Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2026ko martxoaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
976

EBAZPENA, 2026ko otsailaren 20koa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariarena, zeinaren bidez ezetsi egiten baita emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza-erakundearen aitorpena lortzeko Babesten Gipuzkoa SMk aurkeztutako eskabidea.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– Otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren bidez, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautu zen, emakumeen eta gizonen berdintasuna errazteko eta berdintasun hori eragozten duten oztopoak kentzeko baldintzak sustatzeko, eremu soziolaboralean emakumeen eta gizonen aukera-berdintasunaren eta tratu-berdintasunaren alde sortu daitezkeen ekimenak sustatuz.

Bigarrena.– 2025eko abuztuaren 28an, Babesten Gipuzkoa SM entitateak eskaera aurkeztu zuen, emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza-erakunde gisa aitortu zezaten.

Hirugarrena.– Eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, 2026ko otsailaren 16an, entitateari eskatu zitzaion, jakinarazpen formal bidez, 11/2014 Dekretuan ezarritako baldintzak betetzen zituela egiaztatzeko behar zen dokumentazio gehigarria aurkezteko, enpresak adierazitako berdintasun-plana izateari dagokionez.

Laugarrena.– 2026ko otsailaren 16an, entitateak errekerimenduari erantzun zion, eta egokitzat jotako dokumentazioa aurkeztu zuen.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Lankidetza-erakundearen aitorpena emateko edo ukatzeko eskumena Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari dagokio, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzen duen 2014ko otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Bigarrena.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundeen homologazioa arautzen duen otsailaren 4ko 11/2014 Dekretuaren 4. artikuluak ezartzen du berdintasunaren alorreko jarduketa-planak ekintza bakoitza gauzatzeko aurrekontu bat izan behar duela.

Hirugarrena.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundeen homologazioa arautzen duen otsailaren 4ko 11/2014 Dekretuaren 7. artikuluak ezartzen duenez, aurkeztutako eskabideak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu edo nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez badu, entitate interesdunari errekerimendua egingo zaio, zehaztutako epean akatsa zuzendu dezan edo beharrezko dokumentuak aurkeztu ditzan, eta berariaz adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

Horrenbestez, ikusirik Babesten Gipuzkoa SM entitateak aurkeztutako eskaera, errekerimenduari emandako erantzuna eta Ebaluazio Batzordeak egindako ebazpen-proposamena, entitate interesdunak bidalitako dokumentazioa egiaztatu eta ebaluatu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ezestea emakumeen eta gizonen berdintasunerako lankidetza-erakundearen aitorpena lortzeko Babesten Gipuzkoa SM entitateak aurkeztutako eskaera, ez datorrelako bat otsailaren 11ko 11/2014 Dekretuan ezarritakoarekin (11/2014 Dekretua, «Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lankidetza Erakundea» aitorpena arautzen duena). Arrazoi honengatik ezetsi da nagusiki:

4. artikulua ez betetzea: jarduketa-planean ez da zehazten ekintza bakoitza gauzatzeko aurrekontua.

Bigarrena.– Ebazpen hau jakinaraztea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, eta ohartaraztea administrazio-bidea amaitzen duela, eta beraren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaiola Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dela administrazioarekiko auzien epaitegi eskudunean, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 20a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria,

MIREN ELGARRESTA LARRABIDE.


Azterketa dokumentala