Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2026ko martxoaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
980

AGINDUA, 2026ko otsailaren 23koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Kontrakalea FM Fundazioa / Kontrakalea FM Foundation izeneko fundazioaren eraketa inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

2025eko urriaren 14an, eskabide bat sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistro Orokorrean, Kontrakalea FM Fundazioa / Kontrakalea FM Foundation izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko.

Eskabidearekin batera, administrazio-espedientean dagoen dokumentazioa aurkeztu zen.

Estatutuen 3. artikuluak fundazioaren xedeak ezartzen ditu:

1.– Kultura eta arte garaikidea sustatzea eta zaintzea.

2.– Sormena eta arte independentea sustatzea.

3.– Kontzientzia soziala eta politikoa garatzea kulturaren bidez.

4.– Kultura- eta musika-hezkuntza.

5.– Kultura-mestizajea eta aniztasuna sustatzea.

6.– Memoria historikoaren defentsa eta sustapena.

7.– Kulturaren eta gizartearen arloko nazioarteko lankidetza bultzatzea.

8.– Kulturaren bitartez gizarte-inklusioa sustatzea.

9.– Euskal musikari eta kulturari buruz ikertzea eta azterlanak zabaltzea.

10.– Kultura-ondarea zaintzen laguntzea.

11.– Artearen eremuan adierazpen-askatasunaren alde egitea.

12.– Zentsuratuta edo jazarrita dauden artistei aholku eta laguntza ematea.

Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 euroko diru-ekarpena da.

Fundazioaren jarduera-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa da.

Estatutuen 8. artikuluak ezartzen du patronatua gutxienez 3 pertsonak eta gehienez 12k osatuko dutela.

Fundazioaren patronatua, hasieran, kargu eta kide hauek osatzen dute, eta horien izendapena eta onarpena fundazioaren eskrituran eta ondorengo notario-eginbidean jasota daude:

– Presidentea: Jone Miren Unanua Villava andrea.

– Idazkaria: Fermín Muguruza Ugarte jauna.

– Bokala: Natalia de Ancos Lara andrea.

Estatutuen 12. artikuluan adierazitakoaren arabera, patronatukidearen karguaren iraupena mugagabea izango da.

2026ko otsailaren 2an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea bildu zen, inskripzio-eskaera aztertzeko fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari zegokienez eta haren bideragarritasuna aztertzeko. Aholku Batzordeak, aho batez, aldeko txostena eman zuen, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.

Era berean, 2026ko otsailaren 19an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio eratze-espediente honi buruz ebaztea, agindu bidez, artikulu hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikulua (115/2019 Dekretua, uztailaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena) eta 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikulua (18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien eginkizunak eta jardun-arloak zehazten dituena).

Espediente honi funtsezko iritzitako datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bereziki bete dira Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan aurreikusitako baldintzak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitakoak.

Hori guztia kontuan hartuta, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Kontrakalea FM Fundazioa / Kontrakalea FM Foundation izeneko fundazioaren eraketa (erregistro-zenbakia: F-515), bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, Irunen 2025eko urriaren 10ean Jorge Stampa Castillo notario jaunaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren arabera (protokolo-zenbakia: 1.482).

Bigarrena.– agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, ondorioz, beronen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honi, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 23a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala