
45. zk., 2026ko martxoaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (530 KB - 73 orri.)
- EPUB (164 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
1008
11/2026 DEKRETUA, otsailaren 3koa, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen den Dekretua aldatzen duena.
Une honetan indarrean dagoen Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzeko irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren bidez onetsi zen.
Irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 1.2.1 artikuluaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana berrikustea eta aldatzea, ingurumen-arloan eskumena duen sailaren bitartez. Dekretu honek Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren aldaketa bat artikulatzen du –eta ez berrikuspen bat–, bi arrazoirengatik: alde batetik, oraindik ez da igaro hamar urteko epea, gaur egun indarrean dagoen Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana indarrean jarri zenetik; eta, bestetik, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planari ez diote eragin goragoko mailako arauren baten zehaztapenek, ez eta onartu zenean kontuan hartutako lurralde-eredua aldatzeagatik haren berrikuspen orokorra edo funtsezkoa eskatzen duten inguruabarrek ere, halako moldez non eredu hori desberdina izango bailitzateke plan berritzat jo ahal izateraino, eta ez soilik desberdina alderdi puntual edo osagarrietan.
Indarrean dagoen Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren aldaketa denez, dekretu honek ez du aldatzen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren egitura, zeinak bost titulu baitauzka: I. titulua, zuzentzeko planaren erregulazioa egituratzen duten xedapen orokorrak jasotzen dituena; II. titulua, lurzoruaren araubideaz arduratzen dena, eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoruaren antolamenduko hiru gainkategorien araubide juridikoa definitzen duena (Gunea, Gunearen Babesa edo Amortiguazioa eta Trantsizioa); III. titulua, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana gauzatzeko araubide orokorra hizpide duena; IV. titulua, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana gauzatzeko araubidea hizpide duena; eta V. titulua, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana garatzeko aurreikusitako tresnak identifikatu eta arautzen dituena.
Ondorioz, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko otsailaren 3an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren I. tituluaren («Xedapen orokorrak») 1.1 kapitulua («Kontsiderazio orokorrak») aldatzea.
Erantsi egiten da 1.1.8 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«1.1.8 artikulua. Onura publikoa eta interes soziala.
Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planak Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezineko eremuei buruz ezartzen duen araubide juridikoa dela eta, eragindako ondasun eta eskubideak onura publikokotzat eta interes sozialekotzat kalifikatuta daude, desjabetze-ahalmenak egikaritzeko helburuarekin, administrazio publiko batek sustatutako jarduketak direnean, betiere Urdaibai biosfera-erreserba izendatzeko helburuetarako beharrezkoa bada».
Bigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 1.2.1 artikulua («Berrikustea eta aldatzea») aldatzea.
Aldatu egiten da 1.2.1 artikuluaren 3. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«3.– Aldaketatzat hartuko da aurreko apartatuan jasotzen ez den Plan honen edukian egindako berrikuspen oro».
Hirugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 1.2.2 artikulua («Berrikuste-prozedura») aldatzea.
Aldatu egiten da 1.2.2 artikuluaren 2. apartatuaren v) azpiapartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«v) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea, eta, ondoren, ukitutako udalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari hilabeteko entzunaldi-izapidea eskaintzea».
Laugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 1.2.3 artikulua («Aldaketa-prozedura») aldatzea.
Aldatu egiten da 1.2.3 artikuluaren 1. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«1.– Plan honen aldaketak Eusko Jaurlaritzak abiaraziko ditu, ingurumenaren arloan eskumena duen sailaren bidez, edo patronatuak eskatuta edo haren ekimen bidez».
Bosgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 1.2.4 artikulua («Aldaketa-prozedura sinplifikatua») aldatzea.
Aldatu egiten dira 1. apartatuaren d) azpiapartatua, 2. apartatuaren bigarren paragrafoa, 4. apartatuaren bigarren paragrafoa, eta erantsi egiten da 5. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 1.2.4 artikulua:
«1.2.4 artikulua.– Aldaketa-prozedura sinplifikatua.
1.– Prozedura hau erabiliko da jarraian aipatzen diren egoeretarako:
a) Lurralde-plangintzan ezarritakoaren arabera, eta lurzoruari eta hirigintzari eta ingurumen-inpaktua ebaluatzeari buruzko arauetan jasotzen den prozeduran ezarriaren arabera, hirigintzako udal plangintzaren bidez lurzoru urbanizaezinaren azalerak handiagotzeko edo murrizteko. Lurzoru urbanizaezina Trantsizio Gainkategoriari eragiten bazaio bakarrik murriztu ahal izango da. Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Nekazaritza Balio Handiko Zonei (T1.A1) eraginez gero, Nekazaritza eta Elikagaigintzako Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoan nekazaritza-lurra kontserbatzeari eta lur horien erabilpena sustatzeari buruzko urriaren 2ko 193/2012 Dekretuan nekazaritza-balio handiko lurretarako ezartzen dena aplikatuko da.
b) Kalifikatutako edo inbentariatutako ondasunen adierazpena onartzeko, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearekin bat etorriz.
c) Landa Gunearen Zonak –T3.NR– berriz mugatzeko.
d) Plan honetan sartzen ez diren erabilerak eta jarduerak tipifikatzea.
2.– Lurzoru urbanizaezineko azalerak handitzeko edo murrizteko aldaketa izaera orokorreko hirigintzako udal-plangintza bidez gauzatuko da. Plan honen ondorioetarako, aldaketa izapidetzeko V. tituluan arautzen diren txostenak beharko dira.
Hirigintzako udal-plangintza behin betiko onartu ondoren, horretarako eskumena duen organoak dokumentuaren kopia bidaliko dio Patronatuari. Ingurumenaren arloan eskumenak dituen saileko titularraren agindu bidez, Plan honen kartografia eguneratu eta argitaratuko da.
3.– Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearekin bat etorriz kalifikatu edo inbentariatutako ondasunaren adierazpenari dagokion onespena aldatzen bada, horretarako organo eskudunaren ebazpena onartu eta argitaratu beharko da. Horretarako, ondasunaren adierazpenaren jendaurreko informazioko fasean zehar, eskumena duen organoak Patronatuaren Osoko Batzarraren txostena eskatuko du.
Adierazpen horrek eremuaren kalifikazioa aldatuko du, eta hura Kultura Intereseko Eremu (N.5) bihurtuko da.
4.– Landa Gunearen Zonak –T3.NR– berriz mugatu behar izanez gero, hori hirigintzako udal-plangintza orokorraren edo plan berezi baten bitartez egingo da. Plan honen ondorioetarako, aldaketa izapidetzeko V. tituluan arautzen diren txostenak beharko dira.
Hirigintzako udal-plangintza behin betiko onartu ondoren, horretarako eskumena duen organoak dokumentuaren kopia bidaliko dio Patronatuari. Ingurumenaren arloan eskumenak dituen saileko titularraren agindu bidez, Plan honen kartografia eguneratu eta argitaratuko da.
5.– Ingurumenaren arloan eskumenak dituen saileko titularrak emandako agindu bidez tipifikatuko dira –patronatuak aldeko txostena eman ondoren– Plan honetan jasotzen ez diren erabilerak eta jarduerak, aipatutako beste erabilera batzuen eraginekiko duten parekotasuna kontuan hartuta».
Seigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren I. tituluaren («Xedapen orokorrak») 1.2 kapitulua («Plana aldatzea eta berrikustea») aldatzea.
Erantsi egiten da 1.2.5 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«1.2.5 artikulua. Interes publikokotzat jotako zuzkidura, ekipamendu eta jarduera berriak ezartzea.
1.– Plan honetan aurreikusten ez diren eta nahitaez landa-ingurunean kokatu behar diren interes publikoko zuzkidura, ekipamendu eta jarduera berriak ezartzeak ez du Plan hau aldatu beharrik izango; izan ere, gauzatu ahal izango dira, bai dagokion proiektua zuzenean gauzatuz, bai plangintza orokorraren edo dagokion plan bereziaren aldaketa aldez aurretik onartuz, EAEko hirigintza-legeria orokorrak hala ezartzen duenean edo Plan honetako IV. tituluak berariaz ezartzen duenean.
2.– Erakunde sustatzaileek, aurreko apartatuan aipatutako garapen-plan bereziak edo plangintza behin betiko onartu ostean, patronatuari igorriko diote dagokion dokumentazioa. Ingurumenaren arloan eskumenak dituen Eusko Jaurlaritzaren sailak emandako aginduaren bidez, eguneratu eta argitaratu egingo da Plan honetako kartografia».
Zazpigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 2.3.1.3 artikulua («Artadi Kantauriarren Eremua –N3–») aldatzea.
Aldatu egiten da 2.3.1.3 artikuluaren 2. apartatuko N3.4 antolamendu-azpikategoriari dagokion puntua, eta honela idatzita geratzen da:
«N3.4. Erabilera tradizionalek eraldatutako eremuak: lurraldeko erabilera tradizionalek eraldatutako ekosistemak barne hartzen ditu; horietan zuhaixka-hesi eta fruta-arbola zaharrez osatutako barruti txikiak mantentzen baitira».
Zortzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 2.3.3.4 artikulua («Sistemen Eremua –T4–») aldatzea.
Aldatu egiten da 2.3.3.4 artikuluaren 2. apartatuko lehen puntuko bigarren paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:
«Aireko eta lurpeko lineei dagozkien azpiegiturak ez daude grafiatuta Plan honen dokumentazio grafikoan, lurzoru urbanizaezinaren kalifikazioei buruzkoan; hala ere, horietan egin beharreko esku-hartzeen ondorioetarako, T4.IS. kalifikazioarekin hartu behar dira kontuan. 4.4.4.1 artikuluan definitutako bide publikoen kasuan, horiek zeharkatzen dituzten lurzoruen kalifikazioarekin bat etorriko da».
Bederatzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.2.2.2 artikulua («Lurzoruaren erabileren sailkapena, kokatzeko aukeren arabera») aldatzea.
Aldatu egiten dira 1. apartatuko B) azpiapartatua eta F) azpiapartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 3.2.2.2 artikulua:
«3.2.2.2 artikulua.– Lurzoruaren erabileren sailkapena, kokatzeko aukeren arabera.
Planeko aurreikuspenen arabera erabilerak leku, eraikuntza edo azpiegitura jakin batean modu librean edo zenbait muga berezirekin gara daitezkeela edo garatu gabe gera daitezkeela, eta dagoeneko garatuta edo oraindik garatzeko egon daitezkeela kontuan hartuta, erabilerak honela sailkatzen dira:
A) Baimendutako erabilerak: Plan honetako II. tituluan ezarritako Eremuetan eta Zonetan baimentzen direnak dira.
B) Debekatutako erabilerak: Plan honetako Eremu edo Zona bakoitzerako ezarritako zehaztapenek berariaz halakotzat jotzen dituztenak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuan aplikatzekoa den sektoreko legeriak hala adierazten dituenak.
C) Behin-behineko erabilerak:
a) Behin-behineko erabilerak lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen arabera ezarriko dira.
b) Era berean, behin-behineko erabilerak izango dira erabilera baimendu bat gauzatzeko beharrezko erabilerak, horiek obra edo instalazio iraunkorrik behar ez badute.
Behin-behineko erabilera horien gauzatzea behar bezala jaso beharko da erabilera baimendua gauzatzeko proiektuan. Behin-behineko erabilera horiek eraitsi edo kendu egin beharko dira, erabilera baimendua lortzen denean.
Zenbaki honen barnean, bizitegi- eta industria-erabilerak ez dira, inola ere, behin-behineko erabilera gisa hartuko.
D) Erabilera toleratuak:
a) Erabilera toleratu gisa hartuko dira, aktibo egonik, Plan honek kategoria edo azpikategoria bakoitzerako ekintza baimendutzat definitzen dituztenen artean ez daudenak, baldin eta horien ezarpena bere garaian indarrean zegoen inolako araudi sektorial edo hirigintzakorik urratu gabe gauzatu bazen. Hori zehazteko, beharrezko ziurtagiria eskatu ahal izango zaio dagokion administrazioari.
b) Arau sektorialen baten antolamendutik kanpo dauden erabilerak ezin izango dira erabilera toleratutzat hartu, Plan honen ondorioetarako.
c) Hirigintza-ondorioetarako, erabilera horietara bideratutako Eraikinak, Plan honetan edo aplikagarria den arloko beste edozein arautan horiek desagertzea aurreikusten ez bada edo horretarako eperik finkatzen ez bada, plangintzaren aurkakotzat hartuko dira.
Lehendik dauden eraikinen kasuan, Plan honek ez ditu plangintzarekin bat ez datozen eraikintzat jotzen eraikin edo instalazio berrietarako ezarritako tarteak betetzen ez dituzten eraikinak.
d) Erabilera toleratuen kontsiderazioa galduko dute, honako kasu hauetakoren bat gertatzen denean:
i) Lehen sektoreko baliabideen ustiapen-erabileren kasuan:
i. Nekazaritza edo abeltzaintzako jarduera etetean.
ii. Produkzioko basogintza-erabilerako azken mozketan.
ii) Eraikuntzan oinarritutako erabileren kasuan, Eraikuntza erabilera iraungitzat har daitekeenetik aurrera.
iii) Gainerako erabileren kasuan, jarduera amaitzen denean.
E) Antolamenduz kanpoko erabilerak:
a) Plan honen aurretik zeuden eraikin, instalazio eta erabilerak dira, planarekin erabat bateraezinak izanik, planak berak edo garapeneko edozein planek horrelakotzat jo eta horien erabateko eraispena edo eraiste partziala aurreikusten duenean. Horietarako araubide juridikoa hirigintzako legedian aurreikusitakoa izango da.
b) Era berean, antolamendutik kanpokotzat joko dira edozein arau sektorial aplikatuta horrelakotzat identifikatzen diren eraikinak, instalazioak eta erabilerak.
c) Antolamenduz kanpo adierazitako eraikinetan eta instalazioetan ez dira kontsolidazio-, berreraikitze-, erreforma-, dibisio- edo areagotze-lanak baimenduko. Dena den, Eraikuntza gutxieneko bizigaitasun- eta osasungarritasun-baldintzetan mantentzeko beharrezkotzat jotzen diren eta hirugarrenei kalteak saihestera xedaturiko lanak ez dira halakotzat hartuko, hori guztia hirigintza-legerian zehaztutako hondamenaren erregimen legalari kalterik egin gabe.
d) Obrak egin nahi diren datatik kontatzen hasita 15 urteko epean ez bada aurreikusi higiezina desjabetzeko edo eraisteko datarik, finkatzeko lan partzialak eta zirkunstantzialak egin ahal izango dira; dena den, obra horiek ezingo izango dute higiezinaren balio-irabazirik eragin.
F) Erabilera iraungia: lehendik zeuden baina desagertu egin diren jarduerak dira. Erabilera iraungi hori jarduera bera desagertze hutsarekin gauzatuko da, administrazio-arloan oraindik ere artxiboetan edo lehenagoko espedienteetan jasota egon arren. Udalari eskatu ahal izango zaio erabilera iraungi ez izanari buruzko frogagiria. Nolanahi ere, erabilera iraungitzat joko da erabilera hura zuen eraikuntza iraungita dagoenean».
Hamargarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.2.2.4 artikulua («Erabilera aldatzea») aldatzea.
Aldatu egiten dira 3. eta 4. apartatuak, eta erantsi egiten da 5. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 3.2.2.4 artikulua:
«3.2.2.4 artikulua.– Erabilera aldatzea.
1.– Erabilera aldatzen dela ulertuko da, lehendik dagoen lurzati edo eraikin batean kokatuta dagoen eta lehendik dagoen erabilera bat, beste jarduera baimendu batek ordezkatzen duenean.
2.– Aurreko zenbakian adierazitakoaren ondorioetarako, eta indarrean den legediaren arabera beharrezkoa izan daitekeen jarduera irekitzeko lizentzia alde batera utzita, ekainaren 30eko lurzoruari eta hirigintzari buruzko 2/2006 Legea aplikatuz, erabilera aldatu ahal izateko dagokion hirigintzako lizentzia lortu beharko da, erabilera-aldaketa horrek gauzatzeko obra-baimenik behar duen ala ez kontuan hartu gabe.
3.– Plan honen ondorioetarako, eraikinetako erabilera aldatu ahal izango da, baina berreraikitzeko, eraberritzeko edo zatitzeko edo batzeko esku-hartzeen bitartez bakarrik.
4.– Bizkaiko Errepideei buruzko urriaren 20ko 5/2021 Foru Arauaren ondorioetarako, bai eta Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen eta Itsasertzen Erregelamendu Orokorra onesten duen urriaren 10eko 876/2014 Errege Dekretuaren ondorioetarako ere, ez da erabilera-aldaketatzat hartuko zatitzeko edo batzeko esku-hartzea.
5.– Baso-erabilera beste erabilera batekin ordezkatu ahal izateko, hark Bizkaiko Foru Aldundiko mendien arloan eskumena duen Sailaren baimena beharko du».
Hamaikagarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.2.2.6 artikulua («Interes publikoko erabilerak») aldatzea.
Aldatu egiten da 3.2.2.6 artikuluaren 1. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«1.– Kokatuta dauden lurzoruaren titulartasuna eta kalifikazioa direnak direla, interes publikokotzat joko dira IV. tituluan zuzkidura- eta ekipamendu-erabilera gisa identifikatzen diren erabilerak, eta turismoko eta ostalaritzako establezimenduak eta kanpinak –nekazaritza-turismoko establezimenduak izan ezik–, bide publikoa –4.4.4.1 artikuluan ezarritakoaren arabera– eta energia berriztagarria sortzeko instalazioen bidez energia ekoizteko sistemak, autokontsumoari lotutakoak. Era berean, interes publikoko erabilera gisa hartuko dira araudi sektorialean halakotzat hartzen diren erabilerak».
Hamabigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.2.2.8 artikulua («Erabilerak gainjartzea, kota desberdinetan kokatuta daudelako») aldatzea.
Aldatu egiten da 3.2.2.8 artikuluaren 5. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«5.– Edonola ere, lursail baten lurpean edo lurgainean edozein erabilera berri ezartzeko, lurralde-, hirigintza- eta sektore-legeriak ezarritakoari jarraituko zaio».
Hamahirugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.3.1.2 artikulua («Eraikuntza-ekintzetan erabiltzeko materialen inguruko ingurumen-kontsiderazioak») aldatzea.
Erantsi egiten da 4. apartatuaren e) azpiapartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«e) Baso-kudeaketa jasangarriaren ziurtagiria duen zura erabiltzea egiturazko elementu nagusietan, hala nola karga-hormetan, arkupeetan eta forjaketetan».
Hamalaugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.3.2.1 artikulua («Eraikuntza-tipoak») aldatzea.
Aldatu egiten da 3.3.2.1 artikuluaren 1. apartatuaren B) azpiapartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«B) Eraikuntza hartzen duen lurzatiaren barnealdeko urbanizazioa: lurzati hartzaileen barnean dauden elementu guztien multzoa da, baldin eta lurzati horiek har ditzaketen eraikuntzekin eta etxeko nekazaritzara bideratutako espazioekin eta lursailekin bat ez badatoz. Horretan sartzen dira, halaber, zerbitzu orokorrekiko lotura, eta lurzati hartzaileen akaberen nahiz lurzati-mugetan horiek ixteko kokatzen diren elementuen tratamendua, baita etxeko elementuak ere, hala nola pergolak, estalpeak edo barbakoarako elementuak».
Hamabosgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.3.3.2 artikulua («Eraikuntzako esku-hartze motak») aldatzea.
Aldatu egiten da 4. apartatuaren b) azpiapartatua, eta erantsi egiten da 4. apartatuaren f) azpiapartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 3.3.3.2 artikuluaren 4. apartatua:
«4.– Oin berriko, eraberritzeko, zatitzeko eta handitzeko esku-hartzeek honako hauek lortzeko beharrezko jarduerak barne hartuko dituzte:
a) Eraikinaren eraginkortasun energetikoan hobekuntza eragiteko eta ia energia-kontsumorik gabeko eraikuntza bihurtzea.
Horretarako, esku-hartzearen ostean eraikinek A edo B kalifikazioa lortu dutela egiaztatu beharko dute. Egiaztapen horretarako, eraikin amaituaren eraginkortasun energetikoari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko da, eraikinen eraginkortasun energetikoa ziurtatzeko oinarrizko prozedura zehazten duen apirilaren 5eko 235/2013 Errege Dekretuan zehaztutakoarekin bat etorriz.
Salbuespen gisa, eta eraikina eraldatzeko edo zatitzeko esku-hartzeen kasuan, amaierako kalifikazio energetikoa letra baten hobekuntza izan daiteke lehendik dagoen eraikinaren eraginkortasun energetikoaren ziurtagiriko letrari dagokionez, betiere lehen sektoreko edo landa-turismoko erabileren kasuan, eta bi letrakoa ostalaritza-establezimenduen –jatetxeak edo antzekoak–, ekipamenduen, museoen edo interpretazio-zentroen, familiako bizileku-erabileren eta turismo-alojamenduen kasuan.
b) Eraikuntzaren ur-kontsumoan aurrezpen eraginkorra eragiten duten mekanismoak, sistemak eta ekipamenduak erabiltzea. Horretarako, esku-hartze horietan gauzatu beharreko jardueren artean, euri-uraren bilketa eraginkorra aurreikusi beharko da, ondoren lurzati hartzaileko lurrak ureztatzeko erabiltzearren. Horrez gain, ur grisak birziklatzen ahaleginduko da, gero komunontzi motako iturgintzako instalazioetan berrerabili ahal izateko, iragazi ondoren.
c) Eraikuntzari hondakin-urak biltzeko eta tratatzeko sistema bat hornitzea, 4.1.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
d) Gutxieneko baldintza zehatz batzuk betetzeko, narriadura saihesteko eta, narriaduraren beraren edo desagerpenaren bitartez, paisaiari ez eragiteko. Gutxieneko baldintza horiek egitura- eta eraikuntza-elementuen sendotasunari eta segurtasunari buruzkoak dira (zimendu egokiak izatea, egiturazko elementuak osatzen dituen materiala hondatuta ez egotea, betiere horien erresistentziak aldaketarik jasan ez duela bermatuz, edo eraikineko hegalkinak osatzen dituzten elementuak edo beste elementu batzuk ez askatzea, hala nola, teilak, fatxadako plakak, tximiniak, isurkinak, leihoburu eta ateburuak eta beirak), baita euriaren eta hezetasunaren aurreko estankotasunari buruzkoak ere (itoginik edo fatxada, zolata, murru edo beste elementu batzuetan hezetasunik ez izatea, eta estalkia osatzen duten elementuak osorik mantentzea).
e) Lehendik dauden barneko altuerak mantentzea, betiere horiek 2,2 metrokoak edo gehiagokoak badira, amaitutako zoruaren eta sabaiaren artean neurtuta. Bestela, beharrezko esku-hartzeak gauzatuko dira hura gutxieneko altuera aske horretara egokitzeko. Esku-hartze horien eraginez ez da lehendik dagoen eraikinaren edo desagertu den eraikinaren teilatu-hegalen eta gailurraren gehieneko altuera gaindituko, Planak zehazten duen erabilera bakoitzeko.
Esku hartu aurretik, eraikinen teilatu-hegalek eta gailurrak erabilera bakoitzeko gehieneko altuera gainditzen badute, horietan esku-hartzeak egin ahal izango dira jatorrizko eraikinaren altuera osoa handitzeko; teilatu-hegaletan nahiz gailurrean neurtuta, handitze hori 0,4 metrokoa izan daiteke, gehienez ere. Altueraren igoera hori behar bezala justifikatu beharko da, jatorrizko perimetro-hormari hura lotzea ahalbidetuko duen, egituraren egonkortasuna hobetuko duen eta estalkiko kargak hobeto banatuko dituen elementu bat eransteko beharrean oinarrituz.
f) Zuraren erabilera bultzatzea, egitura-elementuetarako, konpartimentazio-elementuetarako eta barne- eta kanpo-akaberetarako eraikuntza-material gisa».
Hamaseigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.3.3.4 artikulua («Eraisteko eraikuntzako esku-hartzeak») aldatzea.
Aldatu egiten da 3.3.3.4 artikuluaren 3. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«3.– Eraiste partzialerako esku-hartzea finkatzeko edo eraberritzeko esku-hartze bati loturik joan daiteke, edo, hala dagokionean, handitzeko esku-hartze bati. Horrelakoetan, eraisteko esku-hartzea berariaz jaso beharko da finkatze-, eraberritze- edo handitze-espedientean.
Eraiste partzialak ezingo dio, inoiz, eraikuntzaren barne-egituraren % 50 baino gehiagori eragin, ezta alboko fatxadek eta atzekoak osatzen duten azalera osoaren edo –horrelakorik baldin badago– mehelinaren % 40 baino gehiagori ere. Era berean, ezingo dio fatxada nagusiaren % 10 baino gehiagori eragin.
Neurri horiek zabaldu egin ahal izango dira obra gauzatzen den bitartean arriskurik badago; kasu horretan, lanak egin aurretik beharrezkoa izango da teknikari eskudun batek sinatutako dokumentua aurkeztea, zeinetan zehatz eta argi egiaztatuko baita partez eraitsi beharreko eremua zabaltzea dakarten obrak gauzatzea beharrezkoa dela eta zein diren fatxadetan eta estalkiaren formetan eraikuntza-tipologiaren oinarrizko antolaketa eta eraikuntzaren egitura lehengoratzeko neurriak».
Hamazazpigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.3.3.5 artikulua («Eraikuntzak eta azpiegiturak berreraikitzeko eraikuntzako esku-hartzeak») aldatzea.
Aldatu egiten da 2. apartatuaren a) azpiapartatua, indargabetu egiten dira 2. apartatuaren b) eta c) azpiapartatuak, aldatu egiten da 4. apartatua, eta indargabetu egiten da 5. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 3.3.3.5 artikulua:
«3.3.3.5 artikulua.– Eraikuntzak eta azpiegiturak berreraikitzeko eraikuntzako esku-hartzeak.
1.– Berreraikuntza balio arkitektoniko, kultural edo historiko espezifikorik ez duen Eraikuntza edo azpiegitura bati jatorrizko itxura berrematera zuzendutako eraikuntzako esku-hartzea da. Berrezartze horren aurretik guztiz eraitsi beharko da Eraikuntza edo azpiegitura.
2.– Plan honen ondorioetarako, honako hau izango da jatorrizko konfigurazio formala:
a) Eraikuntzaren fatxada nagusiaren bolumetria eta konfigurazioa, esku-hartzearen xede izango dena baino lehen.
b) (Indargabetua).
c) (Indargabetua).
d) Berreraikitzea eragin duen egoeraren aurretiko azpiegituraren diseinua eta trazadura.
3.– Plan honen ondorioetarako, lurzati hartzaile bateko eraikinak edo instalazioak berreraikitzeko esku-hartzeak honako hauek izango dira, berrezartze hori gauzatzen den lekuaren arabera:
i) Ordezteko esku-hartzeak:
• Ordezkapeneko esku-hartzeetan, Eraikuntza berreraikia inguratzen duen solido berria jatorrizko Eraikuntzaren lurzati hartzaileko beste kokapen batean kokatuko da; bolumetriari dagokionez, hura bat etorriko da jatorrizkoarekin, edo, gehienez ere, % 20 murriztuko du haren bolumena, solairu-kopuru bera izan beharko du sestra gainean. Jatorrizko eraikuntzaren azalera eraikia ez da inola ere handituko.
• Sistema orokorrak ezartzeagatik derrigorrezko desjabetzearen ondorioz ordeztu behar diren eraikinen kasuan, horiek 2.000 m2tik gorako azalera duen edozein lurzati hartzailetan kokatu ahal izango dira, betiere lurzati horren aurrealdeak bide publikora ematen badu, ur-, saneamendu- eta argindar-zerbitzuekin lotuta badago, eta Plan honetan Landa Gunearen Eremu –T3– edo Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuko Trantsizioko Landa Paisaiako Zona –T1.PRT– gisa kalifikatuta badago.
• Gainera, ordezteko esku-hartzeak egin ahal izango dira Gune, Gunearen Babes eta Trantsizio kategorietan dauden Eraikuntzetan, betiere eraikuntza-lerroek adierazitako bereizketaren batek edo edozein arau sektorialek ezarritako zortasun eta jabari publikoko zonek eragiten badute, arau sektorialak horiek desjabetzea ez aurreikusi arren. Kasu horietan, ordezteko esku-hartzea eragindako Eraikuntza dagoen lurzati hartzaile berean egin beharko da, betiere hura Gune Gainkategorian sartutako lurzoruetan egiten ez bada, eta esku-hartze hori gauzatzea galarazten duten arau sektorialek eragiten ez badiote.
• Eraikuntzak 5 metroko tartea izan beharko du, gutxienez, muga guztiekiko, araudi aplikagarriari jarraikiz. Gainera, eraikuntza-lerroari buruzko araudi espezifiko bat duten muga bidedunen kasuan, dagokion araudi sektorialak ezartzen duena aplikatuko da.
ii) Berreraikitzeko esku-hartzeak: berreraikitzeko esku-hartzeetan, berreraikitako Eraikuntzaren solido inguratzaileak bere bolumena % 20 murriztu beharko du gehienez ere, edo bat etorri beharko du, espazioari dagokionez, jatorrizkoarekin; gainera, lursail eta espazio berean kokatuta egon beharko du, azalera bera okupatu beharko du solairu guztietan –sotoan nahiz lurretik gora–, eta azalera eraikigarri eta solairu-kopuru berberak izango ditu.
4.– Edonola ere, eraikuntzak berreraikitzeko esku-hartzeak haren jatorrizko formaren itxuraketa errespetatu beharko du. Barnealdean, justifikatuta, jatorrizkoak ez diren beste egitura-material batzuk erabili ahal izango dira etxabean, eta barneko banaketa aldatu ahal izango da, baita albo-fatxadetako eta atzeko fatxadako baoen itxuraketa ere. Eraikuntza-tipologiaren oinarrizko antolaketa mantendu egin beharko da fatxadetan eta barnealdeko banaketan, baita estalkiaren forma ere. Eraikuntza-tipologiaren oinarrizko antolaketatzat hartuko da kasuan kasuko bizitegi-eraikinaren motaren ohiko banaketa-egitura, fatxadetakoa nahiz barnealdeko espazioena.
5.– (Indargabetua).
6.– Berreraikuntzako esku-hartzea baimendu aurretik, berreraikiko den eraikuntzaren lurzati hartzaileak gutxienez 25 metroko aurrealdea eduki beharko du bide publiko batera, eta ur-, saneamendu- eta argindar-zuzkidurarako zerbitzuez hornituta egon beharko du. Dena den, hondakin-urak ateratzeko sistemarako eta energia elektrikoaren zuzkidurarako irtenbide autonomoetara joz gero, horiek berariaz jaso beharko dira dagokion obra-baimena eskatzeko erabiliko den proiektuan. Edonola ere, zerbitzu horiek eskuratzea eta mantentzea esku-hartzearen sustatzailearen kargura izango dira.
7.– Plan honen helburuetarako, 1950. urtearen aurretiko eraikinak berreraikitzeko esku-hartzeak eraberritzeko esku-hartze gisa hartuko dira, lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 30. artikuluko 1. apartatuan adierazten denari jarraikiz».
Hemezortzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.3.3.9 artikulua («Eraberritzeko eraikuntzako esku-hartzeak») aldatzea.
Aldatu egiten dira 2. apartatuaren b) eta c) azpiapartatuak, 3. apartatuaren bigarren paragrafoa, erantsi egiten da 3. apartatuaren hirugarren paragrafoa eta aldatu egiten da 4. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 3.3.3.9 artikulua:
«3.3.3.9 artikulua.– Eraberritzeko eraikuntzako esku-hartzeak.
1.– Plan honen ondorioetarako, eraberritzea eraikinari bizigaitasuna ematera eta Eraikuntzaren hondamena saihestera zuzendutako eraikuntzako esku-hartze mota bat da.
2.– Horretarako, kontserbazioko eta apaindurako, eta finkatzeko esku-hartzeetan jasotzen diren ekintzekin batera, eraberritzeko esku-hartzeetan honako hauek gaineratzen dira:
a) Barruko espazioen banaketa eta antolamendua aldatzea, instalazio teknologikoak eta higienearen eta osasunaren inguruko instalazioak barnean hartzean egindako egokitzapenak baino harago iritsiz eta eraikinei bizigarritasuna ematea ahalbidetuz.
b) Zenbait egitura-elementuren, hots, pilare, habe, solairu-armazoi, ganga eta eskaileren kokapena, kota, forma eta neurriak aldatzea. Harri-hormazko perimetro-hormaz eta zurezko barne-egituraz hornitutako eraikuntzen kasuan, aldaketa horiek egiten direnean aurrekoen egitura-sistema eta material berdinak erabiliko dira, gutxienez beheko oineko pilareetatik aurrera. Hura behar bezala dokumentatuta badago, aurreko egiturazko irtenbide bat berreskuratu ahal izango da, lehendik dagoena ez izan arren.
c) Eraikuntzaren inguratzailean, fatxaden konposizioa eta erritmoa esku-hartzearen xede den eraikuntza-tipologian daudenetara egokitu beharko dira:
i) Baserrien, erroten, etxe tradizional komunen, dorretxeen eta jauretxeen tipologien kasuan, fatxada nagusiak ez du aldaketarik izango, eta baoak berrantolatzea baino ez da baimenduko, jatorrizko konfigurazio formalera eta, hala badagokio, forjaketen kota berrietara egokitzeko.
ii) Eraikuntzaren kanpoaldeko albo-fatxaden aldaketa. Estilo aldetik balio berezia duten elementuak mantendu beharko dira. Esku-hartze horien xedea barnealdeko espazioak argiztatzea eta aireztatzea izango da. Ahal bada, bao berriak fatxada nagusikoen neurri berekoak izan behar dute eta, baserri, errota, etxe tradizional arrunt, dorretxe eta jauretxeen kasuan, horiek kontraleiho bidez itxi ahal izango dira bakarrik. Era berean, fatxada altuera osoan zehar bertikalki urratu ahal izango da beira edo egur bidez, eta gehienez ere 1,80 metroko zabaleran. Beheko solairuko bao berriak lurrerainokoak izan ahalko dira.
iii) Baserrien, erroten, etxe tradizional arrunten, dorretxeen eta jauretxeen tipologien kasuan, ondorengo altxaerek aurretiko itxura mantendu beharko dute, eta gehienez ere lau bao ireki ahal izango dira etxebizitza bakoitzeko, ahal dela fatxada nagusikoen neurri berekoak, edo fatxadako beira eta/edo egur bidezko urratuarena, altuera osoan, 1,80 metroko gehieneko zabaleran. Beheko solairuko bao berriak lurrerainokoak izan ahalko dira, baldin eta horien kokapenak ez badakar fatxadaren altxaerak fatxada nagusia itxuratzea. Baoen kokapenak eraikinaren beraren tipologiari erantzun beharko dio, eta simetrikoa izan beharko du altxaerari dagokionez. Bi bizitzako baserrietan bao berriak zabaltzen badira, esku-hartzeak erdi bati bakarrik eragin arren, multzoaren ondorengo altxaera aurkeztu beharko da, eta, bertan, bao guztien kokapena ezarri beharko da; altxaera hori erabakigarria izango da beste erdian baoak zabaltzeko orduan.
iv) Gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen dituztelako lehendik dauden eraikuntzen kasuan, jatorrizko eraikinaren altuera osoa gaindituko duten esku-hartzeak egin ahal izango dira. Lan horien bidez, erlaitz edo teilatu-hegalaren eta gailurraren kota 0,40 m handitu ahal izango da. Altueraren igoera hori ez da azalera eraikiaren zabalkuntzatzat hartuko, ezta bolumenaren, altueraren edo oin-kopuruaren areagotze gisa ere. Gainera, altueraren igoera hori behar bezala justifikatu beharko da, jatorrizko perimetro-hormari hura eranstea ahalbidetuko duen, egituraren egonkortasuna hobetuko duen eta estalkiko kargak hobeto banatuko dituen elementu bat hornitu behar izateagatik, hain zuzen ere.
Baserrien, erroten, etxe tradizional arrunten, dorretxeen eta jauretxeen tipologietan estalkiaren formak ez du aldaketarik izango, eta eraikinaren uniformizazio bolumetrikoa soilik baimenduko da azalera eraikia handitzea eragiten ez duenean. Inola ere ez da baimenduko txori-tokirik. Estalkiko isurkietan terrazak egokitzea ez da estalkiaren formaren aldaketatzat hartuko, baldin eta teilatu-hegalarekiko eta goiko gailurrarekiko distantzia bi metrokoa bada, estalkiko planoan neurtuta, eta lau metrotik gora luze egiten ez badu.
d) Geroago egindako altxaerek (gehienak iparrerantz orientatuta) jatorrizko itxuraketa mantendu beharko dute, eta gehienez ere 1,20 x 1,70 metroko lau bao zabaldu ahal izango dira; horiek 1,4ko proportzioa mantendu beharko dute oinarriaren eta altueraren artean. Era berean, fatxada beira eta/edo egur bidez urratu ahal izango da altuera osoan zehar, gehienez ere 1,80 metroko zabaleran. Horien kokapenak eraikinaren beraren tipologiari erantzun beharko dio, eta simetrikoa izan beharko du altxaerari dagokionez. Bi bizitzako baserrietan bao berriak zabaltzen badira, esku-hartzeak erdi bati bakarrik eragin arren, multzoaren ondorengo altxaera aurkeztu beharko da, eta, bertan, bao guztien kokapena ezarri beharko da; altxaera hori erabakigarria izango da beste erdian baoak zabaltzeko orduan.
e) Gutxieneko bizigaitasun-baldintzak betetzen dituztelako lehendik dauden Eraikuntzen kasuan, jatorrizko eraikinaren altuera osoa gaindituko duten esku-hartzeak egin ahal izango dira. Lan horien bidez, erlaitz edo teilatu-hegalaren eta gailurraren kota 0,40 m handitu ahal izango da. Altueraren igoera hori ez da azalera eraikiaren zabalkuntzatzat hartuko, ezta bolumenaren, altueraren edo oin-kopuruaren areagotze gisa ere. Gainera, altueraren igoera hori behar bezala justifikatu beharko da, jatorrizko perimetro-hormari hura eranstea ahalbidetuko duen, egituraren egonkortasuna hobetuko duen eta estalkiko kargak hobeto banatuko dituen elementu bat hornitu behar izateagatik, hain zuzen ere.
Edonola ere, estalkiaren formak aldatu gabe jarraitu beharko du, eta ez da, inola ere, horietan txoritokiak ager daitezen baimenduko. Estalkiko isurkietan terrazak egokitzea ez da estalkiaren forma-aldaketatzat hartuko, betiere hura teilatu-hegalarekiko eta goiko gailurrarekiko lau metrotara egiten bada –estalkiko planoan neurtuta– eta lau metrotik gorako luzera ez badu.
3.– Eraberritzeko esku-hartzeak eraikuntzaren eraiste partziala eragin dezake.
Berriz ere erabilera iraungi bat ezartzen bada, edo lehendik dagoen eraikuntzan baimendutako erabilera berri bat ezartzen bada, eraberritzeko esku-hartzean ezin izango da lehendik dagoen eta baldintza onetan dagoen egiturazko inolako elementurik deuseztatu. Obra-lizentzia eskatzea behar duen proiektuan, apartatu bat sartu beharko da, zeinetan argi eta zehatz deskribatu eta ziurtatuko baita, batetik, elementu horien kontserbazio-egoera eta, bestetik, obren fasean elementuok mantentzeko hartu behar diren neurri teknikoak.
Proiektua idaztean edo lanak egitean egiaztatzen bada lanak egiten diren bitartean pertsonak arriskuan egon daitezkeela, teknikari eskudunak sinatutako dokumentu bat aurkeztu beharko da, lanak egin aurretik obrako segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren lanak egin behar direla egiaztatzen duena.
4.– Kanpoaldeko hormaren baten egitura egonkortu behar bada, edo, bere garaian, kanpoko hormaren zati bat deuseztatzea eragin zuen jatorrizko forma nahasten duen elementuren bat kendu behar bada, horma jatorrizko egoerara lehengoratzea aurreikusiko da».
Hemeretzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.3.3.10 artikulua («Zatitzeko eta batzeko eraikuntzako esku-hartzeak») aldatzea.
Aldatu egiten dira 3.3.3.10 artikuluaren 2. apartatua, 3. apartatuko b) azpiapartatua, 4. apartatuko b) eta c) azpiapartatuak, 5. apartatua, 6. apartatua, 7. apartatuko b) eta c) azpiapartatuak eta 9. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 3.3.3.10 artikulua:
«3.3.3.10 artikulua.– Zatitzeko eta batzeko eraikuntzako esku-hartzeak.
1.– Plan honen ondorioetarako, zatitzeko eta batzeko esku-hartze gisa identifikatuko dira eraberritzeko eskuhartzeetan sartuta daudenak eta etxebizitza berri bat sortzea edo bizitegi-eraikin batean dagoen etxebizitza bat desagertzea eragiten dutenak.
2.– Zatitzea, tipologiaren arabera:
a) Bizitza bakarreko eta bi bizitzako baserriak: dagokion eskritura publikoan edo Jabetza Erregistroan jasotako etxebizitza kopurua bakarrik aldatu ahal izango da. Bizitza bakarreko baserrien kasuan, bi etxebizitzakoa izango da gehienekoa. Bi bizitzako baserrien kasuan, gehieneko kopurua bi izango da bizitza-unitateko, alegia, guztira, lau, eraikineko.
b) Errotak, dorretxeak, jauregiak eta etxe tradizionalak:
• Erroten kasuan gehienez ere lau etxebizitzaraino handitu ahal izango da. Eraikinari uholdeek eragin ez diezaioten bermatu beharko da.
• Etxe tradizional, dorretxe eta jauregi tipologietan sartutako eraikinetan, kasuan kasuko eskritura publikoetan edo Jabetza Erregistroan esku-hartzearen datan jasotako etxebizitza-kopurua bikoiztu ahal izango da, gehienez ere lau etxebizitzako mugarekin.
Plan honetan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinean dauden bizitegi-eraikinak zatitzea justifikatzen da eraikitako espazio hutsak bizitegi-erabilera berriekin okupatzeko aukerarekin, hala, lurzoruak beste bizitegi-erabilera batzuekin eraldatu ez daitezen eta, hala badagokio, zenbait jarduera desagertu izanaren ondorioz abandonu-egoeran eta kaltetuta dagoen eraikitako ondarea kontserbatzea bermatzeko.
3.– Lursailen kalifikazioa eta eraikinaren egoera:
a) Aipatutako zatiketa hori baimenduko da, antolamenduaren barnean dauden edo toleratuta dauden arestian aipatutako tipologia guztietan.
b) Ez da inola ere baimenduko, kasuan kasuko eraikina honako egoera hauetako batean badago:
i) Antolamenduz kanpoko egoeran.
ii) Gune Gainkategoriako kalifikazioen barnean, Ondare Arkitektonikoko Zonak –N5.1– izan ezik, betiere, bere arkitektura- edo arkeologia-ezaugarriak direla-eta, hori ahalbidetzen duen babes-maila badu.
4.– Zatitzearen izaera juridikoa:
a) Zatitzea jabetzaren zatiketa horizontala izango da. Horretan, nekazaritzako materialak eta lanabesak gordetzeko espazioa, beheko oinean egon behar duena, eta baserrietako zona estalia eta irekia (atartea) eta baserrirako sarbideak elementu komunak izango dira.
b) Etxebizitza bakoitzari lurzati hartzailean dagokion pro-indibisoa ezartzen diren ehunekoetan islatuko da, eta ezin izango da, inola ere, lurzati-unitatearen bereizketarik edo hirigintza-partzelaziorik egin.
c) Obra amaitu ostean, obra berriaren adierazpen bat aurkeztu beharko da.
5.– Eraikinaren barnealdean:
a) Ahal dela, zatitzea solairuarekiko zeharkako norabidean egingo da, eta etxebizitza berriarekin okupatuko dira nekazaritza- eta abeltzaintza-jarduera edo zuzkidura-jarduera desagertzeagatik abandonatuta gera zitezkeen espazioak.
b) Zatitzea egiteko, etxebizitza jatorrizko edo nagusiaren beheko solairuan, sukaldeko, egongelako eta komunikazio-eskailerako espazioaz gain, logela nagusi bat eta bainugela oso bat egokitu beharko dira. Baserrien kasuan, ez da onartuko mehelinak ukitzea, ez bada behar diren pasaguneetarako.
c) Beheko solairuko gainerako espazio hutsetan, ondoriozko etxebizitzek espazio komun bat izango dute, eta bertan jasoko dira nekazaritzako materiala eta tresnak; eraikinaren lurzati hartzailean lehendik dagoen instalazio bat egonez gero, erabilera hori bertan ezarri ahal izango da. Era berean, etxebizitza bakoitzak esekilekurako espazio bat izan beharko du beheko solairuan, gutxienez 3 m2-ko azalera eraikia izango duena.
d) Debekatuta dago komunikazioko espazio komunak gaitzea, esaterako, eskailerak edota igogailua, etxebizitza-unitate baterako baino gehiagorako sarbide komuna ahalbidetzeko. Etxebizitza-unitate bakoitzak sarbidea izan beharko du lurzati hartzailetik, bai eta komunikazio bertikaleko eskailera ere, etxebizitzako solairuak batuko dituena.
e) Ahal dela, saihestu egingo da etxebizitza berriarekin etxebizitza nagusiak lehen solairuan okupatutako espazioak okupatzea. Baserrien kasuan, etxebizitza berriak espazio horiek okupatu ahal izango ditu, soil-soilik, eraikinaren zatitzea solairuaren luzetarako noranzkoan egiten denean.
f) Etxebizitza berriaren gutxieneko neurria 60 m2-koa izango da, eta honakoak eduki beharko ditu gutxienez: egoteko, jateko eta kozinatzeko moduko gela bat, logela bat eta gutxienez komuna, konketa eta dutxa izango dituen garbigela oso bat.
g) Egiturazko elementuak (hormak, pilareak, gatzariak, solairu-armazoiak, habetzanak, petralak eta abar) horien kontserbazio-egoerak hala egitea eskatzen duenean edo gutxieneko 2,20 metroko altueretara egokitzeko bakarrik aldatu ahal izango dira; elementu horiek zurezkoak izango dira, beheko solairuko zutabeetatik gora behintzat. Hura behar bezala dokumentatuta badago, aurreko egiturazko irtenbide bat berreskuratu ahal izango da, lehendik dagoena ez izan arren.
6.– Eraikinaren inguratzailean, fatxaden konposizioa eta erritmoa esku-hartzearen xede den eraikuntza-tipologian daudenetara egokitu beharko dira:
a) Fatxada nagusiak ez du aldaketarik izango, eta baoak berrantolatzea baino ez da baimenduko, jatorrizko konfigurazio formalera eta, hala badagokio, forjaketen kota berrietara egokitzeko.
b) Zatitzeko esku-hartzearen bidez, albo-fatxadetan bao berriak zabaldu ahal izango dira bigarren etxebizitzara sartzeko nahiz gelak argiztatu eta aireztatzeko. Ahal dela, bao berriek fatxada nagusikoen neurri berberak izan beharko dituzte, eta kontraleiho bidez bakarrik itxi ahal izango dira. Era berean, fatxada altuera osoan zehar bertikalki urratu ahal izango da beira edo egur bidez, eta gehienez ere 1,80 metroko zabaleran. Beheko solairuko bao berriak lurrerainokoak izan ahalko dira.
c) Ondorengo altxaerek aurretiko itxura mantendu beharko dute, eta gehienez ere lau bao ireki ahal izango dira etxebizitza bakoitzeko, ahal dela fatxada nagusikoen neurri berekoak, edo fatxadako beira eta/edo egur bidezko urratuaren neurrikoak, altuera osoan, 1,80 metroko gehieneko zabaleran. Beheko solairuko bao berriak lurrerainokoak izan ahalko dira, baldin eta horien kokapenak ez badakar fatxadaren altxaerak fatxada nagusia itxuratzea. Baoen kokapenak eraikinaren berezko tipologiaren araberakoa izan beharko du, eta altxaeran simetrikoa izan beharko du. Bi bizitzako baserrietan, zatitzeko esku-hartzeak erdi bati bakarrik eragin arren, multzoaren geroko altxaera bat aurkeztu beharko da, eta, bertan, bao guztien kokapena ezarri beharko da; altxaera hori erabakigarria izango da beste erdian zatitzeko esku-hartze bat gauzatzeko orduan.
d) Gutxieneko bizigarritasun-baldintzak betetzen dituztelako lehendik dauden eraikuntzen kasuan, lehenagoko eraikinaren altuera osoa gaindituko duten esku-hartzeak egin ahal izango dira. Lan horien bidez, erlaitz edo teilatu-hegalaren eta gailurraren kota 0,40 m handitu ahal izango da. Altueraren igoera hori ez da azalera eraikiaren zabalkuntzatzat hartuko, ezta bolumenaren, altueraren edo oin-kopuruaren areagotze gisa ere. Gainera, altueraren igoera hori behar bezala justifikatu beharko da, lehenagoko perimetro-horma hura eranstea ahalbidetuko duen, egituraren egonkortasuna hobetuko duen eta estalkiko kargak hobeto banatuko dituen elementu batez hornitu behar izateagatik, hain zuzen ere.
Estalkiaren formak ez du aldaketarik izango, eta eraikinaren bateratze bolumetrikoa baino ez da baimenduko, betiere azalera eraikia handitzea eragiten ez badu. Inola ere ez da baimenduko txori-tokirik. Estalkiko isurkietan terrazak gaitzea ez da estalkiaren formaren aldaketatzat hartuko, baldin eta teilatu-hegalarekiko eta goiko gailurrarekiko distantzia bi metrokoa bada, estalkiko planoan neurtua, eta lau metroko luzeratik gorakoa ez badute. Horri dagokionez, isurki bakoitzeko terraza bakarra ireki ahal izango da.
e) Zatitzeko esku-hartzeak, eraberritzekoak bezala, eraikinaren eraiste partziala eragin dezake. Kanpoaldeko hormaren baten egitura egonkortu behar bada, edo, bere garaian, kanpoko hormaren zati bat desagertzea eragin zuen jatorrizko forma nahasten duen elementuren bat kendu behar bada, jatorrizkoen ezaugarri berak dituzten materialak erabiliz horma jatorrizko egoerara lehengoratzea aurreikusiko da.
Proiektua idaztean edo lanak egitean egiaztatzen bada lanak egiten diren bitartean pertsonak arriskuan egon daitezkeela, teknikari eskudunak sinatutako dokumentu bat aurkeztu beharko da, lanak egin aurretik obrako segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren lanak egin behar direla egiaztatzen duena.
7.– Eraikinaren kanpoaldean:
a) Etxebizitza bakoitzari lurzati hartzailean dagokion indibisioa kontuan hartuta, debekatuta dago lurzati-itxituren mota oro etxebizitzen artean.
b) Lurzati hartzailearen barruan, 40 m2-ko espazio libre bat gaitu beharko da, inolako eraikuntzarik gabea. Landaredia eta zoladura iragazkorrak konbinatzen dituzten tekniken bidez gaituko da, eta etxebizitza berriko ibilgailuak aparkatzeko izango da.
c) Lurzati hartzailean ez da ibilgailuak gordetzeko eraikuntzarik altxatu ahal izango. Nekazaritzako jarduerarik ez duten eraikinen kasuan, ezin izango da jarduera horretarako behar diren lanabesetarako txabolarik egin oin berrian.
d) Lur-mugimenduak Plan honetako 3.3.3.12 artikuluak ezartzen duenera egokituko dira. Etxebizitzen eta horiek dituzten sarbide egokituen kokapena lursaileko berezko sestrei eta esku-hartzearen aurretiko egoerari egokitu beharko zaie.
8.– Eraikinaren eta lurzati hartzailearen gutxieneko zuzkidurak:
a) Eraikina Plan honetako 3.3.3.2 artikuluan jasotako zehaztapenen arabera hornitu beharko da.
b) Eraikina hartzen duen lurzatiak ibilgailuentzako sarbidea izan beharko du. Sarbideak asfaltatuta eta hormigonatuta egon beharko du, edo zagor-legarrezko akabera izan beharko du bide publiko batetik bere luzera osoan, eta 2,50 metroko zabalera izan beharko du, gutxienez.
c) Argiteria publikoari dagokionez, sarbideko zuzkidura energia berriztagarriak erabiltzen dituzten elementuetan oinarrituko da.
9.– Zatitzea legeztatzeko eskaeraren beharra ezarriko da, arau hauetara egokitu gabeko zatitzea zertu den bizitegi-eraikinen kasuan, horiek erregularizatzera begira. Zatitze berrietarako ezartzen dena betetzen dela justifikatu beharko da, beheko oinean etxebizitza nagusirako logela, bainugela eta esekitokiaren eremua egokitzen badira salbu.
10.– Kultura-ondarea babesteko figuraren batean gaineratzen diren eraikinetarako finkatzen den zatitzearen erregulazioa dagokion araudian aurreikusitakoa izango da. Hark berariaz jaso beharko du dokumentu honetan jasotzen dena bete beharko dela».
Hogeigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.3.3.12 artikulua («Eraikuntzarako lurzati hartzaileen barnealdeko urbanizazio-obretarako esku-hartzeak») aldatzea.
Aldatu egiten dira 3.3.3.12 artikuluko 3. apartatuko a) azpiapartatua, d) azpiapartatua, e) azpiapartatuko ii) zenbakia, eta f) azpiapartatuko ii), iii), vi) eta vii) zenbakiak eta erantsi egiten da 3. apartatuko h) azpiapartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 3.3.3.12 artikuluaren 3. apartatua:
«3.– Lurzati hartzaileen barnealdeko urbanizazio-obretarako esku-hartzeak honako hauek izango dira:
a) Irisgarritasun-beharretara egokitzea edo lehendik dagoen urbanizazioa eguneratzea edo/eta berrezartzea.
b) Zerbitzu orokorrekiko konexioak egokitzea.
c) Lurzatia ixtea, Planeko 3.5.3.1 artikuluan araututako terminoetan.
d) IV. tituluan erabilera bakoitzerako araututako gehieneko neurriak dituen aparkalekua eta sarbidea egokitzeko beharrezko diren lanak. Lan horiek landaredia eta elementu zurrun iragazkorrak konbinatzen dituzten tekniken bidez egingo dira.
e) Igerileku-erabilera osagarri eta lotu bat ezartzea:
i) Erabilera nagusia zuzkidurari edo ekipamenduari badagokio, eta turismo-establezimenduetan, ostalaritza-establezimenduetan eta kanpinetan, 4 x 15 m-tik beherako neurriak izango ditu, eta erabilera publikoko igerilekuen osasuneko araubideari buruzko 32/2003 eta 208/2004 Dekretuetan edo horiek ordezkatzen dituen arauan ezarritakoari jarraikiz arautuko da.
ii) Erabilera nagusia familiaren bizitegi-erabilera bada, haren neurriak 3,5 x 8 m-tik edo 3 m-ko erradiotik beherakoak izango dira. Lurzati hartzaileko beste edozein eraikuntzaren loturatik aparteko lotura zuzena eta independentea izan beharko du ur-zuzkidura eta -ebakuaziorako sarearekin, dagokion uraren ziklo integrala arautzen duen ordenantzak jasotzen dituen baldintzetan. Ezin izango du urbanizazio gogorrik izan inguruan, 60 cm-tik gorako zabaleran, eta ez du lur-mugimendurik eragingo, ez bada inguruko lursaila erregularizatzeko beharrezkoa dena; edonola ere, lursailaren topografia ez da 50 cm-tik gora aldatuko punturik okerrenean. Era berean, galarazita dago igerilekua estaltzeko elementu oro, olanak edo pertsianak izan ezik.
iii) Igerilekuetatik 2 m-ko tartea utzi beharko da, gutxienez, muga guztietara.
f) Lur-mugimenduak honako termino hauetan gauzatuko dira:
i) Ondoren adierazten diren zehaztapenetatik haratago, lur-mugimenduak gauzatu ahal izateko, horien zeroko balantzea bermatu beharko da lurzati hartzailearen barnean. Aparteko kasuetan, proiektuan behar bezala justifikatutako ingurumen- edo paisaia-arrazoiak daudenean, soberako lurrak berariaz baimendutako betelanetara garraiatu ahal izango dira.
ii) Eraikinetara ibilgailu bidez iristeko bideak sortu behar badira, horiek sestra naturalaren eraldaketa oro saihesteko moduan gauzatu beharko dira; salbuespen gisa, metro batetik gorako kota-desberdintasuna baimenduko da, sestra naturalari dagokionez. Sestrapean kokatuta dauden solairuetara sartzeko bideen kasuan, altuera hori bi metrotara handitu ahal izango da, eta, horrenbestez, euste-hormak gauzatu ahal izango dira. Era berean, sarbide horiekin ur-pasaguneak zeharkatu behar badira, diseinua indarrean den plan hidrologikoan zehazten denera egokituko da.
iii) Lurpeko garajeetarako sarbideak egokitzeko edo lurrei eusteko euste-hormak egitea, Plan hau indarrean sartzen den unean horren beharra sortzen den lurzatiaren mugetan:
• Lurzatiaren mugetan lurrei eusteko hormak egin beharra argazki bidez, jasotze topografikoz eta aldameneko lurzatien jabeek adostasuna adierazten duten idazkiaren bidez egiaztatu beharko da.
• Horma horiek altxatzeko, bioingeniaritzako hormak erabiliko dira. Aparteko kasuetan, eta azterketa tekniko bidez behar bezala arrazoitu beharko diren geotekniako kontuek horrela egitea gomendatzen dutenean, harri-lubetak egin ahal izango dira, baldin eta hormigoizko zimendurik batere behar ez badute eta hormigoirik gabe egiten badira.
iv) Gainerako kasuetan, galarazita egongo da lurzatiko edozein punturen berezko sestra metro bat baino gehiago aldatzeko xedea duen lur-mugimenduak gauzatzea.
v) Eraikuntza-proiektuetarako % 12tik gorako malda duten zonetan lur-mugimenduak egin behar direnean, lurzoruaren egonkortasunaren eta higigarritasunaren gaineko inpaktu negatiborik ez dagoela bermatzeko neurriak definituko dituzte. Edonola ere, malda mugimenduaren xede diren lurren materialari dagokion pausaguneko angeluari egokitzen zaiola bermatu beharko da.
vi) Egin nahi diren mota guztietako hondeaketa-lanetan, obren titularrak berezko landaredia berrezarri beharko du, beharrezkoa den lur begetalezko geruza barne, lanen ondorioz hondatuta geratu den lur-azaleretan.
vii) Eraikuntzaren perimetroan lur-mugimenduak egin behar badira barnealdeko osasungarritasun- eta hermetikotasun-baldintzak hobetu daitezen bermatzeko, itxituren estradosaren iragazkortasunerako eta gainazal azpiko eta lurrazaleko urak jasotzeko beharrezko diren lanak gauzatu ahal izango dira. Horiek egin ondoren, sestra naturala aldatu ahal izango da, gehienez ere bi metro.
g) Lurzoruaren kutsaduragatik lursailak zigilatzea.
h) Eraikuntzaren perimetroa termino hauetan egokitzea:
i) Bizitegi-erabilera duten eraikinen kasuan, metro bateko zabalerako terrazak jarri ahal izango dira perimetro osoan, eta gehienez ere 5 metroko sakonerako eta 8 metroko luzerako eremu horizontal bat egokitu ahal izango da, landare-akaberarekin edo lursailaren gaineko zurezko tronadurarekin, beheko lauzarik gabe, bai eta haren punturik okerrenean berezko sestrarekiko 1,50 m-tik gorako kota-aldea izan gabe ere. Hala badagokio, lursailaren egokitzapen horretarako gutxienez 5 m-ko tartea utzi beharko da mugarekiko, eta tarte horrek aldatu gabe jarraitu beharko du.
ii) Interes publikoko erabilera duten eraikuntzen edo turismo-ostatuen kasuan, horien perimetroko terraza-eremuak bertako beharrizanetara egokitu beharko dira eta dagokion proiektuak justifikatu».
Hogeita batgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.4.1.3 artikulua («Azalera eraikia») aldatzea.
Erantsi egiten da 3.4.1.3 artikuluaren 3. apartatuaren c) azpiapartatua, eta honela geratzen da idatzita:
«c) Pergolak, soil-soilik landare-estalkiarekin. Bestela, ataripetzat hartuko dira».
Hogeita bigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.4.1.6 artikulua («Mugak, lerrokadurak eta tarteak») aldatzea.
Aldatu egiten dira 3.4.1.6 artikuluaren 2. apartatuaren b) eta c) azpiapartatuak; beraz, honela geratzen da idatzita 3.4.1.6 artikuluaren 2. apartatua:
«2.– Lerrokadurak:
a) Plan honek ez du inolako lerrokadura ezarririk jasotzen, lurzati hartzaileetan eraikuntzak kokatzeko.
b) Garapen-tresnetako edozeinen bitartez ezarri ahal izango dira lerrokadurak, egoki iritziz gero.
c) Sestrapeko oinak, salbu eta IV. tituluan definitzen diren interes publikoko erabileren edo turismo-ostatuen kasuan, ez du, inola ere, sestra gaineko oinen lerrokadura gaindituko».
Hogeita hirugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.4.1.8 artikulua («Oinplanoak. Definizioak») aldatzea.
Aldatu egiten dira 1. apartatuaren a) azpiapartatuaren ii) zenbakia, 2. apartatuaren a) azpiapartatua eta 3. apartatua; beraz, honela idatzita geratzen da 3.4.1.8 artikulua:
«3.4.1.8 artikulua.– Oinplanoak. Definizioak.
1.– Sotoko solairua:
a) Sotoa (SS):
i) Sabaiko puntu guztiak Eraikuntzaren fatxada-planoekin kontaktuan dagoen berezko sestraren azpitik dituen oina.
ii) Perimetroaren % 20 baino gehiago sestra naturaletik metro bat baino gehiago ateratzen ez den solairua.
b) Lurzorutik sabai amaitura arte dagoen gutxieneko garaiera libreak 2,50 m-koa izan behar du.
2.– Erdisotoko solairua (ESS):
a) Erdisotoa:
i) Bere perimetroaren % 20an baino gehiagoan, berezko sestratik gora 1 m baino gehiago ateratzen den solairua, eta forjaketa berezko sestraren mailatik behera daukana.
ii) Fatxada-azaleraren % 65 baino gutxiago berezko sestratik behera eta eraikuntzaren fatxada-planoekin kontaktuan daukan solairua.
b) Lurzorutik sabai amaitura bitarteko gutxieneko garaiera libreak 2,50 m-koa izan behar du.
3.– Beheko solairua (BS):
a) Beheko solairua:
i) Fatxada-azaleraren % 65 baino gehiago berezko sestratik gora eta eraikuntzaren fatxada-planoekin kontaktuan daukan solairua.
ii) Forjaketa berezko sestraren mailan daukan solairua.
b) Sotoko edo erdisotoko solairutik gora dagoen hurrengoa.
c) Haren gutxieneko altuera librea honako hau izango da:
i) 2,50 m oin berriko eraikuntzetan.
ii) 2,20 m lehendik dauden eraikuntzetan.
4.– Goiko solairua (1S):
a) Beheko solairu edo etxabetik gora dagoen solairua da, teilatupekoa izan ezik.
b) Haren gutxieneko altuera librea honako hau izango da:
i) 2,50 m oin berriko eraikuntzetan.
ii) 2,20 m lehendik dauden eraikuntzetan.
5.– Teilatupeko solairua (TS):
a) Teilatupekoa:
i) Azkeneko goiko solairuaren sabaiko armazoiaren eta estalkiko armazoiaren arteko espazio eraikia».
Hogeita laugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.4.1.9 artikulua («Solairu-kopurua») aldatzea.
Kendu egiten da 1. apartatuaren aipamena, eta aldatu egiten da a) apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 3.4.1.9 artikulua:
«3.4.1.9 artikulua.– Solairu-kopurua.
IV. tituluan zehaztutako erabilera batzuen kasuan, Planak zehaztuko ditu horietarako berariaz definitutako solairu kopurua, teilatu-hegalen altuerak eta gehieneko gailur baimenduak. Berariazko zehaztapenik egiten ez bada, jarraian orokorrean definitzen dena izango da baimendutako gehieneko solairu kopurua:
a) Bizitegi-eraikinen kasuan: beheko solairua (BS), goiko solairua (1S) eta teilatupeko solairua (TS). Oin berriko eraikinen kasuan, gainera, sotoko solairua (SS) edo erdisotoa (ESS) eraikitzea baimenduko da.
b) Nekazaritza, abeltzaintza edo basogintzako erabileretarako instalazioen kasuan: beheko solairua (BS) eta lehen solairua (1S).
c) Zuzkidura- eta ekipamendu-eraikinen, eta turismo-establezimenduen, ostalaritza-establezimenduen eta kanpinen kasuan: sotoko solairua (SS) edo erdisotoa (ESS), beheko solairua (BS), goiko bi solairu (1S eta 2S) eta teilatupeko solairua (TS).
d) Eraikuntzetan oinarritu behar duten azpiegituren kasuan: sotoko solairua (SS) eta goiko solairua (1S) edo teilatupeko solairua (TS).
e) c eta d ataletan identifikatutako eraikuntzen kasuan, zerbitzuaren ezaugarriak direla-eta aurreikusitako gehieneko solairu-kopurua aldatu egin behar bada edo sotoko edo erdisotoko solairuren bat egin behar bada, Plan honetan dagokien garapeneko tresnaren bidez definitu ahal izango dira horiek».
Hogeita bosgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.4.2.1 artikulua («Xedapen orokorrak») aldatzea.
Aldatu egiten da 3.4.2.1 artikuluaren 3. apartatuaren hirugarren paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:
«Etxebizitza blokearen tipologiatzat identifikatzen da komunikazio-gune bat eta barneko elementu komun batzuk dituena, eta solairu bakoitzean, eta behin eta berriz errepikatzen den egitura bati jarraikiz, bizitegi-unitate bat edo gehiago banatzen dituena».
Hogeita seigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 3.5.3.1 artikulua («Araubide orokorra») aldatzea.
Aldatu egiten da 3.5.3.1 artikuluaren 1. apartatuaren lehenengo paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:
«1.– Nekazaritza- edo abeltzaintza-erabilera duten lurzatien itxiturek –lurzati horiek hartzen dituzten produkzio-erabilerak direla-eta itxiturak behar dituztenean– eta eraikuntzak hartzen dituzten lurzatietako itxiturek 1 metroko gutxieneko tartea mantendu beharko dute bide edo bidezidorren ertzekiko. Oilo-haztegien kasuan, itxitura perimetralak eraiki ahal izango dira, basa-fauna sartzea saihesteko eta, horrela, hegaztiak gaixotasunetatik eta harraparietatik babesteko. Itxitura metaliko zurrun galbanizatuaren bidez egingo dira itxitura horiek, eta akabera berdea edo sare elektrosoldatua izango dute, 1,8 m-tik gorakoa ez dena».
Hogeita zazpigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.1.1 artikulua («Plana gauzatzea») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.1.1 artikuluaren 3. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«3.– Titulu honetan jasotako erabileren sistematizazioa definizio ireki eta ez baztertzailetzat ulertuko da. Sailburuaren agindu bidez, eta patronatuak aldez aurretik emandako aldeko txostenaren bitartez, Plan honetan jasotzen ez diren erabilerak eta jarduerak tipifikatu ahal izango dira».
Hogeita zortzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.2.1.1 artikulua («Erabilerak jardueraren izaeraren arabera xehatzea») aldatzea.
Erantsi egiten dira B.4 eta B.5 erabilerak 3. apartatuko B) azpiapartatuan, honako testuarekin:
«• B.4. Lehiaketak edo zeharkaldiak landa- eta ur-inguruneetan.
• B.5. Bizikleta-zirkuituak».
Hogeita bederatzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.2.5 artikulua («Jarduera aeronautikoak. B.1.4.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.2.5 artikuluaren 2. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«2.– Urdaibaiko Biosfera Erreserban aireontziek hegan egiteko mugak edo debekuak Gobernuak ezarriko ditu, Aireko Nabigazioari buruzko uztailaren 21eko 48/1960 Legearen 3. artikuluan eta Aireko nabigazioko zerbitzu eta prozeduretarako airearen Erregelamendua eta xedapen komunak garatzen dituen irailaren 21eko 1180/2018 Errege Dekretuaren 19. eta 22. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera. Defentsaren eta garraioaren arloan eskumena duten ministerioek osatutako ministerioarteko batzordeak ezarriko ditu ingurumen-arrazoiengatik mugatutako eremuei lotutako aire-espazioaren bolumenak, dagokion ingurumen-agintaritzak proposatuta eta natura-ondarearen eremu babestuak arautzen dituzten araudietan ezarritako kontserbazio-beharrizanak kontuan hartuta».
Hogeita hamargarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.2.9 artikulua («Natura- edo kultura-elementuak ikertzea eta balioestea. B.2.1») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.2.9 artikuluaren 2. apartatuko c) azpiapartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«c) Barrutirako sarbidea, lehendik ez dagoen kasuetan, lotura-bide edo bidezidor motako azpiegitura baten bidez egin beharko da».
Hogeita hamaikagarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.2.10 artikulua («Jolas-jarduera kontzentratu iraunkorra. B.2.2.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.2.10 artikuluaren 2. apartatuaren c) azpiapartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«c) Barrutirako sarbidea, lehendik ez dagoen kasuetan, lotura-bide edo bidezidor motako azpiegitura baten bidez egin beharko da».
Hogeita hamabigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.2.19 artikulua («Zuhaitz-sailen gaineko abentura-kiroletako jarduerak. B.2.6») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.2.19 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«4.4.2.19 artikulua.– Abentura-kiroletako jarduerak. B.2.6.
1.– Abentura-kiroletako jarduerak dira abentura-kiroletako zirkuituak gaitzea, ibilbideak, igarobide esekiak eta baso-inguruneetako tirolinak barne hartuta.
2.– Honako arau hauek ezartzen dira:
a) Erabilera hau Trantsizioko Gainkategorian sartuta dauden lurzatietan baimentzen da, nekazaritzako gutxieneko azaleratik gorakoa badute. Jarduerak zuhaitz-elementuen gainean egiten badira, espezie aloktonoen sailetakoak izan beharko dira.
b) Jarduera lurzatiaren mugetatik gutxienez 10 metrotara gauzatu beharko da.
c) Jarduera martxan jarri aurretik, argindar- eta kanpoko argiteria-sare orokorrerako konexioa izan beharko du lurzatiak. Inolako konexiorik ez badago, zerbitzu horiek energia berriztagarrizko sistema autonomoen bidez bermatu beharko dira.
d) Debekatu egingo da instalaziorik egitea, jarduera osatzen duten zirkuituak garatzeko beharrezkoak diren instalazioez gain, bai eta jendeari arreta emateko zerbitzuak eta jarduerari lotutako zerbitzu sanitarioak gaitzeko beharrezkoak diren instalazio desmuntagarriez gain ere.
e) Jendeari arreta emateko zerbitzuek eta zerbitzu sanitarioek ezaugarri hauek bete beharko dituzte:
i. Gehienez 100 m2-ko azalera izatea eta edozein mugatatik 10 m-tik gorako distantziara jartzea.
ii. Zurezko elementu aurrefabrikatuekin egin beharko dira.
iii. Ez dute zimendatzerik izango, baina asko jota 25 cm lodiko lur gaineko lauza bidez egindako zimendatze-lanak izan ahalko dituzte; lauza horiek ez dira lurretik gora aterako. Ezin izango dira modu egonkorrean finkatuta egon lurzatian, eta eraitsi gabe jaso ahal izango dira, elementu guztiak erraz garraiatzeko modukoak izanik.
iv. Konfigurazioak honelakoa izan beharko du:
• Solairu bakarra izango du.
• Zurezko, beirazko, zeramikazko teila gorriko eta/edo landarediko akaberak izango ditu.
v. Kontsumo ia nuluko edo pasiboko eraikuntzak izan beharko dute, eta energia elektrikoa, berokuntza eta ur bero sanitarioa sortzeko, energia berriztagarriko energia ekoizteko sistemak soilik erabili ahal izango dira. Kasu horretan, ekoizpen-sistemak barruan edo inguratzailean kokatu beharko dira.
vi. Jarduera abian jarri aurretik sare orokorrera konektatuta egonez gero, ur-hornidurako sistema izan beharko dute, deposituekin, eta uraren kudeaketa.
vii. Hondakin-urak husteko, sare orokorrerako konexio berririk ezin izango da egin; hala badagokio, 4.1.2 artikuluan ezarritakoa bete beharko da, eta urak iragazki berdez arazteko sistemak erabili beharko dira.
viii. Jarduera urte eta erdi baino gehiagoz desagertzen edo gelditzen bada, sustatzaileak, hurrengo sei hilabeteetan, jardueraren elementu eta eraikuntza guztiak erabat kendu beharko ditu, eta lurzatia jatorrizko egoerara itzuli beharko du. Neurri hori bermatzeko, dagokion udalean abal bat jarriko da, elementu horiek kentzearen kostua bermatze aldera.
f) Debekatuta egongo da jarduera martxan jartzeko inolako azpiegiturarik egitea:
i. Lurzatiak ibilgailuentzako sarbidea izan beharko du, landa-bide edo errepide batetik.
ii. Lurzatiaren barnean gehienez ere 10 ibilgailu hartzeko moduko aparkaleku-zona bat egokitu ahal izango da. Horren tratamenduan material mistoak erabili beharko dira, landaretza haztearekin batera, azalera zurrun bat lortu ahal izateko».
Hogeita hamahirugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren IV. tituluko («Plana gauzatzeko araubidea») 4. kapituluko («Lurraldearen eta hark dituen baliabideen aprobetxamendu jasangarria») 2. atala («jolas eta aisia erabilerak») aldatzea.
Erantsi egiten da 4.4.2.22 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«4.4.2.22 artikulua.– Lehiaketak edo zeharkaldiak landa- eta ur-ingurunean B.4.
1.– Jarduera horretan sartzen dira Urdaibaiko Biosfera Erreserba osoan oinez, bizikletaz, igerian, paddlean edo piraguan parte hartzen dutenentzat antolatzen diren lehiaketak edo zeharkaldiak, baldin eta Plan honetan urbanizaezin gisa sailkatutako eremuak zeharkatzen badituzte.
2.– Horiek antolatzeko, honako zehaztapen hauek hartu beharko dira kontuan:
a) HUPA kalifikatutako lurzoruetan hasi eta amaituko da jarduera, eta horretarako elementu guztiak izan beharko ditu lurzoru horietan. Ahal dela, garraio kolektiborako sarbide zuzena duten kokalekuak bultzatuko dira.
b) Jarduera ibilbide bakarrean egin beharko da, eta hainbat proba egin ahal izango dira. Jarduera lehorrean egiten bada, ibilbidearen % 65 gutxienez bideetatik edo bide publikoetatik egingo da.
c) Parte-hartzaileen gehieneko kopurua eta taldeko kirol-proben ordutegia:
i. Bizkaiko Lurralde Historikoko natura-gune babestuetan eta/edo espezie mehatxatuak erasateko arriskua duten natura-guneetan egin nahi diren kirol-proba kolektiboak: parte-hartzaileen gehieneko kopurua eta horiek egiteko zehaztapenak arautzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren maiatzaren 21eko 60/2019 Foru Dekretuari jarraituko zaio. Horren bidez arautzen da nola lortu baimena kirol-proba kolektiboak Bizkaiko Lurralde Historikoko natura-gune babestuetan egiteko, espezie mehatxatuak erasateko arriskua dagoenean.
ii. Bizkaiko Lurralde Historikoko natura-gune babestuetatik kanpo eta/edo espezie mehatxatuak erasateko arriskua duten natura-guneetatik kanpo egin nahi diren kirol-proba kolektiboak: gehienez 8.000 parte-hartzaile izango dira aipatutako modalitateetan edo horien batura gisa.
d) Ezin izango da pinturarekin edo elementu ezabaezinekin markarik, balizajerik edo seinalerik egin. Ibilbidea seinaleztatzeko erabiltzen diren elementuak probako azken parte-hartzailea seinaleztatutako puntutik igaro eta berehala kendu beharko dira.
e) Erakunde antolatzaileak, proba amaitu eta berehala, parte-hartzaileek edo ikusleek uzten dituzten hondakinen gaikako bilketa egin beharko du.
f) Dagoeneko existitzen diren pista edo bidezidorretatik kanpo ez da bizikleta-probarik egiteko baimenik emango.
g) Jardueraren inskripzioak ehuneko bat izan beharko du, eta hori jarduera egingo den eremuetako ingurumena leheneratzera bideratuta egongo da.
h) Jan-edarien postuak Trantsizioko Gainkategorian jarri beharko dira, honela kalifikatutako lurzoruan:
i. Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuko Trantsizioko Landa Paisaiako Zonan –T1.PRT–.
ii. Landa Gunearen Eremuan –T3–.
iii. Zona publikoak edo pribatuak, eraikuntza-asentamenduak dituztenak edo ez dituztenak, ekipamendu komunitariorako beharrezkoak direnak eta Sistemen Eremuko –T4.ECR– lurzoru urbanizaezinean prestatu behar direnak.
3.– Jarduera egin aurretik, erakunde sustatzaileak ingurumen-memoria bat egin beharko du, eta gutxienez honako agiri hauek jasoko ditu:
a) Parte-hartzaileen gehieneko kopuruaren justifikazioa, zeharkatu beharreko eremuen harrera-gaitasunaren arabera.
b) Ingurumen-arbitroaren figurak egin beharreko ingurumen-zaintzako plana.
c) Ingurumen-arbitroa izendatzea.
d) Jarduera egitearekin lotutako ingurumen-inpaktu negatiboak minimizatzeko metodologia.
e) Zeharkatu beharreko eremuetako natura- eta kultura-ondarea zabaltzeko programa, ekitaldiaren aurreko faseetan, ekitaldian zehar eta ekitaldiaren ondoren.
4.– Jarduera egiten den bitartean, ingurumen-arbitroak ingurumen-zaintzako plana betetzen dela zaindu beharko du.
5.– Jarduera amaitu ondoren, amaierako ebaluazio-txosten bat egin beharko da. Ekitaldiaren ingurumen-aztarna ebaluatuko du, gogobetetzeari eta balorazioari buruzko inkestak barne hartuko ditu eta hurrengo edizioetarako hartu beharreko neurriak jasoko ditu».
Hogeita hamalaugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren IV. tituluko («Plana gauzatzeko araubidea») 4. kapituluko («Lurraldearen eta hark dituen baliabideen aprobetxamendu jasangarria») 2. atala («jolas eta aisia erabilerak») aldatzea.
Erantsi egiten da 4.4.2.23 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«4.4.2.23 artikulua.– Bizikleta-zirkuituak. B.5.
1.– Bizikleta erabiltzeko, bizikletan ibiltzen gozatzeko eta txirrindularitzarako behar diren ezagutzak eta esperientziak irakasteko zirkuituak dira.
2.– Bizikleta-zirkuituak egokitu ahal izango dira 5.000 m2-tik gorako azalerako lurzatietan, honela kalifikatutako lurzoruetan:
a) Baso eremuak –T.2–.
b) Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zonak –T1.PRT–.
c) Sistemen Eremuetako –T4.IS– komunitatearen azpiegiturak eta zerbitzuak hartzeko zonak.
d) Zona publikoak edo pribatuak, eraikuntza-asentamenduak dituztenak edo ez dituztenak, ekipamendu komunitariorako beharrezkoak direnak eta Sistemen Eremuko –T4.ECR– lurzoru urbanizaezinean prestatu behar direnak.
3.– Debekatuta egongo da jarduera abian jartzeko azpiegiturak egitea, baina zirkuituan jarduera erraztuko duten elementuak jarri ahal izango dira, bai eta aparkaleku bat ere, gehienez 10 ibilgailurentzat, lurzatiaren barruan. Horren tratamendua material mistoak erabiliz egin beharko da, landaredia hazten den bitartean azalera zurruna izan ahal izateko.
4.– Lurzatiak ibilgailuentzako sarbidea izan beharko du, landa-bide edo errepide batetik.
5.– Zirkuituak lurrez edo zagorrez egingo dira.
6.– Lurzati hartzailean, aldi berean, ingurumen-leheneratzea egin beharko da, zonaren balio ekologikoa handituz».
Hogeita hamabosgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.2 artikulua («Nekazaritzako erabilera. C.1.1.») aldatzea.
Aldatu egiten dira 2. apartatuaren lehenengo paragrafoa eta 3. apartatuaren b) eta d) azpiapartatuak; beraz, honela idatzita geratzen da 4.4.3.2 artikulua:
«4.4.3.2 artikulua.– Nekazaritzako erabilera. C.1.1.
1.– Basokoak ez diren bitartekoen laborantzarekin zuzenean lotuta dauden eta laboreak lortzeko zenbait eginkizun egin behar diren jarduera da, hala nola, lurra prestatzea, laborantza-jarduerak eta –praktikak garatzea, uztak biltzea, aukeratzea, sailkatzea eta garraiatzeko moduan jartzea, gero horiek biltegiratu edo kontsumitzeko, eta ur-ekarpena egitea.
2.– Jarduerarekin bateragarriak diren jardueren kasuan, honako praktika hauek baimenduko dira:
a) Ureztatzeko ura ateratzea: horretarako, ezinbestekoa izango da urari buruzko araudiak eskatzen duen emakida izatea.
b) Lursailak simaurtu eta ongarritzea eta horietan landare-osasunerako produktuak erabiltzea:
i) Trantsizioaren Gainkategorian, ekainaren 7ko 112/2011 Dekretuan jasotzen diren gomendioak bete beharko dira, nekazaritzako nitratoarekin kutsatzeko arriskua duten gunetzat jo ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko guneetan aplikatzekoak diren Ohitura Onen Kodea onartzen duena. Gune Babesaren Gainkategorian aipatutako ekainaren 7ko 112/2011 Dekretuan ezarritako gomendioak derrigorrez bete beharrekoak izango dira. Edonola ere, Gune Gainkategorian ez da ongarri nitrogenaturik erabili ahal izango.
ii) Nekazaritzako lurzoruetan galarazita dago lohiak aplikatzea, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinaren eremu osoan.
c) Fruta-arbolak landatzea, moztea eta inaustea.
d) Luberritze-lanak, eta laborantza iraunkorra edo noizbehinkakoa. Kasu guztietan, Plan hau indarrean sartzen denean nekazaritzako erabilerak jasotzen dituzten lurzatien barnean dauden zuhaiztiak bere horretan mantenduko dira.
e) Lurraren emankortasun-baldintzak hobetzeko beharrezko landare-lur ekarpenak. Landare-lurrezko ekarpenaren ostean gertatzen den aldaketa topografikoak ez du, inola ere, metro batetik gora hartuko jatorrizko kotarekiko, eta material naturalak (lurra eta harriak) erabiliz egindako ekarpen horretara ez da, inola ere, eusteko elementu osagarririk eraiki beharrik izango. Hezegune eta istingadi naturalak lehengo egoeran mantenduko dira.
3.– Ezarpen berriko erabilera hori baimenduko da honako kalifikazio hau duten lurzoruetan:
a) Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremua –T1–.
b) % 30 eta 45 bitarteko malda duen Baso Zona –T2.F1–.
Salbuespen gisa, fruta-arbolak landatu, moztu eta inausi ahalko dira, aurreko 2c apartatuan deskribatu denez, % 45 eta 60 bitarteko maldak dituzten Baso Zonetan –T2.F2–. Horretarako, zapaldak eratu ahal izango dira, bioingeniaritzako teknikekin eginak, fruitua ustiatzean higadurak eragindako lurzoru-galerak murrizteko.
c) Landa Gunearen Eremuak –T.3–.
d) Gunearen Babes Gainkategoriako eremuak eta zonak, salbu eta Baso Autoktonoen Eremua –B6–.
Erabilera hori d) apartatuan deskribatutako zonetan ezartzeko, nekazaritza-arloan eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiaren sailak dagokion txostena eskatuko dio Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zuzendari-kontserbatzaileari, hark bertan egon daitezkeen eta jardueraren garapena baldintza dezaketen elementu naturalak azter ditzan, baso naturalak edo istingak sor daitezkeen zonak, esaterako, baita eremuko eguzkialdiak ere.
Txostenak ustiapena Plan honen helburuetara egokitzen dela aztertuko du, eta dagozkion neurriak ezarri ahal izango ditu hautematen diren ingurumen-inpaktu potentzialak arintzeko edo deuseztatzeko, eta bereziki, faunarentzako pasaguneak eta galeria-basoaren eta artadiaren babesa eta hobekuntza bermatzeko.
Txostena emateko, nekazaritzaren arloan eskumena duen Bizkaiko Foru Aldundiaren Sailak garatu nahi den nekazaritzako jarduera deskribatzen duen dokumentazioa igorriko du, Nekazaritza Ustialekuen Erroldan azaltzen diren datuak bidaliz nahiz proiektua edo bideragarritasun-plana bidaliz, jarduera ezartzeko beharrezkoa den kasuetan. Konpontzeko moduko akatsik badago edo plana behar bezala aztertzeko beharrezko dokumentazioren bat falta bada, eskatzaileari emango zaio aditzera, hamabost eguneko epean akats eta gabezia horiek konpondu ahal izan ditzan.
4.– Jardueraren mugak Plan honetako 3.5.3.1 artikuluan arautzen diren lurzati-itxitura mota desberdinak konbinatuz gauzatu ahal izango dira, betiere baso-fauna txikiaren joan-etorriak ahalbidetzeko helburuarekin».
Hogeita hamaseigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.3 artikulua («Nekazaritza-erabilerarekin lotutako instalazioak. Araubide orokorra.») aldatzea.
Aldatu egiten dira 4.4.3.3 artikuluaren 4. apartatuko b) eta c) azpiapartatuak; beraz, honela idatzita geratzen da 4.4.3.3 artikuluaren 4. apartatua:
«4.– Nekazaritzako erabilerarekin lotutako oin berriko instalazioen diseinuan, ondoko zehaztapen hauek hartu beharko dira kontuan:
a) Teilatu-hegalaren gehieneko altuera 5,00 m-koa izango da, eta gailurrarena, berriz, 6,50 m-koa.
b) Ahal dela, isurialde biko estalkiz egin beharko dira, isurkiek gutxienez % 30eko eta gehienez % 45eko malda dutela. Akabera gorria edo gardena izango dute.
c) Fatxada-itxiturek zurezko akabera izan beharko dute, edo zuriz pintatutako edo material zeharrargi batekin egindako zarpiatua. Debekatuta dago hormigoizko blokez egitea akabera, pintatuta egon zein ez.
d) Jartzen diren arotzeriak zuriak edo marroiak izango dira.
e) Beheko solairua eta lehen solairu edo solairuartea izan ditzakete».
Hogeita hamazazpigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.4 artikulua («Lanabesak eta produktuak biltegiratzeko instalazioak. C.1.2.1») aldatzea.
Indargabetu egiten da 4.4.3.4 artikuluaren 2. apartatuko v) zenbakia; beraz, honela idatzita geratzen da 4.4.3.4 artikuluaren 2. apartatua:
«2.– Era berean, horrelako instalazioak ezarri ahal izango dira honako leku hauetan:
i) Lehendik dauden eta erabilera baimenduak, toleratuak edo iraungiak dituzten Eraikuntzetan, Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetan –T1– eta Landa Gunearen Eremuetan –T3– daudenean.
ii) Itsasadarreko Ertzak Babesteko Eremuetan –B1– eta Kostaldea Babesteko Eremuetan –B2– dauden eta erabilera toleratua duten Eraikuntzetan, betiere itsaso-lehorreko jabari publikoa babesteko zortasun-zonatik kanpo badaude.
iii) Ibai Sarearen Eremuan –B4.1– dauden eta erabilera toleratua duten Eraikuntzetan.
iv) Kultura Intereseko Eremuko –N5– Ondare Arkitektonikoko Zonetan –N5.1– dauden eta erabilera baimendua edo toleratua duten Eraikuntzetan.
v) (Indargabetua)».
Hogeita hemezortzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.5 artikulua («Nekazaritzako produktuen lehen eraldaketarako eta salmentarako instalazioak. C.1.2.2.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.3.5 artikuluaren 4. apartatuaren a) azpiapartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«a) Plan honek Gunearen Babes Gainkategoria eta Trantsizioko Gainkategoria gisa kalifikatzen dituen lurzoruetan kokatu beharko da eraikuntza, salbu eta Sistemen Eremuen –T4– kasuan. Era berean, Ondare Arkitektonikoko Zonetan –N5.1– dauden eta erabilera baimendua edo toleratua duten eraikuntzetan jarri ahal izango dira».
Hogeita hemeretzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.9 artikulua («Abeltzaintza-erabilera. C.2.1») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.3.9 artikuluaren 4. apartatuaren d) azpiapartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«d) Gunearen Babes Gainkategoriako eremuak eta zonak, Baso Autoktonoen Eremua izan ezik».
Berrogeigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.10 artikulua («Abeltzaintza-erabilerarekin lotutako eraikinak. Araubide orokorra.») aldatzea.
Aldatu egiten da 2. apartatuko f) azpiapartatua, aldatu egiten dira 2. apartatuko h) azpiapartatuko ii) eta iii) zenbakiak eta erantsi egiten da 4. apartatuko c) azpiapartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.3.10 artikulua:
«4.4.3.10 artikulua.– Abeltzaintza-erabilerarekin lotutako eraikinak. Araubide orokorra.
1.– Abeltzaintza-erabilerarekin lotutako mota bateko edo besteko oin berriko Eraikuntzak egin ahal izango dira.
Aparteko kasuetan, lehendik dauden eta erabilera baimenduak, toleratuak edo iraungiak dituzten Eraikuntzetan erabilera aldatzeko aukera aurreikusten du Plan honek, eraberritzeko esku-hartzeen bidez, eta osasun- eta maneiu-instalazioak ezartzeko helburuarekin.
2.– Egiten diren instalazio berriek, hurrengo artikuluetan azaltzen diren zehaztapenez gain, honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:
a) Ustiategiak Ustiategien Erroldan jasota egon beharko du.
b) Instalazio horiek ezartzeko, abeltzaintzaren arloan eskumena duen foru sailaren aurretiazko baimena beharko da, titularrak abeltzainak direla egiaztatzeko helburuarekin. Horretarako, eta instalazioak egin aurretik, abeltzaintzaren arloan eskumena duen foru sailak aldeko txostena eman beharko du.
c) Instalazioek abeltzaintzako ustiategietako arau teknikoak, higieniko-sanitarioak eta ingurumenekoak ezartzen dituen irailaren 22ko 515/2009 Dekretuko zehaztapenak bete beharko dituzte. Hori guztia sektoreko bestelako araudiak, bereziak, higieniko-sanitarioak, ingurumenekoak, hirigintzakoak edota aplikagarriak diren bestelako batzuk betetzeaz gain.
d) Edonola ere, horrelako instalazioak lurzatien arteko mugekiko 10 metroko tartera jarriko dira, udal-titulartasun publikoko errepideetatik eta bide publikoetatik 5 metrotara, bide-ertzetik neurtuta, eta foru-errepideei dagokienez, foru-arauak ezartzen duen tartera. Bestalde, abeltzaintzako beste ustiategi batzuekiko kokapena, Plan honetan Hirigintzako Udal Plangintzak Antolatzeko Eremutzat (HUPA) edo Landa Gunearen Eremutzat –T.3– identifikatutako lurzoruekiko mugekiko, edo lurraldeko beste elementu batzuekiko, behar bezala egokitu beharko da 515/2009 Dekretuaren I. eranskinean edo hura ordezkatzen duen arauan ezartzen denera.
e) Instalazioak sortu ziren unean zuten erabilerarako bakarrik erabili ahal izango dira. Erabilera bat aldatu ahal izateko, dagokion lizentzia izapidetu beharko da.
f) Instalazioak hartzeko lurzatiaren gutxieneko azalera Bizkaiko Lurralde Historikorako Gutxieneko Labore Unitate gisa definitzen dena izango da, salbu eta lurzatia Landa Gunearen Eremuan badago, horrelako kasuetan, gutxieneko azalera 2.000 m2-koa izango baita.
Abeltzain profesionalen ustiategiekin lotutako instalazioen kasuan, eta jarduerak aurreko apartatuan ezarritako lurzatiaren azalera berdina edo handiagoa badu, instalazioak jarduerarekin lotuta dauden eta aurreko paragrafoan adierazitako neurriak baino txikiagoak izango dituzten beste lurzati hartzaile batzuetan kokatu ahal izango dira. Lurzati hartzaile horien kalifikazioetan instalazioak ezartzea baimendu beharko da.
Edonola ere, instalazio horiek artikulu honetan eta hurrengoetan zehaztutako gainerako zehaztapen guztiak bete beharko dituzte oin berriko instalazioak ezartzeko edo lehendik dauden eta erabilera baimenduak, toleratuak edo iraungiak dituzten eraikuntzetan eraberritzeko esku-hartzeen bitartez.
g) Oin berriko instalazioen kasuan, hurrengo artikuluetan aipatzen diren eraikigarritasunak bat datoz aipatutako kalifikazioa duen lurzoruko metro koadro bakoitzeko dagoen sabaiko metro koadro kopuruarekin. Zentzu horretan, hurrengo artikuluetan zerrendatzen diren tipologietako bi edo gehiago barne hartzen dituen oin berriko instalazio bat eraikitzea aurreikusten den kasuetan, lurzati hartzailearen gehieneko eraikigarritasuna ez da inoiz eraikigarritasun baimendu handiena duen instalazioari dagokiona baino 1,25 aldiz handiagoa izango.
h) Abeltzaintzako instalazio horiek diseinatzeko orduan, honako zehaztapen hauek hartu beharko dira kontuan, oro har:
i) Teilatu-hegalaren gehieneko altuera 5,00 m-koa izango da, eta gailurrarena, berriz, 6,50 m-koa.
ii) Isurialde biko estalkiz egin beharko dira, isurkiek gutxienez % 30eko eta gehienez % 45eko malda dutela. Akabera gorria edo gardena izango dute.
iii) Fatxada-itxiturek zurezko akabera izan beharko dute, edo zuriz pintatutakoa edo material zeharrargi edo itsu batekin egindakoa eta erraz garbitzeko modukoa den zarpiatua. Debekatuta dago hormigoizko blokez egitea akabera, pintatuta egon zein ez.
iv) Kokatu beharreko arotzeriak zuriak edo marroiak izango dira.
v) Beheko solairua eta lehen solairu edo solairuartea izan dezakete.
3.– Instalazio horien abeltzaintzako beste ustiategi batzuekiko edo lurraldeko beste elementu batzuekiko kokapena behar bezala egokituko da 515/2009 Dekretuaren I. eranskinean edo hura ordezkatzen duen arauan ezartzen denera.
4.– Osasun- eta maneiu-instalazioak, eta gehienez ere 3 A.L.U barne hartzeko instalazioak ezarri nahi izanez gero, lehendik dauden eta erabilera baimenduak, toleratuak edo iraungiak dituzten Eraikuntzetan eraberritzeko esku-hartzeak garatzen badira, honako zehaztapen hauek bete beharko dira:
a) Instalazio horiek familiaren bizitegi-erabilera duen Eraikuntza batean ezarriz gero, errespetatu egin beharko dira Plan honek, III. tituluan, zatitzeko esku-hartzeei ezartzen dizkien baldintzatzaileak, eta horiek aplikatu ostean bakarrik okupatu ahal izango dira hutsik geratu diren espazioak. Lehen solairuan ezin izango dira jatorrizko etxebizitzari dagozkion espazioak okupatu. Edonola ere, instalazio horiek familiaren bizitegi-erabileratik bereizirik gauzatu beharko dira. Bereizketa horretarako, solairu guztietan pareta bertikal isolatzaile bat jarri beharko da.
b) Eraikuntzan dauden gainerako erabileretan, erabilera aldatu ahal izango da jarduera ezartzeko behar diren Eraikuntzako espazio guztietan
c) Instalazioek gehienez ere bi urte baino gehiagoko behi-azienda larrien hiru unitate hartu ahal izango dituzte, edo Abeltzaintzako ustiategietako arau tekniko, higieniko-sanitario eta ingurumenekoak ezartzen dituen irailaren 22ko 515/2009 Dekretuan edo haren ordezko arauan identifikatutako animalia-espezieen unitate kopuru baliokidea.
5.– Kasu guztietan, lurzati hartzaileak, erabilera ezarri aurretik, bere mugarainoko zerbitzuak izan beharko ditu, ur-zuzkidurari, energia elektrikoari eta kanpoko argiteriari dagokienez; zerbitzu horiek ez baditu, horiek isurketak, energia berriztagarriak eta metagailuak edo beste baliabide autonomo batzuk aprobetxatuz hornitu ahal izango dira. Jarduera txertatu aurretik sare orokorrerako loturarik ez badago, hondakin-urak 4.1.2 artikuluan ezarritako moduan hustu beharko dira. Lurzati hartzailearen barnean, Eraikina lurraren malda % 25etik beherakoa den edozein zonatan gauzatu ahal izango da, Eraikinaren okupazioarekiko, gutxienez, bost metroko perimetro batean. % 12 baino gehiagoko malda duten zonetan lur-mugimenduak eragiten dituzten eraikuntza-proiektuak garatzeko prestatzen diren azterketa teknikoek lurzoruaren egonkortasunaren eta higigarritasunaren gaineko ondorio negatiborik eragiten ez dutela bermatzeko neurriak definituko dituzte.
6.– Egin nahi diren mota guztietako hondeaketa-lanetan, obren titularrak berezko landaredia berrezarri beharko du, lur beltzezko beharrezko geruza barne, lanen ondorioz hondatuta geratu den lursaileko azaleretan».
Berrogeita batgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.11 artikulua («Lanabesak eta makineria biltegiratzeko instalazioak. C.2.2.1») aldatzea.
Indargabetu egiten da 4.4.3.11 artikuluko 2. apartatuko v) zenbakia; beraz, honela idatzita geratzen da 4.4.3.11 artikuluaren 2. apartatua:
«2.– Era berean, horrelako instalazioak ezarri ahal izango dira honako leku hauetan:
i) Lehendik dauden eta erabilera baimendua, toleratua edo iraungia duten Eraikuntzetan, Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetan –T1– eta Landa Gunearen Eremuetan –T3– daudenean.
ii) Itsasadarreko Ertzak Babesteko Eremuetan –B1– eta Kostaldea Babesteko Eremuetan –B2– dauden eta erabilera baimendua edo toleratua duten Eraikuntzetan, betiere horiek itsaso-lehorreko jabari publikoa babesteko zortasun-zonatik kanpo badaude.
iii) Ibai Sarearen Eremuan –B4.1– dauden eta erabilera duten Eraikuntzetan.
iv) Ondare Arkitektonikoko Zonetan –N5.1– dauden eta erabilera baimendua edo toleratua duten Eraikuntzetan.
v) (Indargabetua)».
Berrogeita bigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.12 artikulua («Abeltzaintzako produktuak biltegiratzeko instalazioak. C.2.2.2») aldatzea.
Aldatu egiten dira 3. eta 6. apartatuak; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.3.12 artikulua:
«4.4.3.12 artikulua.– Abeltzaintzako produktuak biltegiratzeko instalazioak. C.2.2.2.
1.– Jarduera honetan sartuko dira pentsu eta bazkarako siloak, horien xede bakarra ganaduarentzako zerealak, lekadunak, aleak, pentsuak eta bazkak biltegiratzea denean.
2.– Oin berriko horrelako instalazioak eraiki ahal izango dira lurzoruen kalifikazioak honako hauek direnean:
a) Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zonetan –T1.PRT–.
b) Landa Gunearen Eremuak –T.3–.
3.– Ustiapena Nekazaritza Balio Handiko Zona –T1.A1– gisa kalifikatutako lurzoruetan garatzen bada, eta hura hartzen duen lurzatiak ez badu Trantsizioko Landa Paisaiako Zona –T1.PRT– edo Landa Gunearen Zona –T3– gisa kalifikatuta dagoen eta instalazioa har dezakeen inolako lursailik, instalazioa Nekazaritza Balio Handiko zona –T1.A1– gisa kalifikatutako lurzoruetan egin ahal izango da. Gutxieneko lurzati hartzailearen, eraikigarritasunaren eta gehieneko azalera eraikiaren parametroak Trantsizioko Landa Paisaiako Zonetan kokatu beharreko mekanizazio- eta artisau-instalazioetarako ezarritakoak izango dira, hurrenez hurren.
4.– Plan honek 0,10 m2e/m2 l-ko eraikigarritasun-koefizientea aurreikusten du instalazioaren lurzati hartzailearen m2 bakoitzeko, azalera eraikia gehienez ere 500 m2 koa denean. Horrelako instalazioak Landa Gunearen Eremuetan –T.3– daudenean, gehieneko azalera eraikia 150 m2koa izango da.
5.– Instalazioak ustiategiaren perimetroan kokatuko dira, sarbidetik hurbil, elikagaiak garraiatzen dituzten kamioak bertan sar ez daitezen.
6.– Era berean, mota horretako instalazioak ezarri ahal izango dira lehendik dauden eta erabilera baimendua edo toleratua duten eraikuntzetan, baldin eta leku hauetan badaude:
i) Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetan –T1– eta Landa Gunearen Eremuetan –T3–.
ii) Itsasadarreko Ertzak Babesteko Eremuetan –B1– eta Kostaldea Babesteko Eremuetan –B2–, betiere itsas-lehorreko jabari publikoaren babes-zortasun zonatik kanpo badaude.
iii) Ondare Historiko-Arkitektonikoko Zonetan –N5.1–».
Berrogeita hirugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.16 artikulua («Produktuen lehen eraldaketarako eta salmentarako eraikuntzak. C.2.2.6») aldatzea.
Aldatu egiten da 5. apartatua eta erantsi egiten da 6. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.3.16 artikulua:
«4.4.3.16 artikulua.– Produktuen lehen eraldaketarako eta salmentarako eraikuntzak. C.2.2.6.
1.– Abeltzaintzako produktuen estabulazioa, erauzketa eta lehen eraldatzea egiten den instalazioetan garatzen den jarduera da. Hala dagokionean, produktu eraldatuen salmenta barne har dezake, baita horiek dastatzeko eta erakusteko espazioak ere, bulegoarekin eta garajearekin batera. Mota honetako instalazioetan sartzen dira, halaber, esnetegiak, gaztandegiak edo oilo edo landako beste animalia batzuen abeletxeak.
2.– Horrelako oin berriko instalazioak eraiki ahal izango diren lurzoruen kalifikazioak honako hauek direnean:
a) Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zonak –T1.PRT–. Kasu horretan, 0,10 m2e/m2l-ko eraikigarritasun-koefizientea aurreikusten da instalazioaren lurzati hartzailearen m2 bakoitzeko; haren azalera eraikia 1.000 m2 koa izango da gehienez ere.
b) Landa Gunearen Eremuak –T.3–. Kasu horietan, 0,05 m2e/m2 l-ko eraikigarritasun-koefizientea aurreikusten da, instalazioaren lurzati hartzailearen m2 bakoitzeko. Lurzoru horietan, gehieneko azalera eraikia 250 m2-koa izango da.
3.– Horrelako instalazioetarako jezteko eta/edo produktua eraldatu aurretik edo bitartean biltegiratzeko zona bat behar izanez gero, espazio horiek honako zehaztapen hauek bete beharko dituzte:
a) Jetzitegien kasuan:
i) Jetzitegia kutsadura-iturri guztietatik behar bezala bereizita egongo da.
ii) Paretak azulejuz estalita egongo dira, edo luzituta eta pintura plastiko zuriz pintatuta.
iii) Edateko ur-hornidurarako sistema egokia egongo da, jezte-lanerako eta esnearekin kontaktuan sartuko diren materialak eta tresnak garbitzeko beharrezkoa.
iv) Jezteko tresneria garbitzeko erraza eta herdoilgaitza izango da. Ekipoak instalatzeko moduak mantentze- eta garbitze-lanak behar bezala egiteko aukera eman behar du.
v) Jezteko makinaren motorrak kanpoaldean instalatuko dira, espazio itxi eta estali eta aireztatu batean.
b) Produktua eraldatu aurretik edo bitartean biltegiratzeko espazioen kasuan:
i) Espazio horrek ustiategiko beste eremuetatik isolatuta egon beharko du.
ii) Paretak azulejuz estalita egongo dira, edo luzituta eta pintura plastikoz pintatuta. Leihoak eltxosarez babestuta egongo dira, eta zikinkeria sartzea saihestu beharko dute.
iii) Edateko ur-hornidurarako sistema egokia egongo da, eraldatu behar den produktuarekin kontaktuan sartuko diren materialak eta tresnak garbitzeko beharrezkoa.
iv) Konketa bat egongo da; hark eragite ez-eskuzkoa izango du, eta ur hotz eta beroz hornitua egongo da.
v) Espazio horretan esnea hozteko edo gazta hartzitzeko andelak badaude, hura erraz garbitzeko moduko material herdoilgaitzez eginda egongo da. Hozte-motorrak kanpoaldean instalatuko dira, espazio itxi eta estali eta aireztatu batean.
4.– Instalazioak lanabesak eta makineria biltegiratzeko, siloetarako edo depuraziorako espazioak behar baditu, espazio horiei dagokien azalera artikulu honetan baimendutakoan konputatuko da. Beste zehaztapen guztiak, berriz, dagokien artikuluan ezarriko dira.
5.– Era berean, lehendik dauden eta erabilera baimendua edo toleratua duten eraikuntzetan horrelako instalazioak ezarri ahal izango dira, baldin eta Plan honek Gunearen Babes eta Trantsizioko Gainkategoria gisa kalifikatutako lurzoruetan kokatzen bada eraikuntza.
6.– Lurzati barneko urbanizazio-lanetarako esku-hartze baimenduak Plan honetako 3.3.3.12 artikuluan jasotakoak izango dira, igerilekuen kasuan salbu. Edonola ere, lurzatiek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:
a) Bide publikorako sarbidea izan beharko dute ibilgailuentzat.
b) Barnean, jarduera honetarako aparkaleku-plazak hartzeko zona bat izan dezakete, gehienez ere sei ibilgailu hartzeko Trantsizioko Gainkategorian kokatutako lurzatien kasuan, eta hiru ibilgailu hartzeko Gunearen Babes Gainkategorian daudenetan».
Berrogeita laugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.17 artikulua («Eztia ekoizteko instalazioak. C.2.2.7.») aldatzea.
Aldatu egiten da 3. apartatuko b) azpiapartatua eta erantsi egiten da 4. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.3.17 artikulua:
«4.4.3.17 artikulua.– Eztia ekoizteko instalazioak. C.2.2.7.
1.– Erlezaintza antolatzeari buruzko otsailaren 10eko 33/2004 Dekretuan edo hura ordezkatzen duen arauan ezarritakoa aplikatuko da.
2.– Erlezaintza-jarduera Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Lurzoru Urbanizaezinaren eremu osoan garatu ahal izango da, Itsasadarreko Eremuan –N.1–, Kostaldeko Eremuan –N2–, Urdaibaiko Ibai Sarearen Eremuan –N4– eta Landa Gunearen Eremuetan –T3– salbu.
3.– Erlezaintzako produktuen lehen eraldaketa, ontziratzea eta salmenta honako leku hauetan gauzatu ahal izango da:
a) Berariaz egindako oin berriko instalazioetan, horiek kokatzeko lurzoruen kalifikazioak honako hauek direnean:
i) Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zonak –T1. PRT–. Azalera eraikia 100 m2koa izango da gehienez ere.
ii) Landa Gunearen Eremuak –T.3–. Kasu hauetarako, 100 m2ko azalera eraikia aurreikusten da gehienez ere.
b) Lehendik dauden eta erabilera baimenduak edo toleratuak dituzten eraikuntzetan, baldin eta Plan honetan Gunearen Babes eta Trantsizioko Gainkategoria gisa kalifikatutako lurzoruetan badaude. Era berean, Ondare Arkitektonikoko Zonetan –N5.1– dauden eta erabilera baimendua edo toleratua duten eraikuntzetan jarri ahal izango dira.
4.– Lurzati barneko urbanizazio-lanetarako esku-hartze baimenduak Plan honetako 3.3.3.12 artikuluan jasotakoak izango dira, igerilekuen kasuan salbu. Edonola ere, lurzatiek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:
a) Bide publikorako sarbidea izan beharko dute ibilgailuentzat.
b) Barnean, jarduera honetarako aparkaleku-plazak hartzeko zona bat izan dezakete, gehienez ere lau ibilgailu hartzeko Trantsizioko Gainkategorian kokatutako lurzatien kasuan, eta bi ibilgailu hartzeko Gunearen Babes Gainkategorian kokatuta daudenen kasuan».
Berrogeita bosgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.18 artikulua («Ekitazioa praktikatzeko instalazioak. C.2.2.8») aldatzea.
Aldatu egiten dira 2. eta 3. apartatuak; beraz, honela idatzita geratzen da 4.4.3.18 artikulua:
«4.4.3.18 artikulua.– Ekitazioa praktikatzeko instalazioak. C.2.2.8.
1.– Ekitazioa praktikatzeko instalazioak edo ekitazio-eskolak dira.
2.– Instalazio horiek oin berrian eraiki ahal izango dira edo Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zona –T1.PRT– gisa kalifikatutako lurzoruetan lehendik dauden eraikuntzetan.
3.– Oin berriko instalazioen kasuan, Plan honek 0,05 m2e/m2l-ko eraikigarritasun-koefizientea aurreikusten du instalazioaren lurzati hartzailearen m2 bakoitzeko; dena den, azalera eraikia 750 m2-koa izango da gehienez ere.
4.– Lurzati barneko urbanizazio-lanetarako esku-hartze baimenduak Plan honetako 3.3.3.12 artikuluan jasotakoak izango dira, igerilekuen kasuan salbu. Edonola ere, lurzatiek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:
a) Bide publikorako sarbidea izan beharko dute ibilgailuentzat.
b) Barnean, gehienez ere hamar ibilgailu aparkatzeko zona bat hartzeko lekua izan beharko dute».
Berrogeita seigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.19 artikulua («Gehienez ere 3 azienda larri unitateren aterperako instalazioak. C.2.2.9») aldatzea.
Indargabetu egiten da 4.4.3.19 artikulua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.3.19 artikulua:
«4.4.3.19 artikulua.– Gehienez ere 3 azienda larri unitateren aterperako instalazioak. C.2.2.9
(Indargabetua)».
Berrogeita zazpigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.20 artikulua («Nekazaritzako eta/edo abeltzaintzako ustiategiari lotutako bizitegi-erabilera. C.3») aldatzea.
Aldatu egiten dira 6. apartatuko a) azpiapartatua, 6. apartatuko e) azpiapartatuko v) zenbakiko lehen puntua, 6. apartatuko e) azpiapartatuko v) zenbakiko bigarren puntua eta 6. apartatuko e) azpiapartatuko vi) zenbakiko lehen puntua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.3.20 artikuluko 6. apartatua:
«6.– Salbuespen hori jarraian adierazten diren baldintzak eta kalifikazioak betetzen dituzten lurzoruetan dauden ustiategi eta lurzati hartzaileetan gertatuko da:
a) Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zonak –T1.PRT–. Kasu horretan, eraikina hartzen duen lurzatiak bost hektarea edo gehiago izan beharko ditu; azalera horretatik, nekazaritzako gutxieneko lurzati baten neurriak kalifikazio horren barruan egon beharko du, eta eraikin berria hartuko duen zona gisa eratu beharko da, eta eraikin berria hartuko duen eremua izango da. Gainera, lurzatiak, batez beste, % 20tik beherako malda eduki beharko du.
b) Landa Gunearen Eremuak –T.3–. Eraikina hartzen duen lurzatiak gutxienez 2.000 m2 izan beharko ditu kalifikazio honen barnean, eta bi hektarea Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremu –T1– gisa kalifikatutako lurzoruetan. Lurzati hartzailearen barnean, Eraikina lurraren malda % 20tik beherakoa den edozein zonatan gauzatu ahal izango da, Eraikinaren okupazioarekiko, gutxienez, bost metroko perimetro batean.
Ustiaketa Nekazaritza eta Abeltzaintza Balio Handiko Zona –T1.A1– gisa kalifikatutako lurzoruetan garatzen bada, eta haren lurzati hartzaileak eraikina hartu ahal izateko Trantsizioko Landa Paisaiako Zona –T1.PRT– edo Landa Gunearen Eremu –T3– gisa kalifikatutako lursailik ez badu, instalazioa Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Balio Handiko Zona –T1.A1– gisa kalifikatutako lurzoruetan gauzatu ahal izango da. Eskatutako baldintzak eta zehaztapenak Trantsizioko Landa Paisaia Zonetarako zehaztutakoak izango dira.
c) Eraikinak lurzatiaren mugetatik eta bide publikotik 5 m baino gehiagoko tartera egon beharko du; horrez gain, beste arau sektorial batzuek ezartzen dituzten tarteak bete beharko dira.
d) Lurzati hartzaileak, erabilera ezarri aurretik, bere mugarainoko zerbitzuak izan beharko ditu, ur-zuzkidurari, argindarrari eta kanpoko argiteriari dagokienez. Jarduera ezarri aurretik sare orokorrarekiko lotura edo konexiorik ez badago, hondakin-urak 4.1.2 artikuluan ezarritakoari jarraiki ebakuatu beharko dira. Ukuiluak instalazio independenteetan eta bereizietan kokatu beharko dira, bizileku-eraikinetik gutxienez 10 metrotara. Abeltzaintzako edo nekazaritzako beste dependentzia batzuk instalazio independenteetan eta bereizietan kokatu ahal izango dira, edo, besterik gabe, solairu guztietan pareta bertikal isolatzaile baten bidez bereizita.
e) Eraikuntzetarako arau estetikoak honakoak izango dira:
i) Gutxienez 250 m2ko azalera eraikia izango dute.
ii) Sotoko solairua, etxabea edo beheko solairua, lehen solairua eta teilatupeko solairua izango dituzte gehienez ere. Edonola ere, sotoko solairuak eraikinaren oinplanoko okupazioaren % 40 hartu ahal izango du gehienez ere.
iii) Teilatu-hegalaren gehieneko altuera 5,60 m-koa izango da, eta gailurrarena, berriz, 8,50 m-koa. Teilatu-hegalaren gutxieneko altuera 4,50 m-koa izango da, eta gailurrarena, berriz, 7,20 m-koa.
iv) Fatxadaren kanpoalderako akaberak honelakoak izan daitezke:
• Zurezkoak. Zurezko oholezko panelak erabili ahal izango dira, gehienez ere eraikineko fatxaden azalera osoaren % 40 hartuz.
• Geruza bakarreko akaberak edo morterozko zarpiatuak. Kolore zurikoak edo anil-kolorekoak izango dira. Horrenbestez, hormigoizko blokez –bloke gris, lur-kolore edo antzeko kolore batekoak– edo termo-buztinezko bloke bidez egindako kanporanzko itxituren akabera ez da bere horretan utzi ahal izango.
• Harrizkoak.
o Harlandua edo harri-horma erabiliz gero, hark eraikineko fatxadak oso-osorik okupatu ahal izango ditu.
o Harrizko plakak erabiliz gero, horien piezek 0,50 x 0,80 m-koak izan beharko dute gutxienez, eta eraikineko fatxaden % 40 okupatu beharko dute, gehienez ere. Hura ez da, inola ere, harri-horma baten simulazioa eginez jarriko.
o Bistako adreilu zeramikoa. Bistako adreilu zeramikoz egindako akaberak tonu gorria izan beharko du, eta lehen oineko solairutik gora jarri beharko da. Hori jartzean, gutxienez 1,5 cm-ko juntura edo albo-juntura barnesartua utzi beharko da.
• Beira. Argiztapen- eta aireztapen-baoak egiteko.
v) Estalkia egiteko lana honela zertuko da:
• Estalkiak, isurialde bikoa eta maldaduna, hirugarren isurkin bat eduki ahal izango du, miru-buztan eran. Hark gutxienez % 30eko eta gehienez % 45eko malda izan beharko du. Gutxienez 1,00 m ateratzen diren teilatu-hegalak izango ditu.
Dena den, eta bolumen-konposizio osoan txertatuta geratzen denean, estalkiaren % 25erainoko zatia laua egin ahal izango da. Kasu horretan, ahal dela, landare-estalkia egin beharko da, eta mantentze-lanetarako bakarrik iritsi ahal izango da bertara.
• Galarazita dago isurkiaren lautasuna hausten duten txori-toki motako elementuak edo mantsardak egitea. Estalkiko isurkietan terrazak egin ahal izango dira, baldin eta goiko teilatu-hegalarekiko distantzia bi metrotik gorakoa bada, estalkiko planoan neurtua, eta lau metroko luzeratik gorakoa ez badute.
• Estalkiak zeramikazko teila kurbozko akabera izango du, edo kolore gorri lisoko mistoa.
• Estalkitik gora ateratzen diren elementuek, aireztapen-hodiek edo tximiniek, esaterako, kolore zuriko akabera izan beharko dute.
vi) Sartzen diren arotzeriek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
• Arotzeriak zurezkoak edo beste edozein materialez eginak izango dira, eta akaberak zurezkoak izan ahalko dira, edo marroiz, gurdi-gorriz, beltzez, itsas urdinez edo berdez pintatuak.
• Horiek ixteko ezingo da pertsianarik edo burdin sarerik erabili.
vii) Balkoiak edo antzekoak eginez gero, horien babesak zurezkoak edo beltzez pintatutako metalezkoak izango dira.
viii) Ipar-hegoaldera aldera orientatuko dira nagusiki. Orientazio hori aldatu egin ahal izango da, lursailaren ezaugarri orografikoak direla-eta, hori betetzea ezinezkoa bada.
ix) Estalkian eguzki-panelak jarriz gero, horiek modu antolatuan kokatu beharko dira estalki gainean, horien kokapenak fatxadako leihoen erritmoarekin eta konposizioarekin bat egin dezan».
Berrogeita zortzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.23 artikulua («Zura prozesatzeko eta metatzeko parkeak edo deposituak. C.4.2.2») aldatzea.
Indargabetu egiten da 4.4.3.23 artikuluaren 4. apartatua; beraz, honela idatzita geratzen da 4.4.3.23 artikulua:
«4.4.3.23 artikulua.– Zura prozesatzeko eta metatzeko parkeak edo deposituak. C.4.2.2.
1.– Moztu ondoren zura metatzen den eta lehen eraldaketako baso-industriara eramateko ibilgailuetan kargatzen den zonetan garatzen den jarduera da.
2.– Plan honek 1.000 m2tik beherako zonak gaitzea aurreikusten du jarduera hori garatzeko; dena den, lurzoru horiek bide publiko batetik 10 metrora baino gutxiagora egon beharko dute, bide horretatik ibilgailuentzako sarbidea izan behar dute eta Plan honek honela kalifikatutako hauetakoren batean egon beharko dute:
a) Baso Eremuetan –T.2–.
b) Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zonetan –T1.PRT–.
c) Sistemen Eremuetako –T4.IS– azpiegiturak eta komunitatearen zerbitzuak hartzeko zonetan.
3.– Zona horiek prestatu aurretik, sarbideetarako beharrezko baimenak eskatu beharko dira. Jarduera amaitu ondoren, lurzoruak jatorrizko egoerara itzuli beharko dira.
4.– (Indargabetua)».
Berrogeita bederatzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.3.30 artikulua («Ur geza, gazi edo gatzduneko espezieak hazteko instalazioak. C.8») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.3.30 artikuluaren 3. apartatuaren lehenengo paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:
«3.– Lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren bidez ezarriko dira. Nolanahi ere, horretarako aukera ematen duen tresnak gehieneko zehaztapen hauek bete beharko ditu:».
Berrogeita hamargarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.1 artikulua («Alderdi orokorrak») aldatzea.
Aldatu egiten dira 4.4.4.1 artikuluko 2. apartatuko lehenengo paragrafoa eta 2. apartatuko b) azpiapartatuko lehenengo paragrafoa; beraz, 4.4.4.1 artikuluko 2. apartatua honela geratzen da idatzita:
«2.– Oin berriko instalazioak ezartzeko edo atal honetan sartutako azpiegitura edo instalazio batzuk handitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hirigintza-legeria orokorrean xedatutakoa beteko da. Nolanahi ere, hirigintza-legeria orokorra aplikatuz atal honetan jasotako azpiegitura edo instalazioetako batzuk gauzatzeko onartu behar diren plan bereziek legeria orokorrean eskatutakoa jasoko dute, eta Plan honen V. tituluan eta honako apartatu hauetan horri buruz adierazitakoaren arabera izapidetuko dira:
a) Plan Bereziak honako hauek jaso beharko ditu:
i) Planari erantsitako Ingurumen Ebaluazio Estrategiko bat, dagokion araudiak eskatzen duen kasuetan.
ii) Paisaiaren gaineko eraginari eta azpiegitura ezartzeko erregulazioari buruzko dokumentu zehatz bat. Dokumentu horrek honako hauek jaso beharko ditu gutxienez:
• Jarduera-esparruko paisaiaren gaineko azterketa xehatu bat; hark honako hauek jaso beharko ditu gutxienez: azpiegituraren exekuzioak eragiten dituen elementuen analisia, baita azpiegitura ikusgai egongo den begi-lerroena ere.
• Azpiegitura paisaian kokatzeko proposamena, besteak beste, honako alderdi hauek zehaztuko dituena:
o Inguruan egin beharreko landareztatzea, baita paisaiako kromatismoekin lotutako azterketa eta justifikazioa ere.
o Erabiliko diren hiri-altzariak, hesiak, argiak edo babes-hesiak, eta horien egokitzapena, zuraren gisako materialak erabiliz.
o Azpiegituraren diseinua bera. Horretarako, erabilitako erreferentzien eta egingo diren industria-balio estetiko altuko elementuetarako proposamenaren azterketa bat aurkeztuko da.
b) Foru-errepide edo udal-titulartasun publikoko bideetan oin berriko esku-hartzeak garatzeko proiektuen edo tresnen kasuan, proposamenak hainbat zehaztapen jasoko ditu honako alderdi hauei dagokienez:
i) Bide-azpiegituren euste-hesiak mistoak izango dira, hau da, altzairuak eta zura konbinatu beharko dituzte, tekniko edo ekonomikoki bideragarria ez den kasuetan salbu. Zentzu horretan, gaur egungo sarean dauden elementuak birjartzen direnean, ezaugarri horiek dituzten euste-hesiak jarri beharko dira. Bizikleta edo oinezkoentzako ibilbide bat bide-saretik bereizteko babes-elementuak jarri behar direnean, ezin izango da hormigoizko elementu aurrefabrikaturik ipini.
ii) Kasuan kasuko legedi sektorialari jarraiki bide-sarean jarri behar diren soinu-pantailek gutxienez azaleraren % 40 izan beharko dute paisaiaren bista-jarraitasuna ahalbidetzen duten elementu gardenez tratatuta.».
Berrogeita hamaikagarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.2 artikulua («Foru-errepideak. D.1.1») aldatzea.
Aldatu egiten dira 3. apartatua, 4. apartatuko lehen paragrafoa eta 5. apartatuko bigarren paragrafoa; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.4.2 artikulua:
«4.4.4.2 artikulua.– Foru-errepideak. D.1.1.
1.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Lurzoru Urbanizaezinaren eremua zeharkatzen duen foru bide-sarea da, baita lurzoru-kalifikazio horretan egin daitekeen oin berrikoa ere.
2.– Horrelako azpiegiturak dagokien jabari publikoaren barnean konpontzeko eta/edo handitzeko esku-hartzeak gauzatu nahi izanez gero, horretarako nahikoa izango da proiektu bat prestatzea.
3.– Oin berriko ezarpenetarako esku-hartzeak berariazko araudian eta lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera egingo dira.
4.– Jabari publikotik kanpo handitzeko esku-hartzeak berariazko araudian eta lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera egingo dira.
Gune Gainkategorian sartutako lurzoruetan ezin izango da horrelako esku-hartzerik egin. Dena den, Urdaibaiko Ibai Sarearen Eremuaren –N4– kasuan, erabilerak gainjarri egin ahal izango dira horiek kota desberdinetan antolatzen badira, betiere kalifikazio hori duten lurzoruei eragin gabe. Plan honen bidez, Gunearen Gabes Gainkategorian eta Trantsizio Gainkategoriako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako –T1.A1– Nekazaritza Balio Handiko Zonan sartutako lurzoruei eragiten ez zaiela bultzatuko da.
5.– Lursailak behin-behineko erabileretarako okupatu behar dituzten konpontzeko, handitzeko edo oin berriko esku-hartzeek proiektuan jasota egon beharko dute. Ezin izango da helburu horretarako lurzorurik okupatu Plan honek Gune edo Gunearen Babes Gainkategorietan sartutako lurzoruetan, ezta Trantsizio Gainkategoriako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako –T1.A1– Nekazaritza Balio Handiko Zona eta Baso Zona –T2.F2– gisa kalifikatutako lurzoruetan ere.
Edonola ere, esku-hartzeak amaitu ondoren lehengoratu egin beharko dira behin-behineko erabilerek okupatutako lursailak. Natura-inguruneari eragindako afekzioari dagokionez, proiektuak beharrezko diren babes-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak ezarri beharko ditu».
Berrogeita hamabigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.3 artikulua («Udal-titulartasun publikoko errepideak. D.1.2») aldatzea.
Aldatu egiten dira 3. apartatuaren lehenengo paragrafoa, 4. apartatuaren lehenengo paragrafoa eta 5. apartatuaren bigarren paragrafoa; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.4.3 artikulua:
«4.4.4.3 artikulua.– Udal-titulartasun publikoko errepideak. D.1.2.
1.– Biztanle-gune, auzo eta baserrietatik nekazaritza-, abeltzaintza- edo baso-ustiategietara sartzeko izaera publikoko eta udal-titulartasuneko ibilgailuentzako komunikabideak dira, eraikuntzaren eta bide-zoruaren ezaugarri teknikoak denak direla.
2.– Horrelako azpiegiturak konpontzeko esku-hartzeak gauzatu nahi izanez gero, horretarako nahikoa izango da proiektu bat prestatzea.
3.– Oin berriko ezarpenetarako esku-hartzeak lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera gauzatuko dira.
Mota horretako azpiegituretarako oin berriko ezarpenetarako esku-hartzeak debekatuta egongo dira Plan honetan gune edo gunearen babes gainkategorietan sartuta dauden lursailetan. Nolanahi ere, Urdaibaiko Ibai Sarearen Eremuen –N4– eta Ibai Sareko Babes Eremuen –B4– kasuan, erabilerak gainjarri egin ahal izango dira horiek kota desberdinetan antolatzen badira, betiere kalifikazio horiek dituzten lurzoruei eragiten ez bazaie.
Trantsizio Gainkategoriako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako –T1.A1– Nekazaritza Balio Handiko Zona gisa kalifikatutako lurzoruei eragiten ez zaiela bultzatuko da.
4.– Handitzeko esku-hartzeak egiten badira, lurralde- eta/edo hirigintza-legeriak ezarritako prozeduraren arabera egingo dira.
Gune Gainkategorian sartutako lurzoruetan ezin izango da horrelako esku-hartzerik egin. Dena den, Urdaibaiko Ibai Sarearen Eremuaren –N4– kasuan, erabilerak gainjarri egin ahal izango dira horiek kota desberdinetan antolatzen badira, betiere kalifikazio hori duten lurzoruei eragin gabe. Plan honek Gunearen Babes Gainkategorian eta Trantsizio Gainkategoriako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako –T1.A1– Nekazaritza Balio Handiko Zonan sartutako lurzoruei eragiten ez zaiela bultzatuko da.
5.– Lursailak behin-behineko erabileretarako okupatu behar dituzten konpontzeko edo oin berriko esku-hartzeek proiektuan jasota egon beharko dute. Ezin izango da, inola ere, helburu horretarako lurzorurik okupatu Plan honek Gune edo Gunearen Babes Gainkategorietan sartutako lurzoruetan, ezta Trantsizio Gainkategoriako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako –T1.A1– Nekazaritza Balio Handiko Zona eta Baso Zona –T2.F2– gisa kalifikatutako lurzoruetan ere.
Edonola ere, esku-hartzeak amaitu ondoren lehengoratu egin beharko dira behin-behineko erabilerek okupatutako lursailak. Natura-inguruneari eragindako afekzioari dagokionez, proiektuak beharrezko diren babes-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak ezarri beharko ditu».
Berrogeita hamahirugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.4 artikulua («Landa-bideak. D.1.3.») aldatzea.
Aldatu egiten da 2. apartatua eta erantsi egiten da 5. apartatua; beraz, honela idatzita geratzen da 4.4.4.4 artikulua:
«4.4.4.4 artikulua.– Landa-bideak. D.1.3.
1.– Plan honetan adierazitakoaren ondorioetarako, landa-bidetzat hartuko dira nekazaritza-, abeltzaintza- edo baso-ustiategietara eta baserrietara sarbidea ematen duten bideak. Modu osagarrian, bide horiek biztanle-guneak edo natura- edo kultura-intereseko guneak oinez eta bizikletaz lotzea ahalbidetuko dute; gainera, zaldizko erabilera eta mendi-ibilien erabilera ere bateragarriak izango dira.
2.– Oin berriko azpiegitura mota hori ezin izango da Gune Gainkategorietan ezarri. Gunearen Babes eta Trantsizio Gainkategorietan, ezarpena lurralde- eta/edo hirigintza-legeriak ezarritako prozeduraren arabera egingo da.
Plan honetan Gunearen Babes eta Trantsizio Gainkategorietan sartutako lurzoruetan egiten bada, ibilbideak, ahal den neurrian, lehendik dauden pista, bidezidor edo bideen trazaduretara egokituko dira, eta trazadura berrietan ezartzeko, Plan honen helburuen arabera ebaluatuko den justifikazio egoki bat beharko da. Kasu horietan, natura-ingurunearen, paisaiaren edo kultura-ondarearen gaineko eraginari dagokionez, beharrezkoa izango da beharrezkoak diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak ezartzea.
3.– Horrelako bideen akaberak zagorrez, hormigoiz edo asfaltoz egin ahal izango dira. Edonola ere, bide-zoruak behar besteko sendotasuna eman beharko du, erabilera nahiz bertatik ibilgailu motordunak igarotzea bermatu ahal izateko.
4.– Horrelako bideen barnean, eta dagokien funtzionalitateari eragin gabe, hiri-altzariak jarri ahal izango dira, panel edo seinale modukoak, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren iraunkortasunerako hezkuntzan sakondu ahal izateko.
5.– Edonola ere, esku-hartzeak amaitu ondoren lehengoratu egin beharko dira behin-behineko erabilerek okupatutako lursailak».
Berrogeita hamalaugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.5 artikulua («Lotura-bidea. D.1.4.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.4.5 artikuluaren 6. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«6.– Trantsizio Gainkategorian, oro har, edo Gunearen Babes Gainkategorian dauden bideen kasuan, lurralde- eta/edo sektore-plangintzak bizikleta-azpiegitura gisa behin betiko onartu dituen eta bizikleten eta oinezkoen erabilera handia aurreikusten den bideen kasuan, bide horien zabalera 4,50 metro funtzionaletaraino zabaltzeko aukera aztertu ahal izango da, baita akaberak kolore gorri, berde, lur-kolore edo kolore beltzeko nahasketa bituminoso iragazkorrekin egiteko aukera ere. Gehieneko sekzio funtzional posible bat, % 20 handitu daitekeena konexio-bidearen ibilbidea egokitzen eta erreferentziatzen denean, lehendik dagoen bide bati erantsita, artikulu honen 3. apartatuan xedatutako lehentasunezko irizpidearen arabera.
Neurri horiek ezartzeko proiektuak neurri horien beharra eta zoru-mota justifikatuko ditu. Kasu horietan, halaber, artikulu honetako 2. paragrafoan bizikletan zirkulatzeko ezarritako gehieneko abiadura (10 km/h) gainditu ahal izango da, baldin eta bizikleta eta oinezkoen zirkulazioa konexio-bidetik bereizita ezartzen bada (bakoitza bere bandatik, zeina aurrez finkatuta egongo baita)».
Berrogeita hamabosgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.8 artikulua («Trenbide-sarea. D.1.7») aldatzea.
Aldatu egiten da 2. apartatuaren lehenengo paragrafoa, aldatu egiten da 4. apartatuaren lehenengo paragrafoa, eta erantsi egiten da 7. apartatua; beraz, honela idatzita geratzen da 4.4.4.8 artikulua:
«4.4.4.8 artikulua.– Trenbide-sarea. D.1.7.
1.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinaren eremua zeharkatzen duen trenbide-sarea da, baita egin daitekeen oin berrikoa ere.
2.– Azpiegitura berriak lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira.
Ezin izango da horrelako esku-hartzerik egin Gune eta Gunearen Babes Gainkategorietan sartutako lurzoruetan. Nolanahi ere, Urdaibaiko Ibai Sarearen Eremuen –N.4– eta Ibai Sareko Babes Eremuen –B.4– kasuan, erabilerak gainjarri egin ahal izango dira horiek kota desberdinetan antolatuta, betiere kalifikazio horiek dituzten lurzoruei eragiten ez bazaie.
3.– Horrelako azpiegiturak dagokien jabari publikoaren barnean konpontzeko eta/edo handitzeko esku-hartzeak gauzatu nahi izanez gero, horretarako nahikoa izango da proiektu bat aurkeztea.
4.– Bere jabari publikotik kanpo handitzeko esku-hartzeak egiten badira, esku-hartze horiek lurralde- eta/edo hirigintza-legeriak ezarritako prozeduraren arabera gauzatuko dira.
Gune Gainkategorian sartutako lurzoruetan ezin izango da horrelako esku-hartzerik egin. Dena den, Urdaibaiko Ibai Sarearen Eremuaren –N.4– kasuan, erabilerak gainjarri ahal izango dira horiek kota desberdinetan antolatuta, betiere aipatutako kalifikazio hori duten lurzoruei eragin gabe.
5.– Lursailak behin-behineko erabileretarako okupatu behar dituzten konpontzeko edo oin berriko esku-hartzeek proiektuan jasota egon beharko dute. Ezingo izango da helburu horretarako lurzorurik okupatu, Plan honek Gune edo Gunearen Babes Gainkategorietan sartutako lurzoruetan, ezta Trantsizio Gainkategoriako Nekazaritza, Abeltzaintza eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako –T1.A1– Nekazaritza Balio Handiko Zona gisa kalifikatutako lurzoruetan ere.
Edonola ere, esku-hartzeak amaitu ondoren lehengoratu egin beharko dira behin-behineko erabilerek okupatutako lursailak.
6.– Trenbide-sarearen mantentze-jardueretan, tratamendu herbizidak aplikatzean neurri egokiak hartu beharko dira, hala, kutsagarriak izan daitezkeen dosiak saihesteko.
7.– Natura-inguruneari eragindako afekzioari dagokionez, proiektuak beharrezko diren babes-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak ezarri beharko ditu».
Berrogeita hamaseigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.11 artikulua («Gasa, petrolioa, saneamendua eta beste fluido kutsatzaile batzuk. D.2.3.») aldatzea.
Indargabetu egiten da 3. apartatua, aldatu egiten da 4. apartatua, aldatu egiten da 5. apartatuaren lehenengo paragrafoa eta erantsi egiten da 8. apartatua; beraz, honela idatzita geratzen da 4.4.4.11 artikulua:
«4.4.4.11 artikulua.– Gasa, petrolioa, saneamendua eta beste fluido kutsatzaile batzuk. D.2.3.
1.– Gasa, petrolioa, saneamendua eta beste fluido kutsatzaile batzuk garraiatzeko edo banatzeko lurpeko sare-multzoa da.
2.– Debekatuta dago petrolioa eta beste fluido kutsatzaile batzuk garraiatzeko edo banatzeko sareak instalatzea.
3.– (Indargabetua).
4.– Saneamendu-hodiak, bai eta horien instalazio osagarriak ere, Urdaibaiko Saneamenduaren gaineko Lurralde Ekintza Planean aurreikusiak izango dira. Haien araudi espezifikoan eta lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira.
5.– Oro har, Lurralde Ekintza Planean jasotzen ez diren saneamendu-hodiak Trantsizioko Gainkategorian dauden pista, bidezidor edo bide-zortasuneko zonetara egokituko dira.
Arau orokor horrek ingurumenaren gaineko inpaktu larriak eragiten dituenean, aipatutako hori ez den lurpeko trazadurarako beste aukera bat jorratu ahal izango da, Gunearen Babes Gainkategorian, betiere Plan honen helburuen arabera baloratuko den justifikazio baten bidez, aipatutako azken aukerak ingurumen-inpaktu txikiagoa izango duela egiaztatzen bada.
Era berean, aipatutako salbuespen horretan, Urdaibaiko Ibai Sareko Eremuekiko –N4– trazadura perpendikularrak egin ahal izango dira, barneratze-teknika erabiliz edo gaur egun dauden zubien taulako beheko aldean. Dena den, barneratze-lanari ekiteko puntuek Gune Gainkategoriatik kanpo egon beharko dute.
Bi kasuetan, eta natura-inguruneari eragindako afekzioari dagokionez, proiektuak beharrezko babes-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak ezarri beharko ditu.
6.– Sare orokorrarekiko loturarik ez badago, eraikin edo instalazioetarako saneamendu-aukera indibidualak 4.1.2 artikuluaren arabera egin beharko dira.
7.– Kostaldeko Eremuan –N2– dauden saneamenduko urpeko hustubideak kosta-lerrotik 500 m-ra iritsiko dira, gutxienez. Kategoria honetako urpeko hodiak behar beste seinaleztatuta, isolatuta eta hondoan finkatuta egongo dira, eta Itsas Agintaritzari osasun publikoari edo nabigazioaren segurtasunari eragin diezaioketen haustura guztiak jakinarazi beharko zaizkio
8.– Edonola ere, esku-hartzeak amaitu ondoren lehengoratu egin beharko dira behin-behineko erabilerek okupatutako lursailak».
Berrogeita hamazazpigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.12 artikulua («Ur-zuzkidura eta kanpo-argiteriako lineak. D.2.4.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.4.12 artikuluaren 2. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«2.– Haien araudi espezifikoan eta lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira».
Berrogeita hemezortzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.13 artikulua («Ura hartzeko eta banatzeko instalazioak. D.3.1») aldatzea.
Indargabetu egiten da 3. apartatuaren lehenengo paragrafoa, aldatu egiten da 7. apartatuaren lehenengo paragrafoa, aldatu egiten da 7. apartatuaren a) azpiapartatua, aldatu egiten da 8. apartatua, eta erantsi egiten da 9. apartatua; beraz, honela idatzita geratzen da 4.4.4.13 artikulua:
«4.4.4.13 artikulua.– Ura hartzeko eta banatzeko instalazioak. D.3.1.
1.– Ura hartzeko, arazteko, edangarri bihurtzeko eta banatzeko beharrezko instalazioak dira.
2.– Ur-zuzkidurarako azpiegiturak Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zuzkiduraren gaineko Lurralde Ekintza Planean aurreikusitakoak izango dira. Hori onartu bitartean, hurrengo zenbakian ezartzen dena aplikatuko da.
3.– Haien araudi espezifikoan eta lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira. Nolanahi ere, instalazioak honako arau hauek bete beharko ditu:
a) Instalazio hauen erabilera bakarra azpiegiturei buruzko atal honetan jasotako erabileretakoren bat izango da.
b) Instalazioak hartzeko lurzatiaren gutxieneko azalera 7.500 m2koa izango da, eta eraikigarritasuna ez da 0,20 m2t/m2s-tik gorakoa izango; dena den, azken hori handitu egin ahal izango da dagokion garapen-tresnaren bitartez, interes publikoko arrazoiek hala egitea justifikatzen dutenean.
4.– Instalazioa txertatu aurretik sare orokorrerako loturarik ez badago, hondakin-urak 4.1.2 artikuluan ezarritako moduan hustu beharko dira.
5.– Lurzati hartzailearen barnean, Eraikina lurraren malda % 25etik beherakoa den edozein zonatan gauzatu ahal izango da, Eraikinaren okupazioarekiko, gutxienez, bost metroko perimetro batean. % 12tik gorako malda duten zonetan lur-mugimenduak eragiten dituzten eraikuntza-proiektuak garatzeko prestatzen diren azterketa teknikoek lurzoruaren egonkortasunari eta higigarritasunari modu negatiboan ez eragiteko neurriak definituko dituzte.
6.– Egin nahi diren mota guztietako hondeaketa-lanetan, obren titularrak berezko landaredia berrezarri beharko du, lur beltzezko beharrezko geruza barne, lanen ondorioz hondatuta geratu den lursaileko azaleretan.
7.– Instalazio hauek Plan honetan honela kalifikatutako lurzoruetan bakarrik eraiki ahal izango dira:
a) Sistemen Eremuetako –T4.IS– azpiegiturak eta komunitatearen zerbitzuak hartzeko zonak.
b) Ibai Sareko Eremuen Babes Zonak –B4.1–, ibai-ibilgutik 30 metroko distantziara daudenak (horizontaleko proiekzioan eta Gune Gainkategoriako Ibai Sarearen Eremuaren –N4– mugarekiko perpendikularrean neurtuta), betiere azpiegituraren kokapena Plan Hidrologikoa aplikatuz ezarritako Lehentasunezko Fluxu Zonatik kanpo badago.
c) % 30 eta 45 bitarteko malda duten Baso Zonak –T2.F1–.
8.– Haien araudi espezifikoan eta lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira.
9.– Ura hargune-ingurutik instalaziora deribatu, garraiatu eta banatzeko hodien eta instalaziotik ibai-ibilgura ebakuatzeko hodien trazadura, eta ahal izanez gero, horiek dauden bideetako zortasun-zonetan kokatuko dira. Trantsizioko Gainkategorian, Urdaibaiko Ibai Sarearen Eremuan –N.4– eta Ibai Sareko Babes eremuan –B.4.1– sartutako lurzoruak zeharkatu ahal izango dituzte».
Berrogeita hemeretzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.15 artikulua («100 m2 baino azalera handiagoa duten elektrizitateko transformazio-estazioak. D.3.3.») aldatzea.
Aldatu egiten da 2. apartatua, aldatu egiten da 3. apartatua, eta erantsi egiten da 4. apartatua; beraz, honela idatzita geratzen da 4.4.4.15 artikulua:
«4.4.4.15 artikulua.– 100 m2 baino azalera handiagoa duten elektrizitateko transformazio-estazioak. D.3.3.
1.– 100 m2 tik gorako azalera duten elektrizitateko transformazio-instalazioak dira.
2.– Plan honek aurreikusten duenez, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuan oin berriko mota honetako instalazioak ezarri ahal izango dira Plana indarrean jartzean honela kalifikatutako lurzoruetan bakarrik: Sistemen Eremuetako –T4.IS– azpiegiturak eta komunitatearen zerbitzuak hartzeko zonak.
3.– Haien araudi espezifikoan eta lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira.
4.– Handitzeko esku-hartzeak baimentzen dira Trantsizioko Gainkategoria osoan».
Hirurogeigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.16 artikulua («Zerbitzuguneak. D.3.4») aldatzea.
Aldatu egiten dira 2., 3. eta 4. apartatuak; beraz, honela idatzita geratzen da 4.4.4.16 artikulua:
«4.4.4.16 artikulua.– Zerbitzuguneak. D.3.4.
1.– Foru-errepideen inguruan kokatutako lursailetan dauden instalazioak dira, ibilgailuentzako energia-zuzkidurarako gailuz hornituak; dena den, horietan ezin izango dira lantegi-garajeetan eta ibilgailua saltzeko garajeetan garatzen diren jarduerak gauzatu ahal izango.
2.– Plan honek aurreikusten duenez, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuan hidrokarburo-zuzkidurarako oin berriko estazioak ezarri ahal izango dira Plana indarrean jartzen denean honela kalifikatutako lurzoruetan bakarrik: Sistemen Eremuetako –T4.IS– komunitatearen azpiegiturak eta zerbitzuak hartzeko zonak. Haien araudi espezifikoan eta lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira.
3.– Trantsizioko Gainkategorian sartutako lurzoruetan, ibilgailu elektrikoak energiaz hornitzeko estazioak instalatu ahal izango dira. Lurzati hartzailearen barnean, instalazioa lurraren malda % 20tik beherakoa den edozein zonatan gauzatu ahal izango da, eraikuntzaren okupazioarekiko, gutxienez, bost metroko perimetro batean. Lurzorua ez da material bituminoso edo konglomeratu bidez iragazgaiztu ahal izango.
4.– Halaber, hidrokarburoen hornidurarako estazioetan edozein handitzeko esku-hartze egiteko, hirigintza-legeriak ezartzen duena bete beharko da».
Hirurogeita batgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.17 artikulua («Aire libreko urte-sasoiko aparkalekua. D.3.5.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.4.17 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«4.4.4.17 artikulua.– Udako aire libreko aparkalekua. D.3.5.
1.– Ekainaren 1etik irailaren 30era ibilgailuak aire librean aparkatzeko jarduera da.
2.– Aire libreko aparkalekutzat hartuko dira jabetza pribatuko edo publikoko eremu edo leku irekiak.
3.– Honako zehaztapen hauek bete beharko dira:
a) Ekaina eta iraila bitartean egingo da jarduera, biak barne.
b) Gehienez 75 ibilgailuk aparkatu ahal izango dute.
Plan honek Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako T1.PRT Trantsizioko Landa Paisaiako Zona gisa kalifikatutako lurzoruetan soilik gaitu ahal izango dira.
c) Lurzoru berean ezingo dira 1.500 m2 baino gehiago okupatu erabilera horretarako; dena den, aparteko kasuetan parametro horiek % 50 gainditu ahal izango dira, baldin eta lurzatien eta Hirigintzako Udal Plangintzak Antolatzeko Eremutzat (HUPA) kalifikatutako lurzoruen arteko distantzia 100 m baino txikiagoa bada. Era berean, % 20tik gorako malda duten lurzatiak ezin izango dira erabilera horretara bideratu. Gainera, lurzatia ezingo da, inolaz ere, ur-zuzkidura edo -husteko zerbitzu berriz, argindar- edo argiteria- zerbitzu berriz hornitu.
d) Aparkaleku-zona prestatzeko, aparkaleku-zonatik datorren ura biltzea aurreikusi beharko da, dekantazio- eta erregistro-kutxa batekin batera, ibilgailuak lursailean eragin ditzaketen filtrazioak isuri aurretik jasotzearren.
e) Aparkalekuko seinaleztatze- eta mugatze-elementu guztiak ez-iraunkorrak izango dira.
f) Lursailek gehienez foru-errepide batetik 50 metrotara egon beharko dute.
g) Erabilera ezarri aurretik, udalean aurkeztu beharko da, aparkalekuaren ezaugarriak definitzeko proiektuarekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiko Herrilan eta Garraio Sailak emandako baimena, foru-errepidetik aparkalekura sartzeko bidea prestatzeko.
h) Udako aire libreko aparkalekuaren erabilera ezarri aurretik, eta erabiliko den lurzoruaren egoeraren ezaugarriak zehaztearren, erabilera ezarri nahi den lurzoruaren gaineko esplorazio-jarduketa bat egingo da. Hurrengo urteetan ere erabilera hori ezarri nahi izanez gero, eta udako aire libreko aparkaleku erabileraren ostean lurzoruaren egoera aztertzearren, lau urtez behin erabilera ezarrita egon den lurzoruaren gaineko esplorazio-jarduketa bat egingo da. Hori egin ostean, eta hala badagokio, Lurzorua kutsatzea saihesteko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean zehaztutakoa aplikatu beharko da.
Era berean, erabilitako elementu ez-iraunkor guztiak kendu, eta lurzatia erabilera ezarri aurretik zuen jatorrizko egoerara lehengoratuko da».
Hirurogeita bigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren IV. tituluaren («Plana gauzatzeko araubidea») 4. kapituluko («Lurraldearen eta hark dituen baliabideen aprobetxamendu jasangarria») 4. Atala «Azpiegiturak» aldatzea.
Erantsi egiten da 4.4.4.17.bis artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«4.4.4.17.bis artikulua.– Aire libreko aparkaleku publikoak.
1.– Ibilgailuak aire librean aparkatzea xede duen jarduera.
2.– Administrazio publiko batek sustatutako aire libreko aparkalekuen kasuan, honako zehaztapen hauek beteko dira:
a) Plan honetan zona publiko edo pribatu gisa kalifikatutako lurzoruetan gaitu ahal izango dira, eraikuntza-asentamenduak izan edo ez, ekipamendu komunitariorako beharrezkoak badira eta Sistemen Eremuko lurzoru urbanizaezinean –T4.ECR– jarri behar badira.
Era berean, Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako T1.PRT Trantsizioko Landa Paisaiako Zona gisa kalifikatutako lurzoruetan ere ezarri ahal izango dira; kasu horretan, berariazko araudian eta hirigintza-legerian zehaztutakoaren arabera ezarriko dira.
b) Lursailek bide publikora irteera izan beharko dute.
c) Bideak eta aparkalekuak egiteko, material iragazkorrak erabiliko dira, zagorrezkoak edo antzekoak. Ez da onartuko nahaste bituminoso edo hormigoituez egindako akaberarik.
d) Aparkaleku-eremuak zuhaizti-eremuan egon beharko du, aparkaleku-partzelek itzal-eremuak izan ditzaten.
e) Aparkalekuko sarbidea kontrolatzeko elementuak jarri ahal izango dira, baita ibilgailuak aparkatzeagatik kobratu ere. Baimendu beharreko gutxieneko galiboa 2,00 m-koa izango da.
f) Aparkalekuak ura biltzeko eta dekantatzeko sistema bat izan beharko du, sare orokorrera konektatu aurretik».
Hirurogeita hirugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.21 artikulua («Itsas energiaren aprobetxamendurako instalazioak. D.4.4.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.4.21 artikuluaren 2. apartatua, eta honela idatzita geratzen da::
«2.– Instalazio hauek, itsas zonan kokatuko diren eta dagozkien baimenak beharko dituzten instalazioak alde batera utzita, Plan honetan honela kalifikatutako lurzoruetan bakarrik eraiki ahal izango dira:
a) Sistemen Eremuetako –T4.IS– komunitatearen azpiegiturak eta zerbitzuak hartzeko zonak.
b) Trantsizioko Gainkategorian sartzen diren lurzoruak, salbu eta Nekazaritza Balio handiko Zonen –T1.A1–, ehuneko berrogeita bost eta hirurogei bitarteko malda (% 45-60) duten Baso Zonen –T2.F2– eta Landa Gunearen Eremuaren –T3– kasuan».
Hirurogeita laugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.22 artikulua («Haize-parkeak. D.4.5.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.4.22 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«4.4.4.22 artikulua.– Energia sortzea. D.4.5.
1.– Elektrizitatea sortzen duten instalazioak dira, sare orokorrarekin lotuak, instalazio osagarriak barne, eta autokontsumo-instalazioekin loturarik ez dutenak, azken horiek 4.4.4.26 artikuluan definitzen diren baldintzetan.
2.– Plan honek ez du bere aplikazio-eremuan oin berriko sorkuntza-instalaziorik ezartzea aurreikusten».
Hirurogeita bosgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.23 artikulua («Arriskutsuak ez diren hondakinak tratatu, birziklatu, berrerabili eta errebalorizatzeko plantak D.5.1.») aldatzea.
Aldatu egiten dira 3. apartatua eta 4. apartatuko f) azpiapartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.4.23 artikulua:
«4.4.4.23 artikulua.– Arriskutsuak ez diren hondakinak tratatu, birziklatu, berrerabili eta errebalorizatzeko plantak D.5.1.
1.– Hondakin ez arriskutsuak tratatzeko, birziklatzeko, berrerabiltzeko eta baloratzeko behar diren instalazioak dira.
2.– EAErako eta Bizkairako ezarritako hondakinei buruzko legedia aplikatuko da.
3.– Haien araudi espezifikoan eta lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira.
4.– Edonola ere, instalazioa honako erregulazio honetara egokituko da:
a) Instalazio horiek sortu ziren erabilerarako bakarrik erabili ahal izango dira.
b) Instalazioak hartzeko lurzatiaren gutxieneko azalera 5.000 m2koa izango da, eta eraikigarritasuna ez da 0,15 m2tik gorakoa izango.
c) Kasu guztietan, lurzati hartzaileak, erabilera ezarri aurretik, bere mugarainoko zerbitzuak izan beharko ditu ur-zuzkidurari, energia elektrikoari, kanpoko argiteriari eta hondakin-uren ebakuazioari dagokienez.
d) Lurzati hartzailearen barnean, instalazioa lurraren malda % 20tik beherakoa den edozein zonatan gauzatu ahal izango da, Eraikinaren okupazioarekiko, gutxienez, bost metroko perimetro batean. % 12tik gorako malda duten zonetan lur-mugimenduak eragiten dituzten eraikuntza-proiektuak garatzeko prestatzen diren azterketa teknikoek lurzoruaren egonkortasunari eta higigarritasunari modu negatiboan ez eragiteko neurriak definituko dituzte.
e) Egin nahi diren mota guztietako hondeaketa-lanetan, obren titularrak berezko landaredia berrezarriko du, lur beltzezko beharrezko geruza barne, lanen ondorioz hondatuta geratu den lekuetan.
f) Plan honetan honela kalifikatutako lurzoruetan bakarrik dago baimenduta instalazio hauek eraikitzea:
i. Sistemen Eremuetako –T4.IS– komunitatearen azpiegiturak eta zerbitzuak hartzeko zonak.
ii. Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zonak –T1.PRT–».
Hirurogeita seigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.24 artikulua («Hondakin geldoetarako zabortegiak eta betelanak. D.5.2») aldatzea.
Aldatu egiten dira 3. eta 4. apartatuak, eta erantsi egiten da 6. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.4.24 artikulua:
«4.4.4.24 artikulua.– Hondakin geldoetarako zabortegiak eta betelanak. D.5.2.
1.– Hondakin geldoetarako zabortegiak hondakinak lurpean edo lur gainean utziz deuseztatzeko zona egokituak dira. Horietan ez dira sartzen hondakinak, gero beste leku batera garraiatu eta balioztatu, tratatu edo ezabatzearren, prestatzeko deskargatzen diren instalazioak
Betelana deitzen zaio zona baten alterazio morfologikoari, bertan lurzoru naturaletik datozen lurrak eta arrokak erabiltzen direnean.
2.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Lurzoru Urbanizaezinaren eremu osoan debekatuta dago hondakin arriskutsuetarako zabortegiak instalatzea.
3.– Plan honek aurreikusten duenez, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuan hondakin ez-arriskutsuen zabortegietarako oin berriko plantak Plana indarrean jartzen denean honela kalifikatutako lurzoruetan bakarrik ezarri ahal izango dira: Sistemen Eremuetako –T4.IS– komunitatearen azpiegiturak eta zerbitzuak hartzeko zonak.
4.– Administrazio publikoek sustatutako azpiegitura-obretatik datozen indusketako soberakinekin egindako betelanak bakarrik baimenduko dira, Peńa Forua harrobian egiten diren betelanen kasuan salbu. Betelanei dagokienez, honako hau adierazi behar da: Plan honek Sistemen Eremuen barnean komunitatearen azpiegiturak eta zerbitzuak hartzeko zona –T4.IS– gisa kalifikatzen dituen lurzoruetan eraiki ahal izango dira instalazioak. Dena den, Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zonetan –T1.PRT– ere egin ahal izango dira, betiere erabilera hori materialen sorburu den azpiegiturari dagokion planifikazio-tresnan jasotzen bada, Plan honen V. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz.
5.– Artikulu honetan adierazten denaz gain, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak edo haren ordezko arauak ezartzen duena aplikatuko da.
6.– Nolanahi ere, haien araudi espezifikoan eta lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira».
Hirurogeita zazpigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.26 artikulua («Energia berriztagarria sortzeko instalazioen bidez energia ekoizteko sistemak. D.6.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.4.26 artikulua, eta honela idatzita geratzen da:
«4.4.4.26 artikulua.– Energia berriztagarria sortzeko instalazioen bidez autokontsumora lotutako energia ekoizteko sistemak. D.6.
1.– Plan honen ondorioetarako, honako definizio hauek hartuko dira kontuan:
a) Berriztagarriak: iturri berriztagarri ez fosiletatik datorren energia, hau da, haize-energia, eguzki-energia (termikoa eta fotovoltaikoa) eta geotermikoa, ingurune-energia, marea-energia, olatuen energia eta beste itsas energia batzuk, energia hidraulikoa eta biomasatik, zabortegietako gasetik, araztegien gasetik eta biogasetik datorren energia.
b) Autokontsumoa: autokontsumo gisa ulertuko da honako hau: kontsumitzaile batek edo batzuek kontsumo-instalazioetatik hurbil eta kontsumitzaile horiei lotuta dauden instalazioetatik datorren energia kontsumitzea.
2.– Orokorrean, trantsizioko zonetan ezartzea aurreikusten da, baina baimenduta dago Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremu osoan instalatzea, baldin eta eraikuntzetan integratuta badaude.
Hainbat kontsumitzailek sustatutako instalazioen kasuan, beren ezaugarri teknikoak direla-eta Gune edo Gunearen Babes Gainkategorietan dauden lurzoruetan kokatu behar badira, aldez aurretik interes publikoko adierazpena beharko dute, eta ingurumen-inpaktua zehatz-mehatz aztertuko duen dokumentu bat.
3.– Energia berriztagarrien arloko araudi sektorialaren zehaztapenei jarraikiz, energia berriztagarrien instalazioen erregulazio xehatua Jarraibide Tekniko Osagarrien arabera arautuko da. Jarraibide horiek energia-arloan eskumena duen saileko titularraren agindu bidez onartuko dira.
Jarraibide tekniko osagarrien irismena energia mota hauek sortzeko instalazioen ezaugarriak zehaztea izango da: haize-energia, eguzki-energia (termikoa eta fotovoltaikoa) eta geotermikoa, ingurune-energia, marea-energia, olatuen energia eta beste itsas energia batzuk, energia hidraulikoa eta biomasatik, hondakindegiko gasetik, araztegien gasetik eta biogasetik datorren energia».
Hirurogeita zortzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.27 artikulua («Ibilguen edo ibilgu-ertzen trazadura aldatzen duten azpiegiturak. D.7.») aldatzea.
Indargabetu egiten da 3. apartatua; beraz, honela idatzita geratzen dira 4.4.4.27 artikulua:
«4.4.4.27 artikulua.– Ibilguen edo ibilgu-ertzen trazadura aldatzen duten azpiegiturak. D.7.
1.– Ibilguen trazadura aldatzeko eta/edo horien ertzak horma eta dike bidez iragazgaizteko bideratze- eta kanalizazio-lanak dira.
2.– Zubiak, estaldurak eta egiturazko defentsa-neurriak diseinatzeko eta ibilguen trazadura aldatzeko indarrean den Plan Hidrologikoko arau zehatzetan jasotakoa aplikatuko da.
3.– (Indargabetua).
4.– Bizkaiko bisoi europarraren Kudeaketa Planean ezarritakoari jarraikiz, jarduketa horiek Bizkaiko Foru Aldundiaren organo eskudunaren aldez aurretiko baimena beharko dute».
Hirurogeita bederatzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.4.29 artikulua («Instalazio aeronautikoak. D.9.») aldatzea.
Aldatu egiten da 3. apartatua eta erantsi egiten da 4. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.4.29 artikulua:
«4.4.4.29 artikulua.– Instalazio aeronautikoak. D.9.
1.– Instalazio aeronautikoak dira, hala nola aireportuak, aerodromoak edo heliportuak.
2.– Plan honek ez du mota honetako instalazioak Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremuan jartzea jasotzen, heliportuen kasuan salbu; azken kasu horretan, lurzati hartzaileak 3.500 m2 izan beharko ditu gutxienez, edozein bide publikotatik 50 m-ra egon beharko du gehienez, eta % 15eko batez besteko malda izan beharko du.
3.– Gainera, lurzatia honela kalifikatuta egon beharko da: Sistemen Eremuetako –T4.IS– azpiegiturak eta komunitatearen zerbitzuak hartzeko zonak.
4.– Nolanahi ere, haien araudi espezifikoan eta lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira».
Hirurogeita hamargarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.1 artikulua («Alderdi orokorrak») aldatzea.
Aldatu egiten dira 4.4.5.1 artikuluaren 3. apartatuaren b) azpiapartatuaren lehenengo paragrafoa, 3. apartatuaren b) azpiapartatuaren ii) zenbakiaren lehenengo paragrafoa eta 3. apartatuaren b) azpiapartatuaren iii) zenbakia, eta honela idatzita geratzen da 4.4.5.1 artikuluaren 3. apartatua:
«3.– Erabilera bakoitzak Eraikuntza horien eta lurzati hartzaileen urbanizazioaren diseinu-ezaugarri espezifikoak xehatu ahal izango baditu ere, jarraian, guztiei eragingo dien araudi orokor bat azaltzen da:
a) Oin berriko Eraikuntzak diseinatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan:
i) Fatxadan, kanpoalderanzko akaberak honelakoak izan daitezke:
• Zurezkoak. Zurezko oholezko panelak erabili ahal izango dira, gehienez ere eraikineko fatxaden azalera osoaren % 40 hartuz.
• Geruza bakarreko akaberak edo morterozko zarpiatuak. Kolore zurikoak edo anil-kolorekoak izango dira. Horrenbestez, hormigoizko blokez –bloke gris, lur-kolore edo antzeko kolore batekin– edo termobuztinezko blokez egindako kanporanzko itxituren akabera ezin izango da bere horretan utzi.
• Harrizkoak.
o Harlandua edo harri-horma erabiliz gero, hark eraikineko fatxadak oso-osorik okupatu ahal izango ditu.
o Harrizko plakak erabiliz gero, horien piezek 0,50 x 0,80 m-koak izan beharko dute gutxienez, eta eraikineko fatxaden % 40 okupatu beharko dute, gehienez ere. Hura ez da, inola ere, harri-horma baten simulazioa eginez jarriko.
o Bistako adreilu zeramikoa. Bistako adreilu zeramizkoz egiten den akaberak tonu gorria eduki beharko du, eta lehen oineko solairutik gora jarri beharko da. Hori jartzean, gutxienez 1,5 cm-ko juntura edo albo-juntura barnesartua egingo da.
• Beira. Argiztapen- eta aireztapen-baoak egiteko.
ii) Estalkia egiteko lana honela gauzatuko da:
• Estalkiak maldadunak izango dira, bi edo hiru isurialdekoak, eta zeramikazko teila kurbozko akabera izango dute, edo kolore gorri lisoko mistoa.
• Galarazita dago isurkiaren lautasuna hausten duten txori-toki motako elementuak edo mantsardak egitea. Dena den, estalkiko isurkietan terrazak egin ahal izango dira, betiere goiko teilatu-hegalarekiko distantzia 4 metrotik gorakoa bada –estalkiko planoan neurtuta– eta lau metrotik gora luze egiten ez badute.
• Estalki lauak egin ahal izango dira, gehienez ere, eraikinak okupatzen duenaren % 40ko azalera hartuz. Horrelakoak eginez gero, berdeak edo lorategi-modukoak izan beharko dute.
• Estalkitik gora ateratzen diren elementuek, aireztapen-hodiek edo tximiniek, esaterako, kolore zuriko akabera izan beharko dute.
iii) Sartzen diren arotzeriek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
• Arotzeriak zurezkoak edo beste edozein materialetakoak izango dira, eta akaberak zurezkoak izan daitezke, baita marroiz, gurdi-gorriz, itsas urdinez edo berdez pintatuak ere.
• Horiek ixteko ezingo da pertsianarik edo burdin sarerik erabili.
b) Lehendik dauden eraikinen kasuan, berreraikitzeko, eraberritzeko edo zatitzeko esku-hartzearen bidez erabilera aldatu edo erabilera berriren bat hartu badute:
i) Fatxadan dituzten kanpoalderanzko akaberek fatxada nagusiaren jatorrizko itxuraketa errespetatu beharko dute, eta albo-fatxadetan eta atzeko fatxadan, jatorrizko materialez gain, honako hauek hartu beharko dituzte:
• Bistako adreilu zeramikoa. Bistako adreilu zeramizkoz egiten den akaberak tonu gorria eduki beharko du, eta, gutxienez, lehen oineko solairu-armazoitik gora jarri beharko da. Hori jartzean, gutxienez 1,5 cm-ko juntura edo albo-juntura barnesartua egingo da.
• Zurezkoak. Zurezko oholezko panelak erabili ahal izango dira, gehienez fatxaden azaleraren % 40 hartuz.
• Geruza bakarreko akaberak edo morterozko zarpiatuak. Kolore zuriz egingo dira. Horrenbestez, hormigoizko blokez –bloke gris, lur-kolore edo antzeko kolore batekoak– edo termobuztinezko blokez egindako kanporanzko itxituren akabera ezin izango da bere horretan utzi.
• Beira. Argiztapen- eta aireztapen-baoak egiteko.
ii) Estalkiaren formak ez du aldaketarik izango, eta eraikinaren bateratze bolumetrikoa baino ez da baimenduko, betiere eraikitako azalera handitzea eragiten ez badu. Inola ere ez da baimenduko txori-tokirik. Estalkiko isurkietan terrazak egokitzea ez da estalkiaren formaren aldaketatzat hartuko, baldin eta teilatu-hegalarekiko eta goiko gailurrarekiko distantzia bi metrokoa bada, estalkiko planoan neurtuta, eta lau metrotik gora luze egiten ez badu. Era berean, zehaztapen hauek bete beharko dira:
• Estalkiek zeramikazko teila kurbozko akabera izango dute, edo kolore gorri lisoko mistoa.
• Estalkitik gora ateratzen diren elementuek, aireztapen-hodiek edo tximiniek, esaterako, kolore zuriko akabera izan beharko dute.
iii) Sartzen diren arotzeriek honako ezaugarri hauek izan beharko dituzte:
• Arotzeriak zurezkoak edo beste edozein materialez eginak izango dira, eta akaberak zurezkoak izan ahalko dira, edo beltzez, marroiz, gurdi-gorriz, itsas urdinez edo berdez pintatuak.
• Horiek ixteko ezingo da pertsianarik edo burdin sarerik erabili».
Hirurogeita hamaikagarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.2 artikulua («Zuzkidura- eta ekipamendu-erabilerak. Araubide orokorra. E.1.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4. apartatua, eta erantsi egiten dira 6. eta 7. apartatuak; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.2 artikulua:
«4.4.5.2 artikulua.– Zuzkidura- eta ekipamendu-erabilerak. Araubide orokorra. E.1.
1.– Erabilera honetan sartzen dira landa-ingurunean kokatu behar diren eraikinetan oinarritutako interes publikoko zuzkidurak eta ekipamenduak, horien xedea hurrengo artikuluetan aipatzen diren helburuetako bat lortzea denean, jasangarritasunerako ikerkuntzan eta hezkuntzan eta/edo Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Lurzoru Urbanizaezinaren antolamendu eta landa-garapenean ekarpenen bat egiteko, hain zuzen ere.
2.– Erabilera hauetakoren bat Eremu edo Zona batean baimendutzat identifikatuz gero, Plan honek interes publikoko erabilera aitortuko du Eremu edo Zona horretan; gainera, erabileraren izaera eta ezaugarriak direla-eta, Eremu edo Zona horretan koka daitekeela joko du, betiere hurrengo artikuluetan ezartzen den araudi espezifikoari jarraikiz.
3.– Era berean, eta jarduera lortzeko helburuarekin, eraikin horiek beren izaerarekin lotutako ekipamendu, zuzkidura eta erabilera bateragarri guztiak hartu ahal izango dituzte barne; horiek zehatz-mehatz arautuko dira hurrengo artikuluetan.
4.– Eraikinaren paisaia-integrazio hobea dela-eta, beste material batzuk edo fatxada-proportzio berriak erabili ahal izango dira.
5.– Erabilera hauek barne hartzen dituzten eraikinetan ezin izango da, inola ere, familiaren bizitegi-erabilerarik gauzatu.
6.– Oin berriko, eraberritzeko edo handitzeko esku-hartzeen kasuan, jarri beharreko egitura-elementu berriak, ahal dela, zurez egingo dira.
7.– Oin berriko ezarpenetarako edo zuzkidura- eta ekipamendu-erabilera batzuk handitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hirigintza-legeria orokorrean xedatutakoa bete beharko da».
Hirurogeita hamabigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.3 artikulua («Gune zoologikoak. E.1.1.») aldatzea.
Aldatu egiten da 6. apartatua, eta erantsi egiten da 8. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.3 artikulua:
«4.4.5.3 artikulua.– Gune zoologikoak. E.1.1.
1.– Plan honek, gune zoologikoen barnean, jarduera nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoko gune zoologikoei buruzko apirilaren 11ko 81/2006 Dekretuari atxikiak dituzten establezimenduak hartzen ditu barne.
2.– Multzo honen barnean sartzen dira jarduera nagusitzat animaliak mantentzea, leku batean edukitzea, haztea eta/edo saltzea duten zentroak edo establezimenduak.
3.– Planak honako hauek bakarrik hartzen ditu multzo honen barnean:
a) Baso-fauna autoktono eta aloktono ez inbaditzailearen parke zoologikoak.
b) Basapiztiak sendatzeko zentroak.
c) Urtebete baino zaharragoak diren 10 txakur edo gehiago dituzten eta 20 m2tik gorako azalera eraikia duten txakurtegiak.
d) Animaliak gaineratzeko instalazio propioak dituzten txakurrak hezteko eskolak.
4.– Jarduera hauek hartu ahal izateko, lurzatien azalera nekazaritzako gutxieneko lurzatiari dagokiona baino handiagoa izango da, eta horiek Plan honek Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zona –T1.PRT– gisa kalifikatutako lurzoruetan kokatuta egon beharko dute.
5.– Horrelakoak ezartzeko, oin berriko edo lehendik dauden eta erabilera baimendua, toleratua edo iraungia duten Eraikuntzen erabilera aldatzeko esku-hartzeak gauzatu ahal izango dira.
6.– Edonola ere, elementu guztietatik muga, bide eta bide publikoetara dagoen distantzia 10 metrotik gorakoa izango da, eta lurzati hartzailearen eraikigarritasuna 0,08 m2e/m2l-koa izango da; dena den, azalera eraikia 750 m2-koa izango da, gehienez ere, Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zonetan. Erabilera lehendik dauden eraikuntzetan ezarriz gero, azalera eraikia ere hartuko da kontuan eraikigarritasuna zenbatzeko orduan.
7.– 10 txakur baino gutxiago dituzten txakurtegien kasuan, 1,5 m2-ko instalazioak jarri ahal izango dira txakur bakoitzeko lurzati hartzailean, Trantsizio Gainkategorian sartutako eraikinetan dagoen bizitegi-erabilerari lotutako erabilera gisa.
8.– Lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira».
Hirurogeita hamahirugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.4 artikulua («Kirol-instalazioak. E.1.2.») aldatzea.
Aldatu egiten dira 2. apartatuaren a) azpiapartatuaren lehenengo paragrafoa, 2. apartatuaren a) azpiapartatuaren i) zenbakia, 2. apartatuaren a) azpiapartatuaren ii) zenbakia, eta osorik aldatzen da 2. apartatuaren b) azpiapartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.4 artikuluaren 2. apartatua:
«2.– Honako hauek bereizten dira:
a) Bakar-bakarrik aire libreko igerileku estali gabeetako uretako jarduerak. Kategoria honetan sartzen dira igeriketarako edo talasoterapiako aisiarako beharrezko instalazioak, otsailaren 18ko 32/2003 Dekretuan eta azaroaren 2ko 208/2004 Dekretuan edo horiek ordezkatzen dituen arauan erregulatzen direnak. Lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira. Edonola ere, arau hauek ezartzen dira:
i) Instalazio horiek Plan honetan honela kalifikatutako lurzoruetan bakarrik ezarri ahal izango dira:
• Mareaz gaindiko zonetan, horiek lezoi, muna edo uraren zirkulazio-sistemari eusteko hormen bidez isolatuta daudenean eta hiri-okupazioa dutenean –N1.3–.
• Sistemen Eremuko Ekipamendu Komunitarioko Zonan –T4.ECR–.
• Trantsizioko Landa Paisaiako Zonan –T1.PRT–.
Erabilera berriarekin okupatuko den lurzatiak, erabilera ezarri aurretik, ur-zuzkidurako zerbitzuak, hondakin-urak sare orokorrera ebakuatzeko sistema eta argindarra eta kanpo-argiteria izan beharko ditu, baita bide publikora ematen duen eta gutxienez 25 metro dituen alde bat eta % 15etik beherako batez besteko malda ere.
ii) Ez da, inola ere, jarduerarako behar diren eraikuntzak egitea baimenduko horiek lurzatian okupatzen duten azalera 6 kaleko eta 25 m luzeko igerileku bat eta erdiri dagokiona baino handiagoa denean.
b) Pilotaleku edo aire libreko joko-zelai libre estali edo estali gabeetan egin daitezkeen kirol-jarduerak. Lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira. Oin berriko esku-hartzearen bidez bakarrik ezarri ahal izango dira:
i) Mareaz gaindiko zonetan, horiek lezoi, muna edo uraren zirkulazio-sistemari eusteko hormen bidez isolatuta daudenean eta hiri-okupazioa dutenean –N1.3–.
ii) Sistemen Eremuko Ekipamendu Komunitarioko Zonan –T4.ECR–.
iii) Trantsizioko Landa Paisaiako Zonan –T1.PRT–.
Erabilera berriarekin okupatuko den lurzatiak, erabilera ezarri aurretik, ur-zuzkidurako zerbitzuak, hondakin-urak sare orokorrera ebakuatzeko sistema eta argindarra eta kanpo-argiteria izan beharko ditu, baita bide publikora ematen duen eta gutxienez 25 metro dituen alde bat eta % 15etik beherako batez besteko malda ere».
Hirurogeita hamalaugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.5 artikulua («Gizarte eta kultura arloko ekipamenduak. E.1.3.») aldatzea.
Aldatu egiten da 2. apartatuaren lehenengo paragrafoa, aldatu egiten da 2. apartatuaren a) azpiapartatuaren ii) zenbakia, eta erantsi egiten da 6. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.5 artikulua:
«4.4.5.5 artikulua.– Gizarte eta kultura arloko ekipamenduak. E.1.3.
1.– Erabilera honetan sartzen dira kultura-sustapeneko edo arte-sorkuntzako jardueretarako ekipamendu-eraikinak, hala nola oin berriko Eraikuntzetan ezarri beharreko harrera- eta informazio-zentroak, interpretazio-zentroak edo museoak.
Era berean, lehendik dauden eta familia-bizitegia ez den beste erabilera baimendu edo toleratu batzuk dituzten eraikinetan erabilera aldatzeko aukera aurreikusten du Plan honek, eraberritzeko esku-hartzeen bidez eta mota honetako erabileretara egokitzeko helburuarekin.
2.– Oin berriko eraikinen kasuan, lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira. Nolanahi ere, zehaztapen hauek ezartzen dira:
Oin berriko ezarpenak Plan honetan honela kalifikatutako lurzoruetan bakarrik gauzatu ahal izango dira:
i) Sistemen Eremuko Ekipamendu Komunitarioko Zonan –T4.EKR–.
ii) Trantsizioko Landa Paisaiako Zonan –T1.PRT–, haren lurzati-azalera nekazaritzako gutxienekoaren gainetik badago.
3.– Mota honetako jarduerak ezarri ahal izango dira erabilera baimenduak, toleratuak edo iraungiak dituzten eraikinetan, baldin eta honako zehaztapen hauek betetzen badira:
a) Eraikinak Trantsizio Gainkategorian dauden lurzoruetan egon beharko du, Landa Gunearen Zonen –T3– kasuan salbu. Gainera, lurzati hartzailearen azalerak nekazaritzarako beharrezkoa den gutxieneko azalera eraikia baino handiagoa izan beharko du. Eraberritzeko edo berreraikitzeko esku-hartzeez gain, eraikin horiek azalera eraikiaren % 15 handitu ahal izango dira.
b) Era berean, horrelako jarduerak hartu ahal izango dituzte Gunearen Babes Gainkategorian dauden eta erabilera baimenduak edo toleratuak dituzten eraikinek, gutxienez, lurzati hartzailearen azalera nekazaritzako gutxienekoaren gainetik badago. Eraikin hauetan eraberritzeko eraikuntzako esku-hartzeak bakarrik gauzatu ahal izango dira. Era berean, Ondare Arkitektonikoko Zonetan –N5.1– dauden eta erabilera baimendua edo toleratua duten Eraikuntzetan ezarri ahal izango dira.
4.– Erabilera ezarri aurretik, lurzatiak ur-zuzkidurako zerbitzuak, hondakin-urak sare orokorrera ebakuatzeko sistema, argindarra eta kanpo-argiteria izan beharko ditu, baita bide publikora ematen duen alde bat ere. Lurzati hartzailearen barnean, Eraikina lurraren malda % 20tik beherakoa den edozein zonatan gauzatu ahal izango da, Eraikinaren okupazioarekiko, gutxienez, bost metroko perimetro batean.
5.– Baimendutako lurzatien barneko urbanizazio-lanetarako esku-hartzeak Plan honetako 3.3.3.12 artikuluan jasotakoak izango dira, igerilekuen kasuan salbu. Edonola ere, lurzatiek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:
a) Bide publikorako sarbidea izan beharko dute ibilgailuentzat.
b) Aparkaleku-plazak hartzeko zona bat edukitzeko gai izan behar dute, betiere horren beharra aurrez justifikatuta; zona horrek ez du, inola ere, lurzati-azaleraren % 10a gaindituko.
6.– Oraingo erabileraren osagarri gisa, 4.4.5.19 artikuluan jasotako jatetxe eta edari-establezimenduen erabilera gehitu ahal izango da».
Hirurogeita hamabosgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.6 artikulua («Behaketa eta ikerkuntza zientifiko eta teknikorako eta/edo natura- eta kultura-ondarearen zabalkunderako eraikuntzak. E.1.4.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4. apartatuaren a) azpiapartatua, aldatu egiten da 4. apartatuaren b) azpiapartatuaren ii) zenbakia, eta erantsi egiten da 6. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.6 artikulua:
«4.4.5.6 artikulua.– Behaketa eta ikerkuntza zientifiko eta teknikorako eta/edo natura- eta kultura-ondarearen zabalkunderako eraikuntzak. E.1.4.
1.– Titulartasun publikoko edo irabazi-asmorik gabeko erakundeen Eraikuntzak dira, natura- eta kultura-ondarearen behaketa, ikerketa, interpretazio eta/edo hedapenera xedaturik daudenak.
2.– Batetik, oin berriko Eraikuntzak bereizten dira, natura behatzeko xedea dutenak, eta, bestetik, eginkizun zientifikoa eta/edo dibulgatzailea duten Eraikuntzak.
3.– Natura behatzera bakarrik zuzenduta daudenak honako zehaztapen hauei jarraikiz arautuko dira:
a) Gehienez ere 20 m2ko azalera eraikia izango dute, eta kanpoalderako akaberak zurezkoak izango dira.
b) Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren eremu osoan jarri ahal izango dira. Gune edo Gunearen Babes Gainkategorietan ezarriz gero, desmuntagarriak izango dira, eta ez dute natura-ingurunearen gaineko eragin adierazgarririk izango.
4.– Natura- eta kultura-ondarearen gaineko behaketa, ikerkuntza, interpretazioa eta/edo zabalkundera bideratutako oin berriko eraikinei honako arau hauek aplikatuko zaizkie:
a) Horiek araudi espezifikoan eta hirigintza-legerian ezarritakoaren arabera egingo dira.
b) Instalazio horiek Plan honetan honela kalifikatutako lurzoruetan bakarrik ezarri ahal izango dira:
i) Sistemen Eremuetako Ekipamendu Komunitarioko Zonan –T4.EKR–.
ii) Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zonan –T1.PRT–, lurzati-azalera nekazaritzako gutxienekoaren gainetik badago.
iii) Artadi Kantauriarraren Zonan –N3.5–, Kantera Gorriko esparruan.
c) Erabilera ezarri aurretik, lurzatiak ur-zuzkidurako zerbitzuak, hondakin-urak sare orokorrera ebakuatzeko sistema, argindarra eta kanpo-argiteria izan beharko ditu, baita bide publikora ematen duen eta gutxienez 25 metro dituen alde bat eta % 20tik beherako batez besteko malda ere.
d) Baimendutako lurzatien barneko urbanizazio-lanetarako esku-hartzeak Plan honetako 3.3.3.12 artikuluan jasotakoak izango dira, igerilekuen kasuan salbu. Edonola ere, lurzatiek ezaugarri batzuk bete beharko dituzte; honako hauek, hain zuzen ere:
i) Bide publikorako sarbidea izan beharko dute ibilgailuentzat.
ii) Barnealdean aparkaleku-plazetarako zona bat hartzeko lekua izan behar dute, betiere lurzatiaren % 10 baino gehiago egin gabe. Kantera Gorriko sailen kasuan, gehieneko ehuneko hori lurzatiaren % 5ekoa izango da.
5.– Era berean, natura- eta kultura-ondarearen behaketara, ikerkuntzara, interpretaziora eta/edo zabalkundera bideratu ahal izango dira lehendik dauden eta erabilera baimenduak edo toleratuak dituzten Eraikuntzak, horiek honako lurzoru hauetan kokatuta badaude:
a) Plan honetan Gune eta Gunearen Babes Gainkategorietan sartuta badaude. Kasu horietan ez da lurzati hartzailearen barnean aparkaleku-zona berriak prestatzea baimenduko, ezta Eraikuntzan handitzeak egitea ere.
b) Sistemen Eremuko Ekipamendu Komunitarioko Zona –T4.ECR–, Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zona –T1.PRT–. Kasu horietan, Eraikuntzaren lurzati hartzailearen % 10erainoko azalera prestatu ahal izango da aparkaleku-zona gisa. Era berean, eraberritze edo berreraikitzeko esku-hartzeez gain, azalera eraikia % 15 handitu ahal izango da gehienez ere.
c) Ondare Arkitektonikoko Zonetan –N5.1–, lurzati hartzailearen barnean gutxienez 6 aparkaleku-plaza egin badaitezke. Kasu horietan ezin izango da handitzeko inolako esku-hartzerik gauzatu.
6.– Oraingo erabileraren osagarri gisa, 4.4.5.19 artikuluan jasotako jatetxe eta edari-establezimenduen erabilera gehitu ahal izango da».
Hirurogeita hamaseigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.11 artikulua («Zerbitzu publikoen ekipamendu berezia. E.1.9.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.5.11 artikuluaren 3. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«3.– Horiek Lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira».
Hirurogeita hamazazpigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.15 artikulua («Landetxea. E.2.2.») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.4.5.15 artikuluaren 2. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«2.– Landetxe-modalitatea lehendik dauden eta erabilera baimendua, toleratua edo iraungia duten eraikinetan bakarrik garatu ahal izango da. Eraikin horiek bat etorri beharko dute, Plan honetako III. tituluko 4. kapituluko 2. atalean identifikatzen diren tipologiekin, etxebizitza blokearen tipologiarekin izan ezik, eta Gunearen Babes edo Trantsizioko Gainkategorietan edo Kultura Intereseko Eremuan sartuta egon beharko dute, azken eremu horri dagokionez Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak ezartzen dituen baldintzetan. Txaleten tipologiaren kasuan, ezaugarriak inguruko arkitektura bereizgarria duten eraikinetara egokitu behar dira, Turismoaren uztailaren 28ko 3/2016 Legearen 49. artikuluaren 2. apartatuan horri buruz aurreikusitakoari jarraikiz.».
Hirurogeita hemezortzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.16 artikulua («Landa-hotela. E.2.3.») aldatzea.
Aldatu egiten dira 1., 2. eta 3. apartatuak; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.16 artikulua:
«4.4.5.16 artikulua.– Landa-hotela. E.2.3.
1.– Landa hoteltzat hartzen dira lehendik dauden eta erabilera baimenduak, toleratuak edo iraungiak dituzten eraikinetan kokaturiko hotel-establezimenduak, Gunearen Babes Gainkategorian, Trantsizioko Gainkategorian edo Kultura Intereseko Eremuan dauden lurzoruetan daudenak, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak azken eremu horretarako ezartzen dituen baldintzetan.
2.– Eraikin horiek bat etorri beharko dute Plan honetako III. tituluko 4. kapituluko 2. atalean identifikatutako tipologiekin, etxebizitza blokearen tipologiarekin izan ezik.
3.– Hotel-establezimendutzat hartuko dira ostatua, jangela-zerbitzuz zein gabe, eta beste zerbitzu osagarri batzuk eskaintzen dituztenak, hala nola jatetxeak eta edari-establezimenduak, eraikin bat osorik edo horren parte independente bat okupatuz, dependentziek osotasun homogeneo bat osatzen dutela bere erabilera esklusiboko sarrera, igogailu eta eskailerez, horrelako establezimenduak erregulatzen dituen araudiak jasotzen dituen baldintzak betez.
4.– Landa-hotelak 102/2001 Dekretuak edo haren ordezko arauak ezartzen duenaren arabera arautuko dira».
Hirurogeita hemeretzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.19 artikulua («Jatetxeak eta edari-establezimenduak. E.2.6») aldatzea.
Aldatu egiten dira 2. apartatuko b) azpiapartatuko i), ii), iii) eta iv) zenbakiak, eta erantsi egiten da 6. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.19 artikulua:
«4.4.5.19 artikulua.– Jatetxeak eta edari-establezimenduak. E.2.6.
1.– Artikulu honek normalean lokalean bertan kontsumitzeko egiten den janari-salmenta hartzen du barne, baita jatetxe, erretegi edo upategien gisako establezimenduetan janarien osagarri gisa eskaintzen den edari-salmenta ere. Era berean, normalean lokalean bertan kontsumitzen diren edarien salmenta hartzen du barne, tabernetan eta garagardotegietan gauzatzen dena, esaterako.
2.– Udalerri bakoitzeko hiri-lurzorurako eta lurzoru urbanizagarrirako araudiak adierazten duenak arautuko ditu jardueraren ezaugarriak. Dena den, eta Plan honen ondorioetarako, horrelako jarduerak lurzoru urbanizaezinean ezarri ahal izateko, honako arau hauek bete beharko dira:
a) Jarduera ez da, inola ere, Eraikuntza iraungi batean ezarriko.
b) Lehendik dagoen eta erabilera baimendua, toleratua edo iraungia duen Eraikuntza batean ezarri beharko da, eta lurzoruak honako kalifikazio hauetakoren bat izan beharko du:
i) Artadi kantauriarraren zona –N3.5–, Kantera Gorriko esparrua.
ii) Ondare Arkitektonikoko Zonak –N5.1–.
iii) Gunearen Babes Gainkategoria, salbu eta Artadi Kantauriarren Babes Eremuak –B3– eta Ibai Sarearen Babes Eremuak –B4–.
iv) Trantsizioko Gainkategoria, salbu eta Baso Eremua eta Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuko Nekazaritza Balio Handiko Zona.
3.– Jarduera hauek har ditzakeen establezimenduak, bizitegi-erabilerarekiko erabilera bateragarri gisa ezarriz gero, errespetatu egin beharko ditu Plan honetan zatitzeko esku-hartzeetarako ezarritako baldintzak, eta hura aplikatu ostean geratzen diren espazio hutsak bakarrik okupatu ahal izango ditu. Horrenbestez, jatorrizko etxebizitzetarako edo etxebizitza matrizeetarako erreserba aurreikusi ostean hutsik geratu den beheko solairuko azalera bakarrik okupatu ahal izango da: sukaldeko espazioaz gain, egongela eta komunikazio-eskailera, logela nagusi bat, bainugela oso bat, gutxienez 12 m2 izango dituen galdara ipintzeko, egurra pilatzeko eta arropa zabaltzeko espazio bat, eta etxebizitza bakoitzeko gutxienez 12 m2 izango dituen baterako espazio bat, laborantzarako materialak eta lanabesak gordetzeko. Lehen solairuan ezin izango dira jatorrizko etxebizitzari dagozkion espazioak okupatu.
4.– Aipatutako modalitateetako edozein erabilera baimendu, toleratu edo iraungia duten lehendiko Eraikuntzetan ezartzeko, honako eraikuntzako esku-hartze hauek gauzatu beharko dira:
i) Berreraikitzea, Landa Gunearen Eremuetan –T3– kokatutako eraikinetan bakarrik.
ii) Eraberritzea.
5.– Lurzati barneko urbanizazio-lanetarako esku-hartze baimenduak Plan honetako 3.3.3.12 artikuluan jasotakoak izango dira, igerilekuen kasuan salbu. Edonola ere, lurzati hartzaileek honako ezaugarri hauek bete beharko dituzte:
i) Bide publikorako sarbidea izan beharko dute ibilgailuentzat.
ii) Barnean aparkalekurako zona bat hartzeko lekua izan behar dute, gehienez ere hogei aparkaleku-plazarako.
iii) Jarduera txertatu aurretik sare orokorrerako loturarik ez badago, hondakin-urak 4.1.2 artikuluan ezarritako moduan hustu beharko dira.
iv) Lurzati hartzailean lehendik dagoen eta erabilera baimendua, toleratua edo iraungia duen Eraikuntzan gauzatzen diren esku-hartze guztiek gutxienez 5 metroko tartea izan beharko dute lurzati hartzailearen muga guztietatik.
6.– Jarduera landa hotelari edo kanpinari lotutako erabilera bateragarri osagarri gisa ezartzen bada, hura ezin izango da azken horrekiko modu independentean instalatu, eta ezin izango zaio erabilera nagusiaren lagungarri- edo osagarri-kontzeptua gainditzeko moduko dimentsioa eman; hori dela-eta, berezko erabileraren arabera justifikatu beharko da osagarriaren beharra».
Laurogeigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.20 artikulua («Kanpinak. E.2.7.») aldatzea.
Aldatu egiten dira 2. apartatuko b) azpiapartatua eta 4. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.20 artikulua:
«4.4.5.20 artikulua.– Kanpinak. E.2.7.
1.– Kanpinak turismo-establezimenduak dira; aldi baterako okupatzeko helburuarekin, horiek behar bezala mugatu, hornitu eta egokitutako lursail bat dute, eta aterpe mugikorrak eta/edo aterpe finkoak erabiliz, opor- edo aisialdi-helburuarekin aire librean bizi nahi duten hamar pertsona baino gehiago hartzeko gai dira.
2.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Lurzoru Urbanizaezinaren eremuan, kanpinak 10.000 m2tik gorako lurzati hartzaileetan bakarrik jarri ahal izango dira, Plan honek honela kalifikatzen dituen lursailetan:
a) Sistemen Eremuko Ekipamendu Komunitarioko Zona –T4.ECR–.
b) Trantsizioko Landa Paisaiako zona –T1.PRT–.
3.– Lurzatiak, jarduera ezarri aurretik, ibilgailuentzako sarrera izan beharko du bide publiko batetik, baita ur- eta argindar-zuzkidurako zerbitzuak ere. Jarduera txertatu aurretik sare orokorrerako loturarik ez badago, hondakin-urak 4.1.2 artikuluan ezarritako moduan hustu beharko dira.
4.– Lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira. Nolanahi ere, aukera hori ematen duen dokumentuan, eraikigarritasunari, azalera eraikiari eta erabilera bateragarriak (hala nola igerilekuak, haurrentzako jolas-eremuak, zerbitzu-instalazioak) edo atxikitako erabilera osagarriak (hala nola zerbitzu-sanitarioak) hartzeko eraikinen altuerei buruzko zehaztapenak ezarri beharko dira, baita Eraikuntza guztiek mugekiko izan beharko dituzten tarteak, bereizketak, sarbide- eta aparkaleku-zonak eta abar ere.
5.– Dena den, honako zehaztapen hauek bete beharko dira:
a) Lurzati hartzailearen gehieneko eraikigarritasuna 0,20 m2l/m2e-koa izango da erabilera kolektiboko instalazioetarako eta ostatu finkoetarako.
b) Gehieneko aparkaleku-plaza kopurua: aparkaleku-zona zehatz bat jarriko da, gehienez ere, kanpalekuko plaza-kopuruaren % 35erako. Gainerako plaza guztiak kanpaleku-plazetan aurreikusi beharko dira.
c) Kanpatzeko zonak, barneko bideek, kirol-zonek eta erabilera komuneko beste zerbitzu batzuek ez dute kanpinaren azalera osoaren % 70etik gora hartuko; gainerako % 30a espezie autoktonoz osatutako zuhaiztietarako eta aisialdirako eremuak izango dira.
Kanpinaren azalerari dagokion % 70 horretan ezin izango da lur-mugimendurik sortu, baldin-eta horiek sortzen diren plataformen zabalera, jatorrizko maldaren norabidean, 4 metro baino txikiagoa bada, eta horien altuera 1,00 m-tik gorakoa bada, jatorrizko sestrari dagokionez. Plataformak berriz hazitako ezponda bidez eutsi beharko dira, eta horiek 1:1 maldak izango dituzte gehienez ere.
Lurzatiaren gainerako % 30ean, sarbideetarako beharrezko lur-mugimenduak bakarrik gauzatu ahal izango dira.
d) Eraikuntza guztiak mugetatik gutxienez 10 metro bereizi beharko dira. Lurzatiaren perimetro hau, hamar metro zabaleko hau, bertako espezie hostozabalez estaliko da. Kanpotik begiratuta kanpatze-zona ez ikusteko moduan jarriko dira zuhaitzak.
e) Lorategi-inguruak ureztatzeko, giza kontsumorako egokia ez den ura erabili beharko da. Neurri bera aplikatu ahal izango da bai zerbitzu sanitarioetan bai ura edangarria izatea beharrezko ez dela iritzitako beste gauza batzuetan ere. Horrelako kasuetan, ur horiek erabiltzeko puntuek behar bezala seinaleztatuta egon behar dute, "edateko txarra" adierazita, nazioartean erabiltzen den zeinu konbentzionalaren bidez.
6.– Kanpinek autokarabanak eta iragaitzazko karabanak hartzeko zona erantsi berezi bat izan dezakete, artikulu honetan aurreikusten diren baldintzak eta 396/2013 Dekretuan arautzen dena betez gero, eta zona horrekin partekatu ahal izango dute harrera. Zerbitzuak eta azpiegiturak partekatuz gero, aipatutako Dekretuan ezartzen diren gutxieneko eskakizunak errespetatu beharko dira».
Laurogeita batgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.22 artikulua («Iragaitzazko autokarabanak eta karabanak hartzeko eremu bereziak. E.2.9.») aldatzea.
Aldatu egiten dira 6. apartatuko a) eta c) azpiapartatuak, eta erantsi egiten da 8. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.22 artikulua:
«4.4.5.22 artikulua.– Iragaitzazko autokarabanak eta karabanak hartzeko eremu bereziak. E.2.9.
1.– Iragaitzazko autokarabanak eta karabanak hartzeko Eremu bereziak behar bezala mugatu, hornitu eta egokitutako lursailak dira; horiek jendeari irekita egoten dira, prezio truke eta aldi baterako okupatzeko, bidaian atseden hartu eta ibilgailuetan metatutako hondakinak hustu ahal izateko, eta gutxienez mota horretako bost ibilgailu hartzeko gai izan behar dute.
2.– Plan honen ondorioetako, modalitate honetatik kanpo geratuko da autokarabanak eta karabanak aparkatzea, errepide, autobide, hiri-bide eta aparkalekuetan horretarako prestatutako eremuetan. Gainera, ez da kanpatutzat joko hiriarteko bide publikoetako zona baimenduetan eta trafiko- eta zirkulazio-arauekin bat etorriz geldirik edo aparkatuta dagoen autokarabana, baldin-eta zenbait elementu eraldatu edo zabalduz, hark perimetroa gainditzen edo handitzen ez badu, bere gurpilen gainean oinarritzen bada altxagarririk erabili gabe, eta bidera substantziarik edo hondakinik isurtzen ez badu.
3.– Iragaitzazko autokarabanak eta karabanak hartzeko Eremu bereziak ibilgailu horiek eta antzekoek bakarrik erabili ahal izango dituzte. Beraz, ezin izango da aurreko multzoan sartzen ez den kanpin-dendarik edo aterpe mugikorrik instalatu. Era berean, harrera-eremu berezi horietan ezin izango da erabiltzaileei ostatu emateko inolako aterpe finkorik edo antzekorik instalatu Gainera, eremu horietako egonaldia 48 ordukoa izango da gehienez ere.
4.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Lurzoru Urbanizaezinaren eremuan, honako hauetan bakarrik finkatu ahal izango dira joan-etorrian diren autokarabanak eta karabanak:
a) 2.000 m2tik gorako lurzati hartzaileetan, horiek Plan honetan Trantsizioko Landa Paisaiako Zona –T1.NPC– edo Sistemen Eremuko Ekipamendu Komunitarioko Zona –4.ECR– gisa kalifikatutako lurzoruetan kokatzen direnean.
b) Plan honetan Trantsizioko Landa Paisaiako Zona –T1.PRT– gisa kalifikatzen diren eta Udal Hirigintza Plangintzak Antolatzeko Eremu –UHPA– gisa kalifikatzen dituen lurzoruen alboan edo hurbil dauden lurzoruetan kokatutako nekazaritzako gutxienekoaren gainetiko lurzatietan.
5.– Modalitate hori ezartzeko, Patronatuaren txostena lortzeko nahitaezko dokumentazioaz gain, jardueraren Bideragarritasun Ekonomikorako Programa bat aurkeztu beharko da.
Dokumentuak honako dokumentazio hau izan beharko du, gutxienez:
a) Ezarri beharreko jardueraren ideia eta kontzeptuaren identifikazio, deskribapen eta zehaztapen argia eta zehatza.
b) Bideragarritasun teknikoaren eta komertzialaren azterketa eta analisia, gutxienez 10 urteko eperako. Jardueraren kokapenaren egokitasuna, eskaintza, eskaera eta lehiakortasuna aztertuko dira.
c) Jarduera ezartzeko eta, gutxienez, 10 urtez mantentzeko jarraitu beharreko estrategien plangintza. Produktua balioztatzeko garatu behar den politika komertziala aztertuko da, baita prezioarekiko eta merkatuarekiko egokitzapena ere.
d) Plan Ekonomiko eta Finantzarioa 10 urteko jarduerarako: dokumentuak inbertsio-plan bat jaso beharko du, eta bertan, jarduera abian jartzeko behar diren bitarteko ekonomikoen bolumena jasoko da, betiere horretarako behar diren obrak eta ekipoak, materia-kontsumoak eta oinarrizko zuzkidurak, langile-kostuak, zergak eta abar kontuan hartuta. Era berean, plan finantzario bat jaso beharko da, eta bertan, sortuko diren finantzaketa-beharrak eta horiei aurre egiteko modua ezagutzeaz gain, lortu nahi den emaitza ekonomikoaren analisia egin eta aurreikusten den errentagarritasuna zehaztuko da.
Aztertu eta dagokion txostena emateko prozedura honakoa izango da: sustatzaileak jarduera ezartzeko behar den proiektuarekin batera aurkeztuko du dokumentua, eta jardueraren bideragarritasuna egiaztatuko du. Edonola ere, Patronatuaren Osoko Batzarrak edo Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zuzendari-kontserbatzaileak programari buruz iritzitako beharrezko argibideak eskatu ahal izango dituzte.
6.– 396/2013 Dekretuan edo hura ordezkatzen duen arauan jasotako arauketaz gain, honako zehaztapen hauek bete beharko dira:
a) Iragaitzazko autokarabanak eta karabanak hartzeko eremu bat baino ezin izango da jarri lurzati hartzaileak duen gutxieneko nekazaritza-lurzati bakoitzeko. Eremu bakoitzak autokarabana eta karabanentzako 30 m2-ko 8 plaza izan ditzake gehienez ere.
b) Plaza horien zorua berdinduta eta trinkotuta egongo da, beharrezko drainatzeaz hornituta; ezin izango da zoru zurrun edo malgurik erabili, hormigoizko edo asfaltozko lauzen gisakorik, eta akaberarako, landaretza eta elementu zurrun iragazkor eta zulatuak konbinatzen dituzten teknikak erabiliko dira.
c) Plazetara iristeko bide bat bakarrik egin ahal izango da, aparkatzeko eta irteteko maniobrak egin ahal izateko behar diren espazioez gain. Bideak eta maniobra-zonak, sarbideak eta plazek garbi egon beharko dute, 3,5 m-ko altueraraino, eta mugetatik 5 metro baino gehiagoko tartera egongo dira. Bidearen materialak iragazkorra izan beharko du.
d) Horrelako eremuak garatzeko behar diren lokalak –harrera eta informaziorako, zona komunetarako eta osasun-zerbitzuetarako– lurzati hartzailean dagoen eta erabilera baimendua edo toleratua duen eraikinaren barnean egongo dira, eta Plan honek zatitzeko esku-hartzeei dagokienez ezarritako baldintzak bete beharko dituzte; gainera, horiek aplikatu ostean hutsik geratzen diren espazioak bakarrik okupatuko dituzte. Instalazio horiek dagoen bizitegi-erabileratik independenteak izango dira, eta mugikortasun murriztua duten pertsonen beharretara egokituta egongo dira.
Era berean, eta eraikinik ez badago, instalazio bat egin ahal izango da, bertan, erabilera garatu ahal izateko osasun-zerbitzuak eta harrera-zerbitzuak ezarri ahal izateko. Instalazio horrek honako ezaugarri hauek izan beharko ditu:
i) Gehieneko azalera eraikia 50 m2koa izango da.
ii) Teilatu-hegalaren gehieneko altuera 3,00 m-koa izango da, eta gailurrarena, berriz, 4,50 m-koa.
iii) Instalazioak bi isurialdeko estalki bidez egin beharko dira, eta isurkiek gutxienez % 30eko eta gehienez % 45eko malda izango dute. Zeramikazko teila kurbo, misto gorri edo zur bidez emango zaio akabera.
iv) Fatxada-itxiturek zurezko akabera izan beharko dute, edo zuriz pintatutako zarpiatua instalazioetarako. Akabera ez da, inola ere, hormigoizko blokez egingo, hura pintatuta egon ala ez.
v) Jarri beharreko arotzeriak zuriak edo marroiak izango dira.
vi) Beheko solairuan egingo dira.
vii) Lurzatiak, jarduera ezarri aurretik, ibilgailuentzako sarrera izan beharko du bide publiko batetik, baita ur- eta argindar-zuzkidurako zerbitzuak ere. Jarduera txertatu aurretik sare orokorrerako loturarik ez badago, hondakin-urak 4.1.2 artikuluan ezarritako moduan hustu beharko dira.
e) Lurzatiak, jarduera ezarri aurretik, ibilgailuentzako sarrera izan beharko du bide publiko batetik, baita ur- eta argindar-zuzkidurako zerbitzuak, hondakin-urak ebakuatzeko zerbitzuak –sare orokorrarekiko loturarekin– eta argindarra ere.
f) Erabiltzaileek ibilgailuari dagozkion deposituak hustu eta berrornitu ahal izateko, eremu guztiek honako hauek izan beharko dituzte, gutxienez:
i) Hondakinak tratatzeko garbigune bat, hau da, ur erabilien (ur grisen) depositua eta komuneko hondakin biologikoen (ur beltzen) depositua husteko hustubide irisgarri bat, eta horiek garbitzeko ur-zuzkidurarako elementu bat.
ii) Edateko ur-txorrota, ur-depositua betetzeko.
g) Lurzati hartzailearen barnean, plaza inguruan bakarrik jarri ahal izango da argiteria. Hura lurretik 1 metro baino gutxiagoko altueran kokatu beharko da.
7.– Plan honen ondorioetarako, autokarabanak eta iragaitzazko karabanak hartzeko eremu bereziko jarduera eta familiaren bizitegi-erabilera bateragarriak izango dira. Era berean, eremu horien pertsona titularrek turismoko edo ostalaritzako beste establezimendu batzuk edo kanpinak ustiatu ahal izango dituzte, modu osagarrian edo batera; horrelakoetan, horiek eremuaren kanpoaldetiko sarrera independentea izan beharko dute. Jarduera horiek garatzen direnean, aplikagarria den araudi espezifikoa bete beharko dute.
8.– Lurralde- eta/edo hirigintza-legerian zehazten den prozeduraren arabera ezarriko dira».
Laurogeita bigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.23 artikulua («Turismo-erabilerarako etxebizitza partikularretan ostatu hartzea. E.2.10») aldatzea.
Aldatu egiten da 3. apartatua eta erantsi egiten da 4. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.23 artikulua:
«4.4.5.23 artikulua.– Turismo-erabilerarako etxebizitza partikularretan ostatu hartzea. E.2.10.
1.– Turismo- edo opor-erabilerako etxebizitzak dira. Lehendik dauden eraikinak dira, edozein tipologiatakoak, haren altzariak, ekipoak, instalazioak eta zerbitzuak denak direla, turismo edo oporretarako bizileku gisa eskaintzen edo merkaturatzen direnak, jabeak, ustiatzaileak edo kudeatzaileak, zuzenean nahiz zeharka, aldi baterako lagatzen baitizkie hirugarren batzuei, turismo-eskaintzarako kanalen bidez, modu errepikatu edo ohikoan, eta ordain ekonomiko baten truke, berehala erabiltzeko baldintzetan.
2.– Plan honen aplikazio-esparrutik kanpo daude Hiri-errentamenduei buruzko azaroaren 29ko 29/1994 Legeak edo haren ordezko araudiak ezarritakoaren arabera errentan ematen diren etxebizitzak.
3.– Horrelako jarduerak hartu ahal izango dituzte Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Gunearen Babes eta Trantsizioko Gainkategorietan kokatuta dauden eta familiaren bizitegi-erabilera baimenduak edo toleratuak dituzten eraikinek, betiere turismoari buruzko araudiak baimentzen badu. Kasu horretan, jarduera berriari buruzko informazioa eman beharko zaio Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuari
4.– Etxebizitza horiek energia-kontsumo ia nuluko edo pasiboko eraikinak izan beharko dute».
Laurogeita hirugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.24 artikulua («Familiaren bizitegi-erabilera. E.3 Alderdi orokorrak») aldatzea.
Aldatu egiten da 2. apartatuko a) azpiapartatuaren ii) zenbakia, aldatu egiten da 2. apartatuko b) azpiapartatuaren lehenengo paragrafoa, indargabetu egiten da 2. apartatuko b) azpiapartatuaren ii) zenbakia, aldatu egiten da 5. apartatuko a) azpiapartatua, eta aldatu egiten da 5. apartatuko d) azpiapartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.24 artikulua:
«4.4.5.24 artikulua.– Familiaren bizitegi-erabilera. E.3. Alderdi orokorrak.
1.– Erabilera honetan sartzen da familia-unitateen bizitegi iraunkorra edo aldi baterakoa barne hartzeko eraikinetan gauzatzen den jarduera, horiek Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinean kokatuta daudenean eta lehen mailako baliabideen ustiapenerako erabilerarekin loturarik ez dutenean.
2.– Plan honek, hurrengo artikuluetan zehazten diren modalitateetako bakoitzerako erregulazio espezifiko batez, honako hauek jasotzen ditu:
a) Familiaren bizitegi-erabilera berria ezartzea, horretarako honako esku-hartze hauek gauzatuz:
i) Oin berrikoa, eraikinaren lurzati hartzaile batean. Kasu horietan, erabilera berria erabilera baimendutzat hartuko da.
ii) Zatitzekoa, erabilera baimendua, toleratua edo iraungia duen eraikin batean. Kasu horietan, erabilera berriak mantendu egingo du zatituko den eraikinaren erabilera baimenduaren edo toleratuaren izaera.
b) Lehendik dagoen eraikin batean oinarritutako familiaren bizitegi-erabilera iraungia berrezartzea, eraberritzeko esku-hartzearen bidez. Kasu horretan, erabilera berrezarria baimendutzat hartuko da hura Landa Guneko Eremu –T3– gisa kalifikatutako lurzoruetan gauzatzen denean, eta toleratutzat gainerako kasuetan.
Honako egoera hauetan, lehendik dauden eraikinetan ez da, inola ere, familiaren bizitegi-erabilera iraungia berrezarri ahal izango:
i) Antolamenduz kanpoko egoeran.
ii) (Indargabetuta).
iii) Ezaugarri arkitektonikoak edo arkeologikoak direla-eta, ezinezko egiten duen babes-maila bat dutenean.
3.– Eraikinaren lurzati hartzaileak bizitza bat edo batzuk hartzen dituen kontuan hartuta, Plan honek honako erabilera-modalitate hauek jasotzen ditu eraikinarentzat, oro har:
a) Bizitza bakarreko etxebizitza isolatua.
b) Bi bizitzako etxebizitza isolatua, lurzati hartzaile bakar batean.
c) Bi bizitzako etxebizitza isolatua, bi lurzati hartzailetan.
d) Bizitza anitzeko etxebizitza, bi lurzatitan.
e) Bizitza anitzeko etxebizitza, hainbat lurzatitan.
f) Etxebizitza kolektiboa.
4.– Erabilera horiek independenteak dira kokatzen diren bizitegi-eraikinen tipologiarengandik, Plan honetako III. tituluko 4. kapituluko 2. atalean erabiltzen den terminologiaren arabera.
5.– Eraikuntza-erabileren diseinuari buruz dagoeneko adierazi denaz gain, bizitegi-eraikinen diseinuan honako zehaztapen hauek hartu beharko dira kontuan:
a) Teilatu-hegalaren gehieneko altuera 5,60 m-koa izango da, eta gailurrarena 8,50 m-koa. Teilatu-hegala ezingo da jarri 4,50 m-tik beherako altueran. Nolanahi ere, erabilera osagarriak dituzten elementuek azaldutakoa baino teilatu-hegal txikiagoak eduki ahal izango dituzte.
b) Balkoiak edo antzekoak eginez gero, horien babesak zurezkoak edo beltzez pintatutako metalezkoak izango dira.
c) Luzetara orientatuko dira batez ere, ipar-hego norabidean. Orientazio hori aldatu egin ahal izango da, lursailaren ezaugarri orografikoek ezinezko egiten badute.
d) Estalkiak, isurialde bikoa eta maldaduna, hirugarren isurkin bat eduki ahal izango du, miru-buztan eran. Hark gutxienez % 30eko eta gehienez % 45eko malda izan beharko du. Gutxienez 1,00 m ateratzen diren teilatu-hegalak izango ditu.
Dena den, eta bolumen-konposizio osoan txertatuta geratzen denean, estalkiaren % 40rainoko zatia laua egin ahal izango da. Kasu horretan, landare-estalkia egin beharko da, eta mantentze-lanetarako bakarrik iritsi ahal izango da bertara.
e) Estalkian eguzki-panelak jarriz gero, horiek modu antolatuan kokatu beharko dira estalki gainean, hura fatxadako leihoen aurretiko bistako kokapenarekin bat etor dadin.
6.– Eraikina hartzen duen lurzatiak, erabilera ezarri aurretik, ur- eta argindar-zuzkidurako zerbitzuak eta kanpo-argiteria izan beharko ditu, baita bide publikora ematen duen gutxienez 5 metroko alde bat ere. Oin berriko esku-hartzeen bidez ezartzen diren familiaren bizitegi-erabileren kasuan, lurzatiak % 20tik beherako batez besteko malda duen edozein zonatan kokatu ahal izango da eraikina, gutxienez, eraikinaren okupaziotik bost metrotako perimetroan.
7.– Hondakin-uren ebakuazioa, jarduera ezarri aurretik sare orokorrarekiko lotura edo konexiorik ez badago eta lotura hori ezinezkoa bada, 4.1.2 artikuluan ezarritakoa bete beharko da
8.– Lurzati barneko urbanizazio-lanetarako baimendutako esku-hartzeak Plan honetako 3.3.3.12 artikuluan jasotakoak izango dira. Edonola ere, lurzatiek ezaugarri batzuk bete beharko dituzte; honako hauek, hain zuzen ere:
a) Bide publikorako sarbidea izan beharko dute ibilgailuentzat.
b) Barnean aparkaleku-plazetarako zona bat hartu ahal izango dute, bi ibilgailurentzako tokia izanik, oin berriko nahiz zatiketako esku-hartzeen bidez ezarri berriko etxebizitza bakoitzeko. Ibilgailu batentzako aparkaleku-plaza batek 20 m2ko azalera izan behar duela uste da. Etxebizitza berrietarako aparkaleku-zona landaretza edo bide-zoru iragazkorrak konbinatzen dituzten teknikak erabiliz egin beharko da.
9.– Familiaren bizitegi-erabilerak eraikinaren azalera eraiki guztia hartu ahal izango du, edo ez; edonola ere, eraikin batean familiaren bizitegi-erabilera badago, eraikin horren erabilera familiaren bizitegiarena dela joko da, dagokion modalitatean.
10.– Plan honen ondorioetarako, familia-unitate bat hartzen duen etxebizitza bakoitzak ezin izango du sukalde bat baino gehiago barne hartu. Txoko-erabilera osagarri lotua badu, hark etxebizitzarekin zuzenean komunikatuta egon beharko du».
Laurogeita laugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.25 artikulua («Bizitza bakarreko etxebizitza isolatua. E.3.1.») aldatzea.
Aldatu egiten dira 2. eta 3. apartatuak; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.25 artikulua:
«4.4.5.25 artikulua.– Bizitza bakarreko etxebizitza isolatua.
E.3.1.– 1.– Lurzati hartzaile batean familia-unitate batentzako bizilekua barne hartzen duen eraikin isolatuan kokatzen den etxebizitza-erabilera da.
2.– Plan honen ondorioetarako, erabilera hau oin berriko esku-hartzeen bidez bakarrik ezarri ahal izango da, Landa Gunearen Zona –T3.NR– gisa kalifikatutako lursailetan kokatuta dauden lurzatietan.
3.– Era berean, familiaren bizitegi-erabileraren mota hau berrezarri ahal izango da, eraberritzeko esku-hartzeen bidez, 4.4.5.24 artikuluan adieraziarekin bat etorriz, erabilera hori iraungi den lehendiko eraikinetan».
Laurogeita bosgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.26 artikulua («Bi bizitzako etxebizitza isolatua, lurzati hartzaile bakar batean. E.3.2.») aldatzea.
Indargabetu egiten da 2. apartatuko a) azpiapartatuko bigarren paragrafoa, aldatu egiten da 2. apartatuko b) azpiapartatuaren lehenengo paragrafoa, indargabetu egiten da 2. apartatuko b) azpiapartatuko ii) zenbakia, eta aldatu egiten da 3. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.26 artikulua:
«4.4.5.26 artikulua.– Bi bizitzako etxebizitza isolatua, lurzati hartzaile bakar batean. E.3.2.
1.– Lurzati hartzaile batean, bi familia-unitaterentzako bizilekua barne hatzen duen eta eraikin isolatuan kokatuta dagoen etxebizitza-erabilera da.
2.– Plan honen ondorioetarako, oin berriko esku-hartzeen bidez bakarrik ezarri ahal izango da erabilera hori:
a) Landa Gunearen Zona –T3.NR– gisa kalifikatutako lursailetan dauden lurzatietan oin berriko esku-hartzeak gauzatuz.
(Indargabetua).
b) Bizitza bakarreko baserrietan, errota, dorretxe eta etxe tradizionaletan dauden bizitza bakarreko etxebizitza isolatuak zatitzeko esku-hartzeen bidez. Edonola ere, eraikin horiek egoera baimenduan, toleratuan edo iraungian egon beharko dute, eta ez honako egoera hauetan:
i) Antolamenduz kanpoko egoeran.
ii) (Indargabetua).
iii) Gune Gainkategorian barneratutako kalifikazioen barnean, Ondare Arkeologikoko Zonak –N5.1– izan ezik, betiere, bere arkitektura- edo arkeologia-ezaugarriak direla-eta, hori ahalbidetzen duen babes-maila badu.
3.– Gainera, 4.4.5.24 artikuluan jasotako terminoetan, modalitate hori ezarri ahal izango da erabilera iraungia duten eta lehendik dauden eraikinetan».
Laurogeita seigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.28 artikulua («Bizitza anitzeko etxebizitza isolatua, lurzati hartzaile batean. E.3.4.») aldatzea.
Aldatu egiten da 3. apartatuko bigarren paragrafoa, eta indargabetu egiten da 3. apartatuko b) azpiapartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.28 artikulua:
«4.4.5.28 artikulua.– Bizitza anitzeko etxebizitza isolatua, lurzati hartzaile batean. E.3.4.
1.– Hiru edo lau familia-unitaterentzako bizilekua barne hartzen duen eraikin isolatuan dagoen eta lurzati hartzaile bakar batean kokatuta dagoen etxebizitza-erabilera da.
2.– Plan honen ondorioetarako, erabilera berri hau errotak, dorretxeak eta etxe tradizionalak zatitzeko eskuhartzeen bidez bakarrik ezarri ahal izango da.
3.– Edonola ere, erabilera hau lehendik dagoen eraikin batean ezartzeko baldintzak deskribatzen dituen proiektuak baldintza bat bete beharko du: lurzatian bertan, kanpotiko sarbide komun eta zuzena izan beharko du bizitza guztietarako, eta fatxadan ezin izango da xede horretarako bao berririk zabalduko.
Era berean, eraikin horiek baimenduta, toleratuta edo iraungita egon beharko dute, eta ez dira honako egoera hauetan egongo:
a) Antolamenduz kanpoko egoeran.
b) (Indargabetua).
c) Gune Gainkategorian barneratutako kalifikazioen barnean, Ondare Arkeologikoko Zonak –N5.1– izan ezik, betiere, bere arkitektura- edo arkeologia-ezaugarriak direla-eta, hori ahalbidetzen duen babes-maila badu».
Laurogeita zazpigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.29 artikulua («Bizitza anitzeko etxebizitza, bi lurzati hartzailetan. E.3.5.») aldatzea.
Aldatu egiten da 2. apartatuaren lehenengo paragrafoa, eta indargabetu egiten da 2. apartatuko b) azpiapartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.29 artikulua:
«4.4.5.29 artikulua.– Bizitza anitzeko etxebizitza, bi lurzati hartzailetan. E.3.5.
1.– Hiru edo lau familia-unitateren bizileku barne hartzen dituen Eraikin isolatu batean garatzen den etxebizitza-erabilera da; familia-unitate horietako bat edo bi Eraikinaren zati bateko lurzati hartzailean kokatzen dira, eta beste bat edo beste bi Eraikinaren beste aldeko lurzati hartzailean. Bi lurzatiak mugakideak dira, gutxienez, bizitza bat edo batzuk eta bestea edo beste batzuk hartzen dituen Eraikuntzako zonan.
2.– Plan honen ondorioetarako, bi bizitzako baserrietan –edo, hala badagokio, errota, dorretxe eta etxe tradizionaletan– dauden bi bizitzako etxebizitza isolatuak bi lurzati hartzailetan zatitzeko esku-hartzeen bidez ezarri ahal izango da erabilera hau. Edonola ere, eraikin horiek egoera baimenduan, toleratuan edo iraungian egon beharko dute, eta ez honako egoera hauetan:
a) Antolamenduz kanpoko egoeran.
b) (Indargabetua).
c) Gune Gainkategorian barneratutako kalifikazioen barnean, Ondare Arkeologikoko Zonak –N5.1– izan ezik, betiere, bere arkitektura- edo arkeologia-ezaugarriak direla-eta, hori ahalbidetzen duen babes-maila badu».
Laurogeita zortzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.30 artikulua («Etxebizitza kolektiboa. E.3.6.») aldatzea.
Indargabetu egiten da 3. apartatuko b) azpiapartatua, eta honela geratzen da idatzita 4.4.5.30 artikuluaren 3. apartatua:
«3.– Edonola ere, Eraikin horiek antolamendu barruko edo toleratuko egoeran egon beharko dute, eta ez honako egoera hauetan:
a) Antolamenduz kanpoko egoeran.
b) (Indargabetua).
c) Gune Gainkategorian barneratutako kalifikazioen barnean, Ondare Arkeologikoko Zonak –N5.1– izan ezik, betiere, bere arkitektura- edo arkeologia-ezaugarriak direla-eta, hori ahalbidetzen duen babes-maila badu».
Laurogeita bederatzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.34 artikulua («Igerileku-erabilera. E.4.3.») aldatzea.
Aldatu egiten dira 2. eta 5. apartatuak; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.34 artikulua:
«4.4.5.34 artikulua.– Igerileku-erabilera. E.4.3.
1.– Plan honek ez du bizitegi-erabilerarekin lotutako igerileku-erabilera osagarria jartzeko inolako eraikinik egitea jasotzen, baina erabilera hori, Planaren ondorioetarako, eta bizitegi-erabileraren osagarria izanik, atal honetan sartzen da.
2.– Erabilera hori bizitegi-erabileraren osagarri gisa ezarri ahal izango da, bai oin berrikoa denean, bai Landa Guneko Eremuetan –T3.NR– gauzatzen denean, baita Trantsizioko Landa Paisaiako Zonetan –T1.PRT–, % 30-45 bitarteko malda duen Baso Zonan –T2.F1– eta Landa Guneen Eremuetan –T3– dagoenean ere.
3.– Igerilekuaren neurriak 3,5 m x 8 m baino txikiagoak izango dira laukizuzenen kasuan, eta 3 m-ko erradioa baino txikiagokoak zirkularren kasuan.
4.– Lurzati hartzaileko beste edozein Eraikuntzaren loturatik aparteko lotura zuzena eta independentea izan beharko du ur-zuzkidura eta -ebakuaziorako sarearekin, dagokion uraren ziklo integrala arautzen duen ordenantzak jasotzen dituen baldintzetan.
5.– Ezin izango du urbanizazio gogorrik izan inguruan, eta ez du inolako lur-mugimendurik eragingo, ez bada inguruko lursaila erregularizatzeko beharrezkoa dena. Lursailaren topografia ez da 50 cm-tik gora aldatuko punturik okerrenean.
6.– Ez da igerilekua estaltzeko elementurik jarri ahal izango, olanak edo pertsianak izan ezik.
7.– Igerilekuetatik 2 m-ko tartea utzi beharko da, gutxienez, muga guztietara».
Laurogeita hamargarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.36 artikulua («Instalazio osagarrien erabilera.E.4.5.») aldatzea.
Aldatu egiten da 3. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«3.– Erabilera hori Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezin osoan ezarri ahal izango da, betiere erabilera baimendua, toleratua edo iraungia duen eraikuntzaren barnean kokatzen bada. Hark ez du, inola ere, 20 m2-tik gorako azalera izango».
Laurogeita hamaikagarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.4.5.38 artikulua («Lanabesak eta makineria txikia biltegiratzeko eta landare-espezieen hazkuntza eta autokontsumorako instalazioak. E.6.») aldatzea.
Aldatu egiten dira 2. apartatuaren lehenengo paragrafoa, 2. apartatuko b) azpiapartatua eta 3. apartatuko lehenengo paragrafoa; beraz, honela geratzen da idatzita 4.4.5.38 artikulua:
«4.4.5.38 artikulua.– Lanabesak eta makineria txikia biltegiratzeko eta landare-espezieen hazkuntza eta autokontsumorako instalazioak. E.6.
1.– Tresnak eta makineria txikia biltegiratzeko eta landare-espezieak landu eta kontsumitzeko instalazioak egitea aurreikusten du Plan honek; horretarako, oin berriko esku-hartzeak gauzatuko dira. Instalazio horiek jarraian zehazten diren zehaztapenei jarraikiz gauzatu behar dira:
a) Bi kasuetan, instalazioa 3.000 m2ko lurzati hartzaileetan kokatu beharko da gutxienez, eta 5 m baino gehiagoko tartera egon beharko du lurzatiaren mugetatik eta bide publikotik; horrez gain, beste arau sektorial batzuk ezartzen dituzten tarteak bete beharko dira.
b) Instalazio horiek ezartzeko, lizentzia lortzeko beharrezko dokumentazioari honako hauek gehitu beharko zaizkio: lurzatiaren planoa eta instalazioaren kokapen zehatza, eta instalazioaren beharrari buruzko justifikazio xehatua, idatzia eta grafikoa.
2.– Tresnak eta makineria txikia biltzeko instalazioek honako zehaztapen hauek bete beharko dituzte:
a) Oin berriko horrelako instalazioak eraiki ahal izango dira lurzoruen kalifikazioak honako hauek direnean:
i) Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuak –T1–.
ii) Landa Gunearen Eremuak –T.3–.
b) Horrelakoak eraikitzeko, instalazioa hartuko duen lurzatiak 3.000 m2-ko azalera izan beharko du gutxienez. Lurzati hartzailean zatitzeko esku-hartzea gauza daitekeen bizitegi-eraikin bat badago, ez da instalazio hori gauzatu ahal izango.
c) Instalazio horiek honako ezaugarri hauek izango dituzte:
i) Neurriz laukizuzenak izango dira, 2,5 x 3,5 m-koak.
ii) Isurialde bateko edo biko estalki bidez egin beharko dira, eta gailurra luzetara jarri beharko da. Teilatu-hegalaren altuera 2,40 m-koa izango da, eta gailurrarena, berriz, 2,80 m-koa. Estalkiaren akabera gorri kolorekoa izango da.
iii) Fatxadako itxiturek zuriz edo zurez zarpiatutako akabera izango dute, 0,15 m zabaleko oholak erabilita. Bao bakarra izan dezakete, sarrerako baoari dagokiona, hain zuzen ere.
iv) Horrelakoak egiteko, 0,20 m lodiko hormigoi armatuzko zolata bat egin ahal izango da, betiere hark lanabesetarako lokalaren fatxada-planoen mugak gainditzen ez baditu.
d) Instalazio horiek ez dute bizileku-izaera izango, eta ezin izango dute bizitegirako elementurik izan, tximiniarik, antenarik edo higiene-zerbitzurik, esaterako, ezta inolako zerbitzu berririk ere, instalazioari ur-hartune bat eta harraska bat hornitzeko beharrezko ur-zuzkidura baino ez. Kasu horretan, jarduera txertatu aurretik sare orokorrerako loturarik ez badago, hondakin-urak 4.1.2 artikuluan ezarritako moduan hustu beharko dira.
e) Era berean, horrelako instalazioak ezarri ahal izango dira honako leku hauetan:
i) Lehendik dauden eta erabilera baimendua, toleratua edo iraungia duten Eraikuntzetan, Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetan –T1– eta Landa Gunearen Eremuetan –T3– daudenean.
ii) Itsasadarreko Ertzak Babesteko Eremuetan –B1– eta Kostaldea Babesteko Eremuetan –B2– dauden eta erabilera toleratua duten Eraikuntzetan, betiere itsaso-lehorreko jabari publikoa babesteko zortasun-zonatik kanpo badaude.
iii) Ibai Sarearen Eremuan –B4.1– dauden eta erabilera toleratua duten Eraikuntzetan.
iv) Ondare Arkitektonikoko Zonetan –N5.1– dauden eta erabilera baimendua edo toleratua duten Eraikuntzetan.
3.– Landareen landaketarako eta autokontsumorako instalazioak hezetasuna, tenperatura eta landareen landaketa ahalbidetzeko beste zenbait giro-faktore egonkor mantentzeko aterpeak izango dira, material gardenekin artifizialki estaliak eta babestuak. Horrelakoak ezartzeko, honako zehaztapen hauek bete beharko dira:
a) Lur gainean eta paraleloan jarritako arku-erdiz itxuratutako instalazioak izango dira, eta gehienez ere 36 m2ko azalera eraikia izango dute. Plastiko gardenez estaliko dira, eta ezingo da bertako lurzoru ez den beste bat jarri, ezta zimendurik, zolatarik eta hornidura elektrikorik ere.
b) Horrelakoak eraikitzeko, instalazioa hartuko duen lurzatiak 2.000 m2ko azalera izan beharko du gutxienez.
c) Horrelako instalazioak honako kalifikazio hauek dituzten lurzoruetan eraiki ahal izango dira:
i) Nekazaritzako, Abeltzaintzako eta Landazabaleko Intereseko Eremuetako Trantsizioko Landa Paisaiako Zonak –T1. PRT–.
ii) Landa Gunearen Eremuak –T.3–».
Laurogeita hamabigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 4.6.3 artikulua («Lehendik dauden eta erabilera toleratuak dituzten Eraikuntzetan erabilera aldatzea eragiten ez duten esku-hartzeak») aldatzea.
Aldatu egiten da 4.6.3 artikuluaren b) azpiapartatuaren bigarren paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:
«Era berean, landaguneen eremuetan kokatutako eraikuntzak berreraiki ahal izango dira».
Laurogeita hamahirugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 5.1.2 artikulua («Administrazioaren esku-hartzeetarako araubidea») aldatzea.
Indargabetu egiten da 3. apartatuko b) azpiapartatua, aldatu egiten da 3. apartatuko c) azpiapartatua, aldatu egiten da 3. apartatuko e) azpiapartatua, aldatu egiten da 4. apartatuko lehenengo paragrafoa, indargabetu egiten da 4. apartatuko b) azpiapartatua, aldatu egiten da 4. apartatuko c) azpiapartatuaren lehenengo paragrafoa, erantsi egiten da 4. apartatuko e) azpiapartatua, eta indargabetu egiten da 7. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 5.1.2 artikulua:
«5.1.2 artikulua.– Administrazioaren esku-hartzeetarako araubidea.
1.– Legez eska daitezkeen lizentziez eta baimenez gain, titulu honetan identifikatzen diren lurzoru-erabilerak eta eraikuntza-ekintzak Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinaren eremuan gauzatu nahi direnean, horiek hurrengo artikuluetan jasotzen den administrazioaren esku hartzeko araubidea bete beharko dute.
Era berean, administrazioaren esku hartzeko araubidea bete beharko dute Plan honetan tipifikatzen diren garapen-tresnek, baita Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinaren eremuan eragiten duten hiri-antolamenduko planak eta plan sektorial, jarduketa-programa edo lurralde-plangintzako gainerako tresnek –ingurumen nahiz hirigintza, turismo, hezkuntza edo beste edozein arlotakoa– ere.
2.– Horretarako, Plan honek hiru prozedura-mota hauek bereizten ditu:
a) Plan hau gauzatzeko garatzen diren jarduerei buruzkoak; horiek behar bezala jakinarazi beharko dira Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuaren osoko batzar edo zuzendari-kontserbatzailearen bitartez.
b) Plan honetan tipifikatzen diren garapen-tresnei buruzkoa, baita Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinaren eremuan eragiten duten hiri-antolaketako planak eta gainerako plan sektorial, jarduketa-programa edo lurralde-plangintzako tresnei buruzkoa –ingurumen nahiz hirigintza, turismo, hezkuntza edo beste edozein arlotakoa– ere; horiek Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuaren osoko batzarraren bitartez jakinarazi beharko dira.
c) Eusko Jaurlaritzaren ingurumen arloko organoak Gune Gainkategoriaren eremuan gauzatzen diren jarduketa jakin batzuetarako eman behar duen baimenari buruzkoa.
3.– Honako hauek izango dira Patronatuaren osoko batzarraren txostena beharko duten kasuak:
a) Gune eta Gunearen Babes Gainkategorietan gauzatzen diren ingurumena lehengoratzeko proiektu guztiak.
b) (Indargabetua).
c) Proiektua behar duten ala ez kontuan hartu gabe, Gunearen Gainkategorian gauzatu nahi diren lurzoruaren erabilera edo eraikuntza-ekintza guztiak, salbu eta Uraren Euskal Agentziak (URA) Urdaibaiko ibai sarearen eremuan –N4– txostena emandako edo baimendutako likido-isurketen kasuan.
d) Urdaibaiko Biosfera Erreserbako lurzoru urbanizaezinaren eremuan egin nahi diren ikerkuntza-proiektu guztiak.
e) Plan hau garatzeko plan bereziak eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako ingurune fisikoan eragina duten hiri-antolamenduko plan orokorrak eta beste edozein bateragarritasun-plan edo plan sektorial edo jarduketa-programa.
Patronatuaren osoko batzarraren akordio bidez, Batzorde Iraunkorraren esku utzi ahal izango dira Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babesteari eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legeak aipatzen dituen eginkizunak.
4.– Zuzendari-kontserbatzailearen txostena beharko duten kasuak honako hauek izango dira:
a) Trantsizio Gainkategorian gauzatzen diren ingurumena lehengoratzeko proiektu guztiak
b) (Indargabetua).
c) Lurzoruaren erabilera edo eraikuntza aldatzea dakarten eraikuntzako esku-hartzeak gauzatzeko beharrezkoak diren proiektuak, salbu eta Gunearen Babes Gainkategorian gauzatzen diren eta zatiketa edo loturarako esku-hartzeen bidez egiten direnak:
i) Oin berriko Eraikuntza iraunkorretako eraikuntzako esku-hartzeak, horiek Trantsizio Gainkategoriako edozein kalifikaziotan gauzatzen direnean; horietatik salbuetsiko dira Landa Nukleoko Eremuetako Landa Nukleo Zonako bizitza bakarreko edo bi bizitzako eraikinak eta lanabesak eta makineria txikia gordetzeko eta landare-espezieen laborantza eta autokontsumorako instalazioak.
ii) Ingurumenaren gaineko ebaluaziorik behar ez duen azpiegituretan gauzatutako edozein eraikuntzako esku-hartze mota.
iii) Erabilera-aldaketa eragiten duten eraikuntzako esku-hartzeak.
d) Trantsizioko Gainkategorian gauzatzen diren eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar duten eraikuntzako esku-hartzeak garatzeko beharrezko diren proiektuak.
e) Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa behar ez duten lurzoruaren erabilerak edo eraikuntza-ekintzak gauzatzeko beharrezko diren proiektu guztiak, horiek Gunearen Babes Gainkategorian gauzatzen direnean.
5.– Ingurumen arloko organoaren baimena beharko da, derrigorrez, Gune Gainkategoriaren eremuan honako lurzoruaren erabilera eta eraikuntza-ekintza hauek garatu aurretik:
a) Natura aztertu eta behatzeko instalazio iraunkorretarako eta ez-iraunkorretarako.
b) Saneamendu-jarduerak gauzatu eta garatzeko instalazioetarako.
c) Harea edo lohi-buztina dragatu eta isurtzeko.
d) Ontzi motordunen zirkulaziorako. Mapeko errekaren bokaletik uretan gora.
e) Mareaz gaindiko eremuetan ekipamendu komunitarioak handitzeko, horiek lezoi, muna edo uraren zirkulazio-sistemari eusteko hormen bidez isolatuta daudenean eta hiri-okupazioa dutenean –N1.3–.
Baimen hori administrazio-ekintza bat da, eta haren bidez, Autonomia Erkidegoko Administrazioak behar bezala egiaztatzen eta zehazten du lehen aipatutako erabilera- eta eraikuntza-ekintzek Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babesteari eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legeak eta Plan honek eskatzen dituzten baldintzak betetzen dituztela. Jarduketak Patronatuaren txostena behar izan duen kasuetan, baimena ofizioz izapidetuko da eta organo substantiboari igorriko zaio; azken horrek, hala badagokio, kopia bat helaraziko dio sustatzaileari.
6.– 3. eta 4. zenbakietan identifikatutako txostenak derrigorrezkoak eta ez lotesleak izango dira. Dena den, ezin izango da inolako lizentziarik edo baimenik eman Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babesteari eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legeak edo Plan honek ezartzen duenaren kontra.
7.– (Indargabetua)».
Laurogeita hamalaugarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 5.1.3 artikulua («Definizioak») aldatzea.
Erantsi egiten da 5. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«5.– Organo informatzailea: Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuaren Osoko Bilkura edo Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zuzendari-kontserbatzailea, erabakitzen denaren arabera».
Laurogeita hamabosgarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 5.1.4 artikulua («Plana gauzatzeko proiektuei eta jarduerei buruzko txostenak emateko prozedura. Alderdi orokorrak») aldatzea.
Aldatu egiten da 5.1.4 artikuluaren 1. apartatuaren lehenengo paragrafoa, eta honela idatzita geratzen da:
«1.– Plan hau gauzatzean garatzen diren jarduketek, indarrean den legediari jarraikiz, aldez aurretik baimena, lizentzia edo jakinarazpena behar badute, organo substantiboak eskuratuko du Patronatuaren osoko bilkurak edo zuzendari-kontserbatzaileak baimenaren aurretik eman beharreko nahitaezko txostena. Organo substantiboak zehaztuko du zein izango den organo informatzailea».
Laurogeita hamaseigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 5.1.7 artikulua («Planei buruzko txostenak emateko prozedurak. Alderdi orokorrak») aldatzea.
Aldatu egiten da 5.1.7 artikuluaren 1. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«1.– Plan bereziek, bai eta hiri-antolamenduko plan orokorrek eta Urdaibaiko Biosfera Erreserbako ingurune fisikoan eragin dezaketen gainerako plan sektorial edo jarduketa-programek ere, hasierako onespena jaso ostean, eta jendaurreko fasearen ostean, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatuaren osoko bilkuraren aldeko erabakia beharko dute».
Laurogeita hamazazpigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 5.1.9 artikulua («Kontsulta-araubidea») aldatzea.
Aldatu egiten da 1. apartatua, eta erantsi egiten da 3. apartatua; beraz, honela geratzen da idatzita 5.1.9 artikulua:
«5.1.9 artikulua.– Kontsulta-araubidea.
1.– Jendeak, oro har, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzura jo ahal izango du Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan honen interpretazioari buruzko hirigintza- edo ingurumen-kontsultak egiteko, 5.1.2 artikuluan ezarritako esku-hartze administratibo jakin bati dagokionez.
2.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zuzendari-kontserbatzaileak, gehienez hiru hilabeteko epean, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuak prestatutako txosten teknikoaren kopia igorriko du; txosten hori egiteko unean, egindako kontsultaren kasuan aplikagarriak diren arauei buruzko irizpide teknikoei jarraituko zaie. Txostenak izaera informatzailea izango du, eta ez du, inola ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuaren Osoko Bilkuraren edo zuzendari-kontserbatzailearen nahitaezko txostena ordezkatuko plan hau aplikatuz beharrezkoa den kasuetan, betiere Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babesteari eta Antolatzeari buruzko uztailaren 6ko 5/1989 Legean 18.3 artikuluari eta/edo Plan honetan zehaztutakoari jarraikiz.
3.– Administrazio publikoek kontsulta egin ahal izango dute plana esku-hartze jakin batean aplikatzeari buruz».
Laurogeita hemezortzigarren artikulua.– Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana onartzen duen irailaren 27ko 139/2016 Dekretuaren 5.2.3 artikulua («Plan bereziak») aldatzea.
Indargabetu egiten da 5.2.3 artikuluaren 4. apartatua, eta honela idatzita geratzen da:
«5.2.3 artikulua.– Plan Bereziak.
1.– Plan bereziek Plan honetako helburuak lortzea ahalbidetuko dute, Plana gauzatzeko aurreikusitako zehaztapenak garatzen dituen hirigintza eta ingurumen arloko erregulazio xehatuaren bidez.
2.– Plan bereziak behar bezala egokituko zaizkio antolamendu xehatuko mota horretako tresnei dagokienez lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak edo haren ordezko arauak aurreikusten duenari.
3.– Ingurumen-ebaluazio estrategikoari buruzko araudiak hala eskatzen duenean, plan bereziek hura betetzeko beharrezko dokumentazioa izan beharko dute.
4.– (Indargabetua)».
AZKEN XEDAPEN BAKARRA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko otsailaren 3an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,
MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.
RSS