Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

46. zk., 2026ko martxoaren 9a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1032

EBAZPENA, 2026ko otsailaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Legutio (Araba), Ubide eta Otxandio (Bizkaia) udal-mugarteetan Kastillo parke eolikoa eta hari lotutako azpiegiturak egiteko Plauri Energy SLk sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena.

AURREKARIAK

2024ko urtarrilaren 26an, Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak jendaurreko informazioaren izapidearen mende jarri zuen, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko, Otxandio, Ubide (Bizkaia) eta Legutio (Araba) udal-mugarteetan «Kastillo» parke eolikoa (20 MW) eta hari lotutako azpiegiturak egiteko proiektua, bai eta proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa ere, bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan xedatutakoarekin.

Izapide horren iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2024ko martxoaren 4an (46. zk.), Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean 2024ko otsailaren 28an (25. zk.) eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean 2024ko martxoaren 5ean (46. zk.). Era berean, dokumentazioa ikusgai egon zen Energia eta Meategi Proiektuen Informazio Publikoaren webgunean (https://www.euskadi.eus/01-ge-y-2022-1-pe-kastillo-es/web01-a2energi/eu/). Jendaurreko informazioaren izapidea burutu ondoren, organo substantiboak egiaztatu zuen ez zela alegaziorik jaso.

Horrez gain, aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta espedientean jasota dago emaitza.

2025eko otsailaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzaren eskaera jaso zuen, Otxandio, Ubide (Bizkaia) eta Legutio (Araba) udal-mugarteetan «Kastillo» parke eolikoa (20 MW) eta hari lotutako azpiegiturak egiteko Plauri Energy SLk sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko.

Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek dokumentazioa formalki aztertu ondoren, 2025eko martxoaren 31n errekerimendua egin zen zenbait alderdi formal zuzentzeko.

2025eko uztailaren 4an, organo substantiboak informazio gehiago bidali zuen aurreko errekerimenduari erantzuteko.

Espedienteko dokumentazioaren ikuskapen teknikoa egin ostean, 2025eko abuztuaren 11n egiaztatu zen eskaerak ez zituela betetzen Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak xedatutako baldintzak, eta 2025eko abuztuaren 11n, Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzari eskatu zitzaion zenbait alderdi zuzen zitzan.

2025eko urriaren 1ean, Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera osatu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, eta honako dokumentazio gehigarri hau erantsi zuen:

– Ingurumen-inpaktuaren azterketaren gehigarria. Ubide, Otxandio (Bizkaia, Euskadi) eta Legutio (Araba, Euskadi) udal-mugarteetan «Kastillo» parke eolikoaren proiektua (Saitec, 2025eko iraila).

– Proiektuaren kartografia shape formatuan.

– Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzuaren txostena.

Eskaerak, osatu ondoren, honako agiri hauek jasotzen ditu:

– Kastillo 20 MW-eko parke eolikoaren proiektua (Noega Ingenieros SL, 2023ko urtarrila).

– Kastillo PEan 30 kV-eko Kastillo SZaren eta ebakuazioko 30 kV-eko ETLLaren aurreproiektua (Novotec, 2023ko urtarrila).

– Ubide, Otxandio (Bizkaia, Euskadi) eta Legutio (Araba, Euskadi) udal-mugarteetan «Kastillo» parke eolikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa (Saitec, 2023ko abendua). Gehigarria (Saitec, 2025eko iraila).

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza (jendaurreko informazioaren epea, jasotako alegazioen zerrenda, alegazioen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak alegazioei emandako erantzuna).

– Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza (kontsultatu diren administrazio publikoetako organismoen zerrenda, jasotako txostenen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak txosten horien ingurumen-edukiari dagokionez egindako oharrak).

Espedientean jasota dagoen dokumentazioa aztertu ondoren, egiaztatu da dokumentu horien artean, besteak beste, honako hauek daudela: Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritzaren (Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzua) txostena, 2024ko uztailaren 15ekoa, eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ondarearen Zerbitzuen txotena, 2024ko uztailaren 8koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren 6.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, horien helburua da ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Kastillo parke eolikoaren proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren menpe dago. Izan ere, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.D eranskinean dago jasota, zehazki 4. epigrafean: «II.E eranskinean jasotako beste programa batzuek, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuko prozedura gauzatu ondoren ingurumen-organoak hala erabakitzen badu edo sustatzaileak hala eskatzen badu». Kasu honetan, sustatzaileak eskatu du proiektua ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren menpe egotea.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Arabako Industria Administrazioko Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egiteko zer behar den xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu, eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planak honako hau dio 6. artikuluko 1. apartatuan, «Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa» izenekoan:

Baldin eta plan, programa edo proiektu batek zuzeneko edo zeharkako eragina izan badezake Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen interes bereziko eremuetan edo ugatzaren edo sai zuriaren eremu kritikoetan eta, bakarka edo beste batzuekin batera, eragin nabarmena izan badezake espezie horien babesean eta haiek lehengoratzeko aukeretan, lurralde historiko bakoitzean Baterako Kudeaketa Plana aplikatzeko eskumena duen sailak txosten bat egingo du nahitaez, ebaluatzeko nolako eragina izango duen plan, programa edo proiektuak Kudeaketa Planaren helburuetan. Txostena loteslea izango da.

Horretarako, espedientean Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzuaren 2025eko uztailaren 15eko txostena dago jasota. Honako hau dio:

Batasunaren intereseko espezie nekrofagoak eta, bereziki, sai zuria babesteari dagokionez, euskal administrazioen erantzukizunarekin bat etorriz, nekrofagoei buruzko dekretuak aipatu den planaren 6.1 artikuluan (Bizkaiko Foru Aldundiaren ekainaren 15eko 83/2015 Foru Dekretuko Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaz ari da, plana onesten baitu Bizkaiko Lurralde Historikoan) alderdi garrantzitsu bat zehazten da, hain zuzen ere, edozein plan, programa edo proiekturako natura ondarearen arloan eskumenak dituen foru organoaren nahitaezko txosten loteslea, baldin eta planak, programak edo proiektuak espezie nekrofagoak ukitzen baditu.

«Kastillo» proiektua zehatz-mehatz aztertu ostean, ikusi da proposatzen den parke eolikoa 10 kilometrora baino gutxiagora dagoela, gutxienez, sai zuriaren 3 eremu kritikoetatik (bat Gorbeia IBEan eta bi Urkiola IBEan).

Industria-instalazioa gertu dago da espezie planeatzaile horren habitatetik eta, zehazki, sai zuriaren habietatik, beraz, gerta liteke espeziearen kontserbazio-egoerak okerrera egitea. Izan ere, baliteke banaketa eremu naturala murriztea habiak egiteko tokiak abandonatzearen, lurraldeak galtzearen eta ustekabeko heriotzen ondorioz. Hortaz, proposatutako proiektuak, ziurrenik, modu esanguratsuan eragina izango du KBEetan (Urkiola eta Gorbeia) funtsezkoa den espezie horri, eta Natura 2000 Sareko eremu horien osotasunari nabarmen eragin dakioke.

Ondoriozta daiteke parke eolikoaren kokagunea planteatzen den moduan (sai zuriaren eremu kritikoen inguruan 10 km-ko tartean), litekeena dela zuzenean eragitea Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan jasota dagoen espezie kaltebera horri eta haren habitatari. Hala, eragina inpaktu kritikotzat jo behar da espeziearentzat, eta neurri babesleen edo zuzentzaileen bidez ezingo da zuzendu obran edo funtzionamendu-aldian.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketak indarreko araudian ezarritako alderdiak kontuan hartzen dituela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du, zuzendaritza horrek baitauka horretarako eskumena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Legutio (Araba), Ubide eta Otxandio (Bizkaia) udal-mugarteetan Kastillo parke eolikoa eta hari lotutako azpiegiturak egiteko Plauri Energy SLk sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren aurkako adierazpena egitea, jarraian egin den analisiaren arabera eta azaltzen diren alderdi nahiz arrazoiengatik:

Ingurumen-ebaluazio hau aipatutako proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren arabera egin da, eta jarduketa hauek biltzen ditu:

– Kastillo 20 MW-eko parke eolikoa; 5 MW-eko potentzia unitarioko 4 aerosorgailuk eta dorre meteorologiko batek osatzen dute. Kontuan hartu dira elementu horien kokapenetarako sarbideak, eta aerosorgailuak eta sekzionamendu-zentroa lotzen dituen lurpeko linea elektrikoa. Legutio (Araba), Ubide eta Otxandio (Bizkaia) udal-mugarteetan kokatzen da.

– Kastillo 30 kV-eko sekzionamendu-zentroa (aurrerantzean, SZ) Legutio (Araba) udal-mugartean.

– Erdi tentsioko lurpeko linea (aurrerantzean, ETLL) Kastillo 30 kV-eko SZ berritik eginda dagoen Villarreal 30 kV-eko transformazio-azpiestazio elektrikoraino (aurrerantzean, TAE), oso-sorik Legutio udal-mugartean.

1.– Proiektuaren kokapena eta deskribapena.

1.1.– Sustatzailea eta organo substantiboa.

Proiektuaren sustatzailea Plauri Energy SL da.

Organo substantiboa Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Arabako Administrazioko Lurralde Ordezkaritza da.

Proiektuaren xedea da abian jartzea Kastillo Parke Eolikoa deritzan parke eolikoa, orotara 20 MWt-ko potentziarekin, eta hari lotutako azpiegiturak.

1.2.– Kokapena.

Kastillo parke eolikoa (20 MW) eta hari lotutako azpiegiturak Legutio (Araba), Ubide eta Otxandio (Bizkaia) udal-mugarteetan proiektatuta daude. Parkeak 5 MW-eko potentzia unitarioko 4 aerosorgailu ditu. Legutio udalerriko behe-mendiko eremu batean kokatzen dira, Motxotegiko mendi gailurrean, 764 m eta 807 m bitarteko kotetan, eta KAS-01, KAS-02, KAS-03 eta KAS-04 deritze. Neurtzeko dorre meteorologikoa Ubide (Bizkaia) udal-mugartean kokatuko da.

Zehazki, hona hemen aerosorgailu horien kokapena:

– KAS-01: Motxotegiko ekialdeko hegala, 782,35 m-ko kotan.

– KAS-02: Esnauritzagana edo Kastillo, 807,92 m-ko kotan.

– KAS-03: Aiaogana, 791,97 m-ko kotan.

– KAS-04: Aiaoganako mendebaldeko hegala, 766,16 m-ko kotan.

– Dorre meteorologikoa: Motxotegiko ipar-mendebaldeko hegala, 790,94 m-ko kotan.

Parkera N-240 errepidetik sartuko da, dauden bideak eta eraikiko diren berriak erabilita.

20 MW-eko Kastillo parke eolikotik datorren energia ebakuatzeko, proiektatuta dago Kastillo 30 kV-eko SZa eraikitzea Legutio udal-mugartean. Era berean, erdi tentsioko lurpeko linea bat proiektatzen da oso-osorik Legutio udal-mugartean. Kastillo 30 kV-eko SZ berrian hasiko da eta eginda dagoen Villarreal 30 kV-eko transformazio-azpiestazio elektrikoan amaitu.

1.3.– Aztertutako aukerak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak (aurrerantzean, IIA), zero aukeraz edo «ez egitea» aukeraz gain, bestelako aukerak proposatzen ditu parke eolikoa diseinatzeko eta energia ebakuatzeko.

1.3.1.– Parke eolikoa diseinatzeko aukerak.

Hiru aukera proposatzen dira parke eolikoa diseinatzeko:

– 1. aukera: 5 aerosorgailu instalatzea planteatzen da. Lur-mugimenduak egingo dira, honela: 26.058,70 m3 landare-lur, 154.383,92 m3 erauzketa-lur eta 76.191,22 m3 lubeta-lur.

– 2. aukera: 4 aerosorgailu instalatzea planteatzen da. Lur-mugimenduak egingo dira, honela: 26.899,80 m3 landare-lur, 132.968,68 m3 erauzketa-lur eta 120.634,85 m3 lubeta-lur.

– 3. aukera: 4 aerosorgailu instalatzea planteatzen da. Lur-mugimenduak egingo dira, honela: 21.132,20 m3 landare-lur, 133.870,95 m3 erauzketa-lur eta 91.042,05 m3 lubeta-lur.

3. aukera hautatu da parke eolikoa diseinatzeko, egokiena baita. Lur gutxiago mugituko da eta guztira azalera txikiagoa okupatuko da, ez dira ibaiak eta errekak gurutzatuko, eta baso-ustiategiei neurri txikiagoan eragingo zaie.

IIAren gehigarrian hiru aukeren analisi «mikroa» egin da KAS-04 aerosorgailua kokatzeko eta plataforma orientatzeko. Jendaurreko izapidearen ondoren, kokapen berri bat proposatu da. Azkenik, dagoen eraikinetik urrunen gelditzen den kokapena hautatu da, 9120 BIHeko pagadiekiko eragina murrizten baita.

1.3.2.– Energia ebakuatzeko aukerak:

3 aukera daude energia ebakuatzeko:

– 1. aukera: 30 kV-eko erdi tentsioko lurpeko linea proposatzen da. Guztira 4.820 m-ko luzera izango du.

– 2. aukera: 30 kV-eko linea proposatzen da. 4.230 m-ko luzerako tartean izango ditu lurpean eta 725,25 m-ko tartea airean, 5 euskarriri esker.

– 3. aukera: 30 kV-eko linea bat proposatzen da oso-osorik lurpean. Guztira 4.694 m-ko luzera izango du.

3. aukera hautatu da energia ebakuatzeko, zenbait ikuspegitatik (teknikoa, ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa) egokiena baita, oso-osorik joango baita lurpetik; beraz, murriztuko dira paisaiarekiko eta urtegiaren inguruan bizi den hegazti-faunarekiko eraginak.

1.4.– Hautatutako aukeraren deskribapena.

Lehen deskribatu denaren ildotik, proiektuaren helburua da Kastillo parke eolikoa eta hari lotutako azpiegiturak eraikitzea Legutio (Araba), Ubide eta Otxandio (Bizkaia) udal-mugartean. Aerosorgailuak mendiaren behealdean kokatuko dira Legutio udalerrian, alegia, Motxotegiko mendi-gailurrean. Hala, ibarraren hondoan geldituko dira Urrunagako urtegia ekialdean eta hegoaldean, Ubide herria mendebaldean, Legutio herria hegoaldean eta Otxandio herria iparraldean.

Parkeak 20 MW-eko potentzia izango du, eta 5 MW-eko potentzia unitarioko 4 aerosorgailu jarriko dira. Aerosorgailuek 158 m-ko diametroko errotorea dute, eta 120,9 m-ko altuerako enbor-kono formako dorre tubularren gainean muntatuta daude.

Legutio udal-mugartean kokatuko dira 4 aerosorgailuak, sekzionamendu-zentroa, parke eolikora iristeko bidea, erdi tentsioko lurpeko sarerako (aurrerantzean, ETLS) kanalizazioak eta SET Villareal azpiestazioraino energia ebakuatzeko linea. Otxandio eta Ubide arteko mugan 121 m-ko altuerako dorre meteorologikoa eta ETLSrako kanalizazioak instalatuko da; beraz, bi udalerriak geldituko dira sarbideen eraginpean.

Taula honetan, parkeko elementuen UTM koordenatuak daude adierazita:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Aerosorgailu bakoitzaren barruan transformazio-zentro bat instalatuko da, 690 V-eko sorkuntza-tentsioan sorturiko energia parkearen barruko 30 kV-eko banaketa-tentsioraino areagotzeko. Erdi tentsioko lurpeko sare baten bidez (30 kV) aerosorgailuek sortzen duten energia bilduko da ebakuazio-punturaino eramateko.

Lurrerako lotura-linea bakarra jarriko da parkerako, hala, lur-zirkuitu ekipotentziala eta komunikazioen sare bat eratuko dira parkea operatu eta kontrolatzeko. Erdi tentsioko, komunikazioetako eta lurreko sarea lurpean joango dira zanga berdinean.

Parke eolikoa osatze aldera, sarbidea eta barneko bideak egingo dira aerosorgailu bakoitzera eta dorre meteorologikora iristeko. Bideen sareak guztira 6 ardatz izango ditu (1 ardatza, 2 ardatza, 4 ardatza, 5 ardatza, 6 ardatza eta 10 ardatza). Xede horrez, bide berriak eraiki eta daudenak egokituko dira. Guztira 6.596,28 m dira. Parkearen barneko bideek 5 m-ko zabalera izango dute, dorre meteorologikora iristeko bideak, berriz, 4 m-koa.

Bestalde, zenbait drainatze-lan proiektatu dira bideen sarea eraikitzen denean, lursailean jariatze naturalaren erregimenari eusteko oraingoen antzeko baldintzetan.

Aerosorgailu bakoitzarekin batera, halabeharrezko maniobra-eremua eraikiko da, garabiak eta trailerrak kokatzeko, aerosorgailuak igo eta muntatzeko erabiliko baitira. KAS-02, KAS-03 eta KAS-04 aerosorgailuen plataformek honako eremu hauek izango dituzte: 85 x 20 m-ko bat osagaiak metatzeko, 50 x 25 m-ko beste bat zatiak igo eta muntatzeko erabiliko den garabi nagusia jartzeko eta, azkenik, aerosorgailuaren zimenduetarako. KAS-01 aerosorgailuaren plataformak ezaugarri berak izango ditu, osagaiak metatzeko eremua izan ezik, 85 x 5 m-koa izango baita. Plataformetan, 15 cm-ko zabor-legar artifizialarekin eta 25 cm-ko oinarriarekin egingo da zorua. Halaber, plataforma bat gauzatuko da dorre meteorologikoa muntatzeko. 30 x 15 m-ko plataforma garabirako eta 10,4 x 10,4 m dorrearen beraren zimenduetarako.

Horrez gain, proiektatuta daude metaketa plataforma bat parkeko 4 aerosorgailuek erabiltzeko eta beste plataforma bat osagaiak garraio konbentzionaletik Blade lifter eta multzo laburretara pasatzeko.

Ebakuazioari dagokionez, 30 kV-eko erdi tentsioko lurpeko linea bat (ETLL) proiektatu da Kastillo 30 kV-eko SZ berrian hasi eta eginda dagoen SET Villarreal 30 kV-eko azpiestazioan amaitzeko. ETLLa oso-osorik Legutio udal-mugartean kokatuko da, 4.694 m-ko luzera izango du eta lurpean ipiniko da lurreko lursail eta bideetan Urrunagako urtegiaren gainean dagoen N-240 errepideko zubiraino. Hortik aurrera zubiaren taulapean jarraituko du zubiaren amaieraraino grapatuta, dauden habexkak aprobetxatuz. Puntu horretatik, ETLLa berriz joango da lurreko lursail eta bideetan zehar SET Villarreal azpiestazioraino, zenbait ibilgu zeharkatuz, besteak beste, Bostibaieta ibaia.

Obran, tamaina egokia hondeatuko da kablea sakonera egokian jartzeko, eta, gero, bete egingo da halako eroanbide elektrikoen berezko babes- eta seinaleztapen-xedapenen arabera. Ezer gurutzatzen ez den eremuetan eroalea zuzenean lurperatuko da. Bostibaieta ibaia zulaketa horizontal zuzenduaren bidez gurutzatuko da.

Lurpeko linea ibilgailuek zirkulatzen duten bideen edo errepideen azpitik pasa behar bada, eroaleak zangan lurperatutako hodietatik joango dira hormigoian txertatuta. Gurutzatze-tarteetan, zangak 0,8 m-ko sakonera eta 0,6 m-ko gutxieneko zabalera izango ditu 0,6 m-ko luzerako eta 250 mm-ko diametroko plastikozko hodi gorriak ipintzeko. Dena den, zabalera hori handitu egingo da instalatu behar diren hodien arabera.

Kastillo 30 kV-eko SZa Legutio udal-mugartean kokatuko da, 1.044 m2 okupatuko ditu, eta izango ditu hornidura eta saneamendurako ur-instalazioak, aireztapen-sistema, argiteria eta sistema automatikoak, itxitura sinple batez gain kanpoaldean. Obra zibilarekin honako lur-kopuru hauek mugituko dira: 223,54 m3 erauzketa-lur, 565,43 m3 lubeta-lur eta 355,40 m3 landare-lur.

Ingurumen-inpaktuaren azterketaren arabera, proiektuak guztira honako lur-kopuru hau mugituko du: 21.132,20 m3 landare-lur, 133.870,95 m3 erauzketa-lur eta 91.042,05 m3 lubeta-lur. Azkenean geldituko diren lur-soberakinak behar bezala legeztatutako zabortegietan botako dira.

Kastillo parke eolikoan obrek 12 hilabete iraungo dute.

2.– Proiektuaren eremuan garrantzitsuak diren ingurumen-alderdiak.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» azterketaren arabera, lau aerosorgailuak kokatuta daude mota horretako azpiegiturak instalatzeari begira sentikortasun handia duten eremuetan. Zehazki, KAS-01 aerosorgailua hegaztiak linea elektrikoetatik babesteko eremu batean dago, eta, gainera, kiropteroen lehentasunezko babeslekuak daude; KAS-02 sorgailua ere linea elektrikoetatik babesteko eremuan dago, eta lehentasunezko BIHa eta kiropteroen lehentasunezko babeslekuak ageri dira, Arabako Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan sartuta egoteaz gain; KAS-03 sorgailua paisaia-balio handiko arroan kokatzen da, EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoari jarraikiz, eta Arabako Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoak barne duen eremu batean ere bai, kiropteroen lehentasunezko babeslekuak eta lehentasunezko BIHa izateaz gain; eta KAS-04 sorgailua linea elektrikoetatik babesteko eremu batean dago, eta gune horretan ere kiropteroaren lehentasunezko babeslekuak eta lehentasunezko BIHa daude.

Bestalde, behin-behinean onetsita dagoen Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren (aurrerantzean, EBen LPS) arabera, aerosorgailuak haize-gaitasun gutxiko eremuetan kokatuko dira.

2.1.– Gune babestuak eta igarobide ekologikoak.

Kastillo parke eolikoa eta hari lotutako azpiegiturak EAEko naturagune babestuen saretik kanpo daude kokatuta. Natura-parke gertuenak dira Gorbeia (ES210001), gutxi gorabehera 800 m-ra KAS-04 aerosorgailuaren mendebaldean, Urkiola (ES210002), 5,5 km-ra KAS-02 aerosorgailuaren ipar-ekialdean, eta Aizkorri-Aratz (ES210003), 9 km-ra KAS-03 aerosorgailuaren hego-ekialdean. KAS-01 aerosorgailuaren ipar-mendebaldean, gutxi gorabehera 11 km-ra, Itxina natura-monumentua (ES213005) dago.

Hala ere, parke eolikoak posizio zentrala hartzen du hautatutako kokalekutik hurbil dauden Natura 2000 Sareko hiru gune babestuekiko.

– Zadorraren sistemako urtegiak / Embalses del sistema del Zadorra Kontserbazio Bereziko Eremua (KBE) (ES2110011) 1 km-ra baino gutxiagora dago KAS-01, KAS-02 eta KAS-03 aerosorgailuen ekialdean. Proiektuko ebakuazio linea eremu horretan zehar doa Urrunagako urtegitik pasatzen denean, N-240 errepideko zubiari atxikita.

– Gorbeia KBEa (ES2110009), 1 km-ra baino gutxiagora, KAS-04 aerosorgailuaren mendebaldean. KBE honetan, 10 km-tik beherako erradioan parke eolikoa ezarriko den eremutik, Legorrasko kobazuloa dago, eta Kiropteroak Kudeatzeko Baterako Planak (Euskal Autonomia Erkidegoko lurpeko babeslekuetan eta eraikinetan bizi diren kiropteroak kudeatzeko baterako plana, Euskadiko Administrazio Orokorrak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek sinatutakoa https://www.euskadi.eus/contenidos/anuncio_otro/inf_aaaa_res_975_19_05/eu_def/adjuntos/pg_kiropteroak.pdf) lehentasunezko babeslekutzat jotzen du.

– Urkiola KBEa (ES2130009), gutxi gorabehera 5 km-ra, KAS-01 aerosorgailuaren ipar-ekialdean.

– Zadorra ibaia / Río Zadorra KBEa (ES2110010), gutxi gorabehera 6 km-ra, KAS-04 aerosorgailuaren hegoaldean.

– Aizkorri-Aratz KBEa (ES2120002), gutxi gorabehera 9 km-ra, KAS-04 aerosorgailuaren hego-ekialdean.

– Río Baia ibaia KBEa (ES2110006), 13 km-ra, KAS-04 aerosorgailuaren hego-mendebaldean.

– Arabako lautadako irla-hariztia KBEa, 14,6 km-ra, KAS-03 aerosorgailuaren hego-ekialdera.

KAS-01 eta KAS-02 aerosorgailuak eta elkar konektatzen dituen barneko bidea «Urkiola-Gorbeia» igarobide ekologikoan daude Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) azpiegitura berdearen barruan.

Urkiola eta Gorbeia KBEetan kontserbatu beharreko elementuak dira hegazti nekrofagoen populazioak. Zehazki, sai zuriaren eta sai arrearen koloniei erreparatuz gero, Urkiola KBEa Bizkaiko naturagune babesturik garrantzitsuena da. Bestalde, Zadorraren sistemako urtegiak Kontserbazio Bereziko Eremua Euskadiko barne hezegune garrantzitsuenetako bat da uretako hegaztiek negua pasatzeko eta ugaltzeko.

2.2.– Flora, landaredia eta habitatak.

EUNIS (2019) kartografiaren arabera, proiektuaren inguruko landaredia eraikinekin eta habitat artifizialekin bat dator ETLLa Urrunagako urtegian eta Legutio udalerrian gurutzatzen den eremuan. Eremuaren gainerako tokietan, landaredia, nagusiki, basoak eta baso-landaketak dira, bai eta larreak eta belarkien habitatak ere. Zehazki, dorre meteorologikoa bazka-belardietan eta manipulatu gabeko belardietan dago, Chamaecyparis lawsoniana espeziearen landaketaren ondoan; KAS-01 aerosorgailua Pinus nigra espeziearen landaketa batean kokatzen da; KAS-02 sorgailua iratzedi atlantiko eta subatlantiko muinotarrean; eta KAS-03 eta KAS-04 aerosorgailuak Agrostis eta Festuca espezieen belardi menditarretan. Izan ere, azkeneko horiek lehentasunezko Batasunaren intereseko habitat (BIH) gisa katalogatuta daude: 6230* Nardus formazio belarkarak, espezie ugarikoak, zonalde menditarreko substratu silizeoen gainean (eta Europako kontinentaleko zonalde azpi-menditarrekoak) (*). Pagadi-harizti azido atlantikoak KAS-02 eta KAS-03 aerosorgailuak inguratzen ditu. IIAko azterketa botanikoak proiektuaren eremuko pagadi masak honela definitzen ditu: egoera onean dauden masa helduak, ale urtetsu eta motz asko dituztenak, beraz, nahiz eta batasunaren intereseko habitat gisa kartografiatuta ez dauden, IIAk 9120 BIHean (pagadi azidofilo atlantikoak Ilex espezieko eta batzuetan Taxus espezieko oihanpearekin) sartu ditu.

Aerosorgailuen erdi tentsioko lurpeko konexio-sarea (ETLS), nagusiki, honako hauetatik doa: pagadi-harizti azido atlantikoa, Agrostis eta Festuca espezieen belardi menditarrak eta sega-belardi atlantikoak. KAS-02, KAS-03 eta KAS-04 aerosorgailuen inguruetan, lurpeko sareak lehentasunezko BIH gisa katalogatutako eremu bat zeharkatzen du (6230* Nardus formazio belarkarak, espezie ugarikoak, zonalde menditarreko substratu silizeoen gainean (eta Europako kontinentalekok zonalde azpi-menditarrekoak)) (*). Azken tartean, hain zuzen ere, Kastillo 30 kV-eko SZarekin konektatzeraino, 6510 Mendiko sega-belardiak (Arrhenatherion) BIH gisa katalogatutako belarditik doa.

Kastillo sekzionamendu-zentroak eta ebakuazio linearen zati gehienak formazio belarkara naturalak eta erdi-naturalak dituzten eremuak okupatuko dituzte, eta 6510 BIH gisa katalogatuta daude. Ebakuazio lineak, Urrunagako urtegia gurutzatu baino lehen, amezti eurosiberiarra zeharkatuko du, hau da, 9230 BIHa (harizti zimelkor mediterraneoak edo submediterraneoak, ametz arrunta (Quercus pyrenaica) nagusi izanik eta batzuetan haritz kandudunarekin (Q. robur) nahastuta). Urtegia gurutzatu ostean, ertzeko makalditik oso hurbil doa. Eremu horrek 92A0 BIHaren katalogazioa du (Salix alba eta Populus alba espezieetako galeria-basoak). Bostibaieta (Albina) ibaitik pasatzen denean, ibaiertzeko haltzadia zeharkatuko du, eta hori ere katalogatuta dago 91E0* BIH gisa (baso alubialak: Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae)) (*); azken tartean, SET Villareal azpiestazioarekin konektatu aurretik, amezti eurosiberiar bat zeharkatuko du 9230 BIHaren barruan.

GeoEuskadiren arabera, proiektuaren eragin-eremuan ez dago mehatxatutako flora-espezierik. Hala eta guztiz ere, IIAren arabera, prospekzio botanikoetan, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan sartuta dauden hiru taxonetako populazio-guneak aurkitu ziren: gorostia (Ilex aquifolium) eta erratza (Ruscus aculeatus), «interes bereziko» gisa katalogatuak, eta Stachys palustris, «arraro» gisa katalogatua.

2.3.– Fauna.

Fauna-espezie mehatxatuen kudeaketa planei dagokienez, ebakuazio lineak, Urrunagako urtegitik pasatzen denean, honako hauek zeharkako ditu zubiari atxikita: usapalaren kudeaketa planeko lehentasunezko esku-hartze eremua (2. maila) (Agind Plauri Energy ua, 2024ko martxoaren 13koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan usapal europarra (Streptopelia turtur) kudeatzeko Plana. 2024-04-03ko EHAA) (Streptopelia turtur), bisoi europarraren Interes Bereziko Eremua (322/2003 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Arabako Lurralde Historikoan Bisoi Europarra (Mustela lutreola) Kudeatzeko Plana onartzen duena. 2003-12-05eko ALHAO) (Mustela lutreola) eta igarabaren Interes Bereziko Eremua (880/2004 Foru Agindua, urriaren 27koa, Lutra lutra (Linnaeus 1758) Igarabaren Kudeaketa Plana onartzen duena Arabako Lurralde Historikoan. 2004-11-24ko ALHAO) (Lutra lutra).

Era berean, SET Villarreal azpiestazioraino iritsi baino lehen, ETLLa bisoi europarraren eta igarabaren Interes Bereziko Eremutzat jotako beste eremu batetik pasako da.

GeoEuskadiren arabera, aerosorgailuak ezartzeko eremua bat dator hegazti-fauna babes-eremuarekin goi-tentsioko aireko linea elektrikoekin ez elektrokutatzeko eta talkarik ez egiteko (Agindua, 2016ko maiatzaren 6koa. Honen bidez, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira eta hegazti-faunaren babes-eremuak, non goi-tentsioko aireko linea elektrikoetan ez elektrokutatzeko edo talka ez egiteko neurriak aplikatuko baitira. 2016-05-23ko EHAA). Zadorra-Aldaia Urtegiak deritzo eremu horri. Gainera, KAS-01 aerosorgailutik 300 m-ra gutxi gorabehera Gorbeia hegazti-fauna babes-eremua dago, 1 km-ra KAS-01 sorgailuaren iparraldean Urkiola hegazti-fauna babes-eremua eta 4 km-ra KAS-02 sorgailuaren hego-ekialdean Aizkorri-Aratz-Elgea hegazti-fauna babes-eremua.

Bestalde, 1 km baino gutxiagora KAS-04 aerosorgailuaren mendebaldean Gorbeia Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen (Sai arrea, sai zuria eta ugatza) Interes Bereziko Eremua eta Elikatzeko Babesgunea (IBEEB) ageri da (Euskal Autonomia Erkidegoko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana. 2015-07-01eko ALHAO, 2015-06-24ko BAO). Gutxi gorabehera 5,3 km-ra ipar-ekialdean Urkiola IBEEBa dago eta 9 km-ra hego-ekialdean Aizkorri-Aratz IBEEBa.

Bizkaiko Foru Aldundiko Zuzendaritza Nagusiaren Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzuaren arabera, Urkiolako hegazti nekrofagoen Interes Bereziko Eremuak gaur egun sai arrearen 90 bikote inguru ditu, eta bertan ageri da sai zuriaren dentsitate handiena Bizkaiko 2000 Natura Sarean, espezie horren 5 bikote baitaude. Gorbeiako hegazti nekrofagoen Interes Bereziko Eremuari dagokionez, gaur egun sai zuriaren 2 gune ditu. Erakunde horren esanetan, interes bereziko bi eremu horien artean esanguratsua da sai zuriaren eta arrearen indibiduoen mugimendua eta trukea.

Proiektuaren eremuko faunari dagokionez, dokumentazioak proiektuaren eremuan egon daitezkeen fauna-espezieen bibliografia-inbentarioa du, eta honako iturri hauetan oinarritu da egiteko: Natura Ondareko eta Biodibertsitateko Lehorreko Espezieen Espainiako Inbentarioa, eBird España eta Ornitho plataformak eta Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema. Gainera, IIAn faunari buruzko landa-azterketa bat dago. Etorkizunean proiektua ezarriko den eremuaren inguruko urteko ziklo bati dagokio, eta hegazti-faunaren, kiropterofaunaren eta intereseko beste talde batzuen kasuan lortutako emaitzak daude.

Proiektua UTM 10X10 km 30TWN25 eta 30TWN26 saretetan kokatzen da, eta aurkitu diren espezieen artean, IIAk Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan (EMEK) babes maila handiena dutenak nabarmendu ditu, besteak beste, honako hauek: itsas enara beltza (Chlidonias niger), miru gorria (Milvus milvus), igaraba (Lutra lutra), bisoi europarra (Mustela lutreola), saguzar arratoi-belarri handia (Myotis myotis) eta saguzar biboteduna (Myotis mystacinus), «galzoriko arriskuarekin» katalogatuta; arrano beltza (Aquila chrysaetos), mirotz urdina (Circus pygargus), saia (Neophron percnopterus), mokozabala (Platalea leucorodia), arrano arrantzalea (Pandion haliaetus), muxar grisa (Glis glis), Schreibers saguzarra (Miniopterus schreibersii), ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum), gailurretako uhandrea (Mesotriton alpestris) eta baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina), «kaltebera» gisa kalifikatuak, eta koartzatxo karramarrozalea (Ardeola ralloides), «interes bereziko» gisa katalogatutakoa.

Sustatzaileak administrazioei kontsultak egin dizkie, eta prozesu horretan jaso den informazio kartografikoan oinarrituta, IIAk dio parkearen inguruan eremu kritikoak daudela honako espezie hauentzat: arrano beltza, saia, hontz handia eta sai arrea. Hala, hiru eremu kritiko identifikatu dira sai zuriarentzat (Neophron percnopterus) eta eremu kritiko bat sai arrearentzat (Gyps fulvus) 10 km-tik behera parketik:

– Sai zuriaren eremu kritikoa Urkiolako zonaldean, 5,1 km-ra, KAS-02 aerosorgailuaren ipar-ekialdean.

– Sai zuriaren eremu kritikoa Urkiolako zonaldean, 7 km-ra, KAS-02 aerosorgailuaren ipar-ekialdean.

– Sai arrearen eremu kritikoa Urkiolako zonaldean, 7,7 km-ra, KAS-02 aerosorgailuaren ipar-ekialdean.

– Sai zuriaren eremu kritikoa Gorbeiako zonaldean, 8,2 km-ra, KAS-01 aerosorgailuaren ipar-ekialdean.

Hegazti-faunaren azterketa 2022ko urriaren 27tik 2023ko urriaren 10era egin zen. Apiriletik irailera bitartean, biak barne, astean behin bisitatu zen, eta urtearen gainerako hilabeteetan, berriz, hamabostean behin. Hegazti-fauna aztertzeko honako metodologia hau erabili zen:

– 2 trantsektu egin ziren oinez, bakoitza 1 km-ko luzerakoa, paseriformeen presentzia, fenologia eta ugaritasuna aztertzeko.

– 60 minutuko laginketa ikuspen handiko eremu estrategikoetan kokatuta zeuden hiru behaketa-puntutan.

– Miru gorria eta, zehazki, urritik martxora negua pasatzen duen populazioa berariaz jarraitzea.

– Sai zuria eta arrea berariaz jarraitzea. Udaberrian-udan (martxotik abuztura), parke eolikoaren gertuko habiak jarraitu ziren Gorbeia eta Urkiolako eraginpeko eremuetan.

– 3 jarraipen-lanaldi (udazkena, negua eta udaberria) gaueko hegazti harrapariak jarraitzeko. Lanaldi bakoitzean, 4 entzute-estaziotan egin ziren laginketak 10 minutuz.

Hegazti-faunaren urteko azterketaren ondorioz, guztira 111 hegazti espezie identifikatu ziren, eta horietatik 5 babestuta daude maila nazionalean eta 29 erkidego mailan. Miru gorria (Milvus milvus) da maila nazionalean eta erkidego mailan babes maila gehiena duen espeziea.

Hegazti planeatzaileei dagokienez, sai arrea (Gyps fulvus) izan zen espezie ugariena (laginketa-orduko 7,39 indibiduo), eta atzetik zeuden erroi handia (Corvus corax) (laginketa-orduko 0,95 indibiduo) eta zapelatz arrunta (Buteo buteo) (laginketa-orduko 0,86 indibiduo). Gainerako espezieek oso balio xumeak izan zituzten, laginketa-orduko 0,5 indibiduoren azpitik.

Hegaldiaren altuerei eutsiz, azterketak oso arriskutsutzat jotzen du palaren ekintza-diametroaren altueran egindako hegaldia eta arriskutsutzat palen ekorketa-diametroaren ertzetik 15 m gora edo behera egindakoa. Emaitzen arabera, sai arreak du hegaldien ehunekorik handiena altuera arriskutsuan eta oso arriskutsuan.

Hegazti txikien erroldari dagokionez, paseriformeen 50 espezie identifikatu dira, eta azpimarra daitezke basoko inguruneari, sastraka-eremuei eta espazio irekiei, hala nola larreei, lotutako espezieak.

Bestalde, gaueko hegaztien 5 erregistro lortu dira: 4 urubi arruntarena eta 1 zata arruntarena.

Hegazti-faunaren azterketak honako intereseko puntu hauek nabarmentzen ditu azterketaren eremuan: Urkiolako sai arrearen kolonia, garrantzitsuena eta proiektuarekiko hurbilena, aerosorgailu gertuenetik gutxi gorabehera 8 km-ra kokatuta; sai arrearen 2 bikotek habiak jartzen dituzte aerosorgailu hurbilenetik gutxi gorabehera 8 km-ra; sai zuriarentzako eremu kritikoa 6 km-ra kokatu da parke eolikotik, bikote batek habia jartzen baitu; zapelatz arrunta hazteko bi gune gaude; beste 2 gune zapelatz liztorjalea hazteko; 2 gune okil beltzarentzat, eta Urrunagako urtegian zenbait espezieren populazioek negua pasatzen dute eta bertan ugaltzen dira. Landa-lanean aztertu den poligonoan ez da miru gorriaren etzalekurik aurkitu eta ez da baietsi sai zuria ugaltzen denik.

Bestalde, kiropteroak 2023ko apirilaren 1etik urriaren 31ra aztertu ziren eremuan, honela:

– Ultrasoinuak grabatzeko estazio finkoa ipini zen. Abuztuan eta irailean, egunero hartu ziren datuak. Gainerako hilabeteetan, gutxienez hilean 10 egunetan hartu ziren datuak. Aldizka (gutxi gorabehera bi astez behin) estazioa kokagunez aldatu zen, 5 aerosorgailuen artean txandakatuz.

– Hilean behin, oinezko trantsektu bat egin zen ultrasoinuen detektagailua eskuan eramanda. 2 trantsektu desberdin gauzatu ziren.

– 4 lanalditan zuzenean bilatu ziren kiropteroen balizko babestokiak inguruetan: 2 bilaketa ekainean kumeak bilatzeko eta beste 2 bilaketa abendu-urtarrilean, hau da, hibernazioan.

Hala, 16 espezie desberdin identifikatu ziren, eta guztiek zuten babes mailaren bat erkidegoan. Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan «galzoriko arriskuan» daudelako azpimarragarriak dira honako hauek: baso-saguzarra (Barbastella barbastellus), saguzar arratoi-belarri handia (Myotis myotis) eta ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale). Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoak honako hauek ditu: Schreibers saguzarra (Miniopterus schreibersii), saguzar arratoi-belarri handia (Myotis myotis), gau-saguzar handia (Nyctalus lasiopterus), gau-saguzarra (Nyctalus noctula), ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale) eta ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum), horiek guztiak «kaltebera» kategorian.

Kiropteroekin kontaktu gehienak batez beste 17-20 ºC-ko tenperatura zegoen lanaldietan gertatu ziren, haizeak abiadura gutxi zuenean (3-4 m/s) eta giroan hezetasuna % 95-100 artekoa zenean. 2 ikuskapen egin ziren, baina ez zen eraikinik edo kobazulorik aurkitu kiropteroek babestoki bezala erabiltzeko. Halaber, ez zen saguzarrik aurkitu zuhaitz urtetsuetan.

Azterketan egin zen ibilbidean idatzi zen edozein kontaktu ugaztunen, anfibioen eta narrastien espezieekin. Gainerako ugaztunei dagokienez, 11 espezie desberdin identifikatu dira, eta nabarmen daitezke basakatua, azkonarra, basurdea eta azeri arrunta, besteak beste. Herpetofaunari erreparatuz, narrastien 5 espezie identifikatu dira. Honako hauek azpimarra daitezke: Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi), EMEKan «interes bereziko» katalogazioa duelako. Anfibioen 6 espezie identifikatu dira, eta horien artetik nabarmen daiteke gailurretako uhandrea (Ichthyosaura alpestris), «kaltebera» EMEKan. Gainera, KAS-01 eta KAS-02 aerosorgailuen artean, Esnauritzagana mendixkaren ondoan, putzu bat aurkitu da, eta bertan ugaltzen dira gailurretako uhandrea, uhandre palmatua, baso-igel gorria eta txantxikua.

Halaber, intsektu saproxilikoen 6 laginketa egin ziren, eta geolokalizatu dira aurkitu ziren ale lepatuak. Arreta berezia jarri zaie espezie mehatxatuei, hala nola Lucanus cervus, Rosalia alpina edo Cerambyx cerdo.

2.4.– Hidrologia, hidrogeologia, geomorfologia.

Jarduketa guztiak Zadorrako unitate hidrologikoan, Ebroko Mugatze Hidrografikoan, «Santa Engrazia, Urrunagako urtegiraino», «Urrunagako urtegira drainatzen duen eremua», «Urrunagako urtegia» eta «Albina, Albina presatik Urrunagako urtegiraino» ur-masen isurialdeetan sartzen dira. Aerosorgailuak ez datoz ur-ibilguekin bat, baina ebakuazio-lineak zeharkatzen ditu Urrunaga urtegia, Bostibaieta (Albina) ibaia eta 11297 eta 12289 izenik gabeko errekak.

Aztergai den eremua «Altube-Urkilla» lurpeko ur-masaren gainean dago (ES091MSBT015). Jarduketaren eremuan ez dago Interes Geologikoko Tokirik (IGT), ez eta Interes Hidrogeologikoko Eremurik ere. Plan hidrologikoak babesten dituen eremuen erregistroko elementuei dagokienez, Urrunagako urtegia eremu sentibera da elikagaien ekarpenekiko eta jarduketak Urrunagako urtegiko eremu sentiberen harpen gunean daude.

2.5.– Mendiak, nekazaritza eta abeltzaintza.

Kastillo parke eolikoko eta hari lotutako azpiegituretako elementu batzuk onura publikoko mendietan (OPM) proiektatuta daude: KAS-01, KAS-02 eta KAS-04 aerosorgailuak 679 zenbakiko OPMan eta KAS-03 aerosorgailua 667 zenbakiko OPMan; aerosorgailuak konektatzeko lurpeko sareak 679, 652, 667 eta 668 zenbakietako OPMak okupatuko ditu eta ebakuazio lineak 679 eta 664 zenbakietako OPMak zeharkatuko ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, KAS-01 eta KAS-02 aerosorgailuak «Basoa» kategoriako lurzoruetan daude; KAS-03 eta KAS-04 aerosorgailuak, berriz, «Mendi larrea» kategoriakoetan. Kastillo 30 kV-eko SZa «Basoa-Mendi barbana» kategoriako lurzoruan ageri da. Bestalde, konektatzeko lurpeko sarea honako lurzoru hauetatik doa: «Basoa» eta «Basoa-Mendi barbana». Azkenik, lurpeko ebakuazio lineak, nagusiki, «Basoa-Mendi barbana» kategoriako lurzorua ukitzen du, eta tarte txikietan «Nekazaritza eta abeltzaintzarako: balio estrategiko handia» eta «Nekazaritza eta abeltzaintzarako: trantsizioko landa-paisaia» kategoriagoak hartzen ditu.

Kontuan hartuz aerosorgailuak B motako zerbitzu-instalazio tekniko gisa hartzen direla, eta SZa A motako zerbitzuen instalazio tekniko gisa, erabileren matrizearekin bat etorriz, «2a Onargarria» erabileratzat hartzen dira aerosorgailuen, SZaren eta lurpeko lineen ezarpena. Nekazaritzan eragindako afekzioa aztertzeko eta zuzenketa-neurriak ezartzeko eskatzen dute, nolanahi ere. IIAk baloratu du 6. eranskinean proiektuak nekazaritzari nola eragingo dion.

2.6.– Paisaia.

Jarduketa guztiak Urrunagako Urtegia, Motxotegi, Legutiano e Iraurgi arro bisualetan egingo dira Guztiak, Motxotegi izan ezik, sartuta daude EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan (Eusko Jaurlaritza, 2005).

Urrunagako urtegia Hezeguneen Inbentarioan eta Aparteko Naturaguneen Katalogo irekian ageri da, hain zuzen ere, Uribarri Ganboako eta Urrunagako urtegiak deritzan horretan. Gainera, Urrunaga Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan azaltzen da aparteko paisaia gisa.

Era berean, aerosorgailuak «P9 Elgeamendi-Urkilla» Paisaia Interes Bereziko Eremuan daude Araba Erdialdeko Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialaren arabera.

2.7.– Kultura-ondarea.

Kultura ondareari dagokionez, aerosorgailuak konektatzeko lurpeko sarea Motxotegiko tumulutik gertu doa, eta ebakuazio linea, berriz, San Roke baselizatik oso hurbil Legutio udalerrian. Cercaosteako errota ere gertu dago. IIAren 8. eranskinean azterketa arkeologiko bat jasota dago.

2.8.– Arriskuak.

Proiektuaren eremua eta lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioa erkatuz gero, ez dago partzelarik bigarren horren barruan. Hala ere, ebakuazio linea, Legutio zeharkatzen duenean, inbentarioko 01058-00172 lurzatitik oso hurbil doa.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, aerosorgailuak kokatzeko erabiliko den eremuak eta ebakuazio lineak ez dute baso-suteen arrisku handirik eta ez da arrisku handirik identifikatu sismikotasunari, akuiferoen kalteberatasunari eta Seveso enpresen gertutasunari edo muturreko higadura-prozesuen potentziala duten eremuei dagokienez, eta ez dago salgai arriskutsuen garraioan istripuak izateko arrisku handia duen errepiderik eta trenbiderik.

Uholde-arriskuari eutsiz, geoEuskadiko kartografiak ez du daturik proiektuaren eremuan; dena den, aerosorgailuak mendilerro baten gailurrean kokatuko dira, beraz, ez dute uholde-arriskurik. Ebakuazio linearen harira, oso-osorik lurpetik doanez eta ur masak gurutzatu behar direnean dauden bideen gainean egingo denez eta Bostibaieta ibaiaren kasuan zulaketa horizontal gidatu baten bidez, uholde-arriskua baxutzat jotzen da.

2.9.– Sinergiak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak Kastillo parke eolikoaren metaketa- eta sinergia-efektuen azterketa du 5. eranskinean. Azterketa eremuarekiko 15 km-ko erradioan honako parke eoliko hauek daude: Miritxa PEa (Arabako Barrundia, Arratzua-Ubarrundia, Burgelu eta Vitoria-Gasteiz udal-mugarteetan eta Gipuzkoako Leintz Gatzaga udalerrian), 15 km-ra (egun izapidetzen) eta Elgea-Urkilla PEa (Arabako Barrundia eta Donemiliaga udal-mugarteetan eta Gipuzkoako Oñati eta Aretxabaleta udalerrietan), 14 km-ra (egun ustiapen-fasean). Energia berriztagarriek beste azpiegitura gertu batzuk dira Vitoria Solar 1 (13 km-ra hegoaldean) eta Vitoria Solar 2 (16 km-ra hegoaldean) eguzki-planta fotovoltaikoak.

3.– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza eta ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten emaitza, laburbilduta.

Ebazpen honen I. eranskinean, jendaurreko informazioaren izapideen eta ukitutako administrazio publikoei nahiz pertsona interesdunei 2024ko urtarrilean hasitako kontsulten emaitza laburbiltzen da, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz. Espedientean, sustatzaileak alegazioei erantzuteko aurkeztutako dokumentuak daude jasota, bai eta ukitutako administrazio publikoen txostenak nola hartu diren kontuan deskribatzen duten dokumentuak ere.

Hegazti nekrofagoekiko eragina eta Euskal Autonomia Erkidegoko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren 6. artikuluko 1. apartatuak zehazten dituen nahitaezko txosten lotesleei dagokienez, honako hauek azpimarratu behar dira:

Arabako Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zuzendaritzako Ingurumen Jasangarritasunaren eta Natura Ondarearen Zerbitzuen txostena. Txosten horrek efektu negatiboak azaltzen ditu hegazti planeatzaile handien espezieetan: sai arrea, sai zuria eta miru gorria. Efektu negatibo horien magnitudea zorrotza izan daiteke.

Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzuak dio instalazioa Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko hiru eremuren artean kokatzen dela: Gorbeia KBE, Urkiola KBE eta Zadorra sistemako urtegiak KBEa. 83/2015 Dekretuak (83/2015 Dekretua, ekainaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana onesten duena) Urkiola eta Gorbeia KBEak «Hegazti nekrofagoentzako Interes Bereziko Eremuak» kategorian sartzen ditu, eta uste du interes bereziko bi eremu horien artean sai zurien eta arreen indibiduoak modu esanguratsuan mugitzen direla eta trukeak daudela. «Kastillo» kokagunea espezie nekrofagoen aire- eta larretze-igarobidea da.

Horrez gain, txostenaren arabera, «Kastillo» proiektua zehatz-mehatz aztertu ondoren, egiaztatu da proposatutako parke eolikoa 10 km-ra baino gutxiagora dagoela sai zuriarentzat kritikoak diren 3 eremutatik gutxienez (bat Gorbeia IBEan eta bi Urkiola IBEan) eta ondoriozta daitekeela parke eolikoaren kokagunea planteatzen den moduan (sai zuriaren eremu kritikoen inguruan 10 km-ko tartean), litekeena dela zuzenean eragitea Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoko espezie kalteberari eta haren habitatari. Hala, eragina inpaktu kritikotzat jo behar da espeziearentzat, eta neurri babesleen edo zuzentzaileen bidez ezingo da zuzendu obran edo funtzionamendu-aldian. Hori dela eta, Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzuak aurkako txostena egin du Plauri Energy SLk sustatutako «Kastillo» proiektuari buruz.

Bigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Arabako Industria Administrazioko Ordezkaritzari eta Plauri Energy SL sustatzaileari.

Hirugarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Laugarrena.– Adieraztea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ezingo dela errekurtsorik jarri, baina horrek ez dituela baztertzen proiektua baimentzen duen egintzaren aurka administrazio-bidean eta bide judizialean egoki diren errekurtsoak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 9a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala