Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

45. zk., 2026ko martxoaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIA, LAN ETA ENPLEGU SAILA
OGASUN ETA FINANTZA SAILA
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
1003

22/2026 DEKRETUA, martxoaren 3koa, zeinaren bidez formalizatzen baita Transferentzien Batzorde Mistoaren Erabakia, eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako eta uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako bitartekoak aldatzen dituena.

Transferentzien Batzorde Mistoak hartutako erabakiaren 2. artikuluan ezarritakoa betez (irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuaren bidez onartu zen erabakia), eta bertan ezartzen diren formalizazio-izapideak betetze aldera, dekretu honen helburua da Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2026ko urtarrilaren 16an egin zuen osoko bilkuran hartutako erabakia onartzea.

Horren ondorioz, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak eta Ogasun eta Finantzetako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2026ko martxoaren 3an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Formalizatzea Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko Transferentzien Batzorde Mistoak 2026ko urtarrilaren 16an hartutako erabakia, zeinaren bidez aldatzen baitira eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako eta uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako bitartekoak, martxoaren 4ko 172/2026 Errege Dekretuan ezarritako baldintzetan. Halaber, agintzea errege-dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratu dadila, dekretu honen eranskin gisa.

2. artikulua.– Aldaketa-dekretutik eratorritako eginkizunak eta zerbitzuak Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailari atxikita egongo dira aurrerantzean.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2026ko martxoaren 3an.

Lehendakaria,

IMANOL PRADALES GIL.

Jaurlaritzako bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua,

MIGUEL TORRES LORENZO.

Ogasun eta Finantzetako sailburua,

NOËL D'ANJOU OLAIZOLA.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.

ERANSKINA, MARTXOAREN 3KO 22/2026 DEKRETUARENA
172/2026 ERREGE DEKRETUA, MARTXOAREN 4KOA, ZEINAREN BIDEZ ALDATZEN BAITIRA ESKOLA-ASEGURUKO OSASUN-PRESTAZIOEN KUDEAKETARI ATXIKITAKO ETA UZTAILAREN 14KO 667/2020 ERREGE DEKRETUAREN BIDEZ EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUALDATUTAKO BITARTEKOAK

Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari konstituzio-eskubideak egikaritzeko eta konstituzio-eginbeharrak betetzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze aldera. Bestalde, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluaren arabera, Estatuaren eskumen esklusibokoak dira Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoa, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak betearazi ahal izatea.

Espainian eskola-asegurua ezartzeko 1953ko uztailaren 17ko Legearen 1. artikuluan nahitaezko eskola-asegurua ezartzen da, gizarte-aurreikuspenean jarduteko, unibertsitateaz kanpoko eta unibertsitateko ikasketetan matrikulatutako ikasle guztien mesedetan, espainiarrak zein atzerritarrak izan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailatik aurrera edo batxilergoko ikasturteetan, gehienez 28 urtera arte; horrela, babes eta laguntza handiagoa izango dute ustekabeko eta aurreikusteko moduko inguruabarrak gertatzen badira, eta familia-ezbeharragatiko, istripuagatiko, gaixotasunagatiko eta graduatuari laguntzeko prestazioak aurreikusiko dira, aipatutako legearen 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 18. artikuluan xedatzen duenez, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea –salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea. Orobat, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizun eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.

Uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako bitartekoak.

Halaber, Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena egiteko erabakia hartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain har dezan eskola-aseguruaren kudeaketa.

Eta, azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute zer eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.

Arau horiek oinarritzat harturik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak aurreikusitako Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16ko bileran, erabaki zuen eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako eta uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako bitartekoak aldatzea. Erabaki hori Espainiako gobernuari bidali zaio, errege-dekretu bidez onartzeko.

Ondorioz, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean xedatzen dena betez, Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak proposatuta eta Ministro Kontseiluaren 2026ko martxoaren 3ko bilkuran aztertuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Batzorde Mistoaren erabakia onartzea.

Onartu egiten da Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, zeinaren bidez aldatzen baitira eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako eta uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako bitartekoak. Erabaki hori 2026ko urtarrilaren 16ko bileran hartu zuen Batzordeak, eta errege-dekretu honen eranskin gisa transkribatu da.

Bigarrena.– Atxikitako bitartekoak aldatzea.

Ondorioz, aldatu egiten dira eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako eta uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako bitartekoak, Batzorde Mistoak hartu duen erabakian ezarri bezala eta erabakian bertan zehaztutako moduan eta baldintzetan.

Hirugarrena.– Aldaketaren eraginkortasun-data.

Batzorde Mistoaren erabakian agertzen den egunetik aurrera izango du eragina aldaketa horrek.

Laugarrena.– Argitalpena eta ondorioak.

Errege-dekretu hau aldi berean argitaratuko da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

ERANSKINA, MARTXOAREN 4KO 172/2026 ERREGE DEKRETUARENA

Jorge García Carreño jaunak eta Begoña Pérez de Eulate González andreak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrean aipatzen den Batzorde Mistoko idazkariak direnez, hau

ZIURTATZEN DUTE:

Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran, erabakia hartu zuela eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako eta uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako bitartekoak aldatzeko, hemen adierazten den moduan:

A) Aldaketa babesten duten konstituzio-, estatutu- eta lege-arauen erreferentzia.

Konstituzioaren 149.1.1 artikuluak eskumen esklusiboa ematen dio Estatuari konstituzio-eskubideak egikaritzeko eta konstituzio-eginbeharrak betetzeko, espainiar guztien berdintasuna bermatzen duten oinarrizko baldintzak arautze aldera. Bestalde, Konstituzioaren 149.1.17 artikuluaren arabera, Estatuaren eskumen esklusibokoak dira Gizarte Segurantzaren oinarrizko legegintza eta araubide ekonomikoa, hargatik eragotzi gabe autonomia-erkidegoek haren zerbitzuak betearazi ahal izatea.

Espainian eskola-asegurua ezartzeko 1953ko uztailaren 17ko Legearen 1. artikuluan nahitaezko eskola-asegurua ezartzen da, gizarte-aurreikuspenean jarduteko, unibertsitateaz kanpoko eta unibertsitateko ikasketetan matrikulatutako ikasle guztien mesedetan, espainiarrak zein atzerritarrak izan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. mailatik aurrera edo batxilergoko ikasturteetan, gehienez 28 urtera arte; horrela, babes eta laguntza handiagoa izango dute ustekabeko eta aurreikusteko moduko inguruabarrak gertatzen badira, eta familia-ezbeharragatiko, istripuagatiko, gaixotasunagatiko eta graduatuari laguntzeko prestazioak aurreikusiko dira, aipatutako legearen 4. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua– 18. artikuluan xedatzen duenez, Gizarte Segurantzaren arloan, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio Estatuko oinarrizko legeria lege bidez garatu eta betearaztea –salbu eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa mamitzen duten arauak– eta Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoa kudeatzea. Orobat, 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak, horretarako, lehen aipatu diren gaiekin lotutako zerbitzu guztiak antolatu eta kudeatu ahal izango ditu bere lurraldean, eta Gizarte Segurantzaren arloko erakunde, entitate eta fundazioak gainbegiratuko ditu, betiere Estatuak beretzat gordeta artikulu horretan jasota dauden eginkizun eta eskumenak betetzera bideratutako goi-ikuskaritza.

Uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako bitartekoak.

Halaber, Transferentzien Batzorde Mistoak, 2026ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena egiteko erabakia hartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain har dezan eskola-aseguruaren kudeaketa.

Eta, azkenik, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bigarren xedapen iragankorrak eta irailaren 26ko 2339/1980 Errege Dekretuak ezartzen dute zer eratan eta zer prozeduraren bidez eskualdatu behar zaizkion Euskal Autonomia Erkidegoari Estatuko Administrazioaren zerbitzuak.

Arau horietan oinarrituta formalizatuko da eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako eta uztailaren 14ko 667/2020 Errege Dekretuaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatutako bitartekoak aldatzeko erabakia.

B) Eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako bitartekoak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko erabakia aldatzea.

Aldatu egiten da C) apartatua eskola-aseguruko osasun-prestazioen kudeaketari atxikitako bitartekoak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko erabakian, eta, haren ordez, Transferentzien Batzorde Mistoak 2026ko urtarrilaren 16an egindako osoko bilkuran erabakitakoa ezarriko da: Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena egiteko erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain har dezan eskola-aseguruaren kudeaketa.

C) Aldaketaren eraginkortasun-data.

Erabaki honen xede den aldaketak data honetatik aurrera izango du eragina: eraginkorra denean Euskal Herriaren Autonomia Estatutuaren bosgarren xedapen iragankorrean aurreikusitako hitzarmena ezartzeko Transferentzien Batzorde Mistoak hartu zuen erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain har dezan eskola-aseguruaren kudeaketa.

Eta jasota gera dadin, ziurtagiri hau egiten da Madrilen eta Vitoria-Gasteizen, 2026ko urtarrilaren 16an. Batzorde Mistoko idazkariak, Jorge García Carreño jauna eta Begoña Pérez de Eulate González andrea.


Azterketa dokumentala