
45. zk., 2026ko martxoaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (157 KB - 6 orri.)
- EPUB (146 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1007
26/2026 DEKRETUA, martxoaren 3koa, zeinaren bidez formalizatzen baita Transferentzien Batzorde Mistoaren Erabakia, laneko segurtasun eta higienearen arloan abenduaren 18ko 2557/1985 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-baliabideak gehitzen dituena.
Transferentzien Batzorde Mistoak hartutako erabakiaren 2. artikuluan ezarritakoa betez (irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erabakia), eta bertan ezartzen diren formalizazio-izapideak betetze aldera, dekretu honen xedea da, alde batetik, formalizatzea Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2026ko urtarrilaren 16an egin zuen osoko bilkuran hartutako erabakia –erabaki horren bidez, gehitu egiten dira laneko segurtasun eta higienearen arloan abenduaren 18ko 2557/1985 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-baliabideak–, eta, bestetik, dagokion sailari atxikitzea ondare-baliabide horiek.
Horren ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 3an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Formalizatzea Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2026ko urtarrilaren 16ko osoko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez gehitu egiten baitira laneko segurtasun eta higienearen arloan abenduaren 18ko 2557/1985 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-baliabideak, martxoaren 4ko 171/2026 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan. Halaber, agintzea errege-dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratu dadila, dekretu honen eranskin gisa.
2. artikulua.– Eskualdatutako ondare-baliabideak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita egongo dira aurrerantzean.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 3an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
ERANSKINA, MARTXOAREN 3KO 26/2026 DEKRETUARENA
171/2026 ERREGE DEKRETUA, MARTXOAREN 4KOA, ZEINAREN BIDEZ GEHITZEN BAITIRA LANEKO SEGURTASUN ETA HIGIENEAREN ARLOAN ABENDUAREN 18KO 2557/1985 ERREGE DEKRETUAREN BITARTEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATU ZITZAIZKION ESTATUKO ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZUEI ATXIKITAKO ONDARE-BALIABIDEAK
Konstituzioaren 149.1.7 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari lan-legegintzaren arloan, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoetako organoen ardura izan daitekeela lege horiek betearaztea. Halaber, 149.1.29 artikuluak, Estatuari aitortzen dio segurtasun publikoaren gaineko eskumen esklusiboa.
Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan ezartzen denez –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartu zuen–, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuaren legeria betearaztea gai honetan: lan-legeria, bere gain hartuz Estatuak lan-harremanen inguruan gaur egun dituen ahalmenak eta eskumenak; bai eta, Estatuko goi-ikuskaritzarekin batera, Estatuaren zerbitzuak antolatzeko, gidatzeko eta zaintzeko ahalmena ere, lan-arloko legegintza betearazteko, lan-baldintzak gizartearen garapen eta aurrerapen mailaren araberakoak izan daitezen, langileen kualifikazioa eta prestakuntza integrala sustatuz.
Abenduaren 18ko 2557/1985 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari, laneko segurtasun eta higienearen arloan, Estatuko Administrazioaren zerbitzuak eskualdatzea onartu zen; horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku geratu ziren Laneko Segurtasun eta Higieneko Kabinete Tekniko Probintzialek egiten zituzten eginkizunak.
Eta, azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren funtzionamendua arautzen dute, eta ezartzen dute zer eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16ko bileran, erabaki zuen gehitu egingo direla laneko segurtasun eta higienearen arloan abenduaren 18ko 2557/1985 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-baliabideak. Erabaki hori Espainiako Gobernuari bidali zaio, errege-dekretu bidez onartzeko.
Ondorioz, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatzen dena betez, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluaren 2026ko martxoaren 3ko bileran aztertuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Batzorde Mistoaren erabakia onartzea.
Onartu egiten da Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoak hartutako erabakia, zeinaren bidez gehitu egiten baitira laneko segurtasun eta higienearen arloan abenduaren 18ko 2557/1985 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-baliabideak. Erabaki hori batzorde horrek hartu zuen 2026ko urtarrilaren 16ko osoko bilkuran, eta errege-dekretu honen eranskin gisa transkribatu da.
Bigarrena.– Eskualdatutako zerbitzuei atxikitako ondare-baliabideak gehitzea.
Horrenbestez, gehitu egin dira laneko segurtasun eta higienearen arloan abenduaren 18ko 2557/1985 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-baliabideak, Batzorde Mistoak hartu duen erabakian ezarri bezala eta erabakian bertan zehaztutako moduan eta baldintzetan.
Hirugarrena.– Baliabideak gehitzearen eraginkortasun-data.
Batzorde Mistoaren erabakian agertzen den egunetik aurrera izango du eragina baliabideak gehitzeak.
Laugarrena.– Argitalpena eta ondorioak.
Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
ERANSKINA, MARTXOAREN 4KO 171/2026 ERREGE DEKRETUARENA
Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoko idazkariak direnez, hau
ZIURTATZEN DUTE:
Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran, erabakia hartu zuela laneko segurtasun eta higienearen arloan abenduaren 18ko 2557/1985 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-baliabideak gehitzeko, hemen adierazten den moduan:
A) Baliabideak gehitzea babesten duten konstituzio-, estatutu- eta lege-arauen erreferentzia.
Konstituzioaren 149.1.7 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari lan-legegintzaren arloan, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoetako organoen ardura izan daitekeela lege horiek betearaztea. Halaber, 149.1.29 artikuluak, Estatuari aitortzen dio segurtasun publikoaren gaineko eskumen esklusiboa.
Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan ezartzen denez –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartu zuen–, Euskal Herriko Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuaren legeria betearaztea gai honetan: lan-legeria, bere gain hartuz Estatuak lan-harremanen inguruan gaur egun dituen ahalmenak eta eskumenak; bai eta, Estatuko goi-ikuskaritzarekin batera, Estatuaren zerbitzuak antolatzeko, gidatzeko eta zaintzeko ahalmena ere, lan-arloko legegintza betearazteko, lan-baldintzak gizartearen garapen eta aurrerapen mailaren araberakoak izan daitezen, langileen kualifikazioa eta prestakuntza integrala sustatuz.
Abenduaren 18ko 2557/1985 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari, laneko segurtasun eta higienearen arloan, Estatuko Administrazioaren zerbitzuak eskualdatzea onartu zen; horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esku geratu ziren Laneko Segurtasun eta Higieneko Kabinete Tekniko Probintzialek egiten zituzten eginkizunak.
Eta, azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak Transferentzien Batzorde Mistoaren funtzionamendua arautzen dute, eta ezartzen dute zer eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.
Konstituzio-, estatutu- eta lege-arau horietan oinarrituta formalizatuko da laneko segurtasun eta higienearen arloan abenduaren 18ko 2557/1985 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-baliabideak gehitzeko erabakia.
B) Gehitzen diren ondasun, eskubide eta betebeharrak.
1.– Gehitu egiten dira laneko segurtasun eta higienearen arloan abenduaren 18ko 2557/1985 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren zerbitzuei atxikitako ondare-baliabideak, 1. zerrendan zehazten den Laneko Segurtasun eta Osasuneko Institutu Nazionalaren eraikineko gainerako azalera eskualdatuta, bertan jasotako baldintzetan.
2.– Gehitze horrek eragina duen datatik aurrera, autonomia-erkidegoa subrogatu egingo da ondasun eskualdatuaren titulartasunari dagozkion eskubide eta betebeharretan.
3.– Makineria Egiaztatzeko Zentro Nazionalak beretzat gordetzen du eskualdatutako eraikinean gaur egun okupatuta daudenek behar dituzten espazioak denbora mugagaberako erabiltzeko eskubidea, beren eginkizunak betetzen jarraitzeko Estatuko Administrazio Orokor osorako, dagokion hitzarmen, akordio edo bestelako lankidetza-tresnaren baten bidez hartzen diren gastuen, mantentze- eta hobekuntza-obren eta zerga-kargen esleipenaren eta banaketaren arabera, espazio komunei dagozkienak barne.
4.– Erabaki hau onartzen duen errege-dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hilabetera sinatu beharko da entrega- eta harrera-akta.
5.– Zerrenda horretan zuzenketa edo aldaketarik egin beharko balitz, administrazio biek aurretiaz egiaztatuta egingo dira. Horretarako, Transferentzien Batzorde Mistoko Idazkaritzak ziurtagiri bat egingo du.
C) Dokumentazioa eta espedienteak entregatzea.
Gehitu diren ondare-baliabide atxikien dokumentazioa eta espedienteak entregatzeko, halakorik balego, hilabeteko epea egongo da, erabaki hau onartzeko errege-dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.
D) Baliabideak gehitzearen eraginkortasun-data.
Erabaki honetan azaltzen diren ondare-baliabide atxikiak gehitzeak erabaki hau onartzeko errege-dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.
Eta hala jasota gera dadin, ziurtagiri hau egiten da, Madrilen, 2026ko urtarrilaren 16an. Batzorde Mistoko idazkariak, Jorge García Carreño jauna eta Begoña Pérez de Eulate González andrea.
RSS