudian ezarritako hezkuntza-helburuekin bat datozen egiaztatzeko.

m) Irakasleak prestatzeko planak diseinatzea eta proposatzea, Hezkuntza Fakultateekin eta HeziLabeko beste esparruekin lankidetzan gauzatzeko, ezarriko den curriculumaren eskakizunekin bat datozen eredu eta metodo pedagogiko berriak garatzen laguntzeko.

n) Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekiko, unibertsitateekiko eta beste administrazio batzuekiko laguntza eta lankidetza bultzatzea.

o) HeziLabeko gainerako esparruekin eta BiziLabekin lankidetzan aritzea.

p) Hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzari laguntzea hezkuntza-sistemaren ebaluazioan, esparru horren eskumen-eremuan ezartzen diren prozeduren bidez.

15. artikulua.– Ikaskuntza-metodoak eta prozesuak ikertzeko esparrua.

Ikaskuntza-metodo eta -prozesuen ikerketa- esparruak eginkizun hauek ditu:

a) Ikaskuntza-prozesuak diseinatzea eta esperimentatzea, esparru inklusibo baten barruan gaitasunen ikuspegitik begiratuta.

b) Elkarlaneko ikaskuntza-ereduen sareko hedapena eta transferentzia diseinatzea eta garatzea, ikastetxeen beharretara egokitutako eta euskal hezkuntza-sisteman beharrezkoak diren metodologia-aldaketak ezartzeko.

c) Prestakuntza-ebaluazioaren ikuspegiak diseinatu, garatu eta ebaluatzea.

d) Zientziei, teknologiari, ingeniaritzari, matematikari, sormenari eta balioei buruzko STEAM estrategia sustatzea, ikaskuntza-prozesu espezifikoen bidez, genero-berdintasunarekiko interesa eta neskak eta emakume gazteak esparru horietara hurbiltzea sustatuz.

e) Irakasleentzako prestakuntza-programak diseinatu, bultzatu eta garatzea, gaitasun-ikaskuntzen garapenean metodologia aktibo eta kolaboratiboak aplikatzeko.

f) Teknologia eta ekipamendu aurreratuak identifikatzea, aztertzea eta horiekin esperimentatzea, ikaskuntza-prozesuen azeleratzaile gisa ezartzeko.

g) Ikastetxeetako ikasgelak eta espazioak metodologia berrien beharretara egokitzea ahalbidetuko duten eraikuntza-irtenbideak, ekipamenduak eta altzariak aztertu, diseinatu eta esperimentatzea.

h) Antolaketa-eredu berrien esparruan, ikaskuntza-egoerak diseinatu eta esperimentatzea.

i) Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekiko, unibertsitateekiko eta beste administrazio batzuekiko laguntza eta lankidetza bultzatzea.

j) HeziLabeko gainerako esparruekin BiziLabekin lankidetzan aritzea.

k) Hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzari laguntzea hezkuntza-sistemaren ebaluazioan, esparru horren eskumen-eremuan, ezartzen diren prozeduren bidez.

16. artikulua.– Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzako berrikuntza esparrua.

Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzako berrikuntza esparruak eginkizun hauek ditu:

a) Hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailari laguntzea jasangarritasunerako hezkuntza-estrategia sustatzen eta garatzen Hezkuntza Sailburuordetzari atxikitako unibertsitateaz kanpoko mailetan.

b) Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzan berrikuntza bultzatzea, proiektuak sustatuz, baliabideak emanez eta ikastetxeekin lankidetzan ikertuz.

c) Irakaskuntzarako gaikuntza-planak diseinatu, ezarri eta ebaluatzea, irakasleei beharrezko esparru berritzailea emateko ikuspegi ekosoziala eta haien irakaskuntza-praktika txertatzeko; ingurune zehatz bakoitzean hautemandako beharrak betetzeko eta jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzako proiektuak abian jartzeko ikastetxean, baita hezkuntza-ekintza ekosozialeko planak eta programak garatzean ikastetxeek elkarri eragiten dioten tokiko eta lurraldeko mailetan ere.

d) Foroak eta topaketak bultzatzea, jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzan diharduten irakasleek eta beste eragile batzuek esperientziak truka ditzaten eta baterako proiektuak garatu ahal izan ditzaten.

e) Hezkuntza-komunitatea sentsibilizatzea, erronka ekosozialak, ingurumenekoak eta jasangarritasunaren esparrukoak ezagutu ditzaten, kontzientzia har dezaten eta inguruneari buruzko kezka eta zaintza sor dezaten, eta eraldaketa-eragile aktibo bihur daitezen.

f) Hezkuntza zientifiko eta teknologikoan eta ekintzailetzan berrikuntza-proiektuak garatzeko STEAM gaitasunean parte hartzen duten ikastetxeei aholkularitza eta prestakuntza ematea, arazo ekosozialekin lotutako ikerketa/ikerkuntza zientifikoaren bidez.

g) Jasangarritasunerako ingurumen-hezkuntzako proiektuen ezarpena bultzatzea, Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) esparruan.

h) Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekiko laguntza eta lankidetza bultzatzea, gizarte-eragileen eta beste administrazioekin.

i) HeziLabeko gainerako esparruekin eta BiziLabekin lankidetzan aritzea.

j) Hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzari laguntzea hezkuntza-sistemaren ebaluazioan, esparru horren eskumen-eremuan, ezartzen diren prozeduren bidez.

17. artikulua.– Nazioartekotze-esparrua.

Hezkuntzaren eremuko nazioartekotze esparruak eginkizun hauek ditu:

a) Hezkuntza-komunitate osoa sentsibilizatzea nazioartekotze-prozesuen erronka handien eta onuren inguruan.

b) Nazioartekotze-estrategia garatzea, nazioarteko osagaia bere ikerketa-, zaintza-, proiektuen garapen-, transferentzia- eta komunikazio-jarduera guztietan txertatzea eta beste herrialde batzuekin lankidetza-sareak ezartzea bermatzeko.

c) Euskal hezkuntza-sistemako ikastetxeetan nazioartekotze-estrategiak garatzeko ekimenak bultzatzea eta babestea, irakasleak eta ikasleak prestatzeko eta trukatzeko proiektuak sustatzeko.

d) Nazioarteko proiektuetan parte hartzea, enpresekin, bitarteko eragileekin eta beste erakunde batzuekin batera.

e) Bai HeziLaben bai ikastetxeetan nazioarteko proiektuen garapenean inplikatuta dauden edo interesa duten pertsonei gaitasunei buruzko prestakuntza ematea.

f) Hezkuntza eta gizarte-esparruko beste eragile batzuekin batera, gure hezkuntza-sistemaren nazioarteko ikusgarritasuna sustatzea, lankidetza-sareetan, komunikabideetan eta nazioarteko sare sozialetan presentzia eta lidergoa izanda.

g) Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekiko, unibertsitateekiko eta beste administrazio batzuekiko laguntza eta lankidetza bultzatzea.

h) HeziLabeko gainerako esparruekin eta BiziLabekin lankidetzan aritzea.

i) Hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzari laguntzea hezkuntza-sistemaren ebaluazioan, esparru horren eskumen-eremuan, ezartzen diren prozeduren bidez.

j) Euskadiko lankidetzako eta elkartasuneko eragile sozial eta instituzionalekin batera, ikuspegi globala eta nazioartekoa sustatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen curriculumean Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzako proposamenak txertatzeko.

18. artikulua.– Euskara, eleaniztasuna eta kulturartekotasuna esparrua.

Euskara, eleaniztasuna eta kulturartekotasuna esparruak eginkizun hauek ditu:

a) Ikastetxeei aholkularitza ematea beren curriculum-proiektua garatzeko, euskara ardatz hartuta, hizkuntza-esparruan eta komunikazio-konpetentzietan, hizkuntza-proiektuaren bidez ezartzeko.

b) Ikastetxeei aholkularitza ematea hizkuntza-proiektu eleaniztunak eta kulturaniztunak diseinatzeko eta ezartzeko, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, eta hizkuntzen tratamendu integrala eta integratua txertatuta.

c) Hezkuntza eleaniztun eta kulturaniztuneko programak bultzatzea, ikasgeletan metodologia berritzaileak ezartzeko, hizkuntzak ikasteko eta hizkuntzan murgiltzeko prozesuak hobetzeko.

d) Irakasleen prestakuntza-planak diseinatzea, hizkuntza-gaitasuna hobetu dezaten eta hizkuntzak irakasteko eta erabiltzeko prozesuetan beharrezkoak diren trebetasunak eskura ditzaten, hizkuntzan murgiltzeko ingurune eleaniztunetan.

e) Hezkuntza-zentroen eta profesionalen sare bat antolatzea eta koordinatzea, esparru horretan ezagutzak, esperientziak eta jardunbide egokien transferentzia sustatzeko.

f) Euskararen normalizazioa eta erabilera sustatzea ikastetxeetako eremu guztietan, ingurune eleaniztun batean elkar aberasteko balio partekatu gisa.

g) Inguruko ikastetxeen, administrazioen eta elkarteen arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzea, euskararen erabilera, euskal kultura, kultura-aniztasuna eta euskal dimentsioa hedatzeko programak bultzatzeko.

h) Irakasleen hizkuntza, didaktika eta metodologia-gaikuntza diseinatzea, atzerriko hizkuntzak irakasteko eta haien erabilera sustatzeko, baita haien hizkuntza-egiaztapena ere.

i) Ikasleei eremu informal eta ludikoetan euskara erabiltzeko aukera ematen dieten jarduerak bultzatzea, euskararen ahozko komunikaziorako gaitasuna hobetzeko.

j) Ikasleei eremu informal eta ludikoetan atzerriko hizkuntza bat erabiltzeko aukera ematen dieten jarduerak bultzatzea, hizkuntza horretan ahozko komunikaziorako gaitasuna hobetzeko.

k) Material pedagogiko berritzaileak diseinatzea, bereziki euskarri digitala dutenak, irakasleei hizkuntzak irakasteko eta erabiltzeko prozesuetan lagunduko dietenak, ingurune eleaniztun eta kulturanitzean.

l) Unibertsitateekin lankidetzan aritzeko guneak garatzea, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren eskumenekoak direnak, hizkuntzak eskuratzeko eta erabiltzeko prozesuen eremuan ikerketa- eta berrikuntza programak ezartzeko.

m) Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuekiko, unibertsitateekiko eta beste administrazio batzuekiko laguntza eta lankidetza bultzatzea.

n) HeziLabeko gainerako esparruekin eta BiziLabekin lankidetzan aritzea.

o) Hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzari laguntzea hezkuntza-sistemaren ebaluazioan, esparru horren eskumen-eremuan ezartzen diren prozeduren bidez.

19. artikulua.– Kudeaketa operatiboaren esparrua.

Kudeaketa Operatiboaren esparruak eginkizun hauek ditu:

a) HeziLabeko zuzendaritzari laguntzea kudeaketa operatiboaren plangintzan, koordinazioan eta jarraipenean, erakundeak behar bezala funtzionatzen duela eta helburu estrategikoak behar bezala gauzatzen direla bermatuz.

b) Erabakiak hartzeko informazio- eta laguntza-sistemak diseinatu, mantendu eta garatzea, datu garrantzitsu, fidagarri eta eguneratuetan oinarrituta, jarduerari jarraipena egiteko, emaitzak aztertzeko eta ikastetxeko prozesuak etengabe hobetzeko.

c) HeziLaben prozesuen bidezko kudeaketa-sistema diseinatu, ezarri, mantendu eta ebaluatzea, antolaketa-efizientzia, barne-koherentzia, etengabeko hobekuntza eta berrikuntza sustatuz lan-prozeduretan.

d) HeziLabeko urteko Kudeaketa Planaren plangintza, gauzatzea eta ebaluazioa koordinatzea, zentroaren helburu estrategikoekin eta hezkuntza-esparruan eskumena duen sailburuordetzak ezarritako lehentasunekin bat datorrela ziurtatuz.

e) Ikastetxearen antolaketa- eta funtzionamendu-alderdi orokorrak kudeatzea, barne-koordinazioa, zuzendaritzak emandako arauak eta jarraibideak aplikatzea eta horiek betetzen direla zaintzea barne.

f) HeziLaben gastuen urteko aurrekontua kudeatzea, jarraipen ekonomiko-finantzarioa eginez, kudeaketa-txostenak prestatuz eta kontuak zuzendaritzaren eta organo eskudunen aurrean izapidetuz.

g) HeziLabi atxikitako irakaskuntzaz kanpoko giza baliabideak kudeatzea, eta zuzendaritzari laguntzea ikastetxeko langileekin lotutako antolaketa-alderdietan, zerbitzu eskudunekin koordinatuta.

h) HeziLaben egoitzetako eta prestakuntza- eta berrikuntza-jardueretarako espazioak, azpiegiturak eta baliabide materialak planifikatzea eta kudeatzea.

i) HeziLaben, Komunikazio, Digitalizazio eta Ingurune Birtualen Plana diseinatu, koordinatu eta kudeatzea, barneko eta kanpoko komunikazio eraginkorra bermatuz, bai eta kudeaketarako, prestakuntzarako, ikaskuntzarako eta lankidetzarako tresna digitalen erabilera estrategikoa ere.

j) HeziLabeko prestakuntza kudeatzeko sistema integrala diseinatu, kudeatu eta mantentzea, barnean hartuta prestakuntza-eskaintzaren plangintza operatiboa, deialdien, inskripzioen, ziurtagirien eta lotutako datuen kudeaketa, bai eta ikaskuntzako ingurune presentzial, hibrido eta birtualetarako euskarria ere, Hezkuntza Sailean prestakuntzaren esparruan eskumena duen zuzendaritzarekin koordinatuta, eta zentroaren prestakuntza-ereduarekin bat etorriz.

k) Kalitatea, efizientzia eta etengabeko hobekuntza sustatzea ikastetxeko jarduera guztietan, ebaluazio-ikuspegiak, aldaketaren kudeaketa eta ziurgabetasun-testuinguruetara egokitzea txertatuz.

l) HeziLabeko gainerako esparruekin zeharka lankidetzan aritzea, bai eta BiziLabekin ere, koherentzia operatiboa eta bere eginkizunak garatzeko behar duen euskarria bermatuz.

m) Erregelamendu bidez esleitzen den beste edozein eginkizun betetzea, HeziLaben eskumenen esparruan.

20. artikulua.– Aurrekontua, kontratazioa eta ondarea.

1.– HeziLabi esleitutako funtzioak betetzeko behar den zuzkidura ekonomikoa banatuko du urtero hezkuntza-esparruko sail eskudunak bere aurrekontuaren barruan.

2.– Kontratazioari dagokion guztirako, HeziLab dagokion sailaren egiturari buruzko dekretuan araututakora egokituko da.

3.– HeziLabek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ondarea osatzen duten ondasunak izango ditu, hezkuntza-esparruan eskumena duen sailari atxikita badaude eta sail horrek HeziLaben esku jartzen baditu.

III. KAPITULUA
LANPOSTUEN ZERRENDA ETA LANPOSTUAK BETETZEA

21. artikulua.– Lanpostuen zerrenda.

1.– Onartu egiten da HeziLabeko lanpostuen zerrenda, lanpostu horretan jarduteko eskatzen diren baldintzak eta gainerako ezaugarriak adierazita, dekretu honen II. eranskinean ezarritakoaren arabera.

2.– Egungo Zonako Berritzeguneetako karrerako funtzionarioak behin betiko integratuko dira HeziLabeko lanpostuetan, giza baliabideak berresleitzeko prozeduraren bidez. Lanpostuen berresleipen hori dekretu honen I. eranskinean jasota dago.

22. artikulua.– Lanpostuen betetzea.

1.– HeziLabeko langileen lanpostuak betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 21eko 4/2023 Legegintzako Dekretuaren 33. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

2.– Lanpostuak aldi baterako atxikipenaren bidez beteko dira. Hasiera batean, hiru urteko iraupena izango du, eta 33. artikuluan aurreikusitakoaren arabera berritu ahal izango da. Balorazio-prozesua egin ondoren, atxikipen mugagabea egin ahal izango da, artikulu honetan ezarritako irizpideen arabera.

3.– Aldi baterako atxikipen-aldian egindako lanaren balorazioaren helburua egokitasun profesionala bermatzea, esleitutako eginkizunak behar bezala betetzea eta HeziLaben helburu estrategikoei benetako ekarpena egitea izango da, bai eta jardun profesionalaren etengabeko hobekuntza bideratzea ere.

4.– Aldi baterako atxikipenean egindako lana baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan, gutxienez:

a) HeziLaben estrategia-, funtzio- eta arau-esparruarekiko egokitasuna: jarduera profesionala zenbateraino egokitzen den HeziLabi esleitutako jarduera-printzipioetara, helburuetara eta funtzioetara, eta hezkuntzaren, antolaketaren eta pedagogiaren esparruan indarrean dagoen araudia benetan ezagutzen eta aplikatzen den.

b) Helburuak betetzea eta planifikatutako jarduerak: urteko Kudeaketa Planean esleitutako helburu, jarduketa eta erantzukizunen betetze-maila, bai maila indibidualean, bai talde-lanaren esparruan, ezarritako jarraipen- eta ebaluazio-adierazleak kontuan hartuta.

c) Kalitate teknikoa eta zorroztasun profesionala jardunean: egindako aholkularitzaren, laguntzaren, prestakuntzaren, ebaluazioaren, esku-hartzearen eta jarraipenaren kalitatea, egokitasuna eta zorroztasun teknikoa, bai eta lanpostuko jardunean egindako txosten, material, tresna eta gainerako produktuena ere.

d) Lanbide-jardunak ikastetxeetan duten eragina: jarduera profesionalak benetako ekarpena egitea irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak, ikasleen gaitasunen garapena, berrikuntza pedagogikoa eta antolakuntzakoa eta ikastetxeen hezkuntza-eraldaketa hobetzeko, zerbitzuaren ebaluazio-prozesuen emaitzen arabera.

e) Talde-lana, koordinazioa eta lankidetza profesionala: lantaldeetan parte-hartze aktiboa eta arduratsua izatea, HeziLabeko beste esparru batzuekin eta inplikatutako beste zerbitzu eta eragile batzuekin lankidetzan aritzea, eta HeziLabeko funtzionamendu koordinatu eta eraginkorra lortzen laguntzea. Hala badagokio, taldeak koordinatzeko eginkizunak betetzea baloratuko da.

f) Berrikuntza, etengabeko hobekuntza eta ezagutzaren transferentzia: berrikuntza-proiektuetan, esperientzia pilotuetan eta etengabeko hobekuntza-prozesuetan parte hartzea, bai eta ezagutza eta jardunbide egokiak sortzeko, sistematizatzeko eta hezkuntza-sisteman transferitzeko gaitasuna ere.

g) Lanbide-garapena eta etengabeko prestakuntza: konpetentzia profesionalak eguneratzeko eta etengabe hobetzeko konpromisoa, prestakuntza-ekintzetan parte hartuz eta eskuratutako ikaskuntzak praktika profesionalean aplikatuz.

h) Hizkuntza ofizialen erabilera eta hizkuntza-gaitasuna: euskara lan- eta zerbitzu-hizkuntza gisa erabiltzea, Zentroko Hizkuntza Normalizatzeko Planarekin bat etorriz, eta garatutako jarduketetan ikuspegi eleaniztunari eta kulturartekoari ekarpena egitea.

i) Erantzukizun profesionala eta antolamenduaren betetze-maila: erantzukizun-maila lanpostuan jardutean, betebehar profesionalak eta antolakuntzakoak betetzea, funtzio publikoaren printzipio etikoak errespetatzea eta datu pertsonalak behar bezala kudeatzea eta babestea.

5.– Egindako lanaren balorazioa erreferente objektiboetan eta ebidentzia egiaztagarrietan oinarrituko da. Horien artean, gutxienez, honako hauek hartu ahal izango dira kontuan:

a) Urteko Kudeaketa Planaren jarraipen-eta ebaluazio-txostenak.

b) Jarduera indibidualari eta, hala badagokio, taldeari buruzko memoriak.

c) Esparruko arduradunek eta HeziLabeko zuzendaritzak egindako txostenak.

d) Ikastetxeei eta, hala badagokio, parte hartzen duten beste eragile batzuei egindako zerbitzuaren ebaluazio kualitatiboaren emaitzak.

e) Lanpostuaren jardunean egindako dokumentazio teknikoa.

6.– Egindako lanaren balorazioa urtero egingo da prestakuntzako, orientazioko eta etengabeko hobekuntzako ondorioekin, pertsona bakoitzari informazio argia eta sistematikoa emateko bere lanbide-jardunari buruz eta lanpostuaren eginkizunetara egokitzeari buruz, gogoeta eta garapen profesionala bultzatuz.

Era berean, balorazio hori nahitaezkoa izango da hiru eta sei urteko aldiak amaitzean, aldi baterako atxikipena berritzeko eta, hala badagokio, atxikipen mugagabea lortzeko.

23. artikulua.– HeziLaben Balorazio Batzorde Iraunkorra.

1.– HeziLaben Balorazio Batzorde Iraunkorra sortzen da, hezkuntzaren esparruan eskumena duen sailburuordetzari atxikitako kide anitzeko organo gisa, dekretu honen 22. artikuluan aurreikusitako balorazio-funtzioak egiteko.

2.– Balorazio Batzorde Iraunkorrari dagokio lanpostuak betetzeko merezimenduak baloratzea, bai eta egindako lana baloratzea ere, aldi baterako atxikipena berritzeko eta, hala badagokio, atxikipen mugagabea lortzeko, dekretu honetan ezarritako irizpideen arabera.

3.– Balorazio Batzorde Iraunkorra presidente batek, presidenteorde batek, bokal batek eta idazkari batek osatuko dute. Idazkariak hitza izango du, baina botorik ez.

4.– Balorazio Batzorde Iraunkorreko kideak hezkuntza-esparruan eskumena duen sailburuordetzaren titularrak izendatuko ditu, ebazpen bidez, espezialitate-printzipioarekin bat etorriz, parte hartzen duten pertsonen hautaketan edo lan-balorazioan titulazio bereko edo handiagoko irakaskuntza-kidegoan jardunean dauden karrerako funtzionarioen artean, baldin eta bete edo bete beharreko eginkizunetan esperientzia egiaztatua badute.

Izendapenean ordezkoak izendatuko dira, eta emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bermatuko da, berdintasunaren esparruan indarrean dagoen araudian xedatutakoaren arabera.

Era berean, Batzordeko kideak izendatzeko, kontuan hartuko da Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan behar besteko hizkuntza-gaitasuna izatea.

5.– Balorazio Batzorde Iraunkorra eraketari, funtzionamenduari eta erabakiak hartzeari dagokienez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 15. artikulutik 17. artikulura kide anitzeko organoentzat xedatutakoaren arabera arautuko da, hargatik eragotzi gabe dekretu honetan aurreikusitako antolaketa-berezitasunak.

Era berean, Batzordearen jarduna printzipio hauen araberakoa izango da: objektibotasuna, inpartzialtasuna, gardentasuna, merezimendua, gaitasuna, berdintasuna eta diskriminaziorik eza.

IV. KAPITULUA
AHOLKULARITZEN GAITASUN-PROFILA, PRESTAKUNTZA ETA EBALUAZIOA

24. artikulua.– Aholkularitzen eskumen-profila.

1.– Profilari dagokionez, aholkulariek honako eskumen hauek izan beharko dituzte:

a) Unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-sistema, laguntza-zerbitzuak eta hezkuntza-esparruan eskumena duen sailaren egitura ezagutzea, baita horien arau-esparruak ere.

b) Bere lan-esparruko metodologien eta berariazko didaktiken ezagutza aditua.

c) Planifikatzeko eta dinamizatzeko gaitasunak, hezkuntza-prozesuan inplikatutako eragile guztien parte-hartze aktiboa errazten duten tresnatzat hartuta.

d) Bere esku-hartze eremuari lotutako berrikuntza-proiektuak sortu, diseinatu eta garatzeko gaitasuna.

e) Taldean lan egiteko gaitasuna.

f) Irakasleak beren irakaskuntza-jardunari buruzko hezkuntza-ikerketan eta etengabeko hobekuntzan motibatzeko gaitasuna, autoprestakuntzaren, prestakuntzaren eta hezkuntza-proiektuetan parte hartzearen bidez.

g) Ezagutza eraikitzeko gaitasuna, hezkuntza-jardunari buruzko hausnarketatik abiatuta, negoziazioaren eta laguntzaren bidez; eta ezagutza hori irakasleei helarazteko gaitasuna.

h) Aurrez aurreko modalitatean, modalitate erdipresentzialean edo urrutikoan funtzioak betetzeko trebetasuna, zuzeneko parte-hartzea izanik aurrez aurreko ikastaroetan, ikastaro erdipresentzialetan eta lineako ikastaroetan, materialak prestatzean eta txostenak eta tutoretza egitean.

i) Irakasleekin partekatutako jardunbide egokien ereduak moldatu, hobetu eta aberasteko materialak prestatzeko Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala (IDU) aplikatzeko trebetasuna.

j) Proiektuak gidatzeko gaitasuna, metodologia arinak aplikatuz, taldeko kideak koordinatuz eta gidatuz helburuei, zaintza- eta ikerketa-jarduerei eta, batez ere, erakundeen, bazkideen eta inplikatutako beste eragile batzuen arteko harremanen koordinazioari dagokienez.

k) Erakundeen eta ikastetxeen arteko lankidetza sustatzeko gaitasuna, ezagutzaren trukea eraginez.

l) Plangintza estrategikoak eta urteko planak egiteko gaitasuna.

m) Bere esku-hartze eremuari lotutako material didaktiko-kurrikularrak, tresnak eta protokoloak egiteko gaitasuna.

n) Bere eginkizunak betetzean joan-etorriak egiteko prest egotea.

o) Bi hizkuntza ofizialetan, idatziz zein ahoz, adierazpen eta ulermen maila altua erakustea, baita atzerriko hizkuntza batean gaitasuna erakustea ere.

2.– Aholkulariaren profila definitzeak ez du esan nahi aholkularitza-lanak haren jakintza-esparrura edo sartzen diren etapara mugatu behar direnik.

25. artikulua.– HeziLabeko profesionalen prestakuntza eta eguneratzea.

1.– HeziLaben zuzendaritzari dagokio Urteko Kudeaketa Planean txertatuko den Prestakuntza Plan bat sustatzea.

2.– Prestakuntza Planak hainbat motatako prestakuntza-ekintzak jasoko ditu:

a) Langile berriei hasierako prestakuntza emateko ekintzak, harrera-planetan jasoko direnak. Hasierako prestakuntza hori lan-prozesuak eta jardunbide egoki partekatuak ikastea erraztuko duen mentorizazio-programa batekin osatuko da.

b) Gaitasun profesionalak finkatzeko ekintzak. Mota horretako ekintzetan hainbat prestakuntza-modalitate eskainiko dira, lanbide-jardueraren garapenarekin eta beste jarduera praktiko batzuekin lotutako alderdi teorikoak sartzeko.

c) Hezkuntza-esparruko aholkularitzari eta esku-hartzeari buruzko eztabaida eta bateratze-lana egiteko ekintzak, baita jardunbide egoki partekatuak garatzeko ekintzak ere. Berdinen arteko ikaskuntza eta garapen profesionala jardun-protokoloen eta lan-prozesuen parte izango dira.

d) Langile guztiei emakumeen eta gizonen berdintasunari eta genero-ikuspegiari buruzko oinarrizko Prestakuntza mailakatu eta iraunkorra bermatzeko ekintzak.

26. artikulua.– HeziLaben ebaluazioa.

1.– HeziLabek UKP prestatzean, jarraipen eta ebaluazio-sistema bat ezarriko du proposatutako helburuen betetze-maila eta jardueren emaitzen balorazioa zehazteko. HeziLaben jardueretan kontuan hartuko dira emaitzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko adierazleak.

2.– Barne-ebaluazioko sistemez gain, HeziLab, kanpoko ebaluazio- eta aintzatespen-prozesuen mende egongo da.

3.– HeziLaben jarraipen eta ebaluazio-sistemak zerbitzuaren urteko ebaluazio kualitatiboa izango du, ikastetxeen eta artatutako familien iritzien, esperientzien eta balorazioen bilketa egituratuan oinarrituta.

Ebaluazio horren emaitzak HeziLabeko zuzendaritza-taldeak aztertuko ditu, eta indarguneak identifikatzeko, hobekuntza-esparruak hautemateko eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko beharrezkoak diren ekintza zuzentzaileak ezartzeko erabiliko dira.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA.– Lanpostuan eskuratutako ordainsari-baldintzei eustea.

Dekretu hau indarrean jartzean Zonako Berritzegune bateko zuzendari-lanpostua betetzen duten pertsonek Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroan, HeziLaben, aholkulari lanpostu bat lortzen badute, jatorrizko lanpostuari lotutako ordainsari-osagarriari eutsiko diote, izaera pertsonal eta iragankorrarekin, ordura arte jasotzen zuten balditza berdinetan.

Ordainsari-baldintzei eusteak ez du inola ere esan nahi HeziLabeko zuzendari lanpostuari dagokion osagarria aplikatuko denik, eta ez da jatorrizko lanpostuak hertsiki sortutako eskubide ekonomikotik haratago bestelako eskubide ekonomikorik sortuko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Soldata-osagarriak.

Lanpostu horiek lortzen dituzten funtzionarioek jatorrizko kidegoari dagozkion lanpostu-mailako osagarriari eta berariazko osagarriari eutsiko diete. Era berean, berariazko osagarri gehigarria jasoko dute bere lanpostuagatik.

(Ikusi .PDF Fitxategia)
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Zenbait arauren indarraldia.

Dekretu honek geroko erregelamendu bidezko garapenera igortzen dituen gaietan, eta hura garatzen duten xedapenak eman arte, indarrean dauden erregelamendu-arauak aplikatuko dira hezkuntza-sistemari laguntzeko zerbitzuen antolaketari, funtzionamenduari, lanpostuen hornikuntzari, prestakuntzari, ebaluazioari, kudeaketa ekonomikoari eta barne-araubideari dagokienez, dekretu honetan xedatutakoaren aurka ez doan guztian.

Nolanahi ere, aplikazio iragankor horrek ez dio kalterik egingo xedapen indargabetzailean ezarritakoari.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Langileen egoera iragankorra, lanpostuak behin betiko bete arte.

Dekretu honen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera deitutako hornidura-prozeduren bidez betetako HeziLabeko lanpostuaz jabetu arte, gaur egun zonako berritzeguneetan eta Berritzegune Nagusian eginkizunak betetzen dituzten langileek eginkizun horiek betetzen jarraituko dute, eta egungo administrazio-egoerari eutsiko diote.

Jarraitutasun hori erabat iragankorra izango da, eta ez du inolako eskubiderik sortuko lanpostuak behin betiko betetzeari dagokionez.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Euskararen, eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren esparrua integratzea.

Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen dekretua indarrean jarri arte, dekretu honen 19. artikuluan aurreikusitako Euskararen, Eleaniztasunaren eta Kulturartekotasunaren esparruak HeziLab barruan ezartzen diren eginkizunak betetzen jarraituko du.

Dekretu hori argitaratu ondoren, Euskararen, Eleaniztasunaren eta Kulturartekotasunaren esparrua, atxikitako langileekin eta betetzen dituen eginkizunekin batera, aipatutako Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuan integratuko da, hargatik eragotzi gabe HeziLabeko gainerako esparruekin koordinatzea integrazio hori egiten den bitartean.

XEDAPEN INDARGABETZAILE BAKARRA.– Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen dira honako agindu hauek:

a) 40/2009 Dekretua, otsailaren 17koa, Berritzeguneen egitura, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duena.

b) 41/2009 Dekretua, otsailaren 17koa, Berritzeguneetako lanpostuen zerrenda onartzen duena.

c) 42/2009 Dekretua, otsailaren 17koa, Berritzeguneetako lanpostuen zerrendako aldaketek zer langileri eragingo dien zehazteko irizpideak ezartzen dituena, eta Berritzeguneetan berriz atxikitzeko prozesua arautzen duena.

d) 207/1989 Dekretua, irailaren 19koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegien sorrera eta funtzionamendua arautzen duena.

Halaber, indargabetu egiten da dekretu honetan xedatutakoaren aurka doan maila bereko edo beheragoko xedapen oro.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Hezkuntzari laguntzeko zerbitzuei, Zonako Berritzeguneei, Berritzegune Nagusiari eta Ingurugelari buruzko arau-erreferentziak.

Indarrean dagoen araudiak, oro har, hezkuntzari laguntzeko zerbitzuei, Zonako Berritzeguneei, Berritzegune Nagusiari eta Ingurugelari egiten dizkien aipamen guztiak, HeziLabi esleitutako funtzioei buruzkoak badira, HeziLabi buruzkoak direla ulertuko da.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Hezkuntza sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretua aldatzea.

Aldatu egiten dira Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen azaroaren 19ko 381/2024 Dekretuaren arau hauek:

Bat.– 2. artikulua aldatzea. Egitura orokorra.

Aldatu egiten da 2. artikuluaren 3. apartatua, eta honela geratzen da idatzita:

«3.– Organo hauek ere Hezkuntza Sailari atxikita egongo dira, sorrera-arauetan zehaztutakoaren arabera:

3.1.– Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 90. artikuluan xedatutakoaren arabera sortua.

3.2.– Euskadiko Eskola Kontseilua.

3.3.– Musika Irakaskuntzen Aholku Batzordea.

3.4.– Lanbide Heziketako Euskal Kontseilua.

3.5.– Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua (iTlent).

3.6.– Hezkuntzaren Ebaluazio, Ikerketa eta Prospektibarako Euskal Institutua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzaren abenduaren 21eko 17/2023 Legearen 83. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3.7.– Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI-IVEI), desagertzear dagoena.

3.8.– Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (Tknika).

3.9.– Lanbide Heziketako Koordinazio Organo Gorena.

3.10.– Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa, HeziLab.

3.11.– Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa.

3.12.– Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua (EIEI).»

Bi.– 13. artikulua aldatzea. Hezkuntza Politiketako Sailburuordetza.

Kendu egiten da 13. artikuluaren 2.atala, eta, horren ordez, honako hau gehitzen da:

«2.– Hezkuntza Politiketako Sailburuordetzari dagokio:

a) HeziLab Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroko eta BiziLab Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroko lanpostuak betetzeko Balorazio Batzorde Iraunkorra atxikitzea, bai eta haren kideak izendatzea ere.

b) Hezilab eta Bizilab sortzeko dekretuetan aurreikusitako Hezkuntza Politiken Sailburuordetzaren Plan Estrategikoa onartzea.

c) HeziLab Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroko zuzendaria izendatzea, ikaskuntzaren eta berrikuntzaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak proposatuta.

d) BiziLab Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroko zuzendaria izendatzea, aniztasunaren eta inklusioaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrak proposatuta.»

Hiru.– 14. artikulua aldatzea. Ikaskuntza eta Berrikuntza zuzendaritza.

3.atala gehitzen da, eta honela geratzen da idatzita:

«3.– Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa, HeziLab, Ikaskuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzari atxikita geratzen da organikoki eta funtzionalki, bere arauan zehazten diren funtzioak garatzeko.

Ikaskuntza eta Berrikuntzako zuzendariari dagokio HeziLab Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroko esparruetako arduradunak izendatzea, HeziLabeko zuzendaritzak proposatuta.»

Lau.– 15. artikulua aldatzea. Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritza.

Aldatu egiten da 2. artikuluaren 3. atala, eta honela geratzen da idatzita:

«3.– Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa, BiziLab, Aniztasunerako eta Inklusiorako Zuzendaritzari atxikita geratzen da organikoki eta funtzionalki, bere arauan zehazten diren funtzioak garatzeko.

Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendariari dagokio BiziLab Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroko esparruetako arduradunak izendatzea, BiziLabeko zuzendaritzak proposatuta.»

Bost.– 22. artikulua aldatzea. Lurralde ordezkaritzak.

Ezabatu egiten da 2. atala.

Sei.– Bigarren Xedapen gehigarria aldatzea.

Bigarren Xedapen Gehigarria honela geratzen da idatzita:

«BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.– Kontratu txikiak.

Beren eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren kontratuetan, funtzionamendu-gastuei badagozkie, kudeaketa zentralizatukoak ez badira, beste organo batzuen eskumenekoak ez badira, edo eskumena duen fakultatiboak egindako proiektu teknikoa behar duten obrak ez badira, eta indarreko legerian txikitzat tipifikatuta badaude, kontratazio-organotzat hartuko dira, eta haiei lotutako gastua baimentzeko eta onartzeko eskumena izango dute, hurrenez hurren, honako organo, organismo, institutu eta kontseilu hauen ordezkariak diren pertsonek:

– Lurralde-ordezkaritzak.

– Ikastetxeen ekonomia eta finantza-kudeaketaren araudian aurreikusitakoak.

– Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa (Tknika).

– Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutua (iTlent).

– Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutua (EIEI).

– Euskadiko Eskola Kontseilua.

– Unibertsitateaz kanpoko Irakas-sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundea (ISEI).

– Euskararen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua.

– Hezkuntza-sistemari laguntzeko zerbitzuak (Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa, HeziLab, eta Inklusioa, Bizikidetza eta Aniztasunaren Kudeaketa Garatzeko Zentroa) eta sailaren mendeko beste erakunde batzuk, funts aurreratuak kudeatzeko baimena dutenak.»

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Indarrean sartzea.

Dekretu hau argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko otsailaren 24an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Hezkuntzako sailburua,

MARÍA BEGOŃA PEDROSA LOBATO.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala