Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2026ko martxoaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKADIKO KIROL PORTUAK
1034

EBAZPENA, 2026ko otsailaren 18koa, Euskadiko Kirol Portuak erakundeko zuzendariarena, Plentziako kirol-portuan amarralekuak esleitzeari buruz emandako epaiak betearaztekoa.

1.– Aurrekariak.

2021eko otsailaren 1ean, Zuzenbide Pribatuko Euskadiko Kirol Portuak erakunde publikoko zuzendariaren 2021eko urtarrilaren 20ko Ebazpena argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (22. zk.). Ebazpen horren bidez Plentziako portuan aisialdiko ontzietarako 7. zerrendako amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura (aurrerantzean, «Deialdia arautzen duen ebazpena») deialdi publiko bidez hastea erabaki zen. Jarduketa administratibo hori Aisia-ontzien titularrei amarralekuak emateko prozedura eta haiek erabiltzeko emakiden araubidea arautzen diren Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduan (aurrerantzean, «2017ko urriaren 19ko Agindua») ezarritakoaren babesean eman zen (2017ko azaroaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua, 213. zk.).

Deialdia arautzen duen aipatutako ebazpen horrek, bigarren oinarrian, amarralekuen kategoria hauek zehazten zituen:

«Bigarrena.– Eskainitako amarralekuak.

1.– Eskainitako amarraleku kopurua berrehun eta lau (204) da.

2.– Hau da kategoria bakoitzeko plaza-kopurua:

a) Pantalaneko amarralekuak, 4 metroko edo gutxiagoko gehieneko luzera eta finger arteko 3,60 metro inguruko zabalera duten ontzientzat: 17.

b) Pantalaneko amarralekuak, 5 metroko edo gutxiagoko gehieneko luzera eta finger arteko 4,00 metro inguruko zabalera duten ontzientzat: 28.

c) Pantalaneko amarralekuak, 6 metroko edo gutxiagoko gehieneko luzera eta finger arteko 4,60 metro inguruko zabalera duten ontzientzat: 71.

d) Pantalaneko amarralekuak, 7 metroko edo gutxiagoko gehieneko luzera eta finger arteko 5,00 metro inguruko zabalera duten ontzientzat: 57.

e) Pantalaneko amarralekuak, 8 metroko edo gutxiagoko gehieneko luzera eta finger arteko 6,00 metro inguruko zabalera duten ontzientzat: 16.

f) Pantalaneko amarralekuak, 9 metroko edo gutxiagoko gehieneko luzera eta finger arteko 6,20 metro inguruko zabalera duten ontzientzat: 6.

g) Pantalaneko amarralekuak, 10 metroko edo gutxiagoko gehieneko luzera eta finger arteko 6,80 metro inguruko zabalera duten ontzientzat: 5.

h) Pantalaneko amarralekuak, 11 metroko edo gutxiagoko gehieneko luzera eta finger arteko 7,60 metro inguruko zabalera duten ontzientzat: 4.

3.– Amarralekuen kokapena ebazpen honen II. eranskineko planoan adierazitakoa da.»

Era berean, deialdia arautzen duen ebazpenaren zazpigarren oinarriko bigarren apartatuan, plazak esleitzeko prozedura ezarri zen:

«2.– Amarralekua esleitzea.

Amarralekuak esleitzeko prozedura lehia askea izango da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 14. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuta. Agindu horren bidez, aisia-ontzien titularrei amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura eta horren araubidea arautzen dira.

Aipatutako aginduaren 14.1 artikulua kontuan izanda, amarralekua esleitzeko, kontuan hartuko dira ontziaren neurri zehatzak, eta lehentasuna emango zaie amarralekua eskatzeko unean itsasontzia duten eskatzaileei; eskatzaile bakoitzak dimentsioei buruz egiten duen aitorpenak errealitatearekin bat etorri behar du. Horregatik, aitortutako dimentsioekiko benetako zehaztasunik ezak eskaera baztertzea edo emakida ezeztatzea ekar dezake.

Zehazki:

– Eskatzaileak zinpeko adierazpenean adierazitako ontziaren neurriak ez badatoz bat dagokion dokumentazioan ontzi horrentzat ezarritako neurriekin, salbu eta desberdintasunaren arrazoia ontzi horretan egiturazko elementuak sartzea bada edo elementu horiek ontziaren zati badira amarralekua eskatzen den unean, urriaren 6ko 186/2015 Dekretuan ezarritako guztizko luzeraren definizioaren arabera –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoen kudeaketaren zenbait alderdi arautzen dituen dekretua bigarren aldiz aldatzekoa–, aurkeztutako eskabidea automatikoki baztertuko da esleipen-prozeduratik.

– Eskabidea egiteko unean eskatzaileak ontzirik ez badu eta deialdi hau ebatzi ondoren amarraleku bat esleitzen bazaio, ebazpen hori indarrik gabe geratuko da, baldin eta eskatzaileak azkenean erosiko duen ontzia ez badator bat, 10 cm2-ko neurrian edo handiagoan, eskabidean egiaztatu duen ontziaren neurriekin.

Era berean, amarralekuak esleitzeari dagokionez, bi ontzi berdinak direla ulertuko da, baldin eta haien dimentsioen arteko aldea eta plazaren gehieneko dimentsioa, ontzi horri dagokion amarratze-kategoriaren arabera, % 10ekoa edo txikiagoa bada; betiere, mahukak ez badu gainditzen eskatzailea deialdi honetan parte hartzen ari den ontziari dagokion amarratze-kategoriarako ezarritako gehieneko dimentsioa.

Kontuan hartuta aisia-ontzien titularrek amarralekuak erabiltzeko emakidak emateko prozedura eta emakiden araubidea arautzen dituen Ekonomiaren Garapenerako eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 14.1 artikuluan ezarritakoa, neurri bereko ontzien kasuan, eskaera egiten den unean ontzia duten eskatzaileek izango dutela lehentasuna, eta artikulu horretan bertan aurreikusitako ontzien dimentsioen arteko berdintasun-egoerak ebazteko notarioaren aurreko zozketaren ondorioetarako; lehenengo zozketa egingo da eskaera egiten den unean amarralekuak erabiltzeko aukera duten eta berdintasun-egoeran dauden eskatzaileen artean, eta bigarren zozketa egingo da ontzia ez dutenen artean. Zozketa horren ondoriozko zerrenda, lehen zozketan sortutako zerrendako azkenaren ondoren korrelatiboki jarraituko da.

Berdintasun-egoera horiek notarioaren aurreko zozketaren bidez ebatziko dira. Zozketa hori Euskadiko Kirol Portuak-en webgunean eta Bizkaiko Lurralde Historikoan tirada handiena duten bi egunkarietan jakinarazten den tokian eta egunean egingo da.»

Prozedura hori 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 14.1 artikuluan ezarritakoaren arabera eman zen. Hau dio:

«14. artikulua.– Plaza esleitzeko irizpideak.

1.– Amarralekua esleitzeko, ontziaren neurri zehatzak hartuko dira kontuan, eskainitako plazekin erlazionaturiko luzera, zabalera eta sakonerari dagokienez, eta lehentasuna emango zaie amarralekuaren eskaera aurkezteko unean ontzia duten eskatzaileei eta amarratzeko plazen neurrietara hobekien egokitzen diren ontziei, baldin eta ontzien zabalerek eta mahukek atrakatze-lanetan maniobrak egiteko aukera ematen badute. Ondorio hauetarako:

Ontziaren luzera, guztira, esleitu beharreko amarralekuaren fingerrak duen luzeraren 3/2 ingurukoa izango da.

Itsasontzien mahuka guztien batura esleitu beharreko plazaren ondoz ondoko finger bien arteko zabaleraren % 90 ingurukoa izango da.

Berdintasun-egoerak notarioaren aurrean egingo den zozketan ebatziko dira, deialdian ezartzen den lekuan. Zozketa honetan ez dira sartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko beste portu eta instalazioetako edozeinetan ontzi berarekin amarratzeko gaikuntza-titulua dutenak.»

Zuzenbide Pribatuko Euskadiko Kirol Portuak erakunde publikoko zuzendariaren 2021eko apirilaren 14ko Ebazpenaren arabera (2021eko maiatzaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua, 97. zk.), Plentziako portuan 7. zerrendako aisia-ontzietarako amarralekuak emateko deialdia ebatzi zen (aurrerantzean, «Esleipen-ebazpena»). Ebazpen horren babesean, amarralekuak esleitu ziren eta plaza horiek erabiltzeko emakidak eman zitzaizkien dagozkien ontziek plaza horiek okupatzeko esleipendun izan ziren pertsonei.

Esleipen-ebazpena hainbat interesdunek aurkaratu zuten, hasiera batean administrazio-bidean, eta, ondoren, administrazioarekiko auzien jurisdikzioan. Horren ondorioz, jurisdikzio-prozesu hauek izapidetu ziren:

1.– Edorta Sustacha Gutiérrez jaunak aurkeztutako 162/2022 prozedura arrunta, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 6 zenbakiko Epaitegian bideratua.

2.– Luis Fernández González jaunak aurkeztutako 197/2022 prozedura arrunta, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegian bideratua.

3.– Jose Antonio Unanue Amelibia jaunak aurkeztutako 111/2022 prozedura arrunta, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4 zenbakiko Epaitegian bideratua.

4.– Ugutz Aia Goikoetxeak aurkeztutako 116/2022 prozedura arrunta, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 5 zenbakiko Epaitegian bideratua.

5.– Joseba Iñaki Nafarrate Martin jaunak aurkeztutako 50/2022 prozedura arrunta, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 6 zenbakiko Epaitegian bideratua.

6.– Luis María Pérez Abejón jaunak aurkeztutako 150/2022 prozedura arrunta, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegian bideratua.

7.– Gorka Santamaría Arrieta jaunak aurkeztutako 111/2022 prozedura arrunta, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegian bideratua.

8.– Igor Uriaguereca Echebarria jaunak aurkeztutako 119/2022 prozedura arrunta, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegian bideratua.

9.– Íñigo Zarauz Astorki jaunak aurkeztutako 118/2022 prozedura arrunta, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegian bideratua.

10.– Daniel Intxausti Calderón jaunak aurkeztutako 267/2022 prozedura arrunta, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4 zenbakiko Epaitegian bideratua, eta ondoriozko 297/2025 apelazio errekurtsoa.

Prozesu horien esparruan, errekurtsogileen interesen aldeko epai irmo hauek eman dira:

1.– 179/2023 Epaia, 2023ko azaroaren 6koa, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 6 zenbakiko Epaitegiak 162/2022 prozedura arruntean emandakoa.

2025eko uztailaren 21ean jakinarazitako testigantza.

2.– 36/2023 Epaia, 2023ko martxoaren 21ekoa, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegian bideratutako 197/2022 prozedura arruntean emandakoa.

2025eko irailaren 2an jakinarazitako testigantza.

3.– 38/2024 Epaia, 2024ko otsailaren 10ekoa, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4 zenbakiko Epaitegian bideratutako 111/2022 prozedura arruntean emandakoa.

2025eko irailaren 19ko testigantza.

4.– 101/2023 Epaia, 2023ko uztailaren 14koa, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 5 zenbakiko Epaitegian bideratutako 116/2022 prozedura arruntean emandakoa.

2025eko azaroaren 18an jakinarazitako testigantza.

5.– 74/2023 Epaia, 2023ko otsailaren 10ekoa, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 6 zenbakiko Epaitegian bideratutako 50/2022 prozedura arruntean emandakoa.

2023ko martxoaren 27an jakinarazitako testigantza.

6.– 39/2023 Epaia, 2023ko martxoaren 27koa, Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegian bideratutako 150/2022 prozedura arruntean emandakoa.

2025eko irailaren 17ko testigantza.

7.– 35/2023 Epaia, 2023ko martxoaren 21ekoa, Bilboko Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegian bideratutako 111/2022 prozedura arruntean emandakoa.

2025eko azaroaren 6an jakinarazitako testigantza.

8.– 65/2023 Epaia, 2023ko apirilaren 17koa, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegian bideratutako 119/2022 prozedura arruntean emandakoa.

2025eko azaroaren 14an jakinarazitako testigantza.

9.– 64/2023 Epaia, 2023ko apirilaren 17koa, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegian bideratutako 118/2022 prozedura arruntean emandakoa.

2025eko azaroaren 7an jakinarazitako testigantza.

10.– 346/2025 Epaia, 2025eko uztailaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoko 3. Sekzioarena, 297/2025 apelazio errekurtsoan emandakoa.

2025eko urriaren 8an jakinarazitako testigantza.

Era berean, epaien testigantza une desberdinetan jaso ondoren, EKPk epaiak betearazteko epea hiru (3) hilabetez luzatzeko eskatu zuen, eta, eskaera horren esparruan, ebazpen hauek eman dira, batzuk epea luzatzearen aldekoak eta beste batzuk ukatzearen aldekoak:

– 2026ko urtarrilaren 12ko probidentzia, 2023ko apirilaren 17ko 64/2023 Epaia betearazteko eskatutako epe gehigarria ematen duena. Epai hori Bilboko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegian bideratutako 118/2022 prozedura arruntean eman zen, eta 2026ko urtarrilaren 14an jakinarazi zen.

– 2025-12-23ko autoa, jarduketa hauetan emandako epaia ez dela betearazi adierazten duena. Eta ez dela epe gehigarririk eman behar Bilboko Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegian bideratutako 111/2022 prozedura arruntean 2023ko martxoaren 21ean emandako 35/2023 Epaia betearazteko.

– 2026ko urtarrilaren 12ko probidentzia, 2023ko apirilaren 17ko 65/2023 Epaia betearazteko eskatutako epe gehigarria ematen duena. Epai hori Bilboko Administrazioarekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegian bideratutako 119/2022 prozedura arruntean eman zen, eta 2026ko urtarrilaren 16an jakinarazi zen.

– 2026-02-06ko autoa, jarduketa hauetan emandako epaia ez dela betearazi adierazten duena. Eta ez dela epe gehigarririk eman behar Bilboko Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegian bideratutako 150/2022 prozedura arruntean 2023ko martxoaren 27an emandako 39/2023 Epaia betearazteko.

– 2026-02-06ko autoa, jarduketa hauetan emandako epaia ez dela betearazi adierazten duena. Eta ez dela epe gehigarririk eman behar Bilboko Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegian bideratutako 197/2022 prozedura arruntean 2023ko martxoaren 21ean emandako 36/2023 Epaia betearazteko.

– 2026ko otsailaren 10eko autoa, 2024ko otsailaren 10eko 38/2024 Epaia betearazteko eskatutako epe gehigarria ematen duena. Epai hori Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4 zenbakiko Epaitegian bideratutako 111/2022 prozedura arruntean eman zen, eta 2026ko otsailaren 16an jakinarazi zen.

2.– Epaitzen irismena.

Epai horien izendatzaile komuna bat dator (i) esleipen-ebazpenaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoak ezetsi zituzten aginduak eta (ii) esleipen-ebazpenaren beraren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoak baliogabetzearekin; izan ere, deialdia arautzen duen ebazpenean eta 2017ko urriaren 19ko Aginduan jasotako oinarrietan aurreikusten ez den irizpidea aplikatu da, hau da, erabilgarri dagoen espazioa bi fingerren artean zatitzea, eta, emaitza horretatik aurrera, ontziak har dezakeen gehieneko mahuka lortzea, maniobragarritasuna ahalbidetzeko % 4 kenduta.

Horrez gain, aipatutako epaitzetako batek, gora jotzeko errekurtsoen ebazpenak eta esleipen-ebazpena baliogabetzeaz gain, banakako egoera juridikoak aitortzen ditu. Zehazki:

• Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4 zenbakiko Epaitegiak 2024ko otsailaren 10ean 111/2022 prozedura arruntean emandako 38/2024 Epaian «Administrazioak Plentziako porturako amarralekuak esleitzeko deialdi berri bat onartu eta argitaratu behar du, 7 m arteko luzera duten ontzien segmenturako» izeneko egoera juridiko indibidualizatua adierazten da. Kasu horretan, errekurtsogilea 8,45 metroko luzera, 3,03 metroko zabalera eta 0,68 metroko sakonera zuen ontzi batekin aurkeztu zen deialdira.

• Bilboko Administrazioarekiko Auzien 5 zenbakiko Epaitegiak 2023ko uztailaren 14an 116/2022 prozedura arruntean emandako 101/2023 Epaian, demandatua zigortu zen «Plentziako portuan 7. zerrendako ontzientzako amarralekuen emakiden deialdia berriro ebaztera, amarralekuak 2021eko urtarrilaren 20ko deialdian eta deialdiaren oinarrietan (2017ko urriaren 19ko Agindua) ezarritako irizpidearen arabera esleituz». Kasu horretan, errekurtsogilea 7 metroko luzera eta 2,5 metroko zabalera zuen ontzi batekin aurkeztu zen deialdira.

• Bilboko Administrazioarekiko Auzien 6 zenbakiko Epaitegiak 2023ko otsailaren 10ean emandako 74/2023 Epaian, errekurtsogileak «E» kategorian parte hartzeko eskubidea zuela deklaratu zen. Kasu honetan, frogatutako gertakarien arabera, errekurtsogilea 7,85 metroko luzera zuen ontzi batekin aurkeztu zen deialdira.

Era berean, adierazi behar da aurreko hiru epaiak ez diren beste epai batzuetan berariaz adierazten dela ez dela baiesten demandatzaileen asmoa, hau da, administrazio demandatua kondenatzea plazak esleitzeko beste deialdi bat onartu eta argitaratzera, deialdia arautzen duen ebazpena ez baitzen aurkaratu eta irmo bihurtu baitzen.

3.– Emandako epaietan dauden kontraesanak.

Egiazta daitekeenez, administrazio-jarduera berari buruzko erabaki bat baino gehiago eman dira, eta ez dira arbitratu dauden prozesu-mekanismoak, bereziki prozesuen metaketa, administrazio-jarduera berari buruzko ebazpen kontraesankorrak emateko arriskua saihesteko.

Izan ere, hori dela eta, kontraesanezko erabakiak hartu dira.

Hala, kontraesan nabarmena dago administrazioarekiko auzi-errekurtsoek deialdia arautzen duen ebazpenean izan duten eraginari dagokionez. Epai gehienetan aldarrikatzen da deialdia arautzen duen ebazpena ez zela aurkaratu administrazio-bidean, eta, beraz, irmo bihurtu zela. Aldiz, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4 zenbakiko Epaitegiak 111/2022 prozedura arruntean 2024ko otsailaren 10ean emandako 38/2024 Epaian berariaz adierazten da Plentziako porturako amarralekuak esleitzeko deialdi berri bat onartu eta argitaratu behar dela, 7 m arteko luzera duten ontzien segmenturako. Azken epai hori gainerakoekin modu bateraezinean proiektatzen da deialdia arautzen duen ebazpenaren gainean; izan ere, segmentu baterako deialdi berri bat onartzera eta argitaratzera behartzen du, eta, gainerako epaietan, berriz, deialdi horren berrikuspen jurisdikzionalari ekitea bidegabea izateari eutsi zaio, irmoa delako.

Kontraesanak indar berezia du 38/2024 Epaiaren epaitza eta 2023ko uztailaren 14ko 101/2023 Epaiaren epaitza aurrez aurre jartzen badira. Epai hori Bilboko Administrazioarekiko Auzien 5 zenbakiko Epaitegiak eman zuen 116/2022 prozedura arruntean, eta epai horretan berariaz kondenatu zen demandatua «Plentziako portuan 7. zerrendako ontzientzako amarralekuen emakiden deialdia berriro ebaztera, amarralekuak 2021eko urtarrilaren 20ko deialdian eta deialdiaren oinarrietan ezarritako irizpidearen arabera esleituz (2017ko urriaren 19ko Agindua)». Azken epai horren onuradun den errekurtsogileak, hain zuzen ere, 7 metrora arteko ontzien segmentuko amarralekuetako bat bete nahi zuen ontzi batekin parte hartu zuen; hau da, 2024ko otsailaren 10eko 38/2024 Epaian ezarritakoaren arabera, beste deialdi bat onartu eta argitaratu beharko litzatekeen segmentuan.

4.– Epaiak betearazteko modua.

AAJLren 103.2 artikuluak ezartzen duenez, «aldiek nahitaez bete behar dituzte epaiak, epaietan adierazitako moduan eta terminoetan».

Era berean, AAJLren 104.1 artikuluak adierazten duenez, «epai bat irmoa denean, Justizia Administrazioaren letraduak hamar eguneko epean jakinaraziko dio epai hori betetzearen arduradun gisa identifikatutako organoari, jakinarazpena jaso ondoren, ondorio huts eta egokiak izan ditzan eta epaitzan jasotako adierazpenak betetzeko eskatzen duena gauza dezan».

Legeak epaiak bere horretan ez betearaztea saihesteko mekanismoak aurreikusten ditu. AAJLren 103.4 artikuluak, ildo horretan, hau ezartzen du: «Erabat deusezak izango dira epaien erabakien aurkako egintzak eta xedapenak, horiek betetzea saihesteko ematen badira»; eta AAJLren 108.2 artikuluak hau xedatzen du: «Administrazioak epaitzaren erabakiak urratzen dituen jardueraren bat egiten badu, epaile edo auzitegiak, interesdunek eskatuta, egoera epaitzak eskatzen duen egoerara itzuliko du, eta ez-betetzeak eragiten dituen kalte-galerak zehaztuko ditu».

Iritsi den egoerak agerian uzten du eskubideen eta interesen arteko konfrontazioa dagoela epaien errekurtsogile onuradunen artean: (i) betearazpena esleipen-ebazpena baliogabetzera eta deialdia arautzen duen ebazpenaren arabera esleipen-ebazpen berri bat ematera mugatzea nahi dutenak, gai horri buruzko epaietan jasotako segmentuetan sartutako ontzi jakin batzuk barne hartuta; eta (ii) 7 metroko segmentuan beste deialdi bat onartzeko eta argitaratzeko eskubidea lortu duen errekurtsogilea.

Testuingurua hori izanda, eta aldi berean interes konkurrenteak asetzen dituen amaierarik ez dagoenez, jokoan dauden printzipio konstituzionaletatik gutxien urruntzen den soluzioa baino ezin da lortu.

Segurtasun juridikoaren printzipioa (Espainiako Konstituzioaren 9.3 artikulua), eta babes judizial eraginkorrerako eskubidearen errespetua kontuan hartuta, epaiak bere horretan betearazteko eskubideari dagokionez (24.1 eta 118 EE), betearazpenak inolako ondoriorik gabe utzi beharko luke esleipen-ebazpena, bai eta deialdia arautzen duen ebazpena baliogabetu ere, 7 metrora arteko ontzien segmentuari dagokionez, eta, gutxienez irismen horrekin, beste deialdi bat onartu eta argitaratu beharko litzateke.

Soluzio horrekin: (i) epai guztiak betetzen dira, esleipen-ebazpena baliogabetzeari dagokionez; (ii) errekurtsogileetako batek lortutako eskubidea ere beteko litzateke, hau da, Administrazioak 7 metro arteko ontzien segmenturako beste deialdi bat onartu eta argitaratzeko eskubidea; eta (iii) aldi berean, deialdi berri hori onartu ondoren, amarralekuak esleitu ahal izango lirateke.

Hala ere, agertoki horrek arazo gehigarri bat planteatzen du, eta hori ere kontuan hartu behar da.

Esleipen-ebazpena baliogabetzeko epaietan eman den arrazoi nagusi eta zabalduena da ebazpen horretan deialdia arautzen duen ebazpenean eta 2017ko urriaren 19ko Aginduan jasotako oinarrietan aurreikusi gabeko irizpide bat aplikatu dela: erabilgarri dagoen espazioa bi fingerren artean zatitzean datzan esleipen-irizpidea, eta, emaitza horretatik abiatuta, ontziak har dezakeen gehieneko mahuka lortzea, maniobragarritasuna ahalbidetzeko % 4 kenduta.

Epaietan beren-beregi baztertu den bi aldeen arteko zatitze-irizpide hori ezin da aplikatu, bistako arrazoiak direla medio, Plentziako portuko amarralekuak esleitzeko epaien betearazpenean.

Epaietan adierazitakoaren arabera, fingerren artean dagoen ur-lamina hobeto aprobetxatzeko irizpideari jarraitu behar zaio, eta horrek eskatzen du fingerren artean dauden amarralekuak, nolanahi ere, bi itsasontziren konbinazioa kontuan hartuta esleitzea. Hau da, aprobetxamendua bi ontziek batera hartzen duten espazioaren arabera neurtu behar da; eta aprobetxamendu hori batera optimizatzen duen konbinazioak izango du fingerren artean dauden bi amarralekuak esleitzeko eskubidea.

Konbinazio horiek egin ahal izateko, hasiera batean ezinbestekoa da, besteak beste, deialdiaren segmentu bakoitzean parte hartzen duten ontzi guztien neurriak ezagutzea.

Bada, 7 metro arteko segmentuko ontziei dagokienez, deialdia baliogabetzen bada eta ondoriorik gabe uzten bada, bistakoa da, dagokion prozedurari hasiera eman arte, ez direla ezagutzen segmentu horretan parte hartuko duten ontzien neurriak, eta, beraz, ez dela jakiten ontzi horiek zer neurri dituzten ur-laminaren aprobetxamendu handiena duen konbinazioa aurkitzeko.

Horren ondorioz, ezin da mahuka zehaztu beste segmentu batzuetako deialdiko plazen ondoko 7 metroko segmentu horretako plazetan.

Hurrengo irudian (bat dator deialdia arautzen duen ebazpenaren II. eranskinean ageri den planoarekin) ikus daitekeenez, puntu batean fingerren arteko lotura bat aurreikusita dago 7 metro arteko ontzi batentzat, eta beste amarraleku bat 6 metro arteko ontzi batentzat:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Era berean, ikus daiteke 6 metro arteko ontzientzako amarralekuetako batek finger horien artean 4 metro arteko ontzientzako amarraleku bat partekatzen duela:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Ez dagoenez fingerren arteko espazioa 6 metro arteko segmentuko amarratzearekin partekatu behar duen 7 metro arteko segmentuko ontziaren neurriei buruzko daturik, ezin da zehaztu zein ontzik lortzen duen ur-laminaren aprobetxamendurik onena fingerren arteko espazio partekatu horretan. Ondorioz, ezin dira esleitu 6 m arteko gainerako amarralekuak, definituta ez dagoen funtsezko parametro bat dagoelako (fingerren arteko espazioaren konfigurazio partekatua), eta ezinezkoa delako segmentuko amarralekuetako ur-laminak ondoen aprobetxatzen duen ontzien konbinazioa aurkitzea.

Modu berean, 6 metro arteko ontzien amarralekuak esleitzerik ez badago, ezin da behar bezala mugatu fingerren arteko espazioa 6 metro arteko segmentuarenarekin partekatzen duen 4 metro arteko segmentuaren amarralekuaren mahuka erabilgarria, eta 4 metro arteko segmentuan definizio eza bera sortzen da: amarraleku zehatzezina egongo litzateke, eta, beraz, ezin da esleitu, eta horrek segmentu horretako gainerako amarralekuak esleitzea baldintzatzen du.

Betearazi nahi diren epaiek finkatutako irizpideak, momentuz, eta gutxienez, segmentu guztietako ontzien neurriak ezagutzea eskatzen du. Eta, bereziki, fingerren artean bi segmentuko amarralekuak daudenean, ezinbestekoa da bi segmentuetako ontzi guztien neurriak ezagutzea, ur-lamina ondoen aprobetxatzen duen konbinazioa identifikatzeko.

Horrela, 7 metro arteko segmentuko ontzien daturik ez dagoenez, ezin da epaietan jasotako interpretazio judiziala aplikatu, eta horrek 6 metro arteko eta 4 metro arteko ontzien segmentuen esleipena blokeatzen duen ur-jauzi efektua eragiten du.

Horri gehitu behar zaio EKPk, 7 m arteko segmentu horren deialdia onartzean, deialdia arautzen duen ebazpenaren ondoriozkoez bestelako esleipen irizpideak har ditzakeela, betearazi beharreko epaien zati batean adierazitakoaren arabera. Bertan EKPri diskrezionalitatea aitortzen zaio oinarriak onartzean (346/2025 zenbakiko EAEAN, 2025eko uztailaren 17koa, 297/2025 apelazio errekurtsoa). Aukera horrek aldaketak eragin ditzake hainbat ontzi-segmenturen ondoko amarralekuetarako erabilgarri dagoen espazioari dagokionez, eta, horrez gain, aldagai guztiak (amarralekuak, ontzi konkurrenteen kopurua eta horien neurriak) esleipena egin ahal izateko definituta egon behar dira. Horrek esan nahi du aipatutako esleipena egin ahal izateko 7 metrora arteko ontzien segmentuaren deialdi berriak deialdia arautzen duen ebazpenaren ondoriozko esleipen-irizpide berberak jaso beharko lituzkeela, gauzatu beharreko epaietan jasotako interpretazioaren arabera.

Horrela, kontuan hartu beharko litzateke epaiek zehaztutako ur-laminaren ahalik eta aprobetxamendu handiena eskatzeak eta bi kategorien konbinazioa gauzatzen den espazioetan (fingerren arteko espazioa partekatzen dute) kategoria baterako arau zehatz batzuk zehaztea ezinezkoa izateak berarekin ekarriko lukeela deialdi berriak onartu eta argitaratzea 6 metro arteko eta 4 metro arteko luzera duten ontzien segmentuetarako. Hala ere, 111/2022 prozedura arruntean emandako 2024ko otsailaren 10eko 38/2024 Epaiaren epaitza, Administrazioari 7 m arteko luzera duten ontzien segmentuari lotutako amarralekuak esleitzeko deialdi berri bat onartzera eta argitaratzera behartzera mugatzen da; eta epai horrek ez ditu jorratzen deialdiaren gainerako segmentuak, bereziki horren eragin zuzena dutenak (6 m arteko eta 4 m arteko luzera duten ontzien segmentuak).

Arazo hori ez da agertzen deialdiaren xede izan ziren amarralekuak dituzten gainerako ontzi-segmentuetan (5 m, 8 m, 9 m, 10 m eta 11 metroko luzera arteko ontzi-segmentuak), izan ere, segmentuen artean ez dago espazio partekaturik azaldutako arazoak eragindako segmentuekin.

5.– Epaiak betearazteko bideak.

Esleipenaren ebazpena baliogabetu ondoren, esleipen berria gauzatzeko egin beharreko jarduketak egin beharko lirateke, deialdia arautzen duen ebazpenaren eta betearazi beharreko epaietan adierazitako interpretazioaren arabera, ontzi segmentu hauei dagozkien amarralekuen kasuan: (i) 5 m arte; (ii) 8 m arte; (iii) 9 m arte; (iv) 10 m arte; eta (v) 11 m arte.

Aldiz, gainerako ontzi segmentuei (4 m, 6 m eta 7 m artekoak) dagokienez, adierazi behar da, 2024ko otsailaren 10eko 38/2024 Epaian jasotako epaitzaren irismen mugatua kontuan hartuta, hasteko, lehen aipatutako arazoak eta 6 m arteko eta 4 m arteko ontzien amarralekuak esleitzeko ezintasuna ditugula, baldin eta 7 m arteko ontzien datuak eta esleipen irizpideak definituta ez badaude eta berdinak ez badira. APELen 49.2 artikuluan xedatutakora egindako lehen hurbilketa batek ofizioz zabal lezake, epai hori betearaztean, epaia baliogabetzeak dakarren eragina, eta benetan baliogabetu deialdia arautzen duen ebazpena, ez bakarrik 7 metro arteko segmenturako, baita 6 metro arteko eta 4 metro arteko segmentuetarako ere. Hala ere, 2025eko urriaren 22ko 453/2025 epaitik, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Aretoko 3. Sekzioak, aipatutako APELen 49. artikulua hizpidera ekarriz, ondorioztatzen da aukera hori ez dela posible eta administrazio publiko batek ezin duela «[...] baliatu epai judiziala oinarri desberdinak idazteko (Bosgarren FDa, ECLI:ES:TSJPV:2025:3527)». Beraz, gauzatu beharreko epaitzaren irismena ikusita, eta epaitza ez zela hedatu ikusita, adibidez, APELen 49.2 artikulua, 7 metro arteko ontzien segmentuari zegokion deialdiaren baliogabetze partzialak ezinbestean eragiten zien deialdiaren beste alderdi batzuei dagokienez, aldez aurretik baztertu behar da baliogabetze hori APELen 49.2 artikuluaren bidez ofizioz zabaltzeko aukera.

Era berean, ezin da deialdian atzera egin, nahiz eta baliogabetzeko arrazoia egon. TSJMko Administrazioarekiko Auzien Aretoak, 2. Sekzioak, 2024ko azaroaren 11ko epaian, 517/2023 errekurtsoan (ECLI:ES:TSJM:2024:13724), Bosgarren FDan, 6. apartatuan, adierazi zuen bezala, «baldin eta atzera egiteko arrazoi bakarra bazen administrazioak ulertzen zuela 7. eta 9. oinarri horiek baliogabetzen zituen irregulartasun bat zegoela, eta horrek erabateko deuseztasun konponezina zekarrela, soluzio juridikoa izan behar zuen baliogabetzen zuen bizio batek biziatutako egintza bat ofizioz berrikusteko prozedura abian jartzea. Baina bestelako mekanismo juridiko baten aurrean gaude: deialdian atzera egite hutsa. Ez dirudi onargarria denik egintza irmo eta borrokarik gabekoen ondorioz deituta eta prozesu horren garapenaren erdian zegoen hautaketa-prozesu batean atzera egite hutsa adostea, horrek hautagaiei eragiten zien kaltearekin». Atzera egiteko mugak Auzitegi Gorenak ere zehaztu ditu, Administrazioarekiko Auzien Aretoak, 4. sekzioan, 3139/2023 errekurtsoan (ECLI:ES:TS:2025:2749), Laugarren FDan, C letran), kasu honetan prozedura amaitzeko modu horretara jotzea eragotziko lukeen zentzuan.

Beste bide batzuetan sakonduz, egia esan, deialdia arautzen duen ebazpenean jasotako oinarrien aldaketa, EKPko organo eskudunaren ebazpenaren bidez, ez da baliozko bide gisa agertzen. Administrazioarekiko Auzien Auzitegi Nagusiak, 6. Sekzioak, 2022ko abenduaren 30eko epaian, 1091/2021 errekurtsoan (ECLI:ES:TSJM:2022:15858), Seigarren FDan, ere hau adierazi du: «2021eko martxoaren 8ko 134/2021 Ebazpenaren bidez egindako oinarrien edozein aldaketa, eta hautatuen zerrendak aldatzen dituen Irakaskuntzako Buruzagitzaren 2021eko martxoaren 12ko 148. Ebazpena bera (aurrekoaren ondorioz), eta are gehiago jada hautatuak izan diren parte-hartzaileentzat ondorio kaltegarriak baditu (kasu honetan, errekurtsogilea aurretiazko azterketa egiteko onartuen zerrendatik kanpo utzita), Administrazioa bere eskubideak deklaratzen dituzten egintzak berrikusteko prozedurei lotuta egonda egin behar da».

APELen 106. artikuluan eta hurrengoetan APELen 47.1 eta 48. artikuluei dagokienez aipatzen den Ofiziozko berrikuspenari dagokionez, bide hori aipatzen baita aurreko paragrafoetan adierazitako epaietan, ohartarazten da, kasu honetan, 6 metro arteko eta 4 metro arteko luzera duten ontzi-segmentuetako amarralekuak esleitzeko ezintasuna, hasiera batean, erabaki judizialetatik eratorritakoa dela uler daitekeela, eta horrek ofiziozko berrikuspenaren bideragarritasun-arazoak ekar litzakeela, gerora sortutako eta jatorriz kanpoko kausa baten aurrean gaudelako, jurisprudentziak eskatzen duen bezala, APELen 47.1.c) artikuluan ezarritako erabateko deuseztasunaren arrazoia gertatzen dela ulertzeko. Era berean, APELen 48 artikuluaren eta kaltegarritzat jotzeko balizko prozedura baten ikuspegitik, ez dirudi deialdian legezkotasun-akatsik dagoenik 6 m arteko eta 4 m arteko luzera duten ontzi-segmentuei dagokienez; printzipioz, gerora sortutako egoera baizik, erabaki judizial batek eragindakoa eta eragingabetasuna dakarrena: plaza horiek ezin dira esleitu, jarraitu beharreko esleipen-irizpideak eta 7 m arteko ontzien segmenturako deialdi berri bat onartu eta argitaratzeko betebeharrak sortzen duten eraginagatik.

Beraz, aipatutako bide administratiboak baztertzeko agertoki honetan, hainbat egikaritze alternatiba aurkezten dira, batere ez ona, ezta juridikoki ortodoxoa ere:

1.– Ulertzea deialdia arautzen duen egintzaren eragingabetasuneko arazo baten aurrean gaudela, 6 metro arteko eta 4 metro arteko luzera duten ontzi-segmentu horiei dagokienez. Horretarako, AAJLen 105.2 artikulua aplikatuz, beharrezkoa litzateke betearazpena ahalik eta eraginkorrena izan dadin beharrezkoak diren neurriak hartu nahian, 6 metro arteko eta 4 metro arteko amarralekuak esleitzea ezinezkoa dela deklaratzea, (ii) 6 metro arteko eta 4 metro arteko luzera duten ontzien segmentuetarako deialdia ondoriorik gabe uztea (segmentu horietako ontziak dituzten eskatzaileengan eragina izanik), eta (iii) EKPri agintzea ontzi segmentu horietarako deialdi berri bat onartu eta argitaratu eta segmentu horiei dagozkien amarralekuak esleitu ditzala 7 metro arteko ontzien segmenturako, ematen den deialdi berriaren arabera, 2024ko otsailaren 10eko 38/2024 Epaia betearazteko egin behar denarekin batera. Epai hori Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4 zenbakiko Epaitegiak eman zuen, 111/2022 prozedura arruntean.

2.– Beste aukera bat, AAJLen 105.2 artikuluan xedatutakoa ere oinarri hartuta, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4 zenbakiko Epaitegiak 2024ko otsailaren 10ean 111/2022 prozedura arruntean emandako 38/2024 Epaia partzialki ez betearaztea izan liteke, hau da, EKPk Plentziako porturako amarralekuak esleitzeko deialdi berri bat onartzea eta argitaratzea, 7 metrora arteko ontzien segmenturako, deialdiaren zati bat bakarrik baliogabetzeak eta baliogabetze horrek beste segmentu batzuetan eragiten dituen ondorioak alde batera uzteak dakarren arazoarengatik, eta horrek errekurtsogile honek lortutako eskubidea nolabait betetzen saiatzera behartuko luke; eta

3.– Ikusten den hirugarren aukera da, AAJLen 105.2 artikulua aplikatuz eta betearazpen-prozedura ahalik eta eraginkorrena izango dela ziurtatzeko beharrezko neurriak hartu nahian, Bilboko Auzialdiko 4 zenbakiko Epaitegiak, Administrazioarekiko Auzien Atalak, zehaztea EKPk onartu eta argitaratu behar duen 7 metro arteko ontzi-segmentuaren deialdi berriak deialdia arautzen duen ebazpenaren ondoriozko esleipen-irizpide berberak jaso behar dituela, betearazi beharreko epaietan jasotako interpretazioaren arabera; horrek, AAJLen 71.2 artikuluan xedatutakoa urratzeaz gain, badirudi eraso egiten diola Bilboko Administrazioarekiko Auzien 4 zenbakiko Epaitegiak 2024ko otsailaren 10ean 111/2022 prozedura arruntean emandako 38/2024 Epaian 7 metrora arteko segmentu horretarako deialdia baliogabetzearen arrazoiari.

Hori horrela izanik, AAJLen 109.1 c) artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da eskatzea, betearazpen-intzidente batean, dagokion organo jurisdikzionalak erabaki dezala zein baliabiderekin gauzatu behar diren epaitzak eta jarraitu beharreko prozedura, ematen diren inguruabarrak ikusita.

Betearazpen-intzidenteak 2023ko uztailaren 14ko 101/2023 Epaiaren epaitzaren zatira ere iritsi behar du. Epai hori Bilboko Administrazioarekiko Auzien 5 zenbakiko Epaitegiak eman zuen 116/2022 prozedura arruntean. Epai horren arabera, «demandatuak berriro ebatzi behar du Plentziako portuan 7. zerrendako ontzientzako amarralekuen emakiden deialdia, 2021eko urtarrilaren 20ko deialdian eta deialdiaren oinarrietan ezarritako irizpidearen arabera (2017ko urriaren 19ko Agindua)». Horren arrazoia da, azaldutako guztiarengatik, amarralekuak esleitzeko ebazpen berria, deialdia arautzen duen ebazpenean ezarritakoaren arabera, ezin dela osorik gauzatu, eta 7 metro arteko eta, hala badagokio, 4 metro arteko itsasontzien segmentuei dagozkien amarralekuen esleipenak, 6 metro artekoak, gauzatu behar diren modua zehaztu ondoren egin beharko liratekeela.

Era berean, betearazpen-intzidenteak ebazteko moduak esleipenaren baldintzetan intzidentzia eta eragin zuzena duen heinean, esleipen-ebazpen berria eta deialdi berriak eman beharko lirateke betearazpen-intzidenteari buruz ematen diren ebazpena edo ebazpenak irmo bihurtzen direnean.

Azkenik, betearazi beharreko epaietan ezarritako esleipen-irizpidearen interpretazioaren arabera amarralekuen esleipen berria gauzatzeko egiaztatu behar diren eragiketei dagokienez, adierazi behar da, azaldutako guztiaz gain, irizpide horren aplikazioak oraindik argitu gabeko izaera teknikoko hainbat zalantza planteatzen dituela, eta horiek aztertzen eta analizatzen ari direla, esleipen berria zelan gauzatu jakiteko, betearazi beharreko epaietan huts egindako deuseztapenaren ondoren. Hala, bada, nabarmendu beharra dago, aurreikusten denez, zailtasun teknikoa ekar lezakeela plazak esleitzeak, aipatutako epaiek emandakoa aplikatuz. Izan ere, esleipena kalkulatzeko, beharrezkoa da aldi berean hainbat faktore konbinatzea:

– Eskatzaile kopuru esanguratsua kategoria batzuetan.

– Ontzien neurri heterogeneoak (luzera eta mahuka).

– Batzuetan, neurri bereko itsasontziak (luzera eta mahuka).

– Esleipendun izan daitezkeen ontzien artean berdintasuna egonez gero, zozketa-sistema.

– Amarratze-kategoria desberdinak.

– Hainbat kategoriatako ontzien konbinazioa kokapen jakin batzuetan (4 espazio fingerren artean).

– Fingerren arteko murrizketa geometrikoak.

– Kantoiko amarralekuetan ez dago murrizketa geometrikorik mahukaren ondorioetarako.

– Nahitaezko maniobra-marjinak, baina definizio-maila zehatzik gabe (2017ko urriaren 19ko Aginduaren 14.1 artikulua).

– Ontzia edukitzeagatiko lehentasun-irizpideak.

Horrez gain, fingerren arteko espazio jakin batzuk bi ontzitarako esleipen-unitate bakartzat hartzera behartzen duen interpretazio judizialak, aurrez definitutako simetriarik gabe eta, ondorioz, gehieneko plaza zehatzik gabe, konbinazio-optimizazioko arazo batera bideratzen du esleipena, esleipen posibleen kopurua modu esponentzialean handituz. Testuinguru horretan, eskuzko edo erdi-eskuzko edozein hurbilketa ez da nahikoa aldi berean prozesuaren zehaztasuna, objektibotasuna, trazabilitatea eta akatsik eza bermatzeko, batez ere soluzio optimo global bat bilatzen denean.

Hala, epai judizialen ondorioz eta aurrez definitutako gehieneko plazarik ez dagoela erabakita, konpondu beharreko arazoa eskatzaileen esleipena kalkulatzea da, portuko ur-laminaren okupazioa maximizatzeko, plazen banaketan dauden murrizketak kontuan hartuta. Kategoria (edo plaza homogeneoen multzo) bakoitzerako, eskatzaileen konbinazioak ebaluatu behar dira, bideragarritasun-murrizketak egiaztatuz eta ur-laminaren okupazio-ehunekoaren adierazlea maximizatuz.

Ikuspegi tekniko eta matematikotik, ezin da a priori soluzio optimo bakarra ziurtatu. Neurri berdinak edo oso antzekoak eta tolerantzia-marjinak dituzten ontziak egoteak (fingerren arteko gehieneko okupazio-ehunekoa maniobragarritasuna bermatzeko –2017ko urriaren 19ko Aginduaren 14 artikulua–), guztiz posible egiten du esleipen-konbinazio desberdinek ur-laminaren gehieneko aprobetxamendu-maila berera eramatea.

Praktikan, esleipenak hautagaien trukaketa ugari aztertzea eskatzen du, emaitza globala hartutako erabakien multzoaren araberakoa baita (zein ontzi esleitzen den, zein plazari eta plaza bikoitzetan zein bikote osatzen diren), eta erabaki horiek elkar baldintzatzen dute.

Adibidez, A kategoriako plazetarako (4 metrora arte) 2 hautagai daude 4 metroko luzera eta 1,60 metroko mahuka duten ontziekin, beste bi 4 metroko luzera eta 1,51 metroko mahuka duten ontziekin eta 4 metroko luzera eta 1,50 metroko mahuka duten beste 4 hautagai. Kasu horretan, gerta daiteke ontzien konbinazioak gehieneko okupazioa lortzen duen egoera posibleren bat aukeratu behar izatea. Hautagaiak aztertzeko ordena ausazkoa denez, soluzio optimo ugari badaude horien hautaketa ausazkoa izango da, eta postuak esleitzean inpartzialtasun irizpidea beteko da.

Bestalde, hainbat dimentsiotako ontzien konbinazioarekin osatutako soluzio optimo ugari ere egon daitezke. Soluzio optimoen kopurua ezezaguna denez, hainbat badaude ezin da modu frogagarrian ziurtatu ahalik eta soluzio optimo posible guztiak aurkitu direnik, baina bai planteatutako soluzioa optimoa dela. Horren ondorioz, ebazteko prozesuan zozketak egin behar dira (notario aurrean), plazak modu eraginkorrean esleituz aurrera egin ahal izateko, horrek dakartzan zailtasunekin.

Amaitzeko, adierazi behar da Mutrikuko (2017ko azaroaren 22ko EHAA, 223. zk.), Armintzako (2018ko urtarrilaren 2ko EHAA, 1. zk.) eta Hondarribiko (2017ko abenduaren 18ko EHAA, 239. zk.) plazen esleipenaren aurrekariak ezin direla Plentziako kasura estrapolatu; izan ere, (i) hiru portu horietako plazen deialdian jaso ziren eskabideen kopurua portu horretan aurkeztu direnak baino askoz txikiagoa izan zen, eta horrek soluzio optimoa lortzeko egin beharreko konbinazioen hazkunde esponentziala dakar, eta (ii) hiru portu horietako plazak esleitzeko deialdiek ez zutela berdintasun-egoerei buruzko arauketarik, eta Plentziako deialdia arautzen duen ebazpenean jasota dagoela (Zazpigarren Oinarria, 2. apartatua), eta aplikatzeko baldintzapean dagoela plazaren gehieneko dimentsioa zehaztea, eta hori, epai judizialen ondorioz, ur-laminaren okupazioa maximizatzeko ontzien artean sor litekeen konbinatoriaren ondorio izango da. Abagune horren ondorioz, gerta liteke plazak behin betiko esleitzea, berdintasun egoerak ebazteko zozketa egin ondoren, deialdia arautzen duen ebazpenaren ondorioetarako berdinak izan arren, plazaren gehieneko dimentsioa identifikatzeko kontuan hartutakoa baino txikiagoak diren eta, ondorioz, ur laminaren okupazioa maximizatzeko eraginkortasun txikiagoa duten ontzi batzuei.

Horregatik guztiarengatik,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ebazpen honen 1. apartatuan adierazitako epaiak zati batean betearaztea, eta indarrik gabe uztea Zuzenbide Pribatuko Euskadiko Kirol Portuak erakunde publikoko zuzendariaren 2021eko apirilaren 14ko Ebazpena (2021eko maiatzaren 19ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua; 97. zenbakia).

Bigarrena.– AAJLen 105.2 artikuluari dagokionez AAJLen 109.1 c) artikuluan ezarritakoaren arabera, betearazpen-intzidentea eskatzea, ematen diren inguruabarrak ikusita, ebazpen honen 5. paragrafoan planteatutako alternatiben artean epaitzak eta jarraitu beharreko prozedura zehazteko, baita gorabehera horretan sor daitezkeenak ere.

Hirugarrena.– Zuzenbide Pribatuko Euskadiko Kirol Portuak Erakunde Publikoko zerbitzu eskudunei agintzea, epai horietan adierazitakoarekin bat etorriz eta epai horiek betez, dagozkion jarduketak egin ditzatela, Plentziako kirol-portuko 7. zerrendako aisialdirako ontzientzako amarralekuak izan ezik (4 metrora arteko, 6 metrora arteko eta 7 metrora arteko luzera duten ontzien segmentuei dagozkienak) –printzipioz–, Plentziako kirol-portuko 7. zerrendako amarralekuak esleitzeko egintza eman dezaten, aurreko bigarren apartatuan aipatutako erabaki judizial irmoa lortu eta ebazpen honen 5. apartatuaren amaieran adierazitako arazo teknikoak ebatzi ondoren, betiere interesdunek, aurretik, Zuzenbide Pribatuko Euskadiko Kirol Portuak erakunde publikoko zuzendariaren 2021eko urtarrilaren 20ko ebazpen honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, hala badagokio, kontuan hartuta, Bilboko Administrazioarekiko Auzien 6 zenbakiko Epaitegiak, 50/2022 prozedura arruntean 2023ko otsailaren 10ean emandako 74/2023 Epaiaren arabera, errekurtsogileak, matrikula 7.: BA-1-9-99 duen «Baiona III» ontziaren jabeak, eskubidea zuela «E» kategorian, hau da, 8 metrora arteko ontzien segmentuan, parte hartzeko.

Laugarrena.– Aurreko paragrafoetan erabakitakoari kalterik egin gabe, eta behin-behineko ondorioetarako soilik, baimena ematea Plentziako kirol-portuko 7. zerrendako aisia-ontzietarako amarralekuak okupatzen dituztenei amarraleku horiek modu prekarioan, aldi baterakoan eta ezeztagarrian erabiltzen jarrai dezaten, inolako eskubiderik sortu gabe eta baliogabetutako titulua luzatu, balioztatu edo birgaitu gabe, harik eta ebazpen hau betetzeko esleipenak egiten diren arte edo plaza horiek zerbitzua antolatzeko, segurtasunerako edo interes publikorako behar diren arte. Egoera horrek irauten duen bitartean dagozkion tarifak ordaindu beharko dira, eta osorik errespetatu beharko da amarralekuei eta portuko zerbitzu eta espazioen erabilerari aplikatu beharreko araudia.

Bosgarrena.– Ebazpen hau eta beronen ondoriozko jarduketak eragindako pertsonei jakinaraztea, eta ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 18a.

Euskadiko Kirol Portuak erakundeko zuzendaria,

JON ASUA ABERASTURI.


Azterketa dokumentala