Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

42. zk., 2026ko martxoaren 3a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
948

EBAZPENA, 2026ko otsailaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita i-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatutako Ortuella TA – Abanto TA (Bizkaia) zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa eraberritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2025eko urriaren 29an, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskatu zuen, Ortuella TA – Abanto TA (Bizkaia) zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa eraberritzeko proiekturako, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatuaren prozeduraren esparruan (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean arautua).

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua betez, kontsulta-izapidea abiarazi zuen 2025eko abenduaren 9an, ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatu ondoren, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak dituela, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta horien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa sinplifikatua egin behar zaio, lege horren II. eranskineko 4. taldeko c) epigrafean deskribatutakoarekin pareka daitekeelako: «Energia elektrikoaren transmisio-lineak berrindartzea, 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen dituztenean».

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.

Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, i-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatutako Ortuella TA – Abanto TA (Bizkaia) zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa eraberritzeko proiekturako, honen arabera:

A) Proiektuaren xedea da Ortuella TAtik Abanto TAra bitarteko linea berrindartzeko beharrezko lanak egikaritzea.

B) Ortuella TA – Abanto TA (Bizkaia) zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa eraberritzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten duen ebazpen honetan (aurrerantzean, Proiektua), proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Dokumentu honek deskribatu egiten ditu Ortuella azpiestaziotik (aurrerantzean, TA) Abanto TAra doan linea elektrikoa berrindartzeko beharrezko lanen ezaugarri nagusiak, korronte zuzeneko 132 kV-ko linea elektrikoan. Proiektu honen linea elektrikoa Zierbena, Santurtzi, Ortuella eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena udalerrietan kokatuta dago.

Proiektuaren lanak Abantoko TAn 400/132 kV 300 MVA transformazio berri baten ondoriozkoa dira. Jarduketa honetarako, TA horren irteera-lineen gaitasuna handitu behar da, potentzia garraiatzeko gaitasuna areagotzen dela bermatzeko.

Proiektu honetako aireko eta lurrazpiko linea elektrikoa 5.026 m luze da, zirkuitu bikoitzean, eta horietatik, 4.971 m airekoak dira, eta 55 m lurpekoak. Lurrazpiko zatia Abanto TAko atarian hasten da, bidepeko erretenetatik igarotzen da eta GIS sistemaren fluoduktuetara konektatzen da.

Udalerri bakoitzean eragindako luzera honako hau da: 2.837 m Ortuellan, 42 m Santurtzin, 1.912 m Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan eta 180 m Zierbenan.

132 kV-ko aireko linean zehar 21 euskarri daude, 14 mota desberdinetakoak. Gaur egun euskarrietako batek ere ez du txoriak babesteko gailurik.

Proiektua egiteko lan hauek egin beharko dira:

– DC Sinplex motako LA-280 HAWK eroalea desmuntatuko da, eta HVCRC 320-40 (LISBON) motako HTLS eroale bat jarriko da; halaber, isolamendua, grapak eta burdineria ordeztuko dira Ortuella TA ataritik Abanto TA atariraino.

– RHZ1-RA-2OL AS 76_132KV 1X1600 M AL+T420 Al lurrazpiko eroalea RHZ1-RA-2OL (AS) 76/132KV 1x2000 M Cu+T420 Al eroale berriarekin ordeztuko da, Abanto TAren ataritik Abanto TAren barrualdeko eraikin batean dagoen GISeraino, egungo bidepeko erretenen bitartez.

– Egungo OPGW 16-48 zuntz optikoa desmuntatuko da eta beste OPGW-16-90 bat jarriko da, Ortuella TA atariaren eremutik Abanto TA atariraino.

– ARLE-53 lur-konexioko kable berri bat instalatuko da LA-180 motako kablea ordezteko, 2 eta 8 euskarrien artean, 1.526 metroko distantziarekin, eta 18 euskarriaren eta Abanto TA atariaren artean, 105 metroko distantziarekin.

– 16 eta 17 euskarrietan 175 kg-ko kontrapisuak jarriko dira.

– 3 eta 16 euskarriak indartuko dira.

– Esekitzetik ainguratzera aldatuko da 9. eta 15. euskarrietan, eta ez dira indartu beharko.

– 5 eta 5BIS euskarrien artean dauden bi kale-argi kendu edo mugitu beharko dira, bai eta 11 eta 12 euskarrien artean dagoen beste bat ere.

– Proiektuaren xede den 132 kV-ko linearen eta 7-8 euskarrien artean dagoen 30kV-ko erdi-tentsioko aireko linearen gurutzaketak arauzko distantziak bete ditzan, aipatutako 30 kV-ko linea berritu behar da, jaitsi eta proiektuan adierazitako distantzia betetzeko.

Proiektuan zehaztutakoaren arabera, ez da lur-mugimendurik egin beharko sarbide berriak irekitzeko eta ez dira euskarriak eraiki edo desmuntatu beharko. Sarbide bakarra aurreikusi da, Eu.5BIS euskarrian 80 m-ko gurtarrastoaren bidez. Horretarako ez da lur-mugimendurik egin beharko, eta eragin arina izango du sarbidea eraikiko den partzeletan.

Sarbideetarako bideei dagokionez, honako hauek erabiliko dira:

– Bide publikoa: 4.147 m asfaltatuta eta 347 m lur edo legarrezkoak, biak egoera onean.

– Bide pribatua: gurtarrasto bidezko sarbide berriaz gain, egun dauden 2.101 m bide edo gurtarrasto erabiliko dira.

– Bide itxia: egun dauden eta erabil daitezkeen 414 m bide edo gurtarrasto erabiliko dira.

Okupatu beharreko azalerari dagokionez (lanerako plataforma, materialak biltzeko eremuak...) obrak 14.951 m2 hartuko ditu. Eraikuntza fasean lan-zelaiak beha dira. Ez da aurreikusi desmuntatze edo lur-mugimendurik, eta ez da okupazio iraunkorrik egingo.

Zimenduak jartzeari lotutako mugimenduei dagokionez, proiektuan ez da aurreikusten euskarriak eraikitzea edo kentzea. Hortaz, ez da aurreikusi jarduera horiei lotutako lur-mugimendurik egitea.

Eroaleak desmuntatzeko edo ordezteko egungo bideak aprobetxatuko dira, lur-mugimenduak egin beharrik gabe.

Linea jatorri atmosferikoko gaintentsioetatik babesteko, fase bakoitzean metal oxidoko tximistorratz bat jarriko da, aireko eta lurpeko eremuaren bitarteko atarian.

Proiektuan inausketa edo mozketa selektiboa behar duten eremuak definituta daude.

– Zuhaitzak mozteko erabakia hartuko da eragindako partzeletan dauden espezieen gehieneko altueraren arabera. Eroale txikienetik 3 metro baino gutxiagora dagoen edozein zuhaitz moztuko da, egungo altuera edozein dela ere.

– Espezie babestuen kasuan, eroale txikienetik 6 metro baino gutxiagora dagoen edozein zuhaitz moztuko da. Era berean, mantentze-inausketa egingo da espezie babestuak lineako beheko eroalearekiko distantzia horretara egotera irits daitezkeen eremu guztietan.

Proiektua osorik egikaritzeko aurreikusitako epea 16 hilabetekoa da, eta horietatik 6 obraren egikaritze materiala egiteko izango dira.

Alternatibei dagokienez, 0 alternatiba aurkeztu da, hau da, proiektua ez gauzatzearena, eta, horrez gain, proiektua gauzatzeko beste hiru alternatiba.

0 alternatiba baztertu egin da, proiektatutako jarduketa beharrezkoa baita linearen hornidura elektrikoaren jarraitutasuna bermatzeko eta kalitatea hobetzeko.

1. alternatiban egungo linea berrindartzea proposatzen du, instalazioaren gaitasuna areagotu ahal izateko, eta linea animalien espezieak zein gizakiak lineara ohituta dauden eremuan mantenduko luke.

2. alternatiban aireko trazadura berri bat aztertzen da, egungo trazadurarekiko paraleloa. Alternatiba horrek afekzio berriak eragingo lituzke, baldintzatzaile ugari (bereziki hirigintza-arloan) eta gaur egun dauden azpiegiturak eta eraikuntzak kontuan hartu behar dira.

3. alternatiban linearen zatiren bat lurpetzeko aukera aurreikusten da; hala ere, egungo hirigintza-baldintzatzaileek zein eremuan garatzen ari direnek proposamen bideragarri bat definitzea eragotzi dute, bereziki kontuan hartuta egungo trazadura berrindartu daitekeela.

Amaitzeko, ondorioztatu da egungo linea berrindartzea dela proiektuaren alternatiba egokiena; izan ere, azpiegituraren gaitasuna areagotzea ahalbidetzen du, dagoeneko afekzioak dituen eremu batean.

2.– Proiektuaren kokapena.

Berrindartu beharreko 132 kV-ko linea elektrikoa Ortuella TA eta Abanto TAren artean dago, eta Zierbena, Santurtzi, Ortuella eta Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbena udalerriak (Bizkaia) hartzen ditu.

Proiektua bi Unitate Hidrologikoetan (UH) kokatuta dago. Abanto TAra arte ekialde-mendebalde norabidea mantentzen duen linearen amaierako zatia Barbadun UHan dago, eta gainerako trazadura, berriz, Ibaizabal UHn. Biak Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren parte dira. GeoEuskadi bisorean eskuragarri dagoen gainazaleko uren hidrografiaren arabera, trazadurak Ballonti errekaren gainetik igarotzen da, eta Bochinche erreka zeharkatzen du. Ibilgu horiek «Nerbioi barne-trantsizioko» ur-masara isurtzen dira (kodea: ES111T068010). Uraren kalitateari dagokionez, 2024. urtean ur-masaren egoera ekologikoa «potentzialki neurrizkoa» zen, egoera kimikoa «ona» eta egoera globala «ona baino okerragoa». 2020-2024 aldian, egoera globala «ona baino okerragoa» zen. Plan Hidrologikoko Eremu Babestuen Erregistroari (EBE) dagokionez, eremuan ez da elementu babesturik identifikatzen.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planari dagokionez, hidraulika-osagaiaren arabera, bi errekak 0 mailakoak dira; hots, arroaren azalera 1 eta 10 km2-koa da. Hirigintza-osagaiaren arabera, linearekin bat datozen ertzak landa-eremuko ertzak dira. Bestalde, eremuarekin bat egiten duten ertzak ez daude zonifikatuta, ingurumen-osagaiaren arabera.

Hidrogeologiari dagokionez, proiektua Hego Antiklinorioko lurpeko ur-masaren gainean dago (ES017MSBT017-006), zeinak 2024. urtean egoera global «ona» baitu. Akuiferoen kutsadura-zaurgarritasunari dagokionez, eremuak «ez dauka ageriko zaurgarritasunik» eta «zaurgarritasun txikia» dauka.

Eremuan dagoen litologiari dagokionez, oro har, lutitak dira (limolitak), hareharrizko pasadak, eta, luzera txikiagoan, depositu antropogenikoak eta depositu alubialak eta alubial-kolubialak, iragazkortasun txikiarekin lutiten kasuan eta handia depositu antropogeniko eta alubialetan (Geo-meatzaritza Ataria. EEE). Proiektuaren xede den eremuan ez dago EAEko Geologia Intereseko Lekuen Inbentarioan sartutako interes geologikoko lekurik.

Okupatuta dauden lurzoruen zati handi bat EAEko Nekazaritza eta Basozaintzako LPSan sailkatuta daude, «Nekazaritza eta Abeltzaintza: Balio estrategiko altua» eta «Nekazaritza eta abeltzaintza: Trantsizioko Landa Paisaia» kategorietan. Aipatutako LPSaren erabilera-matrizearen arabera, proiektuan aurreikusitako erabilerak onargarritzat jotzen dira (2a), baina nekazaritza eta basogintzako jardueraren gaineko eraginaren azterketa bat egin behar zaie.

Landa-lanean aztertutako ingurumen-dokumentazioaren arabera, eremuan honako hauek daude: harizti azidofiloa eta harizti misto atlantikoa; artadi kantauriarra; baso-landaketak, belardiak eta labore atlantikoak; txilardi-otadi-iratzedi atlantikoa; Brachypoidum pinnatum albitz-belardiak edo beste pasabide mesofilo batzuk; eta landaredia erruderal nitrofiloa. Azken horrek eremuan zehar gainazal nabarmena hartzen du, belardi eta labore atlantikoen ondoan. Proiektuaren eremuko belardien zati bat Batasunaren intereseko habitatekoa da (aurrerantzean, BIH); zehazki, 6510 Altitude txikiko sega-belardi pobreak (Alopecurus pratensis, Sanguisorba officinalis). GeoEuskadiren arabera, proiektuaren eragin-eremuan ez dago mehatxatutako flora-espezierik. Ingurumen-dokumentuak adierazten du eremuan landare-espezie aloktonoak finkatu direla, hala nola panpa-lezka (Cortaderia selloana), tximeleta-zuhaixka (Buddleja davidii) eta sasiakazia (Robinia pseudoacacia).

Proiektua ezartzeko eremua bat dator bisoi europarrari lotuta «hobetu beharreko» eremuekin (118/2006 Foru Dekretua, ekainaren 19koa, Bizkaiko Lurralde Historikoan bisoi europarra, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761), Kudeatzeko Plana onetsi duena, hau da, desagertzeko arriskuan dagoen espezie moduan eta babesteko neurri bereziak eskatzen dituena). Hala ere, ez dago EAEko Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak kudeatzeko planaren eremuetan, ezta 2016ko maiatzaren 6ko Aginduan jasotako eremuetan ere. Agindu horren, arriskupean dauden hegazti-espezieen ugalketa, elikadura, sakabanatze eta kontzentrazioko lehentasunezko eremuak mugatzen dira, eta abifaunaren babes-eremuak argitaratzen (2016-05-23ko EHAA). Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuaren inguruko abifaunaren kasuan, UTM 10x10 lauki-saretan mehatxatuta daude miru gorria (Milvus milvus) eta usapal europarra (Streptopelia turtur), biak galtzeko arriskuan; bestalde, arrano beltza (Aquila chrysaetos), txirritxo txikia (Charadrius dubius), okil ertaina (Dendrocopos medius) eta sai zuria (Neophron percnopterus) daude, denak egoera zaurgarrian.

Eremua ez dator bat ez Natura 2000 Sareko natura-ondarearen eremu babestuekin, ez naturagune babestuekin, ez eta nazioarteko tresnak aplikatuz babestutako guneekin ere. Era berean, ez dago Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetako azpiegitura berdean sartutako natura-guneen katalogoetako beste espaziorik, ez bilbe berdeko edo urdineko elementurik, ez korridore ekologikorik, ez eta onura publikoko mendirik ere (OPM).

Paisaiari dagokionez, azterlanaren xede den eremua Bilbo Metropolitarreko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoan jasota dauden honako paisaia-unitate hauetan integratuta dago: «Ezkerraldea. PU05», «Serantes. PU06» eta «Meatzaldea. PU08». 13 eta 14 euskarriak, dagokien baoarekin batera, «PIBE01» Serantes mendia eta Montañoko mendi-hegalen paisaia-interes bereziko eremuen barruan daude. EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Inbentarioari dagokionez (Eusko Jaurlaritza, 2005), Planaren eremua «Cardedo», «Somorrostro» eta «Barakaldo» ikuseremuan kokatzen da, eguneroko inguruan, eta horietako bat ere ez dago EAEko paisaia berezi edo aparteko gisa katalogatuta.

Proiektuak ez die eragiten eremuko elementu arkeologiko edo arkitektonikoei. Hala ere, linea elektrikoak bost puntutan airetik zeharkatzen du Kostaldeko Donejakue bidea. Era berean, 12 eta 18 euskarrien arteko trazadurak Bizkaiko bizikleta-sareko hainbat bide zeharkatzen ditu, eta Bizkaiko Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialeko «4. ildoan» jasota daude (10/2014 Foru Araua, ekainaren 27koa).

Bestalde, proiektua bat dator Ihoberen lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen inbentarioko kokalekuekin (kodea: 48083-00088, 48002-00085, 48002-00100 eta 48002-00116). Hala ere, ingurumen-dokumentuan jasotakoaren arabera, ez da zimendurik eraiki edo eraitsi beharko.

Ingurumen-arriskuei dagokionez, eremuan ez dago uholde-arriskurik, ez eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko eremurik. Halaber, ez dago interes hidrogeologikoko eremuan kokatuta. Era berean, baztertu egin dira baso-suteei eta arrisku sismikoei lotutako arrisku handiak.

Lurzoruen higadura hidrikoaren gaineko kartografiari (RUSLE) dagokionez, eremuaren higatze-arrisku potentziala handia da (GeoEuskadin kontsulta daiteke).

Bestelako ingurumen-arriskuei dagokionez, eremua SEVESO arrisku kimikoko enpresetatik urrun dago. Hala ere, eremua 10.000 metroko eragin-bandaren baitan dago, Petronorren HFko zisternak deskargatzeko mahuka deskonektatu eta Bilboko portuko (1. sektorea) hidrogeno fluoruroaren bidoia haustearen ondorioz sortutako hodei toxikoari dagokiona. Halaber, eremua 3.000 metroko eragin-bandaren baitan dago HD3-D-2 bereizgailuaren linea nagusiko hidrogeno-ihesari dagokiona, butano-esferan blevea izateagatik edo boiloverra izateagatik Petronorren petrolio gordineko andeletan.

Salgai arriskutsuak garraiatzeari lotutako arriskuari dagokionez, A-8 eta N-639 errepideak hurbil daude; hortaz, A-8 errepidearen hiru bidegurutzeetan errepideko garraioaren ondoriozko arriskua txikia eta ertaina da, eta oso txikia N-639 errepidearen gaineko bidegurutzean. Hala ere, proiektuari A-8 eta N-639 errepideen afekzio-banda guztiek eragiten diote, bai eta BI-3724 errepideko 600 metroko bandak ere. Aitzitik, ez dago salgai arriskutsuak tren bidez garraiatzeari lotutako arriskurik.

Klima-aldaketari lotuta, bero-boladek gizakien osasunean izan dezaketen inpaktuari lotutako arriskua eta kalteberatasuna oso altuak dira Ortuella eta Santurtzin, ertainak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan eta txikiak Zierbenan. Hiri-ingurunean itsas mailaren igoeraren ondoriozko uholdeei lotutako arriskuari eta kalteberatasunari dagokienez, altuak dira Santurtzin zein Zierbenan. Bestalde, hiri-ingurunean ibaiei lotutako uholdeen arriskua eta kalteberatasuna oso handia da Ortuellan; halaber, kalteberatasuna oso altua da Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan, baina arriskuak txikia izaten jarraitzen du. Amaitzeko, lehorte-boladen gorakadari lotutako arriskua eta kalteberatasuna, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera ekonomikoei eragiten dietenak, txikiak dira Santurtzi eta Zierbenan eta ertainak Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenan; bestalde, kalteberatasuna oso altua da Ortuellan, eta oso txikia, berriz, arriskua.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obren fasean sortuko dira. Proiektua aurrera eramatearen ondoriozko jarduketak egiteko, lan-plataformak sortu beharko dira euskarri bakoitzaren inguruan eta sarbideak erabili beharko dira, non lurzorua trinkotu egingo baita makinen eta materialen joan-etorrien ondorioz.

Egungo linearen trazadura mantendu egingo da, eta, hortaz, lurgaineko zortasuna ez da aldatuko. Aurreikusitako sarbideen kasuan, sarbide berri bakarra gaituko da 80 metroko gurtarrastoaren bidez. Gainerakoak egun dauden bideak erabilita egingo dira.

Zimendatze-lanei lotutako mugimenduei dagokionez, proiektuan ez da aurreikusten euskarririk eraikitzea edo eraistea; hortaz, ez da jarduera horri lotutako lur-mugimendurik egingo.

Egungo lineak Bochinche erreka zeharkatzen du, eta Ballonti errekaren gainetik igarotzen da; hala ere, ingurumen-dokumentuan jasota dago beste bi gurutzadura daudela, 8 eta 9 euskarrien eta 9 eta 10 euskarrien artean. Ibilguen gurutzaduran ez da aurreikusten ibaiertzetako landaredian eragina izango duenik.

Lan-plataformak eta euskarri berriak gauzatzeak, eta sarbideak irekitzeak lehendik dagoen landaredia kentzea ere ekarriko dute. Eragindako landarediari dagokionez, 6.263 m2-ko azaleran zuhaitzak moztea aurreikusi da (mozketak edota inausketak); eremu horretan hurritzak, pinuak, haritzak, akaziak eta beste espezie batzuk moztuko dira. Mozketa egiterakoan gehien bat landaredia aloktonoa moztuko da, eta inausketa egitean soilik landaredia autoktonoa inausiko da.

Batasunaren intereseko habitaten kasuan, ingurumen-dokumentuaren arabera, aldi baterako afekzioak aurreikusi dira 4090 eta 6510 BIHetan. 4090 habitataren kasuan aldi baterako okupatuko dira 280,5 m2, 13 eta 14 euskarrien arteko baoetan. Bao berean, 6510 habitatean 752,4 m2 eragingo dira, baina ez dago zuhaitzik; beraz, mozketa edo inausketa egiterakoan sakabanatuta dauden zuhaitzak moztuko dira.

Ingurumen-dokumentuaren arabera, proiektuak 66 zenbakiko OPMari eragiten dio, eta 14 euskarriaren eremuan 196 m2 okupatuko dira aldi baterako.

Bestalde, jarduketen ondorioz, aldi baterako eta leku jakin batzuetan, gutxitu egingo da faunaren eta gizakien habitaten kalitatea (zarata handitzea, hautsa, bibrazioak eta abar), lurzoruak edo urak kutsatu ahalko dira lurra mugitzean sortutako istripu edo gertatutako isurtzeen edo jariatzeen ondorioz, hondakinak sortuko dira eta linearen zortasun- eta babes-eremua mantentzeko mozketa- edo inausketa-lanak egingo dira. Proposatutako jarduketen garrantzia kontuan hartuta, ingurumen-dokumentuak ez-nabarmentzat eta bateragarritzat jotzen ditu inpaktu horiek.

Kultura-ondareari dagokionez, Proiektuak Donejakue bidearen eta Bizkaiko Bizikleta Bideen parte diren zati batzuen gainetik igarotzen da, eta, hortaz, dagozkion neurriak aplikatu beharko dira.

Funtzionamendu-fasean, inpaktu nagusiak hegazti-faunarengan izango dira, talka egiteko eta elektrokutatzeko arriskuagatik, baita paisaian ere. Hegazti-faunak talka egiteko arriskuari dagokionez, ingurumen-dokumentuan inpaktua txikia dela zehaztuta dago, proiektuak eragindako eremuan dagoen linea mota eta ezaugarriak kontuan hartuta.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Ortuella TA – Abanto TA (Bizkaia) zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa eraberritzeko proiektuak ingurumen-inpaktuaren azterketa arrunta egin beharrik izan ez dezan, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta ezarritako kontrolak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.

Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan txertatu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Obrak, bai eta lurzorua erabiltzea eragiten duten eragiketa osagarriak ere, proiektua gauzatzeko behar-beharrezkoa den gutxieneko eremuan gauzatuko dira. Hala badagokio, beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta soiltze-lanak, obra-sarreren irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideetan oinarrituz egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari, intereseko landarediari eta uholde-eremuei eragitea saihestuko da.

Horretarako, obrak hasi aurretik, kontratistaren instalazioen eremuen mugaketa zehatza egingo da xehetasunezko kartografian.

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusi ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi autoktonoa. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, eragina proiektua egiteko beharrezkoa den azalerara mugatu dadin.

– Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena eduki beharko da lurzoru ez-urbanizagarrian mozketak egiteko.

– Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzu teknikoekin elkarlanean adostuko dira zein zuhaitz moztu edo lepatuko diren erabakitzeko irizpideak. Edonola ere, espezie autoktonoak direnean, ahal den guztietan, inausteari lehentasuna emango zaio, moztearen aurretik.

– Kontu handia izan beharko da proiektuaren afekzio-eremutik kanpo gelditzen diren zuhaitzak ez kaltetzeko, ahalik eta gehien errespetatuz Bertoko zenbait zugaitz-motaren jaurpide bereziari buruzko urriaren 14ko 97/11 Foru Arauaren 1. artikuluan jasota dauden hostozabalak.

– Landaredi autoktonoa geldialdi begetatiboan inausiko da (neguan), eta zuhaitzaren alde guztiak inausi beharko dira nahitaez, orekatuta gera dadin.

– Zuhaitzak inaustea, botatzea edo sastrakak kentzea ezinbestekoa bada, motozerrak erabiliko dira horretarako, eta ez makina astunak, modu selektiboan lan egin ahal izateko. Zuhaitzak moztea beti era zuzenduan egingo da, bertako gainerako landarediari kalterik ez eragiteko.

– Obrak egin behar diren lekuetara sartzeko, lehendik dauden bideak erabiliko dira, ahal den neurrian. Lehentasunez, obrek eragindako euskarrietara iristeko sarbideak egokituko dira. Landan zeharreko sarbideak egiteko eta sarbide berriak eraikitzeko lanak, hala dagokionean, lur-mugimendua minimizatuz eta lehen aipatutako eremu kalteberekiko eragina saihestuz egingo dira. Sarbideek 2,5 metroko zabalera izango dute gehienez, salbuespenak salbuespen, eta behar bezala justifikatu beharko dira.

– Intereseko landaredi-masetan, linean eragina izan dezaketen goiko adarrak bakarrik inausiko dira. Ebaketak egitea beharrezkoa bada, linearekin talka egiten duten aleak baino ez dira ebakiko.

– Gorde beharreko zuhaitzak babestu egingo dira, baldin eta proiektatutako jarduketetan kalteak jasan ditzaketela uste bada.

Fauna babesteko neurriak.

– Proiektuaren eraginpeko eremua bisoi europarraren interes bereziko gunearen mugan dago, Bizkaiko Lurralde Historikoan Bisoi Europarra (Mustela lutreola; Linnaeus, 1761) Kudeatzeko Plana onesten duen ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuan ezartzen denarekin bat, galzorian dagoen eta babesteko neurri bereziak behar dituen espeziea baita. Bisoi europarraren aleengan edo horren balizko habitatean eragina izan dezakeen ezer egin aurretik, honako hauek kontuan hartuko dira: azaroaren 25eko 9/2021 Legea, EAEko natura-ondarea kontserbatzeari buruzkoa; uztailaren 9ko 167/1996 Dekretua, Basa eta itsas fauna eta landaredian arriskuan dauden espezieen EAEko Zerrenda arautzen duena; eta, dagokionean, foru-organo eskudunak, bisoi europarraren kudeaketa-planaren administrazio arduradun gisa, xedatzen duena.

Ildo horretatik, prebentzio-neurri gisa, proiektuko lanak mugatu egin beharko dira lan horiek bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremuan gauzatu behar direnean, espeziearentzat bereziki sentikorra den garaian. Muga hori gutxienez 3 eta 4 eta 7 eta 6BIS euskarrien artean dagoen baora mugatuko da, espeziea kudeatzeko planean hobetu beharreko tartetzat hartzen baitira.

– Era berean, talka egitea saihesteko gailuak jarri behar dira (txoriak babesteko gailuak) linea elektriko berriaren aireko zati osoko lur-konexioko kableetan.

Jabari publiko hidraulikoa babesteari buruzko neurriak.

Proiektu hau gauzatzeko egin behar den edozein jarduketa motatan, kontuan hartu beharko dira uren arloan eskumena duen organoak prozedura aplikagarrien esparruaren barnean egin dituen txostenetan ezarritako baldintzak. Hori horrela izanik ere, babes- eta zuzenketa-neurri hauek hartuko dira:

– JPHan edo JPHaren babes-eremuen barruan (zortasuna eta zaintza) egiten diren jarduketa guztiek Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena eskuratu beharko dute aldez aurretik. Era berean, baimen horren esparruan zorrotz aztertuko dira ezaugarriak eta eraginak, eta, hala badagokio, dagozkion baldintzak ezarriko dira.

– Oro har, ezin da makinarik eta ibilgailurik igaro ur-ibilguetan. Ezin izango da egin sare hidrografikoari eragiten dion sarbiderik.

– Ezin da zuhaitzik moztu eta kendu bisoi europarra kudeatzeko planaren eremuan, eta ezin da garbiketarik egin jabari publiko hidraulikoaren zortasun-eremutzat jotako 5 metroetan, ibilguen bi aldeetan.

– Lanak hasi aurretik, egiaztatu egin beharko da zein espezieren gainean jardungo den, eta, hala badagokio, egin beharreko inausketen altuera.

– Ibaiertzeko zuhaitz autoktonoetan (haltz beltzak, lizarrak, haritzak, sahatsak), linean eragina izan dezaketen goiko adarrak bakarrik kimatuko dituzte. Ez da zuhaitzaren garaiera osoaren 1/3 baino gehiago kimatuko.

– Zuhaitz aloktonoak (adibidez, akaziak, makalak, eukaliptoak, bananondoak) osorik inausi daitezke, betiere berehala birlandatzen badira tamaina txikiko edo hazkuntza moteleko espezie autoktonoak (esaterako, sahatsak, hurritzak eta haritzak).

– Obra egikaritu bitartean, laneko plataformak, materialak biltzeko eremuak eta aldi baterako beste okupazio-eremuak ere ibilguen 5 metroko zortasun-eremuetatik kanpo kokatu beharko dira. Hori dela eta, gomendatzen da obratik hurbilen dauden ibilguen zortasun-eremuak balizatzea gomendatzen da, eremu horretatik besteak beste ibilgailurik ez igarotzeko eta materialik, etxerik edo ontzirik ez pilatzeko.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Debekatuta daude urak uhertzea eragin dezaketen jarduerak, eta obrak geldiarazi egin beharko dira meteorologiak premisa hori betetzea eragozten badu.

– Eraikuntza-proiektuan beharrezko neurriak ezarriko dira eraikuntza- eta eraiste-faseetan istripuz gertatutako isurtze edo jariatzeak saihesteko, eta lurrazpiko fluxuetara infiltratzea ekiditeko.

– Hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Beharrezkoa bada, obra-eremuetan, obren eta jarduera osagarrien ondorioz kutsatzen den ur guztia biltzeko eta kudeatzeko gailuak proiektatu eta eraikiko dira. Haien neurriak zehazteko, kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela eta isuriak lokalizatuak eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen parametro fisiko-kimikoen araberakoak direla bermatzeko.

– Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

– Arreta berezia jarri beharko da hormigoirik edo deribaturik ez isurtzeko inguruko sare hidrografikora irits daitekeen ezein puntutara; horregatik, hormigoi-ontziak edo bestelako makinak garbitzeko leku espezifiko bat planifikatzea gomendatzen da.

– Debekaturik dago, baimen administratiborik izan ezean, ur kontinentalak edo jabari publiko hidraulikoko beste edozein elementu kutsa ditzaketen urak eta hondakinak zuzenean edo zeharka isurtzea.

Paisaia babesteko eta ukitutako eremuak lehengoratzeko neurriak.

Leheneratze-proiektu bat egingo da, eta bertan leheneratu beharreko azalera zehaztu beharko da; horretarako, eremu horiek kartografian identifikatu eta eremu bakoitza leheneratzeko planteamendua ezarri beharko da (espezieak, metodologia, etab.). Ingurumen-dokumentuan adierazi bezala, baso autoktonoa landatu beharreko azalera, gutxienez, proiektuak eragindako azaleraren bikoitza izango da (1:2 kendutakoa:leheneratua). Leheneratze-proiektu hori linea elektrikoa berritzeko proiektuan sartuko da maila guztietarako, aurrekontua barne, eta proiektua gauzatu ahal izateko beharrezkoak diren diseinu-datuak jasoko ditu (leheneratu beharreko eremuak, erabili beharreko espezieak, aleen tamaina, landaketa-esparrua, mantentze-lanak, etab.) eta onartu aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondare Zerbitzuak baliozkotu behar du.

Leheneratze-proiektuak irizpide hauek izan behar ditu kontuan:

– Obrek eragindako azalera guztiak leheneratuko dira, hau da:

• Eragingo diren euskarrien inguruan.

• Linea elektrikoaren azpian, linea zaharra desmuntatu eta berria jartzeko lanen ondorioz guneren bat kaltetu bada.

• Egokitu behar izan diren sarbideetan, edo, hala badagokio, ireki direnetan, mantentze-lanetarako mantendu behar direla behar bezala justifikatzen denean salbu.

– Landareztatzea ahalik eta lasterren egingo da, espezie autoktonoak erabiliz, higadura-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalizatuak sortzen lagunduko da, eta ahaleginak egingo dira habitat horiek inguruko landaredia naturalarekin lotzeko.

– Proiektua gauzatu ondoren kaltetutako eremuak inguruko habitatetako berezko espezieen bidez landareztatuko dira, masa horiek zatitzea saihestuz. Zehazki, kalterik eraginez gero, ibai-ibilguen ertzak leheneratzean Batasunaren intereseko 91E0* habitataren berezko espezieak (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior) erabiliko dira lehentasunez, habitat horren oihanpeko espezieekin batera. Bestalde, landaredi naturala zegoen gainerako eremuetan, harizti azidofiloko eta harizti/baso mistoko berezko espezieak erabiliko dira, Quercus robur, Fraxinus excelsior, Tilia sp. eta Acer sp. zuhaitz-espezieak, besteak beste, eta, zuhaixka-geruzan, Cornus sanguinea, Crataegus monogyna, Ligustrum vulgare eta abar.

– Landareztatu beharreko eremuaren antzeko klima- eta lurzoru-baldintzak izan eta barietate autoktonoak ekoizten dituzten tokiko haztegi egiaztatu eta akreditatuetatik datozen haziak eta landareak erabiltzea aholkatzen da.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen leheneratze- eta landareztatze-lanak erraztearren. Ondoren, beheragoko geruzetan jarri gabe, ahal den neurrian, jatorrizko lekuan kokatuko da.

– Makinen, materialen eta abarren erabileraren pean dauden belardi eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Belardietako berrereintzarako, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da, lurra ez trinkotzeko, ondorengo berrereintza eta erneketa egokiak izan daitezen.

Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzaren txostenaren arabera, Cortaderia selloana eta Budleja davidii espezieak daudenez, proiektuak eragindako eremuan espezie inbaditzaileak desagerrarazi eta kontrolatzeko plan bat egin behar da, egun daudenak desagerrarazteko eta proiektua eraiki bitartean espezie mota horren foku berririk ez agertzeko. Proiektuak irizpide hauek izan behar ditu kontuan:

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira.

– Bereziki kontrolatuko da landare-estalkia leheneratzeko lurren jatorria, eta ez da erabiliko aipatu diren espezieek kutsatutako lurrik.

– Espezie inbaditzaileak dituzten eremuak eskokatzean bertan dauden espezieen arabera neurri egokiak aplikatu behar dira.

– Espezie inbaditzaileak dituzten eremuetan hondeaketak egitekotan, hondeatutako landare-lurra ezin izango da landareztatzeko erabili, eta baimendutako betelanetan erabiliko da. Halaber, betelanetan landare-espezie aloktono inbaditzaileen propaguluak haz daitezen ekiditeko, espezie horiek dituzten eremuetako lur-soberakinak kudeatzean bermatuko da beste lur batzuekin estalita gelditzen direla (espezie inbaditzaileen propagulurik gabe) eta gutxienez azaleratik 3 metrora gelditzen direla.

– Erabiltzen diren makinek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, ez izateko arriskurik inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak proiektuaren eragin-eremura hedatzeko.

– Gainera, sustatzaileak ingurumen-zaintza egin beharko du hurrengo 2 urteetan, obrako lanen ondoren eremu osoan finka daitezkeen espezie exotiko inbaditzaileak identifikatzeko eta ezabatzeko helburuarekin, bereziki obrek eragindako intereseko habitatetan.

Zaraten eta bibrazioen ondorioak minimizatzera zuzendutako neurriak.

– Lanek dirauten artean, beharrezkotzat jotzen diren jarraibide egokiak aplikatuko dira, ordutegien mugaketari, zamalanei, obrako makineriaren mantentze-lanei eta zarata jatorrian murrizteari dagokienez.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, sei hilabetetik gorako iraupena aurreikusia duten obren kasuan, nahitaez egin beharko da inpaktu akustikoaren azterlana, neurri zuzentzaile egokiak zehazteko.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

Hondakinen kudeaketara bideratutako neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela; hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.

– Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

– Gainera, zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuari eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraituko zaie.

– Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

– Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Halaber, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.

– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia. Olio erabiliak, kudeatzaile baimendu bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako depositu estankoetan; zolata iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihesei eta isuriei eusteko sistemen barruan.

– Eremu jakin bat egokituko da, behin-behinean hondakin arriskutsuak pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruen kudeaketarekin lotutako neurriak.

– Lur-mugimenduak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten Ihoberen lurzoruen inbentarioan jasota dauden partzeletan egiten badira, ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutakoa bete beharko da, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzekoa. Horren harira, esan behar da, lege horren arabera, besteak beste argi-, ur-, gas- edo telekomunikazio-zerbitzuak aldatzearen ondoriozko lur-mugimenduen kasuan, lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko prozedura hastetik salbuetsita geratuko liratekeela.

– Edonola ere, 4/2015 Legearen 25. artikuluaren 5. apartatuaren arabera, proiektu bat egiteko kutsatuta egon daitezkeen partzeletan hondeatu behar bada, aurreikusitako jarduketak ingurumen-organoari jakinarazi beharko zaizkio, eta hondeaketa-bolumena 500 m3-tik gorakoa bada (zolatak barne), indusketa selektiborako plan bat aurkeztu beharko da.

Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.

– Aldian-aldian, sarbideak garbituko dira, eta, atzemandako hauts-isurketen arabera, ureztatu ere egingo dira. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.

– Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– EAEko Kultura Ondarearen Zentroaren txostenaren arabera, euskarrietan egin beharreko lanek behin behinean eragingo balute Donejakue Bidearen zati horretan (adibidez, eroaleak desmuntatzean erabiltzaileen segurtasunerako bidea moztu egin behar bada), Bizkaiko Foru Aldundiari, eragindako udalerrietako turismo-bulegoei eta Donejakue Bideko ostatuetako arduradunei aldi baterako mozketak eta ibilbide alternatiboak jakinarazi beharko zaizkie, erabiltzaileek afekzio horien berri aldez aurretik izan dezaten. Edonola ere, Donejakue bidea erabiltzen jarraitzeko aukera bermatu beharko da. Bidea bizikletaz egiten duten pertsonen kasuan, bide berdeetarako eta bizikleta-bideetarako foru-araudi espezifikoan zehaztutakoa aplikatu beharko da.

– Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.

– Batasunaren intereseko habitatei eta intereseko habitatei (baso mistoa), ibai-ibilguei eta arriskuan dauden fauna-espezieei eragiten zaien kaltea kontrolatzea.

– Hondakin-uzterik ez egitea, eta olio-isurketen ondorioz edo lurra leku batetik bestera eramateagatik lurzorua eta ura ez kutsatzea.

– Proiektuak afekzio-eremuan herriguneetako biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.

Garbiketa eta obra-akabera.

Obrak bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuaren eraginpeko eremua batere obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desegin beharko dira.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta haren bermealdian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta, oro har, neurri babesle eta zuzentzaileen inguruko aholkularitza kualifikatua izan beharko du. Baldintza-agiriak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz obra-zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu, aholkulariek txosten bat egin beharko dute aldez aurretik.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera, hondakinen kudeaketa eta natura-ondarearen babesa.

Hirugarrena.– Lehenengo puntuan ezarritako baldintzen arabera, eta betiere ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak eta kontrolak hartzen badira, bai eta sustatzaileak planteatutakoak ere –aurrekoen aurkakoak ez badira–, ez da aurreikusten Ortuella TA – Abanto TA (Bizkaia) zirkuitu bikoitzeko 132 kV-ko linea elektrikoa eraberritzeko (i-DE, Redes Eléctricas Inteligentes SAUk sustatutakoa) egikaritzean ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea.

Laugarrena.– Ebazpen honen edukiaren berri ematea Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 4a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala