
41. zk., 2026ko martxoaren 2a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- PDF (184 KB - 9 orri.)
- EPUB (124 KB)
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
BESTELAKO XEDAPENAK
INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
933
EBAZPENA, 2026ko otsailaren 4koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Irungo Salis hiribidea 17 helbidean dagoen «Benedicta-Enea» 5.3.15 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.
AURREKARIAK
2025eko urriaren 10ean, Irungo Udalak eskabidea aurkeztu zuen Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan, Irungo Salis hiribidea 17 helbidean dagoen «Benedicta-Enea» 5.3.15 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (aurrerantzean, plana) ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiten hasteko. Eskaerarekin batera, hainbat dokumentu aurkeztu zituen; besteak beste, planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan zehaztutako edukiarekin.
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluan xedatutakoa betez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eragindako administrazio publikoei eta pertsona interesdunei kontsultak egiteko izapidea hasi zuen 2025eko abenduaren 12an, eta espedientean jasota dago emaitza.
Era berean, espedientean jasotako dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren webgunean, interesdun orok aukera izan zezan ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.
Legezko erantzun-epea amaituta, eta espedientean jasotako dokumentazio teknikoa aztertu ondoren, egiaztatu da ingurumen-organoak baduela ingurumen-txosten estrategikoa egiteko behar beste judizio-elementu, bat etorriz abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75. artikuluarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.
Plana abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 72.2 artikuluan aurreikusitako kasuen artean dago; bertan aurreikusten da zer plan eta programek behar duten ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, zehaztu ahal izateko plan edo programak ez duela ingurumen-eragin adierazgarririk –ingurumen-txosten estrategikoaren arabera–, edota plan edo programak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duela, ingurumenean eragin adierazgarria izan dezakeelako. Plana Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.B eranskinaren 1. idazpuruan jasota dauden kasuetako bat da; zehazki, honi buruzkoa: «udal-mailan eremu txikien erabilera ezartzen duten II.A eranskineko [ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta bete behar duten planei buruzkoa] planak eta programak».
Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura 75. artikuluan dago araututa, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.C eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Planaren dokumentazio teknikoa aztertu ostean, eta kontuan hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdiak betetzen dituela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera. Txosten honetan, planak ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzakeen ala ez aztertzen da eta, beraz, ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura bete behar duen ala ez, edota, bestela, zer baldintza ezarri behar diren plana gauzatu eta ingurumena behar bezala babesteko.
Kontuan hartu dira honako hauek: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 211/2012 Dekretua, urriaren 16koa, Planen eta programen ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duena; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Irungo Salis hiribidea 17 helbidean dagoen «Benedicta-Enea» 5.3.15 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea, jarraian adierazten den moduan:
A) Planaren azalpena: helburuak eta jarduketak.
Irungo Salis hiribidea 17 helbidean dagoen «Benedicta-Enea» 5.3.15 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren (Plana) helburua da indarrean dirauen Irungo 2015eko Hiri Antolamenduko Plan Bereziko (aurrerantzean, HAPO) «Benedicta-Enea» 5.3.15 eremuan mugatutako lurzoruaren kalifikazio xehatu berria ezartzea:
Antolamendurako irizpide eta helburu nagusiek kontuan hartzen dituzte HAPOak Salis hiribideko 15 eta 19 zenbakien artean dagoen lurzoru librerako ezartzen dituen oinarrizko antolamendu-irizpideak, egungo hirigintza-ehuna osatzeko.
Planaren esparruan etxadi bat dago, eta honako kale hauek mugatzen dute: Salis hiribidea, Tadeo Murgia eta Santiago. Gutxi gorabeherako azalera 735,76 m2-koa da, eta bi zatitan banatuta dagoen eremu etena da:
1) Alde batetik, mehelinak, Salis hiribidea 15 eta 19 zenbakietan, Benedicta-Enea etxea dagoen eremuan, eta bi aldeetan dauden bi zerrenda luzexken artean (Salis hiribidearen eremua), eta, bestetik,
2) Santiago Karrikatik sartzen den etxadiko patioaren eremu librea partzialki okupatzen duen eremua. Eremu horretan dago Santiago 27 helbideko eraikina (etxadiaren barrualdea).
Interes publikoa dago etxadiko patioan dagoen bizitegi-eraikinak bide publikorako irteera izan dezan. Gaur egun eraikineko zulo batzuk itxita daude, partzela mugakidearekiko zortasunen ondorioz, eta, hortaz, birgaitzea eta bizigarritasun-, funtzionalitate- eta segurtasun-baldintzak hobetzea ekiditen dute. Planak eremuaren barruan dauden eraikin guztiak antolamenduz kanpokotzat jotzen ditu.
Planak sestra gaineko 5 solairuko eta sestra azpiko 3 solairuko eraikin bat egitea ahalbidetzen du partzela edifikagarri bakoitzean (398,45 m2). Halaber, Salis hiribideko espaloia zabaltzea ahalbidetzen du, kaleko eremuarekin berdintzeko, eta etxadiko patioko lurzati bat (87,09 m2) lagatzea ahalbidetzen du, hiri-parkeak eta eremu libreak eraikitzeko. 18 zuhaitz landatuko dira (gutxienez zuhaitz bana eraikigarritasuna hedatzen den 100 m2t bakoitzeko) eta sestra azpiko 25 aparkaleku-plaza eraikiko dira, partzela eraikigarrian.
Ez da zero alternatibaz (esku hartzerik eza) bestelako alternatibarik aurkeztuko. Eta alternatiba hori baztertu egin da; izan ere, egungo egoera aldatzen ez bada, etxadiko patioan dagoen eraikinetik bide publikorako irteera ez litzateke egingo, eta, hortaz ezingo litzateke birgaitu. Hortaz, plan horren alde egin da, espazioa erregulatzeko eta lurzorua eremua antolatzeko beharren arabera hobeto aprobetxatzeko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki alderdi hauek kontuan hartuta:
a) Planak proiektuentzako esparrua ezartzen duen heinean: ingurumen-dokumentuaren arabera, Plana indarrean sartzen denean aplikatuko da, birpartzelazio-, eraikuntza-, eta obra-proiektuen bidez. Kontuan hartuta kokapena, eragindako eremuaren ingurumen-ezaugarriak, proposatutako garapenaren garrantzia eta planaren esparruan gauzatuko diren proiektuen izaera, ez dago zertan plana ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jarri, berezitasunik ez duela uste da eta.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere: plana bat dator etxadia eta horren barrualdea bizitegi-tipologia xehatuaren arabera kalifikatzen duen HAPOaren zehaztapenekin: bidearekiko bizitegikoa (RV-2 eta RV-3) eta Alde Zaharrekoa (RA). Ingurumen-dokumentuak jaso egiten ditu Planaren elkarreraginak lurraldea antolatzeko norabideekin eta eragina izan dezaketen udalaz gaindiko planekin. Azpimarratu behar da kontuan hartu dela Donostialdeko Lurralde Plan Partzialak zer zehaztapen ezartzen dituen honi dagokionez: «uholdeak prebenitzeko tratamendua Bidasoa ibaiaren eta Jaizubia, Olaberria eta Artia erreken hiri-zeharbideetan, dagozkien uholde-arriskuko planen arabera». Izan ere, barruko partzelaren zati batek 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du.
Ez da hauteman bateraezintasunik hierarkian gorago dagoen plangintzarekin.
c) Plana egokia ote den ingurumen-alderdiak barnean hartzeko eta, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko: plana egokia da garapen jasangarria sustatzeko kontuan hartu behar diren alderdiak barnean hartzeko. Hain zuzen ere, energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko neurriak, eta energia berriztagarrien erabilera eta berotegi-efektuko gasen murrizketa sar daitezke Planean.
d) Planari loturiko ingurumen-arazo adierazgarriak: ez da hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta Planaren eraginpeko eremuarekin lotutako jarduketak eta jarduerak, lurzoruei, urei, zaratari, hondakinei eta isurketei, segurtasunari, osasunari eta ingurumenari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da Europar Batasuneko edo Espainiako ingurumen-arloko legedia txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan dezakeen eremuaren ezaugarriak:
«Benedicta-Enea» eremua Irungo Beraun-Santiago auzoko etxadi batean dago, hiri-lurzoruan. Bi partzela ditu: bata azalera laukizuzena duen eremua, Salis hiribidea 17 helbidearen aurrean, eta, bestea, forma irregularrekoa eta estali gabea, etxadiko patio batean.
Eremua Dumboa itsasadarraren ezkerreko ibaiertzean dago, eta depositu alubial eta alubio-kolubialen gainean dago. Lurzoruak porositateagatik iragazkortasun ertaina dauka, eta akuiferoen ondoriozko kalteberatasuna oso txikia da. Ez dago puntu geologikorik, «Donostia-Irun sakonunea» interes geologikoko eremuan dagoena salbu.
Hurbilen dagoen ibilgua Olaberri errekaren ibilgua da, eta kanalizatuta dago. Eremuko landaredia sakabanatuta dauden zuhaitzek osatzen dute, eta fauna, berriz, hiri-inguruneetako espezieek.
Eremua Eusko Jaurlaritzako kartografiaren «eremu antropogenikoa» paisaia-unitatean kokatuta dago. Donostialdea-Bidasoa Behereko Eremu Funtzionaleko Paisaiaren Katalogoak «CO.5 Irungo korridorea eta eremu urbanoa» paisaia-unitatearen barruan sailkatzen du, udalerriko gainerako hiri-eremuarekin batera. Paisaia-intereseko eremuan dago, «paisaia leheneratu, hobetu edo aldatzeko».
Bestalde, ondare historiko-arkeologikoari dagokionez, eremua HAPOaren Arkeologia Ondarearen Katalogoko babes arkeologikoko eremuan dago. Katalogo horren arabera, planaren eremua Oiassoko Eremu Arkeologikoan (Z) eta Irungo Erdi Aroko Hirigunean dago. «Oiassoko Eremu Arkeologikoan (Z)» erromanizazioaren garaiko aztarnak aurkitu dira, horietako batzuk K.o. I. eta III. mendeen bitartekoak. Horri dagokionez, Irungo HAPOaren jarduketa-arau partikularretan jasota dago Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa hartuko dela kontuan.
Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren txostenaren arabera, Irungo eremu horrek, zehazki Beraungo muinoak eta inguruek, interes arkeologiko oso altua dute; izan ere, Oiasso hiri erromatarra hedatzeko eremu estrategikotzat jotzen da, eta K.a. I. mendearen amaierakoa dela uste da. Txosten horretan jasotakoaren arabera, C dokumentuak (Irungo HAPOko Udal Ondare Historiko Kulturalaren Katalogoa) ezartzen du eremu horren baitan egiten diren hirigintzako esku-hartzeak egingarriak direla soilik aurretiazko azterlan arkeologikoa badute, Arau Partikularren araberakoa. Ondare arkitektonikoari dagokionez, eraitsi nahi den Benedicta Enea etxea (fitxa-zk.: 185) interes arkitektoniko nabarmeneko eraikina da, eta inguruan modu harmoniatsuan integratzen da, haren ondare- eta ingurumen-balioa azpimarratuz.
Zaratari dagokionez, Irunek zarata-mapa bat du, 2016. urtean egina. Eremua «A bizitegi» motako eremu batean dago, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskinaren A taulan jasotakoaren arabera. Hurrengo taulan jasota daude eremuan zehaztutako gehieneko zarata-mailak eta eremu horretarako kalitate akustikoko helburuak (KAH).
(Ikusi .PDF Fitxategia)
Egungo agertokiko zarata-mailek KAHn ezarritakoa betetzen dute.
Ingurumen-arriskuei dagokienez, inguruan sute- eta higadura-arriskua, akuiferoen kalteberatasuna eta arrisku teknologikoak nulu zein baxutzat jotzen dira. Irun udalerrian arrisku sismikoko indizea VI gradukoa da (500 urteko epean Mercalliren eskala aldatuan VI graduko lurrikara bat egoteko probabilitatea adierazten du). Hauek dira arriskuak:
– Uholde-arriskua: eremuaren zati bat («Etxadiaren barnealdea» partzelaren zati bat) ARPSI ESO17-GIP-BID-01 uholde-arrisku handiko eremuan dago. URA-Uraren Euskal Agentziak adierazi duenez, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua du hiribideak, lehentasunezko emaritik kanpo dago eta kalatuen gehieneko altuera 0,25 metrokoa da. Uholde-arriskua duen eremu hori planean oinezkoentzako eremu libreetara bideratuta dago; hortaz, hasiera batean ez da aurreikusten planaren proposamenek uholde-arriskuari edo inguruaren kalteberatasunari eragingo diotenik.
– Salgai arriskutsuak garraiatzeko arriskua: eremua errepidearen hiru eraginpeko bandetatik biren menpe dago: 200 metroko eragineko bandak eremuaren iparraldeari eragiten dio, eta 600 metroko bandak, berriz, eremu osoari eragiten dio (baldintza gogorretan istripua gertatuz gero, esku hartu beharreko eremua dela erakusten du). 100 metroko eraginpeko banda ez da eremura iristen. Bestalde, eremuaren ipar-mendebaldeko zati osoa eremuaren ipar-ekialdean dagoen trenbidearen 600 metroko eraginpeko bandaren baitan dago.
3.– Ebazpen honetan, honako neurri babesle eta zuzentzaile hauek ezartzen dira, Planak ingurumenean ondorio kaltegarri esanguratsurik izan ez dezan eta Irungo Salis hiribidea 17 helbidean dagoen «Benedicta-Enea» 5.3.15 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik egon ez dadin, baldin eta ezarritako neurri babesle eta zuzentzaileak txertatzen badira.
Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.
Beraz, hauek dira planak jaso beharko dituen zehaztapenetako batzuk:
Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Orokorrean, Planetik eratorritako jarduketek honako hauek bete beharko dituzte: 6/2019 Legea, maiatzaren 9koa, Euskal Kultura Ondarearena; 317/2002 Dekretua, abenduaren 30ekoa, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoa; eta Irungo Hiri Antolamenduko Plan Orokorreko Kultura Ondarearen Katalogoko zehaztapenak.
Oiassoko Eremu Arkeologikoan edo Irungo Erdi Aroko Hirigunean lurrak mugitzea eskatzen duten obrek ondare arkeologikoa babesteko araudi partikularraren araberakoak izan behar dute; izan ere, biak Irungo HAPOaren Kultura Ondarearen Katalogoak babesten ditu.
Egin behar diren esku-hartze arkeologikoek Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoaren eta hura garatzen duen araudiaren araberakoak izan behar dute.
Gomendatzen da Benedicta Enea etxean egingo diren esku-hartzeek (Euskal Kultura Ondarearen Zentroaren Ondare Arkitektonikoaren Inbentarioaren 185. fitxa) erreferentzia gisa har ditzaten Sendotzea edo Zaintzea eta Apaintzea kategoriak, Ondare Urbanizatu eta Eraikia Birgaitzeko Jarduketa Babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuaren 1. eranskinean («Birgaitzeko esku-hartzeak») definitutakoari jarraikiz. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren ustez, eraikin mota horien interesa kontuan hartuta, ez da egokia eraistea, eta hori dela eta jakinarazten du komeni dela aipatutako arauan adierazitako baldintzetan mantenduko dela bermatzeko beste soluzio bat aztertzea.
Eremuak hondar arkeologikoen esparruan duen interesa kontuan hartuta, zentzuzkoa litzateke zundaketa arkeologikoak Plana onartu aurretik egitea; hortaz, in situ mantendu beharreko egiturak aurkituz gero, behar bezala integratzeko aukera aztertu liteke.
Bestalde, Euskal Kultura Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legean ezarritakoa ezertan eragotzi gabe, obrak egitean aztarna arkeologikoren baten zantzua izan daitekeena aurkitzen bada, obrak eten egingo dira badaezpada, eta berehala jakinaraziko zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari eta hark erabakiko du zer neurri hartu.
Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoa babestearekin loturiko neurriak.
Eraikin berria Kostaldeei buruzko uztailaren 28ko 22/1988 Legearen 30. artikuluan definitutako eraginpeko gunean kokatuta egongo da, bai eta Itsasbazterren Araudi Orokorraren 59. artikuluan jasotakoan ere (Itsasbazterren Araudi Orokorra onartzen duen urriaren 10eko 876/2014 Errege Dekretua). Hortaz, pantaila arkitektonikoak sortzea edo bolumenak metatzea saihestuko da, eta, ondorio horietarako, eraikuntzaren dentsitatea ez da izango programatutako lurzoru urbanizagarriaren batezbestekoa baino handiagoa.
Klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko neurriak.
Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko maiatzaren 20ko 7/2021 Legean ezarritakoaren arabera, Plana garatzeko proiektuak klima-aldaketaren aurrean pixkanaka eta erresilientziaz egokitzeko beharrezkoak diren neurriak kontuan hartuta diseinatuko dira, hala nola «Euskadiko Hirigintza Plangintzaren Eskuliburua, klima-aldaketa arintzeko eta klima-aldaketara egokitzeko 2012» dokumentuan adierazitakoak, bai eta ebazpen honetan aipatutako beste erreferentziazko dokumentu batzuetan adierazitakoak ere.
Beste prebentzio-neurri eta neurri zuzentzaile batzuk:
Aurrekoei kalterik egin gabe, Planaren araudiak barnean hartuko du Plana garatzeko proiektuen hirigintza-lizentziak ematean (eraikuntza-obrak, urbanizazio-obrak, eraispenak, etab.) sustatzaileek nahitaez bete beharreko baldintzak sartzeko betebeharra, honako hauei dagokienez:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gai hauekin lotutako alderdiak bilduko ditu, gutxienez: lanaldiak, makineria, uretara isurketak egitea saihestea, ahalik eta hauts eta zarata gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean ahalik eta gutxien eragitea, hondakinak kudeatzea eta abar.
– Obra-eremua mugatzea eta instalazio osagarriak kokatzea: bai obrak eta bai lurzorua okupatzea eskatzen duten operazio osagarri horiek gauzatzeko ezinbestekoa den gutxieneko eremuan garatuko dira. Ingurumenari ahalik eta gutxien eragiteko irizpideei jarraikiz proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, barnean direla obra-etxolak eta obrako materialak eta hondakinak aldi baterako biltzeko eremuak. Ahal den neurrian, uholde-arriskua duten eremuak saihestuko dira.
– Hondakinak sortu eta kudeatzea: sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorritakoak barne, Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legeak araututakoaren arabera eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzeari aurrea hartzea sustatu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: prebentzioa, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea ez dela bideragarria haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.
Olio erabiliak kudeatzeko, Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.
Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautzeko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari entregatu arte, isurita edo lurrunduta edukirik gal ez dezaten. Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.
Eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak bertan behin-behinean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin geldoak biltzeko edukiontzi espezifikoak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita. Halaber, obran zehar, eta lanek irauten duten bitartean, elementu estankoak jarriko dira (bidoiak eta abar) sortutako hondakinak biltzeko. Hondakin horiek, aipatutako garbigunean aldi baterako biltegiratu baino lehen, motaren arabera bereizi beharko dira.
Berariaz debekatuta dago sortutako hondakin-tipologia desberdinak elkarren artean edota beste hondakin edo efluente batzuekin nahastea. Halako hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta bilketa- eta biltegiratze-bitarteko egokiak prestatuko dira nahasketa horiek ekiditeko.
Olio erabiliak estalpean utziko dira kudeatzaile baimendu bati entregatu arte, behar bezala etiketatutako depositu estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, eta kubo txikietan edo isuriei eta ihesei eusteko sistemen barruan.
Aplikatzekoa den araudia betetzen laguntzeko, lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da langileek sistema horiek behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere sortuko kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.
Eraikuntza-lanetan baliabideak modu efizienteagoan erabiltzeko beren bizi-ziklo osoan eta, bereziki, bizi-zikloaren amaieran hondakinak modu efizienteagoan aprobetxatzeko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 105/2008 Errege Dekretua, otsailaren 1ekoa, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituena, eta 112/2012 Dekretua, ekainaren 26koa, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko dena.
Amiantoa duen hondakinik edo elementurik aurkitzen bada, eraisketak egin aurretik, lan-plana aurkeztu beharko zaio lan-agintaritzari –RERAn (Amianto Arriskua duten Enpresen Erregistroa) inskribatutako enpresa baten bitartez–, onar dezan, Amiantoaren eraginpean egoteko arriskua duten lanei aplikatu behar zaizkien segurtasuneko eta osasuneko gutxieneko xedapenak ezartzen dituen martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.
Lur- eta harkaitz-soberakinak, ahal bada, haien premia duen inguruko obra batean balorizatuko dira; hori ezinezkoa bada, obretan sortutako hondeaketa-soberakinak soberakinen biltegi baimendura eramango dira, eta indarrean dauden legeen arabera kudeatuko dira; hau da, uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuaren arabera –Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena– eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera –Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena–.
– Lurzoruen eta uren babesa: prebentzio- eta zuzenketa-neurriak ezarriko dira obra-fasean istripuzko isurien eragina saihesteko (material xurgatzaileak erabiltzea, isuriekin kutsatutako lurrak kendu eta kudeatzea, eta abar).
Egin beharreko jarduketak tamaina txikikoak direla eta, ez da beharrezkotzat jotzen obra-eremuan makinen mantentze-lanak egitea (depositua betetzea, lubrifikatzaileak aldatzea, etab.). Hala ere, hori egitea ezinbestekoa bada, plataforma iragazgaitz baten gainean egingo da, eta plataforma horrek hondakinak biltzeko sistema bat izan beharko du, bereziki olio erabiliak biltzeko, urak kutsatu ez daitezen. Eremu horietako drainadura inguruneko drainatze naturaletik hidraulikoki isolatuta egongo da, efluenteak behar bezala tratatu ahal izateko.
Biltzeko eremuak eta instalazio osagarriak gainazal iragazgaitzetan kokatuko dira, uholde-arriskuko eremuetatik kanpo.
– Airearen kalitatea babestea: ibilgailuak eta makinak garbitzeko gailuak egongo dira, baita gurpilak garbitzeko plataformak ere, lokatzik edo hautsik ez hedatzeko, eta kamioiek obretan sartzeko eta obretatik ateratzeko erabiliko dituzten bideak garbi eduki beharko dira, presiozko ura edo erratz-makinak erabilita. Hala badagokio, hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama-estalkiak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
– Obretako zarata: obra-fasean erabilitako makineriak bete egin behar ditu aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioen inguruan indarrean dagoen legerian ezarritako aginduak, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera (zonifikazio akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokien errege-dekretua), eta, bereziki, hala badagokio, otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera (aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuen ondoriozko soinu-emisioak arautzen dituen errege-dekretua, apirilaren 28ko 524/2006 Errege Dekretuak aldatua). Halaber, eguneko lan-ordutegian egingo dira obrak.
Obrek iraun bitartean, jardunbide operatibo egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko, bereziki indusketetan, eraispenetan, zamalanetan eta garraio-lanetan, bai eta erabilitako makinen mantentze-lan orokorretan eta zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan ere.
Sei hilabeterako baino gehiagorako lanak badira, urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluaren arabera, inpaktu akustikoari buruzko azterketa bat egin beharko da, behar diren zuzenketa-neurriak zehazteko. Inpaktu akustikoaren azterketan aztertu beharko da zer onura akustiko lortzea espero den neurri zuzentzaileak aplikatuz, eremu akustikoetan edo eraikin sentikorretan zarata-maila murrizteari dagokionez, eta ukitutako udalerriari jakinarazi beharko zaio haren edukia.
– Jasangarritasuna eraikuntzan: gomendatzen da hirigintza-proiektuek kontuan hartzea «Urbanizazio-proiektuen garapen jasangarrirako gida. SPRILUR. IHOBE. 2015». Eraikuntza jasangarriagoa ahalbidetzeko beharrezko ezaugarriei dagokienez, kontuan hartuko dira eraikuntza jasangarrirako gidetan (https://www.ihobe.eus/eu/argitalpenak) jasotako ingurumenaren arloko neurriak eta jardunbide egokiak, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia indartzeko eta energia berriztagarrien erabilera bultzatzeko, bat etorriz Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak behin betiko onesten dituen uztailaren 30eko 128/2019 Dekretuaren 31. artikuluan ezarritakoarekin. I. eranskina. Aplikatzekoa den araudia.
Neurri horiek alderdi hauetan eragin beharko dute, gutxienez:
• Materialak. Lehengai berriztaezin gutxiago kontsumitzea.
• Energia. Energia gutxiago kontsumitzea edo energia gutxiago sortzea iturri berriztaezinen bidez.
• Edateko ura. Edateko ur gutxiago kontsumitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas-, hauts-, bero- eta argi-emisioak murriztea.
• Barnealdeko kalitatea. Barnealdeko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasuna hobetzea.
Bigarrena.– Zehaztea ezen, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoaren arabera, eta, betiere, ebazpen honetan ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen badira, baita sustatzaileak proposatutakoak ere, aurrekoen aurkakoak ez badira, ez dela aurreikusten Irungo Salis hiribidea 17 helbidean dagoen «Benedicta-Enea» 5.3.15 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak ondorio kaltegarri nabarmenik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Irungo Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 75.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezkoak dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren Irungo Salis hiribidea 17 helbidean dagoen «Benedicta-Enea» 5.3.15 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro abiarazi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazioa egiteko prozedura, salbu eta ingurumen-organoari haren indarraldia luzatzeko eskatzen bazaio. Hori gertatuz gero, ingurumen-organoak, hala badagokio, ingurumen-txosten estrategikoaren beste indarraldi bat xedatuko du, erregelamenduz zehaztutako moduan.
Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 4a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.
RSS