
41. zk., 2026ko martxoaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (303 KB - 29 orri.)
- EPUB (134 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
SPRI-ENPRESEN GARAPENERAKO EUSKAL AGENTZIA
935
EBAZPENA, 2026ko otsailaren 6koa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiarena, 2026. urterako Fast Track Innobideak laguntza-programa arautzen duten oinarriak onartu, argitaratu eta deialdia egiten duena.
Europa bere etorkizun industriala birkonfiguratzen ari da, eta Euskadik aukera honen mailan egon behar du. Une erabakigarri bati egin behar diogu aurre, gure ongizatea, segurtasuna eta oparotasuna eraikitzeko erabili ditugun oinarriak berrikustera behartzen gaituen aro aldaketa bati. Eta Europa erabakitasunez ari da funtsezko printzipio bat onartzen: «Europa gehiago nahi badugu, industria gehiago behar dugu». Industria, teknologia, ikerketa eta berrikuntza, energia, elikadura, defentsa edo kanpo ekintza indartzea ez da aukera bat bakarrik; Europako gizarte eredua zaintzeko behar estrategikoa da.
Europako Batzordeak duela gutxi aurkeztu du EBrako Lehiakortasun Iparrorratza. Industria-politika lehiakortasunerako ikuspegi integral baten zati gisa definitzen du, eta Europa lehiakorrago, berdeago eta subiranoago baten oinarri gisa duen eginkizuna birdefinitzen du. Iparrorratzak hiru helburu garrantzitsu ezartzen ditu:
– Berrikuntzaren arraila ixtea («INNOVA»): Europak I+Gko inbertsio pribatuko geldialdia eten behar du, eta ezagutzaren eta aplikazioaren arteko zatiketa gainditu.
– Deskarbonizaziorako eta lehiakortasunerako ibilbide-orri bateratu bat ezartzea («CLEAN»): Clean Industrial Deal ekimenaren bidez, EBk politika industrial eta klimatikoak erabat integratu nahi ditu.
– Gehiegizko mendekotasunak murriztea eta segurtasun ekonomikoa handitzea («SAFE»): Europak hornitzaileak dibertsifikatzearen, birziklatzearen eta berrikuntzaren alde egiten du, errefortzu estrategikorako mekanismo gisa.
Aldi berean, EBk bultzada handia eman dio araudia sinplifikatzeari, «Europa sinpleagoa eta azkarragoa» komunikazioaren eta «Omnibus» hiru legegintza-paketeren bidez, 2025ean. Helburua da erregulazio-oztopoak murriztea, prozedurak bateratzea eta enpresa-inbertsioa eta -berrikuntza zailtzen duten administrazio-kargak ezabatzea.
Europako esparruan ezarritako aukera eta erronkei behar bezala erantzuteko, 2025eko irailaren 30eko Gobernu Kontseiluan onartutako Euskadi 2030 – Industria Plana hiru ardatz estrategikotan (industria gehiago, industria hobea eta emisio gutxiago) eta zeharkako ardatzetan (burokratizazioa) eraikitzen da. Horiek Europako egungo testuinguruan eraldaketa industrialaren ikuspegi integrala islatzen dute. Ardatz estrategiko bakoitza proiektu zehatzen bidez hedatuko diren ekintza-ildoak biltzen dituzten bost lehentasun estrategikotan zehazten da. Hamasei lehentasunek Europako industrian abian diren trantsizio handiei erantzuten diete.
Euskadi 2030 – Industria Planak adierazten du euskal industriaren zein erronkari aurre egin behar zaien erabakitasunez. Ondoren aipatzen direnak dira deialdi honek gehien azpimarratu nahi dituenak:
– Gure trakzio-industriek sektore estrategikoetan duten enpresa-errotzea indartzea. Gure sektore estrategikoetako balio-kateetan industria-proiektu sendoak eta etorkizunekoak bultzatzea, jarduerari eta erabakiguneari eusteko Euskadin.
– Enpresen batez besteko tamaina handitzea, erabakiguneak lurraldean dituzten enpresa traktore gehiagorekin eta gure ETEen batez besteko tamaina handiagoarekin. Erronka hori gainditzeko, beharrezkoa da enpresen hazkundea sustatzea, integrazio- eta eskalatze-prozesuak erraztea, eta erabakiguneak erakarri edo finkatzea; horiek balio-kate oso eta konplexuen trakzio-gune gisa jardungo dute.
– Gure industria-sarearen dinamismoa areagotzea. Industria-ekimen berriak bultzatzea funtsezkoa da ekoizpen-sarea berritzeko eta dibertsifikatzeko. Euskadik oinarri industrial eta teknologikoko ekintzailetzari laguntzeko mekanismoak indartu behar ditu, bai eta ETEetan berrikuntzaren kultura sustatu ere.
– Talentua garatzea, arreta berezia jarriz industria erakargarriagoa eraikitzeko eta emakumeek, belaunaldi berriek eta gaur egun ordezkaritza txikia duten kolektiboek parte-hartze handiagoa izateko.
– I+G+b arloan inbertsio pribatua eta publiko-pribatua handitzea, lidergo teknologikoa sendotzeko. Euskadik oinarri zientifiko eta teknologiko sendoa du, baina Europa iparraldeko industria-eskualde liderrekin alderatuz gero, badago hobetzeko tartea I+G+b-ko inbertsioaren intentsitatean. Beharrezkoa da dimentsio hori indartzea, funtsezkoa baita sektore estrategikoetan lidergoari eusteko, trantsizio teknologikoari eta energetikoari aurre egiteko eta kalitatezko enplegua sortzeko.
– Azpiegitura energetikoak eta digitalak eskuratzea, hazteko, berritzeko eta iraunkorragoak izateko. Azpiegitura horien eskuragarritasuna, kalitatea eta kostu lehiakorra funtsezko faktoreak dira ekoizpen sarearen eraldaketa teknologikoa eta berdea bultzatzeko.
– Ekosistema finantzarioa indartzea, enpresei inbertsio eraldatzaileko eta eskalatze teknologikoko prozesuetan lagunduko dieten tresna eta operadore espezializatuen eskaintza zabalduz. Enpresen beharretara egokitutako laguntza espezifikoa ematea.
Horrela, gaur egun, bizi garen testuinguruan, egungo garaiek eskatzen duten industriaren benetako eraldaketa sustatu behar dugu. Gaur egun ditugun erronkak –industrialak, teknologikoak, energetikoak eta ingurumenekoak– elkarri lotuta daude eta aurrekaririk gabeko moduan eragiten diote elkarri.
Industriarako laguntza- eta zerbitzu-programek funtsezko zutabea izaten jarraitzen dute, baina ekimen disruptiboagoekin osatu behar dira; horregatik, Euskadi 2030 – Industria Planak gobernantza-eredu praktiko eta kolaboratibo bat ezartzea sustatzen du, Proiektu Eraldatzaileak gauzatzean oinarrituta.
Industria-politikako jardunbide onenekin bat etorriz, Plan honetan ezarritako lehentasun estrategikoak babestuko dituzten Proiektu Eraldatzaileak bultzatzeko ikuspegi proaktiboa hartu da. Proiektu horiek lankidetza publiko-pribatua izango dute sektore publikoaren eta pribatuaren arteko baterako sorkuntza proaktiboaren printzipioa sendotzeko, funtsezkoa baita irtenbide berritzaileak garatzeko eta gero eta konplexuagoak diren erronkei aurre egiteko.
Proiektu eraldatzaileen helburua da Euskadi 2030 – Industria Planaren lehentasun estrategiko bat edo batzuk lortzen laguntzea, zuzenean eta neurtzeko moduan.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoak, hainbat ekintza gauzatzen ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoan industria- eta enpresa-jarduera sustatzera bideratutako jarduerak egiteko ardura du.
Bestalde, Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legeak (DEAL) 7.2.a) artikuluan eskatzen du Lege horrek ezartzen duen dirulaguntzen kudeaketa eta esleipena hainbat printzipioren arabera egiteko, besteak beste, publizitate-printzipioaren arabera. Era berean, DEALen 8.3 artikuluak ezartzen du dirulaguntza edo diruz lagundutako programa mota bakoitzaren oinarri arautzaileak argitaratu behar direla Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
«Fast Track Innobideak 2026» programa berrikuntza-proiektuei laguntzeko programa bat da, erakundeetan berrikuntzaren kudeaketa eta sistematizazioa sendotzera eta EAEko enpresa berritzaileen oinarria zabaltzera bideratua.
Berrikuntza-jarduerak diruz lagundu ahal izango dira, bai eta berrikuntza bultzatzeko funtsezko ekintza osagarriak ere.
Fast Track Innobideak 2026 programa Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko urtarrilaren 24ko Aginduaren bidez 2025-2028 aldirako onartutako erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoan jasota dago, eta erakundearen Gardentasun Atarian argitaratu da; helburu hauek lortzen laguntzen du: berrikuntzaren kudeaketa eta sistematizazioa sendotzen lagunduko duten Berrikuntza Proiektuak egiten laguntzea, eta, hala, EAEko enpresa berritzaileen oinarria handitzea. SPRIko Administrazio Kontseiluak, 2025eko abenduaren 17an, gainera, programa honi dagokion gastua onartu zuen.
Hori guztia dela eta, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2026ko «Fast Track Innobideak» Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea. Horien edukia atxikita dago ebazpen honen eranskinean.
Bigarrena.– 2026. urterako «Fast Track Innobideak» programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian osorik argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Ebazpen honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2026ko otsailaren 6a.
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
JON ANSOLEAGA UGARTE.
ERANSKINA
«FAST TRACK INNOBIDEAK 2026» LAGUNTZA-PROGRAMAKO OINARRI ARAUTZAILEAK
1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.
1.– Xedea.
Oinarri hauen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dauden produktu-prozesu industrialeko ETE industrialetan eta zerbitzuetakoetan produktuaren eta/edo prozesuaren berrikuntza sustatzera bideratutako dirulaguntzen programa arautzea eta deialdia egitea, bi ildoren bidez:
1. ildoa: Euskadi 2030 – Industria Planean estrategikotzat jotako sektoreetan kokatutako berrikuntza-proiektuak egitea (https://bideoak2.euskadi.eus/2025/06/11/news_102489/PlanIndustria_completo.pdf): Irabazi sektorea (automobilgintza, energia, fabrikazio aurreratua, metalurgia eta mugikortasun jasangarria), Hazi sektorea (aeroespaziala, biosanitarioa, soluzio digital aurreratuak, sare adimendunak eta biltegiratzea, eta erregai berriztagarriak) eta JAUZI sektorea (merkatuan lidergo-ahalmena duten beste sektore batzuetako enpresak), barne hartuta, izaera mugatzailerik gabe, izaera eraldatzaileko proiektuetan txertatzen direnak.
2. ildoa: berrikuntza bultzatzeko funtsezko ekintza osagarriak egitea, BDIHko agenteek (Basque Digital Innovation Hub) eskainitako laguntza teknikoko jarduerak eta kudeaketa aurreratuko ekintzak (Kudeabide) barne.
2.– Laguntzen izaera.
a) Deialdi honetan ageri diren dirulaguntzak 2020ko uztailaren 2ko Batzordearen (EB) 2020/972 Erregelamenduak luzatutako (EB) 651/2014 Salbuespenen Erregelamendu orokorrean (2014ko ekainaren 26ko DOUE, 187. zk.) xedatutakoaren araberakoak dira, eta diruz lagundu daitezkeen jarduketak Erregelamenduaren 28. eta 29. artikuluetan sartzen dira. 651/2014 Erregelamenduaren 1.2 artikuluak xedatzen du ez zaiela aplikatuko hauei:
– Erregelamenduko 1. atalean (15. artikulua izan ezik), 2., 3., 4., 7. atalean (44. artikulua izan ezik) eta III. kapituluko 10. atalean jasotako araubideak, baldin eta Estatuaren laguntzetarako urteko batez besteko gastua 150 milioi eurotik gorakoa bada; indarrean sartu eta sei hilabetera, Batzordeak erabaki ahal izango du Erregelamendua laguntza-araubide horietako edozeini aplikatzen jarraitzea aldi luzeago batean, Estatu kideak Batzordeari jakinarazitako dagokion ebaluazio-plana aztertu ondoren, araubide hori indarrean jarri eta 20 egun balioduneko epean;
– 1. artikuluko 2. apartatuko a) letran jasotako araubideen aldaketak, erregelamendu honen araberako laguntza-araubidearen bateragarritasunari eragin ezin diotenak edo onartutako ebaluazio-planaren edukiari nabarmen eragin ezin diotenak;
– Esportazioarekin zerikusia duten jardueretarako laguntzak; zehazki, esportatutako kopuruei zuzenean lotutako laguntzak, banaketa-sare bat ezarri eta funtzionatzeko laguntzak edo esportazio-jarduerari lotutako beste kostu arrunt batzuetarako laguntzak;
– Inportatu beharrean produktu nazionalak erabiltzearen baldintzapeko laguntzak.
b) Emandako laguntzek itzuli beharrik gabeko dirulaguntza-izaera izango dute.
c) Dirulaguntzak norgehiagoka-prozedura baten bidez aitortuko dira, emandako dokumentazioaren eta 12. artikuluan ezarritako irizpideen eta prozeduraren arabera.
2. artikulua.– Baldintzak eta definizioak.
Programa honen helburuetarako definizio hauek ezarri dira:
– «Berrikuntza»: merkatuan ondasun edo zerbitzu berriak/nabarmen hobetuak txertatzea, edo enpresan negozio-prozesu berriak/nabarmen hobetuak ezartzea, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko (2018ko Osloko Eskuliburua). Emaitzak gauzatzeko asmoa erakutsi behar du eta hobekuntza nabarmena ekarri behar du enpresarentzat; halaber, merkatuan duen posizio lehiakorra hobetzeko ekarpena egin behar du.
– «TRL (Technological Readiness Level)»: tresna honek teknologia baten heldutasun maila neurtzen laguntzen du. Teknologia bat zer TRLtan dagoen zehazteko, Heldutasun Teknologikoaren Ebaluazioa egiten zaio hainbat elementu aztertzeko, hala nola programaren kontzeptuak, gaitasunak eta baldintza teknologikoak. Teknologia bakoitzaren TRLa zehazteko 1etik 9rako eskala hartuko da kontuan, eta 9 da teknologiarik helduena (https://ec.europa.eu/research/participants/data/ref/h2020/wp/2014_2015/annexes/h2020-wp1415-annex-g-trl_en.pdf).
– «Teknologia txertatzea»: teknologia berriak erabiltzea edo dagoeneko existitzen diren teknologien erabilera edo konbinazio berriak erabiltzea, ondasun edo zerbitzu berriak/hobetuak sortzeko edo prozesu berriak/hobetuak ezartzeko.
– «Metodologiak gehitzea»: metodo berriak edo lehendik dauden metodoen erabilera edo konbinazio berriak erabiltzea, eta horien ondorioz, prozesu berri eta hobetuak ezartzea, I+G+b babesteko eta balioztatzeko prozesuak eta I+G+b nazioartekotzeko prozesuak barne.
– «I+G+b arloaren babesa eta balorizazioa»: produktu, zerbitzu edo prozesu jakin baterako propietatea behar bezala babestearen bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa ezagutzeko jarduerak, babes mota egokiena, estalduraren eremu geografikoa, erakundearen berrikuntza-prozesuan txertatzea, eta erregistroaz arduratzen diren organismoen aurrean dagokion babes-eskaera aurkezteko (modalitate guztietan) beharrezko memoria eta dokumentazio teknikoa prestatzea.
– «I+G+b arloaren nazioartekotzea»: Euskadiko ETEei I+G+b sustatzeko Europako programa/ekimenetarako sarbidea ematen dieten jarduerak, espezializatutako kanpo-zerbitzuak azpikontratatuz.
– «Negozioaren prozesuak». Enpresaren barruko sei prozesu hauek hartzen ditu barne negozio-prozesuen berrikuntzak: Ondasunen eta zerbitzuen ekoizpena, Banaketa eta logistika, Marketina eta salmentak, Informazio- eta komunikazio-sistemak, Administrazioa eta kudeaketa, Produktuen eta negozio-prozesuen garapena (Osloko eskuliburua, 2018).
– «Negozio-eredua»: erakunde baten adierazpen abstraktua, testu moduan edo modu grafikoan, lotutako kontzeptu guztiena, finantza-akordioak, eta erakundeak eskaintzen eta eskainiko dituen produktu edo zerbitzuen portfolio nagusia, xedeak eta helburu estrategikoak lortzeko behar diren ekintzetan oinarrituta.
– «Berrikuntza bultzatzen duten kudeaketa aurreratuko ekintzak» (Kudeabide): ETEei enpresaren barruan berrikuntzaren kudeaketaren jarduera modu sistematikoan jorratzeko aukera ematen dieten jarduerak dira, eta gauzatzerakoan eta emaitzak ezartzerakoan arrakasta izateko aukera handitzen dute. Jarduera horiek aurretiazko gogoeta-prozesu bati erantzuten diote (Kudeaketa Aurreratuaren Hasierako Alderaketa Txostena, Kudeaketaren Diagnostikoa, Plan Estrategikoa edo Kudeaketa Plana).
– BDIH – Basque Digital Innovation Hub. Enpresei eskuragarri jarritako teknologiei lotuta prestakuntzarako, ikerketarako, testatzeko eta balioztatzeetarako aktibo eta zerbitzuen sare konektatua, esteka honetan jasota: (https://bdih.spri.eus/es/).
– BDIHko agentea. Basque Digital Innovation Hub osatzen duten agente zientifiko-teknologikoen multzoa da, esteka honetan jasota: (https://bdih.spri.eus/es/que-es/).
– EDIH – European Digital Innovation Hub. «Berrikuntza digitaleko zentroak» dira eta ez dute irabazi-asmorik. Enpresei, bereziki ETEei, eta sektore publikoari laguntzen diete eraldaketa digitala gauzatzen. EDIHren nukleoan ikerketaren eta teknologiaren arloko erakunde bat (RTO) edo unibertsitate-laborategi bat egon ohi da; horrek, bazkideekin batera, honako zerbitzu hauek eskaintzen ditu, besteak beste: teknologia digital, software eta hardware berriekin esperimentazioa, berrikuntza digitalei etekinik handiena ateratzeko gaitasunak eta entrenamenduak. Hautatutako EDIHen zerrenda esteka honetan ageri da: (https://european-digital-innovation-hubs.ec.europa.eu/edih-catalogue).
– BDIHko agenteek eskainitako laguntza teknikoko ekintzak: BDIHk enpresei eskainitako laguntza teknikoko jarduerak, teknologia digital eta jasangarriak xurgatzeko gaitasuna handitzeko ekintza-planak egitea eta/edo horien kontzeptu-probak egitea ahalbidetzen dutenak.
3. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programa honetara bideratutako baliabide ekonomikoak 13.500.000 eurokoak dira eta 2 jarduketa-ildo independentetara bideratuta daude; enpresek horietarako sarbidea izan ahalko dute: 1. ildoak 12.500.000 euro ditu (Berrikuntza Proiektuak egiten laguntzeko), eta 2. ildoari 1.000.000 dagozkio.
Baliabide horiek SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren aurrekontuetan horretarako ezarritako hornikuntzetatik eratorriko dira, eta 2026rako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan egongo dira sartuta.
2.– Programa hau finantzatzera bideratutako funts publikoak eskatzaileen artean banatuko dira proiektuen balorazio-irizpideen arabera, eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera ezarriko da bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa.
3.– Soberakinak ildo batetik bestera transferitzea baimenduko da. Horretarako, soberakina beste ildora transferitu aurretik ebatzi beharko da, eta horren zuzkidura handitu egingo da (kasu horretan, ebazpena eman aurretik), dagoeneko ebatzita dagoen ildotik transferitutako funtsekin.
4.– Jasotako eskaeren arabera eta helburu bererako aurrekontua badago, 1. ildoaren aurrekontuaren gehieneko zenbatekoa 2.100.000 euro gehiagoz handitzeko aukera aurreikusten da (hau da, 15.600.000 eurora arte). Gehieneko zenbatekoa handitzeko ebazpena EHAAn argitaratu beharko da. Edonola ere, argitaratze horrek ezin ekarriko du eskabide berriak aurkezteko epea irekitzea edo ebazteko epe berri baten hasiera.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak eta baldintza hori lortzeko eskakizunak.
1.– Dirulaguntzak jaso ahal izango dituzte baldintza hauek betetzen dituzten pertsona juridikoek:
a) ETEak izatea, 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EB Batzordearen Gomendioaren arabera.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan industria-jarduerarako edo industria-produktuarekin edo -prozesuarekin lotutako zerbitzuetarako zentro bat izatea, eta bertatik zuzenean garatzea diruz lagun daitezkeen jarduerak. EAEtik kanpoko langileek parte hartzen badute, parte hartzeko beharra justifikatu behar da, proiektuari egotzitako langileen kostuaren gehiengoa EAEra atxikitako langileei dagokiela bermatuz, proiektuaren buruzagitza barne.
c) Euskadiko Ekonomia Jardueren gaineko Zergaren dagokion epigrafean alta emanda egotea. Epigrafe hori kontuan hartuko da enpresaren jarduera artikulu honetako 1. apartatuan adierazitako programaren xede-jardueraren batekin bat datorren zehazteko.
d) 2. ildoan, berrikuntza bultzatzen duten kudeaketa aurreratuko ekintzei dagokienez (Kudeabide), gutxienez 50 enpleguko batez besteko plantilla izan beharko dute dirulaguntzaren eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan.
Enplegu kopurua lanaldi osoko urte osoko baliokideen araberakoa izango da. 11. artikuluan adierazitako ziurtagirien bidez baloratuko da hori. Plantillako kidetzat hartuko dira enpresaren jarduerara atxikitako langile autonomoak, baldin eta, haien egoeragatik, ezin badira Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanda egon.
2.– Ezingo dituzte deialdi honetan aurkezten diren dirulaguntzak jaso:
a) DEALen 13. artikuluan aurreikusitako egoeraren batean daudenek.
Zehazki, eskatzaileek zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzako betebeharrak eta dirulaguntzen itzulketen betebeharrak betetzen dituztela aintzat hartuko da Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak 2023ko otsailaren 13an emandako Aginduak ezarritako kasuetan. Hala, dirulaguntzen itzulketen betebeharren ordainketan eguneratuta dagoela aintzat hartuko da zorrak zatikatuta edo atzeratuta eta bermatuta daudenean edo itzultzeko dagokion ebazpenaren inpugnazioa bertan behera uztea adostu bada.
b) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituztenek.
c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe daudenek.
d) Krisian dauden enpresek, estatuek krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (DOUE 2014/C 249/01).
e) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kide diren entitateek, ikerketa espezializatuko eta/edo bikaineko jarduerak egiten dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloko entitateek, bai eta Tarteko agentetzat hartzen direnek ere.
Hauek hartuko dira Tarteko Agentetzat:
– Euskadiko Kluster Elkarteak.
– Enpresaburuen elkarteak eta elkarte sektorialak.
– Tokiko, eskualdeko edo probintziako garapen-agentzia, betiere irabazi-asmorik gabeko entitateak badira eta kapitalaren gehiengoa publikoa badute.
– Enpresen lehiakortasuna sustatzeko eta hobetzeko gaietan funtzioak garatzen dituzten tokiko korporazioak.
f) Sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeek, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
g) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste larri eta oso larriengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatuak izan direnek, dagozkion neurri zuzentzaileak bete eta isuna ordaindu arte.
h) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatu dutenek, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
3.– Laguntza-eskaera aurkezten den unetik hasi eta azken ordainketara arte bete beharko dira aurreko apartatuetan laguntzen onuradun izateko aipatutako eskakizunak.
4.– Aurreko paragrafoetan aurreikusitako alderdiak modu honetan egiaztatuko dira:
a) SPRIk ofizioz egiaztatuko du honako eskakizunak betetzen direla:
– Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera industrialerako edo produktu-prozesu industrialekin lotutako zerbitzuak eskaintzeko zentro bat dutela, zeinetan proiektuak eragina izango duen.
– Euskadiko Ekonomia Jardueren Gaineko Zergaren epigrafe industrialean alta emanda daudela.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituztela.
Dena den, enpresa eskatzaileak uko egin diezaioke ofizioz egiaztatzeari. Hala bada, kasu bakoitzean eskumena duen organoaren administrazio-ziurtagiriak eman beharko ditu. Ekonomia Jardueren gaineko Zergako dagokion epigrafean emandako alta horrek, gutxienez, sei hilabeteko antzinatasuna izan beharko du, laguntza eskatzen denetik sei hilabete baino epe laburragoan eratutako enpresentzat izan ezik.
b) Gainerako baldintzak 11. artikuluan adierazitako dokumentazioa aurkeztuz edo oinarri hauen 1. eranskinean jasota dagoen normalizatutako ereduaren araberako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatuko dira. Bigarren kasu horretan, erantzukizunpeko adierazpen horretan adierazitako dokumentazioa egiaztatzeko betebeharra izango du eskatzaileak, SPRIk hala eskatzen dionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan eta DEALen 13.9 artikuluan aurreikusitako eskakizunak betez. Erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatutako baldintzen egiazkotasuna ikuskapen bidez edo dokumentazioa eskatuz egiaztatu ahal izango da hala badagokio.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Hauek izango dira diruz lagundu daitezkeen jarduerak:
a) 1. ildoa: Euskadi 2030 – Industria Planean estrategikotzat jotako sektoreetan kokatutako berrikuntza-proiektuak egitea (https://bideoak2.euskadi.eus/2025/06/11/news_102489/PlanIndustria_completo.pdf): Irabazi sektorea (automobilgintza, energia, fabrikazio aurreratua, metalurgia eta mugikortasun jasangarria), Hazi sektorea (aeroespaziala, biosanitarioa, soluzio digital aurreratuak, sare adimendunak eta biltegiratzea, eta erregai berriztagarriak) eta JAUZI sektorea (merkatuan lidergo-ahalmena duten beste sektore batzuetako enpresak), barne hartuta, izaera mugatzailerik gabe, izaera eraldatzaileko proiektuetan txertatzen direnak.
I.– Produkturako eta prozesurako TRL altuak (TRL 7-9) garatzea. Proiektu horietan, besteak beste, jarduera hauek sartzen dira: erakusteko jarduerak, proiektu pilotuak egitea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak probatu eta baliozkotzea, funtzionamenduaren baldintza errealak adierazten dituzten inguruneetan, eta sistema oso eta ingurune errealeko ziurtagiri baterako probak eta erakustaldiak.
II.– Produktu eta prozesurako teknologiak gehitzea. Produktu eta/edo prozesu berriak/nabarmen hobetuak sortzen lagunduko duten soluzio teknologiko bat edo batzuk onartzeko, integratzeko eta erabiltzeko proiektuak.
III.– Negozio-prozesuetarako metodologiak txertatzea. Metodo berriak edo lehendik dauden metodoen erabilera edo konbinazio berriak onartu, integratu eta erabiltzeko proiektuak, prozesu berriak/nabarmen hobetuak ezartzeko.
IV.– Negozio-ereduetan. Negozio-eredu berriak diseinatu eta abian jartzeko proiektuak, enpresak gaur egun edo etorkizunean saltzen dituen produktu eta zerbitzu nagusiak sortu eta hobetzeko, bere xede eta helburu estrategikoak lortzeko.
b) 2. ildoa: berrikuntza bultzatzeko funtsezko ekintza osagarriak egitea, BDIHko agenteek eskainitako laguntza teknikoko jarduerak eta kudeaketa aurreratuko ekintzak (Kudeabide) barne.
I.– BDIHko agenteek eskaintzen dituzten laguntza teknikoko jarduerak, teknologia digital eta jasangarriak xurgatzeko gaitasuna handitzeko ekintza-plan bat egiteko eta teknologia horietara bideratutako kontzeptu-proba bat egiteko aukera ematen dutenak:
– Robotika malgua eta kolaboratiboa.
– Fabrikazio aditiboa.
– Material aurreratuak.
– Zibersegurtasuna.
– Adimen artifiziala.
– Makina adimendunak eta konektatuak.
– Gailu medikoak eta osasun digitala.
– Sare elektriko digitalak.
BDIHko agenteetako batek ere ezin badie erantzun enpresa txiki eta ertain eskatzailearen premiei, European Digital Innovation Hubs (EDIH) sareko beste EDIH batzuekin lankidetzan aritzea kontuan hartu ahal izango da, baldin eta erabaki hori behar bezala justifikatuta badago eta berrikuntza digital espezializatuko zerbitzuetarako sarbidea eta proiektua behar bezala gauzatzea bermatzen badu.
II.– Kudeaketa aurreratuko ekintzak, berrikuntza sustatzeko (Kudeabide), kudeaketa-ereduaren arabera enpresaren aurrerapena erraztuko duten kudeaketa-metodologiak eta -tresnak aplikatu eta ezartzera bideratuak, gutxienez arlo hauetako batean:
– Estrategia: beharrezko informazio estrategikoa lortzera eta parte-hartzezko hausnarketa-prozesuak egitera bideratutako proiektuak, ondoren, horiekin, estrategia bat ezarri eta hori, gero, behar bezala hedatu eta komunikatzeko, estrategia horren mesedetan kudeatuz ekonomia- eta finantza-baliabideak, teknologia eta informazioa.
– Bezeroak: bezeroekiko harremanak eta balio-kateko elementu guztien (produktu eta zerbitzuen garapena, merkaturatzea, ekoizpena, banaketa eta mantentze-lanak) eraginkortasuna sustatuko dituzten proiektuak, enpresa-estrategian zeregin garrantzitsua bete dezaketen entitate hornitzaileetan eta azpikontratistetan babesa bilatuta.
– Pertsonak: ezagutza, gaitasunak eta lidergo-ahalmena hautatzeko, ordaintzeko eta garatzeko prozesuak hobetzera bideratutako proiektuak, enpresa-estrategiarekin bat etorriz.
– Gizartea: lan soziala haren gaitasunekin bat etorrita gauzatzera bideratutako proiektuak, eta era berean, ingurumen-jasangarritasunari ekarpena egiten dioten neurriak sustatzen dituztenak.
– Berrikuntza: berritzeko helburuak eta estrategia zehaztera bideratutako proiektuak, pertsonek arriskuak hartzea, ekintzailetzan aritzea eta berrikuntzak egitea sustatuko duen barneko testuingurua sortzera zuzendutako proiektuak; baita ingurunearen gaitasun berritzailea aprobetxatuko dutenak ere, berrikuntzaren ideiak eta proiektuak eraginkortasunez kudeatuz.
– Emaitzak: bezeroetan, pertsonetan, gizartean eta berrikuntzan emaitza estrategikoak neurtzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko mekanismoak sortzeko aukera ematen duten proiektuak.
2.– 1. ildoaren kasuan, proiektu batek dirulaguntza jasotzeko, gutxienez 50.000 euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko du.
2. ildoaren kasuan, proiektu batek, dirulaguntza jasotzeko, gutxienez 10.000 euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko du.
3.– Ez dira inolaz ere diruz lagundu daitezkeen jarduketak izango produktuetan, ekoizpen-lerroetan, fabrikazio-prozesuetan, zerbitzuetan eta abian dauden beste operazio batzuetan egindako ohiko edo aldizkako aldaketak, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzak ekarri.
4.– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ezingo dute baldintzatu inportatutako produktuen ordez bertako produktuak erabiltzea.
5.– Laguntza-eskaera bide elektronikotik aurkeztu ondoren hasi beharko da diruz lagundu daitezkeen jarduerak egiten, deialdiaren urte naturalean, eta gehienez 12 hilabeteko epean ezarri beharko da laguntzaren eskaeran adierazitako proiektu-hasieraren datatik zenbatzen hasita, eta betiere, 2027ko uztailaren 30a baino lehen.
6.– Ez dira diruz lagunduko artikulu honetan deskribatzen diren eta erakunde onuradunaren beraren katalogoaren barruan dauden produktuak/zerbitzuak.
7.– Inola ere ez da diruz lagunduko Europar Batasuneko kide diren beste herrialde batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea; eta, ondorioz, Programa honen testuinguruan diruz lagundutako dirulaguntzek ezingo dute zuzenean lotuta egon esportatutako kantitateekin, banaketa-sare bat martxan jarri eta ustiatzearekin, edo esportazio-jarduerarekin lotutako beste ohiko gastu batzuekin.
6. artikulua.– Gastu hautagarriak eta gastu hautagarriei aplikatzeko baldintzak.
Honako hauek hartuko dira programa honen gastu hautagarritzat:
1.– 1. ildoaren kasuan, hauek:
a) Langileen kostuak: ikerlariak, teknikariak eta gainerako langile laguntzaileak, proiektuan jarduten duten heinean, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko a) apartatuaren arabera. Proiektuak gutxieneko langile-gastu bat jaso beharko du, proiektua gauzatzeko egin duen zuzeneko ekarpena islatuko duena, eskabidean behar bezala justifikatuta.
b) Tresnen eta ekipoen kostuak proiekturako erabiltzen diren heinean eta aldian zehar, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko b) apartatuaren arabera.
c) Proiektuaren baitan eta denboran zehar erositako edo erabateko konpetentzia duten kanpo-iturrien lizentziaren bidez eskuratutako patenteen kostuak, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko b) apartatuaren arabera.
d) Gastu orokorrak eta beste ustiapen-gastu gehigarri batzuk, proiektutik zuzenean eratortzen diren materialen, horniduren eta antzeko produktuen kostuak barne, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko d) apartatuaren arabera.
e) Berrikuntzarako aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuen kostuak, 651/2014 Erregelamenduaren 28.2 artikuluko c) apartatuaren arabera. Horien barruan sar daitezke dirulaguntza justifikatzen duen kontuko proiektuaren kostuen auditoretza. Auditoretzaren kostuek 1.500 euroko dirulaguntza jaso dezakete gehienez ere proiektu bakoitzeko.
f) Ezagutza ikertzeko eta zabaltzeko erakunde batetik edo enpresa handi batetik datozen kualifikazio handiko langileak zerbitzu-eginkizunetan bidaltzeko kostuak, erakunde onuradunean sortu berri den funtzio batean ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jardueretan lan egiten dutenak eta beste langile batzuk ordezten ez dituztenak, 651/2014 Erregelamenduaren 28.2 artikuluko b) apartatuaren arabera.
g) Horretarako egiaztatuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak eta/edo proiektuaz kanpoko beste kolaboratzaile batzuk azpikontratatzeko kostuak, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluaren c) apartatuaren arabera.
2.– 2. ildoaren kasuan, hauek:
BDIHko agenteek eskainitako laguntza teknikoko jarduketen kasuan:
a) Langileen kostuak: ikerlariak, teknikariak eta gainerako langile laguntzaileak, proiektuan jarduten duten heinean, 651/2014 Erregelamenduaren 29.3 artikuluko a) apartatuaren arabera.
b) Berrikuntzarako aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuen kostuak, 651/2014 Erregelamenduaren 28.2 artikuluaren c) apartatuaren arabera.
Kudeaketa aurreratuko ekintzen kasuan (Kudeabide):
a) Berrikuntzarako aholkularitza- eta laguntza-zerbitzuen kostuak, 651/2014 Erregelamenduaren 28.2 artikuluaren c) apartatuaren arabera.
3.– Ildo batean ere ez dira hautagarriak izango dirulaguntza kudeatzeko auditoretzaren gastuak.
4.– DEALen 30.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu sektore publikoko kontratazioaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, eta betiere hirugarrengoen kontratazioren bat baldin badago, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, bere ezaugarriak bereziak izateagatik, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde, edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada.
Justifikazioa aurkeztutako eskaintzen artean aukeratzeko, efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak hartuko dira kontuan, eta abantailarik handienak dituen proposamen ekonomikoa aukeratzen ez bada, berariaz justifikatu beharko da memoria batean.
5.– Ez dira aintzat hartuko abenduaren 29ko 3/2004 Legean (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusitako ordainketa-epeak betetzen ez dituzten fakturak, ezta benetako ordainketa-data likidazio-eskaera baino beranduagorako atzeratuta duten fakturak ere.
6.– Gastu hautagarriek arrazoizkoak izan behar dute, eta mugatu egin ahal izango da SPRIk hala iritziz gero.
Diruz lagundu daitezkeen gastuak eskuratzeko kostua ezingo da inolaz ere merkatuaren balioa baino altuagoa izan. Alde horretatik, antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia dela irizten bada, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.
7.– Kontratazioari edo azpikontratazioari dagokionez, 1. ildoan diruz lagundutako proiektuaren kostu guztiaren % 75era arte baimenduko da, eta 2. ildoan, % 100era arte. Edonola ere, DEALen 31.1 artikuluan adierazitakoa bete beharko da.
Onuradun batek azpikontratatzen edo kontratatzen duela ulertuko da hirugarrenekin hitzartzen duenean dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean gauzatzea. Kontzeptu horretatik kanpo geratuko da onuradunak diruz lagundutako jarduera bere kabuz gauzatzeko egin beharreko gastuen kontratazioa.
Hirugarrengoekin hitzartutako jarduera diruz lagundutako zenbatekoa baino % 20 handiagoa bada, eta zenbateko hori 60.000 euro baino altuagoa bada, kontratazioak DEALen 31.3 artikuluko baldintzak bete beharko ditu.
7. artikulua.– Laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
1.– Deialdi honen xede diren dirulaguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntza gisa egituratuko dira, artikulu honetako 2. apartatuko gehieneko intentsitateak aplikatuz.
2.– Bi ildoetako onuradun bakoitzaren dirulaguntzak gehienez ere oinarri hauetako 6. artikuluan jasotako gastu hautagarrien % 50ekoak izango dira, onartutako diruz lagundutako gastuen aurrekontuen gainean, 651/2014 Erregelamenduko 28.2 eta 29.3 artikuluetan adierazitakoaren arabera.
3.– Deialdiaren finantzaketara bideratutako esleipen ekonomiko osoa ez bada iristen eskaera guztiei % 50eko intentsitatearekin erantzuteko, dirulaguntzetara bideratutako gehiengo osoaren zenbatekoaren onuradunen artean hainbanatuko da, diruz lagundu daitekeen jarduketa-ildo bakoitza banaka aztertuz, proiektuaren ebaluazioan lortutako puntuazioaren arabera.
4.– 1. ildoaren kasuan, dirulaguntzaren gehieneko kopurua 250.000 eurokoa izango da onuradun eta deialdi bakoitzeko, aurkeztutako proiektu guztientzat.
5.– 2. ildoaren kasuan, dirulaguntzaren gehieneko kopurua 30.000 eurokoa izango da onuradun eta deialdi bakoitzeko, aurkeztutako proiektu guztientzat.
Nolanahi ere, ezin izango da aldi berean gastu-kontzeptu bera finantzatu, eta bi ildoetarako dirulaguntzen gehieneko zenbatekoak ezin izango du 250.000 eurotik gorakoa izan deialdi honetako onuradun bakoitzeko.
8. artikulua.– Dirulaguntzen pilaketa eta mugak.
1.– Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunen jarduketek beste dirulaguntza batzuk jaso ahal izango dituzte, haien izaera eta dirulaguntza esleitzen duen organoa edo administrazioa edozein izanik ere. Erakunde onuradun bakoitzak jaso beharreko dirulaguntzen zenbatekoaren berri izan ondoren, erakundeak ebazpen honetan ezarritakoaren arabera jaso ditzakeen dirulaguntzak zehazteko, Europar Batasunean indarrean dauden arauak hartuko dira kontuan, eta, zehazki, 651/2014 Erregelamenduaren 8., 18. eta 29. artikuluetan ezarritakoa.
Dirulaguntza horiek bateragarriak izango dira proiektu edo jarduketa horri esleitutako bestelako dirulaguntzekin, laguntza-neurri horiek diruz lagundu daitezkeen beste kostu batzuentzat badira edo laguntza-neurriek diruz lagundu daitezkeen kostuekin bat eginez gero, erabat zein partzialki, aplikagarria den dirulaguntzen intentsitaterik edo zenbatekorik altuena gainditzen ez badute, Batzordearen 651/2014 Erregelamenduan (EB) ezarritakoaren arabera. Batasuneko instituzioek, agentziek, enpresa komunek edo beste organo batzuek modu zentralean kudeatzen duten Batasunaren finantzaketa ez badago estatu kidearen kontrolpean zuzenean edo zeharka, eta estatuko dirulaguntzekin uztartzen bada, azken horiek hartuko dira kontuan jakinarazpen-atalaseak eta dirulaguntzaren intentsitate gorenak errespetatzen diren jakiteko, betiere diruz lagundu daitezkeen kostuei esleitutako finantzaketa publikoaren zenbateko osoa ez bada Europako araudi aplikagarrian ezarritako finantzaketa-ehunekoak baino altuagoa.
2.– Proiektuari esleitutako laguntzen eta dirulaguntzen zenbatekoak ezingo ditu inolaz ere, modu isolatuan edo beste dirulaguntza batzuekin batera, jardueraren kostua edo aurreko apartatuko mugak gainditu, eta erakunde onuradunek SPRIri jakinarazteko betebeharra izango dute. Kasu horietan, ebazpen horren arabera esleitutako dirulaguntzak soberakinari dagokion kopuruaren arabera murriztuko lirateke.
9. artikulua.– Kanpoko enpresa-adituen baldintzak.
Kontratatu edo azpikontratatuko diren kanpoko aditu-enpresek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Ez izatea sektore publikoren baten parte, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera, 2. ildoan izan ezik, zerbitzua BDIHren agente batek eskaintzen duenean.
b) Ez izatea zuzeneko edo zeharkako parte-hartzerik laguntzaren erakunde eskatzailearekin % 25ean edo gehiagoan, ez eta haren gobernu-organoetan erabakitzeko gaitasunik ere.
10. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Bi ildoetan, oinarri hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da laguntza-eskaerak aurkezteko epea, eta 2026ko apirilaren 30ean bukatuko da. Dena den, eskatzaileei zuzendutako arreta teknikoa egun bereko 15:00etan amaituko da (Espainiako penintsulako ordua).
11. artikulua.– Dirulaguntza-eskaera.
1.– Eskaerak, errekerimenduak, jakinarazpenak, zuzenketak eta oinarri hauen ondoriozko gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoak erabiliz egingo dira, programaren webgunearen bidez.
2.– Laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren webgunearen bidez bete beharko dute laguntza-eskaera: (www.spri.eus/fasttrackinnobideak/).
3.– Eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek.
4.– Laguntza-eskaerak erakunde eskatzailea eta haren legezko ordezkaria eta erakundean harremanak izateko pertsona identifikatzeko datuak eta dirulaguntza jasotzeko bankuko kontuaren datuak jaso beharko ditu, ordainketak egin ahal izateko. Era berean, proiektuari buruzko datu espezifikoak ere izango ditu: izenburua, hasteko eta amaitzeko data, helburua, hornitzaileak, proiektuari lotutako kostuak.
5.– Eskatzaileak ez badu onartzen oinarri hauetan adierazitako dokumentuak ofizioz kontsultatzea, dirulaguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira dokumentu horiek.
6.– Laguntza-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Erakundearen legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, I. eranskinean ageri den normalizatutako ereduaren arabera.
Horrez gain, informazio hau ere eman beharko da:
– Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia (NAN) edo atzerritarraren identifikazio zenbakia (AIZ).
– Erakundearen izena, identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ), helbide soziala eta eratze-data.
– Laguntza-eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitekeen jarduera egingo duen eta Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen jarduera ekonomikoko zentro bateko helbidea (gutxienez).
– Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
– Enpresaren tamaina zehazteko datuak, hau da, enpleguaren urteko datuak, negozioaren bolumena eta negozioaren balantze orokorra, baita enpresari lotutako edo bazkidetutako gainerako enpresena eta talde osoarena ere. Horren barruan, talde osoaren antolakuntza-eskema gehitu beharko da, parte-hartzeekin eta enplegu-datuekin, ustiapen- eta balantze-kopuruekin, eta hori guztia dirulaguntzak eskatu aurreko ekitaldiei dagokienez.
b) Ordezkariaren notario-ahalorde nahikoa eta indarrean dagoena, salbu eta laguntza-eskaera eskatzailearen ordezkariak sinatu badu, pertsona juridikoaren ordezkariaren ziurtagiriaren bidez. Ziurtagiriak indarrean egon behar du eta agintaritza ziurtatzaile batek emandakoa izango da.
c) Finantza-erakundearen egiaztagiria, kontu korrontearen titulartasuna enpresa onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko, ordainketak egin ahal izateko.
d) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa, gehienez 60 orrialde (1. ildoa) eta gehienez 30 orrialde (2. ildoa) izango dituena, azala, aurkibidea eta eranskinak izan ezik. Letra-mota eta tamaina: Arial 11.
Memorietan honako alderdi hauek landu beharko dira:
i) 1. ildoaren kasuan:
Memoria teknikoak honakoa jasoko du:
– Proiektuaren oinarrizko datuak.
– 12. artikuluan ezarritako irizpide eraldatzaileen betetze-mailaren justifikazioa.
– Proiektuaren testuingurua eta laburpena.
– Enpresaren hasierako egoera eta proiektuaren aukera/beharra.
– Proiektuaren helburuak eta irismena.
– Berrikuntzaren maila.
– Proiektuak nola egiten duen bat enpresaren berrikuntza-estrategiarekin.
– Faseak eta zereginak.
– Proiektuaren emaitzak, arriskuak eta enpresaren inpaktua.
– Taldearen osaera.
– Aurrekontuaren justifikazioa.
– Aurrekontuaren laburpen osoa.
– Efektu pizgarria.
Memoria ekonomikoak honakoa jasoko du:
– Langileen zuzeneko kostuak.
– Kontratazio berriak.
– Inbertsioaren amortizazioa.
– Beste gastu batzuk.
– Azpikontratazioa.
– Aurrekontu osoaren laburpena.
ii) 2. ildoaren kasuan:
Memoria teknikoak honakoa jasoko du:
– Proiektuaren oinarrizko datuak.
– Proiektuaren, erronken eta helburu nagusien laburpen orokorra.
– Enpresaren hasierako posizioa eta espero den inpaktua.
– Faseak eta zereginak.
– Taldearen osaera.
– Aurrekontuaren justifikazioa.
– Aurrekontuaren laburpen osoa.
Memoria ekonomikoak honakoa jasoko du:
– Langileen zuzeneko kostuak.
– Azpikontratazioa.
– Aurrekontu osoaren laburpena.
e) Proiektua(k) egiteko kontratatu beharreko enpresa hornitzaileek igorritako eskaintzen kopia. Eskaintzak osorik aurkeztu behar dira, lankidetzaren norainokoa zehatz adierazita eta proiekturako aholkulari-taldeko kide bakoitzaren identifikazioarekin. Oraindik hornitzaile espezifikorik ez dagoen kasuetan, ez da beharrezkoa izango eskaintza aurkeztea, betiere proposamenak eskaintza aurkezteko ezintasuna justifikatzen badu eta etorkizuneko lankidetzaren irismena eta beharrezko profil profesionalak argi eta garbi definitzen baditu.
f) 30.000 eurotik gorako laguntza-eskaeren kasuan, erantzukizunpeko adierazpena, edo, hala badagokio, ROACen izena emandako auditorearen ziurtagiria, edo Adostutako Prozeduren Txostena, ordaintzeko epe legalei lotuta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikulua betetzeari dagokionez, agindu horrek zehaztutako baldintzetan.
Horrez gain, berrikuntza sustatzen duten kudeaketa aurreratuko ekintzen kasuan (Kudeabide):
g) Laguntza-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteetan alta emanda zeuden langileen batez besteko kopuruaren ziurtagiria (Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria). Kooperatiba-entitateen kasuan, Gizarte Segurantzarekin kolaboratzaile den entitatearen ziurtagiria, entitate eskatzaileko bazkideei dagokien batez besteko enplegu kopurua ziurtatzeko.
h) Kudeaketa Aurreratutako Hasierako Alderaketa Txostena, Kudeaketa Diagnostikoa, Plan Estrategikoa edo Kudeaketa Plana.
12. artikulua.– Ebaluazio- eta ebazpen-prozedura.
1.– Likidazio-eskaera ez badago puntu guztietan behar bezala beteta, edo ez badira, eskaerarekin batera, aurkeztu beharreko gainerako agiriak aurkezten, SPRIren Teknologia eta Berrikuntza arloak eskatuko du, gehienez 10 egun balioduneko epean, zuzen dadila akatsa, edo aurkez daitezela nahitaezko dokumentuak, ohartaraziz, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta horren berri emango zaio entitate eskatzaileari. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, laguntza ukatuko da, SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.
Proiektuaren memoria eta proiektuko lanak egiteko kontratatutako enpresa hornitzaileek igorritako gastuen egitura eta igorritako eskaintzak ezingo dira aldatu eskaera aurkeztu ostean, 14. artikuluak ezar dezakeena alde batera utzi gabe. Hala ere, SPRIk eskaerari buruzko informazio gehigarria eskatu ahal izango du ebaluazio-prozesuan, hala egin behar dela erabakitzen badu.
2.– Eskatzaileak helbide elektroniko bat adierazi beharko du jakinarazpenen abisuak bidaltzeko. Enpresa eskatzailearen harremanetarako helbide elektronikoa soilik onartuko da.
3.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epe barruan aurkeztutako eskaerak, eta programa honetan ezarritako eskakizunak betetzen ote diren aztertuko du.
4.– Programan parte hartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaerak SPRIren Zuzendaritza Nagusiak banan-banan emandako ebazpen bidez ezetsiko dira, eta enpresa eskatzaileei ezespen horren berri emango zaie.
5.– Proiektua ebaluatzeko jarraian adierazitako irizpideak aplikatuko dira, gehienez % 100era arte.
a) Gastu hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
i) Izaera Eraldatzailea. Pisu espezifikoa: gehienez % 15. Betetze-maila baloratzeko, elementu hauek hartuko dira kontuan:
– Euskadi 2030 – Industria Planarekin bat etortzea.
– Trakzio-efektua. Inpaktu estrukturala eta sistemikoa (proiektuak euskal ekonomian enpresa eskatzailetik haratago eragin adierazgarria sortzeko duen ahalmenaren balorazioa, enplegua sortzea, Euskadiko sektore estrategikoetan lehiakortasuna hobetzea eta EAEk industria-potentzia berritzaile gisa duen irudia barne).
– Balio erantsi handiagoko produktu eta zerbitzuetara dibertsifikatzeko potentziala, esportazio teknologikoak handitzeko aurreikuspenarekin, eta enpresa eskatzailearen nazioartekotzeari eta Europako autonomia estrategikoari ekarpena egiteko aurreikuspenarekin.
ii) Berrikuntzaren maila. Proiektuak enpresarentzat dakarren berrikuntzaren maila baloratuko da. Berrikuntzaren mailak esanguratsua izan beharko du, inpaktu garrantzitsua izan beharko du eta arrakastaz ezartzeko potentziala izan beharko du. Pisu espezifikoa: gehienez % 25.
iii) Proiektuaren emaitzak eta inpaktua. Soluzio berritzaileak garatzeko unean enpresa sendotzea baloratuko da. Proiektuaren inpaktuaren aurreikuspenak baloratuko dira. Pisu espezifikoa: gehienez % 30.
iv) Metodologia egokia. Proiektuaren helburuak lortzeko proposatutako plangintzaren egokitasuna baloratuko da: zereginak (azpikontratatuko direnak barne), iraupena, entregagaiak, parte-hartzaileak (rolen banaketa, azpi-zereginak eta pertsona bakoitzaren lan-karga), kronograma eta exekuzioaren adierazleak. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
v) Giza baliabideen egokitasuna. Taldearen dimentsio, jardun eta konposizio egokia baloratuko da (azpikontratatuko direnak barne), baita taldeak aurreikusitako zereginak bere gain hartzeko duen gaitasuna ere. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
vi) Egituraren argitasuna eta aurrekontuaren banakapena. Aurrekontua proiektuan aurreikusitako berrikuntza-helburuekin eta -jarduerekin koherentea ote den eta beharra justifikatuta ote dagoen baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
Proiektu bat hautatzeko, nota osoak lor daitekeen gehieneko notaren % 50 gainditu beharko du (gehienekoa % 100), eta, Berrikuntza-maila (ii) eta Proiektuaren emaitzak eta eragina (iii) irizpideetako nota haren balio maximoaren % 50 edo handiagoa izan beharko da. Bi baldintzak betetzen ez badira, eskaera atzera botako da.
b) Berrikuntza sustatzeko ekintza osagarriak aukeratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
i) Programaren helburuetara egokitzea Proiektuaren helburuak eta horiek berrikuntza sustatzeko bat etortzea baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 35.
ii) Proiektuaren zereginak egokitzea helburuak lortzeko: proiektuaren helburuak lortzeko proposatutako zereginen egokitasuna baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 35.
iii) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea egokitzea (ekipoen erreferentziak antzeko proiektuetan, esperientzia profesionala, ekipoaren hornikuntza eta trebakuntza): ekipoak proiektuaren arloan duen aldez aurretiko ezagutza eta esperientzia baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
iv) Enpresaren berrikuntza-jarduerari dagokionez emaitzetatik espero den inpaktua: proiektuak enpresaren berrikuntza-jardueran inpaktua izatea baloratuko da. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
v) Metodologia egokia. Proiektuaren helburuak lortzeko proposatutako plangintzaren egokitasuna baloratuko da: zereginak (azpikontratatuko direnak barne), iraupena, entregagaiak, parte-hartzaileak (rolen banaketa, azpi-zereginak eta pertsona bakoitzaren lan-karga), kronograma, aurrekontua eta exekuzioaren adierazleak. Pisu espezifikoa: gehienez % 10.
Berrikuntza bultzatzeko ekintza osagarriak honako kasu hauetan hautatuko dira: guztizko notak ahalik eta nota handienaren (% 100) % 50 gainditzen duenean, eta irizpideetako nota Programaren helburuetara egokitzea (i), Proiektuaren zereginak programaren helburuak lortzera egokitzea (ii) eta Talde sustatzailearen eta kanpoko taldearen egokitasuna (iii) gehieneko balioaren % 50 edo gehiago denean. Bi baldintzak betetzen ez badira, eskaera atzera botako da.
6.– Dirulaguntza-eskaeren ebaluazioaren proposamena. Espedientea osatuta zer unetan dagoen aintzat hartuta, erakunde kudeatzaileak banan-banan aztertuko ditu epean aurkeztutako eskaerak, eta programa honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du. Programan parte hartzeko ezarritako eskakizunak betetzen ez dituzten eskaerak SPRIren Zuzendaritza Nagusiak banan-banan emandako ebazpen bidez ezetsiko dira, eta enpresa eskatzaileei ezespen horren berri emango zaie.
7.– Dirulaguntza-eskaeren ebaluazioa. Ebaluazio-organoak oinarri hauetan ezarritako irizpideak aplikatuz baloratuko ditu eskaerak, eta egindako ebaluazioaren emaitza zehazteko txosten bat igorriko du. Espedientea eta ebaluazio-organoaren txostena ikusita, organo-kudeatzaileak SPRIren Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako ebazpen-proposamena formulatuko du.
Honako hauek osatutako dute ebaluazio-organoa:
a) SPRIren Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun Saileko zuzendaria; organoaren presidentea izango da eta berdinketa kasuetan bere botoak ebatziko du. Presidentea kanpoan denean, presidenteordeak ordeztu ahal izango du.
b) SPRIko Berrikuntza Saileko arduraduna izango da presidenteordea. Ordezko gisa, SPRIko Teknologia Saileko arduraduna.
c) Programaren arduraduna idazkaria izango da. Ordezko gisa, SPRIko berrikuntza-teknikari kargua.
Ebaluazio-organoaren funtzionamenduari dagokionez, Sektore Publikoko Erregimen Juridikoari buruzko 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
8.– SPRIko Zuzendaritza Nagusiak egingo du ebazpen-prozedura, norgehiagoka bidez, eta jakinaraziko du zenbateko dirulaguntza emango den, zein baldintzatan ematen den eta zein epetan gauzatu behar den diruz lagunduko den jarduera; era berean, jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza ere adieraziko da.
9.– Ebazteko epea. Ebazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik zenbatzen hasita. Aipatutako epean ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
10.– Ebazpena gehienez ere 10 egun balioduneko epean jakinaraziko zaio eskatzaileari, igorri den egunetik zenbatzen hasita; eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren zuzendari nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Bestela, zuzenean, Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegien aurrean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.
11.– Ebazpena SPRIren webgunean eta EHAAn argitaratuko da, denek izan dezaten emandako laguntzen berri.
13. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Onuradunen betebeharrak dira DEALen 14. eta 42. artikuluetan jasotakoak, eta zehazki eta xede mugatzailerik gabe, hauek:
1.– Dirulaguntzaren esleipena oinarritzen duen jarduera egitea edo egoera horretan egotea.
2.– Eskakizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatzea SPRIren aurrean eta dirulaguntzak jasotzeko edo gozatu ahal izateko beharrezkoa den jarduera egitea.
3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horrekin lotuta, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jaso den dataren ondorengo hamabost egun balioduneko epean, erakunde onuradunak ez badio SPRIren aurrean laguntzari espresuki uko egiten, onartuta geratu dela ulertuko da.
4.– Dirulaguntza erabiltzea proiekturako.
5.– SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentazio osagarria eska dezakeela eta SPRIk izendatutako langileek, bere edozein instalaziotan, beharrezkotzat eta egokitzat jotako egiaztapen guztiak egin ditzaketela onartzea. Horien guztien helburua izango da emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla egiaztatzea.
6.– Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.
7.– Hala badagokio, SPRIk egin beharreko egiaztapen-jarduketak baimentzea edo Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoak, Euskadiko Kontu Publikoen Auzitegiak edo estatuko zein erkidegoko beste edozein kontrol-organo eskudunek jasotako dirulaguntzen gainean egin beharreko beste edozein egiaztapen eta kontrol finantzario baimentzea, aurretik aipatutako zeregin horiek egiteko beharrezkoa den edozein informazio emanez. Hala badagokio, SPRIk laginketa-tekniken bidez egin beharreko egiaztapenak barne.
8.– SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide eskatu edo jaso badute hemen araututako dirulaguntzen xede berbererako edo antzekorako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik. Jakin eta berehala jakinarazi beharko da, eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen edo justifikatzeko unean.
9.– SPRIri berehala jakinaraztea laguntza emateko garaian kontuan hartutako edozein egoera aldatu dela.
10.– Konfidentzialtasunaren, datu pertsonalen babesaren eta enpresen isilpekoen balizko mugak errespetatuz, SPRIrekin lankidetzan aritzea proiektuaren eta dirulaguntzaren xede-emaitzak zabaltzeko, SPRIk dituen komunikazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-mekanismoen bidez.
11.– Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.
12.– Hedapen-neurri hauek ezartzea dirulaguntza jasoko duen programaren, jardueraren, inbertsioaren edo jarduketaren izaera publikoari publizitate egokia eman ahal izateko, DEALekin bat etorriz:
– Jendaurrean zabaltzeko prestatzen diren dokumentuetan, karteletan, propagandan eta argitalpenetan, SPRIren logotipoa eta esaldi hau jaso beharko dira: «SPRIk diruz lagundua», esteka honetan eskuragarri dagoen formatuaren arabera: (https://www.spri.eus/es/logo/).
– Diruz lagundutako jarduerarekin lotutako ekintzen argitalpenean, iragarkietan eta publizitatean bi hizkuntza ofizialak erabiltzea.
– Dirulaguntza jaso dezaketen programa, jarduera, inbertsio edo jardueren finantzaketaren izaera publikoaren publizitate egokia ematea, gardentasunari buruzko legerian ezarritakoaren arabera.
13.– Esleipenaren ebazpena eman aurretik eta ordaintzerako unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak zein dirulaguntzen itzulketei lotutako betebeharrak egunean daudela egiaztatzea, ogasunaren arloan eskumenak dituen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren saileko titularrak emandako aginduan ezartzen den moduan.
14.– Erakundearen izaera juridikoa dela eta kontabilitate-liburuek hala ezarriz gero, diligentzia-erregistroak eta behar bezala ikustatutako gainerako dokumentuak aurkeztea pertsona onuradunari dagokion merkataritzako legediak eta sektoreko legediak ezartzen duen terminoetan, baita dirulaguntzen oinarri arautzaileek eskatzen dituzten kontabilitateko egoera-orriak eta erregistroak ere, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak behar bezala egin daitezkeela bermatzeko.
15.– Jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa azaltzea, eta zenbateko hori SPRIri itzultzea, baldin eta ebazpen batek hori itzuli egin behar dela ezartzen badu.
16.– Jasotako funtsen aplikazioaren dokumentu justifikatzaileak gordetzea, dokumentu elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko jarduketak egin ahal izateko.
17.– Garatutako jardueraren edo jarduketaren gaineko diruz lagundutako kostuaren soberakina edo jasotako funtsak itzultzea, DEALen 36. artikuluan jasota dauden kasuetan.
18.– Hizkerak eta irudiek ikuspegi intersekzionala errespetatzea eta, batez ere, sexua eta generoa, dirulaguntza jasoko duen jarduerak edo proiektuak eskatzen dituen dokumentu eta material guztietan. Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.
19.– Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eta, batez ere, euskara erabiltzea diruz lagundutako jarduketarekin lotutako argitalpenetan, iragarkietan eta publizitatean.
20.– DEALen 30.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera, dirulaguntza jasotzen duena enpresa bat baldin bada, operazio komertzialetan egindako diruz lagundu daitezkeen gastuak aplikagarria den sektoreko araudian aurreikusitako ordainketa-epeetan ordaindu beharko dira, edo, hala badagokio, merkataritzako-operazioetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako epeetan.
21.– Onuraduna DEALen 48.1 artikuluan aurreikusita dauden egoeretan baldin badago, deslokalizazioan ez erortzea.
14. artikulua.– Dirulaguntzak aldatzea eta epeak zabaltzea.
1.– Aurreikusita dago dirulaguntza ematen duen organoak emandako dirulaguntza edo bere baldintzak aldatzea erabakitzea, gertatutako egoerari buruzko balorazioa egin ostean, ofizioz edo interesdunak eskatuta, baldintza hauek betetzen direnean:
a) Alde baten instantziari erantzunez gero, onuradunak jakin bezain pronto komunikatzea eta, nolanahi ere, jasotako funtsei emandako aplikazioaren justifikazioaren aurretik, DEALen 14.e artikuluan jasotako betebeharra betez.
b) Zenbatekoa ez handitzea.
c) Egindako jarduera edo jokabidea edo egingo dena oinarri arautzaileen xedearen barruan egotea.
d) Aldaketa justifikatzen duten baldintzak onuradunaren borondatearen araberakoak ez izatea.
e) Aldaketa sustatu duten elementu eta baldintza berriak hasieran eman izan balira, dirulaguntza ukatzeko modukoak ez izatea eta aldaketa ez izatea hasieran onartutako proiektua erabat aldatzeko bezain handiak.
f) Hirugarrengoen eskubideak ez urratzea.
2.– Onuradunak emandako dirulaguntza osoa edo partziala jaso badu, eta aldaketarekin zenbatekoa txikitzen bada, DEALen 40. artikuluan aurreikusitakoa jarraituko da.
3.– Era berean, SPRIk epearen luzapen bat onar dezake jarduerak burutzeko, betiere enpresa onuradunek hala eskatzen badute eta behar bezala justifikatzen badute. Horrek atzerapen proportzional bat ekarriko du jasotzeko dagoen laguntza-zatiaren ordainketan. Luzapen hori laguntzaren eskaeran proiektu-amaierako data gisa ezarritako eguna baino lehen eskatu beharko zaio SPRIri. Eskatutako luzapena ezingo da inolaz ere 2027ko uztailaren 30eko epemugaren ondorengoa izan.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta gero, onuradunek jarduera burutu izana justifikatu beharko dute SPRIren web-orriko likidazio-eskaeretarako plataforma elektronikoa erabiliz (www.spri.eus/fasttrackinnobideak/).
Likidazio-eskaera aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da laguntza-eskaeran proiektua burutzeko ezarritako egunetik zenbatzen hasita. Proiektua dagokion onarpen-ebazpena eman baino lehen amaitzen bada, likidazio-eskaera aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da ebazpen hori jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita.
2.– Likidazio-eskaera hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek.
3.– Likidazio-eskaerak erakunde eskatzailea eta haren legezko ordezkaria eta erakundean harremanak izateko pertsona identifikatzeko datuak eta dirulaguntza jasotzeko bankuko kontuaren datuak jaso beharko ditu.
4.– Ez dira kontuan hartuko 2004ko abenduaren 29ko 3/2004 Legeak (merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituena) aurreikusten dituen ordainketa-epeak betetzen ez dituzten fakturak.
5.– Ez dira aintzat hartuko ordainketa-data zehatza likidazio-eskaeraz harago luzatua duten fakturak, ezta dirulaguntzaren eskaeran ezarritako proiektuaren hasiera-dataren aurreko igorpen-data dutenak ere.
6.– Likidazio-eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira.
a) 1. ildoaren kasuan, dirulaguntza kontu justifikatzailearen bidez justifikatuko da, auditoretza-txostena entregatuz, DAOren 72 eta 74 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Kontu justifikatzailea betetzea errazteko, esleipen-ebazpenarekin batera, dagozkion jarraibideak igorriko zaizkio erakunde onuradun bakoitzari.
Dokumentazio hau gehituko da gutxienez:
i) Dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete direla justifikatzen duen jarduera-memoria, egindako jardueren eta lortutako emaitzen deskribapenarekin eta dagozkien entregagaiak barne.
ii) Egindako jardueren kostua justifikatzen duen memoria ekonomikoa, honakoarekin:
– Jardueraren gastuen eta/edo inbertsioen zerrenda sailkatua, hartzekodunaren eta dokumentazioaren identifikazioarekin, zenbatekoarekin, igorpen-datarekin eta, hala badagokio, ordaintzeko epearekin. Dirulaguntza aurrekontuaren arabera esleitzen bada, izandako desbideratzeak adieraziko dira.
– Diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuen inputazioari dagokionez, jarduerari inputa dakiokeen zeharkako kostua da behar bezala justifikatutako langileen kostuaren % 15, inolako justifikazio gehigarririk gabe.
– Merkataritzako trafiko juridikoan baliokideak diren eta frogatzeko balio duten fakturak edo dokumentuak edo eraginkortasun administratiboa dutenak, aurreko paragrafoan erreferentzia egin diogun horri dagokionez, eta, hala badagokio, ordaindu izana egiaztatzen duen dokumentazioa.
– Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten beste diru-sarrera edo dirulaguntza batzuen informazio xehea, zenbatekoa eta jatorria adieraziz.
– DEALen 30.3 artikulua aplikatuz, erakunde onuradunak eskatu behar izan dituen hiru aurrekontuak.
iii) Sinatutako eta Kontabilitatearen eta Kontuen Auditoritzaren Institutuaren mendeko Kontuen Auditoretzen Erregistro Ofizialean izena emanda dagoen auditoreak igorritako kontuen auditoretza-txostena. Auditoretza-txosten bat aurkeztu beharko da onartutako proiektu bakoitzeko.
Auditoretza-txostena osatzeko kontu justifikagarria egiaztatzeko zerrenda gehitu beharko da, eta mugarriak bete direla ziurtatu beharko du auditoreak.
iv) Proiektuaren gastuaren ziurtagiria, Aldibereko Dirulaguntzen berariazko adierazpenarekin.
b) 2. ildoaren kasuan:
i) Likidazioko memoria teknikoa eta ekonomikoa: besteak beste, egindako lanen deskribapena, lortutako emaitzak, dagozkien entregagaiak, egindako gauzatze-kostuak, proiektuak enpresaren lehiakortasunean duen eragina, eta BDIHko agenteek eskainitako laguntza teknikoko jardueren kasuan, erakundeko langileen dedikazioaren banakapena, kide bakoitzak egin dituen jarduerak zehaztuta.
ii) Fakturak. Fakturen kontzeptuan bereizi egin beharko dira proiektuari dagozkion aholkularitza-orduen zenbatekoak eta bestelako gastuak; adibidez, tasak, bidaiak, dietak, lekualdatzeak, hornitzeak eta abar. Fakturek proiektuaren likidazio-eskaera aurkeztu aurretik ordainduta egon behar dute.
iii) Finantza-erakundearen ordainagiriak. Bankuko egiaztagiriek faktura igorri ostekoak izan behar dute. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu beharko da. Ez da onartuko proiektuaren hasiera-data baino lehenagoko ordainketa-egiaztagiririk. Era berean, egiaztagiriek argi adierazi behar dute agindua eman duen erakundearen izena, erakunde onuradunaren izena, ordainketa-eguna, ordaindu den zenbatekoa eta ordaindutako fakturaren edo fakturen zenbakia(k).
iv) Diruz lagundutako jardueraren zeharkako kostuen inputazioari dagokionez, jarduerari inputa dakiokeen zeharkako kostua da behar bezala justifikatutako langileen kostuaren % 15, inolako justifikazio gehigarririk gabe.
v) Alde horretatik, organo esleitzaileak egiaztatuko du DEALen 30.3 artikulua betetzen dela. Horretarako, justifikazio fasean, onuradunei eskatuko zaie ildo honetan emandako dirulaguntza guztien bolumen ekonomikoaren % 20ra gutxienez iristen diren hiru eskaintza aurkeztea.
vi) Jarduerak, dirulaguntzarekin ez ezik, funts propioekin edo beste dirulaguntza edo baliabide batzuekin ere finantzatu badira, diruz lagundutako jardueretan bideratutako funts horien zenbatekoa eta jatorria egiaztatu beharko dira.
vii) Horrez gain, BDIHko agenteek eskainitako laguntza teknikoko jarduketen kasuan, jardueran parte hartzen duen barne-taldeak sinatutako ordutegi-parteak.
viii) Horrez gain, berrikuntza sustatzen duten kudeaketa aurreratuko ekintzen kasuan (Kudeabide), alta emanda dauden enpleguen batez besteko plantillari buruzko informazioa, likidazio-eskaera aurkeztu aurreko 12 hilabeteei dagokiena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagirian islatua. Horrez gain, kooperatiba-sozietateen kasuan, kooperatibako bazkideen kotizazio-ziurtagiria erantsi behar da, dagokion Gizarte Segurantzako erakunde laguntzaileak emana.
7.– Likidazio-eskaerarekin, espresuki baimena ematen zaio SPRIri egiazta dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea egiaztatzen duen ziurtagiria eta, era berean, kontsulta dezan enpresa JEZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea. Aurka eginez gero, dokumentu horiek eskatzaileak entregatu beharko ditu.
8.– Proiektuaren eskatzaile gisa azaltzen den enpresari dagokiona bakarrik onartuko da abisuak jakinarazteko posta elektronikoko kontu moduan.
9.– Likidazio-eskaera ez badago puntu guztietan behar bezala beteta, edo ez badira, eskaerarekin batera, aurkeztu beharreko gainerako agiriak aurkezten, SPRIk eskatuko du, gehienez 10 egun balioduneko epean, zuzen dadila akatsa, edo aurkez daitezela nahitaezko dokumentuak, ohartaraziz, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela, eta horren berri emango zaio entitate eskatzaileari. Epe horretan akatsa zuzendu ez bada, laguntza ukatuko da, SPRIren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.
10.– Ebazpena SPRIko zuzendari nagusiak emango du, eta haren aurka berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahalko da SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako epe eta moduan. Bestela, zuzenean, Bilboko administrazioarekiko auzietako epaitegien aurrean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da.
16. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– Emandako laguntzaren % 60 laguntza-eskaera onartzen den unean bertan ordainduko da, esleipenaren ebazpena igorri ostean, aurrerapen gisa, aplikatzekoa den berme-erregimenarekin, eta gainerakoa ordainketa bakarrean egingo da proiektua amaitutakoan eta behar bezala justifikatu ostean.
2.– SPRIk dirulaguntzaren gainerako zatiaren ordainketa egingo du, aurreko artikuluan ezarritako likidazio-eskaera eta frogagiriak aurkeztu ostean, eta SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasun Arloak ebaluatu eta oniritzia eman ostean.
3.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.
17. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete araudi honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dirulaguntzen berandutze-interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.
2.– Edonola ere, artikulu honetan aurreikusitako eraginetarako, ez-betetzea izango da honako hau:
a) SPRIren baimenik gabe, laguntzaren eskaeran eta dokumentazio osagarrian jasotako jarduerak aldatzea. SPRIri ez jakinaraztea laguntza emateko garaian aztertutako baldintzak aldaraziko dituen proiektuaren gauzatzean gertatutako edozein aldaketa. Horrek, eragin hauetarako, ez-betetzea eragingo du. Aldaketak baimendu ahal izango dira, horiek SPRIri eskatu bazaizkio eta erakunde onuradunak justifikatu baditu (ahal den neurrian), proiektuan aplikatu aurretik, eta baldin eta Programaren helburu diren jardueren eta xedeen izaera hutsaltzen ez bada.
b) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako proiektua betetzeko epeak gainditzea, betiere aldatzeko epea aldatzeko edo luzatzeko baimenik eman ez bada.
d) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
e) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol-neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
f) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
g) DEALen aurreikusitako kausak.
3.– SPRIri dagokio ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hasi, izapidetu eta ebaztea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak (DEALeko 51. artikuluaren arabera, enpresa-deslokalizazioaren aitorpena barne) edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatu egingo da ez-betetze espedientea ireki ondoren eta SPRIri laguntzak eta dirulaguntzetan aplika daitezkeen berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio. Itzulketa horiek Zuzenbide Publikoaren diru-sarrerak izango dira, DEALen ezarritakoaren arabera; edonola ere, dagozkion lege-ekintzak eta zigorrak jaso ditzake. SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko– espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Ezarritako baldintzak partzialki betetzen badira, eta betiere, onuradunaren jarduketak konpromisoak asebetetzen dituela egiaztatzen bada, dirulaguntza ordainduko da partzialki edo, hala badagokio, partzialki itzuliko da, eta kalkulatzerakoan kontuan hartuko da egindako jardueraren proportzioa, guztizkoaren gainean. Nolanahi ere, onuradunak kobratzeko eskubidea duen kopuru partzialaren zenbatekoa bat etorriko da emandako dirulaguntzaren behar bezala justifikatutako zenbatekoarekin, justifikazioa egiaztatu eta erakunde esleitzaileak onartu ondoren.
6.– Halaber, gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 8. artikuluan araututakoari jarraikiz. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
7.– Aldi boluntario horretan itzulketarik egiten ez bada, premiamendu-bideari ekin ahal izango zaio, aplikagarria den legezko araudian xedatutakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatzekoa den araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Dirulaguntzen Erregimena Arautzen duen 2023ko abenduaren 21eko 20/2023 Legea.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta lege hori garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian.
3.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra, eta zeinetan finkatzen diren berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.
4.– Salbuespenen Erregelamendu Orokorra (EB), 2014ko ekainaren 26ko EBAOn (187. zk.) argitaratua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorrean eta datu pertsonalak babesteko gainerako araudi aplikagarrian ezarritakoarekin bat etorriz, jakinarazten da emandako datuak SPRIk tratatuko dituela eta haren Tratamendu Jardueren Erregistroan sartuko direla.
Tratamendu horren helburua, deialdiaren interes publikoan eta parte hartzeko eskabidean oinarritua, eskatutako laguntzaren espedientea kudeatzea da. Datu pertsonalak tratatzeko oinarri juridikoa da SPRIk duen interes publikoa, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia sortzeko estatutuetan ezarritako helburuak betetzeko.
Informazio hori gaian eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei laga ahal izango zaie.
Laguntza emateko espedientea izapidetzen den bitartean eta legez eska daitekeen epean gordeko dira datuak, legezko betebeharrak bete ahal izateko.
Interesdun guztiek eskubidea izango dute datuak zuzentzeko edo ezabatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunari aurka egiteko edo tratamendu automatizatuan soilik oinarritutako erabaki baten xede ez izateko, bai eta datuak babesteko araudi aplikagarrian aurreikusitako beste edozein eskubide ere, eskubide horiek aplikagarriak direnean, honako helbide elektroniko honetara idatziz bidalita: (lopd@spri.eus). Era berean, interesdunak Datuak Babesteko gure ordezkariarekin harremanetan jarri ahal izango dira, idatzizko komunikazioaren bidez, helbide elektroniko honetan: (dpd@spri.eus).
Era berean, interesdun orok du edozein erreklamazio aurkezteko eskubidea dagokion kontrol-agintaritzan, eta SPRIren kasuan, Datuak Babesteko Euskal Autoritatea izango da: (www.avpd.eus).
SPRIk Datu Pertsonalen Babeserako esparruan egiten duenaren inguruko informazio gehigarriaren eta xehakatuaren berri izateko, jo (https://www.spri.eus/lege-oharra/) web-orrialdeko pribatutasun-politikara.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Onuradunek programa honen bitartez esleitutako dirulaguntzaren jatorriaren publizitate egokia eman beharko dute, 13. artikuluan zehaztutako baldintzetan.
I. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENAREN EREDU NORMALIZATUA
[Izen-abizenak] jaunak/andreak, [...] zenbakidun NANa indarrean duenak, [sozietate eskatzailearen izena] ordezkatzen du, [...] IFZ zenbakia duena eta egoitza soziala [helbidea] helbidean duena, eta adierazten du:
I.– Programa honen xede den laguntza jasotzeko indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela; zehazki, honakoak:
– Eskaera honen dagokion apartatuan alderdi hauei buruzko informazioa jasota dagoela:
a) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
b) Enpresaren tamaina zehazteko datuak, hau da, enpleguaren urteko datuak, negozioaren bolumena eta negozioaren balantze orokorra, baita enpresari lotutako edo bazkidetutako gainerako enpresena eta talde osoarena ere. Horren barruan, talde osoaren antolakuntza-eskema gehitu beharko da, parte-hartzeekin eta enplegu-datuekin, ustiapen- eta balantze-kopuruekin, eta hori guztia dirulaguntzak eskatu aurreko ekitaldiei dagokienez.
– Programaren oinarrien 4.2 artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea, hau da:
a) Nire erantzukizunpean deklaratzen dut betetzen ditudala DEALen 13. artikuluan laguntzaren onuradun izateko ezarritako baldintzak:
a) Epai irmo baten bidez dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearen zigorra jaso ez izana; edo prebarikazioarekin, funtzionario-eroskeriarekin, ondasun publikoak bidegabe erabiltzearekin, influentzia-trafikoarekin, iruzurrekin eta legearen aurkako ordainarazpenekin lotutako delituengatik edo delitu urbanistikoengatik zigorra jaso ez izana.
b) Borondatezko konkurtso-aitorpena eskatu ez izana, prozeduraren batean kaudimengabetzat aitortu ez izana, konkurtsoan aitortuta ez egotea (hitzarmen bat eragingarri bihurtu denean izan ezik), esku-hartze judizial baten mende ez egotea edo ez egotea 2003ko uztailaren 9ko 22/2003 Konkurtso Legeak xedatutakoaren arabera ezgaituta, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitze-aldia amaitu gabe egonda.
c) Errudun deklaratua izateagatik, Administrazioarekin egindako edozein kontraturen suntsiarazpen irmoa eragin ez izana.
d) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateetako administratzaileak edo beste pertsona fisiko batzuen legezko ordezkariak direnak honako lege hauek jasotako kasuren batean sartuta ez egotea bateraezintasuneko erregimenari dagokionez: Administrazio Publikoen zerbitzura dauden langileen bateraezintasunei buruzko 1984ko abenduaren 26ko 53/1984 Legea eta Kargudun Publikoen Interes Gatazkak eta Jokabide Kodea Arautzen dituen 2014ko ekainaren 26ko 1/2014 Legea, edo Hauteskunde Erregimen Orokorreko 1985eko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan xedatutako hautetsia izatea, gai horiek arautzen dituen araudi autonomikoan edo lege horretan ezarritako baldintzen arabera.
e) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea, araudiak zehazten duen moduan.
f) Zerga-egoitza erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea.
g) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrarekin lotutako ordainketak egunean izatea, araudiak zehazten dituen baldintzetan.
h) Epai irmo baten bidez, zigor gisa, dirulaguntzak jasotzeko aukera galdu ez izana DEALeren arabera. Zehatzago esanda, dirulaguntzen onuradun edo erakunde kolaboratzaile izaera ezin izango dute eduki sexu-arrazoiarekin lotutako jarduera baztertzailea egin badute edo sexu-arrazoiengatiko bazterkeria egiteagatik edo emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko araudia ez betetzeagatik zigor administratiboa edo penala jaso badute, zigor horretan ezarritako aldian zehar. Honako enpresa hauek ere ezingo dute jaso laguntzarik edo dirulaguntzarik: estatuko araudiaren arabera berdintasun-plan bat izan behar dutenek baina ez dutenek; eta 50 langile baino gehiago izanik, sexu-jazarpena do sexu-arrazoiengatiko jazarpena prebenitzeko eta hari aurre egiteko neurriak ezarri izana ziurtatzen ez duten enpresek, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko Estatuko legediak ezarritako baldintzetan.
i) Pertsona fisikoa edo juridikoa –pribatua edo publikoa– Hondakinak eta Lurzoru Kutsatuak arautu eta Ekonomia Zirkularra bultzatzeko 2022ko apirilaren 8ko 7/2022 Legean edo Euskadiko Ingurumen Administrazioaren 2021eko abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun edo oso astunengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatua ez egotea, dagozkion neurri zuzentzaileak abian jarri eta isuna ordaindu arte.
j) Desgaitasuna duten pertsonen mesedetan lanpostuak erreserbatzeko legez ezarritako kuota bete izana, edo hori bete ahal izateko neurri alternatiboak abian jarri izana.
b) 30.000 eurotik gorako dirulaguntzen kasuan soilik, Merkataritza-eragiketetan berankortasunaren aurka egiteko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legeak aurreikusten dituen ordainketa-epeak ez betetzea.
c) Europako Batzordeak laguntza bat legez kanpokoa dela edo barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki ondoren, laguntzak errekuperatzeko agindu baten menpe egotea.
d) Krisian dagoen enpresa izatea, estatuek krisian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko Europar Batasuneko zuzentarauen arabera (DOUE 2014/C 249/01).
e) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko kideak, ikerketa espezializatuko eta/edo bikaineko jarduerak egiten dituzten ikerketa, garapen eta berrikuntzaren arloko entitateak eta Tarteko agenteak izatea.
f) Sektore publikoren batekoak diren edo sektore publikoaren parte diren erakundeak izatea, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
g) Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legean aurreikusitako arau-hauste astun eta oso astunengatik administrazio-bidean ebazpen irmo bidez zehatuak izatea, dagozkion neurri zuzentzaileak bete eta isuna ordaindu arte.
h) LGTBIfobia egin, bultzatu edo sustatzea, bihurketa-terapiak sustatu edo egitea barne, trans pertsonen berdintasun erreal eta eragingarrirako eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko otsailaren 28ko 4/2023 Legearen arabera.
– Azpikontratistek ez dutela sektore publikoren bateko erakunde izaera, aplikagarriak diren sailkapen instituzionalaren araudien arabera.
– Eskatzaileak honako baldintza hauek betetzeko konpromisoa jasotzen duela adierazpen honek: programaren oinarrien 6.7 artikuluan adierazitakoa, hau da, enpresaren deslokalizaziorik ez eragitea DEALen 49. artikuluak ezarritako baldintzetan; DEALen 9.4.h) artikuluak ezarritako gehiegizko finantzaketarik ez izatea eta jasotako dirulaguntzaren aurrerakina pasibo gisa agertzea enpresaren kontabilitatean, eta SPRIra itzultzea, dirua itzultzeko ebazpenak hala xedatzen badu.
II.– Indarrean dagoen araudian jasotako eskakizunak betetzen ditut.
Eskaera honetako datu guztiak eta aurkeztutako dokumentazio guztian jasotakoak egiazkoak eta osoak dira. Horrekin lotuta, dagokion erantzukizuna hartuko dut neure gain (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 28.7 artikulua).
III.– Erantzukizunpeko adierazpen edo komunikazio batean gehitutako edozein datu edo informazio guztiz zuzena ez bada, faltsua bada edo hutsak baditu, edo horiek Administrazio eskudunaren aurrean aurkezten ez badira, ezingo da eraginpeko eskubidea edo jarduera gauzatu, gertakari horien berri izaten den unetik bertatik; gainera, dagozkion erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak ezarriko zaizkio, 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluko 4. apartatuan ezarritakoaren arabera.
[ ] Goian jasotako adierazpenen edukia onartzea.
RSS