Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2026ko martxoaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

GOBERNANTZA, ADMINISTRAZIO DIGITAL ETA AUTOGOBERNUAREN SAILA
977

AGINDUA, 2026ko otsailaren 13koa, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación para el Fomento de la Bibliografía fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

2025eko irailaren 1ean, Fundación para el Fomento de la Bibliografía fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskabidea sartu zen Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailaren Erregistroan.

Eskaera-idazkiari administrazio-espedientean jasotako dokumentazioa erantsi zitzaion.

Estatutuen 3. artikuluak fundazioaren helburuak ezartzen ditu, eta honela dio hitzez hitz:

«Interes komuna eta orokorra interes partikularren gainetik jartzea premisatzat hartuta, Fundazioaren helburuak honako hauek dira: kontserbatzea, zaharberritzea, sustatzea, erakusketa unibertsala eta diziplina anitzekoa egitea, eta liburuak eta horien edizioak eta funts bibliografikoak aztertzea eta mantentzea, gizartearen hezkuntza artistikorako tresna izan dadin».

Helburu horiek lortze aldera, Fundazioak jarduera hauek egin ahal izango ditu, besteak beste:

– Ondare bibliografikoaren azterketa, kontserbazioa, katalogazioa, transkripzioa eta zabalkundea sustatzea, batez ere liburu zahar eta eskuizkribuarena.

– Fundazioak jabetzan nahiz gordailuan dituen funtsen inguruko ikerketa zientifikoa eta bibliografikoa sustatzea.

– Erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea ondare bibliografikoa sustatzeko, lanak aldi baterako lagaz edo kasu bakoitzean egokitzat jotzen diren lankidetzak eginez.

– Ezagutzarako sarbidea erraztea, dibulgazio-jardueren, bisiten, erakusketen eta argitalpenen bidez.

Fundazioaren hasierako zuzkidura 120.000 euroko diruzko ekarpena da.

Jarduteko lurralde-eremua Euskal Autonomia Erkidegoa izango da batez ere.

Estatutuen 8. artikuluak ezartzen duenez, patronatua gutxienez 3 kidek osatuko dute.

Fundazioaren patronatua, hasiera batean, kargu eta kide hauek osatzen dute, eta horien izendapena eta onarpena fundazioaren eskrituran eta zuzenketetan jasota daude:

– Lehendakaria: José María Arriola Arana jauna.

– Idazkaria: José María Arriola Lerchundi jauna.

– Batzordekidea: Rosa María Lerchundi Larrauri andrea.

– Batzordekidea: Arantzazu Arriola Lerchundi andrea.

– Batzordekidea: Blanca Arriola Lerchundi andrea.

– Batzordekidea: Begoña Arriola Lerchundi andrea.

Lehenengo patronatu hori epe mugagaberako izendatu da biziarteko patronoentzat, eta lau urtekoa biziartekoak ez diren patronoentzat, fundazioaren estatutuetako 9. eta 12. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Patronatukide berriak kargutik kentzea eta izendatzea estatutuen 9. eta 10. artikuluetan arautzen da.

2026ko otsailaren 2an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren Aholku Batzordea bildu zen, inskribatzeko eskaera baloratzeko, fundazioaren helburuen zilegitasunari eta interes orokorrari dagokienez, bai eta haren bideragarritasunari dagokionez ere. Aholku Batzordeak aldeko txostena egin zuen, aho batez, bilkuraren aktan jasotakoaren arabera.

Era berean, 2026ko otsailaren 13an, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzak fundazioaren eraketari buruzko nahitaezko txostena eman zuen.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuari dagokio eratze-espediente hau agindu bidez ebaztea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 3.1.a) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen lehendakariaren ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuaren 9.1.n) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Espediente honi funtsezkotzat jotzen diren datu eta dokumentu guztiak erantsi zaizkio, eta bete egin dira, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 7. artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babesletzaren eta Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 23ko 115/2019 Dekretuaren 41. artikuluan aurreikusitako betekizunak.

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea Fundación para el Fomento de la Bibliografía fundazioaren eraketa, F-514 erregistro-zenbakiarekin, bai eta patronatuaren hasierako osaera ere, Bilbon 2025eko uztailaren 30ean, Juan Benguria Cortabitarte notario jaunaren aurrean (protokolo-zenbakia: 2.273) egiletsitako eskritura publikoan eta 2026ko urtarrilaren 20an zuzenketa eginbidean adierazitakoaren arabera.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei jakinaraztea.

Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, ondorioz, honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez daiteke Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburu honen aurrean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 13a.

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua,

MARÍA UBARRECHENA CID.


Azterketa dokumentala