
45. zk., 2026ko martxoaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (189 KB - 13 orri.)
- EPUB (128 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1014
38/2026 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita erabaki hau argitaratzea: Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoan hartutako erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoak familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena ezartzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du Erabaki hori, eta dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoan hartutako erabakiaren testua, Euskal Autonomia Erkidegoak familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena ezartzeko erabakiaren testua, zeina eranskinean jaso baita.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 3a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 3KO 38/2026 EBAZPENARENA
EUSKAL HERRIAREN AUTONOMIA ESTATUTUAREN BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORREAN AURREIKUSITAKO HITZARMENA EGITEKO ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAK BERE GAIN HARTU DEZAN FAMILIA-PRESTAZIO EZ-KONTRIBUTIBOEN ETA JAIOTZAGATIKO ETA ADINGABEEN ZAINTZAGATIKO SUBSIDIO EZ-KONTRIBUTIBOAREN KUDEAKETA
Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoko idazkariak direnez, hau
ZIURTATZEN DUTE:
Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16ko osoko bilkuran, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena egiteko erabakia hartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa, hemen adierazten den moduan:
Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari konstituzio-eskubideak egikaritzeko eta konstituzio-eginbeharrak betetzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze aldera. Bestalde, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintzaren eta araubide ekonomikoaren arloan, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak egikaritzea.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 351.– 362. eta 373. artikuluen bidez, familia-prestazio ez-kontributiboak arautzen dira; prestazio horiek pertsona jakin batzuei familia-erantzukizunak izateagatik eta, zenbait kasutan, seme-alabak jaiotzeagatik edo adoptatzeagatik sortutako premia ekonomikoari edo gehiegizko gastuei erantzuteko dira.
Izaera ez-kontributibo hori du, halaber, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 181. eta 182. artikuluetan araututako jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboak, Araubide Orokorrean sartutako langileei dagokienez. Horrez gain, beste langile hauei ere hedatzen zaie: Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Bereziko langileei (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 318.a) artikulua) eta Gizarte Segurantzako ikatz-meatzaritzako araubide bereziko langileei (GSLOTBren lehen xedapen gehigarria), baldin eta, GSLOTBren 177. artikuluan aurreikusitako jaiotza, adopzio, adopzio-helburuko zaintza edo familia-harrera gertatuta, GSLOTBren 177. artikulutik 180. artikulura araututako jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko prestazioa eskuratzeko ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte, 178. artikuluan ezarritako gutxieneko kotizazio-aldia izan ezik.
Izaera ez-kontributibo bera du urriaren 21eko 47/2015 Legearen 24.3 artikuluak aurreikusitako jaiotzagatiko subsidioak (lege horrek itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babesa arautzen du).
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 18.2 artikuluan xedatzen du, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea –salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea.
Orobat, 18.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizun eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.
Azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean jasotzen denez, Transferentzien Batzorde Mistoak behar diren hitzarmenak egingo ditu, Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa beregana dezan, betiere araubide horren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta hitzarmenetan hura zuzen kudeatzeko jasoko diren prozedura, epe eta konpromisoak beteta.
Xedapen-arau horiek oinarri hartuta, bi administrazioek Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena egiteko erabakia hartu dute, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa.
Lehenengoa.– Xedea.
Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak erabaki du hitzarmena egitea (ikus eranskina), Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan, EAEko lurralde-eremuan, familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa, betiere Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta hitzarmenean hura zuzen kudeatzeko jasoko diren prozedura, epe eta konpromisoak beteta.
Bigarrena.– Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa.
Eranskinean jasota dagoen hitzarmenak zehazten ditu bai Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunak, bai Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gordetzen dituenak, bai Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren elkarrekiko betebeharrak eta baterako eginkizunak, bai eta familia-prestazio ez-kontributiboak eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordearen erregulazioa ere.
Hitzarmenaren xedapenetan zehaztuko da zer araubideri jarraituko zaion hitzarmenaren indarraldiari, ondorioei, aldaketei eta eteteari dagokienez.
Hirugarrena.– Eraginkortasuna.
Erabaki hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aldi berean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta Euskal Autonomia Erkidegoak familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmenean adierazitako egunetik aurrera izango du eragina.
Eta, jasota gera dadin, ziurtagiri hau ematen da Madrilen eta Vitoria-Gasteizen, sinadura elektronikoen datetan, hargatik eragotzi gabe akta geroago onestea. Batzorde Mistoko idazkariak: Jorge García Carreño jauna eta Begoña Pérez de Eulate González andrea.
ERANSKINA
EUSKAL HERRIAREN AUTONOMIA ESTATUTUAREN BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORREAN AURREIKUSITAKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAK BERE GAIN HARTU DEZAN FAMILIA-PRESTAZIO EZ-KONTRIBUTIBOEN ETA JAIOTZAGATIKO ETA ADINGABEEN ZAINTZAGATIKO SUBSIDIO EZ-KONTRIBUTIBOAREN KUDEAKETA
AZALPEN-EDUKIA
Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari konstituzio-eskubideak egikaritzeko eta konstituzio-eginbeharrak betetzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze aldera. Bestalde, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintzaren eta araubide ekonomikoaren arloan, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak egikaritzea.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 351.– 362. eta 373. artikuluen bidez, familia-prestazio ez-kontributiboak arautzen dira; prestazio horiek pertsona jakin batzuei familia-erantzukizunak izateagatik eta, zenbait kasutan, seme-alabak jaiotzeagatik edo adoptatzeagatik sortutako premia ekonomikoari edo gehiegizko gastuei erantzuteko dira.
Izaera ez-kontributibo hori du, halaber, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 181. eta 182. artikuluetan araututako jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboak, Araubide Orokorrean sartutako langileei dagokienez. Horrez gain, beste langile hauei ere hedatzen zaie: Gizarte Segurantzako Norberaren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Araubide Bereziko langileei (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 318.a) artikulua) eta Gizarte Segurantzako ikatz-meatzaritzako araubide bereziko langileei (GSLOTBren lehen xedapen gehigarria), baldin eta, GSLOTBren 177. artikuluan aurreikusitako jaiotza, adopzio, adopzio-helburuko zaintza edo familia-harrera gertatuta, GSLOTBren 177. artikulutik 180. artikulura araututako jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko prestazioa eskuratzeko ezarritako baldintza guztiak betetzen badituzte, 178. artikuluan ezarritako gutxieneko kotizazio-aldia izan ezik.
Izaera ez-kontributibo bera du urriaren 21eko 47/2015 Legearen 24.3 artikuluak aurreikusitako jaiotzagatiko subsidioak (lege horrek itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babesa arautzen du).
Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 18.2 artikuluan xedatzen du, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokiola Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea –salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea.
Orobat, 18.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizun eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.
Azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean jasotzen denez, Transferentzien Batzorde Mistoak behar diren hitzarmenak egingo ditu, Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa beregana dezan, betiere araubide horren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta hitzarmenetan hura zuzen kudeatzeko jasoko diren prozedura, epe eta konpromisoak beteta.
Xedapen-arau horiek oinarri hartuta, Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren Osoko Bilkurak Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena egiteko erabakia hartu du, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan, EAEko lurralde-eremuan, familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa, bai eta, foru-ogasunen finantzaketa-sistemaren arabera, prestazio horien ordainketa ere. Hitzarmen horren edukia jasota dago eranskin honetan, eta bi administrazioek adosten dute, xedapen-eduki honen arabera:
XEDAPEN-EDUKIA
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzea, bere lurralde-eremuan, familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa, betiere Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta prestazio horiek zuzen kudeatzeko beharrezkoak diren prozedura, epe eta konpromisoak beteta.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoak, Estatuak ezarritako erregulazioaren esparruan, bere gain hartzen ditu familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketari atxikitako eginkizun hauek, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta, hala badagokio, Itsasoko Gizarte Institutuak gauzatuak, bai eta laguntza horiek ordaintzea ere, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren pertsonek eskatzen badituzte, eskatzailearen nazionalitatea edozein dela ere:
1. Gizarte Segurantzaren familia-prestazio ez-kontributiboak (aldizka ordaintzekoak eta ordainketa bakarrekoak) jasotzeko eskubidea aitortzeko administrazio-prozedura informatu, hasi, izapidetu eta ebaztea; prestazio horiek Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 351.– 362. artikuluetan eta 373. artikuluan aurreikusita eta araututa daude.
2. Adingabeen jaiotzagatiko eta zaintzagatiko subsidio ez-kontributiborako eskubidea aitortzeko administrazio-prozedura informatu, hasi eta, hala badagokio, izapidetu eta ebaztea. Laguntza hori Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 181. eta 182. artikuluetan eta Itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babesa arautzen duen urriaren 21eko 47/2015 Legearen 24. artikuluan dago aurreikusita eta araututa.
3. Gizarte Segurantzaren familia-prestazio ez-kontributiboetarako (aldizka ordaintzekoak eta ordainketa bakarrekoak) eskubidea aldatu, iraungi edo berrikusteko administrazio-prozedurak hasi, izapidetu eta ebaztea, bai eta jaiotzagatik eta adingabeen zaintzagatik ematen den subsidio ez-kontributiborako eskubidea aldatu, azkendu edo berrikusteko prozedurak hasi, izapidetu eta ebaztea ere, barnean direla kautela-neurriak hartu eta kentzea eta prozeduretan zehar sortu daitezkeen gorabeherak ebaztea.
4. Eskubide onartuei eusteko baldintzak betetzen direla gainbegiratu eta kontrolatzea, bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko betebeharra deklaratzea eta zehatzeko ahala egikaritzea.
5. Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek kontu-hartzailetza eginkizunak betetzea, Gizarte Segurantzaren eremuan erabiltzen diren modalitate eta baldintza berberetan.
6. Aurrekontu- eta administrazio-kudeaketa, Gizarte Segurantzaren familia-prestazio ez-kontributiboen (aldizka ordaintzekoak nahiz ordainketa bakarrekoak izan) onuradunei egin beharreko ordainketak materialki antolatzeko eta egikaritzeko, bai eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren eskubidea materialki antolatzeko eta egikaritzeko ere.
7. Bidegabe jaso diren prestazioak itzultzeko kudeaketa-lanak egitea.
8. Finantza-entitateekin harremanak izatea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren arau propioekin bat etorriz; harreman horien barnean sartzen da kontuak irekitzeko baimena ematea, eta kontuak esleitu eta ezereztea.
9. Administrazio-errekurtsoak, aurretiazko erreklamazioak eta epaiketetan ordezkatzeko eta defendatzeko eginkizunak izapidetu eta ebaztea, hitzarmen honen ondorioz Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren egintza eta ebazpenei lotuta, Gizarte Segurantzaren arauak interpretatu eta aplikatzeko orduan irizpide bateratuak bermatzeko Estatuak ezarritako jarraibideei jarraituz.
10. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari esleitutako gainerako eginkizun betearazleak, Gizarte Segurantzaren familia-prestazio ez-kontributiboei eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboari dagokienez; Itsasoko Gizarte Institutuari jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboari dagokienez esleitutako gainerako eginkizun betearazleak; eta Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioari dagozkion eginkizunak ere bai, apartatu honetan aipatzen diren eginkizunen eta zerbitzuen zuzendaritzari, antolaketari, zaintzari eta tutoretzari lotuta dauden heinean.
2.– Eginkizun horiek guztiak garatzeko, Estatuak 3. apartatuaren 4. puntuaren babesean ezarritako irizpide arauemaile eta interpretaziozkoak aplikatuko dira.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean aurkeztutzat joko dira lurralde horretan bizi direnek familia-prestazio ez-kontributiboak eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboa jasotzeko aurkezten dituzten eskabide telematikoak.
4.– Familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean erroldatuta badaude, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartuko ditu prestazio horien kudeaketari atxikitako eginkizunak.
Hirugarrena.– Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gordetako eginkizunak.
Eginkizun hauek Estatuko Administrazio Orokorrarenak izaten jarraituko dute:
1. Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintzaren eta araubide ekonomikoaren gainean Estatuari dagozkion eginkizunak betetzea eta jarduketak egitea.
2. Zenbait herrialderekin gizarte-segurantzako sistemak koordinatzeko nazioarteko arau bat partekatuz gero, haien erakunde eskudunekin koordinatzeko eginkizunak, baldin arau horrek bere aplikazio-eremu materialean sartzen baditu Euskal Autonomia Erkidegoak hitzarmen honen bidez bere gain hartzen dituen prestazioak. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala eta, hala badagokio, Itsasoko Gizarte Institutua izango dira atzerriko erakunde eskudunen eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko koordinazio-organoak, nazioarteko arau horien arabera izapidetu behar diren espedienteak kudeatzeko.
3. Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroa kudeatzea eta funtzionaraztea, gizarte-txartel digitalean integratu bitartean.
4. Erregistroa administratu, kudeatu eta mantentzea, bai eta gizarte-txartel digitalari eta haren funtzionalitateei euskarria emango dien sistema informatikoa ere.
5. Irizpide-batasuna bermatzea; horretarako, Estatuak irizpide arauemaile eta interpretaziozko homogeneoak finkatuko ditu, sistema eraginkorra eta efikaza izateko eta, horrenbestez, Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren batasuna eta elkartasun-printzipioa bermatzeko eta herritar guztiak berdintasunez tratatzeko Gizarte Segurantzarekiko dituzten eskubideak eta betebeharrak betetzeko orduan.
6. Finantza-kontrol iraunkorra. Gizarte Segurantzako Kontu-hartzailetza Nagusiak egingo du, hark zehazten duen aldizkakotasunarekin, eta arau hauen mende egongo da:
– Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiari eman beharko dio, finantza-kontrol iraunkorra behar bezala egiteko, agindutako kudeaketarako erabilitako aplikazio informatikoetarako sarbidea; horrez gain, entitate berari eman beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoari familia-prestazio ez-kontributiboei eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboari dagokienez esleitutako betekizunak, izapideak eta jarduketa guztiak egiaztatzeko behar den dokumentazioa eta informazioa, bai eta kontrola gauzatzeko beharrezkoa izan daitekeen edozein datu ere.
– Kontrolaren helburu orokorra honako hau izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek ezarritako prozedurak laginketa-tekniken bidez egiaztatzea, familia-prestazio ez-kontributiboei eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboari dagokienez, egiaztatzeko ea bat datozen legezkotasun-, ekonomia- eta efizientzia-printzipioekin, eta ea ahalbidetzen duten Gizarte Segurantzak ezarritako irizpideekin modu homogeneoan aplikatzea kudeaketa-estandarrak eta arau- eta interpretazio-irizpideak.
– Emandako txostenak kontraesan-printzipioaren mende egongo dira, Estatuko Administrazio Orokorraren esparruko Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren VI. tituluan eta Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoaren antzera. Alabaina, txosten horien hartzaile izango dira esleitutako kudeaketaren ardura duten autonomia-erkidegoko organo eskudunak, eta egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ahal izango dituzte.
– Behin betiko txostenak eman ondoren, Gizarte Segurantzako Kontu-hartzailetza Nagusiak txosten orokor bat egingo du, eta bertan jasoko dira kontrol horren alderdi esanguratsuak. Txosten hori, kudeaketaren ardura duten organoei ez ezik, familia-prestazio ez-kontributiboak eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordeari ere bidaliko zaio, alderdi horien berri izan dezan, bai eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek hartu behar dituzten gomendioen berri ere; eta, hala badagokio, organo horiei eskatuko zaie neurrien plan bat egin dezatela, Estatuko Administrazio Orokorraren esparruko Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 161. artikuluan aurreikusitakoaren antzeko baldintzetan; plan horrek ahuleziak, akatsak eta okerrak zuzentzeko hartu beharreko neurri zehatzak zehaztu beharko ditu. Halaber, aurreko ekitaldietan adierazitako zuzendu beharreko egoeren berri emango zaio batzorde horri.
– Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiak Autonomia Erkidegoari agindutako kudeaketaren arloan egindako kontrolen emaitza esanguratsuenak sartuko ditu finantza-kontrol iraunkorreko urteroko planean, Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiak Ministro Kontseiluari Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 146. artikuluan aurreikusitakoaren arabera aurkezten dion txostenean, eta, hala badagokio, aurreko ekitaldietan agerian jarritako ahuleziak neurrien plan baten bidez zuzentzeko prozesua zer egoeratan dagoen jasoko du.
Laugarrena.– Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren elkarrekiko betebeharrak eta baterako eginkizunak.
Gizarte Segurantzaren sistemaren berdintasun- eta batasun-printzipioak Estatuaren lurralde osoan bermatzeko, hargatik eragotzi gabe aurreko klausuletan ezarritakoa, bi administrazioek baterako eginkizun eta elkarrekiko betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoa denez eduki ekonomikoko gizarte-prestazio publikoak kudeatzearen arduraduna, beharrezkoak diren jarduketa guztiak egingo ditu, gizarte-txartel digitalaren sistema eta Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroa eguneratzen direla bermatzeko, harik eta erregistro hori gizarte-txartel digitalean integratu arte, bi administrazioek informazioa trukatzeko ezarriko dituzten protokoloen bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoak une oro izango du irispidea gizarte-txartel digitalaren informaziora eta haren funtzionalitate eta zerbitzuetara, erregelamendu bidez ezartzen diren balditzetan.
b) Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzari hilean behin jakinaraziko dizkio bere eskumenak erabiltzean aitortutako familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren titularrak identifikatzeko datuak, bai eta prestazioagatik ordaindu diren zenbatekoak eta prestazioaren ondore-eguna ere, bermatzeko Gizarte Prestazio Publikoen Erregistroa eta gizarte-txartel digitala eguneratuta egongo direla, araudi erregulatzailean eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginean adierazitako baldintzetan (urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra).
c) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak protokoloak adostuko dituzte, onuradunak lekualdatzen diren kasuetan Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari eta, hala badagokio, Itsasoko Gizarte Institutuari espedienteak bidaltzeko.
d) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak gizarte-segurantzako sistemak koordinatzeko nazioarteko arauak aplikatzeko behar diren informazio-trukerako protokoloak adostuko dituzte.
e) Euskal Autonomia Erkidegoak urteko jarraipen-txostena egingo du, eta han jasoko ditu kudeaketa-alderdien laburpena eta familia-prestazio ez-kontributiboak eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordean adosten diren bestelako alderdiak –hitzarmen honen seigarren klausulan ezartzen da batzorde hori–.
f) Euskal Autonomia Erkidegoak txosten bat egingo du urtero; bertan adieraziko da zer neurri hartu diren EAEren prozedurak finantza-kontrol iraunkorreko txostenetan eta, hala badagokio, kanpoko beste kontrol-organo batzuen txostenetan jasotako gomendioetara egokitzeko.
g) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak hitzarmenak, akordioak edo bestelako lankidetza-tresnak egin ahal izango dituzte, haien arteko lankidetza-harremanak estutzeko, familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa efizienteagoa izateko eta bitarteko eta zerbitzu publikoak batera erabiltzeko, elkarrekiko laguntza eta informazio-trukea baliatuz.
Lankidetza horren esparruan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eta Euskal Autonomia Erkidegoak beren eginkizunen eremuan beharrezkoa den informazioa trukatuko dute.
Gainera, Gizarte Segurantzak erabili ohi dituen ordainketa-prozeduren antzekoak adostuko dituzte (hala nola hileko nominak, nomina ordainezinak, hildakoei buruzko datuen trukea eta ordaindutako prestazioen itzulketa), funts publikoak behar bezala kudeatzen direla ziurtatzeko.
h) Euskal Autonomia Erkidegoak informazioa emango dio Estatuko Administrazioari, estatistika-datuak landu ahal izateko EAEk bere gain hartutako eginkizunen betearazpenari buruz, hartara estatistika-koordinazioa eta -integrazioa bermatuz.
Bosgarrena.– Finantza-araubidea.
1.– Familia-prestazio ez-kontributiboei eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboari lotutako eginkizunak eta zerbitzuak bere gain hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak ehuneko jakin bat izango du esleituta urtero; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearekin bat etorriz kupoa kalkulatzeko erabiltzen den egozpen-indizeari dagokion ehunekoa; ehuneko hori EAEk bere gain hartutako eginkizunei lotutako kredituei aplikatuko zaie, eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta Itsasoko Gizarte Institutuak eginkizun eta zerbitzu horiek (ekitaldi bakoitzean indarrean daudenak) finantzatzeko aurrekontu-programetan esleituta egongo dira.
Familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketari lotutako langileen kostua zehazteko, honela egingo da: Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren aurrekontu-programaren 1. kapituluko kreditu osoari aplikatuko zaio prestazio horien zenbatekoak programa horren 4. kapituluan ekitaldi bakoitzerako esleitutako prestazio guztiekiko hartzen duen ehunekoa.
2026ko ekitaldirako, hau da estatu-mailako urteko kostua:
GIZARTE SEGURANTZAKO INSTITUTU NAZIONALA
1202. PROGRAMA: FAMILIA-BABESA ETA BESTE PRESTAZIO BATZUK
(Ikusi .PDF Fitxategia)
ITSASOKO GIZARTE-INSTITUTUA
1202. PROGRAMA: FAMILIA-BABESA ETA BESTE PRESTAZIO BATZUK
(Ikusi .PDF Fitxategia)
2.– Familia-prestazio ez-kontributiboei eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboari lotutako eginkizun eta zerbitzuak bere gain hartzeagatik Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion urteko zenbatekoa Estatuari ordaindu beharreko behin-behineko kupoa kalkulatzean konpentsatuko da, eta hirugarren alderdiek ordainduko dute, dagokion ekitaldiko maiatzean, irailean eta abenduan.
3.– Kupoko konpentsazioa Euskal Autonomia Erkidegoak familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketari buruzko eginkizunak eta zerbitzuak bere gain hartu eta hurrengo epetik aurrera aplikatuko da.
4.– Aurrekontu-ekitaldia likidatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion baliabideak egokituko dira, bat etorriz Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta Itsasoko Gizarte Institutuak, ekitaldiko behin betiko datuak kontuan hartuta, beren gain onartutako betebeharrekin, 1. puntuan ezarritakoaren arabera; zenbateko hori erregularizatu egingo da, dagokion ekitaldia likidatzen den kupo-epean.
5.– Likidaziorako, Ogasun Ministerioak informazioa bidaliko dio Euskal Autonomia Erkidegoari Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta Itsasoko Gizarte Institutuak hitzarmenaren xede diren zerbitzuei eta eginkizunei dagozkien urteko aurrekontu-kredituetan onartutako obligazioei buruz.
Seigarrena.– Familia-prestazio ez-kontributiboak eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordea.
1.– Lankidetzan aritzeko eta herritarrek familia-prestazio ez-kontributiboak eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboa berdintasunez eskuratu eta balia ditzaten bermatzeko, familia-prestazio ez-kontributiboak eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordea sortzen da. Osaera paritarioa izango du, eta zortzi kidez osatuta egongo da: horietatik lau Estatuko Administrazio Orokorrak izendatuko ditu, eta beste lau, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak.
Era berean, batzordekide titularrek aztertzea eskatzen duten gaien espezifikotasunaren arabera, komeni diren pertsonek parte hartu ahal izango dute Batzorde Mistoaren bileretan; inola ere ez dute titular horien ordezkaritza bereganatuko. Era berean, gai espezifikoak garatzeko lantalde mistoak sortu ahal izango dira batzorde horren tutoretzapean.
2.– Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
a) Familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez kontributiboaren eremuan lankidetza eta elkarlana sustatzea; zehazki, prestazio horiek izapidetzeari dagokionez eta prestazioak onartu eta ordaintzeko trukatu behar den informazioaren protokolo eta prozesu teknikoei dagokienez.
b) Familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketaren jarraipena egitea. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoak urteko txosten bat aurkeztuko dio batzordeari, hurrengo lehen hiruhilekoaren barruan. Txosten horretan, kudeaketa-alderdi guztien laburpena jasoko da, bai eta, hala badagokio, batzordean adostutako beste alderdi batzuena ere.
c) Sortu daitezkeen egikaritze- eta betetze-arazoei heltzea, familia-prestazio ez-kontributiboen kudeaketari buruzko gatazkak eta desadostasunak konponduz, bai eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboari buruzkoak ere.
d) Urtero egitea Euskal Autonomia Erkidegoko prozedurak finantza-kontrol iraunkorreko txostenen gomendioetara nola egokitzen diren ikusteko jarraipena, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Estatuko Administrazio Orokorrak beren txostenetan horri buruz idazten duten informazioaren bidez.
3.– Familia-prestazio ez-kontributiboak eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordea urtean bitan bilduko da gutxienez, eta, horrez gain, bi administrazioetako edozeinek eskatzen duenean.
Zazpigarrena.– Dokumentazioa eta espedienteak entregatzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eginkizunei buruzko dokumentazioa eta espedienteak entregatzeko, administrazioek informazioa bidaliko diote elkarri, bitarteko elektronikoak erabiliz.
2.– Eskabide berriak astero bidaliko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoari.
3.– Hitzarmen hau indarrean jarri aurretik Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta, hala badagokio, Itsasoko Gizarte Institutuak izapidetu eta ebatzi dituzten eskabide guztiei dagokienez, dokumentazioa eta espedienteak entregatzeko kudeaketa hilabeteko epean hasiko da, hitzarmena indarrean jartzen den egunetik zenbatzen hasita. Indarrean dauden espedienteen eta dokumentazioaren entregari buruzko aurrerapen-txosten bat egingo da hilero, entregatze- eta harrera-akta egin arte, teknikoki jakiteko zein den burutzen ari den izapidetze-prozesuaren bilakaera. Gehienez sei hilabeteko epea egongo da espediente guztiak eta haien dokumentazioa bidaltzeko, helburua izanik bidalketa-jarduketak eta -kudeaketak zuzenak izan direla egiaztatzea, prestazio onartuen datu-migrazioa baliozkotzea eta interesdunei prestazio horiek benetan ordaintzen zaizkiela ziurtatzea, harik eta adierazitako espedienteak eta dokumentazioa Euskal Autonomia Erkidegoari entregatu eta bertan inplementatu arte.
Zortzigarrena.– Aldaketa.
1.– Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabaki baten bidez aldatu ahal izango da hitzarmen hau; hala bada, erabaki horrek xedatuko ditu hitzarmenaren baldintza berriak. Aldaketa eraginkorra izango da Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak sinatuko duten aldaketa-hitzarmena indarrean jartzen den egunetik aurrera.
2.– Hitzarmen hau familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren eremu subjektiboan edo objektiboan izan daitezkeen legezko aldaketetara egokitzea Transferentzien Batzorde Mistoaren eremuan adostuko da, familia-prestazio ez-kontributiboak eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordearen deialdia egin eta gero.
Bederatzigarrena.– Indarrean jartzea, indarraldia eta eraginkortasun-data.
1.– Alderdiek adostasuna ematen dutenean burutuko da hitzarmena, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aldi berean argitaratzen den egunean sartuko da indarrean, baina 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera izango da eraginkorra.
Familia-prestazio ez-kontributiboak eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordeak, bi administrazioak ados jarrita, hitzarmen honetan ezarritako eraginkortasun-data aldatu ahal izango du, hala badagokio, eta plangintza eta epe-proposamen berri bat onartu, Euskal Autonomia Erkidegoaren jarduteko gaitasunak behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko, eta, bereziki, EAEko herritarrengan edozein ondorio negatibo prebenitzen laguntzen duten informazio-trukerako protokolo guztiek behar bezala funtzionatzen dutela bermatzeko.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eginkizunak beteko dira, bai familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren eskabideak hitzarmena indarrean jarri aurretik aurkezten direnean eta ebazteke daudenean, bai familia-prestazio ez-kontributiboak eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboa Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak eta, hala badagokio, Itsasoko Gizarte Institutuak hitzarmena indarrean jarri aurretik onartzen dituztenean, barne direla desgaitasunik ez duten –edo % 33tik beherako desgaitasuna– 18 urte baino gutxiagoko seme-alaba edo adingabeengatiko aldizkako ordainketako familia-prestazioak, eta onuradunek prestazio horiek jasotzen jarraituko dute, harik eta haien onuradun izateko baldintzak betetzen ez diren arte eta azkentzea bidezkoa den arte.
3.– Hitzarmen hau mugagabea izango da.
RSS