Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2026ko martxoaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
972

AGINDUA, 2026ko otsailaren 17koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko perituen koordinatzailearen lanpostua izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzeko dena.

EAEko Perituen Koordinatzaile lanpostua hutsik dago, Bilbon (3435 kodea, 1. dotazioa). Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 94.9 artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Enplegu Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, sail honek erabaki du lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea. Hona hemen deialdiaren

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren organismo autonomoetako langile lan-kontratudun finkoek parte hartu ahal izango dute deialdian, bai eta EAEko Administrazio Orokorrari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako langile lan-kontratudun finkoek ere, baldin eta ebazpen honen eranskinean zehaztutako lanpostuen zerrendan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Langile horiek deialdian parte hartu ahal izango dute, edozein dela ere haien administrazio-egoera, honako kasu hauetan izan ezik:

– Eginkizun-gabetze irmoan dauden langile lan-kontratudunak, egoera horrek irauten duen bitartean.

– Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzultzeko eskatzen den gutxieneko denbora (2 urte) bete ez duten langileak.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

EAEko Administrazio Orokorrean eta haren organismo publikoetan lanean ari diren langile lan-kontratudun finkoek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskaerak, Jakinaren bidez eta Interneten bidez, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/funcion-publica/inicio/

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/funtzio-publikoa/hasiera/

Gainerako izangaiek Justizia Administrazioko Zuzendaritzara bidaliko dituzte eskabideak, erregistro elektronikoaren bidez.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Ebazpen honen eranskinean zehaztuta daude Bilbon Perituen Koordinatzaile (3435 kodea, 1. dotazioa) lanpostua betetzeko LPZn eskatzen diren baldintzak.

Halaber, lanpostuaren eginkizunei eta zereginei dagokienez balora daitezkeen merezimenduak eta gaitasunak ezartzen dira.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, «Curriculum vitae»a aurkeztuko da. Bertan, datu pertsonalez eta dagozkion talde, azpitalde edo kidegoaz gain, honako datu hauek jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan eta sektore publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren antzeko eginkizunak eta zereginak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako eta/edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntzak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako eginkizun eta atazekin lotuta, egokitzat jotzen duten beste edozein merezimendu eta eskumen.

Eskabidearekin batera, eskatutako betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, baldin eta EAEko Administrazio Orokorreko Langileen Erregistroan ez badaude.

Pertsona deialdiko lanpostuaren eginkizunetara egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoak egoki iritzitako bitartekoak erabili ahal izango ditu alegatutako merezimenduak egiaztatzeko. Horretarako, elkarrizketa pertsonala edo proba egin ahal izango du, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoei txostenak eskatu.

Eskatutako baldintzak deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte mantendu beharko dira. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileak ezingo dira esleitutako lanpostuaz jabetu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua esleitzen zaion pertsonak esleipen-ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz, eta horrek aurreko lanpostuaren titulartasuna galtzea ekarriko du, hala badagokio.

Ebazpen hori arrazoitzeko, hautagaiak deialdian eskatutako baldintzak eta zehaztapenak betetzen dituela adieraziko da, bai eta kontratua egiteko eskumena duela ere, eta lanpostuaren monografian ezarritako eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela adieraziko da. Horretarako, merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza) alderatuko dira gainerako hautagaiekin, halakorik badago.

Deialdia bete gabe utzi ahal izango da, baldin eta hautagaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren betekizunak, edo hautagaietako bat ere ez bada egokia, deialdiko lanpostua betetzeko merezimendu eta gaitasun nahikoak ez izateagatik.

Bosgarrena.–. Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoa betez.

Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien epaitegi eskudunean, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 17a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

I. ERANSKINA
LANPOSTUAREN DATUAK

Deitutako lanpostua: EAEko Perituen Koordinatzailea.

Kodea: 3435.

Dotazioa: 1.

Lanbide-kategoria: EAEko Peritu Koordinatzailea.

Ordainsari-kategoria: 11.

Kokapena: Bilboko Justizia Jauregia (Buenos Aires).

Herria: Bilbao.

Hizkuntza-eskakizuna: 4.a.

Derrigortasun-data: 2002-03-31.

LPZren betekizun edo ezagutza espezifikoak:

Lizentziaduna.

Edo gradua.

Edo unibertsitateko diplomaduna.

II. ERANSKINA
BALORA DAITEZKEEN EDUKIEN PROPOSAMENA

Merezimenduak:

a) Lanbide-esperientzia (hurrenkera honetan):

– EAEko Perituen Koordinatzailea.

– Peritu judiziala.

– Koordinazioko/buruzagitzako eginkizunak administrazioko lanpostuetan.

b) Jasotako prestakuntza espezifikoa (hurrenkera honetan):

– Justizia Sailak perituentzat antolatutako barneko ikastaro espezifikoak.

– Peritatzearen, kalteen balorazioaren eta kontratazioaren arloko masterra/graduondokoa.

– Peritatzeari, kalteen balorazioari, kontratazioari, fakturak kudeatzeko barne-sistemei (EIKA...) buruzko ikastaroak, jardunaldiak eta abar.

– Ezagutza juridikoak: Gradua Zuzenbidean, etab.

– Ekonomiaren arloko ezagutzak: Gradua ekonomian, kalteen balorazioan, etab.

– Administrazio Publikoaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko ezagutzak.

c) Emandako prestakuntza espezifikoa:

– Peritatzeari, kalteen balorazioari eta kontratazioari buruzko masterrean/graduondokoan/graduondokoan emandako irakaskuntza.

– Beste ikastaro, kongresu, jardunaldi eta abarretan peritatzeari buruz emandako irakaskuntza.

d) Argitalpenak eta ikerketa:

– Lan zientifikoak liburu edo artikuluetan argitaratzea, txostenak aurkeztea...

– Ikerketa-proiektuetan parte hartzea.

e) Hizkuntzak:

– B2 baino ingeles-maila handiagoa egiaztatzea.

Trebetasunak:

a) Teknikoak eta juridikoak:

– Sistema judiziala eta araudi prozesala ezagutzea.

– Arlo judizialeko eta enpresa-arloko eragileekin hitz egiteko gaitasuna.

– Kontratazio publikoari buruzko oinarrizko ezagutza.

b) Antolaketa- eta kudeaketa-lanak:

– Taldeen koordinazioa, lanen plangintza eta banaketa, baimenen, txanden eta oporren kudeaketa eta peritu-taldearen prestakuntza.

– Zerbitzuari buruzko txostenak eta estatistikak egitea.

– Erakundearen organigrama ulertzea eta arazoei konponbideak bilatzeko gaitasuna izatea.

– Taldeko zereginak antolatzea, lana banatzea eta gatazkak adostasunez konpontzea.

c) Lidergo-gaitasuna, komunikazio instituzionala, kudeaketa emozionala eta etika profesionala.

– Organo judizial, fiskal eta gainerako eragile juridiko eta instituzionalekin komunikazio eraginkorra izatea.

– Zerbitzuaren barruan lankidetza, kohesioa eta irizpideen bateratzea sustatzea eta zerbitzuaren barruan antolatzeko moduak hobetzea.

– Zerbitzuko pertsonen prestakuntza-garapena kudeatzeko eta horretarako motibatzeko gaitasuna izatea.

d) Zeharkako trebetasunak:

– Kontratazioa, datuen babesa, fakturazioa, genero-berdintasuna.

– Objektibotasuna, inpartzialtasuna eta konfidentzialtasuna jarduketetan.


Azterketa dokumentala