
43. zk., 2026ko martxoaren 4a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- PDF (131 KB - 2 orri.)
- EPUB (108 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
981
EBAZPENA, 2026ko otsailaren 24koa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena, zeinaren bidez Gorbeialdeko Kuadrillaren Idazkaritzako lanpostua sailkatzen baita; lanpostu hori Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dago.
Gorbeialdeko Kuadrillako Batzar Orokorrak, 2025eko abenduaren 18an egindako bileran, erabaki zuen Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatzea Idazkaritzako lanpostua, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta dagoena, hirugarren mailan sailkatzeko.
Horren harira, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 21eko 7/1985 Legearen (TAOL, aurrerantzean) 92 bis artikuluak lehenengo apartatuan ezartzen duenez, Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak emandako idazkuntzan (aurrerantzean, TAAIL), toki-korporazio guztietan beharrezkoak diren zenbait eginkizun publiko daude –artikulu horren a) eta b) letretan zerrendatzen direnak–, eta horien gaineko administrazio-erantzukizuna Estatutako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei dagokie.
Halaber, aipatutako TAOLen 92 bis artikuluaren laugarren apartatuak xedatzen duenez, Gobernuak errege-dekretu baten bidez arautuko ditu Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak sortu, sailkatu eta ezabatzeko espezialitateak.
Ondorioz, Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE), 2018ko martxoaren 17an (aurrerantzean, 128/2018 Errege Dekretua).
TAOLen 92 bis artikuluan aipatzen diren eta toki-korporazio guztietan egon behar diren beharrezko eginkizun publikoak betetzen dituzten lanpostuen sailkapenari dagokionez, zeinen gaineko administrazio-erantzukizuna Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioei baitagokie, 128/2018 Errege Dekretuaren 8. artikuluaren bigarren apartatuak berariaz ezartzen du udalerrietako mankomunitateetako idazkaritzak artikulu horren lehenengo apartatuan aipatutako motaren batean sailkatuko dituela autonomia-erkidegoak, beren ezaugarri propioen arabera.
Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioen araubide juridikoa arautzen duen martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuak 8. artikuluan ezartzen ditu eskala horretako lanpostuak sailkatzeko irizpideak. Horrela, aipatutako 8. artikuluko lehenengo apartatuko c) letrak ezartzen du hirugarren mailan sailkatuko direla 5.001 biztanletik beherako udalerrietako Udal Idazkaritzako lanpostuak, baldin eta horien aurrekontua 3.000.000 eurotik gorakoa ez bada. Bestalde, errege-dekretu horren 11. artikuluak ezartzen duenez, Idazkaritza hirugarren mailan sailkatuta duten toki-erakundeetan, Kontu-hartzailetzaren berezko eginkizunak Idazkaritzako lanpostuaren edukiaren parte izango dira.
Horrela, eta martxoaren 16ko 128/2018 Errege Dekretuaren 24.3 artikuluak aurreikusten duenez, hirugarren mailako idazkaritzak Idazkaritza – Kontu-hartzailetza azpieskalako funtzionarioentzat gordeta daude, eta haiei dagozkie fede publikoaren eginkizunak eta nahitaezko lege-aholkularitza, ekonomia- eta finantza-kudeaketaren eta aurrekontu-kudeaketaren barne-kontrol eta -fiskalizazioko funtzioak, eta kontabilitatea, diruzaintza eta diru-bilketa.
Horrela, prozeduraren instrukzio-aldian, Arabako Foru Aldundiari eskatu zitzaion txostena eman zezala Kuadrillaren eskaera zela eta; Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzak jaso du eskatutako txostena. Agiri horren bidez, Arabako Foru Aldundiak aldeko txostena egin du Gorbeialdeko Kuadrillako Idazkari – Kontu-hartzaile lanpostua sailkatzeko eskabideari buruz.
Horrenbestez, kontuan hartuta Kuadrillako lehendakariak emandako informazioa, eta 2021etik 2024ra bitarteko ekitaldietako aurrekontuen likidazioak eta 2025eko aurrekontua aztertu ondoren, Gorbeialdeko Kuadrillako Idazkaritza hirugarren mailan (Idazkaritza – Kontu-hartzailetzako azpieskalako funtzionarioentzat gordetako lanpostua) sailkatu behar da, eta Kuadrillak lanpostuen zerrendan sartu beharko du.
Horregatik guztiagatik, Mankomunitateak aurkeztutako eskabidea ikusirik, TAOLen 92 bis artikuluarekin eta 128/2018 Errege Dekretuaren 7., 8. eta 24.3 artikuluekin bat etorriz, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 8/2021 Dekretuaren 11. artikuluak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Gorbeialdeko Kuadrillako Idazkaritzako lanpostua hirugarren mailan sailkatzea; lanpostu hori Idazkaritza – Kontu-hartzailetza azpieskalako Estaturako gaikuntza duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordeta egongo da.
Bigarrena.– Lanpostu hori betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da.
Hirugarrena.– Gorbeialdeko Kuadrillak bere lanpostu-zerrendan gehitu beharko du lanpostu hori, bete baino lehen.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala xedatzen baita Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan, hargatik eragotzi gabe zuzenbidean onartutako bestelako aurkaratze-bideak erabiltzea.
Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, administrazio publiko interesdunek ezin izango dute administrazioarekiko errekurtsorik jarri ebazpen honen aurka. Halere, errekurtsoa jarri ahal izango dute Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien epaitegietan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, 29/1998 Legearen 45. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz. Lehenago eta epe berean, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzari eskatu ahal izango zaio ebazpen hau deusezta edo erreboka dezala, 29/1998 Legearen 44.1 artikuluak xedatzen duen bezala.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 24a.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
LORETO OSA OCÓN.
RSS