
45. zk., 2026ko martxoaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (150 KB - 6 orri.)
- EPUB (156 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1006
25/2026 DEKRETUA, martxoaren 3koa, zeinaren bidez formalizatzen den Transferentzien Batzorde Mistoaren Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketari atxikitako giza baliabideak.
Transferentzien Batzorde Mistoak hartutako erabakiaren 2. artikuluan ezarritakoa betez (irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erabakia), eta bertan ezartzen diren formalizazio-izapideak betetze aldera, dekretu honen xedea da, alde batetik, formalizatzea Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2026ko urtarrilaren 16ko osoko bilkuran hartutako erabakia –erabaki horren bidez ezarri da Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkiola familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketari atxikita dauden giza baliabideak–, eta, bestetik, dagokion sailari atxikitzea eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak.
Horren ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 3an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Formalizatzea Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2026ko urtarrilaren 16an hartutako erabakia, familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketari atxikitako giza baliabideei buruzkoa, 174/2026 martxoaren 4ko Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan. Halaber, agintzea errege-dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratu dadila, dekretu honen eranskin gisa.
2. artikulua.– Eskualdatutako giza baliabideak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita egongo dira aurrerantzean.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 3an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
ERANSKINA, MARTXOAREN 3KO 25/2026 DEKRETUARENA
174/2026 ERREGE DEKRETUA, MARTXOAREN 4KOA, ZEINAREN BIDEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATZEN ZAIZKION FAMILIA-PRESTAZIO EZ-KONTRIBUTIBOEN ETA JAIOTZAGATIKO ETA ADINGABEEN ZAINTZAGATIKO SUBSIDIO EZ-KONTRIBUTIBOAREN KUDEAKETARI ATXIKITAKO GIZA BALIABIDEAK
Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari konstituzio-eskubideak egikaritzeko eta konstituzio-eginbeharrak betetzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze aldera. Gainera, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluaren arabera, Estatuaren eskumen esklusibokoak dira Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoa, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak betearazi ahal izatea.
Era berean, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 351.– 362. eta 373. artikuluen bidez, familia-prestazio ez-kontributiboak arautzen dira; prestazio horiek pertsona jakin batzuei familia-erantzukizunak izateagatik eta, zenbait kasutan, seme-alabak jaiotzeagatik edo adoptatzeagatik sortutako premia ekonomikoari edo gehiegizko gastuei erantzuteko dira.
Izaera ez-kontributibo hori du, halaber, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 181. eta 182. artikuluetan araututako jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboak, araubide orokorrean sartutako langileei dagokienez. Horrez gain, beste hauei ere hedatzen zaie: Gizarte Segurantzako norberaren konturako langileen edo langile autonomoen araubide bereziko langileei (318.a) artikulua) eta Gizarte Segurantzako ikatz-meatzaritzako araubide bereziko langileei (lehen xedapen gehigarria), baldin eta, 177. artikuluan aurreikusitako jaiotza, adopzio, adopzio-helburuko zaintza edo familia-harrera gertatuta, baldintza guztiak betetzen badituzte 177. artikulutik 180. artikulura araututako jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko prestazioa eskuratzeko, 178. artikuluan ezarritako gutxieneko kotizazio-aldia izan ezik.
Izaera ez-kontributibo bera du urriaren 21eko 47/2015 Legearen 24.3 artikuluak aurreikusitako jaiotzagatiko subsidioak (lege horrek itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babesa arautzen du).
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 18. artikuluan xedatzen duenez, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea –salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea. Orobat, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizun eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.
Halaber, Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16ko osoko bilkuran, hitzarmena egiteko erabakia hartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain har dezan familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa.
Eta, azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute zer eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.
Arau horiek oinarritzat harturik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16ko bileran, erabaki zuen familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketari atxikitako giza baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea. Erabaki hori Espainiako Gobernuari bidali zaio, errege-dekretu bidez onartzeko.
Ondorioz, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatzen dena betez, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluaren 2026ko martxoaren 3ko bileran aztertuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Batzorde Mistoaren erabakia onartzea.
Onartu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoak 2026ko urtarrilaren 16ko bilkuran hartutako erabakia, familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketari atxikita dauden giza baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeari buruzkoa. Erabaki hori errege-dekretu honen eranskin gisa transkribatu da.
Bigarrena.– Atxikitako giza eskubideak eskualdatzea.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketari atxikitako giza baliabideak, Batzorde Mistoak hartu duen erabakian ezarri bezala eta erabakian bertan zehaztutako moduan eta baldintzetan.
Hirugarrena.– Eskualdatzearen eraginkortasun-data.
Batzorde Mistoaren erabakian adierazten den egunetik aurrera izango du eragina eskualdatzeak.
Laugarrena.– Argitalpena eta ondorioak.
Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
ERANSKINA, MARTXOAREN 4KO 174/2026 ERREGE DEKRETUARENA
Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoko idazkariak direnez, hau
ZIURTATZEN DUTE:
Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran, erabakia hartu zuela Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketari atxikitako giza baliabideak, hemen adierazten den moduan:
A) Eskualdatzea babesten duten konstituzio-, estatutu- eta lege-arauen erreferentzia.
Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari konstituzio-eskubideak egikaritzeko eta konstituzio-eginbeharrak betetzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze aldera. Gainera, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluaren arabera, Estatuaren eskumen esklusibokoak dira Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoa, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak betearazi ahal izatea.
Era berean, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 351.– 362. eta 373. artikuluen bidez, familia-prestazio ez-kontributiboak arautzen dira; prestazio horiek pertsona jakin batzuei familia-erantzukizunak izateagatik eta, zenbait kasutan, seme-alabak jaiotzeagatik edo adoptatzeagatik sortutako premia ekonomikoari edo gehiegizko gastuei erantzuteko dira.
Izaera ez-kontributibo hori du, halaber, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 181. eta 182. artikuluetan araututako jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboak, araubide orokorrean sartutako langileei dagokienez. Horrez gain, beste hauei ere hedatzen zaie: Gizarte Segurantzako norberaren konturako langileen edo langile autonomoen araubide bereziko langileei (318.a) artikulua) eta Gizarte Segurantzako ikatz-meatzaritzako araubide bereziko langileei (lehen xedapen gehigarria), baldin eta, 177. artikuluan aurreikusitako jaiotza, adopzio, adopzio-helburuko zaintza edo familia-harrera gertatuta, baldintza guztiak betetzen badituzte 177. artikulutik 180. artikulura araututako jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko prestazioa eskuratzeko, 178. artikuluan ezarritako gutxieneko kotizazio-aldia izan ezik.
Izaera ez-kontributibo bera du urriaren 21eko 47/2015 Legearen 24.3 artikuluak aurreikusitako jaiotzagatiko subsidioak (lege horrek itsasoko eta arrantzako sektoreko langileen gizarte-babesa arautzen du).
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 18. artikuluan xedatzen duenez, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea –salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea. Orobat, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizun eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.
Halaber, Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16ko osoko bilkuran, hitzarmena egiteko erabakia hartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain har dezan familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa.
Eta, azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute zer eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.
Horietan oinarrituta formalizatuko da familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketari atxikitako giza baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko erabakia.
B) Eskualdatzen diren giza baliabideak.
Eskualdatzen diren giza baliabideei atxikitako lanpostu hutsak honi erantsitako 1. zerrendan daude zehaztuta. Zerrenda horietan zuzenketarik edo moldaketarik egin beharko balitz, administrazio biek aurretiaz egiaztatuta egingo dira. Horretarako, Transferentzien Batzorde Mistoko Idazkaritzak ziurtagiri bat egingo du.
C) Eskualdatzearen eraginkortasun-data.
Erabaki honen xede den eskualdatzeak data honetatik aurrera izango du eragina: eraginkorra denean Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena ezartzeko Transferentzien Batzorde Mistoak hartu zuen erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain har dezan familia-prestazio ez-kontributiboen eta jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko subsidio ez-kontributiboaren kudeaketa.
Eta hala jasota gera dadin, ziurtagiri hau egiten da, Madrilen, 2026ko urtarrilaren 16an. Batzorde Mistoko idazkariak, Jorge García Carreño jauna eta Begoña Pérez de Eulate González andrea.
RSS