
45. zk., 2026ko martxoaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (192 KB - 12 orri.)
- EPUB (126 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1013
37/2026 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita erabaki hau argitaratzea: Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak hartutako erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoak langabezia-babesaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena ezartzekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak sinatu du erabaki hori, eta dagokion publikotasuna emateko asmoz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak hartutako erabakiaren testua, Euskal Autonomia Erkidegoak langabezia-babesaren kudeaketa bere gain hartzeko hitzarmena ezartzeko erabakiaren testua, zeina eranskinean jaso baita.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko martxoaren 3a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JON IÑAKI URBINA GARCÍA DE VICUÑA.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MARTXOAREN 3KO 37/2026 EBAZPENARENA
EUSKAL HERRIAREN AUTONOMIA ESTATUTUAREN BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORREAN AURREIKUSITAKO HITZARMENA EGITEKO ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAK BERE GAIN HARTU DEZAN LANGABEZIA-BABESAREN KUDEAKETA
Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoko idazkariak direnez, hau
ZIURTATZEN DUTE:
Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena egiteko erabakia hartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan langabezia-babesaren kudeaketa, ondoren adierazitako moduan:
Konstituzioaren 149.1.17 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintzaren eta araubide ekonomikoaren arloan, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak betearaztea.
Bestalde, Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari konstituzio-eskubideak egikaritzeko eta konstituzio-eginbeharrak betetzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze aldera; eta 149.1.7 artikuluan ezartzen du Estatuak eskumen esklusiboa duela lan-legegintzaren arloan, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek egikaritzea.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak III. tituluan arautzen du langabezia-kontingentziaren babesa, baldin eta, lan egin ahal eta nahi izanik, langileek enplegua galtzen badute edo kontratua etenda edo lanaldi arrunta murriztuta badute. Langabezia-babesa maila kontributiboan eta asistentzialean egituratzen da. Bi maila horiek publikoak eta nahitaezkoak dira. Maila kontributiboaren xedea da aurreko enplegua galtzearen ondorioz edo kontratua etetearen ondorioz edo lanaldia murriztearen ondorioz jaso ez diren soldata-errenten ordezko prestazioak ematea. Maila asistentzialak, zeina aurrekoaren osagarria baita, bermatzen du legez araututako kasuetako batean dauden langile langabeen babesa.
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 18. artikuluan xedatzen duenez, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea –salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea.
Orobat, 18.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurralde-eremuan, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizunak eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.
Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean jasotzen denez, Transferentzien Batzorde Mistoak behar diren hitzarmenak egingo ditu, Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa bereganatu dezan, betiere araubide horren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta hitzarmenetan hura zuzen kudeatzeko jasoko diren prozedura, epeak eta konpromisoak beteta.
Xedapen-arau horiek oinarri hartuta, bi administrazioek Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena egiteko erabakia hartu dute, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan langabezia-babesaren kudeaketa.
Lehenengoa.– Xedea.
Estatuko Administrazioren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak erabaki du hitzarmena egitea (ikus eranskina), Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesaren kudeaketa, bere lurralde-eremuan, betiere Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta hitzarmenean hura zuzen kudeatzeko jasoko diren prozedura, epeak eta konpromisoak beteta.
Bigarrena.– Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan langabezia-babesaren kudeaketa.
Eranskinean jasota dagoen hitzarmenak zehazten ditu bai Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunak, bai Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gordetzen dituenak, bai Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren elkarrekiko betebeharrak eta baterako eginkizunak, bai eta maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordearen erregulazioa ere.
Hitzarmenaren xedapenetan zehaztuko da zer araubideri jarraituko zaion hitzarmenaren indarraldiari, ondorioei, aldaketei eta eteteari dagokienez.
Hirugarrena.– Eraginkortasuna.
Erabaki hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aldi berean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, eta Euskal Autonomia Erkidegoak langabezia-babesaren kudeaketa bere gain hartzeko Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmenean adierazitako egunetik aurrera izango du eragina.
Eta, jasota gera dadin, ziurtagiri hau ematen da Madrilen eta Vitoria-Gasteizen sinadura elektronikoen datetan, hargatik eragotzi gabe akta geroago onestea. Batzorde Mistoko idazkariak: Jorge García Carreño jauna eta Begoña Pérez de Eulate González andrea.
ERANSKINA
EUSKAL HERRIAREN AUTONOMIA ESTATUTUAREN BOSGARREN XEDAPEN IRAGANKORREAN AURREIKUSITAKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAK BERE GAIN HARTU DEZAN LANGABEZIA-BABESAREN KUDEAKETA
AZALPEN-EDUKIA
Konstituzioaren 149.1.17 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintzaren eta araubide ekonomikoaren arloan, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak betearaztea.
Bestalde, Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari konstituzio-eskubideak egikaritzeko eta konstituzio-eginbeharrak betetzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze aldera, eta 149.1.7 artikuluak, berriz, eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari lan-legeriaren arloan, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek egikaritzea.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak III. tituluan arautzen du langabezia-kontingentziaren babesa, baldin eta, lan egin ahal eta nahi izanik, langileek enplegua galtzen badute edo kontratua etenda edo lanaldi arrunta murriztuta badute. Langabezia-babesa maila kontributiboan eta asistentzialean egituratzen da. Bi maila horiek publikoak eta nahitaezkoak dira. Maila kontributiboaren xedea da aurreko enplegua galtzearen ondorioz edo kontratua etetearen ondorioz edo lanaldia murriztearen ondorioz jaso ez diren soldata-errenten ordezko prestazioak ematea. Maila asistentzialak, zeina aurrekoaren osagarria baita, bermatzen du legez araututako kasuetako batean dauden langile langabeen babesa.
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 18. artikuluan xedatzen duenez, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea –salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea.
Orobat, 18.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurralde-eremuan, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizunak eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.
Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean jasotzen denez, Transferentzien Batzorde Mistoak behar diren hitzarmenak egingo ditu, Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa bereganatu dezan, betiere araubide horren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta hitzarmenetan hura zuzen kudeatzeko jasoko diren prozedura, epeak eta konpromisoak beteta.
Xedapen-arau horiek oinarri hartuta, bi administrazioek Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmen hau adostu dute, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartu dezan langabezia-babesaren kudeaketa.
XEDAPEN-EDUKIA
Lehenengoa.– Xedea.
Hitzarmen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzea maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesaren kudeaketa, bere lurralde-eremuan, betiere Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren batasuna eta elkartasun-printzipioa errespetatuta eta prestazioa zuzen kudeatzeko beharrezkoak diren prozedura, epeak eta konpromisoak beteta.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoak, Estatuak ezarritako erregulazioaren esparruan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) eta Itsasoko Gizarte Institutuak (IGI) egindako eginkizun hauek bere gain hartzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko enplegu-zerbitzu publikoan enplegu-eskatzaile gisa inskribatutako pertsonek –edozein dela ere eskatzailearen nazionalitatea– eskatutako langabezia-babesaren kudeaketari dagokionez, barne hartuta prestazio kontributiboa eta maila asistentzialeko langabezia-subsidioaren modalitate guztiak:
1. Maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesaren eskubidea onartzeko edo ukatzeko administrazio-prozedurari buruz informatzea, eta hura hasi, izapidetu eta ebaztea.
2. Langabezia-prestazio kontributiboa metatuta eta aurretiaz ordaintzeko berariazko prozedura hasi, izapidetu eta ebaztea, Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legean eta Gizarte Ekonomiari buruzko martxoaren 29ko 5/2011 Legean aurreikusitako kasuetan, bai eta Europar Batasunetik kanpoko langile atzerritarren kasuan ere, baldin eta beren jatorrizko herrialdeetara borondatez itzultzen badira.
3. Prestaziorako eta subsidiorako eskubidea aldatu, berrikusi, eten, berrartu edo iraungitzeko administrazio-prozedurak hasi, izapidetu eta ebaztea, barne direla kautela-neurriak hartu eta kentzea eta prozedurek dirauten bitartean sor daitezkeen arazo intzidentalak ebaztea.
4. Eskubide onartuari eusteko baldintzak betetzen direla gainbegiratu eta kontrolatzea, langileek bidegabeki jasotako prestazioak deklaratzea eta itzultzeko eskatzea, eta prestazioak ordaintzearen erantzule zuzena den enpresaburuari horiek itzularaztea, hargatik eragotzi gabe Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak (GSDN) prestazio horiek biltzeko duen eskumena, nahitaezko diru-bilketa barne.
Horri dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari betearazpen-bidea hasi aurretik transferituko dizkio bidegabeko prestazioen hartzaileek itzulitako zenbatekoak, eta gerta daitezkeen konpentsazioen berri emango dio.
5. Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Lan-arloko arau-hausteei eta zehapenei buruzko Legearen testu bateginean tipifikatutako arau-hauste arinak, astunak eta oso astunak egiteagatik –maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-prestazioei buruzkoak– zehapen-prozedurak (zehatzeko ahala) ebaztea, bai eta maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-prestazioen eskatzaileei edo onuradunei zehapen arinak eta astunak ezartzeko prozedurak hastea eta izapidetzea ere.
6. Langabezia-prestazioak kudeatzen dituen entitateari dagozkion eginkizunak, Gizarte Segurantzaren prestazioen lehenengo ordainketa gisa ordaindu beharreko zenbatekoa deskontatzeko prozedurari buruz, 148/1996 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoaren arabera (148/1996 Errege Dekretua, otsailaren 5ekoa, bidegabe jasotako Gizarte Segurantzaren prestazioak itzultzeko prozedura berezia arautzen duena).
7. Agintari judizialek eta betearazleek maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-prestazioei buruz agindutako enbargoen eta atxikipen judizialen kudeaketa administratiboa.
8. Bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko kudeaketa, edo, hala badagokio, prestazio horiek konpentsatzekoa, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 295. artikuluan eta hura garatzeko arauetan aurreikusitakoaren arabera.
9. Euskal Autonomia Erkidegoak emandako egintzen aurkako administrazio-bidean diren errekurtsoak eta erreklamazioak izapidetzea eta ebaztea.
10. Euskal Autonomia Erkidegoaren jarduketei dagokienez, judizioko ordezkaritza- eta defentsa-eginkizunak betetzea, Estatuak ezarritako gidalerroei jarraituz, Gizarte Segurantzaren arauak irizpide berberekin interpretatu eta aplikatuko direla bermatze aldera.
2.– Eginkizun horiek guztiak garatzeko, Estatuak 3.4 apartatuaren babesean ezarritako irizpide arauemaile eta interpretaziozkoak aplikatuko dira.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean aurkeztutzat joko dira lurralde horretako egoiliarrek maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babeseko prestazioak jasotzeko aurkezten dituzten eskabide telematikoak.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean ordainduko dira transferitutako eskumenak baliatzearen ondoriozko langabezia-prestazioak eta -subsidioak.
Hirugarrena.– Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gordetako eginkizunak.
Eginkizun hauek Estatuko Administrazio Orokorrarenak izaten jarraituko dute:
1. Gizarte Segurantzaren legeriari eta araubide ekonomikoari buruz Estatuari dagozkion eginkizunak eta jarduketak, eta honako hauek bereziki: prestazioen ordainketa gauzatzea, prestazioa ordaintzeko eta bidegabe jasotako prestazioak itzultzeko jarduketen ondoriozko finantza-entitateekiko harremana, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak (GSDN) diru-bilketaren arloan dituen eskumenak; besteak beste, nahitaezko diru-bilketa.
2. Langabezia-prestazioaren zenbatekoaren gaineko atxikipena, langileak Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioen zenbatekoei dagokienez, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren konturako atxikipena; baita langabezia-prestazioa jaso bitartean Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioei dagozkien ordainketak ere.
3. Aurrekontu-, kontabilitate- eta administrazio-kudeaketa onuradunei prestazioa agintzeko eta ordaintzeko, bai eta egintza horiei dagokien kontu-hartzailetza eginkizuna ere. Era berean, erabakitako itzulketak jasotzea egokituko zaio –edozein dela ere itzultzeko arrazoia–, bai eta ezartzen diren berandutze-interesak eta diruzko zehapenak ere.
4. Irizpide-batasunaren bermea, hauek bermatzeko: Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren batasuna; elkartasun-printzipioa, eta herritar guztien berdintasuna beren eskubideak asetzeko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeko orduan. Berme horrek berarekin dakar Estatuak eta, hala badagokio, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren zuzendaritza nagusiak arau- eta interpretazio-irizpide homogeneoak ezartzea, sistema eraginkorra eta efikaza izan dadin.
5. Finantza-kontrol iraunkorra, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku utzitako kudeaketa legezkotasun-, ekonomia- eta efizientzia-printzipioekin bat datorrela frogatzeko; horretarako, kudeaketa-prozeduren laginak hartuz, azterketak egingo dira aldian-aldian, erabili diren kudeaketa-estandarrak eta irizpide arauemaile eta interpretaziozkoak homogeneotasunez aplikatu direla egiaztatze aldera. Euskal Autonomia Erkidegoak kasuan kasuko txostenetako gomendioetara eta, hala badagokio, kanpoko beste kontrol-organo batzuen txostenetan jasotako gomendioetara egokituko ditu bere prozedurak.
Itsasoko Araubide Bereziko langileei dagokienez, finantza-kontrol iraunkorra Estatuko Administrazioko Kontu-hartzailetza Nagusiak eta Gizarte Segurantzako Kontu-hartzailetza Nagusiak egingo dute, Finantza Kontrol Iraunkorreko Planean zehaztutako aldizkakotasunarekin eta irismenarekin, eta arau hauen mende egongo da:
a) Euskal Autonomia Erkidegoak hauek eman beharko dizkie bi kontrol-organoei: agindutako kudeaketarako erabilitako aplikazio informatikoetarako sarbidea, finantza-kontrol iraunkorra behar bezala egin dezaten; behar den dokumentazio eta informazio guztia, maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babeseko prestazioei dagokienez –zeinaren kudeaketa bere gain hartzen baitu EAEk– eskakizunak, izapideak eta Euskal Autonomia Erkidegoari esleitutako jarduketa guztiak egiaztatzeko, eta baita kontrola gauzatzeko beharrezkoa izan daitekeen datu oro ere.
b) Kontrolaren helburu orokorra da Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babeserako prestazioei dagokienez ezarritako prozedurak egiaztatzea laginketa-tekniken bidez, egiaztatzeko ea horiek bat datozen legezkotasun-, ekonomia- eta efizientzia-printzipioekin, eta ea ahalbidetzen duten Gizarte Segurantzak ezarritako irizpideekin modu homogeneoan aplikatzea kudeaketa-estandarrak eta arau- eta interpretazio-irizpideak.
c) Emandako txostenak kontraesan-printzipioaren mende egongo dira, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren VI. tituluan eta Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiaren araudi espezifikoan aurreikusitakoaren antzera. Alabaina, txosten horien hartzaile izango dira gomendatutako kudeaketaren ardura duten autonomia-erkidegoko organo eskudunak, eta egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ahal izango dituzte. Behin betiko txostenak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari eta Itsasoko Gizarte Institutuari helaraziko zaizkie.
d) Behin betiko txostenak helarazi ondoren, txosten orokor bat egingo da, eta bertan jasoko dira kontrol horren alderdi esanguratsuak. Txosten hori, kudeaketaren ardura duten organoei ez ezik, maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordeari ere bidaliko zaio, haien berri izan dezan, bai eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunek hartu behar dituzten gomendioen berri ere; eta, hala badagokio, organo horiei eskatuko zaie neurrien plan bat egin dezatela, Estatuko Administrazio Orokorraren esparruko Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 161. artikuluan aurreikusitakoaren antzeko baldintzetan; plan horrek ahuleziak, akatsak eta okerrak zuzentzeko hartu beharreko neurri zehatzak zehaztu beharko ditu. Halaber, aurreko ekitaldietan adierazitako zuzendu beharreko egoeren berri emango zaio batzorde horri.
e) Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorraren 146. artikuluan aipatzen den txostenean jasoko dira bi kontrol-organoek autonomia-erkidegoari agindutako kudeaketaren esparruan egindako kontrolen ondoriozko emaitza esanguratsuenak. Txosten horretan, hala badagokio, finantza-kontrol iraunkorreko txostenetan agerian jarritako ahultasunen zuzenketaren egoerari buruzko informazioa jasoko da, aipatutako legearen 161. artikuluan aipatzen diren neurri-planak eginda.
6. Langabeziaren arloko Gizarte Segurantzaren Batasunaren Erregelamenduak aplikatzeko lotura-organismo gisa dagozkion eginkizunak garatzea, hargatik eragotzi gabe Euskal Autonomia Erkidegoan langabeziaren arloan erakunde eskudun espezifikoak egotea.
Laugarrena.– Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren elkarrekiko betebeharrak eta baterako eginkizunak.
a) Gizarte Segurantzaren sistemaren berdintasun- eta batasun-printzipioak Estatuaren lurralde osoan bermatzeko, hargatik eragotzi gabe aurreko klausuletan ezarritakoa, bi administrazioek prestazioa kudeatzeari eta aitortzeari berezkoak zaizkion baterako eginkizun eta elkarrekiko betebehar hauek bete beharko dituzte:
Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari jakinaraziko dio afiliazio, kotizazio eta diru-bilketarako behar den informazio guztia, bai eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren gainerako eskumenak ere, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak gaur egun egiten duen beharrezko informazio guztia emango dio.
Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoari hitzarmen honen ondorioz bere gain hartzen dituen eginkizunak betetzeko behar duen informazioa emango dio.
b) Transferitzen diren eginkizunak betetzean, Euskal Autonomia Erkidegoak izendatutako instituzio edo organismoa hartuko da maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesaren entitate kudeatzailetzat, eta legerian entitate kudeatzaile horren alde ezarritako ahalmen guztiak gauzatu ahal izango ditu, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren baldintza berberetan eginkizun horiek betetzeko behar diren datu pertsonaletarako sarbidea barne, eta, era berean, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari eginkizun horiek betetzean eska dakizkiokeen betebehar berak izango ditu.
c) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak protokoloak adostuko dituzte, onuradunen mugikortasuna dela-eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikotik eta Itsasoko Gizarte Institututik espedienteak bidaltzeko, eta espedienteak haiei helarazteko.
d) Euskal Autonomia Erkidegoak Gizarte Segurantzari hilero jakinaraziko dizkio prestazio kontributiboaren eta langabezia-subsidioen titularren identifikazio-datuak, zenbatekoak eta eragin-datak.
e) Euskal Autonomia Erkidegoak urteko jarraipen-txostena egingo du, eta bertan jasoko dira maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordean adosten diren bestelako alderdiak –hitzarmen honen seigarren klausulan ezartzen da batzorde hori–.
f) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak hitzarmenak, akordioak edo bestelako lankidetza-tresnak egin ahal izango dituzte, haien arteko lankidetza-harremanak estutzeko, maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesaren kudeaketa efizienteagoa izateko eta bitarteko eta zerbitzu publikoak batera erabiltzeko, elkarrekiko laguntza eta informazio-trukea baliatuz.
g) Euskal Autonomia Erkidegoak eta Estatuko Administrazioak informazioa emango diote elkarri, EAEk bere gain hartutako eginkizunak betetzeari buruzko estatistika-datuak landu ahal izateko, hartara estatistika-koordinazioa eta -integrazioa bermatuz.
h) Euskal Autonomia Erkidegoak erabilera-lagapenean erabiliko ditu Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren sistema informatikoak, maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-prestazioen aitorpena kudeatzeko, bi administrazioen arteko eskumenen kudeaketa eta finantza-, kontabilitate- eta estatistika-jarraipena errazte eta bermatze aldera, hargatik eragotzi gabe sistema informatikoak Euskal Autonomia Erkidegoaren kudeaketa-beharretara egokitzeko edo haren kudeaketa-aplikazioekin integratzeko adostasunez ezartzen diren hobekuntza, garapen bateratu edo propioak.
Bosgarrena.– Finantzaketa-araubidea.
1.–
a) Maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babeseko prestazioen kudeaketari lotutako eginkizunak eta zerbitzuak bere gain hartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoak urtero ukango du kupoa kalkulatzeko erabilitako egozpen-indizeari dagokion ehunekoa –bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoarekiko Ekonomia Ituna onartzen duen maiatzaren 23ko 12/2002 Legearekin– 1., 2. eta 6. kapituluei dagokien aurrekontuko gastu-kreditu guztietatik; alegia, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Itsasoko Gizarte Institutuak, hurrenez hurren, EAEk bere gain hartzen dituen eginkizunak eta zerbitzuak finantzatzeko aurrekontu-programetara esleitutako gastu-kredituetatik –ekitaldi bakoitzen indarrean daudenak–.
2026ko ekitaldirako, honako hauek dira aurrekontu-kreditu horiek:
1. ZERRENDA
ESTATU-MAILAKO URTEKO KOSTU OSOA
19.101. Laneko eta Gizarte Ekonomiako Ministerioa Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa
251 M programa: Langabeentzako prestazioak
(Ikusi .PDF Fitxategia)
2. ZERRENDA
ESTATU-MAILAKO URTEKO KOSTU OSOA
Itsasoko Gizarte Institutua
3437 programa: Prestakuntza-ekintzak eta itsasoko langileen enpleguaren kudeaketa
(Ikusi .PDF Fitxategia)
b) Aurreko a) letran aurreikusitakoaren ondorioetarako, bi administrazioek zehaztu dute Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen eginkizunak eta zerbitzuak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Itsasoko Gizarte Institutuaren aurrekontu-programa horien kostu osoaren ehuneko laurogeita hamaika koma sei (% 91,6) direla.
Ondorioz, aurreko a) letraren arabera kalkulatutako urteko kostu osoaren zenbatekoa, 2026ko ekitaldirako 1. eta 2. zerrendetan jasotzen den bezala, ehuneko laurogeita hamaika koma seiko koefizientea (% 91,6) aplikatuz haztatuko da, aurreko a) letran aipatutako egozpen-indizea aplikatu aurretik, eta horrela kalkulatuko da Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion urteko zenbatekoa.
2.– Aurreko 1. apartatuaren arabera Euskal Autonomia Erkidegoari dagokion urteko zenbatekoa autonomia-erkidegoaren esku jarriko da, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Itsasoko Gizarte Institutuaren transferentzia bakar baten bidez, hurrenez hurren, dagokion ekitaldiko ekainaren bigarren hamabostaldian.
Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Itsasoko Gizarte Institutuaren aurrekontuko gastu-kredituetan uneko ekitaldiko maiatzaren 30era arte onartu diren kreditu-handitze, -aldaketa, -gehigarri, -sortze eta -txertaketetan parte hartuko du, likidazioaren konturako aurrekari moduan eta aurreko 1.a) apartatuan ezarritako egozpen-indizearen ehunekoan; horiek finkatzen dute aurreko 1. apartatuan zehaztutako urteko guztizko kostua. Aurreko lerrokadan aurreikusitako transferentziarekin batera jarriko dira kreditu horiek eskueran.
Horretarako, ekitaldiko ekainaren lehenengo hamabostaldian, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Itsasoko Gizarte Institutuak, hurrenez hurren, ziurtagiri bat igorriko dute, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Itsasoko Gizarte Institutuaren aurrekontuko gastu-kredituetan ekitaldi horretako maiatzaren 30era arte onartu diren kreditu-handitzeak, -aldaketak, -gehigarriak, -sortzeak eta -txertaketak egiaztatzeko.
3.– Aurrekontu-ekitaldia likidatu ondoren, ekitaldiko behin betiko datuekin, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Itsasoko Gizarte Institutuak onartutako betebeharren arabera egokituko dira Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion baliabideak, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen dituen zerbitzuei eta funtzioei dagozkienak. Zenbateko hori likidazioari dagokion ekitaldiaren hurrengoaren azaroaren bigarren hamabostaldian erregularizatuko da.
Likidazioaren ondorioetarako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Itsasoko Gizarte Institutuak onartutako betebehar horiei buruzko informazioa azaroaren lehenengo hamabostaldian bidaliko diote Euskal Autonomia Erkidegoari.
4.– Aldi baterako, horiek erabiltzen dituela, Euskal Autonomia Erkidegoak urtero finantzatuko du maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-prestazioen kudeaketari buruzko erabilera-lagapenean Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren sistema informatikoak eguneratzeko eta mantentzeko kostuarekiko egozpen-indizea –aurreko 1.a) apartatuan ezarritakoa– aplikatzeko zenbatekoa, aurreko 1.b) apartatuan aurreikusitakoaren arabera haztatua.
Ateratzen den zenbatekoa aurreko 2. eta 3. puntuetan ezarritako epeetan eta fluxuetan konpentsatu edo ordainduko da.
Horretarako, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak ziurtagiri horiek bidaliko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoari, aipatutako kostuari buruzko informazioarekin, aurrekontu-partiden arabera banakatuta. Lehenik eta behin, esleitutako aurrekontuko gastu-kredituei buruzko informazioa jasotzen duen ziurtagiria, uneko ekitaldiko ekainaren lehenengo hamabostaldiaren barruan. Eta, bigarrenik, likidatutako ekitaldian aitortutako betebeharren ziurtagiria, likidazioari dagokion ekitaldiaren hurrengoaren azaroaren lehenengo hamabostaldian.
Seigarrena.– Maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordea.
1.– Lankidetzan aritzeko eta herritarrek maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesa berdintasunez eskuratu eta balia dezaten bermatzeko, maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordea sortzen da; osaera paritarioa izango du, eta zortzi kidez osatuta egongo da: horietatik lau Estatuko Administrazio Orokorrak izendatuko ditu, eta beste lau, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak.
Era berean, batzordekide titularrek aztertzea eskatzen duten gaien espezifikotasunaren arabera, komeni diren pertsonek parte hartu ahal izango dute Batzorde Mistoaren bileretan; inola ere ez dute titular horien ordezkaritza bereganatuko. Modu berean, lantalde mistoak sortu ahal izango dira batzorde horren tutoretzapean, gai espezifikoak garatzeko.
2.– Batzordeak eginkizun hauek izango ditu:
a) Maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesaren eremuan lankidetza eta elkarlana sustatzea; zehazki, prestazioak izapidetzeari dagokionez eta prestazioak onartu eta ordaintzeko trukatu behar den informazioaren protokolo eta prozesu teknikoei dagokienez.
b) Maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesaren kudeaketaren jarraipena egitea. Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoak urteko txosten bat aurkeztuko dio Batzordeari, kudeaketa-alderdi guztien eta Batzordean adostutako beste alderdi batzuen laburpena jasoko duena.
c) Egon daitezkeen betearazpen- eta betetze-arazoei heltzea eta maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesaren kudeaketan sor daitezkeen gatazkak eta desadostasunak konpontzea.
d) 4.h) apartatuan aurreikusitakoaren jarraipena egitea, sistema informatikoen bilakaerari eta garapenari dagokienez.
3.– Maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordea urtean bitan bilduko da gutxienez, baita bi administrazioetako edozeinek eskatzen duenean ere.
4.– Ordainketaren Koordinazio eta Jarraipen Organoa: Ordainketa-prozesuaren garapen ordenatua, informazio-trukea eta langabezia-prestazioen eta -subsidioen proposamenetik, antolamendutik eta ordainketa materialetik eratorritako gorabeheren ebazpena bermatzeko, Ordainketaren Koordinazio eta Jarraipen Organo bat sortuko da. Organo hori paritarioa izango da, eta sei kidek osatuko dute: hiru Estatuko Administrazio Orokorrak izendatuko ditu, eta beste hiru Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak. Organo hori aldian-aldian bilduko da, gutxienez hilean behin edo edozein administraziok hala eskatzen duenean.
Era berean, batzordekide titularrek eskatuta aztertu behar diren gaien espezifikotasunaren arabera, komeni diren pertsonek parte hartu ahal izango dute Ordainketaren Koordinazio eta Jarraipen Organoaren bileretan; inola ere ez dute titular horien ordezkaritza bereganatuko.
Ordainketaren Koordinazio eta Jarraipen Organoari eginkizun hauek dagozkio, besteak beste:
a) Banakako espedienteei eta langabezia-prestazioak eta -subsidioak ordaintzeko prozeduraren betearazpenari buruzko informazioa trukatu, gainbegiratu eta jarraipena egitea.
b) Informazioa trukatzea, eta konpentsazio-, deskontu- eta itzulketa-espedienteak eta ordainketa-fasean eragina duten beste prozedura batzuk koordinatzea.
c) Prozedurarekin eta ordainketaren kudeaketarekin lotutako gorabeherak eta beharrak konpontzeko kudeaketa eta jarraipena egitea.
d) Hitzarmen hau behar bezala aplikatzeko une bakoitzean beharrezkoa den beste edozein eginkizun, ordainketaren kudeaketari dagokionez.
Konstituzioaren eta Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren arabera, eta Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordean 2024ko azaroaren 27an itundutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoari Gizarte Segurantzaren arloan transferentzia berriak egiten zaizkion heinean, Ordainketaren Koordinazio eta Jarraipen Organoaren eskumenak ebaluatuko dira, bere gain hartutako eginkizunetara egokitzeko.
Zazpigarrena.– Espedienteak eskualdatzea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eginkizunei dagozkien espedienteak bitarteko elektronikoak erabiliz eskualdatuko dira bi administrazioen artean.
2.– Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eta Itsasoko Gizarte Institutuak herritarren eskura jarritako web-atariaren bidez grabatzen diren eskabide berriak astero bidaliko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoari.
Zortzigarrena.– Aldaketa.
1.– Estatuko Administrazioaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabaki baten bidez aldatu ahal izango da hitzarmen hau; hala bada, erabaki horrek xedatuko ditu hitzarmenaren baldintza berriak. Aldaketa eraginkorra izango da Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak sinatuko duten aldaketa-hitzarmena indarrean jartzen denetik aurrera.
2.– Hitzarmen hau maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesaren eremu subjektibo edo objektiboaren arloan legezko aldaketa posibleei egokitzea Transferentzien Batzorde Mistoan erabakiko da, maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordeak deialdia egin ondoren.
Bederatzigarrena.– Indarrean jartzea, indarraldia eta eraginkortasun-data.
1.– Alderdiek adostasuna ematen dutenean biribilduko da hitzarmena, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aldi berean argitaratzen den egunean sartuko da indarrean, baina 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera izango da eraginkorra.
2.– Maila kontributibo eta asistentzialeko langabezia-babesa kudeatzeko Koordinazio eta Jarraipen Batzordeak hitzarmen honetan ezarritako eraginkortasun-data aldatu ahal izango du, hala badagokio, baldin eta bi administrazioak ados badaude. Horretarako, epeen beste plangintza eta proposamen bat onartuko ditu, bermatzeko behar bezala funtzionatzen dutela Euskal Autonomia Erkidegoaren jarduteko gaitasunak eta, bereziki, herritarrengan eragin negatiboren bat prebenitzen laguntzen duten informazio-trukerako protokolo guztiek.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartutako eginkizunak hitzarmen hau indarrean jarri aurretik aurkeztutako eta ebazteke dauden langabezia-prestazioen eta -subsidioen eskabideetarako garatuko dira, bai eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak edo, hala badagokio, Itsasoko Gizarte Institutuak hitzarmena indarrean jarri aurretik aitortutako langabezia-prestazio eta -subsidioetarako ere, indarrean egon (kasu horretan, onuradunek prestazio horiek jasotzen jarraituko dute onuradun izateko baldintzak betetzen ez dituzten eta azkendu behar diren arte) nahiz etenda edo azkenduta egon.
4.– Hitzarmenak indarraldi mugagabea izango du.
RSS