
45. zk., 2026ko martxoaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (96 KB - 1 orri.)
- EPUB (104 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
IRAGARKIAK
Beste iragarki ofizial batzuk
ETXEBIZITZA ETA HIRI AGENDA SAILA
1023
EBAZPENA, 2026ko otsailaren 26koa, Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendariarena, etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak urgentziaz aldatzeko dekretu-proiektua jendaurrean jartzekoa.
Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak dekretu-proiektua egin du etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenen urgentziazko aldaketa arautzeko.
Proiektua izapidetzen ari da Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren ekainaren 30eko 6/2022 Legeak (aurrerantzean 6/2022 Legea) xedatutakoaren arabera, eta behin-behinekoz onartu da 2025eko irailaren 22ko Aginduaren bidez.
6/2022 Legearen 17. artikuluak xedatzen duenez, aldez aurretiko kontsultaren, entzunaldiaren eta informazio publikoaren izapideak beti egin behar dira herritarren eskubide edo interes legitimoei zuzenean ukitzen bazaie, eta, betiere, aurreikusitako salbuespen-arrazoiren bat ematen ez bada.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 133.2 artikuluak ezartzen duenez, ekimenaren testua idatzi aurreko kontsulta eragotzi gabe, arauak pertsonen eskubide eta interes legitimoei eragiten badie, eskumena duen zuzendaritza-zentroak dagokion web-atarian argitaratuko du testua, eragindako herritarrei entzunaldia emateko xedez eta beste pertsona edo erakunde batzuek egin ditzaketen ekarpenak jasotzeko xedez.
Era berean, zuzenean eska dakieke iritzia arauaren eraginez eskubide edo interes legitimoak ukitzen zaizkien pertsonak biltzen edo ordezkatzen dituzten eta helburuak arauaren xedearekin zuzenean lotuta dauzkaten antolakunde edo elkarte legez onartuei.
Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren 18/2026 irizpenak dioenez, beharrezkoa da informazio publikoaren izapidea gauzatzea, arau orokorrak herritarrengan izango duen eragina kontuan hartuta.
Hori guztia dela eta, Ingurumen, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 411/2024 Dekretuaren 7. eta 14. artikuluek xedatutakoarekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Jendaurrean jartzea, 10 egun baliodunez, etxebizitzaren arloko erregelamendu-xedapenak urgentziaz aldatzeko dekretu-proiektua, interesdunek egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten.
Bigarrena.– Dekretu-proiektuaren edukia Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen Zuzendaritzan (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz) eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-oholean (www.euskadi.eus atarian) egongo da eskuragarri.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 26a.
Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendaria,
MARIO JOSE YOLDI DOMINGUEZ.
RSS