Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2026ko martxoaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ELIKADURA, LANDA GARAPEN, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
1020

AGINDUA, 2026ko otsailaren 18koa, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, zeinaren bidez ebazten baita 2025eko Euskadi Gastronomia Sarien deialdia eta jakinarazten baita epaimahaiaren erabakia.

Euskadi Gastronomia Sariak arautzen dituen azaroaren 4ko 217/2025 Dekretuan xedatutakoaren arabera (2025eko azaroaren 17ko EHAA), 2025ean izango den lehen ediziorako sari horien deialdia egin zuen Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 2025eko abenduaren 15eko Aginduaren bidez (2025eko abenduaren 24ko EHAA), jarduera-eremu horretan lan- edo bizi-mailako ibilbide bereziki garrantzitsua egin izanagatik nabarmendu diren pertsonen edo taldeen lana aitortzeko.

Hauek dira deialdi honen 2025erako Euskadi Gastronomia Sarien kategoriak, aipatutako aginduaren arabera: ibilbide gastronomiko onena, ibilbide enogastronomiko onena eta gazte talentuduna.

Sarien kudeaketa Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko Zuzendaritzak egiten du, eta aurkeztutako hautagaiak horretarako ezarritako epean baloratzeko, epaimahai bat eratu da, sarien xede diren jarduerekiko egokitasun- eta lotura-baldintzak betetzen dituena. Horretarako, 2026ko urtarrilaren 29ko Ebazpena (2026ko otsailaren 11ko EHAA) eman da, eta epaimahaikideak nor diren adierazi.

2026ko otsailaren 17an, epaimahaikideei deialdia egin, eta bilera egin dute; bilera horretan, epearen barruan aurkeztutako hautagaitzak aztertu eta baloratu dituzte adjudikazio-irizpideak aplikatuta, eta epaimahaiak erabakia hartu du.

Horrenbestez, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2025eko Euskadi Gastronomia Sarien prozedura ebaztea, agindu honen eranskinean argitaratu diren oinarriekin bat etorriz, eta epaimahaiaren erabakia ezagutaraztea, zeina loteslea baita. Hemen erabakia:

– Ibilbide gastronomiko onenaren Euskadi Gastronomia Saria 2025: euskal gastronomian eragin, ekarpen eta lotura esanguratsua izan duen pertsona edo talde bat aintzatesten du:

Euskal Sukaldaritza Berriaren sortzaileak; hor sartzen dira sukaldari hauek: Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Karlos Arguiñano, José Juan Castillo, Tatus Fombellida, Ramón Roteta, Patxi Kintana, Ricardo Idiakez, Xabier Zapirain, Luis Irizar, Pedro Gómez, Manolo Iza, Jesús Mangas eta Ramón Zugasti.

Duela 50 urte euskal gastronomiaren berrikuntza bultzatu zutelako; benetakotasuna berreskuratu eta euskal sukaldaritza tradizionalaren modernizazioa ekarri zuten, eta oinarriak ezarri zituzten, talde horren eta sukaldari belaunaldi berrien elkarlanarekin, gaur egun Euskadi gastronomiaren munduko erreferentzia izan dadin.

– Ibilbide enogastronomiko onenaren Euskadi Gastronomia Saria 2025: euskal enogastronomian eragin, ekarpen eta lotura esanguratsua izan duen eta tradizioa eta berrikuntza ezin hobeto uztartzen dituen pertsona edo talde bat aintzatesten du:

Txomin Etxaniz Txakolin-Upategia: Andrés, Ernesto eta Iñaki Txueka anaiak.

Bizitza osoa Txomin Etxaniz familia-upategiaren buru daramatelako, txakolina berreskura dadin lanean, upategia gaur egun den bezain finkatua izatera iristeko ahaleginean, eta Getariako Txakolina jatorri-deituraren sorreran eta euskal txakolinak biziberritzen funtsezko piezak izan direlako.

– Gazte talentudunaren Euskadi Gastronomia Saria 2025: euskal gastronomian eta enogastronomian gaitasuna eta etorkizuneko proiekzioa erakusten duen pertsona bat nabarmentzen du:

Izaskun Orive Aizpuru, AidTec Solutions enpresakoa.

Prestakuntza teknologikoan eta ekintzailetza berritzailean oinarritutako bere ibilbide pertsonalaren bidez, gure sektoreak etorkizuneko erronkei aurre egiteko behar dituen balioak bultzatzen dituelako, gaur egun bere upeltegian teknologia berritzailearen aplikazioa eta Arabako Errioxako ehun urte baino gehiagoko tradizioaren erabilerak bateratuz.

2025eko abenduaren 15eko Aginduaren bederatzigarren oinarriaren arabera, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak egingo du aintzatespen publikoaren ekitaldirako deialdia; ekitaldi ofizial bat egingo da, eta bertan emango zaizkie sarituei sariak.

Bigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Hirugarrena.– Agindu honetan aurreikusi gabeko orotarako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea aplikatuko dira.

Laugarrena.– Agindu hau banaka jakinaraziko zaie saritutako pertsonei edo taldeei, nahiz eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratu.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 18a.

Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

AMAYA BARREDO MARTÍN.


Azterketa dokumentala