Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2026ko martxoaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUA
993

349/2026 EBAZPENA, 2026ko otsailaren 23koa, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez ezartzen baitira Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan onartzen diren Enplegu Publikoaren Eskaintzaren deialdian sartuko diren lanpostuak zehazteko irizpideak.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren martxoaren 5eko 173/2024 Ebazpenaren bidez (2024ko apirilaren 2ko EHAA, 64. zk.), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan onartzen diren Enplegu Publikoaren Eskaintzen deialdien xede diren lanpostuak zehazteko irizpideak ezarri ziren, eta Ebazpen hori maiatzaren 31ko 1051/2024 Ebazpenaren bidez osatu zen.

Aipatutako 173/2024 Ebazpenak (1051/2024 Ebazpenaren bidez berariaz osatu zen Egonkortzeko eta 2020-2021-2022ko EPErako) Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Enplegu Publikoaren Eskaintzen deialdietako hautaketa-prozesuetan sartuko diren lanpostuak zehazteko eta identifikatzeko irizpideak ezartzen ditu. Zehazki, bosgarren puntuan zehazten du deialdietan sartuko diren lanpostuak identifikatzean kontuan hartuko dela zer egoeratan dauden lekualdatze-lehiaketa ireki eta iraunkorreko (aurrerantzean, LLII) deialdiak ebatzi ondoren, eta deialdian sartuko direla LLIIan esleitu gabe geratu diren lanpostuak eta destino baten esleipendunek liberatutako lanpostuak.

Oro har aplikatu beharreko oinarrizko araudian egindako arau-aldaketak kontuan hartuta, enplegu publikoan behin-behinekotasuna murriztera bideratuta baitaude, bidezkoa da hautaketa-prozesu bakoitzean sartuko diren lanpostuen hautaketa eta identifikazioa arautzeko irizpideak zehaztea, adierazitako helburuarekin bat etorriz, eta irizpide horiek hautaketa-prozesu guztietan aplikatzea.

Azaldutakoa dela bide, honako hau ematen da:

EBAZPENA

Lehenengoa.– Irizpide orokorrak onestea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan onesten diren Enplegu Publikoaren Eskaintzetako hautaketa-prozesuen deialdietan sartzen diren lanpostuak lehenetsi eta antolatzeko.

Bigarrena.– Lanpostuak hautatzeko erreferentziazko data.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Enplegu Publikoaren Eskaintzen deialdietako lanpostuak hautatzeko erreferentziazko data Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen bidez zehaztuko da, aldez aurreko LLIIaren deialdia ebatzi ondoren, lanpostuak egun horretan zer egoeratan dauden kontuan hartuta.

Hirugarrena.– Lanpostu kopurua, guztira.

Hautaketa-prozesuetarako deialdia egitean, baliteke Enplegu Publikoaren Eskaintzan sartutako lanpostuen guztizko kopurua murriztea lekualdatze-lehiaketa ebaztearen ondorioz, baldin eta lanpostu horiek beste osasun-zerbitzu batetik datozen profesionalek bete badituzte eta, beraz, profesional horiek ez badute Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan lanpostu librerik uzten.

Laugarrena.– Lanpostuak zehazteko eta identifikatzeko irizpideak.

Enplegu Publikoaren Eskaintzaren deialdietan sartuko diren lanpostuak zehazteko eta identifikatzeko irizpideak puntu honetan zehaztutakoak izango dira.

Enplegu Publikoaren Eskaintzen deialdien barruko lanpostuak lehenbizi Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan ezarritako horniketa-prozesuetan sartu behar dira (mugikortasunekoa eta LLIIa), hala adierazita badago. Aldi baterako barne-sustapenean bete diren lanpostu hutsak dira salbuespena, zuzenean eskainiko baitira barne-sustapeneko txandako deialdietan.

Enplegu Publikoaren Eskaintzaren deialdietan sartuko dira aurreko LLIIaren deialdian destino baten esleipena lortu duten pertsonek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuan liberatutako lanpostuak eta esleitu gabe geratu diren lanpostuak.

Esleitu gabeko lanpostutzat hartuko dira, LLIIaren aurreko deialdian eskainitakoak izanik, prozesuan parte hartu duen inork hautatu ez dituelako hutsik jarraitzen dutenak.

Era berean, esleitu gabeko lanpostutzat hartuko dira, hasiera batean esleituak izanik, hutsik jarraitzen dutenak, dela esleipendunak lanpostuari uko egin diolako, dela ezarritako epean lanpostuaz jabetu ez delako, dela esleipenduna lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia-egoera administratiboan sartu delako.

Liberatutako lanpostutzat hartuko dira LLIIan lanpostuaren esleipenduna destino berriaz jabetu ondoren hutsik geratzen direnak.

Bosgarrena.– Lanpostuak identifikatzeko ordena.

Lehenik eta behin, barne-sustapeneko txandan eskaini beharreko lanpostuak identifikatuko dira, deialdi bakoitzean ezarritakoaren arabera, txanda horretarako konprometitutako lanpostu kopurura iritsi arte. Lanpostu horiek hautatzen bukatu ostean, txanda irekian sartuko diren lanpostuak identifikatuko dira.

Seigarrena.– Barne-sustapeneko txanda.

Barne-sustapeneko txandan sartuko diren lanpostu hutsen hautaketa ondoren adierazten den hurrenkeraren arabera egingo da, lanpostuak hautatzeko erreferentziazko egunean eta LLIIa amaitu ondoren zer egoeratan dauden kontuan hartuz, dagokion deialdian konprometitutako lanpostu kopurura iritsi arte, legezko mugen barruan:

Aldi baterako barne-sustapenean okupatutako titularrik gabeko lanpostuak, aldi baterako barne-sustapen horretako jardunaren antzinatasun handiena irizpide izanik.

Beharrezkoa bada, titularrik gabekoak izanik bitarteko langileek betetzen dituzten lanpostuak, lanpostu horretako jardun etengabearen antzinatasun handiena irizpide izanik.

Beharrezkoa bada, titularrik eta okupatzailerik gabeko lanpostuak. Lanpostu huts guztiak hautatuko dira eskaintzan sartzeko, deialdian sartutako guztizko kopurura iritsi arte, okupatzailerik gabe denbora gehien daramaten lanpostuetatik hasita.

Zazpigarrena.– Txanda irekia.

Lanpostuak hautatzeko erreferentziazko datan plantillak duen egoera kontuan hartuta, eta aldez aurreko mugikortasun-prozesuak eta lanpostuak betetzeko prozesuak amaitu ondoren, txanda irekian sartuko diren lanpostu hutsak hautatuko dira, jarraian zehazten den hurrenkeran eta txanda horretarako dagokion deialdian konprometitutako lanpostuen kopurura iritsi arte:

Titularrik gabeko lanpostuak, bitarteko langileek betetzen dituztenak, lanpostu horretako jardun etengabearen antzinatasun handiena irizpide izanik.

Titularrik eta okupatzailerik gabeko lanpostuak. Lanpostu huts guztiak hautatuko dira eskaintzan sartzeko, deialdian sartutako guztizko kopurura iritsi arte, okupatzailerik gabe denbora gehien daramaten lanpostuetatik hasita.

Titularrik gabeko lanpostuak, zerbitzu-eginkizunen bidez betetakoak. Behar diren lanpostu hutsak hautatuko dira, zerbitzu-eginkizun horretako jardunaren antzinatasun handiena irizpide izanik.

Barne-sustapenean betetako lanpostuak, barne-sustapeneko txandarako hautatuak izan ez direnak, hala badagokio, aldi baterako barne-sustapen horretako jardunaren antzinatasun handiena irizpide izanik.

Ezarritako ordena amaitu ondoren, Enplegu Publikoaren Eskaintzaren deialdi bakoitzerako onartutako guztizko kopurura iristeko lanpostu gehiago behar badira, geroagoko beste erreferentziazko data bat zehaztuko da lanpostuak identifikatzeko, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Data horren arabera, 1., 2., 3. eta 4. apartatuetan ezarritako ordena errepikatuko da, beharrezko lanpostu kopurura heldu arte.

Zortzigarrena.– Lanpostuak lehenestea berdinketa-egoeretan.

Aurreko puntuetako batean lanpostu hutsak identifikatzean berdinketa gertatuz gero, jarraian deskribatzen dira berdinketa hausteko aplikatu beharreko irizpideak:

Bitarteko gisa betetako plazen kasuan, irizpide hauek aplikatuko dira hurrenez hurren:

Lanpostu funtzional berean eta zerbitzu-erakunde berean lanpostu hori betetzen duen pertsonak aldi baterako lotura luzeagoa izatea.

Berdinketak jarraitzen badu, lanpostu-kode baxuena hautatuko da.

Titularrik eta okupatzailerik gabeko lanpostuen kasuan, lanpostu-koderik baxuenaren irizpidea aplikatuko da.

Zerbitzu-eginkizunetan betetako lanpostuen kasuan, irizpide hauek aplikatuko dira hurrenez hurren:

Zerbitzu-eginkizunetan egun gehiago beteta egotea, etenik gabe, okupatzailea edozein dela ere.

Berdinketak jarraitzen badu, lanpostu-kode baxuena hautatuko da.

Aldi baterako barne-sustapenean betetako plazen kasuan, irizpide hauek aplikatuko dira hurrenez hurren:

Aldi baterako barne-sustapenean egun gehiago beteta egotea, etenik gabe, okupatzailea edozein dela ere.

Berdinketak jarraitzen badu, lanpostu-kode baxuena hautatuko da.

Bederatzigarrena.– Erresulta-fasea.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren Enplegu Publikoaren Eskaintzei dagozkien deialdietan, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 78.7 artikuluan ezarritakoa aplikatzea aurreikusi ahal izango da, deialdian sartutako lanpostu guztiak beteko direla bermatzeko, eta lanpostuak erresulta-fasean esleituko dira.

Dagokion hautaketa-prozesuaren deialdia guztiz amaitu ondoren, lanpostuak fase arruntean nahiz erresulta-fasean esleitu ondoren, baldintzak betetzen dituen hautagai gehiagorik ez badago eta lanpostuak hutsik geratzen badira, lanpostu horiek berriro eskaini ahal izango dira dagozkien mugikortasun-, hornidura- eta hautaketa-prozesuetan, aplikatu beharreko araudiaren arabera.

Hamargarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Hamaikagarrena.– Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Administrazio Kontseiluari; horretarako, hilabeteko epea egongo da, Ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean, Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legean eta Osakidetzaren estatutu sozialak ezartzeko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 23a.

Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,

MIREN LOREA BILBAO ARTECHE.


Azterketa dokumentala