
45. zk., 2026ko martxoaren 6a, ostirala
- Bestelako formatuak:
- PDF (167 KB - 9 orri.)
- EPUB (131 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
XEDAPEN OROKORRAK
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
SEGURTASUN SAILA
1004
23/2026 DEKRETUA, martxoaren 3koa, zeinaren bidez formalizatzen baita Transferentzien Batzorde Mistoaren Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko euskal itsasbazterrari dagozkion barne-uretako eta jurisdikziopeko uretako itsas salbamenduari buruzko Estatuko legeria betetzeko eginkizunak eta zerbitzuak.
Transferentzien Batzorde Mistoak hartutako erabakiaren 2. artikuluan ezarritakoa betez (irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erabakia), eta bertan ezartzen diren formalizazio-izapideak betetze aldera, dekretu honen xedea da, alde batetik, formalizatzea Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2026ko urtarrilaren 16an egin zuen osoko bilkuran hartutako erabakia –erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio euskal itsasbazterrari dagozkion barne-uretako eta jurisdikziopeko uretako itsas salbamenduari buruzko Estatuko legeria betetzeko eginkizunak eta zerbitzuak–, eta, bestetik, dagokion sailari atxikitzea eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak.
Horren ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta Segurtasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 3an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Formalizatzea Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2026ko urtarrilaren 16ko osoko bilkuran hartutako erabakia, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen baitzaizkio euskal itsasbazterrari dagozkion barne-uretako eta jurisdikziopeko uretako itsas salbamenduari buruzko Estatuko legeria betetzeko eginkizunak eta zerbitzuak, martxoaren 4ko 175/2026 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan. Halaber, agintzea errege-dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratu dadila, dekretu honen eranskin gisa.
2. artikulua.– Eskualdatutako eginkizunak eta zerbitzuak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari atxikita egongo dira aurrerantzean.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 3an.
Lehendakaria,
IMANOL PRADALES GIL.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.
Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,
MARÍA UBARRECHENA CID.
Segurtasuneko sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
ERANSKINA, MARTXOAREN 3KO 23/2026 DEKRETUARENA
175/2026 ERREGE DEKRETUA, MARTXOAREN 4KOA, ZEINAREN BIDEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATZEN BAITZAIZKIO EUSKAL ITSASBAZTERRARI DAGOZKION BARNE-URETAKO ETA JURISDIKZIOPEKO URETAKO ITSAS SALBAMENDUARI BURUZKO ESTATUKO LEGERIA BETETZEKO EGINKIZUNAK ETA ZERBITZUAK
Konstituzioaren 149.1.20 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari merkataritza-nabigazioaren arloan. Halaber, 149.1.29 artikuluak, Estatuari aitortzen dio segurtasun publikoaren gaineko eskumen esklusiboa.
Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 12.10 artikuluan ezartzen denez –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartu zuen–, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuaren legeria betearaztea gai honetan: itsas salbamendua, euskal itsasbazterrari dagozkion Estatuaren uretan. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun publikoaren eskumenak ditu, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 17. artikuluaren arabera.
Gainera, Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen testu bateginaren 264.5 artikuluan xedatzen denez –irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen–, autonomia-estatutuetan berezko eskumen gisa beren gain hartu duten autonomia-erkidegoei dagokie Estatuko legeria betetzea itsas salbamenduaren gainean, beren itsasbazterrari dagozkion jurisdikziopeko uretan; eskumen horren barruan dago, beti, zehatzeko ahala.
Eta, azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute zer eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.
Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16ko bileran, erabaki zuen Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea euskal itsasbazterrari dagozkion barne-uretako eta jurisdikziopeko uretako itsas salbamenduari buruzko Estatuko legeria betetzeko eginkizunak eta zerbitzuak. Erabaki hori Espainiako Gobernuari bidali zaio, errege-dekretu bidez onartzeko.
Ondorioz, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatzen dena betez, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluaren 2026ko martxoaren 3ko bileran aztertuta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Batzorde Mistoaren erabakia onartzea.
Onartu egiten da Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aurreikusitako Batzorde Mistoak hartutako erabakia, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen baitzaizkio euskal itsasbazterrari dagozkion barne-uretako eta jurisdikziopeko uretako itsas salbamenduari buruzko Estatuko legeria betetzeko eginkizunak eta zerbitzuak. Erabaki hori batzorde horrek hartu zuen 2026ko urtarrilaren 16ko osoko bilkuran, eta errege-dekretu honen eranskin gisa transkribatu da.
Bigarrena.– Eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzea.
Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio euskal itsasbazterrari dagozkion barne-uretako eta jurisdikziopeko uretako itsas salbamenduari buruzko Estatuko legeria betetzeko eginkizunak eta zerbitzuak, Batzorde Mistoak hartu duen erabakian ezarri bezala eta erabakian bertan zehaztutako moduan eta baldintzetan.
Hirugarrena.– Eskualdatzearen eraginkortasun-data.
Batzorde Mistoaren erabakian adierazten den egunetik aurrera izango du eragina eskualdatzeak.
Laugarrena.– Argitalpena eta ondorioak.
Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.
ERANSKINA, MARTXOAREN 4KO 175/2026 ERREGE-DEKRETUARENA
Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoko idazkariak direnez, hau
ZIURTATZEN DUTE:
Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran, erabakia hartu zuela Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko euskal itsasbazterrari dagozkion barne-uretako eta jurisdikziopeko uretako itsas salbamenduari buruzko Estatuko legeria betetzeko eginkizunak eta zerbitzuak, hemen adierazten den moduan:
A) Eskualdatzea babesten duten konstituzio-, estatutu- eta lege-arauen erreferentzia.
Konstituzioaren 149.1.20 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari merkataritza-nabigazioaren arloan. Halaber, 149.1.29 artikuluak, Estatuari aitortzen dio segurtasun publikoaren gaineko eskumen esklusiboa.
Bestalde, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 12.10 artikuluan ezartzen denez –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak onartu zuen–, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuaren legeria betearaztea gai honetan: itsas salbamendua, euskal itsasbazterrari dagozkion Estatuaren uretan. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoak segurtasun publikoaren eskumenak ditu, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren 17. artikuluaren arabera.
Gainera, Estatuko Portuei eta Merkataritzako Nabigazioari buruzko Legearen testu bateginaren 264.5 artikuluan xedatzen denez –irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen–, autonomia-estatutuetan berezko eskumen gisa beren gain hartu duten autonomia-erkidegoei dagokie Estatuko legeria betetzea itsas salbamenduaren gainean, beren itsasbazterrari dagozkion jurisdikziopeko uretan; eskumen horren barruan dago, beti, zehatzeko ahala.
Eta, azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute zer eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.
Arau horietan oinarrituta formalizatuko da euskal itsasbazterrari dagozkion barne-uretako eta jurisdikziopeko uretako itsas salbamenduari buruzko Estatuko legeria betetzeko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko erabakia.
B) Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkion eginkizunak eta zerbitzuak.
Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkio euskal itsasbazterrari dagozkion barne-uretako eta jurisdikziopeko uretako itsas salbamenduari buruzko Estatuko legeria betetzeko eginkizunak eta zerbitzuak, Estatuak ezarritako araudiaren eta Itsas Bilaketa eta Salbamenduari buruzko 1979ko Nazioarteko Hitzarmenaren (SAR hitzarmena) esparruan. Ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ditu, bere eskumenen baitan, bereziki, jarraian adierazten diren eginkizun eta zerbitzuak:
a) Bilaketa- eta salbamendu-zerbitzuak ematea, itsas salbamenduaren arloko Estatuko legeriarekin bat etorriz, eta erabaki honen erabaki osagarrian zehaztutako baldintzetan.
b) B.a) apartatuko bilaketa- eta salbamendu-zerbitzuen prestazioa zuzendu eta koordinatzea, itsas salbamenduaren arloko Estatuko legeriarekin bat etorriz, hargatik eragotzi gabe Estatuko Administrazio Orokorrari dagozkion eginkizunak, erabaki honen erabaki osagarrian zehaztutako baldintzetan.
c) Itsas salbamendurako zerbitzuak planifikatzea, haien jarduna koordinatzeko, indartzeko eta langile espezializatuak prestatzeko, Pertsonak itsasoan salbatzeko eta itsas ingurunearen kutsaduraren aurka egiteko Zerbitzu Berezien Plan Nazionalaren jarraibideak betez.
d) Eskualdatzen diren eginkizun eta zerbitzuen arloko prestakuntza.
e) Itsas salbamenduko jarduketen tasak ordainaraztea, hala badagokio, eta zerbitzu horietatik eratorritako gastuak erreklamatzea.
f) Eskualdatzen diren eginkizun eta zerbitzuen arloko zehatzeko ahala.
C) Estatuko Administrazio Orokorrak beretzat gordetzen dituen eginkizun eta zerbitzuak.
Eginkizun eta zerbitzu hauek Estatuko Administrazio Orokorrarenak izaten jarraituko dute:
a) Itsas salbamenduaren arloko legeria eta erregelamenduak egiteko ahala.
b) Itsas salbamenduaren arloko nazioarteko tresnak negoziatzea eta prestatzea, eta ordezkaritza izatea Europar Batasunaren eremuetan edo gaiari buruzko nazioarteko edozein forotan (aldebikoak edo aldeaniztunak), hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoak ere foro horietan parte hartzea.
c) Pertsonak itsasoan salbatzeko eta itsas ingurunearen kutsaduraren aurka egiteko Zerbitzu Berezien Plan Nazionala onartzea, bai eta itsasoko kutsadura-gertaera bati erantzuteko sistema nazionalaren kontingentzia-plan estatalak ere.
d) Pertsonak salbatzeko eta bilatzeko eta itsas kutsaduraren aurka egiteko gaitasuna duten bitartekoen jarduerak koordinatzeko gidalerroak ezartzea administrazioetan eta gainerako erakunde publiko zein pribatuetan.
e) Itsasoko trafikoa kontrolatzeko sistema, eskualdeko eta tokiko koordinazio-zentroak ezarriz.
f) Itsas salbamenduko operazioak zuzendu eta koordinatzea, operazio horiek nazio-mailako zuzendaritza behar dutenean, pertsonak itsasoan bilatu eta salbatzeko elementu hertsiez bestelakoak daudenean larrialdian, edo hondamendi- edo larrialdi-egoera batean kaltetua gerta daitekeen nazio-mailako edo erkidegoz gaindiko mailako interesen bat dagoelako.
g) Ontzietatik datorren itsas kutsaduraren aurka egiteko operazioak zuzentzea, itsas hondoratze edo istripu bati lotuta egon zein ez, kutsadura saihesteko edo minimizatzeko prebentzio-neurriak hartzea eta garbiketa-lanak egitea kutsadura gertatu ondoren, edo itsasoko istripu edo gertaera batetik eratorritako beste edozein zerbitzu, itsasoko kutsadura-gertaera bati erantzuteko sistema nazionalaren plangintzak xedatzen duenaren esparruan.
D) Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak batera eta partekatuta dituzten eginkizunak, eta lankidetza-modu instituzionalak.
1.– Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetzarako bide egokiak izango dituzte itsas salbamenduaren arloan.
Horretarako, hitzarmenak, akordioak edo bestelako lankidetza-tresnak landuko dituzte, ahalik eta eraginkorrena izan dadin erantzun koordinatua eta efizientea larrialdi-egoeretan eta bilaketa- eta salbamendu-egoeretan, kontuan hartuta zein anitz, konplexu eta elkarri lotuak diren itsas ingurunean edo horri lotuta gertatzen diren egoerak. Tresna horiek lankidetza-mekanismo eraginkorrak sustatuko dituzte bi administrazioen artean, erabateko koordinazioa lortzeko arlo horretan gerta daitezkeen larrialdien kudeaketan, bakoitzaren eskumenen esparruan, gorabeherak aurreikusten dituzten eta gailuen titulartasunak esleitzea ahalbidetzen duten tresna eta protokoloen bidez, laguntza operatibo espezifikoa emateko haien giza taldeak eta ekipo materialak baliatuta.
Zehazki, Estatuko Administrazio Orokorrak eta Euskal Autonomia Erkidegoak lankidetzan jardungo dute, eta behin-behinean parte hartuko dute, prestakuntza-programak diseinatzen eta gauzatzen eskualdatuko diren eginkizun eta zerbitzuen arloan.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoa eskualdatzeko erabaki honen eremuan gertatzen diren itsasoko istripu eta gertaeren ikerketa teknikoan lankidetzan aritu dadila sustatuko du Estatuko Administrazio Orokorrak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoak Pertsonak itsasoan salbatzeko Zerbitzu Berezien EAEko Plana egingo du, Itsas Salbamenduko Plan Nazionalarekin koordinatuta.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoak itsas salbamenduari buruzko nazioarteko foroetan eta, bereziki, Bizkaiko Golkoari buruzkoetan parte har dezala sustatuko du Estatuko Administrazio Orokorrak.
4.– Euskal itsasbazterrari dagozkion barne-uretan eta jurisdikziopeko uretan pertsonak bilatzeko eta salbatzeko operazioak aktibatu, zuzendu eta koordinatzeko, aurreko apartatuetan ezarritakoa beteko da.
Horretarako, Euskal Autonomia Erkidegoak Bilboko Salbamendua Koordinatzeko Zentroan parte har dezala sustatuko du Estatuko Administrazio Orokorrak, ziurtatzeko bi administrazioek koordinatuta jardungo dutela etengabeko komunikazioa, informazio-trukea, bitarteko eta baliabideen ekarpen eta mobilizazioa eta erabakiak hartzea erraztu eta bermatzen.
5.– Lankidetza eta koordinazioa egokiak izango direla bermatzeko, Jarraipen eta Koordinazio Batzorde Misto bat sortuko da. Batzorde horren osaera parekidea izango da, eta batzordekideak sei izango dira, hiruna kide izendatuko baitituzte Estatuko Administrazioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak. Batzorde Misto horrek informazioa bidaltzeko lana antolatuko du, bakoitzari dagozkion eginkizunak betetzen diren zainduko du, eta erabaki hau interpretatu, gauzatu eta betetzean sor daitezkeen arazoei erantzungo die.
Zehazki, Jarraipen eta Koordinazio Batzorde Mistoak lankidetza eta koordinazioa sustatuko ditu euskal itsasbazterrari dagozkion barne-uretan eta jurisdikziopeko uretan bilaketa- eta salbamendu-zerbitzuak emateko arloan; hala, sor daitezkeen betearazte-arazoei helduko die eta kudeaketa horri buruzko gatazkak eta desadostasunak konponduko ditu.
Era berean, batzordekide titularrek aztertzea eskatzen duten gaien espezifikotasunaren arabera, komeni diren pertsonek parte hartu ahal izango dute Batzorde Mistoaren bileretan; inola ere ez dute titular horien ordezkaritza bereganatuko. Era berean, gai espezifikoak garatzeko lantalde mistoak sortu ahal izango dira batzorde horren tutoretzapean.
Jarraipen eta Koordinazio Batzorde Mistoaren ardura izango da, bere baldintzei eta aurreikuspenei jarraituz, erabaki honen erabaki osagarria gauzatzea, autonomia-erkidegoak mailaz maila har ditzan bere gain B.a) eta B.b) apartatuetan zerrendatutako eginkizunak.
Batzorde Mistoa urtean behin bilduko da gutxienez, eta, horrez gainera, bi administrazioetako edozeinek eskatzen duenean, zeregin hauek egiteko:
a) Aktibazio-prozedurak eta jarduketa- eta koordinazio-protokoloak aztertu eta ezartzea, ahalik eta eraginkortasun handiena lortzeko itsas salbamenduaren arloko baterako lanean.
b) Elkarri ematea helburu horiek lortzeko beharrezkoa den informazioa, bai eta itsas salbamenduko bitartekoei buruzkoa eta, hala badagokio, bitarteko horiek aldatzeko ezar daitezkeen planei buruzkoa ere.
c) Itsas larrialdietan esku hartzen duten pertsonen prestakuntza espezifikoa areagotzea eta homogeneizatzea, prestakuntza- eta gaikuntza-programak eginez pertsonak itsasoan bilatzeko eta salbatzeko operazioak egiten dituzten langile propioentzat edo kontratatuentzat, dauden baliabideak eta instalazioak horretarako erabiltzea bultzatuz.
d) Ariketak eta praktikak batera egitea, dagokion plangintzan ezarritako aldizkakotasunarekin.
E) Eskualdatzen diren Estatuaren ondasun, eskubide eta betebeharrak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoa oso-osorik subrogatzen da Estatuko Administrazio Orokorrak, Itsasoko Salbamendu eta Segurtasun Elkartea (SASEMAR) enpresa-entitate publikoaren bidez, Itsasoko Salbamendu eta Segurtasun Elkartearen eta Espainiako Gurutze Gorriaren arteko hitzarmenean duen posizioan, arriskuan dauden pertsonak itsasoan bilatu eta salbatzeko eta itsas kutsaduraren aurka egiteko arloan, erantsi den 1. zerrendan ageri diren ontziei dagokien zatian, eta bere gain hartuko ditu erabaki honek eragina duen egunean aitortuta ez dauden eskubide eta betebehar guztiak.
2.– Zerrenda horietan zuzenketa, moldaketa edo eguneratzerik egin beharko balitz eraginkortasun-datan, administrazio biek aurretiaz egiaztatuta egingo dira. Horretarako, Transferentzien Batzorde Mistoko Idazkaritzak ziurtagiri bat egingo du.
F) Eskualdatzearen eraginpeko aurrekontu-kredituak.
1.– Estatuko Administrazio Orokorrak Euskal Autonomia Erkidegoari eginkizunak eta zerbitzuak eskualdatzeari lotutako estatu-mailako urteko kostu osoa 2. zerrendan jasotzen da.
2.– Dokumentu honen H) apartatuan ezarritako eraginkortasun-datan, 6.377.873,31 euro transferitzen zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoari, behin bakarrik eta estatu-mailako urteko kostu osoan sartu gabe, eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuei lotutako bitartekoen monetarizazio gisa.
G) Eskualdatzen diren eginkizun eta zerbitzuen dokumentazioa eta espedienteak.
Eskualdatutako eginkizun eta zerbitzuen dokumentazioa eta espedienteak Jarraipen eta Koordinazio Batzorde Mistoak ezartzen duen epean entregatuko dira, B).a) eta B).b) apartatuetan zerrendatutako eginkizunak mailaz maila bere gain hartu ahala.
H) Eskualdatzearen eraginkortasun-data.
Erabaki honen xede diren eginkizun eta zerbitzuen eskualdatzeak 2026ko urriaren 1etik aurrera izango du eragina, erabaki honen erabaki osagarrian jasotakoaren arabera.
Eta hala jasota gera dadin, ziurtagiri hau egiten da, Madrilen, 2026ko urtarrilaren 16an. Batzorde Mistoko idazkariak, Jorge García Carreño jauna eta Begoña Pérez de Eulate González andrea.
1. ZERRENDA
ESKUALDATZEAREN ERAGINPEKO ONDASUN, ESKUBIDE ETA BETEBEHARREN ZERRENDA
Espainiako Gurutze Gorriaren titulartasuneko edo atxikitako beste erabilera-lagapen batzuen bidez hark operatutako salbamendu-ontziak, Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuak. Ontzi horiei dagokienez, Itsasoko Salbamendu eta Segurtasun Elkartearen eta Espainiako Gurutze Gorriaren arteko 2024ko otsailaren 6ko Hitzarmenean subrogatu behar da autonomia-erkidegoa, arriskuan dauden pertsonak itsasoan bilatu eta salbatzeko eta itsas kutsaduraren aurka egiteko arloan (martxoaren 7ko Estatuko Aldizkari Ofiziala, 59. zk.):
(Ikusi .PDF Fitxategia)
2. ZERRENDA
ESTATU-MAILAKO URTEKO KOSTU OSOA
(Milaka eurotan, 2023)
17. atala. Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioa
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Erabaki honen eraginkortasun-data igaro eta hurrengo ordainketa-epearen barruan egingo da Euskal Autonomia Erkidegoak Itsasoko Salbamendu eta Segurtasun Elkartearen eta Espainiako Gurutze Gorriaren arteko hitzarmenean Estatuko Administrazio Orokorraren posizioan duen subrogazioari dagokion aurrekontu-kredituaren kupoaren minorazioa, arriskuan dauden pertsonak itsasoan bilatu eta salbatzeko eta itsas kutsaduraren aurka egiteko arloan.
Gainerako aurrekontu-kredituen kupoari dagokion minorazioa bigarren fasearen eta, hala badagokio, ondoz ondoko faseen eraginkortasun-data igaro eta hurrengo ordainketa-epearen barruan egingo da, eskualdatutako zeregin eta zerbitzuetan Estatuko Administrazio Orokorra ordezteko epeak kontuan hartuta, Jarraipen eta Koordinazio Batzorde Mistoak erabakitakoaren arabera.
RSS