Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2026ko martxoaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
994

EBAZPENA, 2026ko otsailaren 16koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2026. urterako Renove Smart Industry laguntza-programaren oinarri arautzaileak onartzea, argitaratzea eta deialdia egitea agintzen duena.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak Euskadiko industria-ekosistema indartzeko beharrezko baldintzak sortzea sustatzen du, industria arlo ekonomikoaren jardueraren ardatza bihurtzeko duen konpromisoa indartu, eta lehiakortasunari laguntzeko tresnak jartzen ditu enpresen eskura. Horren harira, irailaren 30ean, Industria Plana – Euskadi 2030 onartu zen. Plan horrek hiru ardatz estrategiko proposatzen ditu (industria gehiago, industria hobea, emisio gutxiago) eta desburokratizatzeko zeharkako ardatz bat du, euskal industriaren eraldaketa lehentasun estrategiko jakin batzuetara bideratzeko.

Renove Smart Industry programa bat dator helburu horiekin, Eusko Jaurlaritzak 4.0 Industriarekin lotutako euskal ETEen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko duen konpromisoa gauzatuz.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industriaren sustapena, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena etab. bultzatzeko jarduketak egiteko ardura du.

Horri dagokionez, SPRIk hainbat ekintza garatu ditu enpresen lehiakortasuna hobetzeko, besteak beste, ekipoak eta makinak modernizatuz, eta, hala, sektoreko aplikatzeko legedi guztia betez.

Hortaz, Renove Smart Industry programaren xedea da makineria eta/edo ekipamendu aurreratu (Hardwarea eta Softwarea) berrirako inbertsioak sustatzea, EAEko enpresa-ehuna osatzen duten enpresen barruan gaitzaileak diren gailuetarako. Helburua da inguru horiek modernizatzea, Ekoizpen Aurreratuaren esparruan 4.0 Industria proiektuei aurre egin edo ekin ahal izateko.

Bestalde, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak («DAEL») 7.2.a) artikuluan ezartzen duenez, lege horretan aipatzen diren dirulaguntzen kudeaketa eta ematea publizitatearen printzipioaren arabera egin behar dira, besteak beste. Era berean, DAELren 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza-mota bakoitzaren edo dirulaguntza-programa bakoitzaren oinarri arautzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar direla.

Era berean, adierazi behar da Renove Smart Industry programa erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dagoela, 2025-2028 aldirako, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez onetsia (ekainaren 11ko Aginduak aldatuta), eta erakundearen gardentasunaren atarian argitaratua. Planaren helburu hau lortzen laguntzen du: «Makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardware eta Software) eskuratzen laguntzea, 4.0 industria-proiektuak eta hobekuntza teknologikoetako proiektuak ezartzeko, industria-enpresetan eta industria produktu-prozesuarekin lotutako zerbitzu-enpresetan». SPRIko Administrazio Kontseiluak, 2025eko abenduaren 16ko saioan, era berean, programari dagokion gastua onetsi zuen.

Hori dela eta,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– 2026rako Renove Smart Industry Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onestea. Horren edukia eranskin gisa gehitu da Ebazpen honetan.

Bigarrena.– 2026rako Renove Smart Industry programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.

Hirugarrena.– Ebazpen honen aurka berraztertze-errekurtsoa jar daiteke SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Bilbao, 2026ko otsailaren 16a.

SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia zuzendari nagusia,

JON ANSOLEAGA UGARTE.

ERANSKINA
2026RAKO RENOVE SMART INDUSTRY LAGUNTZA PROGRAMA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.– Xedea.

Oinarri hauen xedea da makineria eta/edo ekipamendu aurreratu berria (Hardware eta Softwarea) eskuratzeko inbertsioak sustatzeko laguntza-programa arautzea, EAEko industria-enpresetarako eta industriako produktu-prozesuari lotutako zerbitzuetarako, zehazki, Industria Adimentsuaren arloan teknologiak aplikatzera bideratuta dauden eta 4.0 Industria proiektuak ezartzen dituzten enpresa eta zerbitzuetarako.

2.– Izaera.

a) Dirulaguntza horiek norgehiagoka-prozedura baten bidez aitortuko dira, emandako dokumentazioaren eta 11. artikuluan ezarritako irizpideen eta prozeduraren arabera.

b) Programa honen esparruan emandako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira.

c) Programa honen bidez ematen diren laguntzak garrantzi gutxikoak edo minimis laguntzak dira, eta beraz, Batzordearen 2023ko abenduaren 13ko 2831/2023 (EB) Erregelamenduak («2831/2023 Erregelamendua») ezarritakoaren mende daude.

2. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honen ondorioetarako, honako definizio hauek ezarriko dira:

1.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu edo/eta inbertsio hautagarrien gehieneko aurrekontuen ehunekoaren arabera.

2.– Enpresa txiki eta ertainak (ETEak), Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/CE Gomendioaren arabera.

3.– Ekipamendu aurreratua (Hardware eta Software): gailua edo gailu-multzoa, M2M (Machine-to-Machine) nahiz M2H edo H2M (Machine-to-Human edo Human-to-Machine) motako prozesatzeko eta konektatzeko gaitasun aurreratuak eskaintzeko gai direnak, modu guztiz autonomoan, automatizatuan edo menpekoan (gizartearen esku-hartzea) funtzionatzeko ahalmena dutenak. Industria-eremuetan horrelako gailuak edo gailu-multzoak txertatzeak/ezartzeak nabarmen lagunduko du eremu horien digitalizazioan. Hala, ekoizpen-prozesuen ikuspegitik, eremu guztiz konektatu, seguru, automatizatu eta optimizatuak izan ahalko dira.

Horretaz gain, Ekipamendu Aurreratutzat joko da gailu edo gailu-multzo horien funtzionamenduari lotutako Softwarea.

3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– 2026an laguntzak emateko programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 9.000.000 eurokoak dira, eta SPRI - Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan beren-beregi ezarritako aurrekontu-zuzkiduretatik etorriko dira. Aurrekontu horiek EAEko 2025eko Aurrekontu Orokorretan sartuta daude.

2.– Programa hau finantzatzera bideratutako funts publikoak eskatzaileen artean banatuko dira proiektuen balorazio-irizpideen arabera, eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera ezarriko da bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa.

3.– Deialdiaren zenbatekoari gehienez ere 1.000.000 euro gehitu ahal izango zaizkio, eta horren berri emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez. Kopurua handitzeak ez du eskaerak aurkezteko epe berri bat eragingo, ez eta ebazteko epea berriro zenbatzen hastea ekarriko ere.

4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta laguntzen onuradun izateko baldintzak.

1.– Deialdiaren xede diren dirulaguntzak eskatu ahalko dituzte industriakoak eta industriako produktu-prozesuari lotutako zerbitzuetakoak diren industriako enpresa txiki eta ertainak (ETEak) diren pertsona fisiko edo juridikoak, 4.0 Industriako proiektuak ezartzeko makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardware eta Software) eskuratzeko proiektuak aurkezten dituztenak.

a) ETEak izatea, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoaren arabera– Aldizkari Ofiziala (DUE) 2003-05-20ko L 124 zk., 0036-0041 or.

b) Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera-zentroa izatea, non laguntzaren xede den ekipamendua instalatu beharko den.

c) Altan emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafe industrialean.

2.– Honako hauek ezin izango dira deialdiaren laguntzen onuradun izan:

a) Sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.

b) DAELren 13. artikuluan aurreikusitako egoere batean daudenak.

Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta dirulaguntzak itzultzekoak egunean dituztela ulertuko da, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2023ko otsailaren 13ko Aginduan aurreikusitako kasuetan. Hala, dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela ulertuko da zorrak zatikatuta edo geroratuta eta bermatuta daudenean edo itzulketa-ebazpena aurkaratzeagatik etetea erabaki denean.

c) Laguntza bat legez kontrakotzat edo barne-merkatuarekin bateraezintzat adierazi duen Europako Batzordearen aurretiko adierazpen baten ondoren laguntza hori berreskuratzeko agindu baten zain daudenak.

d) Krisian dagoen enpresatzat hartzea, krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01 EBAO).

e) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunak egin izanagatik zehapena jaso dutenak, administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez; betiere, neurri zuzentzaile egokiak egikaritu eta zehapena bete arte.

f) LGTBIfobia gauzatu, bultzatu edo sustatzea, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

g) Enpresen eta 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan bakarrik, ez betetzea merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

h) Aurreko hiru urteetan minimins laguntzetan 300.000 euro baino gehiago lortu dituztenek.

3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta emandako dirulaguntzaren azken ordainketa egin arte bete beharko dira aurreko apartatuetan laguntzen onuradun izateko (salbuespen bakarra DEALen 13.1.b) artikuluan aurrez ikusitako konkurtso-egoerei buruzko debekurik eza da) aipatutako eskakizunak.

4.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoak honela egiaztatuko dira:

a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako baldintza hauek betetzen direla:

– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat izatea, eta aurkeztutako proiektuak zentro horretan eragina izan beharko du.

– altan emanda daudela Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafe industrialean.

– zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak egunean dituztela.

Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean organo eskudunaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

b) Gainerako betekizunak egiaztatzeko, 9. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauei eranskin gisa erantsi zaien eredu normalizatuaren arabera. Bigarren kasu horretan, eskatzaileak erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitakoa egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu SPRIk hala eskatzen dionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako eskakizunak eta DAELren 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpen bidez egiaztatutako baldintzak egiazkoak direla egiaztatu ahal izango da, hala badagokio, ikuskapen-bisitan edo dokumentu-eskaeran.

c) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzetan baino ez, erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, auditore batek emandako ziurtagiriaren bidez edo adostutako prozeduren txostenaren bidez egiaztatu beharko da bete egin direla Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeak.

5. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak eta egikaritze-epeak.

Diruz lagun daitezkeen jardueratzat hartuko dira:

1.– Makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardware eta Software) eskuratzea, 4.0 Industriako proiektuak ezartzeko industria-enpresetan eta industria produktu-prozesuarekin lotutako zerbitzu-enpresetan, eta proiektu-prozesuari lotutako aholkularitza/ingeniaritza zerbitzuetan. Makineria eta/edo ekipamendu aurreratu (Hardware eta Software) hori honako teknologia hauek txertatu edo erabiltzen dituzten proiektuak egiteko eskuratu beharko dira:

a) Big Data eta Analitika aurreratuko teknikak txertatzen dituzten makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardware eta Softwarea) erabiltzen dituzten Fabrikazio Aurreratuko proiektuak, industria-eremuen barruan hainbat iturritako «datuen bolumen handiak» prozesatu eta aztertzea ahalbidetuz, enpresa horien arlo eta prozesuei eragiten dieten jarrera-ereduak identifikatu (Business Intelligence, Data Mining edo antzekoak) edota aurreikusteko helburuarekin. Hala, erabaki-hartzea errazten da eta enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzen da.

b) Fabrikazio Gehigarrirako proiektuak, ekoizpen/fabrikazio malgua eta pieza eta forma geometriko pertsonalizatu berrietako hainbat material-moten (plastikoetatik metaletara arte) bidez eginikoa sustatzen dutenak, industriako sektore edo enpresa zehatz baten beharrak asetze aldera.

c) Robotika Aurreratu eta Kolaboratiboko proiektuak, denbora errealean langileekin, beste robotekin eta baita makinekin ere lan egiten duten konektatutako robotak sartzen dituztenak. Hala, prozesuak hobetuko dira eta fabrikaren barruan produktibitatea areagotuko da.

d) IIoT proiektuak (Industrial Internet of Things), fabrikaren barruko gailu eta makina guztien Interneterako konektibitatea sentsorizatu eta bermatzea ahalbidetzen dutenak, denbora errealean informazioa bildu eta trukatu ahal izateko, konektatutako gailu eta makinen erabilera- eta jarraipen-aukerak kontrolatu, automatizatu eta, neurri handi batean, biderkatzeko aukera emanez.

e) Adimen Artifizialeko proiektuak, inguru-eremura bideratuak, non fabrikako makinak eta/edo ekipamenduak modu autonomoan ikasi eta erabakiak hartzeko gai diren. Era berean, Machine Learning edo Deep Learning teknikak proiektu-mota horietan txertatuz, besteak beste, honako hau egin ahalko da: fabrikaren produktibitatearen ikuspegitik, jarrera edo egoera garrantzitsuak aurreikustea (adib.: makinen mantentze-lan prediktiboak); objektuak detektatzea; irudiak identifikatzea; edota jarraibideak ezagutzea. Hala, fabrikako aktibo eta prozesu guztiei buruzko ezagutza automatizatu eta hedatu ahalko da, enpresa zehatz baten erabaki-hartzean lagunduz.

f) Sistema ziber-fisikoen proiektuak, fabrikan konputazio eta konektibitate aurreratuko gaitasunak dituzten osagai, objektu fisiko edo makinak txertatzen dituztenak. Hala, enpresa zehatz baten balio-katearen barnean objektu adimentsu bihurtuko dira.

g) Errealitate Birtualeko proiektuak, simulatutako munduetan edo giro birtualetan egoera errealak irudikatzea ahalbidetzen dutenak.

h) Errealitate Areagotuko proiektuak, erabiltze batek mundu erreala gailu teknologiko batez ikustea ahalbidetzen duten teknologiak txertatzen dituztenak, gailuak emandako informazio grafikoari esker. Hala, informazio erreal edo fisikoa informazio birtual gehigarriaren bidez areagotuko da.

i) Biki Digitalen proiektuak (Digital Twins); hala, homologo errealaren jarrera simulatzen duen objektu edo sistema baten kopia birtuala sortuko da, monitorizatzeko, egoera zehatzetan objektu edo sistemaren jarrera aztertzeko eta horren eraginkortasuna hobetzeko. Hainbat abantaila ditu, besteak beste, produktuak garatu eta frogatzea, produktu fisiko batekin egitea baino merkeagoa eta eraginkorragoa baita. Gainera, eredu birtualaren kopia infinituak egin daitezke, eta hainbat egoeretan froga daiteke.

2.– Gastu hautagarria aldeek onetsitako eskaera edo kontratuaren (laguntzaren eskatzailea eta fabrikatzailea/hornitzailea) eta aurkeztutako proiektuaren aurrekontuaren gutxieneko % 10eko ordainketaren bidez egiaztatuko da.

3.– Egingo den 4.0 Industriaren proiektuak barne hartuko ditu aplikatu nahi diren makineria berria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardware eta Softwarea), baita proiektuari lotutako aholkularitza/ingeniaritzako gastuak ere. Proiektuak gutxienez 50.000 euroko zenbatekoa (BEZa kanpo) izan beharko du, eta erakunde eskatzailearen ustiapen ekonomikoaren ekoizpen-prozesuari lotuta egon beharko du; era berean, enpresa onuradunaren EAEko jarduera-zentro batera hornitu eta bertan instalatu beharko da.

4.– Aholkularitza/ingeniaritzarako gastuek ezingo dute proiektuaren aurrekontu osoaren % 25 gainditu. Aholkularitza/ingeniaritzarako gastuek proiektuaren aurrekontu osoaren % 25 gainditzen badute, partida horretan doikuntza egingo da, proiektuaren aurrekontu osoaren % 25eko muga ezartzeko.

5.– Eskuratutako makineria berria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardware eta Software) 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera entregatu eta abiarazi beharko da, eta, edozein kasutan, eskaera aurkeztu eta hurrengo 12 hilabetetan.

6.– Ez dute dirulaguntzarik jasoko artikulu honetan azalduta dauden eta erakunde onuradunaren katalogora biltzen diren produktu edo zerbitzuek.

6. artikulua.– Gastu hautagarriak, eskakizun aplikagarriak eta azpikontratazioa.

1.– Gastu hautagarritzat hartuko dira makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardware eta Software) eskuratzetik eratorritakoak, edota aurreko artikuluan jasotako 4.0 Industriako proiektuak ezartzeko sortutako aholkularitza/ingeniaritzako gastuak.

2.– Ez da gastu hautagarritzat joko fakturan jasotako balio erantsiaren gaineko zerga.

3.– Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:

a) Oinarri hauetako 5. artikuluan deskribatutako diruz lagun daitezkeen jardueretatik eratorritako gastuak izan behar dira, eta bertan ezarritako baldintzak bete behar dituzte.

b) Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarria euroa ez den moneta batekin baloratzen bada, ordainketa-dataren truke-tasara bihurtuko da.

d) Ez dira inolaz ere gastu hautagarritzat joko makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardware eta Software) eskuratzetik eratorritakoak, edota aholkularitza/ingeniaritzako gastuak, baldin eta erakunde eskatzaileak berak edo taldeko enpresek edo ekintzen edo parte-hartzeen bidez lotutako enpresek laguntzaren eskatzailearekin eskuratu badituzte, zuzenean edo zeharka.

e) Honako hauek ez dira diruz lagun daitezkeen gastutzat hartuko:

– Jada dauden instalazioak berritu eta/edo hobetzea, prozesuetakoen zein elementu osagarrien kasuan.

– Inbertsioaren eta berezko langileen ondoriozko finantza-gastuak eta lursailak erostearen ondoriozkoak.

– Erabilitako ekipoak erosteko inbertsioak.

f) Makineria berri eta/edo ekipamendu aurreratuaren (Hardware eta Software) eskuratzea finantza-errentamenduaren bidez finantzatu ahalko da, eta diruz lagundu ahalko da, baldin eta enpresak berariaz konpromisoa hartzen badu eragiketa egiten duen finantza-erakundearen aurrean dagokion erosteko aukera erabiltzeko. Horretarako, konpromiso hori jasotzen duen dokumentua entregatu beharko da, erakunde bien sinadura eta zigiluarekin.

4.– Diruz lagundutako jarduerak hirugarrenekin azpikontratatzea edo kontratatzea:

DAELren 31.1 artikuluan xedatutakoarekin bat, onuradunak azpikontratazioa edo kontratazioa egiten duela ulertuko da dirulaguntzaren xedeko jardueraren zati baten burutzapena beste batekin hitzartzen duenean. Azpikontratazioaren kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin behar dituen gastuen kontratazioa. Horri dagokionez, hirugarrenak azpikontratatzea edo kontratatzea diruz lagundutako jardueraren zenbatekoaren % 100era iritsi ahal izango da, eta diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko edo kontratatzeko, aipatutako artikuluetan jasotako gainerako aurreikuspenak aplikatu beharko dira.

Diruz lagun daitezkeen gastuak. Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 30.3 artikuluan aurreikusitakoa aplikatuz, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoa kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudian kontratu txikirako ezarritako zenbatekoa baino handiagoa bada eta hirugarrenekin kontratua egin beharra badago, onuradunak hornitzaile desberdinen hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, obrarako konpromisoa hartu, zerbitzua eman edo ondasuna entregatu aurretik, salbu eta bere ezaugarri bereziengatik horiek egiten, mailegatzen edo hornitzen dituzten behar besteko erakunderik ez badago merkatuan, edo gastua dirulaguntza eman aurretik egin bada.

Aurkeztutako eskaintzak hautatzeko, efizientzia- eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta, proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean, beren-beregi justifikatu beharko da inguruabar hori memoria batean.

Hirugarrenekin adostutako jarduera horrek dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 euro baino gehiago bada, kontratazioak DAELren 31.3 artikuluko baldintzak bete beharko ditu.

5.– Edozein kasutan, DLOren 30. artikuluarekin bat datozenak oinarri hauetako esparruan diruz lagun daitezkeen gastutzat joko dira.

6.– Aplikagarria den kasuetan, diruz lagun daitezkeen gastuak DLOren 30.2 artikuluan ezarritako epeetan ordainduko dira.

7. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Deialdi honen xede-dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza gisa egituratuko dira, artikulu honetako 2. ataleko gehienezko intentsitateak aplikatuz.

2.– Makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardware eta Software) eskuratzeko eta sortutako aholkularitza/ingeniaritzako gastuetarako laguntza-eskaera bakoitzeko gehieneko dirulaguntza % 20koa izango da, muga honekin: 75.000 euro.

3.– Enpresa bakoitzeko eskaera bat edo gehiago onartuko dira. Edonola ere, enpresa bakoitzeko gehieneko dirulaguntza 75.000 eurokoa izango da.

8. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Programa honetan jasotako laguntzekin batera beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dira edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautagarri berberetarako gehieneko laguntzaren muga errespetatzen bada.

2.– Laguntzaren zenbatekoa, bakarrik zein administrazioak edo sektore publikoak emandako beste dirulaguntza edo laguntza publiko zein pribatu batzuekin bat eginda, inolaz ere ezin da izan onuradunak egin nahi duen 4.0 Industria proiektuari lotutako makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardware eta Software) eskuratzeko edo aholkularitza/ingeniaritzako kostua baino handiagoa. Beste laguntza publiko batzuen eta programa honen bidez emandakoaren batura kostu hori baino handiagoa bada, Programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardware eta Software) eskuratzeko gehiegizko finantzaketa saihesteko beharrezkoa den neurrian.

3.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiagoko edo minimis laguntzatzat hartzen dira.

4.– Erakunde onuradun batek jaso dezakeen minimis laguntza, guztira, ezingo da 300.000 eurotik gorakoa izan, aurreko hiru urteetan.

5.– Minimis laguntzak ezin dira metatu gastu berberetarako estatutik jasotako laguntzekin, baldin eta batura hori laguntza baino handiagoa bada, edo kategorien araberako salbuespenen erregelamendu batean nahiz Europako Batzordearen erabaki batean kasuan kasuko inguruabarretarako ezarritako laguntzen zenbatekoa baino handiagoa bada.

6.– Muga horietako bat edo Programak ezarritakoren bat gaindituz gero, ematen den laguntzari soberako diru-kopurua kenduko zaio.

7.– Minimis laguntzak emandakotzat joko dira enpresari laguntza jasotzeko legezko eskubidea aitortzen zaion unean.

9.– artikulua.– Laguntza eskatzea.

1.– Laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak gaitutako helbide elektronikoan ezarritako laguntza-eskaeren inprimakiak bete beharko dituzte. Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauetan inplikatutako gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira, SPRIren webgunearen bidez, https://www.spri.eus/laguntzak/renove-smart-industry/ eta bertan ikusgai egongo da beharrezko informazio guztia.

2.– Laguntzaren eskaera eta eskatutako dokumentazioa aukeratzen den hizkuntzan aurkez daitezke. Era berean, laguntzen eskaeraren ondoriozko jardueretan eta prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak aurkezten duen hizkuntza erabiliko da, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

3.– Laguntza-eskaera hori erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsonak sinatu beharko du, sinadura elektroniko aurreratu bidez (aitortutako ziurtagiri elektroniko bidez).

4.– SPRIk eskatzaileak EAEn jarduera-zentroa duen eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen diren kontsultatuko du, baita enpresa EJZn (Ekonomia Jardueren gaineko Zerga) altan emanda dagoen. Nolanahi ere, laguntza-eskaerak aukera ematen du eskatzaileak SPRIri kontsulta egiteko aukera hori ukatzeko, eta, kasu horretan, dagokion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.

5.– Erakunde eskatzailearen eta haren lege-ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko ditu laguntza-eskaerak, eta honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko da:

a) Erakundearen edo pertsona fisikoaren lege-ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, oinarri hauei eranskin gisa atxikitako eredu normalizatuko edukiari jarraikiz.

Horretaz gain, honako informazio hau aurkeztu beharko da:

– Aurreko hiru ekitaldi fiskaletan emandako minimis laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

b) Legezko ordezkariaren notario-ahalordea, eskatzaileen kasuan, ordezkari gisa jarduten duten pertsona juridikoak edo fisikoak, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu, pertsona juridikoaren ordezkariaren ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiriak indarrean egon behar du eta agintaritza ziurtatzaile batek emandakoa izango da.

c) Erakunde onuradunaren IFZ, pertsona juridikoen kasuan, eta NANa, pertsona fisikoen kasuan.

d) Eskuratutako makina eta/edo ekipamendu aurreratu berria (Hardwarea eta Softwarea) erosteko eta saltzeko kontratua, bi aldeek sinatua edo aldeek onartutako eskaera.

e) Gutxienez ordainketaren % 10eko faktura eta makina eta/edo ekipamendu aurreratuaren ordainketak egin izanaren banku-egiaztagiria, kontuetan edo ordainketaren banku-ziurtagirian islatuta.

f) Landu nahi den proiektuaren memoria deskriptibo tekniko-ekonomikoa (25 orrialdeko muga). Memoriak honako puntu hauei buruzko informazio zehatza jaso beharko du nahitaez:

– Enpresaren jarduera eta egungo egoera (teknologiari dagokionean).

– Konpondu beharreko arazoa / detektatutako beharra. Lortu nahi diren helburuak.

– Enpresa eskatzailea Industria 2030 Planean ezarritako sektore estrategikoekin lerrokatuta dagoela justifikatzea.

– 4.0 Industria Proiektuaren deskribapena, makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardwarea eta Softwarea) sartzeari esker landu nahi dena (ez funtzionalitateen katalogoa). Era berean, justifikatu egin beharko da oinarri hauen 5. artikuluan deskribatutako teknologiekin bat datorrela (proiektuaren alderdi nagusiak ezaugarritzea, beste sistema batzuekiko konektagarritasunaren/integrazioaren, datuen bilketaren/ustiapenaren ikuspegitik).

– Enpresa onuradunaren lehiakortasunaren hobekuntzaren justifikazioa (prozesu berriak, ekoizpenaren gehikuntza, etab.), 4.0 Industriarako proiektuaren emaitza gisa.

– 4.0 Industria Proiektuak enpresa onuradunaren emaitzetan duen inpaktua, fakturazioa handitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokienez.

– Erakunde onuradunak 4.0 Industriarako proiektuaren trakzio-efektuaren edo bere hornitzaileengan egindako inbertsioen justifikazioa.

– Makineria eta/edo ekipamendu aurreratu hori (Hardwarea eta Softwarea) ezartzeko eta abian jartzeko egutegia.

g) Eskatzailea ETE bat dela egiaztatzeko dokumentazioa, hau da, urteko enplegu-datuak, negozioaren bolumena eta balantze orokorra, bai enpresa eskatzailearena eta bai harekin lotutako gainerako enpresena ere, hala badagokio. Horrez gain, taldearen balantze globalak aurkeztu beharko dira, talde osoaren antolakuntza-eskemarekin, parte-hartzeekin, enplegu-datuekin, esportazio-zifrarekin eta balantzearekin, laguntzen eskaeraren aurreko bi ekitaldietakoa.

h) 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeretarako, enpresaren ziurtagiria, KAEOn inskribatutako auditorearen ziurtagiria, edo ordaintzeko legezko epeei dagokienez DLOren 13.3 bis artikulua betetzeari buruz adostutako prozeduren txostena, agindu horretan zehaztutako baldintzetan.

i) Ordainketak egin ahal izateko emandako kontu korrontearen banku-titulartasunaren ziurtagiria.

j) DAELren 30.3 artikulua aplikatuz, entitate onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.

6.– Jakinarazpen-abisuak bidaltzeko, programaren eskatzaile eta/edo onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.

7.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epe barruan aurkeztutako eskaerak, eta programa honetan ezarritako eskakizunak betetzen ote diren aztertuko du.

8.– Programan parte hartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaerak SPRIren Zuzendaritza Nagusiak banan-banan emandako ebazpen bidez ezetsiko dira, eta enpresa eskatzaileei ezespen horren berri emango zaie.

10. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.

Laguntza-eskaerak aurkezteko epea oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2026ko apirilaren 16an amaituko da. Hala ere, eskatzaileentzako telefono bidezko arreta 2026ko apirilaren 16ko 17:00etan amaituko da.

11. artikulua.– Emateko prozedura.

1.– Laguntzak emateko, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, haien arteko lehentasun-ordena ezartzeko, araudi honetan finkatutako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, eta aipatutako irizpideak aplikatzean balorazio handiena lortu dutenei soilik esleitzeko.

2.– Dirulaguntza-eskaeren ebaluazioa. Hautapen batzordeak oinarri hauetan ezarritako irizpideak aplikatuz baloratuko ditu eskaerak eta egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko txosten bat igorriko du. Espedientea eta ebaluazio-organoaren txostena ikusita, organo-kudeatzaileak SPRIren Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako ebazpen-proposamena formulatuko du.

Hautapen batzordea honako hauek osatuko dute:

a) SPRIko enpresa sustapen arloaren zuzendariak (Aitor Cobanera Rodriguez) izango da batzordearen presidentea, bere botoaren bidez berdinketak ebatziko ditu. Presidentea kanpoan denean, presidenteordeak ordeztu ahal izango du.

b) Eusko Jaurlaritzaren Industria Garapen eta Administrazioaren zuzendaria (José Luis Azkue Arrastoa) izango da presidenteordea. Industria Garapen eta Administrazioaren Zuzendaritzako teknikaria (Jon Etxezortu) izango da ordezkaria.

c) Programaren arduraduna (Imanol Cuétara Camiruaga) idazkaria izango da. Ordezkoa, berriz, SPRIko ekintzailetza eta sustapen teknikaria (Tristán Shedden) izango da.

Ebaluazio-organoaren funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoko Erregimen Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.

3.– Proiektuak ebaluatzeko, irizpide eta puntuazio hauek aplikatuko dira:

– Enpresa eskatzailea lerrokatuta egotea 2030 Industria Planean definitutako sektore estrategikoekin (https://bideoak2.euskadi.eus/2025/06/11/news_102489/PlanIndustria_completo.pdf) (0-20 puntu).

– 4.0 Industria Proiektuaren gaitasuna enpresaren ekoizpen-prozesuak automatizatzeko, teknologia- eta berrikuntza-maila sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko (0-40 puntu).

– 4.0 Industria Proiektuak enpresa onuradunaren emaitzetan duen eragina, fakturazioa handitzeari, enplegua sortzeari eta esportazio-ehunekoari dagokienez neurtuta (0-15 puntu).

– Proiektua aurkezteko dokumentazioaren kalitatea. Helburuen, zereginen eta kostuen zehaztapen-maila. (0-10 puntu).

– Proiektuaren edo egindako inbertsioen trakzio-efektua hornitzaileengan (0-10 puntu).

– Makineria eta/edo ekipamendu aurreratuaren (Hardwarea eta Softwarea) ingurumen- eta energia-kontsiderazioa (0-5 puntu).

Irizpide bakoitzak lor daitekeen gehieneko puntuazioa du. Puntuazioa definitutako irizpideen betetze-mailaren arabera lortzen da.

50 puntu baino gutxiago eskuratzen dituzten hautagaitzak ezin izango dira inoiz programaren barruko laguntzaren onuradun izan.c

4.– Laguntzak SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak ebatziko ditu, norgehiagoka; halaber, emandako dirulaguntzaren kopurua jakinarazteaz gain, dirulaguntza gauzatzeko beste edozein baldintza jakinaraziko du.

5.– Emakida-ebazpenean onuradunari jakinaraziko zaio minimis laguntza bat dela.

6.– Ebazpen-epea. Ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Ebazpena ez bada epean ematen, gaitzespen-ebazpentzat joko da.

7.– Ebazpena eman ondoren, eskatzaileari jakinaraziko zaio, ematen denetik gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta horren aurka, berraztertze-errekurtsoa jarri ahalko zaio Zuzendaritza Nagusiari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritako epean eta moduan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da, zuzenean, administrazioarekiko auzien Bilboko epaitegietan.

8.– Esleitutako laguntzen ezagutza orokorrerako, SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko dira.

12.– artikulua. Dirulaguntzaren justifikazioa.

1.– Diruz lagun daitekeen jarduera amaitu ondoren (eskuratutako makineria eta/edo ekipamendu aurreratua instalatzea/ezartzea), eta gehienez ere hilabeteko epean, erakunde onuradunek jarduera justifikatu beharko dute, SPRIren webgunean gaitutako likidazio-eskaerako inprimakiak erabiliz.

2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek.

SPRIk ofizioz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, bai eta enpresa EJZn (ekonomia-jardueren gaineko zerga) altan emanda dagoen epigrafea ere. Dena den, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimena emateari. Hala bada, kasu bakoitzean organo eskudunaren administrazio-ziurtagiri positiboak aurkeztu beharko ditu.

3.– Laguntzaren eskaerak enpresa eskatzailearen identifikazio-datuak eduki beharko ditu, bai eta haren legezko ordezkariarenak ere.

4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturak, makineria edo ekipamendu aurreratua (Hardwarea eta Softwarea) erosteko kostuak eta aholkularitza/ingeniaritzako gastuak banakatuta.

b) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagiriak.

c) Memoria deskriptiboa (gehienez 25 orrialde), honako hauek egiaztatzen dituena: egindako lanak, makineria eta/edo ekipamendu aurreratua (Hardwarea eta Softwarea) ezarri eta abian jarri izana, eta aurkeztutako 4.0 Industria Proiektuaren ildoan erabili izana. Memoriak honako atal hauek jaso eta erantzun beharko ditu:

– Egindako proiektuaren ondorioz lortutako hobekuntzak / onurak.

– Egindako lanen eta makineria edo ekipamendu aurreratu horren (Hardwarea eta Softwarea) erabileraren deskribapena, egindako proiektuaren lerroan.

– 4.0 Industria Proiektuaren hurrengo urratsen deskribapena / jarraipena, eskuratutako makineria edo ekipamendu aurreratua (Hardwarea eta Softwarea) ezarri ondoren.

– Hasierako planarekiko desbideratzeak.

– Makinerian eta/edo ekipamendu aurreratuan (Hardwarea eta Softwarea) egindako inbertsioen eta egindako proiektuaren deskribapena eta ebidentziak (pantaila-argazkiak, argazkiak, bideoetarako estekak).

d) Finantza-erakundearen egiaztagiria, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko (IBAN), lehen aipatutakoari dagokionez aldatzen bada.

e) Ez dira kontuan hartuko DAELen 30.3 artikulua betetzen ez duten gastuak, aplikatzekoa denean, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean aurreikusitako ordainketa-epeei dagokienez.

f) Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretarako funts horien zenbatekoa, jatorria eta zenbatekoa egiaztatu beharko dira.

5.– Ebazpen hori zuzendari nagusiak emango du, eta ebazpenaren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa bi hilabeteko epean.

13. artikulua.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskabideak zuzentzea.

1.– Laguntza- eta/edo likidazio-eskaera ez badago puntu guztietan behar bezala beteta, edo ez badira, eskaerarekin batera, aurkeztu beharreko gainerako agiriak aurkezten, SPRIk eskatuko du, gehienez 10 egun balioduneko epean, zuzen dadila akatsa, edo aurkez daitezela nahitaezko dokumentuak, ohartaraziz, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta horren berri emango zaio erakunde eskatzaileari. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, laguntza ukatuko da, SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.

2.– Proiektuaren memoria eta enpresa hornitzaileak proiekturako egindako eskaintza ezin izango dira aldatu eskabidea aurkeztu ondoren, 16. artikuluan aurreikusitakoari kalterik egin gabe. Nolanahi ere, SPRIk horri buruzko informazio gehigarria eskatu ahalko du ebaluazio-prozesuan zehar, egokitzat jotzen badu.

14. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.

1.– Emandako dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:

– Lehen ordainketa, aurrerakin gisa, emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 50, hura jakinarazi ondoren, 15.1.a) artikuluan aurreikusitako epea igaro ondoren, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

– Bigarren ordainketa, emandako dirulaguntzatik ordaintzeke dagoen zenbatekoari dagokio, eta zenbatekoa SPRIko zuzendari nagusiaren likidazio-ebazpenak zehaztuko du, dirulaguntza justifikatu ondoren, 12. artikuluan ezarritako baldintzetan.

2.– Ez da inolako ordainketarik egingo onuradunak egunean ez baditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, ez eta dirulaguntzen itzulketari dagozkionak ere.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Onuradunaren betebeharrak dira DAELen 14. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta, bereziki eta mugatzeko xederik gabe, honako hauek:

a) Emandako laguntza onartzea. Alde horretatik, dirulaguntzaren emakidaren jakinarazpena jaso eta hamar egun balioduneko epean erakunde onuradunak ez badio espresuki uko egiten hari SPRIren aurrean, ulertuko da hura onartuta gelditu dela.

b) Emandako laguntza haren xede den helburua garatzeko erabiltzea. Dirulaguntza ematea bidezko egiten duen jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea. SPRIri justifikatzea dirulaguntza ematea edo dirulaguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak eta betekizunak betetzen direla eta jarduera aurrera eraman dela.

c) Onartzea SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRIk izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.

d) Faktura guztiak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urteko epean zehar, gastu hautagarriak egiten direnetik zenbatzen hasita.

e) SPRIk egingo dituen egiaztatze-jarduketak onartzea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren, eta beste kontrol-organo eskudunen (nazioko zein komunitate-mailakoak) egiaztatze- eta kontrol-jarduketak ere, jasotako dirulaguntzei buruzkoak, aurreko jarduketak egitean eskatutako informazio guztia aurkeztuz.

f) SPRIri eskaera edo dirulaguntza edo laguntzak jaso izana jakinaraztea, baita diru-sarrera edo baliabideak ere, hemen araututako laguntzen antzeko xedea badute, edozein Administrazio edo erakunde publiko edo pribaturen eskutik jasotakoak.

g) SPRIri laguntza esleitzeko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatu dela jakinaraztea.

h) Honako hedapen-neurri hauek hartzea, dirulaguntzaren xede den programa, jarduera, inbertsio edo jarduketaren finantzaketaren izaera publikoari publizitate egokia emateko, DLOn xedatutakoarekin bat:

– Publikoki hedatzeko dokumentu, kartel, propaganda edo argitalpenetan SPRIren logotipoa eta «SPRIk diruz lagunduta» esaldia agertu beharko da, honako esteka honetan eskura dagoen formatuari jarraikiz: https://www.spri.eus/es/logo/

– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako argitalpen, iragarki eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.

i) Ikuspegi intersekzionala eta, bereziki, sexuari eta generoari dagokion alderdia errespetatzen dituen hizkera eta irudiak erabiltzea dirulaguntzaren xede den jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentazio eta material guztietan. Diruz lagundutako proiektua gauzatzean sortzen diren dokumentuetan eta euskarrietan hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea.

j) Diruz lagundutako jarduerarekin zerikusia duten argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean herritarren hizkuntza-eskubideak eta bereziki euskararen erabilera bermatzea.

k) Onuraduna DAELren 48.1 artikuluan aurreikusitako egoeran dagoenean, deslokalizaziorik ez egitea.

l) Aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa jasotzea, oinarri hauetan aurreikusitakoa betetzeagatik dirulaguntza likidatzen ez den bitartean. Aurrerakin hori SPRIri itzuli beharko zaio, dagozkion interesekin, baldin eta aurrerakin hori itzultzea erabakitzen duen ebazpenak hala xedatzen badu.

m) Izaera juridikoak hala eskatzen badu, kontabilitate-liburuak, izapidetutako erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuta edukitzea, kasu bakoitzean onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritza- eta sektore-legeek ezarritakoaren arabera, bai eta dirulaguntzen oinarri erregulatzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak edo berariazko erregistro guztiak ere, behar bezala egiaztatzen eta kontrolatzen direla bermatzeko.

n) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzeko dokumentuak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztapen- edo kontrol-jardueren xede diren izan daitezkeelako.

o) DAELren 36. artikuluan aurreikusitako kasuetan, jasotako funtsak itzultzea, edo diruz lagundutako jardueraren edo jarduketaren kostutik gora jasotakoa.

p) DAELren 30.2 artikuluari jarraikiz, dirulaguntzaren onuraduna enpresa bat denean, merkataritza-eragiketek eragin dituzten eta diruz lagun daitezkeen gastuek enpresari aplikatzekoa zaion araudi sektorialean aurreikusitako ordainketa-epeetan ordainduta egon beharko dute, edo, halakorik ezean, Merkataritza-eragiketetako berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.

q) Dirulaguntza jaso dezaketen programa, jarduera, inbertsio edo jardueren finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasunari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.

2.– Onuradunak diruz lagundutako makineria eta/edo ekipamendu aurreratua gutxienez hiru urtez mantendu beharko du EAEko zentro batean, hura abian jartzen denetik zenbatzen hasita.

16. artikulua.– Laguntzak aldatzea eta epeak luzatzea.

1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo haren baldintzak aldatzea erabakitzea, ofizioz edo interesdunak eskatuta, aldez aurretik, unean uneko egoeraren balorazioa eginda, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Dirulaguntza aldatzea interesdunak eskatuz gero, DAELren 14.e artikuluan adierazitako betebeharra betez jakinaraztea onuradunak, jakin bezain laster eta, nolanahi ere, jasotako funtsen aplikazioa justifikatu baino lehen.

b) Zenbatekoa gehitu behar ez izatea.

c) Oinarri erregulatzaileen xedeen artean egotea gauzatu den edo gauzatzekoa den jarduera edo jokabidea.

d) Onuradunaren borondateak zerikusirik ez izatea aldaketa justifikatzen duten inguruabarrekin.

e) Aldaketa dakarten elementu eta inguruabar berriak, hasierako dirulaguntza emateko unean gertatu izanez gero, dirulaguntza ez emateko arrazoi ez izatea, eta aldaketak ez eragitea hasieran onetsitako proiektua nabarmen aldatzea.

f) Hirugarrenen eskubideei kalterik ez egitea.

2.– Dirulaguntzaren zenbateko osoa edo zati bat jaso badu onuradunak eta aldaketaren ondorioz dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu behar bada, DAELren 40. artikuluan aurreikusitakoari jarraituko zaio.

3.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek aldez aurretik hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; betiere diruz lagun daitekeen jarduera egiteko (eskuratutako makineria edo ekipamendu aurreratua instalatzea/ezartzea) 12 hilabeteko gehieneko epea baino 12 hilabete gehiago gainditzen ez bada.

17. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketak.

1.– Erakunde onuradunek oinarri hauetan eta aplikatu beharreko gainerako arau ezarritako baldintzak edo laguntzen emakidaren ebazpenean ezarritako baldintzak urratzen badituzte, emandako laguntza jasotzeko eskubidea galduko dute, eta SPRIri ordura arte jaso dituzten laguntzen zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango dute; horrekin batera, dagozkien berandutze-interesak ere ordaindu beharko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori lortzeko ekintza legalak abiaraziko dira.

2.– Edonola ere, ez-betetzetzat joko dira honako hauek artikulu honetan aurreikusitakoaren arabera:

a) SPRIren baimenik gabe laguntza-eskaeran eta dokumentazio osagarrian aurreikusitako jarduketak aldatzea. Egikaritzearen edozein aldaketa ez bazaio SPRIri jakinarazten eta aldaketa horrek laguntzaren emakidaren azterketa-baldintzak aldatzen baditu, ez-betetzetzat joko da ondore horietarako. Aldaketak baimendu ahalko dira, betiere SPRIri eskatzen bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatzen baditu, ahal den neurrian, proiektuan aplikatu aurretik, betiere ez bada hutsaltzen programa honek hasiera batean jarraitutako jarduketa eta helburuen izaera.

b) Gastu hautagarriak epean ez justifikatzea edo ez betetzea programa honetan edo laguntza emateko ebazpenean eskatutako baldintzak.

c) Diruz lagundutako proiektua egikaritzeko ezarritako epeak gainditzea, betiere ez badago aldaketa- edo luzapen-baimenik.

d) Laguntza lortu izana programa honetan jasotako baldintzak bete gabe edo laguntzaren emakidari begira ezarritakoak urratuz.

e) Programan edo laguntzaren emakidan aurreikusitako kontrol-neurriei uko egitea edo oztopatzea.

f) Proiektua beste edozein modutan desbideratzea edo ez betetzea laguntzaren emakidaren ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar.

g) DAELn aurreikusitako arrazoiak.

3.– Itzulketa-prozedura hasi, izapidetu eta ebaztea SPRIren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

4.– Deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritako betekizunak eta, hala badagokio, emakida-ebazpenean ezartzen diren baldintzak betetzen ez badira, ez-betetzeari buruzko espedientea egin ondoren, laguntza baliogabetu egingo da, eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari itzuli beharko zaizkio, berandutze-interesekin batera, zeinek Eskubide Publikoko sarrerako izaera izango duten, horri buruz DAELn xedatutakoari jarraikiz, dagozkion ekintza legal eta zehapenei kalterik egin gabe. Indargabetze- eta itzulketa-espedienteak (partziala edo totala) abiarazi eta ebaztea SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari dagokio.

Ezarritako baldintzak zati batean betetzen direnean, baldin eta egiaztatzen badu bere jarduna konpromisoak betetzera bideratuta dagoela zalantzarik gabe, dirulaguntza zati batean ordainduko da, edo, hala badagokio, zati batean itzuliko da, kalkulatzeko egin behar zen jarduera guztitik benetan egindakoaren proportzioa erabiliz. Edozein kasutan, onuradunak kobratzeko eskubide duen zenbateko partzial horrek bat egingo du emandako dirulaguntzatik benetan egindako eta behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikatze hori egiaztatu ondoren eta erakunde emaileak onartu duenean.

5.– Programaren xede den jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia ere itzuli beharko da gehiegizko finantzaketa gertatzen bada beste laguntza batzuen pilaketaren ondorioz hura kobratu ondoren (8. artikuluan arautzen da). Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa gertakaria adierazten duen eta itzulketa agintzen duen ebazpenean zehaztuko da.

6.– Borondatezko epean ordainketa egiten ez bada, premiamendu-bidea erabili ahalko da, aplikatzeko legezko araudian xedatutakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Araudi aplikagarria.

1.– 20/2023 Legea, abenduaren 21ekoa, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzekoa.

2.– Aplikatzekoak diren kasuetan, 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa, eta hura garatzen duen Erregelamendua (887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa), dirulaguntzen arloko oinarrizko legeriari dagokionez.

3.– 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

4.– Batzordearen 2023/2831 (EB) Erregelamendua, 2023ko abenduaren 23koa, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.

Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.

Informazio hori gai honetan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei laga ahal izango zaie.

Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.

Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: lopd@spri.eu. Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: dpd@spri.eus

Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Bulegoa izango da: www.apvd.eskadi.eus

SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo https://www.spri.eus/es/aviso-legal/ webgunera.

AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren erabakiak, oinarri hauei dagokienez, administrazio-izaerakoak dira, eta jurisdikzio eskuduna administrazioarekiko auziena da.

Bilbao, 2026ko otsailaren 16a.

SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiko titularra,

JON ANSOLEAGA UGARTE.

ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUAREN EDUKIA

[izen-abizenak] jaun/andreak, indarrean dagoen [...] zenbakidun NANarekin, [...] IFK duen [eskatzailearen izena](r)(e)n izenean, eta jarduera-zentroa [helbidea, erakunde eskatzailearen Euskal Autonomia Erkidegoko jarduera ekonomikoko zentro bat gutxienez adierazita] helbidean duenak,

BERE ERANTZUKIZUNPEAN ADIERAZTEN DU:

I.– Programa honen xede den laguntza lortzeko indarreko araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela, eta, zehazki:

– Aurreko hiru urteetan ez duela jaso 300.000 eurotik gorako minimis laguntzarik.

– Eskari honetako dagokion atalean honako hauei buruzko informazioa aurkezten dela:

a) Aurreko hiru urteetan emandako minimis laguntzen zerrenda, emakida-data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

b) Proiektu berdinerako eskatu diren edo erakunde publiko edo pribatuek eman dituzten laguntzen zerrenda, eskaeraren eta hala badagokio emakidaren data, organismoa, programa eta laguntzaren zenbatekoa adierazita.

– Ez dagoela oinarri hauetako 4.2 artikuluan aurreikusitako egoeretako batean, hau da:

a) Hala badagokio, sektore publikoren bateko kide izatea, aplikatu beharreko erakunde-sailkapeneko arauen arabera.

b) DAELren 13. artikuluan aurreikusitako egoeretako batean ez egotea, hau da:

i) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukerarik gabe utzita epai irmo baten bidez zigortutakoak edo prebarikazioagatik, funtzionario-eroskeriagatik, ondasun publikoak bidegabe eralgitzeagatik, influentzia-trafikoagatik, iruzur egiteagatik eta legearen aurkako ordainarazpenengatik edo hirigintza-delituengatik epai irmo baten bidez zigortutakoak.

ii) Hartzekodunen konkurtso boluntarioa deklaratzeko eskaria egin dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jota daudenak, hartzekodunen konkurtsoan deklaratuta daudenak –konkurtso horretan hitzarmen bat indarrean jarri bada salbu–, epailearen esku-hartzearen mende daudenak edo uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legearen arabera desgaituta daudenak, hartzekodunen konkurtsoa sailkatzeko epaian finkatutako desgaitze-aldia oraindik amaitu gabe dagoelarik.

iii) Administrazioarekin egindako edozein kontratu ebazpen irmoz suntsiarazteko arrazoiak sorrarazi eta haien errudun deklaratu izan direnak.

iv) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen ordezkari direnak, egoera hauetakoren batean badaude: Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Bateraezintasunei buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legean aurreikusitako bateraezintasunen araubideko egoeraren batean eta Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak Arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legean aurreikusitako egoeraren batean. Edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko kargu batean daudenak, arau horretan edo gai hauek arautzen dituen arau autonomikoan ezarritakoaren arabera.

v) Indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean ez dauzkatenak, erregelamenduz zehazten den moduan.

vi) Egoitza fiskala paradisu fiskaltzat hartutako herrialde edo lurralde batean dutenak.

vii) Dirulaguntzak organo emaileari berreskuratu behar izateagatik sortutako obligazioen ordainketa egunean ez dutenak, erregelamenduz zehazten diren terminoetan.

viii) Ebazpen irmo bidez dirulaguntzak eskuratzeko aukera galtzeko zehapena jaso dutenak lege honen edo hala ezartzen duten beste lege batzuen arabera. Zehazki, ezingo dira dirulaguntzen onuradunak edo erakunde laguntzaileak izan sexuan oinarrituta diskriminatzeagatik edo emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako araudia urratzeagatik administrazio-zehapena edo zigorra jaso duten pertsona fisiko eta juridikoak, dagokion zehapenean ezarritako aldian zehar. Horretaz gain, ezingo dituzte laguntzak edo dirulaguntzak jaso Estatuko araudiaren arabera berdintasun plan bat izan behar duten arren halakorik ez duten enpresek, ezta sexu-jazarpena edo sexuagatiko jazarpena prebenitu eta saihesteko neurriak ezarri dituztela egiaztatu ez duten 50 langile baino gehiagoko enpresek, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako Estatuko legedian ezarritakoarekin bat.

ix) Ekonomia zirkularra bultzatzeko hondakinen eta lurzoru kutsatuen apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitakoaren arabera, arau-hauste astun edo oso astun batengatik, eta administrazio-bideko ebazpen irmo baten bidez, zehatuta dauden pertsona fisiko edo juridikoak, publiko edo pribatuak, harik eta behar diren neurri zuzentzaileak hartu eta zehapena ordaindu arte.

x) Desgaitasuna duten pertsonentzat legez ezarritako erreserba-kuota betetzen ez dutenak, eta hori betetzeko neurri alternatiboak abian jarri direla egiaztatu gabe.

c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, laguntza hori berreskuratzeko agindu baten mende ez egotea.

d) LGTBIfobia ez egin, bultzatu edo sustatzea, leheneratzeko terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.

II.– Adierazpen honek barne hartzen ditu eskatzaileak Programaren oinarrietako 15.1.k) artikuluan adierazitakoa betetzeari buruzko konpromisoak, hau da, enpresak deslokalizatuta ez egoteari buruzkoak, DAELren 49. artikuluaren arabera, eta gainfinantzaketarik ez izateari buruzkoak, DAELren 9.4.h) artikuluaren arabera.

III.– Indarreko araudian ezarritako betekizunak betetzen ditut.

IV.– Eskaera honetako datu guztiak egiazkoak eta osoak dira, baita aurkeztu dudan dokumentazio guztia ere, eta dagokion erantzukizuna hartzen dut (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.7 artikulua).

V.– Erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batean jasotzen den datu edo informazioren bat zehatza ez bada edo faltsua bada edo funtsezko zerbait falta bada, edo administrazio eskudunari ez bazaio aurkezten erantzukizunpeko adierazpena, adierazitakoa betetzen dela egiaztatzeko eskatzen den dokumentazioa edo komunikazioa, ezinezkoa izango da eragindako eskubidea baliatzen edo jarduera egiten jarraitzea gertakari horien berri izaten den unetik aurrera, eta, gainera, erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak egon daitezke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluaren 4. atalean ezarritakoaren arabera.

[...] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzen dut.


Azterketa dokumentala