Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2026ko martxoaren 4a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILEAK

Oposizioak eta lehiaketak

JUSTIZIA ETA GIZA ESKUBIDEEN SAILA
970

AGINDUA, 2026ko otsailaren 16koa, Justizia eta Giza Eskubideen sailburuarena, Arabako Talde Psikosozialeko koordinatzaile lanpostua izendapen askeko sistemaren bidez betetzeko deialdi publikoa iragartzeko dena.

Arabako Talde Psikosozialeko Koordinatzaile lanpostua (3432 kodea, 1 dotazioa) hutsik dago Gasteizen, Euskal Enplegu Publikoari buruzko abenduaren 1eko 11/2022 Legearen 94.9 artikuluan ezarritakoaren arabera, eta Enplegu Publikoaren Zuzendaritzak aldeko txostena eman ondoren, sail honek lanpostu hori izendapen askez betetzeko deialdia iragartzea erabaki du, eranskinean zehazten den moduan. Hona hemen

OINARRIAK

Lehenengoa.– Parte hartzeko baldintzak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta haren erakunde autonomoetako lan-kontratuko langile finkoek parte hartu ahal izango dute deialdian, bai eta EAEko Administrazio Orokorrari atxikitako zuzenbide pribatuko erakunde publikoetako lan-kontratudun langile finkoek ere, baldin eta ebazpen honen eranskinean zehaztutako lanpostuen zerrendan ezarritako baldintzak betetzen badituzte. Langile horiek deialdian parte hartu ahal izango dute, edozein dela ere haien administrazio-egoera, honako kasu hauetan izan ezik:

– Eginkizun-gabetze irmoan dauden lan-kontratuko langileak, egoera horrek irauten duen bitartean.

– Norbere kontuetarako edo familia elkartzeko borondatezko eszedentzian egonik, lanera itzultzeko eskatzen den gutxieneko denbora (2 urte) bete ez duten langileak.

Bigarrena.– Eskabideak.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

EAEko Administrazio Orokorrean eta haren erakunde publikoetan lanean ari diren lan-kontratudun langile finkoek EIZU enplegatuaren atariaren bidez egin ditzakete eskaerak, Jakinaren bidez eta Interneten bidez, helbide honetan:

https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/funcion-publica/inicio/

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/funtzio-publikoa/hasiera/

Gainerako izangaiek Justizia Administrazioko Zuzendaritzara bidaliko dituzte eskabideak, erregistro elektronikoaren bidez.

Hirugarrena.– Betekizunak eta merezimenduak.

Ebazpen honen eranskinean, Arabako Talde Psikosozialeko Koordinatzaile lanpostua (3432 kodea, 1 dotazioa) betetzeko LPZn eskatzen diren baldintzak ezartzen dira.

Halaber, lanpostuaren eginkizunei eta zereginei dagokienez balora daitezkeen merezimenduak eta gaitasunak ezartzen dira.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, «Curriculum vitae» bat aurkeztuko da. Bertan, datu pertsonalez eta dagokion talde, azpitalde edo kidegoaz gain, honako datu hauek jasoko dira:

a) Tituluak.

b) Administrazio publikoan, sektore publikoan eta, hala badagokio, enpresa pribatuan betetako lanpostuak, lehiatzen den lanpostuaren antzeko funtzioak eta zereginak dituztenak.

c) Egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna.

d) Jasotako edo emandako prestakuntza-ikastaroak.

e) Hizkuntzak.

f) Eskatutako lanpostuari esleitutako eginkizun eta atazekin lotuta, egokitzat jotzen duten beste edozein merezimendu eta eskumen.

Eskabidearekin batera, eskatutako betekizunen eta alegatutako merezimenduen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte izangaiek, baldin eta EAEko Administrazio Orokorreko Langileen Erregistroan ez badaude.

Pertsona deialdiko lanpostuaren eginkizunetara egokitzen dela bermatzeko, deialdia egin duen organoak egoki iritzitako bitartekoak erabili ahal izango ditu alegatutako merezimenduak egiaztatzeko. Horretarako, elkarrizketa pertsonala edo proba egin ahal izango du, edo Giza Baliabideen Zerbitzuko organo teknikoei txostenak eskatu.

Eskatutako baldintzak deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bete beharko dira, eta esleitutako lanpostuez jabetu arte mantendu beharko dira. Parte hartzeko baldintzak betetzen jarraitzen ez duten parte-hartzaileak ezingo dira esleitutako lanpostuaz jabetu.

Laugarrena.– Ebazpena.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburuaren agindu bidez ebatziko da deialdi hau, gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lanpostua esleitzen zaion pertsonak esleipen-ebazpenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz, eta horrek aurreko lanpostuaren titulartasuna galtzea ekarriko du, hala badagokio.

Ebazpen hori arrazoitzeko, hautagaiak deialdian eskatutako baldintzak eta zehaztapenak betetzen dituela adieraziko da, bai eta kontratua egiteko eskumena duela ere, eta monografian ezarritako lanpostuko eginkizunak eta zereginak betetzeko egokia dela adieraziko da. Horretarako, merezimenduak (eta, hala badagokio, elkarrizketaren edo probaren emaitza) alderatuko dira gainerako hautagaiekin, halakorik badago.

Deialdia bete gabe utzi ahal izango da, baldin eta hautagaietako batek ere ez baditu betetzen lanpostuaren betekizunak, edo hautagaietako bat ere ezin bada egokitzat jo deialdiko lanpostua betetzeko merezimendu eta gaitasun nahikorik ez izateagatik.

Bosgarrena.– Errekurtsoak.

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke agindua eman duen organoari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluetan xedatutakoa betez.

Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke zuzenean administrazioarekiko auzien epaitegi eskudunean, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3 eta 46.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 16a.

Justizia eta Giza Eskubideen sailburua,

MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.

I. ERANSKINA
LANPOSTUAREN DATUAK

Deitutako lanpostua: Talde Psikosozialeko Koordinatzailea.

Kodea: 3432.

Dotazioa: 1.

Lanbide-kategoria: Talde Psikosozialeko Koordinatzailea.

Ordainsari-kategoria: 14.

Kokapena: Vitoria-Gasteizko Justizia Jauregia.

Herria: Vitoria-Gasteiz.

Hizkuntza-eskakizuna: 4.

Derrigortasun-data: 2002-03-31.

LPZren betekizun edo ezagutza espezifikoak:

Psikologiako lizentziatura edo gradua.

Psikologia sanitario orokorreko lanbide arautuan aritzeko gaitzen duen titulua, psikologia titulu espezialista edo psikologo sanitario gisa gaitzen duen ziurtagiria.

Ziurtagiri negatiboa, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoaren 57.1 artikuluaren arabera.

Dagokion elkargo profesionalean nahitaez elkargoko kide egin beharra.

II. ERANSKINA
HAZ LANPOSTURAKO BALORA DAITEZKEEN EDUKIEN PROPOSAMENA

Merezimenduak:

Lanbide-esperientzia (hurrenkera honetan):

Talde Psikosozial Judizialeko koordinatzailea.

Psikologoa Lantalde Psikosozial Judizialean.

Gizarte-langilea eta Lantalde Psikosozial Judizialeko hezitzailea.

Koordinazioko/buruzagitzako eginkizunak administrazioko lanpostuetan.

Psikologoa eremu publikoan (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, udalak...)

Jasotako prestakuntza espezifikoa (hurrenkera honetan):

Justizia Sailak Lantalde Psikosozial judizialerako antolatutako barneko ikastaro espezifikoak.

Auzitegiko Psikologiaren/Psikologia Juridikoaren arloko masterra/graduondokoa.

Auzitegiko Psikologiari buruzko ikastaroak, jardunaldiak, etab.

Ezagutza juridikoak: Gradua Zuzenbidean, etab.

Administrazio Publikoaren antolaketa eta funtzionamendua ezagutzea.

Emandako prestakuntza espezifikoa:

Auzitegiko Psikologiari/Psikologia Juridikoari buruzko masterrean/graduondokoan/graduan emandako irakaskuntza.

Auzitegiko Psikologiari/Psikologia Juridikoari buruzko beste ikastaro, kongresu, jardunaldi... batzuetan emandako irakaskuntza.

Argitalpenak eta ikerketa:

Lan zientifikoak liburu edo artikuluetan argitaratzea, txostenak aurkeztea...

Ikerketa-proiektuetan parte hartzea.

Hizkuntzak:

B2 baino ingeles-maila handiagoa egiaztatzea.

Trebetasunak:

Teknikoak eta juridikoak:

Ebaluazio psikologiko forentsea eta tresna diagnostikoak Familiaren, Adingabeen eta Zigor Arloko jurisdikzioetan. Justizia leheneratzailearen prozesuak.

Sistema judizialaren eta auzitegi-araudiaren funtzionamendua.

Kasu konplexuak baloratzeko analisi eta irizpen klinikorako gaitasuna.

Entzute aktiboa, enpatia eta euspen emozionala pertsona kalteberekiko tratuan.

Antolaketa- eta kudeaketa-lanak:

Diziplina anitzeko taldeak koordinatzea, zereginak planifikatzea eta banatzea, baimenak, txandak, oporrak eta lurralde-taldearen guardiak kudeatzea.

Zerbitzuari buruzko hileko eta urteko txostenak eta estatistikak egitea eta nagusiei helaraztea.

Erakundearen organigrama eta harreman hierarkikoa ulertzea.

Lidergo-gaitasuna, komunikazio instituzionala, kudeaketa emozionala eta etika profesionala.

Komunikazio eraginkorra organo judizial, fiskal, abokatu, gizarte-zerbitzu eta bestelako operadore juridiko eta instituzionalekin.

Taldearen barruan lankidetza, kohesioa eta irizpideen bateratzea sustatzea. Beste taldeekin koordinatzea.

Taldearen prestakuntza- eta lanbide-garapena motibatzeko eta kudeatzeko gaitasuna.

Erabakiak hartzea presio- edo gatazka-egoeretan. Estresa behar bezala maneiatzea, bereziki egoera judizial delikatuetan.

Zeharkako trebetasunak:

Datuen babesa, genero-berdintasuna, giza eskubideen eta haurren ikuspegia.

Objektibotasuna, inpartzialtasuna eta konfidentzialtasuna jarduera guztietan.

Etika profesionala eta deontologia psikologikoa.


Azterketa dokumentala