Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2026ko martxoaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
949

EBAZPENA, 2026ko otsailaren 11koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Eskuzaitzeta plan partzialaren 5. aldaketaren eta Zubietako garraio-zentroaren plan partzialaren 2. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

AURREKARIAK

2025eko abenduaren 5ean, Donostiako Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko gai honi buruz: «Donostiako Eskuzaitzeta plan partzialaren 5. aldaketa eta Zubietako garraio-zentroaren plan partzialaren 2. aldaketa» (aurrerantzean, Plana). Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukiarekin.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko abenduaren 19an, eta espedientean jasota dago emaitza.

Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Legezko erantzun-epea amaitu eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Plana Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluko kasuetan sartzen da –horren bidez, ingurumen-organoaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duten plan eta programak ezartzen dira; zehazki, hau dio c) letran: «Etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta proiektuetan, aurreko paragrafoan ezarritako gainerako baldintzak betetzen ez dituztenean»–; halaber, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskineko 3. apartatuko kasuetan ere sartzen da. Etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten plan eta programak, II.A eranskinaren 6. eta 7. apartatuetako baldintzak betetzen ez dituztenak.

Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.

Xedapen hauek hartu dira kontuan: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Donostiako Eskuzaitzeta plan partzialaren 5. aldaketaren eta Zubietako garraio-zentroaren plan partzialaren 2. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, honako baldintza hauetan:

A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.

Donostian indarrean dagoen hirigintza-plangintzak Eskuzaitzeta (ZU.08) eta Zubietako garraio-zentroa (ZU.07) hirigintza-eremuak identifikatzeaz gain, horietan indarrean dagoen egiturazko hirigintza-araubidea zehazten du. Era berean, eremu horien hirigintza-araubide xehatuaren zehaztapena dagozkien plan partzialetan zehazten du.

«ZU.08 Eskuzaitzeta» hirigintza-eremuaren (aurrerantzean, HE) plan partziala Donostiako Udalak onetsi zuen 2010eko abenduaren 27an. Onetsi zenetik, azken urteotan plan partzial hori lau aldiz aldatu da.

«ZU.07 Zubietako garraio-zentroa» HEak ere badu plan partzial bat, zeina 2001eko abenduaren 3an onetsi baitzen, eta 2010ean onetsitako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak (HAPO) aldatu zuen. Hala ere, aldaketa hori ez da egikaritu.

Gaur-gaurkoz «ZU.08 Eskuzaitzeta» HEan hirugarren faseko obrak egiten ari dira (Sprilurren eskutik), eta «ZU.07 Zubietako garraio-zentroa» jatorrizko plan partzialean zehaztutakoaren arabera egikarituta dago.

2024ko ekainaren 5ean, Donostiako Udalak eta Sprilurrek hitzarmen bat sinatu zuten, eta horren bidez Udalak eremuaren esku udal-jabetzako lurzati bat utzi zuen, Zubietako ur-andelaren ondoan dagoena. Sprilurrek, berriz, konpromisoa hartu zuen EAEko administrazioaren jabetzakoa den lurzati horretan beharrezko izapideak egiteko Donostiako Udalari besterendu ahal izateko, «ZU.08 Eskuzaitzeta» eremuan sar zedin, gune libreen tokiko sistema osatzeko. Era berean, hitzarmen horretan adierazi zen ez zela beharrezkoa Eskuzaitzeta eta Zubietako garraio-zentroko poligonoaren artean hasiera batean aurreikusi zen bide-lotura egitea. Izan ere, bide hori egikaritzeko desjabetu beharra zegoen «ZU.08 Eskuzaitzeta» eremuaren plangintza zehatuan «ZU.07.01 Etzabalde» (aurrerantzean, AAE.1/ZU.07) izendatzen zuen kanpoko azpieremua. Halaber, bi aldeek konpromisoa hartu zuten lotura hori egiteko hirigintza-aurreikuspena ezabatzeko beharrezkoak diren legezko eta plangintzako tresnak formulatu eta izapidetzeko.

Aldaketa honen xede den eremua Donostiako Zubieta auzoan dagoen azpieremu etena da, eta 5,10 ha-ko azalera du. Zehazki, eremuak hiru zati ditu:

– Iparraldeko sektorea: handiena da, 50.302 m2 ditu eta «ZU.08 Eskuzaitzeta» (13.108 m2) eta «ZU.07 Zubietako garraio-zentroa» (37.194 m2) eremuen parte da. Honako partzela hauek eratzen dute:

i) Eskuzaitzeta plan partzialaren N (4.143 m2) eta Ń (4.903 m2) partzelak «B.10 Industriala» eta «hirugarren sektoreko askotariko erabilera» tipologiakoak dira.

ii) Eskuzaitzetako bidea, 4.062 m2.

iii) Zubietako garraio-zentroaren jatorrizko b.100/1 partzela (37.194 m2), «B.10 Industriala» tipologia.

– Erdiko sektorea: 164 m2 ditu, «ZU.07 Zubietako garraio-zentroa»-ri dagozkionak, andelaren partzelan (67 m2) eta gune libreetan (97 m2).

– Hegoaldeko sektorea: 575 m2 ditu eta garapenik izan ez duen eta lur urbanizaezin gisa sailkatutako lurzoruan dago, «Nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko landa-eremua (D.30)» sailkapena duena. Indarrean dagoen Donostiako Plan Orokorraren Hirigintza Arau Orokorren 29. artikuluan zehaztutakoaren arabera, azalera hori Eskuzaitzeta eremuan sartzea aurreikusten da.

Gaur egun eremuan irabazizko hiru partzelei esleitutako hirigintza-eraikigarritasuna honako hau da:

i) «ZU 08» eremuko N partzela: Sestra gaineko 3.600 m2 (t) eta sestra azpiko 2.000 m2 (t).

ii) «ZU 08» eremuko Ń partzela: Sestra gaineko 3.600 m2 (t) eta sestra azpiko 2.000 m2 (t).

iii) «ZU 07» eremuko b.100.1 partzela: Sestra gaineko 10.000 m2 (t) eta sestra azpiko 6.000 m2 (t).

Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, aldaketa honen irismena (Plana) «ZU. 08 Eskuzaitzeta» eta «ZU.07 Zubietako garraio-zentroa» hirigintza-eremuen antolamendu xehatua berregokitzean datza. Aldaketaren irismenak (Plana) ez dauka egiturazko antolamendu-zehaztapenik, HAPOaren Hirigintza-arau Orokorretan ezarritakoaren arabera, eta bi eremuetan aurreikusitako hirigintza-eraikigarritasuna finkatzen du. Planak bi eremuei eragiten dieten antolamendu xehatuaren irismenarekin zenbait doikuntza egiten ditu, horien artean mugak ezartzea barne, eta, hortaz, aplikatu beharreko plangintza orokorrarekin bat dator.

Planaren arabera, honako aldaketa hauek proposatzen dira «ZU.08 Eskuzaitzeta» eta «ZU.07 Zubietako garraio-zentroa» eremuetako Plan Partzialetan:

– Eskuzaitzeta eremuan beharrezkoak diren honako azalera hauek gehitzea hirugarren faseko egikaritze-obrak egiteko:

i) Lurzoruaren 164 m2-ko azalera, «ZU.07 Zubietako garraio-zentroa» eremuari dagokion erdiko sektorean.

ii) Lurzoruaren 575 m2-ko azalera, hegoaldeko sektorean, EAEko administrazioaren jabetzakoa eta urbanizaezin gisa sailkatua.

– Baztertzea 2010ean Eskuzaitzeta eta Zubietako garraio-zentroaren artean aurreikusitako bide-lotura.

– Zubietako garraio-zentroko b.100.1 partzela hasierako konfiguraziora leheneratzea; hasiera batean «AAE.1/ZU.07» besterentze-jarduketan aurreikusita zegoen.

– Eskuzaitzeta eremuko N eta Ń partzelen muga berregituratzea, eta hirugarren sektoreko kalifikazio xehatua industrialarekin aldatzea, eraikigarritasun haztatua mantenduz.

– Gune libreen zuzkidura handitzea, eta murriztea, berriz, bideari eta ur-andela hartzen duen zerbitzu-azpiegituren partzelari dagokiona.

Hortaz, berrezarri egingo dira «ZU.08 Eskuzaitzeta» eta «ZU.07 Zubietako garraio-zentroa» eremuetako azpieremuaren mugak, eta 739 m2 handitu eta 164 m2 murriztu egingo dira, hurrenez hurren.

Proposatutako zonakatze xehatua:

Zonakatze globalerako aurreikuspenak 2010eko Plan Orokorrean jasota daudenak dira, eta orokorrean finkatu dira, Eskuzaitzeta eremua 739 m2 zabaltzeak dakarren doikuntzarekin.

Bi eremuen mugaz gain, planteamendu-dokumentuak unean-unean aldatu egiten ditu eremuen antolamendu xehatuaren zehaztapenak, planteatu den antolamendu berriari erantzuteko, honela:

– Azpieremuan bide-publikoko kalifikazioa (4.062 m2) ezabatu egin da; kalifikazio hori 2010ean «ZU.08 Eskuzaitzeta» eta «ZU.07 Zubietako garraio-zentroa» eremuen artean aurreikusitako bide-lotura ez egikaritzea erabaki izanaren ondorioz aurreikusi zen.

– «ZU.08 Eskuzaitzeta» eremuan partzela berri bat mugatu da, 9.702 m2 ditu eta N/Ń izenarekin identifikatu da («b.10.Industrialdea»). N eta Ń partzelak ordezten ditu eta horien hirigintza-eraikigarritasunaren batura hartzen du. Halaber, bideari dagokion azalera barne hartzen du (656 m2). N/Ń partzela hori hirigintza-partzeletan banatu daiteke partzela horretarako aplikatzeko araudi berrian ezarritako irizpideen arabera.

– «ZU.07 Zubietako garraio-zentroa» eremuko b.100.1 partzelan («b.100.1 Industriagunea») hasierako konfigurazioa berrezarri da, 2001. urtean onetsi zen Plan Partzialaren arabera. Ezeztatu egin da 2010eko HAPOan ezarri zen «AAE.1/ZU.07» desjabetze-jarduketaren eremuaren mugatze-proposamenaren aurreikuspena, bai eta jarduera horretatik ondorioztatutakoa ere.

– 4.048 m2 handitu da gune libreen tokiko zuzkidura, zehazki 3.406 m2 bidetik datoz (f.10.1), 67 m2 ur-andeletik eta 575m2 hegoaldeko sektoreko lurzoru urbanizaezinetik (f.10.3).

– Ur-andela duen zerbitzu-azpiegituren partzela murriztu da (67m2), ur-andelari eragin gabe.

– Bi eremuen muga berriaren ondorioz:

i) «ZU.08 Eskuzaitzeta» eremuan «ZU.08 Eskuzaitzeta» eremuko tokiko gune libreak areagotu dira (4.145 m2), honako azalera hauek gehitzearen ondorioz: 164 m2 erdialdeko sektoretik (f.10.2), 575 m2 hegoaldeko sektoretik (f.10.3) eta 3.406 m2 bidetik (f.10.1).

ii) «ZU.07 Zubietako garraio-zentroa» eremuan azalera 164 m2 murriztuko da. Zehazki, murriztu egin dira eremuko tokiko gune libreak (97 m2) eta ur-andelari dagokion zerbitzu-azpiegituren partzela (67m2).

Zonakatze xehatuaren aurreikuspenak koadro honetan jasota daude:

(Ikusi .PDF Fitxategia)

– Eraikigarritasun-programa eta erabilerak:

Aldaketak ez dio eragiten partzelen hirigintza-eraikigarritasunari, eta N/Ń partzelan metatzen da gaur egun N eta Ń partzelei dagokiena. Hortaz, N/Ń partzela berrian sestra gaineko 7.200 m2 (t)-ko eta sestra azpiko 4.000 m2 (t)-ko hirigintza-eraikigarritasuna dago, eta egungo hirugarren sektoreko erabilera industrialarekin ordeztuko da.

Garraio-zentroaren b.100.1 partzelan eraikigarritasuna eta erabilerak finkatu dira.

Bestalde, eraikinaren gehieneko profilaren eta altueraren baldintzak mantendu dira, baina oina okupatzeko baldintzak birdefinitu dira N/Ń partzelaren konfigurazio berrira egokitzeko.

– Antolatutako zuzkidurak:

Antolatutako zuzkidura publikoak bat datoz «ZU.08 Eskuzaitzeta» eremuaren ondoriozko gune libreetako partzela berriekin, eta, lehen adierazi bezala, guztira 4.145 m2 dira.

«ZU.07 Zubietako garraio-zentroa» eremuaren kasuan, azalera 164 m2 murriztu da (97 m2 tokiko gune libreetan eta 67 m2 zerbitzuen azpiegituren partzelan). Hala ere, horrek ez du eraginik funtzionalitatean, eta Eskuzaitzetan gehitu den azalerarekin konpentsatu da.

Jarduketaren irismena kontuan hartuta, ez da zuzkidura gehigarririk gehitu behar. Edonola ere, hirigintzako estandarrak arautzeko 45/2025 Dekretu berrian ezarritakoa aplikatuko da.

– Urbanizazioa eta hiri-zerbitzuen azpiegiturak:

Finkatu egin da aldez aurretik zegoen Zubietako garraio-zentroko zerbitzu-azpiegituren egoera, bai eta Eskuzaitzeta urbanizazio-proiektuan aurreikusitakoa ere, baina bi eremuen arteko bidea ezabatu egin da. Bide hori kendu denez, lurzorua egokitzeko obrak, fabrika-obrak eta gainazaleko urbanizazio-obrak ekidingo dira, eta lorezaintzaren bidez tratatu beharreko gainazal iragazkorra areagotu da.

Urbanizatzeke daude soilik gune libre publiko kalifikatu berriak; iragazkortasuna ematen saiatuko gara eta zuhaitzak jarriko dira.

Plana garatzeko birpartzelazio-proiektuaren aldaketa egitea aurreikusi da, eta ondoren xede duen N/Ń partzelan dagozkion eraikuntza-proiektuak egingo lirateke. Sustatzaileak adierazi du hirigintza-proiektua aldatzea ez dela nahitaezkoa, Obra Zuzendaritzak behar bezala zuzendu dezakeelako.

Aztertutako aukerak:

Ingurumen-dokumentuak bi aukera aurkezten ditu: 0. aukera edo «ez esku hartzekoa» eta alternatiba bat. 0 alternatiba baztertu egin da; izan ere, Eskuzaitzeta eta Zubietako garraio-zentroa hirigintza-eremuen artean bide berri bat eraiki beharko litzateke (onetsitako Plan Partzialaren 7. bidea) eta ez luke aseko Eskuzaitzetako hirugarren fasea garatzeko beharrezkotzat jotzen diren ezpondak amaitzeko beharra. Bide horrek 280 metroko luzera, % 4,3ko batez besteko malda eta 13 m-ko plataforma bat izango lituzke. Halaber, lurrak mugitu eta eusteko elementuak gehitu beharko lirateke, eta hori guztia Oriaren arroaren aurreko hegaletatik ikusiko litzateke.

1. alternatibak saihestu egiten du bide-azpiegitura berri bat egikaritzea (7. bidea) eta Eskuzaitzeta eremua garatzen eta egikaritzen jarraitzea ahalbidetzen du, Zubietako garraio-zentroko eremuan eragin nabarmenik izan gabe. Halaber, Zubietako garraio-zentroaren hasierako baldintzak errespetatzea proposatzen du, bide gehigarri bat egitea saihestu, horretarako lurrik ez desjabetu eta dagokion partzelei ez eragiteko.

1. alternatiba hautatu da, Eskuzaitzeta eremuko partzelen banaketa egiteko moldakortasuna handiagoa delako, eta horrek diseinu arkitektoniko trinkoagoa egitea eragin dezakeelako. Halaber, maldak onetsi den PPekoak baino leunagoak izango dira, eta, hortaz, hartuko diren landareztatze-neurrien arrakasta handiagoa izango da.

1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:

a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparru bat: kontuan hartuta eragindako eremuaren kokapena, ingurumen-ezaugarriak, proposatutako aldaketen garrantzia eta Planaren esparruan etorkizunean gauzatuko diren proiektuen izaera, uste da Planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar.

b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, hierarkizatuta daudenak barne: planak «ZU. 08 Eskuzaitzeta» eta «ZU.07 Zubietako garraio-zentroa» hirigintza-eremuen antolamendu xehatua doitzen du. Planaren ezaugarriak kontuan hartuta, ez du ingurumen-eragin nabarmenik izango beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekiko.

c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko; izan ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak sar daitezke planean.

d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak zaratari, lurzoruei, urei, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.

e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.

Kontuan hartuta kokapena, ukitutako eremuaren ingurumen-ezaugarriak eta plana garatuz etorkizunean gauzatuko diren proiektuen garrantzia, uste da planak ez duela berezitasunik eta ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak:

Planak Donostia udal-mugartean dagoen 51.041 m2-ko eremu eten bat antolatzen du. Udalplanen arabera, iparraldeko sektorea Ekonomia-jardueretarako lurzoru gisa sailkatuta dago, zati bat urbanizagarri sektorizatuan eta bestea Hiri-lurzoru finkatuan; erdialdeko sektorea, berriz, Ekonomia-jardueretarako hiri-lurzoru finkatu gisa; eta hegoaldeko sektorea nekazaritzako, abeltzaintzako eta landazabaleko lurzoru urbanizaezin gisa. Iparraldeko eta erdialdeko sektoreko lurzoruak ez daude araututa Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialean; hegoaldeko sektoreko lurzorua, berriz, basozaintzako lurzoru gisa sailkatuta dago LPS horretan.

Litologiari dagokionez, aztertu beharreko eremuan porositateagatiko iragazkortasun txikiko txandakako detritikoekin dator, eta, zanga txiki bat, berriz, harea, hareharri eta porositateagatiko iragazkortasun ertaineko mikrokonglomeratu mailekin.

Ikuspegi hidrogeologikotik, eremua «Andoain-Oiartzun» lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-002). Aztergai den eremuan ez dago EAEko hidrogeologia-intereseko lekurik, eta ez dago akuiferoak kutsatzeko zaurgarritasunik, hareharriz osatutako zangan salbu.

Eremua «Oriaren unitate hidrologikoan (UH)» dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoan (ES017). Zehazki, Oria VI (ES028MAR002662) ur-masaren isurtze-arroan dago, erkidegoarteko arroen eremuan. Eremuan Ańau, Pagoeta eta Etzabal ibilguak daude, eta azken horretan sortzen den erreka bat. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, Etzabal ubidea eta Pagoeta erreka tamaina txikiko ur-bideak dira (1 km2-tik beherako azalera dute) eta dagoeneko horietan esku hartu da Eskuzaitzeta poligonoa eta Zubietako garraio-zentroa urbanizatzean. Eremuak ez du barne hartzen Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroko elementurik.

Eremuko lurrazaleko sare hidrografikoa hein handi batean eremua urbanizatzeko obrak egin ostean aldatu zen. Obra horiek Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak baimendu zituen (erref.: AO-G-2011-0063 eta AO-G-2025-0103). Sarearen zati handiena kanal, hodi eta zorroten artifizialek osatzen dute, gainazalean zein estalita dauden eta ia osorik urbanizatuta dauden lurzatietatik igarotzen diren drainatze-urei irteera emateko.

Ildo horretatik, ez da aurreikusten bi Plan Partzialen aldaketak inguru hidrikoan eraginik izango duenik.

Eremuan ez da ingurumen-balio garrantzitsurik detektatu. Ez du ukitzen Natura 2000 sareko naturagune babesturik, ezta inbentarioan sartutako beste gune babestu edo natura-interesekorik ere. Era berean, ez dator bat EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan sartuta dauden interes geologikoko puntuekin edo lekuekin, ezta EAEko korridore ekologikoen sareko elementuekin ere.

Eunis habitaten kartografiaren arabera (geoEuskadi), eremuaren iparraldeko sektorean honako hauek daude: «bestelako habitat artifizialak», «manipulatu gabeko larreak eta bazkatutako larreak», «hostozabal gazteen baso naturalak», «bestelako fruta-arbolak» eta «Quercus robur espeziea nagusi den baso azidofiloa». Gainazalean, berriz, Zubieta andelaren gainean (erdialdeko sektorea), «hostozabalen baso natural gazteak»; eta, hegoaldeko sektorean «Quercus robur espeziea nagusi den baso azidofiloa». Eremuaren barnean ez dago Batasunaren intereseko habitatik (BIH) edo mehatxatutako flora-espezierik.

Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, iparraldeko sektorean azken urteetan enpresa-poligonoan eta garraio-zentroan egin diren urbanizazio-obren ondorioz, ondoko plataforma eta ezpondatan ia ez dago landarerik, edo urtean behingo edo bi urtean behingo landare erruderal-nitrofiloek osatzen dute, sakon gizatiartutako lurrak kolonizatzera ohituta baitaude. Horien artean espezie exotiko inbaditzaileak daude, hala nola panpa-belarra (Cortaderia selloana), tximeleten zuhaixkak (Buddleja davidii) edo sasiakazia (Robinia pseudoacacia). Zubietako ur-andelaren gertuko azaleran (erdiko sektorea) honako ale hauek nabarmentzen dira: sasiakaziak (Robinia pseudoacacia), pinuak (Pinus radiata), sahatsak (Salix atrocinerea), haritz gazteren bat (Quercus robur) eta haltz beltza (Alnus glutinosa). Amaitzeko, hegoaldeko sektorean egindako obren ondorioz ez dago landarerik.

Ez Planaren eremuan, ezta haren ingurune hurbilean ere, ez da identifikatu fauna mehatxatua edo Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planen xede den gunerik. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, eremuan dagoen fauna bat dator hiriguneei lotutako espezieekin.

Eremuak ez du bat egiten ondare kulturalaren arloko intereseko elementuekin.

Eremua Lasarte-Oriako arro bisualaren parte da, eta ibai-eremuko baso-landaketa eta ibai-eremuko nekazaritzako eta basogintzako mosaikoa ditu ezaugarri. Donostialdeko Lurralde Plan Partzialaren arabera, iparraldeko sektorea «Oria Beheko korridorea» paisaia-unitatean kokatuta dago, Paisaia Interes Bereziko Eremuaren «Paisaia Hobetzea» kategorian. Hegoaldeko eta erdialdeko sektoreak, berriz, «Andatza Mendia» paisaia-unitatean daude.

Eremuak ez du bat egiten lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruei dagokienez Ihobek egindako inbentarioko kokalekuekin.

Ingurumen-arriskuei dagokienez, eremuak ez du arrisku handirik honako hauekin lotuta: sismikotasuna, uholdeak, higadura, Seveso Zuzentarauaren mendeko enpresen hurbiltasuna edo salgai arriskutsuen garraioa. Zubietako andelaren alboko azaleran baso-suteen arriskua oso handia da.

Zaratari dagokionez, Donostiako Udalak 2022an egin zituen zarataren mapa estrategikoen arabera (ingurumen-dokumentu estrategikoan jasota daude), N-1 errepidea da zarata-iturri nagusia. Ildo horretatik, N-1 errepidearen zarata-mapa estrategikoaren arabera, eremua errepidearen eragin-eremuan dago.

Ingurumen-dokumentu estrategikoa begiratuta, Donostiako HAPOaren zonakatze akustikoaren planoaren arabera (2010), aztertu den eremuan dagoen azalera batez ere eremu akustiko «Industrialean» jasota dago. Ingurumen-dokumentu estrategikoaren 2. eranskinean jasota dago «Inpaktu akustikoaren azterlana: A.U. ZU.08 Eskuzaitzeta Donostia (Gipuzkoa) Plan Partzialaren 3. aldaketa». Aldaketa hori 2019ko uztailean Acusmed enpresak egin zuen, eta sustatzailearen ustez plan horren edukia egun planteatu den aldaketari aplikatu behar zaio; izan ere, neurketa-puntuetako bi (1-puntua eta 2-puntua) Plan honen eremuaren inguruan daude. Azterlan horretan ondorioztatzen denez, «...gaur egun, jarduketa egin aurreko egoeran bezala, etorkizunean ere ez lirateke gaindituko kalitate akustikoko helburu erlatiboak, kasuaren arabera, erabilera nagusia industriakoa, aisialdikoa edo hirugarren sektorekoa duten eremuetan, ez eta azterlanaren xede den jarduketa-eremuko etorkizuneko bizitegi-garapeneko eremuan ere». Sustatzaileak adierazi duenez, orain planteatu den aldaketak ez du aurreikuspen hori aldatzen.

Azken urteetan Eskuzaitzeta enpresa-poligonoan zein Zubietako garraio-zentroan egin diren obren ondorioz, aldaketaren xede diren partzelak gaur egun aldaketak jasan dituzte, eta ez dute intereseko landarerik edo lurzoru naturalik. Halaber, ingurumen-dokumentu estrategikoaren arabera, obra- zein ustiapen-fasean, Planaren aldaketek ez dituzte Plan Partzialean (2010) eta ondorengo aldaketetan kontuan hartu diren inpaktuez gain bestelako inpakturik sortuko. Halaber, edonola ere, aldaketa honen eta eragindako azpieremuaren ezaugarriak ikusita, eragina oso txikia izango da.

Aurrekoa kontuan hartuta, Plana egitearen ondorioz egon daitezkeen balizko eraginak «ZU.08 Eskuzaitzeta» eremuaren gune libre publiko kalifikatu berrien urbanizazioari lotutakoak izango dira. Gune horiek indarrean dagoen Plan Partzialean ezarritakoaren arabera landareztatuko dira, lurra gehituko da, hariztiaren serieko zuhaitzak landatuko dira (1 unitate/16 m2) eta belarra hidroereingo da.

Ustiapen-faseari dagokionez, A.U. ZU.07 eta A.U.ZU.08 bideak lotzeko beharra desagertu da eta horrek azken bide horri larrialdietako bidea kenduko dio. Hala ere, ingurumen-dokumentu estrategikoan zehaztutakoaren arabera, Donostiako Udalak eta Sprilurrek kontuan izan zuten hitzarmena adosterako orduan, eta, hortaz, ez dago mugikortasunaren gaineko inpakturik. Halaber, ez da aurreikusten erabilera industrialeko N/Ń partzela berriaren erabilera aldatzeak onetsi den Plan Partzialean aurreikusitako eragina aldatuko duenik. Bestalde, sustatzailearen ustez, «ZU.08 Eskuzaitzeta» gune libre berriak landareztatzeak paisaiaren kalitatean eragin positiboa izango du, industriagunea kamuflatzen lagunduko baitu.

Oro har, Planaren ondoriozko jarduketek, bai obra-fasean, bai ustiapen-fasean, eta indarrean dagoen plangintzari dagokionez, ez lukete eragin nabarmenik sortuko ingurumen-aldagaietan eta arriskuetan.

Uste da ezen, indarrean dagoen legeria betetzen bada –bereziki, urei, lurzoruei, airearen kutsadurari, zaratei, hondakinei eta isurketei buruzkoa–, eraginak txikiak izango direla, eta, oro har, aldi baterakoak, itzulgarriak eta berreskuragarriak.

Kontuan harturik aurreko guztia, eremuaren gaur egungo egoera, Planak indarrean den plangintzaren aldean proposatzen dituen aldaketen ondoriozko jarduketak, eta, orobat, aplikaturik prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak, a priori ez da espero jarduketa horiek inpaktu nabarmenik sortuko dutenik ingurumenean.

B) Ebazpen honetan, neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, planak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Donostiako Eskuzaitzeta plan partzialaren 5. aldaketari eta Zubietako garraio-zentroaren plan partzialaren 2. aldaketari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, betiere, ezarritako neurri babesleak eta zuzentzaileak esandako planean txertatzen badira.

Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.

Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:

– Ingurumen-integrazioari buruzko neurriak:

Planak esplizituki jasoko du Planetik eratorritako proiektuek «Zaharberritze Proiektu» bat izango dutela lotuta, eta proiektu horrek barne hartuko dituela horiek gauzatzearen eraginpean egon daitezkeen arlo guztiak, eta bertan garatuko direla jarduketak, gauzatzeko behar adinako xehetasun-mailarekin, aurrekontua barne.

Gune libreetan landareak jartzeko, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» liburuxkan jasotako gomendioak eta neurriak baliatuko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egin zuen. Jasangarritasun-irizpideak lehenetsiko dira, espezie autoktonoak erabiliko dira espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua txikiagoa izan dadin. Lorategi-lanetan ez dira inola ere erabiliko inbaditzaileak izan daitezkeen espezie aloktonoak; esaterako, Fallopia japonica, Robinia pseudoacacia eta Cortaderia selloana edo beste batzuk. Lehengoratze-lanetan erabiliko den landare-lurrak flora inbaditzailearen propagulurik ez duela bermatuko da.

– Eremuko kalitate akustikoa babesteko neurriak:

Kontuan hartuko da, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 36. artikuluarekin, etorkizunean ezingo dela hirigintza-garapenik egin kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuak (KAH) betetzen ez dituzten eremuetan, hargatik eragotzi gabe dekretu horren 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.

Soberakinen kudeaketari buruzko neurriak:

Planaren eremuaren barruan, lur-mugimendua orekatua izatea lehenetsiko du proiektuak. Hori posible ez bada, lehentasuna emango zaio lur- eta arroka-soberakinak mailegu-premian dagoen hurbileko obra batean balioesteari. Balorizazioa ezinezkoa bada, soberakinak metatzeko egon daitezkeen kokalekuak identifikatuko dira, eta ingurumen-irizpideekin aztertuko da nora eraman daitezkeen soberakinak, ingurumen-inpaktu txikiena duen lekua hautatzeko. Azken kasu horretan, soberakinen biltegi baimendu bat izango da beti, eta arau hauetan xedatutakoa betez egingo da haien kudeaketa: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena; eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

– Uren arloko neurriak:

Hornidurari dagokionez, hirigintza-izapidetzearen hurrengo faseetan hirigintzako garapen berrien ondoriozko eskari berrien zenbatespena txertatuko da, ULTBaren 25.4 artikuluan xedatutakoaren arabera arroko eskudun erakundeak dagokiona adierazi dezan eskari horri erantzuteko baliabide hidrikoen existentziari eta eskuragarritasunari buruz.

– Beste neurri prebentibo eta zuzentzaile batzuk:

Aurreko neurriak alde batera utzi gabe, garapen-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriek jardunbide egokien eskuliburuarekin zerikusia izango dute zeregin hauetan guztietan: obrak egitea, lurrak eta soberakinak kudeatzea, hondakinak sortu eta kudeatzea, hondeatutako lurzoruak kontrolatzea, eta urak, airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira, eta Planak azkenean hartzen dituen zehaztapenei erantsiko zaizkie:

a) Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.

Bai obrak eta bai lurzorua okupatzea eskatzen duten eragiketa osagarriak horiek gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan garatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla makineria-parkea, obra-txabolak, obrako materialak aldi baterako biltegiratzeko gunea, eta landare-lurra eta hondakinak aldi baterako biltzeko guneak.

c) Hondakinak sortu eta kudeatzea: Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barnean direla.

Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek motaren arabera bereizi beharko dira, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen.

Espresuki debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.

Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako andel estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.

Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere sortuko kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko dira sortutako olio industrial erabiliak.

Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.

d) Lurzoruak eta urak babestea: neurri prebentibo eta zuzentzaileak ezarriko dira obra-faserako, istripuzko isurketen eragina saihesteko, batez ere makineria mantentzeko lanetan (material xurgatzaileak erabiltzean, isurketak ukitutako lurrak kendu eta kudeatzean, etab.). Ustekabeko isurketarik gertatuz gero, lurzoru kutsatua eta material xurgatzailea berehala jasoko dira, eta hondakin arriskutsu gisa biltegiratu eta kudeatuko dira.

Bilketa-eremuak, instalazio lagungarriak eta makineria-parkea gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira. Makineriaren mantentze-lanak iragazgaitzak ez diren eremuetan egitea saihestuko da. Nolanahi ere, hondakinak –bereziki olio erabiliak– biltzeko sistema bat izango duen plataforma iragazgaiztu baten gainean egingo dira obran erabiltzen den makineriari erregaia jartzeko, lubrifikatzaileak aldatzeko eta abarrerako lanak, urak ez kutsatzeko.

e) Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua), eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen errege-dekretua –apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua–).

Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.

Eguneko lan-ordutegian egingo dira lanak.

Obrek 6 hilabete baino gehiago iraungo dutela aurreikusten bada, inpaktu akustikoaren azterketa egin beharko da, egoki diren zuzenketa-neurriak zehazteko, hala ezarrita baitago urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan.

Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa eragotzi gabe, obretan aztarna arkeologikoren bat egon daitekeela pentsarazten duen zerbait aurkitzen bada, lanak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuari; hark erabakiko du zer neurri hartu.

g) Kamioiek obrara sartzeko eta handik irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, lehentasunez, erratz-makina mekanikoak erabiliko dira, solido esekiak dituzten jariatze-urak sortzea saihesteko.

h) Espezie inbaditzaileen kontrola: obrak hasi aurretik, jarduketa-eremuaren prospekzio bat egingo da, bertan dauden flora aloktono inbaditzailearen aleak aurkitzeko eta horiek desagerrarazteko erabiliko den protokoloa zehazteko, eta neurri egokiak ezarriko dira eremuan eta ingurunean ez hedatzeko.

i) Klima-aldaketa: garapen proiektuetan klima-aldaketaren ikuspegia txertatzea gomendatzen da, antolamendu-irizpideen eta klima-aldaketaren arteko lotura indartuz. Halaber, gomendatzen da udal-mailan klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko analisirako oinarri gisa honako dokumentu hauek kontuan hartzea: «Euskadiko udalerriek klima-aldaketaren aurrean duten kalteberatasunaren eta arriskuaren ebaluazioa» eta «Euskadiko klima aldaketaren egoeretan muturreko prezipitazio gertaerei lotutako euro uholdea». Azterketa horretan oinarrituta, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko neurri egokiak ezarriko dira. Bestalde, itsas mailaren igoeraren eta kostaldeko arriskuaren igoeraren balioei dagokienez, eskura dagoen ezagutza eguneratuena eta erregionalizatuena erabiltzea gomendatzen da.

j) Kanpoko argiztapenari dagokionez, energia-efizientzia maximizatzera eta argi-kutsadura minimizatzera jo beharko da, azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuarekin bat etorriz (Kanpo-argiztapeneko instalazioen energia-efizientziari buruzko erregelamendua eta haren jarraibide tekniko osagarriak onartzen dituena, EA-01etik EA-07ra).

k) Obrek kaltetutako eremuak leheneratzea: proiektua gauzatzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Hala badagokio, gune libreetan lehenbailehen jarriko dira landareak, higadura-prozesuak gertatzea, solidoak drainatze-sarera arrastatzea eta espezie aloktono inbaditzaileen kolonizazioa saihesteko.

l) Eraikuntzaren jasangarritasuna: eraikuntza eta eraikingintza jasangarriagoak egiteko behar diren ezaugarriei dagokienez, eraikuntza jasangarrirako gidetan jasotako ingurumen-neurri eta -jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinetan energia aurrezteko eta energia-efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:

– Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.

– Energia. Energia kontsumoa murriztea edo energia gutxiago sortzea iturri ez-berriztaezinen bidez.

– Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.

– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.

– Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.

– Barne-kalitatea. Barneko airearen kalitatea, konforta eta osasuna hobetzea.

Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta ebazpen honetan ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak hartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten «Donostiako Eskuzaitzeta plan partzialaren 5. aldaketak eta Zubietako garraio-zentroaren plan partzialaren 2. aldaketak» ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.

Hirugarrena.– Donostiako Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.

Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen ondoreak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, «Donostiako Eskuzaitzeta plan partzialaren 5. aldaketa eta Zubietako garraio-zentroaren plan partzialaren 2. aldaketa» onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 11.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala