Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

44. zk., 2026ko martxoaren 5a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
992

EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 16koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Savanna Power Solar 14 SLUk sustatutako «Vitoria 30kV» kluster eolikoaren (29,94 MW) eta hari lotutako azpiegituren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena Alegrķa-Dulantzi, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga, Barrundia, Burgelu, Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteiz udal-mugarteetan (Araba).

AURREKARIAK

2025eko maiatzaren 5ean eta 2025eko ekainaren 4an, organo substantiboak (alegia, Eusko Jaurlaritzako Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzak) jendaurreko informazioaren izapidearen mende jarri zuen, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko, «Vitoria 30kV» kluster eolikoaren (29,94 MW) eta hari lotutako azpiegituren proiektua Alegrķa-Dulantzi, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga, Barrundia, Burgelu, Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteiz udal-mugarteetan (Araba), Savanna Power Solar 14 SLUk sustatua, bai eta proiektuari dagokion ingurumen-inpaktuaren azterketa ere, bat etorriz Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan xedatutakoarekin.

Izapide horren behin betiko iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen 2025eko maiatzaren 5ean (82. zk.) eta Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean 2025eko ekainaren 4an (62. zk.). Era berean, dokumentazioa ikusgai egon zen Energia eta Meategi Proiektuen Informazio Publikoaren webgunean (https://www.euskadi.eus/iragarkia-2025eko-apirilaren-23koa-vitoria/web01-a2energi/eu/). Jendaurreko informazioaren izapidea burututa, organo substantiboak egiaztatu zuen ez zela alegaziorik jaso.

Horrez gain, aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan eta abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 77. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, jendaurreko informazioaren izapidearekin batera, Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, eta espedientean jasota dago emaitza.

2025eko azaroaren 4an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritzaren eskaera, Savanna Power Solar 14 SLUk sustatutako «Vitoria 30kV» kluster eolikoaren (29,94 MW) eta hari lotutako azpiegituren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiteko Alegrķa-Dulantzi, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga, Barrundia, Burgelu, Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteiz udal-mugarteetan (Araba).

Eskaeran, honako dokumentazio hau aurkeztu da:

– «Vitoria 30 kV» kluster eolikoaren (29,94 MW), ebaketa-zentroaren eta «Vitoria 30 kV» (29,94 MW) kluster eolikoa SET VITORIA 30 kV azpiestazioarekin lotzeko erdi-tentsioko aireko eta lurpeko linearen (30kV) aurretiko administrazio-baimenerako proiektua. (Astrom Technical Advisors SL (ATA), 2023ko azaroa).

– «Vitoria 30 kV» kluster eolikoaren ingurumen-inpaktuaren azterlana (IDOM, 2023ko abendua).

– Jendaurreko informazioaren izapidearen emaitza (jendaurreko informazioaren epea, jasotako alegazioen zerrenda, alegazioen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak alegazioei emandako erantzuna).

– Ukitutako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitza (kontsultatu diren administrazio eta organismo publikoen zerrenda, jasotako txostenen hitzez hitzeko kopia eta sustatzaileak txosten horien ingurumen-edukiari dagokionez egindako oharrak).

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan eta Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan ezarritakoaren arabera, horien helburua da ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea, ingurumena babesteko maila handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko asmoz.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.1 artikuluan xedatutakoa betez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egingo zaie lege horren II.D eranskinean zerrendatutako proiektu publiko zein pribatuei. Aztertu beharreko proiektua eranskin horretako D3 taldean (Energiaren industria) jasota dago, 3.j epigrafean: «5 aerosorgailu edo gehiago, guztira 10 MW-eko potentzia edo handiagoa dutenak, dauzkaten parke eolikoak. Beste parke eoliko batetik 2 km baino gutxiagora dauden parke eolikoak, baldin eta dituzten baterako magnitudeak aurreko atalaseetara iristen badira edo atalase horiek gainditzen badituzte. Arau honen ondoreetarako, parke eolikotzat hartuko dira energia eolikotik elektrizitatea sortzera bideratutako instalazioak, sare propioen bidez elektrikoki konektatutako hainbat aerosorgailu baliatuz, sarbide- eta kontrol-egitura bera partekatuta, energia propioa neurtuta eta sare orokorrera konektatuta».

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Industria Administrazioaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egiteko zer behar den xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterketa bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu, eta ukitutako administrazio publikoek eta interesdunek prozeduran parte hartu dute.

Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik ingurumen-inpaktuaren azterketak indarreko araudian ezarritako alderdiak kontuan hartzen dituela, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau eman du, zuzendaritza horrek baitauka horretarako eskumena, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera.

Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legea; Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Savanna Power Solar 14 SLUk sustatutako «Vitoria 30kV» kluster eolikoaren (29,94 MW) eta hari lotutako azpiegituren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea Alegrķa-Dulantzi, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga, Barrundia, Burgelu, Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteiz udal-mugarteetan (Araba), ingurumen-ondorioetarako bakarrik, ondoren egindako analisiaren arabera eta azaltzen diren alderdi nahiz arrazoiak direla kausa:

Ingurumen-ebaluazio hau aipatutako proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean eginda dago, eta jarduketa hauek biltzen ditu:

– «Vitoria 30 kV» kluster eolikoa (29,94 MW), 4,99 Mw-ko potentzia unitarioa duen aerosorgailu bakarreko sei parke eolikoz eta dorre meteorologiko batez osatua. Honako hauek osatuko dute «Vitoria 30 kV» kluster eolikoa: «PE As de guķa 18», «PE Ballestrinque 18», «PE Ballinger 18», «PE Carabela 18», «PE Carraca 18» eta «PE Nao 18». Elementu horien posizioetarako sarbideak sartzen dira, bai eta aerosorgailuak eta ebaketa-zentroa lotzeko lurpeko linea elektrikoa ere, Burgelu, Alegrķa-Dulantzi, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga eta Barrundian (Araba) dagoena.

– Ebaketa-zentroa (aurrerantzean, EZ), Barrundia udal-mugartean (Araba) kokatua.

– Aireko eta lurpeko linea (30 kV), EZtik SET Vitoria 30 kV-era, Barrundia, Burgelu, Arratzua eta Vitoria-Gasteiz (Araba) udal-mugarteetako lursailetatik igarotzen dena.

1.– Proiektuaren kokapena eta deskribapena.

1.1.– Sustatzailea eta organo substantiboa.

Savanna Power Solar 14 SLU da proiektuaren sustatzailea.

Organo substantiboa Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Industria Administrazioko Arabako Lurralde Ordezkaritza da.

1.2.– Kokapena.

«Vitoria 30 kV» kluster eolikoa (29,94 MW) Burgelu, Alegrķa-Dulantzi, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga eta Barrundia udal-mugarteetan proiektatu da. Klusterra 6 parke eolikok osatuko dute, bakoitza 4,99 MW-ko aerosorgailu batez osatua, eta Argomaiz eta Ezkerekotxa herrien artean dagoen gailurrerian jarriko dira, 600 eta 660 m arteko altitudean gutxi gorabehera. Neurketa-dorre meteorologikoa Barrundia (Araba) udalerrian jarriko da.

Klusterrera A-1 autobidetik sartuko da, 317 irteera hartuta A-3100 errepiderantz, eta handik 2,6 km inguru egingo ditu, A-3140 errepiderantz desbideratu arte. Bide hori klusterraren berezko bide berri eta eraikitako bideekin lotuko da.

29,94 MW-eko Vitoria kluster eolikotik datorren energia elektrikoa ebakuatzeko, Barrundiako udal-mugartean ebaketa-zentroa eraikitzea proiektatu da; zehazki, 4. poligonoko 550. partzelan. Aireko eta lurpeko zatiak dituen ebakuazio-linea Barrundia, Burgelu, Arratzua eta Vitoria-Gasteiz udalerrietatik igaroko da, 30 kV-ko Vitoria azpiestazio elektrikoarekin konektatzeko.

1.3.– Aztertutako aukerak.

Ingurumen-inpaktuaren azterketak (aurrerantzean, IIA), zero alternatibaz edo «jarduketarik ez» alternatibaz gain, zenbait alternatiba proposatzen ditu aerosorgailuak kokatzeko, ebaketa-zentroa (EZ) kokatzeko eta ebakuatzeko linea elektrikoa jartzeko.

1.3.1.– Aerosorgailuetarako aukerak.

Lerrokadura desberdineko bi alternatiba proposatu dira. Bi alternatibek sei aerosorgailu dituzte, bakoitza 4,99 MW-ko potentziarekin, eta posizionamendu desberdinak dituzte.

1. alternatiba aukeratu da, besteak beste, inguruan dauden ur-putzuetatik urrunago dagoelako eta dauden bide gehiago aprobetxatzeko aukera ematen duelako.

1.3.2.– Ebaketa-zentrorako (EZ) eta ebakuazio-linearako alternatibak.

Bi alternatiba aurkeztu eta aztertu dira ebaketa-zentroa eta linea elektrikoa kokatzeko.

1. alternatiba guztira 11,08 km luze da. EZtik abiatuta 8,59 km airetik proiektatu dira, 41 euskarrirekin, eta 2,49 km lurpean, SET Vitoriaraino. Alternatiba honetako ebaketa-zentroa Barrundia udalerrian dago.

2. alternatiba guztira 8,63 km luze da; horietako 3 km, ebaketa-zentrotik abiatzen direnak, lurpean joango dira, eta SET Vitoriarekin lotuko diren 5,63 km-ak airetik, 28 euskarrirekin. Alternatiba honetako ebaketa-zentroa Alegrķa-Dulantzi udalerrian dago.

1. alternatiba aukeratu da; izan ere, SET Vitoriara lurpean konektatuko da, eta, horrela, eremu horretako gurutzaketen eta aireko lineen gainkarga saihestuko da. Gainera, 2. alternatiban, linea elektrikoak, lurpean egingo duen trazaduran barnealdeko Donejakue bideari eragingo lioke.

1.4.– Hautatutako aukeraren deskribapena.

Proiektuak sei parke eolikoren (aurrerantzean, PE) kluster eoliko bat aurreikusten du, eta parke horietako bakoitzak 4,99 MW-ko potentzia unitarioa duen aerosorgailu bat izango du. Parke eolikoak, mendebaldetik ekialdera, honela deitzen dira: «PE As de guķa 18» (AG-01 aerosorgailua), «PE Ballestrinque 18» (AG-02), «PE Ballinger 18» (AG-03) «PE Carabela 18» (AG-04), «PE Carraca 18» (AG-05) eta «PE Nao 18» (AG-06).

Aerosorgailuak N175-6.X modelokoak izango dira, 175 m-ko diametroko errotore batez osatuak, 85,7 m luzeko hiru palaz hornituak, 24.053 m2-ko ekorketa-eremua dutenak eta 112 m-ko abatz-altuera dutenak. Turbinak seinaleztatzeko eta argitzeko, aerosorgailu bakoitzean argi bat jarriko da, Ertaina A/Ertaina C sistema dualarekin.

Neurketa-dorrea 118,4 metro altu izango da, Barrundia udalerrian jarriko da eta «PE Carabela 18» (AG-04) aerosorgailuaren zerbitzu osagarrien koadrotik elikatuko da, behe-tentsioan (0,4 kV). Linea «PE Carabela 18» (AG-04), «PE As de Guķa 18» (AG-01), «PE Ballestrinque 18» (AG-02) eta «PE Ballinger 18» (AG-03) parkeetako erdi-tentsioko ebakuazio-lineen zanga berean instalatuko da, 1.075 metro luze izango da eta Barrundia eta Alegrķa-Dulantzi udalerrietatik igaroko da.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

PEetan sortutako energia 30 kV-ko erdi-tentsioko lurpeko linea (aurrerantzean, ETLL) baten bidez ebakuatuko da ebaketa-zentroraino (EZ). 30 kV-ko eta 86,14 m2-ko azalerako EZ Barrundia udalerriko (Araba) 4. poligonoko 550 partzelan kokatuko da.

Ebaketa-zentroa.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

EZtik 11,08 km luzeko aireko eta lurpeko ebakuazio-linea bat proiektatu da, «SET Vitoria 30 kV» (I-DE) azpiestazioarekin lotuko dena eta Barrundia, Burgelu, Arratzua eta Vitoria-Gasteiz udal-mugarteetatik igaroko dena. EZtik airetik aterako da (8,58 km); horretarako, saretan 41 euskarri metaliko instalatu beharko dira, eta 2,5 km-ko azken zatian lurperatuta egongo da azpiestazio elektrikora arte.

Klusterra eraikitzeko beharrezkoa den obra zibila egiteko, lurra prestatu eta lur-mugimenduak egin beharko dira, baita instalazioaren barruko bideak egin eta sarbideak egokitu, aerosorgailuak eta horien zimenduak muntatzeko plataformak gauzatu, potentzia- eta komunikazio-kableetarako zangak eta kanalizazioak egin eta drainatze-sistema bat gauzatu ere.

Lursaila prestatzeko, lursaila garbitu eta soildu egingo da, dagoen landare-geruza kentzeko. Lursaila prestatzen amaitu ondoren, lur-mugimenduak egingo dira. Sustatzaileak 61.896,62 m3-ko inausketa egitea kalkulatu du aerosorgailuak muntatzeko plataformak ezartzeko eta 99.087,24 m3-ko indusketa egitea bideak egokitzeko.

«Vitoria 30 kV» klusterrera A-1 autobidetik sartuko da, 317 irteera hartuta A-3100 errepiderantz, eta handik 2,6 km inguru egingo ditu, A-3140 errepiderantz desbideratu arte. Bide hori parkearen berezko bide berri eta eraikitako bideekin lotuko da. Sarbideek aerosorgailuen osagaiak garraiatu ahal izateko moduko ezaugarriak izango dituzte; horrela, dauden bideak 6 m zabalera egokituko dira, eta eraikiko diren bideak 6 m-ko zabalera berarekin eraikiko dira. Bideen trazadura diseinatzeko, gutxienez 60 m-ko biraketa-erradioa hartuko da kontuan.

Aerosorgailu bakoitzari dagokion lekuan muntaketa-plataforma bat prestatuko da, aerosorgailua muntatzeko beharrezkoak diren tona askoko kamioiek eta garabiek maniobrak egin ahal izateko. Muntaketa-plataformek garabiek lan egiteko gune bat, osagaiak pilatzeko gune bat eta palak pilatzeko gune bat izango dituzte.

Aerosorgailuetarako aurreikusitako zimenduak 24 metroko diametroko zapata zirkular baten bidez egingo dira, eta horren gainean hormigoizko oinarri bat eraikiko da, 6 metroko diametroko oinplano zirkularra duena. Zapatan, dorrerako erdi-tentsioko sarerako sarbidea sartuko da, zimenduaren hormigoian bertan txertatuta egongo diren hodiekin.

Parke eoliko guztiek zangak partekatuko dituzte, eta maila desberdinetan hartuko dituzte erdi-tentsioko lineak, neurketa-dorreko behe-tentsioko linea, komunikazio-sarea eta lur-sarea; goiko mailan zuntz optikoko sarea jarriko da, ondoren behe-tentsioa, gero erdi-tentsioa, eta, azkenik, beheko mailako zanga-ohearen gainean, lur-sarea. Zanga horiek zabalera eta sakonera desberdinak izango dituzte.

«Vitoria 30 kV» kluster eolikoaren drainatzea eraikiko diren bideetan zehar proiektatuko da, luzetarako drainatzearen bitartez. Sistemak isurketa-ura bilduko du, eta kota baxuagoko puntuetarantz bideratuko ditu.

Gainera, pilaketa-gune osagarri bat eta bulegoetarako gune bat egokituko da, parke eoliko guztietarako komuna. Gune komun horretan jarriko da bulegoak kontrolatzeko eraikin bat eta ordezko piezak eta dokumentazioa biltegiratzeko eraikin bat. «PE Carabela 18» (AG-04) parkearen ekialdean kokatuko da.

IIAren arabera, klusterraren honako elementu hauek ezartzeko aldi baterako okupazio-azalerak honako hauek izango dira: «PE As de guķa 18» (AG-01) parkearena 3.567,75 m2-koa, «PE Ballestrinque 18» (AG-02) parkearena 3.311,03 m2-koa, «PE Ballinger 18» (AG-03) parkearena 2.715,65 m2-koa, «PE Carabela 18» (AG-04) parkearena 3.588,94 m2-koa, «PE Carraca 18» (AG-05) parkearena 4.426,70 m2-koa eta «PE Nao 18» (AG-06) parkearena 1.167,75 m2-koa. Parke eoliko bakoitzaren instalazioen behin betiko okupazio-azalera 1.022,39 m2-koa izango da.

Ebakuazio-linea eraikitzeko, honako hauek egin beharko dira: lursaila garbitu, lur-mugimenduak egin, euskarrien zimenduak hondeatu eta hormigoitu, lurpeko tarterako zangak hondeatu, eroaleak eta lur-kableak zabaldu, kableak jarri eta zanga itxi.

Sustatzaileak aurkeztutako proiektuan jasotako kronogramaren arabera, parke eoliko bakoitza gauzatzeko epea 5 hilabetekoa izango da, 4 hilabetekoa ebaketa-zentroa gauzatzeko, 6 hilabetekoa ebakuazio-linearen aireko zatia gauzatzeko eta 6 hilabetekoa lurpeko zatira egiteko.

2.– Proiektuaren eremuan garrantzitsuak diren ingurumen-alderdiak.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak egindako «Energia eoliko eta fotovoltaikoaren garapena eta horren bateragarritasuna EAEko natura-ondarearen kontserbazioarekin» (2021) azterlanaren arabera, egiaztatu da kluster eolikoa sentsibilitate-kategoria desberdinetan sailkatutako eremuetan proiektatzen dela: «Carraca 18» (AG-05) eta «Nao 18» (AG-06) parke eolikoetako aerosorgailuak sentsibilitate goreneko eremuan proiektatu dira osorik, «PE As de guķa 18» (AG-01) parkeko aerosorgailua sentsibilitate altu-goreneko eremuan, «PE Ballestrinque 18» (AG-02) parkea sentsibilitate ertain-baxuko eremuan eta Ballinger 18» (AG-03) eta «Carabela 18» (AG-04) parke eolikoetako aerosorgailuak sentsibilitate baxuko eremuan.

Bestalde, behin-behinean onartuta dagoen Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Arloko Planaren arabera (aurrerantzean, Energia Berriztagarrien LAP), «PE Ballestrinque 18» (AG-02), «PE Ballinger 18» (AG-03) eta «PE Carabela 18» (AG-04) aprobetxamendu eolikorako gaitasun ertaineko eremuetan daude; «PE As de guķa 18» (AG-01) gaitasun baxukoan eta «PE Carraca 18» (AG-05) eta «PE Nao 18» (AG-06) gaitasun oso baxuetakoan.

Energia Berriztagarrien LAParen aplikazio-arauen 25. artikuluaren arabera, «LAP honetan aukeratutako kokapen-eremuetatik kanpo eskala handiko sortze-instalazioak ezarri ahal izango dira gaitasun handiko eta gaitasun ertaineko eremuetan, baldin eta aldeko baliabidea badute eta Energia Berriztagarrien LAP honen 11. eta 12. artikuluetan ezarritakoa errespetatzen badute».

Energia Berriztagarrien LAParen ondorioetarako, Vitoria klusterra eskala handiko instalazioa da, 6 aerosorgailuk osatuta baitago. Hori guztia oinarri hartuta, aerosorgailuetako hiru –(PE As de Guķa 18 (AG-01), PE Carraca 18 (AG-05) eta PE Nao 18 (AG-06)– ez lirateke Energia Berriztagarrien LAPean sartuko, gaitasun oso baxuko eta baxuko eremuetan baitaude.

2.1.– Gune babestuak eta igarobide ekologikoak.

Vitoria kluster eolikoak eta hari lotutako azpiegiturak EAEko gune babestuen saretik kanpo daude kokatuta. Hurbilen dauden parke naturalak Aizkorri-Aratz (ES210003), Klusterraren iparraldean 9 km-ra, eta Izki (ES2110019) dira, 10 km-ra hegoaldera.

Hala ere, posizio zentrala hartzen du hautatutako kokalekutik gertu dauden Natura 2000 Sareko zenbait gune babestuekiko.

– Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBE (ES2110013). KBE hori osatzen duten orban gehienak klusterretik 2,5 km-ra daude hego-mendebaldera, eta 8 km-ra ipar-ekialdera. Nolanahi ere, hurbilen dagoen orbana «PE Nao 18» (AG-06) parketik 150 m-ra dago ekialdera. Ebakuazio-linea KBEtik 2,6 km ingurura dago.– Proiektuaren eremuaren zati handiena Esku hartzeko Nekazaritza Eremu (EHNE) gisa katalogatu du azaroaren 3ko 206/2015 Dekretuak, Arabako Lautadako Irla Hariztiak (ES2110013) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duenak.

– Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEa (ES2110011), klusterretik 2,5 km ingurura dago ipar-mendebaldera, eta ebakuazio-lineatik 1 km-ra iparraldera. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek beren txostenean adierazten dutenaren arabera, Zadorraren Sistemako urtegiak Hegaztiak Kontserbatzeko Eremu Garrantzitsuen (IBA) azken eguneratzean sartu dira.

– Aldaiako Mendiak KBEa (ES2110016), klusterretik 3,5 km ingurura dago iparraldera, eta ebakuazio-lineatik 2 km-ra iparraldera.

– Barrundia Ibaia KBEa (ES2110017), klusterretik 4 km-ra dago iparraldera, eta ebakuazio-lineatik 2,7 km-ra iparraldera.

– Gasteizko Mendiak KBEa (ES2110015), klusterretik 5 km ingurura dago hego-mendebaldera, eta ebakuazio-lineatik 4,5 km-ra hegoaldera.

– Entzia KBEa (ES2110022), 5 km ingurura dago klusterraren ipar-ekialdera eta ebaluazio-lineatik 9 km-ra.

– Salburua Kontserbazio Bereziko Eremua - Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (KBE-HBBE) (ES2110014), klusterretik 7,5 km ingurura dago mendebaldean, eta ebakuazio-lineatik 3 km-ra hego-mendebaldean.

– Aizkorri-Aratz KBEa (ES2120002), klusterretik 9 km ingurura dago iparraldera, eta ebakuazio-lineatik 8,5 km-ra iparraldera.

– Zadorra Ibaia KBEa (ES2110010), klusterretik 9,5 km-ra dago mendebaldera, eta ebakuazio-lineatik 4,5 km-ra mendebaldera.

– Izki KBE-HBBEa (ES2110019), klusterretik 10 km ingurura dago hegoaldera, eta ebakuazio-lineatik 11 km-ra hegoaldera.

– Ega-Berron Ibaia KBEa (ES2110020), klusterretik 10 km ingurura dago hegoaldera, eta ebakuazio-lineatik 11 km-ra hegoaldera.

Natura 2000 Sareko eremu horietan kontserbatu behar diren eta proiektuak eragin diezaiekeen elementuen artean daude, besteak beste, kiropteroak, hegazti nekrofagoak eta zenbait hegazti-espezie, eta horien artean dago miru gorria.

Zehazki, miru gorria Entzia KBEko eta Gasteizko Mendiak KBEko funtsezko elementu diren hegaztien taldekoa da, eta zenbait lurralde ditu parke eolikorako proiektatutako eremutik 10 km-ra baino gutxiagora. Halaber, Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEan, hegazti-fauna funtsezko elementua da. KBE horren arau- eta kudeaketa-dokumentuetan 84 hegazti-espezie jaso dira, eta horien artean, halaber, miru gorria nabarmentzen da, arriskuan dagoen bandera-espezie gisa.

Entzia KBEaren izendapenaren 42. erregulazioan, gainera, EAEko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren zehaztapenak jasotzen dira. Plan horrek Euskal Autonomia Erkidegoan espezie nekrofagoen biziraupena bermatzeko beharrezkoak diren neurriak eta ekintzak ezartzen ditu; espezie horien artean daude honako hauek: sai zuria (Neophron percnopterus), sai arrea (Gyps fulvus) eta ugatza (Gypaetus barbatus), «Kaltebera», «Interes berezikoa» eta «Galtzeko arriskuan», hurrenez hurren, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan (aurrerantzean, EMEK), eta Babes Bereziko Basa Espezieen Zerrendan jasota daude. Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan ere sai zuria «Kaltebera» gisa jasota dago, eta ugatza «Galtzeko arriskuan» gisa. Gainera, saguzarrak Entzia KBEaren funtsezko beste elementu bat dira, eremu horretan 17 espezie babestu baino gehiago daudela egiaztatu baita.

Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEko baso-orbanek, kluster eolikotik hurbilen dagoen eremu babestuak, balioa dute zenbait espezierentzako aldi baterako pasadizo- eta babes-eremu gisa.

Halaber, Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEak garrantzi berezia du uretako hegaztien negu-pasako eta ugaltzeko leku gisa, EAEko barrualdeko hezegune garrantzitsuenetako bat baita. Zeregin garrantzitsua dute, gainera, hegaztien migrazioan: espezie askori atseden hartzeko gunea eskaini eta elikatzeko aukera ematen die, hegazti-fauna KBE horretako funtsezko elementua izanik. Eremu horretan inbentariatutako espezieen artean, uretako hegaztiak daude nagusiki, baina interesekoak diren eta eragin dakiekeen beste espezie batzuk ere jasotzen dira, hala nola miru gorria, miru beltza, arrano sugezalea eta zingira-mirotza. Gainera, Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEak harreman ekologiko zuzena du Natura 2000 Sarean sartutako beste leku batzuekin, eta hegaztientzat eta beste espezie batzuentzat funtsezkoa da ibai-sarearekin berarekin trukatzeko eta konektatzeko, hala nola Zadorra Ibaia KBEarekin, Barrundia Ibaia KBEarekin, Ramsar hezegunea/KBEarekin eta Salburua HBBEarekin. Halaber, inguru horretatik urrunago dauden beste leku batzuekin konektatzen laguntzen du, hala nola Aldaiako Mendiak KBEarekin, Aizkorri-Aratz KBEarekin, Gasteizko Mendi Garaiak KBEarekin, Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEarekin, Gorbeia KBEarekin eta Urkiola KBEarekin.

Era berean, proiektua nazioarteko tresnek babestutako bi eremutatik hurbil dago:

– Salburua hezegunea - Nazioarteko garrantziko Ramsar hezegunea (ES2110014).

– Uribarriko urtegiaren adarrak – Nazioarteko garrantziko Ramsar hezegunea (ES2110011). Ramsar hezegune hori bat dator Zadorraren Sistemako Urtegien KBEaren hegoaldeko eta ekialdeko eremuen zati batekin. Arabako Foru Aldundiko Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek txostenean adierazi dutenaren arabera, Ramsar hezegune horrek aberastasun espezifiko handiko aniztasun botanikoa eta landare-segida ditu; horri esker, kokagune horrek balio bikaina du botanikaren ikuspegitik. Hezegune hori, gainera, anfibio ugariren ugalketa-eremua da, baita baso-igel jauzikariarena ere (Rana dalmatina); espezie hori «Kaltebera» gisa katalogatuta dago EMEKn. Gainera, ohiko hezegune atlantikoen eta mediterraneoen arteko ezaugarriak dituen hezegunearen adibide bikaina da, eta, beraz, aparteko balioa du urarekin lotutako hegaztientzat. Ondorio horietarako, EAEko barrualdeko hezegune garrantzitsuena da.

Proiektua ez dator bat Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen (LAG) azpiegitura berdearekin.

Bestalde, 2005ean egindako Euskal Autonomia Erkidegoko Korridore Ekologikoen Sarean oinarrituta, Vitoria kluster eolikoa kokatzea proposatzen den Argomaiz eta Ezkerekotxa arteko mendilerroa inguruneko naturaguneen arteko «lotura-korridore» gisa identifikatzen da. Interes naturaleko lurraldea da, eta nolabaiteko hedadura duten baso-masa autoktonoak ditu, espazioen-guneen arteko eskala-leku gisa jarduten dutenak. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek 2025eko uztailaren 17an egindako txostenean adierazi zuten aurkeztutako IIAn alde batera utzi dela Argomaiz eta Ezkerekotxa arteko gailurreriak duen balioa Arabako Lautadan eta inguruan prozesu ekologikoak mantentzeko duen funtsezko lotura gisa.

2.2.– Flora, landaredia eta habitatak.

EUNIS (2019) kartografiaren arabera, proiektuaren inguruko landaredia baso naturala eta baso-sailak dira nagusiki, batez ere erkamezti subatlantikoek eta, neurri txikiagoan, harizti mesotrofo subatlantikoek osatuta, bai eta monolaborantza intentsiboen nekazaritza-lurrak ere. Halaber, sastraka eta zuhaixken orban txikiak ere badaude, honako hauek osatuak: arantzadi ez atlantikoak, ibaiertz-sahastiak, txilardi kaltzikolak eta Quercus faginea espezieko heskaiak, eta errepideekin eta hiriguneekin bat datozen eraikuntza eta habitat artifizialak.

Azterlanaren eremuan dauden Batasunaren intereseko habitatak (aurrerantzean, BIH) honako hauek dira:

– 9240 BIHa Quercus faginea eta Q. canariensis espezieetako harizti iberiarrak.

– 4090 BIHa Txilardi oromediterraneo endemikoak, elorri-triskarekin.

– 6210* BIHa, belardi lehor erdi-naturalak eta kare-substratuetako sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia) (*orkidea garrantzitsuko lekuak).

– 91E0* BIHa, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior deritzenen baso alubialak (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae).

Bestalde, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek jakinarazi dute 9230 BIHa Quercus robur eta Quercus pirenaica hariztiak dagoela azterlanaren eremuan.

GeoEuskadiren eta IIAren arabera, proiektuaren eragin-eremuan ez dago mehatxatutako flora-espezierik.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak adierazi du IIAn ez dela azaldu eremuaren flora-osaerari buruzko azterlanik egin denik eta soilik landa-bisita bat egin zela, eta ez zela metodologiari, prospekzioa egindako eremuei, lortutako emaitzei eta abarri buruzko daturik eman.

2.3.– Fauna.

Aurkeztutako dokumentazioan, proiektuaren esparruan egon daitezkeen fauna-espezieen inbentario bibliografiko bat jaso da, Espainiako Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen Inbentarioaren informazioan oinarrituta. Halaber, hegazti-faunaren eta kiropteroen urteko landa-azterketa bat ere jaso da.

Parke eolikoen eremua Espainiako Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen Inbentarioaren UUTM 10X10 km 30TWN44 eta 30TWN34 laukietan kokatzen da. Lauki horietan hegazti-faunako espezie asko antzeman dira; hain zuzen: 142 hegazti-espezie, 44 ugaztun-espezie, 9 arrain-espezie kontinental, 10 anfibio-espezie, 9 narrasti-espezie eta 38 ornogabe-espezie. Hortaz, aztertutako eremuko fauna-dibertsitatean 252 espezie daude, eta fauna-aberastasun handia ematen diote jarduketa-eremuari eta haren inguruari.

Bertan dauden hegazti-espezieak honako hauek dira: zuhaiztietako eta ingurune atlantikoagoetako hegaztiak, hala nola urubia, hontz ertaina, gailupa, gabiraia, mozoloa; ibai-inguruneetako hegaztiak, hala nola amiltxori txikia, dilindaria, kuliska txikia, txilinporta, zingira-mirotza, txirritxo txikia eta abar; eta landazabaleko eta laborantzako lur irekietako hegaztiak, hala nola arrano txikia, hontz ertaina, belatza, belatz gorria, mirotz urdina edo mirotz zuria.

Ugaztunen artean, honako hauek nabarmentzen dira: basurdea, orkatza, azeria, katajineta, basakatua, azkonarra, erbinudea, lepazuria, lursaguak, saguak, ur-arratoia, erbi arrunta, untxia, urtxintxa, trikua, igaraba eta bisoi europarra.

Arrainei dagokienez, espezie nabarmenak loina txikia, Ebroko barboa edo amuarrain arrunta dira. Inguruko herpetofauna ondo ordezkatzen dute apo lasterkariak, baso-igel gorriak, zuhaitz-igel arruntak, uhandre palmatuak eta uhandre marmolaireak.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek klusterra proiektatzen den Arabako Lautadako eremua eta, bereziki, Argomaiz-Ezkerekotxa mendilerroko muino-segida hegaztientzako eta kiropteroentzako garrantzi handiko ingurune gisa ezaugarritzen dute; izan ere, muino horiek, beren landaretza natural klimazikoagatik, gailurrean ondo kontserbatutako basoengatik eta baltsak eta urmaelak egoteagatik, babesteko eta atseden hartzeko guneak dira hegazti eta kiropteroentzat, bai hurbileko ibilbideetan, bai migrazio-bidaia luzeagoetan.

Eremuan dauden fauna-espezie mehatxatuen kudeaketa-planei dagokienez, Arganzubi ibaia, aerosorgailuetatik kilometro ingurura dagoena hegoaldera, bisoi europarraren (Mustela lutreola) Interes Bereziko Eremu gisa sartuta dago (322/2003 Foru Agindua, azaroaren 7koa, Arabako Lurralde Historikoan Mustela lutreola Bisoi Europarra Kudeatzeko Plana onartzen duena. 2003-12-05eko ALHAO). Gainera, «PE Nao 18» (AG-06) parketik hurbil dagoen zuhaitz-masa usapal europarraren (Streptopelia turtur) lehentasunezko esku-hartze eremuari (2. maila) dagokio (Agindua, 2024ko martxoaren 13koa, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita Euskal Autonomia Erkidegoan usapal europarra –Streptopelia turtur– kudeatzeko Plana). Bi espezieak «Galtzeko arriskuan» gisa katalogatuta daude EMEKn.

GeoEuskadiren arabera, proiektuak ez du hartzen EAEko Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planean mugatutako Interes Bereziko Eremurik (Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Plana. 2015-07-01eko ALHAO, 2015-06-24ko BAO). Hala ere, inguruetan, EAEko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planean sartutako eremu hauek daude:

– Entzia interes bereziko eremua eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremua, klusterraren hego-ekialdean 5 km-ra eta aireko ebakuazio-linearen hego-ekialdean 9 km-ra.

– Aizkorri-Aratz interes bereziko eremua eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremua, klusterraren iparraldean 10 km-ra eta aireko ebakuazio-linearen iparraldean 9 km-ra.

– Izki interes bereziko eremua eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak elikatzeko babes-eremua, klusterraren hegoaldean 10 km-ra eta aireko ebakuazio-linearen hegoaldean 12 km-ra.

– Gasteizko Mendi Garaiak Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoentzako interes bereziko eremua, klusterraren eta aireko ebakuazio-linearen hego-mendebaldean 6 km-ra.

Era berean, ez du hartzen abifaunarentzako babes-eremurik (ABBE), 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan ezarritakorik (Agindua, 2016ko maiatzaren 6koa, Arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen dituena. 2016-05-23ko EHAA), zeinaren bidez arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen diren, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen diren. Hala ere, aerosorgailuetatik eta airetiko ebakuazio-lineatik hurbil, aipatutako aginduan sartutako gune hauek daude:

– Zadorrako Urtegiak Abifaunarentzako Babes-eremua, aireko linearen iparraldean 250 m baino gutxiagora eta aerosorgailuen iparraldean 2,5 km-ra.

– Entzia Abifaunarentzako Babes-eremua, aerosorgailuaren hego-ekialdean 4 km-ra eta aireko linearen hego-ekialdean 6 km-ra.

– Gasteizko Mendiak-Azazeta Abifaunarentzako Babes-eremua, aerosorgailuaren hegoaldean 4 km-ra eta aireko linearen hegoaldean 6 km-ra.

– Salburua Abifaunarentzako Babes-eremua, aireko linearen ipar-mendebaldean 2,5 km-ra eta aerosorgailuen mendebaldean 7 km-ra.

– Zadorra Abifaunarentzako Babes-eremua, aireko linearen mendebaldean 4,5 km-ra eta aerosorgailuen mendebaldean 9 km-ra.

IIAn jasotako Hegazti-faunaren landa-azterketa 2023ko azarotik 2024ko azarora bitartean egin zen. Honako metodologia hau erabili zen: 30 minutuz behin erroldak egitea aerosorgailuen inguruan ezarritako 4 puntutan, eta trantsektuak egitea aireko linearen luzera barne hartzeko. Laginketak hamabostean behin egin ziren, azterketa-aldi osoan zehar. Azterketa-eremua instalazioen inguruko kilometro batekoa izan zen, eta honako parametro hauek erabili ziren errolda egiteko: hegaldiaren ibilbidea, hegaldiaren altuera, urtaroa eta hegaldiaren ibilbidetik aerosorgailuen proiektatutako kokalekura dagoen distantzia. Halaber, 8 jardunaldi egin ziren habiak egiteko eta lo egiteko eremuak edo intereseko eremuak antzemateko, eta gaueko hegaztien 5 errolda egin ziren. Landa-lanarekin lortutako informazioa informazio bibliografikoarekin zabaldu da.

Errolda egiteko lau puntuen inguruko 50 metroko erradioa kontuan hartuta, 51 espezietako 2.268 hegazti antzeman ziren. Espezie ugariena txonta arrunta izan zen (% 18), populazio sedentarioak, migratzaileak eta negutarrak dituena. Hurbiletik jarraitzen diote beste bi espeziek: hegatxabal arrunta (% 14) eta negu-txirta (% 14). Hegatxabal arruntak ale sedentarioak, migratzaileak eta negutarrak ditu; negu-txirtak, berriz, ale migratzaileak eta negutarrak bakarrik.

Parke eolikoaren inguruan, guztira 1.403 hegazti erregistratu ziren, 26 espezie desberdinetakoak. Espezie ugarienak hauek izan ziren: belabeltza (438) (Corvus corone), sai arrea (324) (Gyps fulvus), pagausoa (237) (Columba palumbus) eta miru gorria (155) (Milvus milvus). Honako espezie hauek ere identifikatu ziren: arrano beltza (1) (Aquila chrysaetos), arrano txikia (13) (Hieraaetus pennatus), mirotz zuria (2) (Circus cyaneus), mendebaldeko zingira-mirotza (5) (Circus aeruginosus), sai zuria (5) (Neophron percnopterus), antzara hankagorrizta (2) (Anser anser), basahatea (7) (Anas platyrhynchos), zapelatz arrunta (51) (Buteo buteo), belatz gorria (49) (Falco tinnunculus), zikoina zuria (3) (Ciconia ciconia), ubarroi handia (3) (Phalacrocorax carbo), erroi handia (11) (Corvus corax), arrano sugezalea (1) (Circaetus gallicus), faisai arrunta (1) (Phasianus colchicus), koartza gorria (1) (Ardea purpurea), gabirai arrunta (6) (Accipiter nisus), kaio hankahoria (1) (Larus michahellis), miru beltza (33) (Milvus migrans), haitz-usoa (28) (Columba livia), eper gorria (6) (Alectoris rufa), usapal arrunta (3) (Streptopelia turtur) eta usapal turkiarra (19) (Streptopelia decaocto).

Hegaldi-mota nagusia desplazamendukoa izan zen (% 37,09), eta, ondoren, zikleoa (% 27,15), nagusiki mendebalderantz. Aerosorgailuen proiekzioetatik hurbilen egin diren hegaldiak «PE As de Guķa 18» (AG-01) aerosorgailuan egin ziren. Hegaldi gehienak hegalak baino beherago egiten ziren antzeman zen. Hegaldi-kopuru handiena, hegaztien hegaldia eta hurbilen dagoen aerosorgailua banatzen dituen gutxieneko distantzia kontuan hartuta, «PE As de guķa 18» (AG-01) eta «PE Carabela 18» (AG-04) aerosorgailuetan kontzentratu zen. Hegaldien batez besteko altuera aerosorgailuekiko 41±59 metrokoa izan zen.

Linea elektrikoaren inguruan, guztira, 23 espezietako 747 hegazti erregistratu ziren. Espezie ugarienak belea eta sai arrea izan ziren. Hegaldi-mota nagusia desplazamendukoa izan zen (% 54,44), nagusiki mendebalderantz.

Inguru horretako espezie ugarienen hegaldi-patroiak aztertuta (belabeltza, sai arrea, pagausoa eta miru gorria), ikus daiteke haizeak eragin esanguratsua izan zuela espazioaren erabileran, espeziearen arabera. Putreei dagokienez, «PE Ballinger 18» (AG-03), «PE Carabela 18» (AG-04) eta «PE Carraca 18» (AG-05) aerosorgailuek metatu zuten hegaldi-portzentajerik handiena hegalen proiekzio-eremuaren barruan; pagausoari dagokionez, «PE As de guķa 18» (AG-01) aerosorgailuak pilatu zuen hegaldi-portzentajerik handiena hegalen proiekzio-eremuaren barruan, eta miru gorriari dagokionez, «PE Carraca 18» (AG-05) eta «PE Nao 18» (AG-06) aerosorgailuek metatu zuten hegaldi-portzentajerik handiena hegalen proiekzio-eremuaren barruan.

Hegazti harkaiztarren habiei eta etzalekuei dagokienez, ikerketak adierazi du ez dagoela putre-kolonien erregistrorik parke eolikoaren inguruan, eta gertuen dauden koloniak 10 km baino gehiagora daudela. Era berean, ez dago jasota sai zurien habiak daudenik parke eolikoaren inguruan; hurbilen dagoena klusterretik 9,5 km hego-ekialdera dago, eta okupatutako zenbait lurralde identifikatu dira 10 km baino gehiagora. Nolanahi ere, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek jakinarazi dutenaren arabera, sai zuriak habiak egiteko zenbait gune ditu 10 km-ra, eta bikote bat distantzia txikiagora ere badago.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek nabarmendu dutenaren arabera, sai arreak eta sai zuriak erabili ohi dute aztertutako eremua; hori ikusten da urteko zikloaren azterlaneko datuetan. Hegazti-faunaren azterlanak inguruan janlekuak daudela aipatzen ez badu ere, bi administrazioek adierazi dute Analamendiko nekrofagoak elikatzeko gunea dagoela, «Analamendiko janlekua» izenekoa, Iturrietako mendietan, kluster eolikotik gutxi gorabehera 7 km-ra iparraldera, eta horrek eragin nabarmena duela hegazti nekrofagoen presentzian Arabako Lautadako erdialdeko muinoetan eta mendilerro txikietan. Halaber, AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek adierazi dute ez dela arraroa ugatza ere (Gypaetus barbatus, «Galtzeko Arriskuan» EMEKn) egotea; izan ere, errekonozimenduko, sakabanaketako, lurralde berriak bilatzeko edo elikagai berriak bilatzeko hegaldietan, Gipuzkoatik eta Nafarroatik hurbiltzen dira, eta gero eta ugatz gehiago dira Arabako ingurua eta, bereziki, Analamendiko janlekua miatzen dutenak.

Arrano beltzari dagokionez, laginketetan ale bat detektatu zen arren, IIAren arabera ez da habiarik ezagutzen klusterraren inguruan, eta kontrolatutako lurralde guztiak 10 km-ra baino gehiagora daude.

Sustatzaileak aurkeztutako hegazti-faunari buruzko azterlanaren arabera, arrano beltzari (Milvus milvus) dagokionez, «Galtzeko arriskuan» dago EMEKn, eta klusterretik 10 km-ko erradioan 2 etzaleku identifikatu dira: bata, 6 km-ra iparraldera, eta bestea, 9 km-ra ipar-ekialdera. Espezie horretako 20-30 aleren presentzia erregistratu da. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek nabarmendu dute espezie horren presentzia handia dela Arabako Lautadan, eta, bereziki, parke eolikoen inguruan, non ale ugaltzaileen lurralde asko baitauden (Miru gorriaren 2024ko errolda nazionala), eta espeziearentzat garrantzi estrategikoko eremu bat dela baita maila kontinentalean ere, presentzia sedentarioa baitu urte osoan. Eremuan habiak egiten dituzten, hazten dituzten eta urte osoa igarotzen duten bikoteez gain, ale migratzaileen populazio handia dago muino horietan eta babestutako eremuen inguruan udazken-negu aldean, eta neguaren amaieran Europako iparraldera migratzen dute ugaltzeko.

Bestalde, IIAk adierazi du aztertutako eremuaren inguruan mirotz urdinak, mirotz zuriak eta zingira-mirotzak egiten dituztela habiak, batik bat Arabako Lautadako alorretan. Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek azpimarratu dute hiru mirotz iberikoek ohiko presentzia dutela inguruan hegan egiten. Proiektuaren ingurunea da espezie horien presentzia handiena duena Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, beraz, gakoa da hiru harrapari-espezie babestu horien eboluziorako. Zerbitzu horiek adierazitakoaren arabera, proiektu eolikoa habitaten mosaiko-eremu batean dago, honako hauez osatua: zerealaren nekazaritza-laboreak, erkametzen basoak (Quercus faginea), haritz-basoak (Quercus robur), txilardiak eta ezpondak, besteak beste. Habitat horiek habitat egokiak dira hiru mirotz-espezie horientzat, mugitzeko, ehizatzeko eta, kasu batzuetan, ugaltzeko lurraldea osatzen dutelako.

AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek helarazitako informazioaren arabera, 2024an, aerosorgailuen inguruko 10 km-ko buffer delakoaren barruan, egiaztatu da 17 mirotz urdin bikote (Circus pygargus) ugaldu direla, EMEKn «Kaltebera» gisa katalogatua dagoena; espeziearen egungo populazioaren % 80a da hori Araban. Lokalizatutako 17 habietatik 6 hurbilen dagoen aerosorgailutik 2 eta 3 km-ra daude, eta beste 2, berriz, 5 km-ra. Eremuan espezie hori ugaltzeko ondo kontserbatutako habitat potentzial bat dago, eta, gaur egun, ohiko presentzia duen mugitzeko eta ehizatzeko eremua da, nahiz eta populazioa gainbehera handian dagoen.

Mirotz zuriak (Circus cyaneus), «Interes Berezikoa» EMEKn, 2024an 5 ugalketa-bikote zituen aerosorgailuen ingurutik 10 km-ko buffer delakoaren barruan, eta horietako 3 hurbilen dagoen aerosorgailutik 4 km-ra soilik aurkitu zituzten. Eremuak espezie hori ugaltzeko ondo kontserbatutako habitat potentzial bat du, eta, gaur egun, mugitzeko eta ehizatzeko lurraldea da, baina populazioa gainbehera handian dago Arabako Lurralde Historikoan; datuak mirotz urdinarenak baino are kezkagarriagoak dira.

Zingira-mirotzari (Circus aeruginosus) dagokionez, espezie «Bakana» EMEKn, proiektuaren eremuak ugaltzeko ondo kontserbatutako habitat potentzial bat du, eta Uribarri Ganboako urtegiko adarrak nabarmentzen dira. Gaur-gaurkoz, proiektuaren eremua zenbait bikote mugitzeko lurraldea da: 4 km-ra bikote bat ugaltzen da, eta 2 km-ra baino gutxiagora Uribarri Ganboako urtegiko adarraren inguruan 4 edo 5 bikote daudela kalkulatzen da. Gainera, populazio ugaltzailea handitzen ari dela dirudi.

Sustatzaileak egindako gaueko hegaztien erroldan, urubi bat, hontz bat, bi mozolo eta bi zata aurkitu zituzten. Urubia eta bi zatak «PE As de guķa 18» (AG-01), «PE Ballestrinque 18» (AG-02) eta «PE Ballinger 18» (AG-03) aerosorgailuen inguruko basoetan antzeman ziren. Hontza eta bi mozoloak laborantza-eremuetan ikusi ziren: mozolo bat eta hontza linea elektrikoaren trazadurarekin bat egiten duen eremuan aurkitu ziren; beste mozoloa, berriz, «PE Nao 18» (AG-06) aerosorgailutik 900 metro ingurura ekialdera identifikatu zen.

Halaber, klusterra ureztatze-putzu asko dituen lurraldeko eremu batean proiektatzen da. Aerosorgailuetatik kilometro bateko erradioan, guztira 9 ureztatze-putzu lokalizatu dira, hegaztiek elikatzeko eta atseden hartzeko lekutzat erabiltzen dituztenak (AG-01a ureztatze-putzu batetik 30 metro eskasera proiektatzen da). Horrek eta Uribarri Ganboako urtegiaren adarrak (Nazioarteko Garrantziko Ramsar hezegunea eta, aldi berean, Natura 2000 Sareko espazioa) distantzia txikira (2 km) egoteak uretako hegaztiek mugikortasun handia izatea errazten du eremuan. AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek adierazi dute hegaztiak maiz ibiltzen direla joan-etorrian urtegiaren adarren eta Lautadako ureztatze-putzu ugarien eta Iturrietako mendien eta Entziako hegoaldeko hegalen artean. Ildo horretan, IIAk 5 ureztatze-putzutako uretako hegaztien azterlan bat jaso du, eta honako hauek identifikatu dira: basahatea (Anas platyrhynchos), ipar-ahatea (Mareca strepera), murgilari arrunta (Aythya ferina), kopetazuri arrunta (Fulica atra), ubarroi handia (Phalacrocorax carbo), murgil handia (Podiceps cristatus), mendebaldeko zingira-mirotza (Circus aeruginosus), txilinporta txikia (Tachybaptus ruficollis), koartzatxo handia (Ardea alba), koartza hauskara (Ardea cinerea), koartza gorria (Ardea purpurea), murgil handia (Podiceps cristatus) eta istingor arrunta (Gallinago gallinago). Azterlanean ez da zehaztu zein putzu aztertu dituzten.

Hegazti-faunaren azterlanak ondorioztatu du proiektuaren eremuan urteko zikloan hegaztien dibertsitate ertaina behatu zela eta dibertsitatea nabarmen handiagoa izan zela udaberrian eta udan.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren arabera, proiektuaren eremuko hegazti harraparien espezieen banaketari buruzko hegazti-faunaren azterlaneko emaitzek argi uzten dute gailurrerian espezieen kontzentrazio handia zegoela.

Antzemandako hegazti-espezie guztietatik, Babes Bereziko Basa Espezieen Zerrendan (LESRPE) jasota daudelako honako espezie hauek ere nabarmentzen dira: sai arrea (Gyps fulvus), zapelatz arrunta (Buteo buteo), belatz gorria (Falco tinnunculus), miru gorria (Milvus milvus), miru beltza (Milvus migrans) eta arrano txikia (Hieraaetus pennatus), gabirai arrunta (Accipiter nisus), sai zuria (Neophron percnopterus), arrano beltza (Aquila chrysaetos), mirotz zuria (Circus cyaneus), mirotz urdina (Circus pygargus), zingira-mirotza (Circus aeruginosus), zikoina zuria (Ciconia ciconia), arrano sugezalea (Circaetus gallicus), koartza gorria (Ardea purpurea), murgil handia (Podiceps cristatus), koartza hauskara (Ardea cinerea), koartzatxo handia (Ardea alba) eta mozolo arrunta (Athene noctua).

Espezie horietako batzuk Espezie Mehatxatuen Espainiako Katalogoan (CEEA) eta Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan (EMEK) sartuta daude: miru gorria «Galtzeko arriskuan» katalogatuta dago, sai zuria eta mirotz urdina «Kaltebera» gisa Estatuko eta autonomia-erkidegoko katalogo horietan, arrano beltza «Kaltebera» gisa autonomia-erkidegoan, saia eta mirotz zuria «Interes berezikoak» gisa EMEKn. Aipatu behar da sai zuria eta sai arrea Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planean jasota daudela.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek usapal europarraren (Streptopelia turtur) presentzia ere nabarmentzen dute, «Galtzeko arriskuan» katalogatuta baitago Estatu osoan, eta Usapal Europarraren Kudeaketa Plana dauka Euskal Autonomia Erkidegoan. Izan ere, Arabako Lautadako muinoak funtsezkoak dira espezie migratzaile eta ugaltzaile hori elikatzeko eta atseden hartzeko, soilik Araban EAEren barruan, babeslekuak baititu eta ale-laborez inguratuta baitago (garia eta garagarra). IIAn jasotako landa-azterketan, usapal europarra aerosorgailuetatik oso hurbil ikusi da, eta espezie horrek Arabako Lautadan duen presentzia eta ugalketa egiaztatzen duten datuak daude Arabako Foru Aldundian.

Kiropteroei dagokienez, IIAn jasotako azterlana 2024ko apiriletik urrira bitartean egin zen. Hasieran, azterketa-gunean zeuden saguzarren bilaketa bibliografikoa egin zen, eta, gero, landa-lana egin zen. Horretarako, errolda-puntuak ezarri ziren, aerosorgailuen eta linea elektrikoaren kokapenen arabera banatuta, eta transektuak egin ziren. 3 detektagailu pasibo jarri ziren azterketa-eremuan dauden habitatetan eta aerosorgailuen kokapenetik gertu (zereal-labore baten erdian dagoen zuhaitz batean, erkametzen baso batean eta ur-putzu batean), eta, transektuak egin bitartean, ultrasoinuen grabazioak egin ziren.

Azterketa horretan 2.898 grabazio-ordu erregistratu ziren, 82 gautan banatuta. 35.344 saguzar-pase erregistratu ziren, 12 espezietakoak (azterlanak adierazten du zalantzak daudela kiroptero-espezie batzuk identifikatzeko), honela identifikatuta: Pipistrellus pygmaeus / Miniopterus schreibersii, Pipistrellus pipistrellus / Miniopterus schreibersii (PpisMin) eta Eptesicus serotinus /Nycralus sp), Barbastella basbastellus, Eptesicus serotinus, Hypsugo savii, Miniopterus schreibersii, Myotis daubentonii, Nyctalys lasiopterus, Nyctalus leisleri, Pipistrellus kuhlii, Pipistrellus pygmaeus, Rhinilophus hipposideros, Tadarida teniotis, Pipistrellus pipistrellus, eta genero-mailan identifikatutako hiru taxonak, Myotis sp, Plecotus sp. eta Nyctalus sp.

Saguzar arrunta (Pipistrellus pipistrellus) izan zen espezie adierazgarriena (erregistratutako paseen % 50), eta ondoren, Pipistrellus pygmaeus/Miniopterus schreibersii. Halaber, ur-saguzarrak (Myotis daubentonii) paseen % 9,56 egin zituen, eta gainerako espezieek gainerako % 17a.

Kiropteroen jarduera-tasa handiena izan zuen habitata urmaela izan zen, ondoren basoa eta, azkenik, laborantza-eremua. Ekaina eta abuztua, eta, neurri txikiagoan, iraila, izan ziren kiropteroen jarduera handieneko funtsezko aldiak azterketa-eremuan.

Azterketa-eremuan detektatutako espezieetatik, estatu-mailan «Kaltebera» gisa katalogatuta daude bi espezie (Miniopterus schreibersii eta Nyctalys lasiopterus), eta erkidego-mailan, Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan «Galtzeko arriskuan» dago espezie bat, Barbastella basbastellus, eta «Kaltebera» gisa katalogatuta hiru espezie, Miniopterus schreibersii, Nyctalys lasiopterus eta Plecotus auritus.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak ohartarazi du sustatzaileak kiropteroei buruz egindako azterketa eskasa dela, ez duelako aztertu saguzarren hegaldi-altuera, ez dakigulako inguruko espezieek talka egiteko duten arriskua, ez delako kiropteroen babeslekurik bilatu, MITERDren eta SECEMUren jarraibideek ezartzen duten moduan, eta ez duelako daturik ematen EAEko kiropteroak kudeatzeko baterako planean identifikatutako lehentasunezko balizko babeslekuei buruz.

Bestalde, AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek jakinarazi dute kiropteroek garrantzi handia dutela Arabako Lautadako erdialdeko muinoetan, bai irla-basoetan presentzia izan ohi dutelako, zulo eta babeslekuak dituzten urte askoko zuhaitz-aleak dituztenak, bai elikagaiak daudelako, funtsean intsektuak, eta norabide guztietan kilometro gutxira kiroptero-espezie ugarirentzat egiaztatutako balio handiko naturaguneez inguratuta daudelako. Zehazki, Entzia KBEan 17 saguzar-espezie baino gehiago daudela egiaztatu da, baita urtegiaren eta Aldaiako Mendien inguruan ere (azterketa-eremutik oso hurbil daude), kiroptero-oparotasun handiko guneak baitira.

Zerbitzu horien arabera, irla-hariztietako eta Arabako Lautadako ur-masetako kiroptero-faunaren komunitatea nabarmena da, bai eta proiektuak eragina izan dezakeen muinoetan daudenen komunitatea ere. EMEKn «Galtzeko arriskuan» dauden baso-espezieen presentzia nabarmentzen da, hala nola Barbastella barbastellus, baita beste baso-espezie batzuena ere, hala nola Myotis mystacinus eta Plecotus auritus. Halaber, saguzarren espezie migratzaileak nabarmentzen dira, Lautadan eta haren barneko muinoetan bi norabideetan hegan egin eta zeharkatzen dutenak, hala nola gau-saguzar txikia (Nyctalus leisleri), parke naturalean eta Izki KBEan eta HBBEan populazio handia duena, eta arratoi-belarri handia (Myotis myotis), EMEKn «Galtzeko arriskuan» katalogatuta dagoena.

2.4.– Hidrologia, hidrogeologia, geomorfologia.

Jarduketa-multzoa Zadorra ibaiaren unitate hidrologikoaren barruan dago, Ebroko Demarkazio Hidrografikoan, ur-masa hauen isurialde-arroetan: Alegria ibaia Zadorraraino (ES091244), Zadorra Uribarri urtegiraino (ES091241) eta Uribarri urtegirako drainatze-eremuan. Hainbat ibai eta erreka daude parke eolikoaren instalazioetatik eta haren azpiegituretatik hurbil.

Aztergai den eremua lurpeko uren masa baten gainean dago: Kuartango-Agurain (ES091MSBT013) eta Gasteizko alubiala (ES091MSBT012). Ebakuazio-linearen zati bat Ekialdeko sektorearen, Dulantzi sektorerako sarbideen zati baten eta Kuartango-Agurain Kuaternarioa sektorearen gainean dago. Sektore horiek bat datoz Interes Hidrogeologikoko Eremuekin.

Plan Hidrologikoak Babestutako Guneen Erregistroko elementuei dagokienez, proiektua bat dator nitratoek kutsa ditzaketen bi eremurekin (Gasteizko alubiala lurpeko ur-masaren Ekialdeko Sektorea eta Gasteizko alubiala lurpeko ur-masaren Dulantzi Sektorea) eta Uribarri urtegiko eremu sentikorren bilketa-eremuarekin. Jarduketa-eremutik gertu, ur-ingurunearekin lotutako habitatak eta espezieak babesteko zenbait eremu daude eta Uribarri urtegiko adarrak hezegunea, nutrienteen ekarpenarekiko eremu sentikortzat hartzen dena.

Aztertutako eremua ez dator bat Interes Geologikoko Lekuekin (IGL); hala ere, jarduketak Salburuako hezeguneak eta kuaternarioa IGLaren (79. zk.) eragin-eremuaren barruan daude, klusterraren mendebaldean.

2.5.– Mendiak, nekazaritza eta abeltzaintza.

Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzako Mendien Zerbitzuak eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Zuzendaritzak adierazi dute IIAn proposatutako alternatiba guztiak nekazaritza-lurzoruen edo onura publikoko mendien gainean planteatzen direla.

Vitoria kluster eolikoaren eta hari lotutako azpiegituren elementu batzuk onura publikoko mendi (OPM) hauen lursailetan proiektatu dira: 437 Artearana, 442 Ilazarri, 248 Ayala eta Rayo, 331 Atila eta Saltegi, 514 Eskarriturri, 517 Larrazabal eta 628-629-624 Mendierre, Mendierre, Ilarra.

EAEko Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko Lurraldearen Plan Sektorialaren arabera, «As de guķa 18» (AG-01), «Ballinger 18» (AG-03), «Carabela 18» (AG-04) eta «Nao 18» (AG-06) parke eolikoak «Basoa-Mendi Barnana» gisa katalogatutako lurzoruen gainean daude; «Carraca 18» (AG-05) parke eolikoa «Basoa» gisa katalogatutakoan eta «Ballestrinque 18» (AG-02) parke eolikoa «Basoa» eta «Basoa-Mendi Barnana» katalogatutakoan. Ebaluazio-lineak «Nekazaritza eta abeltzaintza: Balio estrategiko handia», «Basoa-Mendi Barnana», «Mendi-larrea», «Basoa» eta «Nekazaritza eta abeltzaintza: Trantsizioko landa-paisaia». Sarbide berriak honela katalogatutako lurzoruetatik igarotzen dira «Nekazaritza eta abeltzaintza: Balio estrategiko handia», «Nekazaritza eta abeltzaintza: Trantsiziozko landa-paisaia», «Basoa-Mendi Barnana» eta «Basoa».

Kontuan hartuz aerosorgailuak B motako zerbitzu-instalazio tekniko gisa hartzen direla, eta EZ A motako zerbitzuen instalazio tekniko gisa, erabileren matrizearekin bat etorriz, «2a Onargarria» erabileratzat hartzen dira aerosorgailuen, EZren eta lurpeko eta airetiko lineen ezarpena. Nekazaritzan eragindako afekzioa aztertzeko eta zuzenketa-neurriak ezartzeko eskatzen dute, nolanahi ere. Horri dagokionez, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak 2025eko ekainaren 11ko txostenean Nekazaritza-sektorearen gaineko Eragina Ebaluatzeko Protokoloa jasotzen du (aurrerantzean, SEEP).

2.6.– Paisaia.

Jarduketa-multzoa Alegrķa-Dulantzi, Vitoria-Gasteiz eta Etxabarri ikus-arroetan kokatzen da. Kluster eolikoa dagoen paisaiaren unitate nagusia «Alegrķa Dulantzi eta Agurain/Salvatierrako Lautada» da. Gainera, ebakuazio-linea paisaia-unitate horretatik eta «Vitoria-Gasteizko lautadatik» igarotzen da.

Parke eolikoak honako hauetan kokatzen dira: Araba Erdialdeko Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialeko paisaia-interes bereziko eremuan, «P1 Arabako Lautadako muinoak» izenekoan. «PE Nao 18» (AG-06) parke eolikotik 150 m baino gutxiagora dago Arabako Lautadako irla-hariztietako bat, naturagune garrantzitsuen katalogo irekian jasotakoa.

AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuen arabera, Vitoria kluster eolikoa proiektuaren eremua «Arabako Lautadako muinoak» izeneko paisaia berezian zehar kokatzen da, Diputatuen Kontseiluaren 2005eko irailaren 27ko Erabakiaren (829. zk.) bidez onartutako Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoaren arabera (54. zk.). Horren bidez, Lautadako erdialdean nekazaritzako eta basozaintzako mosaiko gisa duen izaera adierazgarria eta «aparteko balioa» nabarmentzen dira.

Halaber, adierazten dute Argomaiz-Ezkerekotxa mendilerroak konektibitate ekologikoko espazio gisa duen balioa indartu egiten dela paisaia oso berezia izatearen ezaugarriengatik; eremu horretatik Arabako Lautadaren zati handi bat eta hura inguratzen duten mendi ikusgarriak ikusten dira. Izan ere, eremua oso lotuta dago «Bikain» gisa katalogatutako bederatzi paisaia mugakiderekin, eta talaia aparta da Ekialdeko Lautada osoa eta hura inguratzen duten mendilerroak eta paisaiak ikusteko.

2.7.– Kultura-ondarea.

Kultura-ondareari dagokionez, proiektuaren eremuan kultura-ondareko zenbait ondasun banatzen dira, arkeologikoak eta arkitektonikoak, Donejakue bidearen zati bat barne, zati batean Iter XXXIV izenekoaren trazadura hipotetikoarekin bat etortzen dena. Erromatarren garaiko Iter XXXIV bide horrek Astorga eta Bordele lotzen zituen, eta Arabako Lautada zeharkatzen du ekialdetik mendebaldera. IIAn, Ondare Babesa enpresak egindako azterketa-eremuaren txosten arkeologikoa jasotzen da (VI. eranskina).

2.8.– Arriskuak.

Proiektuaren eremuan, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako zenbait partzela daude, hala nola «SET Vitoria 30 kV» dagoen partzela (kodea: 01059-01531), lehendik dagoen azpiegitura, eta azpiegitura horrekin lotuko da klusterraren ebakuazio-linearen lurpeko zatia. Aipatutako partzela kenduta, klusterreko elementuak ez datoz zuzenean bat inbentarioan jasotako beste partzelekin.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, parke eolikoen inguruan dauden zuhaitz-masek baso-suteen arrisku handia eta oso handia dute. Nabarmendu behar da «Ballestrinque 18» (AG-02) eta «Carraca 18» (AG-05) parke eolikoak arrisku-eremu horietan proiektatzen direla. Bestalde, ebakuazio-linearen aireko zatiak baso-suteen arrisku oso handiko eremuak ere zeharkatzen ditu.

«As de guķa 18» (AG-01), «Ballestrinque 18» (AG-02), «Ballinger 18» (AG-03) eta «Carabela 18» (AG-04) parke eolikoak akuiferoak kutsatzeko oso kalteberatasun handiko eremuetan daude. Gainerakoan, eremuak akuiferoak kutsatzeko kalteberatasun hautemangarririk gabeko eremuetatik hasi eta oso kalteberatasun txikia, baxua, ertaina, handia eta oso handia duten eremuak ditu.

Higadurari dagokionez, «As de guķa 18» (AG-01), «Ballestrinque 18» (AG-02), «Ballinger 18» (AG-03), «Carabela 18» (AG-04) eta «Nao 18» (AG-06) parke eolikoek RUSLE ereduaren arabera higadura-prozesu larriak eta muturrekoak dituzten eremuetan proiektatu dira.

Uholde-arriskuari dagokionez, GeoEuskadiren kartografiak ez du azterketa-eremuaren zati handienaren uholde-arriskuari buruzko daturik. Nolanahi ere, URAren 2025eko abuztuaren 14ko txostenaren arabera, proiektatutako instalazioak ez daude uholde-arriskua duen eremuan.

Aerosorgailuen eta ebakuazio-linearen ezarpen-eremuan ez da identifikatzen sismikotasunetik eratorritako arrisku handirik, eta ez dago SEVESO enpresarik hurbil.

Ebakuazio-linearen aireko tartea salgai arriskutsuen garraioan istripu-arrisku handia duen errepide baten (A-1) 100, 200 eta 600 metroko afekzio-banden barruan dago. Parke eolikoen sarbide berriak salgai arriskutsuen garraioan arrisku ertaina duen trenbide-zati baten (Madril-Irun) 100, 200 eta 600 metroko afekzio-bandetan daude.

2.9.– Sinergiak.

IIAaren IV. eranskinean «Vitoria 30 kV» kluster eolikoaren metaketa- eta sinergia-inpaktuei buruzko azterlana jasotzen da. Azterlan horretan, Vitoria klusterraren 15 km-ko erradioan dauden azpiegiturak jasotzen dira. Nolanahi ere, analisi horrek ez ditu identifikatzen, ezta kartografiatzen ere, zehaztutako azterketa-eremuan dauden eta martxan, eraikitzen, baimenduta edo izapidetzen ari diren energia berriztagarrien proiektuak.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzan eskuragarri dagoen informazioaren arabera, 15 km-ko azterketa-esparruan, energia berriztagarrien proiektu hauek daude, hainbat prozedura-fasetan: parke eolikoei dagokienez, Miritxa PE, Gamarra PE eta Ali I eta II Kluster PE lokalizatu dira, eta, eguzki-instalazioei dagokienez, 19 proiektu inguru zenbatu dira.

3.– Inpaktu nagusiak.

Espedientean dagoen informazioaren arabera –barnean harturik ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotzen dena zein ukituriko administrazio publikoek eta pertsona interesdunek egindako txostenetakoa–, bai eta jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioetako informazioaren arabera ere, ebaluazioaren alderdi garrantzitsu hauek azpimarratu daitezke, laburbilduz:

3.1.– Inpaktuak obra-fasean.

Obra-fasean, proiektua gauzatzeagatik sortutako inpaktu nagusiak honako hauekin lotuta daude: batasunaren intereseko landaredia eta habitatak ezabatzea eta narriatzea, lur-mugimenduak, makinen joan-etorriak eta materialen garraioa, indusketak eta berdinketak, zangak eta eroanbide elektrikoak eraikitzea, bideak eta sarbideak irekitzea eta egokitzea, aerosorgailuen dorreak eta muntaketa-plataformak zimendatzea, instalazio osagarrien gunerako eta makineria-parkerako berdinketak, linea elektrikoaren euskarrien zimenduak, ur-ibilguak gurutzatzea, EZa eraikitzeko berdinketak, aerosorgailuak muntatzea eta eraikitzea, dorre meteorologikoa, ebaketa-zentroa eta linea elektrikoaren euskarriak.

Horrenbestez, fase horretako jarduketek eragina izango dute baso naturaletan, sastraka eta laboreetan, Batasunaren intereseko habitatetan, paisaiaren morfologian eta faunaren eta haren populazioen habitataren kalitatean. Gurutzaketa batzuk jabari publiko hidraulikoaren gainean egingo dira, eta uren kalitateari eragiteko arriskua egongo da, erabilitako materialetatik eratorritako ustekabeko isurketengatik edo partikulak arrastaka eramateagatik lur-mugimenduak egin bitartean. Gainera, errekurtsoak kontsumituko dira, hondakinak sortuko dira, atmosferaren kalitateari eragingo zaio (obretan hautsa eta beste kutsatzaile batzuk isurtzea atmosferara) eta giza habitataren kalitateari eragingo zaio (zarata).

3.1.1.– Flora, landaredia eta habitatak.

Landarediaren gaineko eraginari dagokionez, «As de guķa 18» (AG-01), «Ballinger 18» (AG-03), «Carabela 18» (AG-04) eta «Nao 18» (AG-06) parke eolikoak eta bere plataformak laborantza-eremuen gainean daude; «PE Ballestrinque» (AG-02) parkeak erkamezti subatlantiko bat eta laborantza-eremuak hartuko ditu, eta «PE Carraca 18» (AG-05) parkea erkamezti subatlantiko batean kokatuko da.

Bestalde, sarbideek soroak, ibaiertzeko sahasti bat, arantzadi ez atlantikoak, txilardi kaltzikolak genistadunak, erkamezti subatlantikoak, Quercus faginea heskai bat eta hostozabal gazteen baso naturalak zeharkatuko dituzte.

Ebakuazio-linea laboreetatik, hostozabal gazte erorkorren landaketetatik, Fraxinus excelsior eta landako Acer espezieetatik, erkamezti subatlantikoetatik, txilardi kaltzikolak genistadunetatik, Festuca hystrix espezieko larre parameroetatik eta ibaiertzeko lizardi eurosiberiar batetik igaroko da, «SET Vitoria 30 kV»-arekin konektatu aurretik.

IIAk kalkulatutakoaren arabera, aerosorgailuak ezartzeak aldi baterako 15.000 m2-ko eta 475 m2-ko afekzio iraunkorra izango du laboreetan, eta erkamezti subatlantikoan 6.000 m2-ko aldi baterako afekzioa eta 125m2-ko afekzio iraunkorra (25 m2 «PE Ballestrinque 18» parkearen okupazioarekin bat etorriko lirateke, eta 100 m2 «PE Carraca 18» parkearen okupazioari).

Ebakuazio-lineari dagokionez, IIAk adierazi du lurpeko tarteak laboreen 2.401,09 m2-ri eragingo diela, larre-ipurudi zumitzdunen 241,87 m2-ri, baratze eta fruten 94,36 m2-ri eta lizardi eta zumardien 6,89 m2-ri. Aireko zatiak laboreen 8.164,36 m2-ri, larre-ipurudi zumitzdunen 24,08 m2-ri, larre parameroen 69,06 m2-ri, baso-larreen 68,12 m2-ri, landaredi erruderal nitrofiloen 17,87 m2ri, arantzadi edo lahardien 8,16 m2-ri eta erkamezti subatlantikoen 0,73 m2-ri eragingo die. Linea-euskarrien aldi baterako okupazio-azalera honako hau izango da: laboreen 392.715,46 m2-koa, larre-ipurudi zumitzdunen 8.274,618 m2-koa, baso-landaketen 2.936,949 m2-koa, larre parameroen 2.495,639 m2-koa, erkamezti subatlantikoko 1.032,667 m2-koa, landaredi errudieral nitrofiloaren 839,353 m2-koa, sahastien 750,714 m2-koa eta harizti azidofiloen edo harizti mistoen fase gazte edo narriatuen 490,231 m2-koa. Euskarrien behin betiko okupazioa laboreen 2.568,38 m2-koa, larre parameroen 14,62 m2-koa eta baso-landaketen 63 m2-koa izango da.

Lanek eragingo dieten Batasunaren intereseko habitatak (BIH) honako hauek izango dira:

– 9240 BIHa, Quercus faginea eta Q. canariensis espezieetako harizti iberiarrak.

– 4090 BIH, Txilardi oromediterraneo endemikoak, elorri-triskarekin.

– 6210* BIHa, Belardi lehor erdi-naturalak eta kare-substratuetako sastraka-faziesak (Festuco-Brometalia) (*orkidea garrantzitsuko lekuak).

– 91E0* BIHa, Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior deritzenen baso alubialak (Alno-Padion, Alnion incanae, Salicion albae).

Eragin handiena 9240 BIHan izango du; izan ere, «PE Ballestrinque 18» (AG-02) eta «PE Carraca 18» (AG-05) habitat-mota horren gainean egongo dira, baita interkonexio-linearen zati bat, sarbideak eta neurketa-dorrearen plataforma ere. 4090 BIHari sarbideek, interkonexio-lineak eta aireko ebakuazio-lineak eragingo diote; aldiz, 6210* BIHari, interkonexio-lineak eta bideek. Azkenik, 91E0* BIHari ebakuazio-linearen lurpeko zatiak eragingo dio, Iturritxo ibaiaren bidegurutzean, «SET Vitoria 30 kV»-ren inguruan.

IIAk «PE Carraca 18» (AG-05) parke eolikoaren eragina bakarrik kuantifikatzen du. Hain zuzen, aldi baterako eragingo die 9240 BIHaren 2.170 m2-ri, 4090 BIHaren 1.330 m2-ri, eta modu iraunkorrean hartuko ditu 9240 BIHaren 62 m2 eta 4090 BIHaren 38 m2. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren arabera, «Carraca 18 PE» eraikitzeak eta erdi-tentsioko interkonexio-linea hartzeko zanga irekitzeak eragin nabarmena izango du 9240 BIHan.

AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuen arabera, obrak ondo kontserbatutako baso autoktono klimazikoko gune garrantzitsuei, erkameztiei (Quercus faginea) gehienbat, hariztietan (Quercus robur) eta bi espezieen hibridoei eragingo die, 9230 BIHarekin eta 9240 BIHarekin bat etorrita. Eskura dagoen informazioarekin zehaztea zaila bada ere, adierazi dute BIH horien gaineko eragina hainbat hektareatakoa izango dela zenbatetsi daitekeela, eta oso inpaktu larria izango lukeela, masa berezi horien azalera mugatua kontuan hartuta. Gainera, nekazaritza-ingurunea denez, ezinbestekotzat jotzen dute baso «irla» horiek osorik kontserbatzea eta, are gehiago, hobetzea eta handitzea, konektibitate ekologikoa eta prozesu ekologikoak mantentzea errazteko, funtsezkoak baitira basa-faunarentzat.

IIAk hainbat neurri jasotzen ditu obren fasean landaredia babesteko: lanak hasi aurreko prospekzioa egitea, obra-eremua mugatzea eta eraikuntza-fasea amaitu ondoren ingurumena lehengoratzea, besteak beste. Ingurumen-lehengoratzea proposatzen da lanek iraun duten bitartean aldi baterako okupatu diren azaleretarako; hain zuzen, honako hauek egingo dira: lurra destrinkotu, landare-lurra zabaldu, inguruan dauden espezieekin berriz landatu eta aldian behin ureztatu, landaredia behar bezala haziko dela bermatzeko. Sustatzaileak adierazi du, neurri horiek aplikatuz gero, landarediaren gaineko inpaktuak bateragarria izaten jarraitzen duela, «...landarediaren gaineko afekzioa balio eskasekoa baitzen neurriak hartu aurretik».

Hala ere, horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak, AFAk adierazitakoarekin ildotik, azpimarratu du proiektuaren eremuan dauden baso autoktonoak garrantzitsuak direla, inguruko fauna-espezie askorentzako habitatak direlako eta Lautadako iragazkortasun ekologikoaren fluxuetan funtsezko eginkizuna betetzen dutelako. Nolanahi ere, kokagune horiek oso azalera mugatua dute, eta Arabako Lautadan ordezkaritza txikia. Horrenbestez, landarediaren eta Batasunaren intereseko habitaten (BIH) gaineko afekzioa gogortzat hartu behar da. Halaber, ohartarazten da ingurumena lehengoratzeko proposamena ez dela nahikoa, ez dituelako funtsezko zenbait alderdi zehazten, hala nola leheneratu beharreko azalera, erabili beharreko espezieak, landaketa-esparrua eta beste parametro tekniko batzuk.

Erakunde horri erantzunez, sustatzaileak adierazi du prest dagoela lehengoratzeko, hobetzeko edo konpentsatzeko neurri gehigarriak ezartzeko, ingurumen-administrazioak hori erabakitzen badu.

3.1.2.– Geologia, geomorfologia eta edafologia.

Sustatzaileak aurkeztutako dokumentu teknikoan aurreikusitakoaren arabera, jarduketa horiek egiteak ekarriko lituzkeen lur-mugimenduak 250.000 m3 baino gehiagokoak dira, eta 162.000 m3 lur-erauzketei dagozkie. IIAk adierazten du indusketa eta betelanen bolumenak ahalik eta gehien konpentsatuko direla, balizko soberakinak zimenduak, zangak eta plataformak betetzeko berrerabiliz, eta obretan induskatutako landare-lur guztia berrerabiliz, plataformak, zangak eta ezpondak lehengoratzeko eta landareztatzeko.

Nolanahi ere, AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek kalkulatu dute lur-mugimenduen bolumena neurriz kanpokoa dela proiektatzen diren muinoetan. Soberakinen bolumena, gutxi gorabehera, 43.000 m3-kokoa izango litzateke, baina proiektuan ez da aurreikusi soberakinak gordailutzeko eremu zehatzik; hori gabezia handia da ingurunean sortuko liratekeen inpaktuak ebaluatzeko. Gainera, jarduketa guztiak muinoen goiko aldean planteatzen dira, eremu horiek higagarriak izanik. Zehazki, AFAko Nekazaritza Zuzendaritzak adierazi du «PE Carraca 18» (AG-05) plataforma eta aerosorgailua % 10etik gorako malda batean kokatuta daudela osorik, baita beste 3 plataforma ere.

3.1.3.– Hidrologia.

Hidrologiari dagokionez, ebakuazio-lineak hainbat aldiz zeharkatuko du jabari publiko hidraulikoa: aireko zatiak Itxa, Garadia, Uragea ibilguak eta 13439 eta 11856 erreka izengabeak zeharkatuko ditu; lurpeko zatiak, berriz, Iturritxo, Uragea eta 11854 eta 13312 erreka izengabeak (Lubiano ere deitua). Parke eolikoak EZrekin lotzen dituen lurpeko interkonexio-lineari dagokionez, 13497 isurketa izengabea zeharkatuko du. Eraikiko diren bideek 9799 (bi puntutan), 10742, 10751, 10729, 11855, 11865 eta 11866 ibilgu izengabeak zeharkatuko dituzte.

URA Uraren Euskal Agentziaren 2025eko abuztuaren 14ko txostenaren arabera, lurpeko lineak Uragea erreka zeharkatzen du, 7,5 km2 inguruko isurialde-arroa duen puntu batean, Lubiano erreka, Iturritxorekin (Angostalde) bat egin aurretik, 5,3 km2-ko arroarekin, eta, azpiestaziora iritsi aurretik, Iturritxo erreka, 5 km2 baino arroa txikiagoa duena. Proiektuaren planoetan (Plano Orokorrak 2.1, 4. orria) adierazten da Uragea eta Iturritxo erreken bidegurutzeak zuzendutako zulaketa horizontalen bidez egingo direla, eta, aldiz, itxuraz, Lubiano erreka zanga batekin gurutzatuko dela. Ura-Uraren Euskal Agentziak adierazi du Lubiano erreka zangan gurutzatzea saihestu beharko dela, eta gurutzatzeko beste alternatiba batzuen bideragarritasuna aztertu beharko dela. Horretarako, adibidez, lehendik dauden azpiegiturak erabili beharko dira, edo tinkatze-zulaketak egin, ibai-espazioaren eta hari lotutako ekosistemaren gaineko eraginak murrizteko.

Halaber, azaldu du lurpeko linearen zangatik hurbil ur-harguneak eta -puntuak daudela, eta horiek eragina jasan dezaketela zangak irekitzeko eta lurrak mugitzeko lanen ondorioz. Horrez gainera, adierazi du proiektatutako zangak hornidura-hodiak gurutzatzen dituela Gasteiz eta Oreitia inguruan, eta sarbidearen ekialdeko muturrak bat egin dezakeela hornidura-hodi baten trazadurarekin (Txintxetruko biltegia).

Bestalde, malda handiko eremuetan eta euri asko egiten duen aldietan lur-mugimenduak egiteak solido esekiak ekar diezazkieke azaleko ur-masei eta inguruko gune puntualetan, drainatze-sare naturalak aldatzeagatik.

3.1.4.– Fauna.

Obra-fasean, eragozpenak sortuko zaizkio faunari; besteak beste, makineriaren eta kamioien joan-etorriengatik, lur-mugimenduengatik, landaredia soiltzeagatik eta azpiegiturak muntatu eta eraikitzeagatik. Horrek guztiak istripuak izateko arriskua handitzea (kolpatzeagatik, pozoitzeagatik, harrapatzea, etab.), zaratak eta habitaten kalitatea aldatzea ekarriko du, eta horrek inguruko fauna aldi baterako lekualdatzea eragin dezake.

IIAren arabera, jarduketek estepako hegaztien espezieak (kutturlioak edo txoriandreak, mirotz urdinak, mozolo arruntak, galeperrak eta eperrak, besteak beste) hartzen dituzten labore-eremuak eta erkameztiak (faunak horietan babesa eta janaria bilatzen du) zatikatzea eta suntsitzea ekarriko dute.

Zehatz-mehatz, hegazti-faunaren azterlanak adierazten du kluster eolikoaren inguruan hiru mirotz-espeziek egiten dituztela habiak (mirotz urdina, mirotz zuria eta zingira-mirotza). Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak ohartarazi du proiektua ugalketa-garaian gauzatzeak espezie horietan eragin negatiboa izan dezakeela.

3.1.5.– Mendiak, nekazaritza eta abeltzaintza.

Lanak gauzatzeak eragina izango du nekazaritzako partzela eta ustiategietan, onura publikoko mendietan (OPM), landa-bideetan eta ureztatzaile-erkidegoetan.

Nekazal Lursailak Identifikatzeko Sistema Geografikoa (SIGPAC) aztertu ondoren, AFAko Nekazaritza Zuzendaritzak adierazi du proiektuak nekazaritzako eta ustiategietako partzela askori eragiten diela: 124 nekazaritza-partzela okupatuko dira aldi baterako edo modu iraunkorrean, eta horietan 40 nekazaritza-ustiategi daude aitortuta.

OPMei dagokienez, honako hauei eragingo zaie: Artearana 437 OPMko 152 ha, Alyala eta Rayo 248 OPMko 326 ha, Atila eta Saltegi 331 OPMko 166 ha, Mendierre, Medierre, Ilarra 628-629-624 OPMko 79 ha, Larrazabal 517 OPMko 100 ha eta Ilazarri 442 OPMko 51 ha.

OPMen gaineko eraginari dagokionez, Arabako Foru Aldundiko Nekazaritza Saileko Mendien Zerbitzuak uste du proiektuaren egiturak nekez direla bateragarriak OPMen balio naturalak eta horien baso-jabari publikoaren izaerari eutsi eta kontserbatzearekin, OPMetako luberriketak barne (aldi baterako erabiltzeko direlako, Mendiei buruzko Foru Arauaren 47. artikuluan ezarritakoaren arabera). Gainera, Zerbitzuaren arabera, oro har, teknikoki posible litzateke azpiegiturak OPMetatik kanpo kokatzea.

Horregatik, AFAko Nekazaritza Saileko Mendien Zerbitzuak uste du proiektua kokatzeko alternatiben balorazioak aztertzeko eremu zabalagoa hartu beharko lukeela, OPMei eragitea saihestuz, eta eskatu du aireko ebakuaziorako soluzioak alde batera uzteko eta kasu guztietan beste azpiegitura batzuetan dagoeneko badauden trazadurak aprobetxatzeko lurpeko alternatibak aukeratzeko.

Azken finean, bai zerbitzu horrek bai Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Zuzendaritzak azpimarratzen dute eragin txikiagoak izango dituzten lekuetan kokatzea lehenestearen garrantzia, hala nola dagoeneko badauden parke eolikoak indartzea (Badaia eta Elgea-Urkilla) edo ingurune narriatuetan kokatzea.

Gainera, Vitoria kluster eolikoak bere ebakuazio-linearekin zuzenean eragingo dio Noryeste ureztatzaile-erkidegoari; izan ere, tarte batzuetan, ebakuazio elektrikoko azpiegitura eta ureztatze-sarea paraleloan joango dira edo gurutzatu egingo dira. Gainera, Izuako ureztatzaile-erkidegoak ur-hartune bat du aerosorgailuetara sartzeko proiektatutako bide berrietako baten gainean. Honako hauei ere eragingo zaiela identifikatu da: Dulantziko ureztatzaile-erkidegoa, Burgeluko Kiltxano ureztatzaile-erkidegoa, Zaltegiko ureztatzaile-erkidegoa (Etxabarri-Urtupińa), Larrazabalgo ureztatzaile-erkidegoa (Ezkerekotxa) eta Arrietako bi ureztatzaile-erkidego.

AFAko Nekazaritza Zuzendaritzak adierazi du egiaztatu egin beharko dela Noryesteko ureztatzaile-erkidegoan inskribatuta dauden partzelen presentziaren (ihinztatze bidezko ureztatze-sistema bat izan dezakete) eta aireko ebakuazio linearen bateragarritasuna.

Noryeste ureztatzaile-erkidegoak alegazio bat aurkeztu du, proiektatutako azpiegiturak eta onura publikoko aitortutako ureztatze-sail bihurtzearen arteko bateraezintasunari buruzkoa. Horri erantzunez, sustatzaileak adierazi du konpromisoa hartzen duela eraikuntza-proiektua garatzean dagoen ureztatze-sare osoa kontuan hartzeko.

3.1.6.– Kultura-ondarea.

Lur-mugimenduek ondare historiko, kultural edo arkeologikoa osatzen duten ondasunak suntsitzea edo aldatzea eragin dezakete.

«Vitoria 30 kV Kluster Eolikoaren Proiektuko Kultura Ondarearen elementuen gaineko eraginari buruzko txostena» IIAren VI. eranskinean jasoa, Ondare Babesa enpresak egin du IDOMentzat. Txosten horretan adierazten da, lursailaren ikusizko prospekzio batean, eremu horretan adobe-hondarren bat antzeman dela, suteren bat jasan dutenak aerosorgailuen Ezarpen-eremuan. Hortaz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak uste du eremu hori hobeto dokumentatu beharko litzatekeela zundaketa arkeologikoen eta, hala badagokio, indusketen bidez, kronologia eta balizko interes arkeologikoa zehaztasun handiagoz zehazteko.

Txosten arkeologikoaren arabera, honako elementu hauek jasan dezakete sarbideen eragina, bai egokitze-lanetan, bai parkera sartzeko ibilgailuen joan-etorrian: Donejakue bidea, Alegrķa-Dulantzi udalerriko «Henaioko herrixka» (12. zk.), «Henaioko San Migel tenplua» eta «Angostina» (13. zk.) ustezko zona arkeologikoak, gutxienez «Angostina» (14. zk.) aztarnategiari seguru eragingo zaio, eta Donemiliaga udalerriko «ITER XXXIV ab Asturica burdigalam» galtzada erromatarraren ustezko zona arkeologikoa.

Bestalde, erdi-tentsioko aireko eta lurpeko linea zenbait elementutatik hurbil dago; horien artean, eragina jasan dezaketen elementu hauek nabarmentzen dira: Burgelu udalerriko ustezko zona arkeologikoak: «Kiltxanoko San Pedro tenplua» (18. zk.), «Kiltxanoko herrixka» (17. zk.), eta «Kiltxanoko San Pedro ermita», Burgeluko «Santa Eulalia ermita» ustezko zona arkeologikoa eta Vitoria-Gasteizko ustezko zona arkeologikoa eta ondare eraikia: «San Millan eliza», nahiz eta energiaren lurpeko ebakuazio-linea Uragea errekaren iparraldeko erriberatik igarotzeak elementu horri zuzenean eragitea saihesten duen. Aireko linea Kiltxanoko San Pedro ermitatik hurbil dagoenez, eta, gainera, ustezko zona arkeologiko bat duenez (17. eta 18. zenbakia, Kiltxanoko herrixka eta San Pedro tenplua), Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzarentzat egokia da euskarriak zimendatzeko behar den indusketa kontrolatzea.

Halaber, txosten arkeologikoak jakinarazten du Alegrķa-Dulantzitik ekialderantz irteten den sarbidearen zatia, aerosorgailuen eremuaren ekialdera iristeko, bat datorrela Donejakue bideak barnealdetik duen ibilbidearekin (San Adriango bidea ere deitzen zaio). Gainera, Donejakue bidearen zati bat dator Astorgatik Bordelera doan bide erromatarraren, Iter XXXIV deritzonaren, trazadura hipotetikotzat hartzen denarekin. Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazi du Donejakue bidearen zati hori parkea eraikitzeko beharrezkoa den ibilgailuen joan-etorrietarako erabiltzea alde batera utzi behar dela, babes-araubidearekin bateraezinak direlako, bai eta makina eta ibilgailu astunen joan-etorrietara egokitzeko bidean bertan egin beharko liratekeen jarduerak ere.

Alegrķa-Dulantzin, Donejakue bidearen trazaduraren ondoan, Henaioko herrixka (12. zk.), Henaioko San Migel tenplua (13. zk.) eta Angostina (14. zk.) ustezko zona arkeologikoak daude. Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak adierazi du Donejakue bidearen hegoaldean oin berriko sarbide paralelo bat eraikitzeko aukera kontuan hartuko balitz, Donejakue bidearen lur-berdinketaren ertzetik 30 metroko afekzio-gunea errespetatzeaz gain, eremu horiek kaltetuta geratuko liratekeela, eta, beraz, berariazko azterketa arkeologiko bat egin beharko litzatekeela aztarna arkeologikoak daudela baieztatzeko edo baztertzeko.

Sustatzailea ados dago Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak azaldutako gogoetekin.

3.2.– Inpaktuak ustiapen-fasean.

Ustiapen-faseari dagokionez, inpaktua sortu dezaketen proiektuko ekintza nagusiak hauek dira: parke eolikoaren eta haren instalazio erantsien presentzia, aerosorgailuen palen mugimendua, airetiko linea elektrikoaren presentzia, makineriaren noizbehinkako mugimendua eta instalazioak mantentzeko lanak.

3.2.1.– Habitatak eta fauna.

IIAk ez zu zehazten instalazio-multzoaren okupazio iraunkorraren azalerarik. Nolanahi ere, AFAren Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek adierazi dute proiektuak okupazio handiko jarduketa ugari ekarriko dituela. Ondorioz, landaredi-eremuen zatitzeak habitat naturalen azalera bati eragiten dio, gehienbat erkameztiak (9240 BIHa Quercus faginea eta Q. Canariensis espezieetako harizti iberiarrak) eta hariztia (9230 BIHa Quercus robur eta Quercus pyrenaica espezieetako hariztiak), bideen, zangen, plataformen eta, oro har, aldaketa-guneen artean sartuta geratzen baitira, bereziki goreneko eremuan. Zerbitzuen ustez, habitat horien gaineko instalazioen okupazioa kritikoa da, onartezina muturreko hauskortasuna duten irla-baso batzuetan.

Gainera, instalazio eolikoek eragina izango dute lurreko eta aireko faunaren habitatetan, haien erabilgarritasuna gutxituz bazkaleku-, ugalketa- eta elikadura-eremutzat. Kontuan hartu beharreko ingurumen-inpaktu nagusiak, bereziki hegazti-faunari eta kiropteroei dagozkienak, talka, elektrokuzio, barotrauma eta portaera-aldaketekin lotutako arriskuak dira, aerosorgailuen funtzionamenduaren eta linea elektrikoaren ondorioz sortuak.

Hegazti-faunari dagokionez, IIAk aerosorgailuek inguruko hegaztietan eragindako inpaktua gogortzat ezartzen du, eta, beraz, inpaktuaren zati bat arintzeko neurri batzuk proposatzen ditu, besteak beste: fauna-azterketa bat parke eolikoaren funtzionamenduko lehen 5 urteetan, ebakuazio-linean jarritako hegazti-babesen funtzionamendua egiaztatzea eta hegaztiek talka egitea saihesteko kolore-patroiak dituzten hegalak jartzea aerosorgailuetan. Sustatzailearen arabera, neurri horiek aplikatuz gero, aerosorgailuen eta ebakuazio-linearen inpaktua neurrizkoa izatera igaroko da.

Landan jasotako datuen arabera, aerosorgailuen hegalekin talka egiteko arrisku handiena duten espezieak honako hauek dira: sai arrea, arrano txikia, sai zuria, miru gorria eta gabirai arrunta. Espezie horien artean, nabarmentzekoak dira miru gorria («Galtzeko arriskuan») eta sai zuria («Kaltebera») EMEKn duten babes-kategoriagatik.

Hegazti-faunari buruzko azterlanaren emaitzak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak adierazi du sai zuria izan zela sentikortasun-indize handiena lortu zuen espeziea, eta Carraca (AG-05) parke eolikoa izan zela jarraipen-eremuan sai zuriaren behaketa-dentsitate handiena izan zuen guneetako bat, eta, ondoren, Carabela (AG-04) parke eolikoa.

Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren arabera, kluster eolikoa eremu sentikor batean dago, eta horrek zaildu egin dezakeela eremuko baso-masetako hainbat hegazti-espeziek egiten duten erabilera, eta, beraz, heriotzak eragin daitezke, aerosorgailuekin talka egiteagatik, edo populazioak lurraldeko beste eremu batzuetara lekualdatu daitezke. Horri dagokionez, aipatu behar da Carraca 18 (AG-05) parke eolikoko eta Nao 18 (AG-06) parke eolikoko aerosorgailuak ingurumen-sentsibilitate handieneko eremuetan daudela, arestian aipatu den moduan.

Gainera, Zuzendaritza horrek adierazi du parke eolikoen kokapenak bereziki eragin diezaiokeela Klusterraren ingurunean habia egiten duen mirotz zuriari, SEO/BirdLife elkartearen MIGRA programako datuen arabera, espeziearen mugimendu ugari behatzen baitira Iruraiz-Gauna inguruko laborantza-eremuaren eta Vitoria klusterra proiektatzen den nekazaritza- eta baso-eremuaren artean.

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek, bestalde, adierazi dute proiektuak eragina izan dezakeen eremuan hainbat espezie harrapari babestuk hegan egiten dutela, hala nola arrano sugezalea, gabiraia, arrano txikia, aztorea, belatza, hontz ertaina edo gau-hontza; espezie horiek inguruko basoetan ugaltzen dira eta inguru horretan ehizatzen dute. Eremu horretan harrapari harkaiztarrek ere hegan egiten dute, hala nola arrano beltzak (zenbait lurralde ditu 15 km baino gutxiagora), belatz handiak eta Bonelli arranoak (Aquila fasciata) («Galtzeko arriskuan» EMEKn), bikote ugaltzaile bakar batekin. Bikote horrek EAEn habia egiteko eremu bakarra aerosorgailuak kokatzeko proposatutako tokitik 10 km ingurura dago, eta, beraz, proiektua oso arriskutsua izan daiteke EAEn espeziea kontserbatzeko. Adierazi dutenaren arabera, Bonelli arranoa Iturrietako mendietan ibili ohi da, eta Arabako Lautadarantz jaitsi ohi da; hortaz, talka egiteko arrisku handia dago.

Gainera, adierazi dute miru gorria espezieari eragingo liokeela parke eolikoak, elikatzeko prospekzio-metodoagatik, hegaldi-ezaugarriengatik, penintsulan eta Europan duen kokapenagatik, babes-estatus gorenagatik eta eragina jasan dezakeen eremuaren inguruan oso maiz ibiltzeagatik. Hegazti-faunaren azterketak espezie horren presentzia oso handia dela egiaztatzen duen arren, zerbitzu horien arabera, erroldetan izandako orduen/egunen kopuru txikiak, bereziki migrazio-aldian, non hamabost egunean behin erroldak egin diren, ikaragarri gutxiesten du espezie horren benetako presentzia. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoa estrategikoa da miru gorriek negu-pasarako guneetara sartzeko jarraitzen duten migrazio-bidean. Hortaz, Lautadaren erdialdeko eremu hori migrazio-bide garrantzitsu bateko pasearen parte da, bereziki eztei osteko pasean, muino horiek nekazaritza-monolaborantzako eremuen gainean daudenez, funtsezko atseden-lekuak baitira. Halaber, azpimarratu dute miru gorria espezie sedentarioa dela, inguru hurbilean lurralde ugari eta zenbait etzaleku daudela, eta parke eolikoetatik hurbil pilatzen direla Araba osoko miru gorri ugaltzailearen populazio handienak. 2024an egindako errolda nazionalean 25-32 lurralde artean kokatu ziren (Belamendia, 2024), eta horietatik 7 proiektatutako aerosorgailuetatik 10 km-ra baino gutxiagora daude; 15 km-ra, berriz, 15 lurralde daude. Bestalde, aipatu behar da proiektutik hurbil miru gorrien populazio negutar handia dagoela (2024an guztira 145 ale erroldatu ziren), Europako erdialdetik eta iparraldetik etorriak, eta, beraz, mendebaldeko Europako migrazio-fronte garrantzitsu bat ere bada.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Bestalde, zerbitzu horiek jakinarazi dute azken urteotan AFAko Natura Inguruneko Zuzendaritzak ahalegin handia egin duela miru gorriari jarraipena egiteko, batik bat Arabako Lautadaren inguruan, non GPSarekin 59 ale markatzera iritsi diren heldu ugaltzaileen eta txiten artean. Erradiomarkatutako ale horietatik 37 aerosorgailuen inguruko 10 km-ko bufferraren barruan mugitzen dira, eta 21 ale aerosorgailuen edo aireko ebakuazio-linearen kokapenetatik igaro dira uneren batean; horrenbestez, ingurune horretan aerosorgailuak eta lotutako azpiegiturak instalatzearen arriskua oso larria da espezie horrentzat. Gainera, aipagarria da proiektatutako parke eolikotik 10 km-ko inguru hurbilean mugitzen diren 37 aleetatik guztira 28 txitak direla, eta beren berezko ezaugarriengatik, ale helduak baino sentikorragoak direla talka egiteko edo elektrokutatzeko.

Horren guztiaren ondorioz, AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek ondorioztatu dute kluster eolikoa instalatzeak arrisku kritikoa dakarrela miru gorriaren bai ugalketarako, bai ale gazteen sakabanatzerako eta migraziorako. Proiektuak miru gorriarengan duen eragin negatiboa erabakigarria da inpaktuaren balorazio kritikoan, eta ez da onargarria, eta balorazio hori indartu egiten dute beste espezie sentikor batzuetan ere gertatzen diren afekzioek (aurrerago deskribatuko dira).

Espezie nekrofagoei dagokienez, zerbitzu horiek adierazi dute EAEko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planean jasotakoaren prebentzio-araubidea hartu behar dela kontuan. Plan horren 12.2 apartatuak honako hau ezartzen du: «Hegaztiek haize-sorgailuen eta energia ebakuatzeko lineen kontra talka egiteko arriskurik ez izateko, ahal dela, Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen interes bereziko eremuetan eta, bereziki, ugatzaren edo sai zuriaren eremu kritikoen 10 km-ko inguruan ez da instalatuko zentral eolikorik». 10 km baino gutxiagora sai zuriek habiak egiteko gune bat eta Analamendiko janlekua dagoela kontuan hartuta, «janari gehigarria emateko gunea» den aldetik, gune kritikoa ugatzentzat zein sai zurientzat, egiaztatu da gutxienez 2 gune kritiko daudela hegazti-mota horientzat. Alderdi horrek, beste espezie batzuei buruzko beste garrantzitsu batzuekin batera, baldintzatu egiten du proiektu honen bideragarritasuna.

Sai zuriari dagokionez, Arabako Foru Aldundiko zerbitzuek adierazi dute udaberrian eta udan Argomaiz-Ezkerekotxa mendilerroaren gainetik hegan egiten duela maiz (parke eolikoa ezartzearen ondorioz eragina jasan dezake), habiak egiteko puntu ugari daudela eta etzaleku bat dagoela ikusi delako parke eolikotik 15 km baino gutxiagora, eta habia egiteko puntu bat 10 km-ra baino gutxiagora. Hori horrela, Vitoria kluster eolikotik hurbil dauden eremuetan presentzia handia dauka, hala nola Gasteizko eta Iturrietako mendietan, Izkin eta Entziako KBEan, dauden habitat eta biotopoen dibertsitate eta konplexutasunaren ondorioz. Mugimendu zirkadianoetan, Arabako Lautadarantz jaitsi ohi da, Lautadaren barruko muinoen gainetik hegan eginez. Horrenbestez, hegal birakariak dituzten 200 m-ko egitura altuek, 2,4 hektareako ekorketa izanik, arrisku handia dakarte espezie horrentzat, espeziearen prospekzio-ohiturak, hegaldi-maiztasuna eta -altuera direla eta.

Sai arreak ere sarri egin ohi du hegan proiektuaren eremuan, IIAk egindako jarraipen-datuek erakusten duten moduan, 324 begiztatze izan baitira. Ohikoa da Analamendiko janlekutik mugitzea eta laboreak dauden mendiko trantsizio-eremuetatik igotzea. Hortaz, AFAko zerbitzuen arabera, talka egiteko arriskua handia da. Adierazi dute 2022an markatutako 11 alek egiten dituzten mugimenduen GPS datuak dituztela, eta horietatik 8k Arabako Lautada eta Argomaiz eta Ezkerekotxa artean dauden muinoak erabili ohi dituztela pase-eremu gisa. Hegazti planeatzaile handi horiek sarri joan ohi dira inguru horretara elikatzeko tokien (Analamendiko janlekua), etzalekuen eta ugalketa-eremuen arteko trantsizio-mugimenduetan, gune horiek Arabako Lautadako haranaren perimetroko mendietan baitaude. Mugimendu horietan argi ikusten da espezie horrek eta, ziur asko, beste espezie planeatzaile batzuek maiztasun handiz erabiltzen duten aireko korridore bat dagoela Araba eta Gipuzkoa artean. AFAko zerbitzuek adierazi dute, beraz, sai arreak maiz erabiltzen duen eremua dela, eta, hortaz, uste dute proiektuak arrisku onartezina dakarrela espeziearentzat. Halaber, funtsezkoa dela uste dute bai sai arrearen, bai beste harrapari handi batzuen (hala nola ugatza, arrano beltza, sai zuria eta Bonelli arranoa) Arabako eta Nafarroako populazioak kontserbatzeko, proiektuaren eremuarekin eta janlekuaren inguruarekin bat datorren korridore horri parke eolikorik gabe eustea.

Ugatzari dagokionez, Arabako Foru Aldundiko zerbitzu horiek adierazi dute Laminoriatik gertu dauden mendilerroak, Indiagana eta Itxogana mendiak (7 km ingurura) eta Entzia KBEa (5 km-ra) erabakigarriak direla ugatza Pirinioetatik (bertan dago finkatuta) Kantauriar mendikatera zabaltzeko. Normalean, udaberrian, ugatza Analamendiko janlekura joaten da, eta sarri Arabako Lautada gurutzatzen du. Hori horrela, Aizkorri Aratz parke naturaleko eremurantz proiektatutako aerosorgailuen lerrokaduraren gainetik igaro daiteke. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak Nafarroako Gobernuaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetzarekin egiten dituen erroldetan, Entzia KBEa eta inguruko mendilerroak dituztenak lehentasunezko arreta-gune, erakusten da ugatzaren presentzia nabarmena dela proiektuaren inguruan, gutxienez 22 ale behatu baitira.

Mirotz iberikoei dagokienez, kluster eolikoa proiektatzen den ingurua funtsezkoa da mirotz urdinarentzat eta mirotz zuriarentzat, eta Arabako Lurralde Historikoan interes handieneko eremua da bi espezieentzat, haien populazio eskasei kritikoki eragin baitiezaieke. AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuen txostenak irudi hau jasotzen du; bertan, 2024an lokalizatutako mirotz urdin eta zurien lurraldeen hurbiltasuna eta ugaritasuna azaltzen dira.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Gainera, adierazi dute mirotz urdinak, mirotz zuriak eta zingira-mirotzak elikagaiak bilatzeko prospekzio-hegaldien teknika erabili ohi dutela. Prospekzio-hegaldi horiek, miru gorriarenak bezala, ohikoak dira altuera ertainetan, eta, beraz, linea elektrikoekin eta aerosorgailuekin talka egiteko arriskua oso handia da.

Bestalde, kontuan hartu dute mirotz zuriarentzako dituzten GPS bidezko jarraipen-datuek adierazten dutela espeziea Argomaiz eta Ezkerekotxa artean dauden muinoetan ibiltzen dela maiz janaria bilatzeko eta mugitzeko. Horrenbestez, balioetsi dute inguru horren fauna-balioak, mirotz zuriarentzako eta urdinarentzako duen ugalketa-garrantziagatik, eta beste alderdi batzuengatik, justifikatu egiten duela proiektua onartezina izatea.

Usapal europarra (Streptopelia turtur) galzorian dago Estatu eta autonomia-erkidegoaren mailan. Espezie horri dagokionez, Arabako Foru Aldundiko zerbitzuek adierazi dute Arabako Lautadako barnealdeko muinoak babeslekuak eta hazkuntza-lekuak direla espeziearentzat; hortaz, aurreikusitako lekuan parke eolikoa eraikitzeak inpaktu oso larria izango lukeela eta EAEn onartutako Usapal Europarraren Kudeaketa Planarekin kontraesanean egongo litzatekeela. Plan horrek honako hau ezartzen du: «Interes Bereziko Eremuetan eta Lehentasunezko Esku-hartze Eremuetan debekatuta dago usapal europarrak habia eraikitzeko habitata galtzea edo espeziearengan eragin zuzena izan dezaketen instalazioak edo azpiegiturak ezartzea».

Kiropteroei dagokienez, IIAk adierazi du landa-lanean identifikatutako espezie guztiek nolabaiteko arriskua dutela aerosorgailuekin talka egiteko, ur-saguzarrak (Myotis daubentonii) izan ezik; izan ere, azken horrek lurretik gertu egiten du hegan, eta, beraz, aerosorgailuen ekintza-mailatik kanpo. Horri dagokionez, AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek nabarmendu dute Estatu Batuetan eta Europan egindako azterlan askok ondorioztatzen dutela saguzar asko hiltzen direla parke eolikoetan, bai talka egiteagatik, bai hegalek inguru hurbilean sortutako deskonpresioagatik.

Klusterra lautadako irla-basoetatik hurbil edo, are gehiago, ur-masa ugariren inguruetan –kiropteroen espezie jakin batzuentzako habitat egokiak– kokatzeak berekin dakar proiektatutako parkeen elementuek fauna-talde horretan duten inpaktuaren arriskua esanguratsua izatea.

Kiropteroen gaineko eragina minimizatzeko neurritzat, sustatzaileak proposatu du parke eolikoek funtzionatu bitartean fauna-azterketa bat egitea, eta, azterlan horretan lortzen diren ezbehar-kopuruen arabera, ezbehar-tasa handia erregistratzen duten aerosorgailuak aldi baterako gelditzea proposatuko du. Ezbehar-tasa hori gaueko lehen 2-3 orduetan egingo da, orduan erregistratzen baita jarduera handiena, eta soilik haizearen abiadura 6 m/s baino txikiagoa denean.

Bestalde, parke eolikoek hesi-efektua eragiten dute hegazti-espezie batzuek migrazio-ibilbideetan edo elikatzeko eta atseden hartzeko baliatzen dituzten guneen artean mugitzeko duten gaitasunean. Arestian adierazi den moduan, eragina izan daitekeen eremuaren gainetik hainbat espezie babestuk hegan egiten dute, «Uribarriko urtegiko adarrak» Ramsar hezegunean, «Salburua» KBE/HBBEan eta Ramsar hezegunean eta «Zadorraren sistemako urtegiak» KBEan ugaltzen direnak, bai eta proiektuaren eremutik hurbil dauden eta inguruan ehizatzen duten basoetako baso-harrapariek ere. Espazio hori, gainera, esanguratsua da basa-espezie arruntentzako babesleku eta gordailu gisa, Arabako Lautadako ingurune guztiz eraldatua kontuan hartuta. Horrenbestez, AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuen arabera, parke eoliko bat eta horri lotutako azpiegiturak ingurune horretan jartzeak espezie horiei eragiteko arrisku handia eragingo du; izan ere, proposatutako azpiegiturak hegaldi-, mugimendu- eta elikadura-ibilbideetan erabili ohi den espazio batean kokatuko lirateke.

Horri dagokionez, IIAk azaltzen du inguru horretan dauden zenbait espezieren migrazio-ibilbideek eragina izan dezaketela, Europako Hegazti Migratzaileen Atlasaren arabera, azterketa-eremutik pasatzen baitira. Horixe da honako espezie hauen kasua: benarriz arrunt, txirritxo txikia, mirotz urdina, antzandobi kaskagorria, miru gorria, uhalde-enara, sai arrea, miru beltza, mendebaldeko zingira-mirotza, belatz gorria eta zikoina zuria. Belatz gorria eta miru beltza salbuetsita, guztiak Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan jasota daude.

IIAk adierazten duen moduan, parke eolikoa eraikitzeak aerosorgailuak 5 km-tan zehar lerrokatzea ekarriko luke, posizio bakoitzaren artean gutxienez 500 metroko distantzia izanik. Sustatzaileak adierazi du aerosorgailuen arteko distantzia horrek hegazti txikiak eta kiropteroak pasatzea ahalbidetzen duela. Nolanahi ere, adierazi du antolamendu horrek hesi-efektua sor dezakeela hegazti-espezie handiagoentzat. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren arabera, harrapari handiek edo tamaina handiko beste espezie batzuek jasan dezakete eraginik handiena, lurralde zabalak behar dituztenak, aerosorgailuekin talka egitearen ondorioz hil egin baitaitezke. Besteak beste, proiektuak sai arreari sortuko liokeen inpaktua azpimarratu behar da, hegazti harrapari hori izanik proiektuaren eremuan gehien dagoena eta aerosorgailuekin talka egiteko arrisku handiena duen espezieetako bat.

Sustatzaileak hesi-efektuari aurre egiteko IIAn proposatutako neurri nagusia da fauna-azterketa bat egitea parke eolikoak funtzionamenduan egongo diren lehenengo bost urteetan, aerosorgailuen kokapena egokia egiaztatzeko. Aerosorgailu batetik gertu espezie migratzaile asko pasatzen direla antzemanez gero, neurri gehigarriak hartzea aztertuko da, hala nola hegaztiak aerosorgailutik hurbil daudela detektatzeko gailuak instalatzea, talka egiteko arriskua dagoenean abisu- edo ohartarazpen-seinaleak emango dituztenak.

Hainbat hegazti-espezieren ohiko migrazio-desplazamenduak eta tokiko mugimenduak kontuan hartuta, besteak beste, espezie mehatxatuenak, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak iritzi dio proiektuaren hesi-efektua handia dela.

Halaber, klusterraren ezarpen-eremuan dauden ur-putzuak interesgarriak dira uretako hegaztien eta kiropteroen espezieentzat. Zehazki, uretako hegaztiek ureztatzeko putzuak babesteko eta elikatzeko leku gisa erabil ditzakete, eta, beraz, erakarpen-puntu bat dira. Ildo horretan, egindako erroldan guztira 13 uretako espezie identifikatu ziren; horien artean daude LESRPEn jasotako espezieak, hala nola murgil handia eta koartza hauskara. Hortaz, Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren arabera, eremu horretan aerosorgailuak jartzea oztopoa izan daiteke ur-masa horiek erabiltzen dituzten espezieentzat, eta talka egiteko arriskua eragingo du.

Faunan izan daitekeen beste inpaktu negatibo bat da espezie batzuek azpiegituren presentzia ukatzen dutela. Horren harira, IIAk adierazten du parke eoliko bat egoteak huts-efektua eragin dezakeela, hegaztiek aerosorgailuetatik hurbilen dagoen espazioa erabiltzea saihestu dezaketela, beren jarduera beste eremu batzuetara lekualdatuz eta parke eolikoaren kokapenaren inguruan hegaztirik gabeko gunea sortuz, eta, beraz, hegaztientzako habitat erabilgarria murriztuz.

Ebakuazio-lineari dagokionez, IIAk SEO/BirdLife elkartearen azterlan aitzindari bat aipatzen du (SEO/Birdlife elkartearen Batzorde Zientifikoa, 2020). Agiri horretan ondorioztatzen denaren arabera, gizakiek sortutako jarduerekin lotuta arrazoi ez-naturalen ondorioz Espainian zauritutako edo hildako hegaztien artetik, kasuen % 40 linea elektrikoekin izandako talken ondoriozkoak dira. Azterlan horretan, linea elektrikoarekin talka egitearen ondorioz eragin handiena jasandako espezieen artean daude belatz gorria (Falco tinnunculus), zapelatz arrunta (Buteo buteo) eta kaio hankahoria (Larus michahellis), eta aerosorgailuarekin talka egitearen ondoriozkoen artean, sai arrea (Gyps fulvus). Kaioa izan ezik, gainerako espezieak proiektuaren eremuan inbentariatuta daude.

Beraz, funtzionamendu-fasean, ebakuazio-lineak aireko zatian inpaktu esanguratsua izan dezake hegazti-faunan, talka egin edo elektrokutatu egin daitezkeelako, bai eguneroko mugimenduetan, bai migrazioetan. Aireko ebakuazio-linea 2016ko maiatzaren 6ko Aginduak ezarritako hegazti-fauna babesteko eremuetatik kanpo pasatzen den arren, eta talkaren eta elektrokuzioaren aurkako neurriak aplikatu behar ez badira ere, sustatzaileak proposatu du aireko linea osoan hegazti-babesak jartzea, talka egin dezaten saihesteko. Horri dagokionez, neurri horren bidez inpaktua murriztu arren, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak gogorarazi du linea hegazti-espezie ugari ugaltzeko, migratzeko eta negua pasatzeko interesgarria den gune batetik hurbil igarotzen dela. Hortaz, aireko linearen trazadurak hegaztiak eremu horretatik mugitzea zaildu dezake, eta, horrela, elektrokuzio- eta talka-arriskua handitu, eta espezie askorentzat hiltzeko kausa izan.

Hegazti-faunari buruzko azterlanaren arabera, aireko linea elektrikoan zehar 23 espezieren presentzia nabarmentzen da, eta espezie kaltetuenak belatz gorria eta zapelatz arrunta dira. IIAk ebakuazio-linearen inpaktua bateragarritzat jotzen du, faunarekiko sentikorrak diren puntuen gainean eragin eskasa duen eremu batean kokatzen delako. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak iritzi dio inpaktua larria dela, batik bat linea hegazti-faunarentzako garrantzi handia duen eremu batean proiektatzen delako, Zadorraren sistemako urtegiak KBEtik hurbil baitago, eta, beraz, hegazti-faunaren aberastasun handia bil dezakeelako. Gainera, IIAk berak adierazten duen moduan, eta txosten horretan azaltzen den bezala, azterketa-eremutik hainbat espezieren migrazio-ibilbideak igarotzen dira, besteak beste, espezie mehatxatuak, hala nola miru gorria (Galtzeko arriskuan) eta EMEKn jasotako beste espezie batzuk. Migrazio-ibilbide horiek Zadorraren sistemako urtegiak KBErekin/Ramsar hezegunearekin lotuta egongo lirateke nagusiki.

AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek ondorioztatu dute Vitoria kluster eolikoak hegazti-faunan eta kiropteroetan ondorio negatibo iraunkor eta konponezinak eragingo lituzkeela, maila onargarria gainditzen dutenak. Miru gorriaren («Galtzeko arriskuan»), espezie nekrofagoen eta mirotz iberikoen gaineko inpaktuak nabarmentzen dira. Gainera, uste dute babes- eta zuzenketa-neurriak hartzeak ez duela ahalbidetzen inpaktuak maila onargarrietaraino minimizatzea.

Sustatzaileak alegatu du «Vitoria 30 kV» kluster eolikoa ingurumenaren aldetik bideragarria dela, inguruko biodibertsitatearekin bateragarria delako eta Arabako Lautadako balio naturalak errespetatzen dituelako.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak irizten dio sustatzaileak egindako inpaktuen ebaluazioa eskasa dela, eta ez oso zehatza. Inpaktuen azterketa eskasa eta osatugabea aurkeztu da, ez du proiektuaren eremuan dauden fauna-komunitateen errealitatea islatzen, eta ebaluazioan hegazti-faunaren eta kiropteroen urteko azterketan lortutako datuak erabili ez izateari zor dakioke hori. Era berean, ez dira jaso proiektuaren eremurako eskuragarri dauden datu eguneratuenak eta zehatzenak, hala nola Eusko Jaurlaritzak urtero egiten dituen uretako hegazti habiagileen eta negutarren erroldetan eskuragarri daudenak (Uribarri Ganboako urtegiaren hegoaldeko adarrak hartzen dituzte errolda-eremuaren barruan), Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sisteman (ENIS) eskuragarri daudenak, edo Hontza taldeak mirotzei egiten dien jarraipenetan biltzen dituenak.

Ondorioz, zuzendaritza horrek irizten dio gutxietsi egin dela espazioen arteko konektibitatearen galeran, hesi-efektuan eta hegazti-faunaren eta kiropteroen gaineko ondorio negatiboetan duen inpaktuaren larritasuna. Horrez gainera, egindako inpaktuen balorazio eskasa zuzenean islatzen da prebentzio-, zuzenketa- eta kontrol-neurrien (ingurumen-zaintza) proposamen generikoan, eta modu eskasean bat etortzen da ebaluatzen ari den proiektu zehatzarekin.

Horri erantzunez, sustatzaileak adierazi du proposatutako Ingurumena Zaintzeko Plana indartzeko asmoa duela, eta, horretarako, hegazti-faunaren eta kiropteroen jarraipena egingo duela parkearen bizitza baliagarri osoan (eta ez lehenengo bost urteetan bakarrik), pase- edo jarduera-aldi kritikoetan programatutako geldialdiak egingo dituela, jarraipenaren emaitzen araberako egokitzapen-neurriak ezarriko dituela eta konpentsazio-neurriak hartuko dituela, hondar-inpaktuek hala eskatzen badute.

Proiektuaren bideragarritasunari dagokionez, proiektutik eratorritako ondorioak aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren arabera, kluster eolikoak eragin nabarmenak izan ditzake proiektatzen den inguruan. Proposatutako kluster eolikoa Arabako Lautadan kokatzeak, landaredi autoktonoa duen eta gune babestu askotatik (hala nola Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEa eta Uribarri Urtegiko Adarren Ramsar Hezegunea, esaterako) hurbil dagoen gailurreria baten gainean, esan nahi du faunaren presentzia handia dela. Testuinguru horretan, kontuan hartu da parke eolikoa kokaleku horretan eraikitzeak arrisku handia ekarriko diela fauna-espezie mehatxatuei (harrapariak, uretako hegaztiak, nekazaritza-inguruneekin lotutako hegaztiak eta kiropteroak). Azken finean, zuzendaritza horrek ondorioztatu du proiektua bideraezina dela ingurumenaren aldetik, eta, beraz, ez dagokiola ez ingurumenaren arloko baldintzarik ez neurririk proposatzea.

Horren harira, sustatzaileak alegatu du intereseko espezieen presentzia nahikoa dokumentatuta dagoela, baina ez duela erakusten proiektuaren ingurunearekiko erlazio funtzional kritikorik. Vitoria kluster eolikoa espezie mehatxatuak ohiko moduan ugaltzeko edo elikatzeko lehentasunezko habitatik gabeko gune batean dago. Uste du aurreikusitako neurriekin eta, beharrezkoa balitz, neurri horiek handitzeko prest egotearekin, bermatu egiten dela proiektua bateragarria izango dela basa-fauna kontserbatzearekin, ingurumen-erantzukizunaren eta agintaritza eskudunekin lankidetza aktiboan aritzearen esparruan.

3.2.2.– Natura 2000 Sarean eta konektagarritasun ekologikoan duen eragina.

Inguruneko naturagune babestuen gaineko balizko afekzioari dagokionez, klusterraren kokalekuaren posizioak garrantzi berezia hartzen du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan, aintzat hartuta inguruan dauzkan Natura 2000 Sareko guneak eta bertan kontserbazioaren xede diren elementuak, hala nola hegaztiak, nekrofagoak eta kiropteroak.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren arabera, Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEko baso-orbanen eremuan aerosorgailuak jartzeak zaildu egin dezake ingurune horretako zenbait espeziek egiten duten erabilera, eta, ondorioz, beste eremu batzuetara lekualdatu daitezke. Bestalde, irizten zaio proiektua Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEaren inguruan egikaritzeak eragin negatiboak izan ditzakeela hegazti-faunan, KBE horretako funtsezko elementua delako. Halaber, azaldu du aireko ebakuazio-lineak bereziki eragin diezaiekeela Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEa eta Salburuako KBE/HBBEa erabiltzen dituzten espezieei.

Hesi-efektua dela-eta aerosorgailuak jartzeak naturagune babestuen arteko konektibitatean izan dezakeen eraginari dagokionez, IIAk kluster eolikoaren inpaktua neurrizkotzat jotzen du. Aldiz, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak irizten dio proiektuak inpaktu nabarmena izan dezakeela guneen arteko konektibitatean, migrazio-ibilbideetarako gune garrantzitsu batetik hurbil dagoelako, ez soilik maila globalean, baita eskualde-mailan edo tokiko mailan ere; izan ere, Lautadako gune hori ohiko pase-korridore da Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEa eta Aldaiako Mendiak KBEa Gasteizko Mendiak KBEarekin, Entzia KBEarekin eta Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEarekin lotzeko.

Horrekin guztiarekin, eta hegazti-faunari buruzko azterketaren emaitzak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzako zuzendaritza horrek irizten dio kluster eolikoa lotura-balio handiko gune batean kokatzen dela, eta, beraz, ezin dela ziurtatu proiektua ezartzeak ez dionik eragingo ingurune horren lotura-funtzioari.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek egiaztatu dute hegaztiek Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEtik/Ramsar hezegunetik abiatu eta Argomaiz eta Ezkerekotxa arteko muinoen erdialdeko mendilerroa zeharkatzen dutela. Gune horretan sei aerosorgailuak eta neurketa-dorrea proiektatu dira. Hegaztiak, gero, hegoaldera, Arabako Mendietara zuzentzen dira, eta, bereziki, Lautadako eta Iturrietako mendietako ureztatze-putzu eta hezegune naturalizatu ugarietara eta Entziako hegoaldeko hegaletara. Parke eolikoek eragin larria izango lukete hegazti-faunan, hesi-efektuagatik eta talka egiteko arrisku onartezinagatik. Horregatik, uste dute Vitoria kluster eolikoa bateraezina izango litzatekeela Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEaren kontserbazio-helburuekin, hegaztiei eragiten dielako, eta horiek funtsezko elementua direlako Natura 2000 Sareko eremuan kontserbatzeko. Gainera, parke eolikoa ezartzeak eragin handia izango luke Zadorraren Sistemako Urtegiak KBE/Ramsar hezegunearen eta babestutako beste hezegune batzuen eta Iturrietako mendien eta Entzia KBEaren arteko lotura ekologikoan.

Arabako Foru Aldundiko zerbitzuen arabera, beraz, kritikoki eragiten dio hegazti-faunari, zeina Zadorraren Sistemako Urtegiak KBE/Ramsar hezegunearen (2 km-ra soilik) eta Entzia KBEaren (5 km-ra) funtsezko elementua eta kudeatzeko eta kontserbatzeko xedea baiten. Ondorioztatu dute proiektuak kalte oso larria eragingo lukeela bi gune babestuetako funtsezko prozesu ekologikoetan, eta larriki eragingo liokeela Natura 2000 Sarearen koherentziari eta osotasunari.

Gainera, kontuan izan behar da proiektuaren eremuaren zati handiena Esku hartzeko Nekazaritza Eremu (EHNE) gisa katalogatu duela azaroaren 3ko 206/2015 Dekretuak, Arabako Lautadako Irla Hariztiak (ES2110013) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duenak. KBEren izendapen-dekretuak eta kudeaketa-planak Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEaren eta EHNEren helburuak, erregulazioak, gidalerroak eta kontserbazio-neurriak jasotzen dituzte, nagusiki konektibitatea hobetzera, luberriketak berriz landareztatzera, nekazaritza- eta baso-ingurunea aldi berean egotera eta, azken finean, ingurunearen egungo baldintzak hobetzera eta, beraz, espezieen eta habitaten kontserbazio-egoera hobetzera bideratuta. Zerbitzu horien arabera, planteatutako proiektua erregulazio horietan ezarritakoaren guztiz aurkakoa da, eta proiektua egikaritzeak modu konponezinean eragingo lioke Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEari eta haren koherentzia ekologikoari.

Vitoria kluster eolikoak ezarpen-eremuan dagoen korridore ekologikoan izango duen inpaktuari dagokionez (funtsezkoa da Arabako Lautadan eta inguruko ingurune babestuetan), AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek iritzi diote larritasun kritikoa izango lukeela, eta oso larriki eragingo litzatekeela «Natura 2000» Europako Sare Ekologikoko espazioen arteko funtsezko prozesu ekologikoetan, hegazti-fauna basatian eta babestutako kiropteroetan izango lituzkeen ondorio negatiboak kontuan hartuta (aurreko apartatuetan azaldutakoak).

3.2.3.– Paisaian izango duen inpaktua.

IIAren III. eranskinak Vitoria kluster eolikoak paisaian duen inpaktuari buruzko azterlan bat jasotzen du, eta agiri horretan, linearen inpaktua neurrizkoa dela eta aerosorgailuena larria dela balioesten du. Azterlan horrek ikuspen-azterlan bat jasotzen du, eta, horren arabera, azterketa-eremuaren zati handienak ikuspen oso handia dauka. Emaitzek adierazten dutenaren arabera, 5 km-ko erradioan, aerosorgailuak lurraldearen zati handienetik % 29,45eko ikuspena izango lukete, eta ikuspen hori % 24,84ra jaisten da 15 km-ko inguratzaile batean. Edozein kasutan, parke eolikoak Vitoria-Gasteiz hiriko zati handi batetik ikusi ahal izango lirateke, baita errepide nagusietatik eta trenbideetatik ere, eta, beraz, irisgarritasun bisuala oso handia da.

Inpaktu bisual nagusia aerosorgailuak, neurketa-dorrea eta ebaketa-zentroa egoteak eragingo du. Gainera, ebakuazio-linearako proposatutako aireko trazadurak eragin handia du paisaiaren kalitatean. Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren arabera, proiektuak inpaktu bisual esanguratsua sortuko du inguruko paisaian, joan-etorri handia duen eta EAEko hiriburutik gertu dagoen gunea baita.

AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek irizten diote proiektuak errotik eraldatuko lukeela Lautadako muinoetako paisaia berezia, halako punturaino non parkea egikaritzeak muino horien katalogazioak merezi duen izaera berezia deuseztatuko bailukeen. Azpimarratu dute lur-mugimenduak 250.000 m3-tik gorakoak izango direla hauskortasun handiko eta maiz ibilitako puntuetatik esposizio bisual handiko muino batzuetan. Bestalde, 200 metro altu izango liratekeen aerosorgailuek ikus-arro oso handiari eragingo diote, eta, kasu gogorren batean, oso nabarmen eraldatuko dituzte proiektuaren eremuaren inguruko 9 paisaia bikainak.

Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partziala kontuan hartuta, proiektua Paisaia Interes Bereziko Eremu (PIBE) batean garatzen da («P1 Arabako Lautadako mendixkak» izena du), eta beste PIBE batzuei ere eragingo die, proiektuaren eremutik hurbil egoteagatik: «P-2 Gasteizko Barga de Iturrieta eta Entzia mendiak», «P3 Uribarri Ganboa», «P-5 Aldaiako mendiak eta Narbaiza», «IV-4 Iturrietako mendiak, Entzia mendilerroa». AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek balioetsi dute IIAk ez duela behar bezala aztertu LPPk katalogatutako eremu horietan duen eragina, duten balioa eta paisaia-berezitasuna kontuan hartuta.

Kontuan hartuta «Lautadako muinoak» gisa katalogatutako paisaia berezi horren balioak eta, halaber, Arabako Erdialdeko LPPren arabera Paisaia Interes Bereziko Eremua, AFAko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak irizten diote paisaia- eta naturaltasun-kalitatearen galera oso garrantzitsua izango litzatekeela eta ez dela nahikoa ebaluatu IIAn.

Paisaia-inpaktuari dagokionez, natura-ondarean eta ingurumenean eskumena duten administrazioen txostenez gain, gaiak eragindako udalek alegazioak aurkeztu dituzte, eta, egindako gogoeten artean, besteak beste, ebakuazio-linea lurperatzeko beharra nabarmendu dute, bidexketatik edo bide publikoetatik igaro dadin, proiektuaren paisaia-integrazioa hobetzeko.

Sustatzaileak alegatu du proiektua lurralde- eta paisaia-plangintzan ezarritakoarekin bat datorrela, eta ez dituela urratzen administrazioak aitortutako eskualde-paisaiaren balioak. Gainera, adierazi du, proiektua inguruko puntu jakin batzuetatik ikusi ahal izango den arren, ikuspena ez dela paisaiaren degradazioaren baliokidea. Linea lurperatzearen harira, adierazi du konplexutasun tekniko handiagoa eta kostu nabarmen handiagoak dakartzala aireko trazaduraren aldean, egikaritzeko ez ezik, baita mantentze-, ikuskapen- eta konponketa-lanak egiteko ere.

3.2.4.– Nekazaritzan izango duen eragina.

AFAko Nekazaritza Zuzendaritzak egindako SEEPa kontuan hartuta, plataformak eta sarbideak 5 udalerritan daude (Burgelu, Barrundia, Donemiliaga, Alegrķa-Dulantzi eta Iruraiz-Gauna). Udalerri horietan duen eragina minimoa da udalerri horien azalera osoarekin alderatuta. Proiektu honen okupazio iraunkorra Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko Lurraldearen Plan Sektorialeko «Basoa-Mendi Barnana» eta «Basoa» kategorietan kokatzen da gehienbat.

«Vitoria» azpiestazioraino energia ebakuatzeko aireko eta lurpeko linearen kasuan, hiru udalerriri eragiten zaie (Alegrķa-Dulantzi, Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteiz). Aireko eta lurpeko linea «Balio estrategiko handia» gisa kategorizatutako lurzoruetatik igarotzen da, Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko Lurraldearen Plan Sektorialaren arabera. Hain zuzen ere, aireko tartea 2.982 m-koa da, eta lurpekoa 769 m-koa, kategoria honetan: «Nekazaritza eta abeltzaintza: Balio estrategiko handia". 16 euskarri daude, eta «Balio estrategiko handia» gisa sailkatutako lurzoruan daude, Burgelu eta Arratzua-Ubarrundia udalerrietan. «Vitoria 30 kV» kluster eolikoaren ingurumen-inpaktuaren azterlanean euskarriaren okupazio iraunkorreko azalera gisa 64 m2 baloratzen dira; hortaz, «Balio estrategiko handia» katalogatutako dagoen 1.024 m2-ko azalerari eragiten zaio guztira.

Burgelu udalerriak 417 ha ditu «Balio estrategiko handia» gisa sailkatuta, eta Arratzua-Ubarrundiak, berriz, 804 ha. Horrenbestez, AFAko Nekazaritza Zuzendaritzak adierazi du eragina minimoa dela.

3.2.5.– Biztanleengan izango duen eragina.

Zaratari dagokionez, IIAk inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat jasotzen du 4. eranskinean. Azterketa horretan ondorioztatzen denez, «Vitoria 30 kV» kluster eolikoak bete egingo ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan jasotako balioak zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez.

Hala ere, Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek adierazi dutenaren arabera, kluster eolikoaren hurbil-hurbileko inguruan, eragina jasan dezaketen muinoen hegaletan, kilometro bateko distantzian daude Ezkerokotxa, Txintxetru, Arrieta, Etxabarri-Urtupińa eta Argomaiz herriak, eta 1,5-2 km-ko distantzian Alegrķa-Dulantzi, Burgelu eta Oreitia. IIAk ez du behar bezala kontuan hartu proiektuak inguruko landa-herrietan duen eragina. AFAren zerbitzu horien arabera, inguru hurbileko herrietako soinu-efektuak eta naturaltasunaren galerak larritasun kritikoa izango lukete, onartu behar ez litzatekeena, eta zuzenketa- eta babes-neurriek ezin dute eragin hori nabarmen ekidin edo minimizatu.

Bestalde, AFAko Nekazaritza Zuzendaritzak azaldu du aireko eta lurpeko ebakuazio-linea lasaitasun publikoko 500 metroen barruan proiektatzen dela, Energia Berriztagarrien LPSak mugatzen dituen herriguneetarako Etxabarri-Urtupińa, Argomaiz, Arbulo, Jungitu eta Uribarri Arratzua herriguneetan.

3.2.6.– Sinergiak.

Energia berriztagarrien instalazioak, dela eolikoak dela fotovoltaikoak, elkarrengandik distantzia txikira metatzeak efektu garrantzitsuak, metagarriak edo sinergikoak izan ditzake udalerrietan bertan eta inguruan. Gainera, AFAko Nekazaritza Zuzendaritzak adierazi duen moduan, azpiegitura-mota horrek sortu dezakeen efektu sinergiko nagusietako bat lurzoruen gaitasun agrologikoa galtzeari buruzkoa da, bai eta eragindako partzeletako nekazaritza-ustiategiei erasateari buruzkoa ere.

IIAren arabera, inguruko proiektuen multzoak eragindako inpaktu negatibo garrantzitsuena hegazti-faunaren gaineko eragina da, hesi-efektuak eta talkek edo elektrokuzioek eragindako hilkortasunaren ondorioz. Izan dezakeen metatze-efektuagatik garrantzi berezia duen beste inpaktu bat paisaia-inpaktua da; IIAk, ordea, ez da behar bezala sakontzen horretan. Parke eoliko hori ezartzeak eta inguruan proiektatutako proiektu energetiko gero eta gehiagok ingurua nabarmen aldatuko dute. Paisaian elementu berriak sartzearen ondorioz, hala nola aerosorgailuak, linea elektrikoak eta horien euskarriak, proiektuak efektu negatiboak izango ditu dagoen paisaian, eta elementu naturalen dinamika aldatu egingo da.

Nolanahi ere, klusterra osatzen duten parke eolikoen beren eta 15 km-ko erradioan dagoen Elgea-Urkilla parke eolikoarekin lotutako metaketa- eta sinergia-inpaktuak bakarrik baloratzen ditu sustatzaileak, Miritxa parke eolikoa, Gamarra klusterraren parke eolikoa, Azazeta parke eolikoa eta Ali I eta II klusterraren parke eolikoak eta gune horretan aurreikusitako instalazio fotovoltaikoen proiektuak kontuan hartu gabe.

Inguruko instalazio horiek guztien multzoak eragindako inpaktua ebaluatu ez denez, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak iritzi dio sinergien azterlanak ez duela azterketa zorrotzik egin. Gainera, ingurumen-inpaktu sinergikoak orokorrean eta eskas aztertu direla zehaztu du, faunaren gaineko inpaktuetan eta inpaktu akustikoan soilik arreta jarrita. Azterlanak ez du barne hartzen paisaiaren gainean izan daitekeen eragin sinergiko eta metagarriaren baloraziorik, eta ez ditu aztertzen eragiten zaien ikus-arroak, azterketa-eremuko proiektu guztiak kontuan hartuta.

Sustatzaileak alegatu du Vitoria kluster eolikoak ez duela eragin sinergiko edo metatzaile larririk, eta indarrean dagoen ingurumen-araudiak eskatutakoa betetzen duela.

3.3.– Jendaurreko informazioaren izapideen eta kontsulten emaitza.

Ebazpen honen eranskinean, zerrendatu egiten dira jendaurreko informazioaren izapidean jasotako alegazioak, eta organo substantiboak kontsultatu dituen Administrazio publikoen eta pertsona interesdunen txostenak.

Ebazpenean, administrazio publikoek beren eskumeneko gaiei buruzko atalean egindako txostenen edukia laburtu da, bai eta gainerako organismo, entitate eta partikularren alegazioen edukia ere.

3.4.– Ingurumen-organoaren balorazioa.

Ebazpen honetan zehar agerian geratu den bezala, Vitoria kluster eolikoa proiektatzen den kokapenak posizio zentrala du Natura 2000 Sareko gune ugarirekiko. Gune horietan kontserbatu beharreko elementuen artean, hegazti nekrofagoak, hegazti sedentarioen eta migratzaileen espezie batzuk, inguruko baso-masekin eta barnealdeko hezeguneekin lotuta, besteak beste miru gorria, eta kiroptero-espezie ugari daude, mehatxatuta eta parke eolikoen jarduerarekiko kalteberak, aerosorgailuekin eta aireko linea elektrikoarekin istripuak izateko arriskuagatik, hesi modukoak baitira elikagai bila joan-etorrietan dabiltzanean.

Arabako Foru Aldundiko Natura Inguruneko Zuzendaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuak dira basa-fauna eta -floraren kudeaketarako organo eskuduna. Zerbitzu horiek emandako informazioak eta datuek agerian jarri dute proiektuaren eragin-erradioan sai zuriak, miru gorriak, sai arreak, mirotz zuriak, mirotz urdinak eta zuriak, usapal europarrak eta ugatzak ere sarri erabiltzen dutela espazio hori, eta, gainera, proiektuaren eremua mirotz urdinak eta mirotz zuriak ugaltzeko, ehizatzeko eta mugitzeko habitat potentziala dela. Hain zuzen, lurralde historikoko interes handieneko eremua da bi espezie horientzat, eta gaur egun horien populazioa asko gutxitzen ari da, eta horien populazioei kritikoki eragin dakieke.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak emandako mapek, GPS bidez markatutako miru gorriaren eta sai arrearen joan-etorriak islatzen dituztenak, erakusten dute Argomaiz-Ezkerekotxa mendilerroan oso maiz ibiltzen direla, eta hori inguruko naturaguneen arteko «lotura-korridore» bat dela eta balio handia duela Lautadako prozesu ekologikoei eusteko. Halaber, erakunde horrek dituen datuak oinarri hartuta, Nafarroako Gobernuarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan egindako erroldetatik eratorritakoak, inguruan ugatzak duen presentzia nabarmena da.

Sai zuriari dagokionez, eremu horretan presentzia handia izateaz gainera, habia bat lokalizatu da ezarpen-eremutik 10 km-ra baino gutxiagora, eta habia egiteko gune ugari eta etzaleku bat, 15 km baino gutxiagora.

Kontuan izan behar da, halaber, Analamendiko janlekua dagoela, hegazti nekrofagoak erakartzeko gune bat. Hain zuzen, sarri egiten dituzte hegaldiak dira janlekuaren eta Arabako Lautadako laboreen trantsizio-gunearen artean, aerosorgailuen ezarpen-eremuaren gainetik hegan eginez eta, beraz, istripu-arriskua areagotuz. Alde horretatik, Arabako Foru Aldundiak sai arreari buruz dituen GPS datuek nabarmentzen dute aireko korridore bat dagoela Analamendiko janlekuaren eta proiektuaren eremuaren artean.

EAEko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Planarekin bat etorrita, parke eolikoen ezarpen-eremutik 10 km-tik beherako erradioan dagoen sai zuriaren habia eta ugatzarentzako eta sai zuriarentzako «janari gehigarria emateko gunetzat» hartzen den Analamendiko janlekua bi gune kritiko dira ugatzarentzat edo sai zuriarentzat. Ildo horretan, Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planaren 12.2 apartatuan honako hau ezartzen da: «Hegaztiek haize-sorgailuen eta energia ebakuatzeko lineen kontra talka egiteko arriskurik ez izateko, ahal dela, Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen interes bereziko eremuetan eta, bereziki, ugatzaren edo sai zuriaren eremu kritikoen 10 km-ko inguruan ez da instalatuko zentral eolikorik».

Halaber, klusterraren ezarpen-eremutik hainbat espezieren migrazio-ibilbideak pasatzen dira, bereziki Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEarekin lotuta. Migrazio-ibilbide horien artean espezie mehatxatuenak daude, hala nola miru gorria («Galtzeko arriskuan») eta EMEKn jasotako beste espezie batzuenak.

Arabako Lautadako muinoak usapal europarra babesteko eta hazteko lekuak dira. Izan ere, «PE Nao 18» parke eolikotik hurbilen dagoen irla-hariztia (200 m baino gutxiagora ekialdera) Usapal Europarraren Kudeaketa Planeko Lehentasunezko Esku-hartze Eremuan (2. maila) sartzen da. Gainera, sustatzaileak egindako hegazti-faunari buruzko azterlanean usapala aerosorgailuen ezarpen-eremutik oso hurbil begiztatu dela jaso da; hortaz, parke eolikoa aurreikusitako lekuan eraikitzeak inpaktu oso larria izango luke «Galtzeko arriskuan» dagoen espezie horrengan.

Ingurumen-inpaktuaren azterketari erantsitako kiropteroen urteko azterketak ere, hurbileko kiropteroen lehentasunezko babeslekuen azterlanik ez izateagatik gabeziak izan arren, talde horren aberastasun eta jarduera handia detektatu du kokalekuan. Foru-organoak emandako informazioak berretsi egin du kiropteroek garrantzi handia dutela Arabako Lautadako muinoetan; izan ere, irla-basoak daude, espezie mehatxatuak hartzen dituzten zulo eta babeslekuak dituzten zuhaitz-alez osatuak, ur-masak daude eta kiroptero-espezie askorentzat egiaztatutako balio handiko naturaguneak hurbil daude (hala nola Entzia KBEa).

Ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako prebentzio-, zuzenketa- eta kontrol-neurriak orokorrak dira, e eta modu eskasean etortzen dira bat ebaluatzen ari den proiektuarekin. Hori horrela, aerosorgailuen hegalak margotzera, linea elektrikoaren aireko zatian hegazti-babesak jartzera (aerosorgailuekin eta linearekin talka egiteko arriskua murrizteko asmoz, hurrenez hurren) eta funtzionamendu-fasean populazioen jarraipena egitera murrizten da.

Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak azpimarratu du proposatutako kluster eolikoa Arabako Lautadan kokatzeak, landaredi autoktonoa duen eta gune babestu askotatik (hala nola Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEa eta Uribarri Urtegiko Adarren Ramsar Hezegunea, esaterako) hurbil dagoen gailurreria baten gainean, esan nahi duela faunaren presentzia handia dela. Horrek, beraz, fauna-espezie mehatxatuentzako arrisku handia dakar, hala nola harraparientzat, uretako hegaztientzat, nekazaritza-eremuekin lotutako hegaztientzat eta kiropteroentzat. Azken finean, zuzendaritza horrek ondorioztatu du proiektua bideraezina dela ingurumenaren aldetik, eta, beraz, ez dagokiola ez ingurumenaren arloko baldintzarik ez neurririk proposatzea.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiko Natura Inguruneko Zuzendaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek ondorioztatu dute proiektuak hegazti-faunan eta kiropteroetan ondorio negatibo iraunkor eta konponezinak eragingo lituzkeela, maila onargarria gainditzen dutenak, eta babes- eta zuzenketa-neurriak hartzeak ez duela ahalbidetzen inpaktuak maila onargarrietaraino minimizatzea. Miru gorriaren («Galtzeko arriskuan»), espezie nekrofagoen eta mirotz iberikoen gaineko inpaktuak nabarmentzen dira. Gainera, inguruko Natura 2000 Sareko espazioen organo kudeatzailea den aldetik, adierazi du kritikoki eragiten diola hegazti-faunari, zeina Zadorraren Sistemako Urtegiak KBE/Ramsar hezegunearen (2 km-ra soilik) eta Entzia KBEaren (5 km-ra) funtsezko elementua eta kudeatzeko eta kontserbatzeko xedea baiten. Iritzi diote proiektuak kalte oso larria eragingo lukeela bi gune babestuetako funtsezko prozesu ekologikoetan, eta larriki eragingo liokeela Natura 2000 Sarearen koherentziari eta osotasunari.

Azken batean, proiektuak hariztiek eta erkameztiek osatutako irla-basoen okupazio garrantzitsuak planteatzen ditu, 9240 Quercus faginea eta Q. canariensis espezieetako harizti iberiarrak BIHaren eta 9230 Quercus robur eta Quercus pyrenaica hariztiak BIHaren parte direnena. Masa berezi horien azalera mugatua kontuan hartuta, Arabako Foru Aldundiko Natura Inguruneko Zuzendaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko eta Natura Ondareko Zerbitzuek kritikotzat eta onartezintzat jotzen dituzte muturreko hauskortasuna duten irla-baso horien okupazioak. Era berean, zuhaitz-masa horiek Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEan sartzen dira. Eremu horren erregulazioak eta kudeaketa-neurriak honako hauetara bideratuta daude: konektibitatea hobetzera, luberriketak berriz landareztatzera, nekazaritza- eta baso-ingurunea aldi berean egotera eta ingurunearen egungo baldintzak hobetzera eta espezieen eta habitaten kontserbazio-egoera hobetzera. Horrenbestez, Arabako Foru Aldundiaren arabera proiektua egikaritzeak modu konponezinean eragingo lioke Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEari eta haren koherentzia ekologikoari. Halaber, proiektuak ezarpen-eremuan dagoen korridore ekologikoan duen inpaktua kritikoa dela irizten diote, eta Natura 2000 Sareko espazioen arteko funtsezko prozesu ekologikoei eragiten zaiela.

Paisaiaren gaineko inpaktuari dagokionez, kontsultatutako erakundeen txostenetan adierazi den moduan, proiektuak honako lur-mugimendu handiak egitea eta «Arabako Lautadako muinoak» paisaia berezia eraldatzea ekarriko ditu, eta, gainera, Araba Erdialdeko Lurralde Plan Partzialak paisaia-interes bereziko eremutzat kategorizatutako beste paisaia-unitate batzuetan ere eragina izango du.

Azaldutakoa kontuan hartuta, proiektuaren analisi teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterketa egin ondoren, aurreikusten da proiektua bideraezina dela ingurumenaren aldetik, hainbat kausa direla bide (ingurunearen ingurumen-sentikortasun handia, hegazti-espezie mehatxatuek espazioa maiz erabiltzea, mehatxatutako fauna hegalariaren habia egiteko lurraldeen, kolonien, etzalekuen eta babeslekuen dentsitate handia, fauna horrek talka egiteko arrisku handia, Natura 2000 Sareko guneak kontserbatzeko helburuetan ondorio kaltegarriak eragiteko aukera –Arabako Lautadako Irla Hariztiak KBEa, Zadorraren Sistemako Urtegiak KBEa eta Entzia KBEa–, hesi-efektua, lerrokaduraren ezarpen-eremuan dagoen korridore ekologikoaren gaineko erasana, habitaten eraldaketa eta paisaia-inpaktu handia), baita ingurumen-inpaktuaren azterketan jasotako prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak edo ezar daitezkeen beste neurri batzuk aplikatuta ere.

Beraz, ingurumen-ebaluazioaren prozeduran ezarri beharreko ingurumenaren gaineko inpaktuen zuhurtasun-, kautela- eta prebentzio-printzipioak aplikatuz, ingurumen-organo honek aurkakotzat jotzen du Savanna Power Solar 14 SLUk sustatutako «Vitoria 30kV» kluster eolikoaren (29,94 MW) eta hari lotutako azpiegituren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena Alegrķa-Dulantzi, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga, Barrundia, Burgelu, Arratzua-Ubarrundia eta Vitoria-Gasteiz udal-mugarteetan (Araba).

Bigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Arabako Industria Administrazioko Ordezkaritzari eta Savanna Power Solar 14 SLU sustatzaileari.

Hirugarrena.– Ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Laugarrena.– Adieraztea, Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen 41. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren aurka ezingo dela errekurtsorik jarri, baina horrek ez dituela baztertzen proiektua baimentzen duen egintzaren aurka administrazio-bidean eta bide judizialean egoki diren errekurtsoak.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 16a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.

(Ikusi .PDF Fitxategia)

Azterketa dokumentala