
45. zk., 2026ko martxoaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (183 KB - 12 orri.)
- EPUB (119 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1015
39/2026 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita erabaki hau argitaratzea: Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoan hartutako erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoak eskola-aseguruaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena ezartzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du erabaki hori, eta dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoan hartutako erabakiaren testua, Euskal Autonomia Erkidegoak eskola-aseguruaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena ezartzeko erabakiaren testua, zeina eranskinean jaso baita.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 3a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 3KO 39/2026 EBAZPENARENA
EUSKAL HERRIAREN AUTONOMIA ESTATUTUAREN BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORREAN AURREIKUSITAKO HITZARMENA EGITEKO ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAK BERE GAIN HARTU DEZAN ESKOLA-ASEGURUAREN KUDEAKETA
Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoko idazkariak direnez, hau
ZIURTATZEN DUTE:
Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena egiteko erabakia hartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan eskola-aseguruaren kudeaketa, ondoren adierazitako moduan:
Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari konstituzio-eskubideak egikaritzeko eta konstituzio-eginbeharrak betetzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze aldera. Bestalde, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintzaren eta araubide ekonomikoaren arloan, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak egikaritzea.
Eskola-asegurua Espainian Eskola Asegurua Ezartzeari buruzko 1953ko uztailaren 17ko Legean –Konstituzioaren aurrekoa– araututa dago. Dena den, lege hori ez da egokitu Konstituziotik eratorritako gizarte-babeserako sistema berriaren printzipioetara, eta ez die bete-betean erantzuten.
Gaur egungo gizarte-babeseko sistematik erabat bereizita jarduten du eskola-aseguruak, eta asistentzia- eta hezkuntza-izaerako helburu nagusia du.
Aseguru horrek osasun-prestazioak eta prestazio ekonomikoak barne hartzen ditu. Osasun-prestazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuarekin, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako bitartekoak; prestazio ekonomikoak, aldiz, estatu-mailan geratu ziren.
Aipatutako legearen –hots, Espainian Eskola Asegurua Ezartzeari buruzko 1953ko uztailaren 17ko Legearen– 1. artikuluan ezartzen duenez, aseguru hori nahitaezkoa da, ikasle espainiar nahiz atzerritarren mesedetan gizarte-aurreikuspena gauzatzeko, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailatik gorako unibertsitatez kanpoko ikasketetan edo batxilergoko mailetan matrikulatuta badaude, eta gehienez 28 urte badituzte, ustekabeko eta aurreikus daitezkeen inguruabarren aurka babesteko eta laguntzeko.
Honako hauek dira eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoak: familia-ezbeharragatiko prestazioak (ikaslearen familiaburuak porrot egiten duenean edo hiltzen denean), ehorzketagatiko prestazioak (ikaslea istripu, eskola-istripu edo gaixotasun baten ondorioz hiltzen denean) eta eskola-istripuaren ondoriozko ezintasun absolutua edo baliaezintasun handia.
Eskola-aseguruak izaera juridiko oso berezia du –oso espezialitate esanguratsuak ditu, eta sistemaren berezko espezialitateetatik bereiziak–, Konstituzioaren aurreko arauketaren ondorioz nagusiki, zeina bere horretan mantendu baita gaur arte. Hori dela eta, bere antolaketa-berezitasunari eusten dio, eta Gizarte Segurantzaren sistemako afiliazioko eta diru-bilketako zirkuitu komunetatik kanpo geratzen da. Gaur egun, eskola-aseguruaren eragina oso txikia dela esan daiteke, haren izaera berezia eta gizarte-babesaren arloan duen irismen eta finantza-dimentsio mugatua direla eta.
Praktikan, Gizarte Segurantzaren araudian, eta, berrikiago eta bereziki, hezkuntzaren berariazko araudian topatu izan du babes orokorra ikasle-babesak; izan ere, azken araudi horretan, ikasleen oinarrizko eskubide gisa aitortzen da «gizarte-babesa, hezkuntzaren esparruan, familia-ezbeharren edo istripuen kasuan».
Deskribatutako araudiaren bilakaera dela eta, beharrezko arau-aldaketak egitea komeni da, batetik, ikasleen babes sozialak konfigurazio eta autonomia propioak izan ditzan, babes-mekanismoak eguneratu eta horien kudeaketa erraztuko dutenak, eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoak haren kudeaketa integrala bere gain hartzea ahalbidetzeko, hauek errespetatuz: Gizarte Segurantzako sistemaren eredu bateratua eta kutxa bakarra, eta, beraz, funtzionamendu ekonomiko uniformea; Gizarte Segurtasuneko baliabide guztien estatu-titulartasuna, eta herritar guztiak berdintasunez tratatzea Gizarte Segurantzarekiko dituzten eskubideak asetzeko eta betebeharrak betetzeko orduan.
Hertsiki eta beren-beregi eskola-aseguruari dagozkion zenbait aldaketa, afiliazioko eta diru-bilketako zirkuitu komunen arauetatik eta Gizarte Segurantzako sistemaren gainerako prestazioen kudeaketaren arauetatik bereizitako arauak barne hartzen dituztenak.
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 18.2 artikuluan xedatzen duenez, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea –salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea.
Orobat, 18.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizun eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.
Azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean jasotzen denez, Transferentzien Batzorde Mistoak behar diren hitzarmenak egingo ditu, Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa beregana dezan, betiere araubide horren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta hitzarmenetan hura zuzen kudeatzeko jasoko diren prozedura, epe eta konpromisoak beteta.
Arau-aurreikuspen horiek oinarri hartuta, eta Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko 2025eko uztailaren 15eko Aldebiko Lankidetza Batzordean eskola-aseguruari buruz erabakitakoaren arabera, bi administrazioek hitzarmen hau egin dute, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan eskola-aseguruaren kudeaketa. Era berean, bere gain hartuko ditu eginkizun horiei dagozkien bitartekoak eta zerbitzuak.
Lehenengoa.– Xedea.
Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak erabaki du hitzarmena egitea (ikus eranskina), Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan eskola-aseguruaren kudeaketa osoa, betiere Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta hitzarmenean hura zuzen kudeatzeko jasoko diren prozedura, epe eta konpromisoak beteta.
Bigarrena.– Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan eskola-aseguruaren kudeaketa.
Eranskinean jasota dagoen hitzarmenak zehazten ditu bai Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunak, bai Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gordetzen dituenak, bai Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren elkarrekiko betebeharrak eta baterako eginkizunak, eta bai eskola-asegurua kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordearen erregulazioa.
Hitzarmenaren xedapenetan zehaztuko da zer araubideri jarraituko zaion hitzarmenaren indarraldiari, ondorioei, aldaketei eta eteteari dagokienez.
Hirugarrena.– Eraginkortasuna.
Hitzarmen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aldi berean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean. Ondoren, bidezko jotzen diren egokitzapenak egin ahal izango dira araudian, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskola-aseguruaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmenean zehazten den egunetik aurrera izango da eraginkorra.
Eta, jasota gera dadin, ziurtagiri hau ematen da Madrilen eta Vitoria-Gasteizen, sinadura elektronikoen datetan, hargatik eragotzi gabe akta geroago onestea. Batzorde Mistoko idazkariak: Jorge García Carreño jauna eta Begoña Pérez de Eulate González andrea.
ERANSKINA
EUSKAL HERRIAREN AUTONOMIA ESTATUTUAREN BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORREAN AURREIKUSITAKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAK BERE GAIN HARTU DEZAN ESKOLA-ASEGURUAREN KUDEAKETA
AZALPEN-EDUKIA
Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari konstituzio-eskubideak egikaritzeko eta konstituzio-eginbeharrak betetzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze aldera. Bestalde, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintzaren eta araubide ekonomikoaren arloan, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak egikaritzea.
Eskola-asegurua Espainian Eskola Asegurua Ezartzeari buruzko 1953ko uztailaren 17ko Legean –Konstituzioaren aurrekoa– araututa dago. Dena den, lege hori ez da egokitu Konstituziotik eratorritako gizarte-babeserako sistema berriaren printzipioetara, eta ez die bete-betean erantzuten.
Gaur egungo gizarte-babeseko sistematik erabat bereizita jarduten du eskola-aseguruak, eta asistentzia- eta hezkuntza-izaerako helburu nagusia du.
Aseguru horrek osasun-prestazioak eta prestazio ekonomikoak barne hartzen ditu. Osasun-prestazioak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuarekin, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako bitartekoak; prestazio ekonomikoak, aldiz, estatu-mailan geratu ziren.
Aipatutako legearen –hots, Espainian Eskola Asegurua Ezartzeari buruzko 1953ko uztailaren 17ko Legearen–1. artikuluan ezartzen duenez, aseguru hori nahitaezkoa da, ikasle espainiar nahiz atzerritarren mesedetan gizarte-aurreikuspena gauzatzeko, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailatik gorako unibertsitatez kanpoko ikasketetan edo batxilergoko mailetan matrikulatuta badaude, eta gehienez 28 urte badituzte, ustekabeko eta aurreikus daitezkeen inguruabarren aurka babesteko eta laguntzeko.
Honako hauek dira eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoak: familia-ezbeharragatiko prestazioak (ikaslearen familiaburuak porrot egiten duenean edo hiltzen denean), ehorzketagatiko prestazioak (ikaslea istripu, eskola-istripu edo gaixotasun baten ondorioz hiltzen denean) eta eskola-istripuaren ondoriozko ezintasun absolutua edo baliaezintasun handia.
Eskola-aseguruak izaera juridiko oso berezia du –oso espezialitate esanguratsuak ditu, eta sistemaren berezko espezialitateetatik bereiziak–, Konstituzioaren aurreko arauketaren ondorioz nagusiki, zeina bere horretan mantendu baita gaur arte. Hori dela eta, bere antolaketa-berezitasunari eusten dio, eta Gizarte Segurantzaren sistemako afiliazioko eta diru-bilketako zirkuitu komunetatik kanpo geratzen da. Gaur egun, eskola-aseguruaren eragina oso txikia dela esan daiteke, haren izaera berezia eta gizarte-babesaren arloan duen irismen eta finantza-dimentsio mugatua direla eta.
Praktikan, Gizarte Segurantzaren araudian, eta, berrikiago eta bereziki, hezkuntzaren berariazko araudian topatu izan du babes orokorra ikasle-babesak; izan ere, azken araudi horretan, ikasleen oinarrizko eskubide gisa aitortzen da «gizarte-babesa, hezkuntzaren esparruan, familia-ezbeharren edo istripuen kasuan».
Deskribatutako araudiaren bilakaera dela eta, beharrezko arau-aldaketak egitea komeni da, batetik, ikasleen babes sozialak konfigurazio eta autonomia propioak izan ditzan, babes-mekanismoak eguneratu eta horien kudeaketa erraztuko dutenak, eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoak haren kudeaketa integrala bere gain hartzea ahalbidetzeko, hauek errespetatuz: Gizarte Segurantzako sistemaren eredu bateratua eta kutxa bakarra, eta, beraz, funtzionamendu ekonomiko uniformea; Gizarte Segurtasuneko baliabide guztien estatu-titulartasuna, eta herritar guztiak berdintasunez tratatzea Gizarte Segurantzarekiko dituzten eskubideak asetzeko eta betebeharrak betetzeko orduan.
Hertsiki eta beren-beregi eskola-aseguruari dagozkion zenbait aldaketa, afiliazioko eta diru-bilketako zirkuitu komunen arauetatik eta Gizarte Segurantzako sistemaren gainerako prestazioen kudeaketaren arauetatik bereizitako arauak barne hartzen dituztenak.
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 18.2 artikuluan xedatzen du, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea –salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea.
Orobat, 18.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizun eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.
Azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean jasotzen denez, Transferentzien Batzorde Mistoak behar diren hitzarmenak egingo ditu, Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa beregana dezan, betiere araubide horren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta hitzarmenetan hura zuzen kudeatzeko jasoko diren prozedura, epe eta konpromisoak beteta.
Arau-aurreikuspen horiek oinarri hartuta, eta Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordeak 2025eko uztailaren 15ean eskola-aseguruari buruz erabakitakoaren arabera, Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren Osoko Bilkurak hitzarmen hau egitea erabaki du, Euskal Autonomia Erkidegoak bere lurralde-eremuan bere gain hartu dezan eskola-aseguruaren kudeaketa.
XEDAPEN-EDUKIA
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzea bere lurraldeko eskola-aseguruaren kudeaketa osoa, eta horren barruan sartzen da eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoen kudeaketa, bai eta eskola-aseguruaren araubide ekonomikoaren finantzaketa eta kudeaketa ere.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoak, Estatuak ezarritako oinarrizko erregulazioaren esparruan, bere gain hartzen ditu bere lurralde-eremuan eskola-asegurua kudeatzeko eginkizunak.
1.1. Euskal Autonomia Erkidegoak, Estatuak ezarritako oinarrizko erregulazioaren esparruan, bere gain hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan nahitaezko kuota ordaintzearen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean eskatzen diren eskola-aseguruko prestazio ekonomikoen kudeaketari atxikitako eginkizun hauek, legez ezarritako gainerako betebeharrak betetzearekin batera:
a) Eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoei buruzko informazioa, hastapena, instrukzioa, ebazpena eta ordainketa.
b) Prestaziorako eskubidea aldatu, iraungi edo berrikusteko administrazio-prozedurak hasi, izapidetu eta ebaztea, eta prozedura horiek irauten duten bitartean sor daitezkeen arazo intzidentalak ebaztea.
c) Eskubide onartuei eusteko baldintzak betetzen direla gainbegiratzea eta kontrolatzea, bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko betebeharra deklaratzea eta zehatzeko ahala egikaritzea.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek kontu-hartzailetza eginkizuna betetzea, Gizarte Segurantzaren arloan erabiltzen diren modalitate eta baldintza berberetan.
e) Eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoak antolatzeko eta onuradunei ordaintzeko aurrekontu- eta administrazio-kudeaketa, bai ordainketa bakarrekoak, bai aldizkakoak.
f) Bidegabeki jasotako prestazioak itzultzeko edo, hala badagokio, konpentsatzera bideratutako kudeaketa osoa.
g) Finantza-entitateekin harremanak izatea, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren arau propioekin; harreman horien barnean sartzen da kontuak irekitzeko baimena ematea, eta kontuak esleitu eta ezereztea.
h) Eskola-aseguruaren kudeaketari buruzko auzien judizioko ordezkaritza- eta defentsa-eginkizunak betetzea bere lurraldean, Estatuak ezarritako gidalerroei jarraituz, Gizarte Segurantzaren arauak irizpide berberekin interpretatu eta aplikatuko direla bermatzeko.
i) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoei dagokionez esleituta dituen gainerako eginkizun betearazleak eta Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak apartatu honetako eginkizunak eta zerbitzuak zuzendu, antolatu, kontrolatu eta zaintzeari dagokionez esleituta dituenak.
1.2. Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ditu, bere lurralde-eremuan eta Estatuak ezarritako oinarrizko erregulazioaren esparruan –Estatuak berak gaituta–, eskola-aseguruaren araubide ekonomikoa kudeatzeko beharrezkoak diren eginkizunak:
a) Ikasleak ikasturte bakoitzeko matrikula formalizatzean eskola-asegururako egiten duen ekarpenaren dirua biltzea eta likidatzea –ikastetxeek Euskal Autonomia Erkidegoak horretarako adierazitako bulegoetan sartuko dute dirua–, barne hartuta, halaber, ordainagiriak egitea eta kontsultatzea, baita kobrantza-sariaren kudeaketari eta finantza-kontrolari lotutako eginkizunak ere.
b) Sarrerak kudeatzea eta kontabilizatzea.
c) Finantza-entitateekin harremanak izatea, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren arau propioekin; harreman horien barnean sartzen da kontuak irekitzeko baimena ematea, eta kontuak esleitu eta ezereztea.
d) Egintza instrumentalak eta jarduketa zehatzak egitea, inskripzioa, afiliazioa, altak eta bajak egiteko ikastetxeek eta ikasleek dituzten betebeharrak betetzeari dagokionez, hurrengo hirugarren apartatuan aurreikusitakoari kalterik egin gabe, eta baldin eta sistemaren batasuna arriskuan jartzen ez badute eta funtzionamendu ekonomiko uniformea eragozten ez badute.
e) Ikastetxeak kontrolatzea eta ikuskatzea, eskola-aseguruaren araubide ekonomikoari dagokionez dituzten betebeharrei dagokienez.
f) Eskola-aseguruaren kudeaketa ekonomikoari dagokionez esleitutako gainerako eginkizun betearazleak eta Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak apartatu honetako eginkizunak eta zerbitzuak zuzendu, antolatu, kontrolatu eta zaintzeari dagokionez esleituta dituenak.
g) Zehatzeko ahala.
2.– Eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoak jasotzeko eskabide telematikoak Euskal Autonomia Erkidegoan aurkeztu direla ulertuko da, baldin eta prestazio horien kuota Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe batean ordaindu bada.
3.– Eginkizun horiek guztiak garatzeko, 3. apartatuko 4. puntuan xedatutakoaren babesean Estatuak ezarritako irizpide arauemaileak eta interpretaziozkoak aplikatuko dira.
Hirugarrena.– Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gordetako eginkizunak.
Eginkizun hauek Estatuko Administrazio Orokorrarenak izaten jarraituko dute:
1.– Gizarte Segurantzaren legegintzaren eta araubide ekonomikoaren gainean Estatuari dagozkion eginkizunak betetzea eta jarduketak egitea.
2.– Afiliazioa, altak, bajak eta datu-aldaketak, bai eta eskola-aseguruan kokatzeko beste egintza oro ere, hala nola, ikastetxeak inskribatzea eta dagozkien kotizazio-kontuen kodeak esleitzea, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoak egin ditzakeen jarduera zehatzak, ikastetxeek eta ikasleek betebehar horiek betetzeari dagokionez.
3.– Hitzarmen honetan Euskal Autonomia Erkidegoari esleitu ez zaizkion eskumenak.
4.– Irizpide-batasuna bermatzea, Estatuak irizpide arauemaile eta interpretaziozko homogeneoak finkatuta, sistema eraginkorra eta efikaza izateko eta, horrenbestez, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren batasuna eta elkartasun-printzipioa bermatzeko eta herritar guztiak berdintasunez tratatzeko Gizarte Segurantzarekiko dituzten eskubideak asetzeko eta betebeharrak betetzeko orduan.
5.– Finantza-kontrol iraunkorra Gizarte Segurantzako Kontu-hartzailetza Nagusiak egingo du, hark zehazten duen aldizkakotasunarekin, eta arau hauen mende egongo da:
– Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzako Kontu Hartzailetza Nagusiari eman beharko dio, finantza-kontrol iraunkorra behar bezala egiteko, agindutako kudeaketarako erabiltzen diren aplikazio informatikoetarako sarbidea, eta Euskal Autonomia Erkidegoari eskola-aseguruaren kudeaketari dagokionez esleitu zaizkion betekizun, izapide eta jarduera guztiak egiaztatzeko beharrezko dokumentazioa eta informazioa, bai eta kontrola gauzatzeko beharrezkoa izan daitezkeen bestelako datuak ere.
– Kontrolaren helburu orokorra da Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek eskola-aseguruari buruz ezarritako prozedurak egiaztatzea laginketa-tekniken bidez, egiaztatzeko ea bat datozen legezkotasun-, ekonomia- eta efizientzia-printzipioekin, eta ea ahalbidetzen duten Gizarte Segurantzak ezarritako irizpideekin modu homogeneoan aplikatzea kudeaketa-estandarrak eta arau- eta interpretazio-irizpideak.
– Emandako txostenak kontraesan-printzipioaren mende egongo dira, Estatuko Administrazio Orokorraren esparruko Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren VI. tituluan eta Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoaren antzera. Alabaina, txosten horien hartzaile izango dira gomendatutako kudeaketaren ardura duten autonomia-erkidegoko organo eskudunak, eta egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ahal izango dituzte.
– Behin betiko txostenak eman ondoren, Gizarte Segurantzako Kontu-hartzailetza Nagusiak txosten orokor bat egingo du, eta bertan jasoko dira kontrol horren alderdi esanguratsuak. Txosten hori, kudeaketaren ardura duten organoei ez ezik, eskola-asegurua kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordeari ere bidaliko zaio, haien berri izan dezan, bai eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek hartu behar dituzten gomendioen berri ere; eta, hala badagokio, organo horiei eskatuko zaie neurrien plan bat egin dezatela, Estatuko Administrazio Orokorraren esparruko Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 161. artikuluan aurreikusitakoaren antzeko baldintzetan; plan horrek ahuleziak, akatsak eta okerrak zuzentzeko hartu beharreko neurri zehatzak zehaztu beharko ditu. Halaber, aurreko ekitaldietan adierazitako zuzendu beharreko egoeren berri emango zaio batzorde horri.
– Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiak Autonomia Erkidegoari agindutako kudeaketaren arloan egindako kontrolen emaitza esanguratsuenak sartuko ditu finantza-kontrol iraunkorreko urteroko planean, Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusiak Ministro Kontseiluari Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 146. artikuluan aurreikusitakoaren arabera aurkezten dion txostenean, eta, hala badagokio, aurreko ekitaldietan agerian jarritako ahuleziak neurrien plan baten bidez zuzentzeko prozesua zer egoeratan dagoen jasoko du.
Laugarrena.– Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren elkarrekiko betebeharrak eta baterako eginkizunak.
Gizarte Segurantzaren sistemaren berdintasun- eta batasun-printzipioak Estatuaren lurralde osoan bermatzeko, hargatik eragotzi gabe aurreko klausuletan ezarritakoa, bi administrazioek baterako eginkizun eta elkarrekiko betebehar hauek bete beharko dituzte:
1.– Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzari hilero jakinaraziko dizkio bere eskumenak erabiltzean onartutako eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoen titularrak identifikatzeko datuak, prestazioagatik ordaindu diren zenbatekoak eta prestazioaren ondore-eguna barne, araudi erregulatzailean eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren –urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua– testu bateginean adierazitako baldintzetan.
2.– Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak protokoloak adostuko dituzte, onuradunak lekualdatzen diren kasuetan Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari espedienteak bidaltzeko, baita Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari ikasleen zerrenda helarazteko ere.
3.– Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak hitzarmenak, akordioak edo bestelako lankidetza-tresnak egin ahal izango dituzte, haien arteko lankidetza-harremanak estutzeko, eskualdatutako eginkizunen kudeaketa efizienteagoa izateko eta bitarteko eta zerbitzu publikoak batera erabiltzeko, elkarrekiko laguntza eta informazio-trukea baliatuz.
Lankidetza horren esparruan, bi administrazioek beren eginkizunen arloan beharrezkoa den informazioa trukatuko dute.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoak informazioa emango dio Estatuko Administrazioari, estatistika-datuak landu ahal izateko EAEk bere gain hartutako eginkizunen betearazpenari buruz, hartara estatistika-koordinazioa eta -integrazioa bermatuz.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoak txosten bat egingo du urtero; bertan adieraziko da zer neurri hartu diren EAEren prozedurak finantza-kontrol iraunkorreko txostenetan eta, hala badagokio, kanpoko beste kontrol-organo batzuen txostenetan jasotako gomendioetara egokitzeko.
Bosgarrena.– Finantzaketa-araubidea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoak finantzaketa-iturri hauek izango ditu eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoak ordaintzeko eta osasun-prestazioen kostua finantzatzeko:
a) Hitzarmen honen bigarren apartatuan araututako eskola-aseguruaren kuoten diru-bilketa.
b) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak transferitutako baliabideak.
c) Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu-kredituak, eskola-aseguruaren osasun-prestazioen kudeaketaren eskualdaketaren ondoriozkoak.
2.– Eskola-aseguruaren osasun-prestazioak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak aurreko 1.a) apartatuan aipatutako diru-sarrera guztien ehuneko laurogeita hamasei (% 96) izango du.
Halaber, Eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako bitartekoak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuaren D apartatuaren ondoriozko aurrekontu-kredituak izango ditu Euskal Autonomia Erkidegoak.
3.– Eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoak finantzatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak aurreko 1.a) apartatuan aipatutako diru-sarrera guztien ehuneko lau (% 4) izango du. Ekitaldia amaitu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak erregularizatu egingo dute aurrez aipatutako diru-sarreren zenbatekoaren –kobrantza-saria kendu ondoren– eta ekitaldi horretan prestazio ekonomikoei dagokienez Euskal Autonomia Erkidegoak ordaindutako zenbatekoaren arteko saldoa. Likidazioa transferentzia bakarrean egingo da, hurrengo ekitaldiko ekainaren bigarren hamabostaldian.
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoak, ekitaldi bakoitzeko ekainaren lehenengo hamabostaldian, ziurtagiri bat helaraziko dio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari, aurreko ekitaldian eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoen aurrekontu-programari lotutako eskubideei eta betebeharrei buruzko informazioarekin.
4.– Eskola-aseguruaren konfigurazio juridikoa eta aurrekontuzkoaren berezitasuna dela-eta, zaila da urteko guztizko kostu homogeneo bat zehazteko metodologia aplikatzea. Salbuespen gisa, eta aurrekontuetan duen eragin mugatua dela eta, bi administrazioek erabaki dute Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzea Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren aurrekontuetan jasotako 1., 2. eta 6. kapituluei dagozkien gastuen aurrekontu-kredituei egotz dakiekeen indizearen finantzaketa. Horretarako, eskola-aseguruen kuoten diru-bilketatik eratorritako diru-sarrerak erabiliko dituzte.
Seigarrena.– Eskola-asegurua kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordea.
1.– Eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoen arloan dagokion lankidetza gauzatzeko, bai eta haren kudeaketa ekonomikoa egiteko ere, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eskola-asegurua kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordea sortu da. Batzorde horrek kide kopuru parekidekoa izango du, eta zortzi kidez osatuta egongo da: horietatik lau Estatuaren Administrazio Orokorrak izendatuko ditu, eta beste lau, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak.
Era berean, batzordekide titularrek aztertzea eskatzen duten gaien espezifikotasunaren arabera, komeni diren pertsonek parte hartu ahal izango dute Batzorde Mistoaren bileretan; inola ere ez dute titular horien ordezkaritza bereganatuko. Era berean, gai espezifikoak garatzeko lantalde mistoak sortu ahal izango dira batzorde horren tutoretzapean.
2.– Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
a) Eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoen eta araubide ekonomikoaren kudeaketaren arloan lankidetza eta elkarlana sustatzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako eskola-aseguruaren araubide ekonomikoaren kudeaketaren jarraipena egitea, Euskal Autonomia Erkidegoak horretarako aurreikusitako informazio-kanalen bidez emandako informazioan oinarrituta.
c) Egon daitezkeen egikaritze- eta betetze-arazoei aurre egitea, eta eskola-asegurua kudeatzean sor daitezkeen gatazkak eta desadostasunak konpontzea.
d) Koordinazio-protokoloak adostea, bigarren apartatuko 1.2 paragrafoko d) letran eta hirugarren apartatuko 2. paragrafoan zehaztutako eginkizunak aldi berean betetzeko.
3.– Eskola-asegurua kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordea gutxienez urtero bilduko da, baita bi administrazioetako edozeinek eskatzen duenean ere.
Zazpigarrena.– Dokumentazioa eta espedienteak entregatzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eginkizunei buruzko dokumentazioa eta espedienteak entregatzeko, administrazioek informazioa bidaliko diote elkarri, bitarteko elektronikoak erabiliz.
2.– Eskabide berriak astero bidaliko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoari.
3.– Hitzarmen hau eraginkor bilakatu aurretik Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak izapidetu eta ebatzi dituen eskabide guztiei dagokienez, dokumentazioa eta espedienteak entregatzeko kudeaketa hilabeteko epean hasiko da, hitzarmena eraginkor bilakatzen den egunetik aurrera. Indarrean dauden espedienteen eta dokumentazioaren entregari buruzko aurrerapen-txosten bat egingo da hilero, entregatze- eta harrera-akta egin arte, teknikoki jakiteko zein den burutzen ari den izapidetze-prozesuaren bilakaera. Gehienez sei hilabeteko epea egongo da espediente guztiak eta haien dokumentazioa bidaltzeko, helburua izanik bidalketa-jarduketak eta -kudeaketak zuzenak izan direla egiaztatzea, prestazio onartuen datu-migrazioa baliozkotzea eta interesdunei prestazio horiek benetan ordaintzen zaizkiela ziurtatzea, harik eta adierazitako espedienteak eta dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoari entregatu eta bertan inplementatu arte.
Zortzigarrena.– Aldaketa.
1.– Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabaki baten bidez aldatu ahal izango da hitzarmen hau; hala bada, erabaki horrek xedatuko ditu hitzarmenaren baldintza berriak. Aldaketa eraginkorra izango da Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak sinatuko duten aldaketa-hitzarmena indarrean jartzen den egunetik aurrera.
2.– Hitzarmen hau eskola-aseguruaren arloko legezko aldaketa posibleei egokitzea Transferentzien Batzorde Mistoan erabakiko da, eskola-asegurua kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordeak deialdia egin ondoren.
Bederatzigarrena.– Indarrean jartzea, indarraldia eta eraginkortasun-data.
1.– Alderdiek adostasuna emanda biribilduko da hitzarmena, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aldi berean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean. Ondoren, egokitzat jotzen diren egokitzapenak egin ahal izango dira araudian, baina 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera izango da eraginkorra.
Eskola-asegurua kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordeak hitzarmen honetan ezarritako eraginkortasun-data aldatu ahal izango du, baldin eta bi administrazioak ados badaude. Horretarako, epeen beste plangintza eta proposamen bat onartuko ditu, bermatzeko behar bezala funtzionatzen dutela Euskal Autonomia Erkidegoaren jarduteko gaitasunak eta, bereziki, herritarrengan eragin negatiboren bat prebenitzen laguntzen duten informazio-trukerako protokolo guztiek.
2.– Orobat, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eginkizunak beteko ditu, bai hitzarmena eraginkor bilakatu baino lehen aurkeztu eta ebatzi gabe dauden eskola-aseguruaren prestazio ekonomikoen eskabideei dagokienez, bai Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak hitzarmena eraginkor bilakatu baino lehen onartutako eskola-aseguruaren prestazioei dagokienez.
3.– Hitzarmen hau mugagabea izango da.
RSS