
45. zk., 2026ko martxoaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (606 KB - 34 orri.)
- EPUB (1967 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1005
24/2026 DEKRETUA, martxoaren 3koa, zeinaren bidez formalizatzen den Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, langabezia-babesaren kudeaketari atxikitako ondare-baliabideak eta giza baliabideak eskualdatzeko.
Transferentzien Batzorde Mistoak hartutako erabakiaren 2. artikuluan ezarritakoa betez (irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erabakia), eta bertan ezartzen diren formalizazio-izapideak betetze aldera, dekretu honen helburua da formalizatzea Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2026ko urtarrilaren 16an egin zuen osoko bilkuran hartutako erabakia, langabezia-babesaren kudeaketari atxikitako ondare-baliabideak eta giza baliabideak eskualdatzeko.
Horren ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 3an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Formalizatzea Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2026ko urtarrilaren 16an hartutako erabakia, langabezia-babesaren kudeaketari atxikitako ondare-baliabideak eta giza baliabideak eskualdatzeko, martxoaren 4ko 173/2026 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan. Halaber, agintzea errege-dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitara dadila, dekretu honen eranskin gisa.
2. artikulua.– Eskualdatutako ondare-baliabideak eta giza baliabideak Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita egongo dira aurrerantzean.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 3an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,
MIGUEL TORRES LORENZO.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
ERANSKINA, MARTXOAREN 3KO 24/2026 DEKRETUARENA
173/2026, ERREGE DEKRETUA, MARTXOAREN 4KOA, ZEINAREN BIDEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATZEN BAITZAIZKIO LANGABEZIA-BABESAREN KUDEAKETARI ATXIKITAKO ONDARE-BALIABIDEAK ETA GIZA BALIABIDEAK
Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari konstituzio-eskubideak egikaritzeko eta konstituzio-eginbeharrak betetzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze aldera. Horrez gain, 149.1.7 artikuluak xedatzen du Estatuak eskumen esklusiboa duela laneko legeriaren arloan, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek gauzatzea hura. Bestalde, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluaren arabera, Estatuaren eskumen esklusibokoak dira Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoa, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak betearazi ahal izatea.
Halaber, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak –urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua– III. tituluan arautzen du langabezia-kontingentziaren babesa, baldin eta, lan egin ahal eta nahi izanik, enplegua galtzen badute edo kontratua etenda edo lanaldi arrunta murriztuta badute. Langabezia-babesa maila kontributiboan eta asistentzialean egituratzen da. Bi maila horiek publikoak eta nahitaezkoak dira.
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 18. artikuluan xedatzen duenez, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea –salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea. Orobat, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizun eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.
Halaber, Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena egiteko erabakia hartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain har dezan langabezia-babesaren kudeaketa.
Eta, azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute zer eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.
Arau horiek oinarritzat harturik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16ko bileran, erabaki zuen langabezia-babesaren kudeaketari atxikitako ondare-baliabideak eta giza baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea. Erabaki hori Espainiako gobernuari bidali zaio, errege-dekretu bidez onartzeko.
Ondorioz, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatzen dena betez, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluaren 2026ko martxoaren 3ko bileran aztertuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Batzorde Mistoaren erabakia onartzea.
Onartu egiten da Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean adierazitako Batzorde Mistoak hartutako erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko langabezia-babesaren kudeaketari atxikitako ondare-baliabideak eta giza baliabideak. Erabaki hori batzorde horrek hartu zuen 2026ko urtarrilaren 16ko osoko bilkuran, eta errege-dekretu honen eranskin gisa transkribatu da.
Bigarrena.– Atxikitako ondare-baliabideak eta giza baliabideak eskualdatzea.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio langabezia-babesaren kudeaketari atxikitako ondare-baliabideak eta giza baliabideak, Batzorde Mistoak hartu duen erabakian ezarri bezala eta erabakian bertan zehaztutako moduan eta baldintzetan.
Hirugarrena.– Eskualdatzearen eraginkortasun-data.
Batzorde Mistoaren erabakian adierazten den egunetik aurrera izango du eragina eskualdatzeak.
Laugarrena.– Argitalpena eta ondorioak.
Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
ERANSKINA, MARTXOAREN 4KO 173/2026 ERREGE-DEKRETUARENA
Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoko idazkariak direnez, hau
ZIURTATZEN DUTE:
Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran, erabakia hartu zuela Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko langabezia-babesaren kudeaketari atxikitako ondare-baliabideak eta giza baliabideak, hemen adierazten den moduan:
A) Eskualdatzea babesten duten konstituzio- estatutu- eta lege-arauen erreferentziak.
Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari konstituzio-eskubideak egikaritzeko eta konstituzio-eginbeharrak betetzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze aldera. Horrez gain, 149.1.7 artikuluak xedatzen du Estatuak eskumen esklusiboa duela laneko legeriaren arloan, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek gauzatzea hura. Bestalde, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluaren arabera, Estatuaren eskumen esklusibokoak dira Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoa, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak betearazi ahal izatea.
Halaber, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginak –urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua– III. tituluan arautzen du langabezia-kontingentziaren babesa, baldin eta, lan egin ahal eta nahi izanik, enplegua galtzen badute edo kontratua etenda edo lanaldi arrunta murriztuta badute. Langabezia-babesa maila kontributiboan eta asistentzialean egituratzen da. Bi maila horiek publikoak eta nahitaezkoak dira.
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 18. artikuluan xedatzen duenez, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea –salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea. Orobat, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizun eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.
Halaber, Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena egiteko erabakia hartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain har dezan langabezia-babesaren kudeaketa.
Eta, azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute zer eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.
Arau horietan oinarrituta formalizatuko da langabezia-babesaren kudeaketari atxikitako ondare-baliabideak eta giza baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko erabakia.
B) Eskualdatzen diren ondasun, eskubide eta betebeharrak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio langabezia-babesaren kudeaketari dagozkion ondasun, eskubide eta betebeharrak, zeinak 1. eta 2. zerrenda atxikietan zehazten baitira, zerrenda horietan ezarritako baldintzetan.
2.– Eskualdatze horrek eragina duen datatik aurrera, autonomia-erkidegoa subrogatu egingo da ondasun eskualdatuaren titulartasunari dagozkion eskubide eta betebeharretan.
3.– Eskualdatzeak eragina duenetik hiru hilabeteko epean sinatuko dira, hala badagokio, entrega- eta harrera-aktak.
4.– Eskualdatzeak eragindako erantsitako 2. zerrendako kontratuei dagokienez –betearazte-prozesuan daude–, Euskal Autonomia Erkidegoa subrogatu egiten da Estatuko Administrazioak erabaki honen eraginkortasun-datan duen posizioan.
5.– Zerrenda horietan zuzenketarik edo eguneraketarik egin beharko balitz, administrazio biek aurretiaz egiaztatuta egingo dira. Horretarako, Transferentzien Batzorde Mistoko Idazkaritzak ziurtagiri bat egingo du.
6.– Horrez gain, 91.795,76 euro eskualdatzen zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoari, behin bakarrik.
C) Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkion giza baliabideak.
1.– Eskualdatzen diren ondare-baliabideei eta giza baliabideei atxikitako lanpostuak honi erantsitako 3. zerrendan daude zehaztuta. Zerrenda horietan zuzenketarik edo moldaketarik egin beharko balitz, administrazio biek aurretiaz egiaztatuta egingo dira. Horretarako, Transferentzien Batzorde Mistoko Idazkaritzak ziurtagiri bat egingo du.
2.– Bi administrazioek egiaztatu ondoren, Transferentzien Batzorde Mistoko Idazkaritzak egindako ziurtagiriaren bidez, eskualdatutako ondare-baliabideei eta giza baliabideei atxikitako langileen izenak identifikatuko dira, erabaki honek eragina izan baino lehen.
Langile horiek Euskal Autonomia Erkidegoaren mendeko izatera pasatuko dira Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak eta kasu bakoitzean aplikagarri diren gainerako arauek legez aurreikusitako baldintzetan, eta bakoitzaren langile-espedientean zehazten diren inguruabar berdinetan.
Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak eskualdatzea eta administrazio-egoera berria jakinaraziko dizkie interesdunei, Transferentzien Batzorde Mistoko Idazkaritzak eskualdatutako langileen izen-zerrenda ziurtatu bezain laster.
Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunei, halaber, lekualdatuko diren langileen espediente guztien kopia ziurtatua bidaliko zaie, bai eta sortutako kopuruei dagozkien hartzekoen ziurtagiriak ere.
D) Eskualdatzearen eraginkortasun-data.
Eskualdatze honen xede den aldaketa eraginkorra izango da eraginkor denean Transferentzien Batzorde Mistoaren osoko bilkurak Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena ezartzeko hartu zuen erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain har dezan langabezia-babesaren kudeaketa.
Eta hala jasota gera dadin, ziurtagiri hau egiten da, Madrilen, 2026ko urtarrilaren 16an. Batzorde Mistoko idazkariak, Jorge García Carreño jauna eta Begoña Pérez de Eulate González andrea.
RSS