Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2026ko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
932

EBAZPENA, 2026ko urtarrilaren 27koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Enkarterri (Cadagua ibaia-Sollanoko EUA 2.2.2 tartean) lehen mailako sarearen bidez hornitzeko Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoak sustatutako proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena.

AURREKARIAK

2025eko urriaren 15ean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak Enkarterri (Cadagua ibaia-Sollanoko EUA 2.2.2 tartean) lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko eskabidea egin zuen Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritzan, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozeduraren esparruan. Prozedura hori Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. kapituluaren 2. atalean dago araututa.

Abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikulua aplikatuta, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea hasi zuen 2025eko azaroaren 4an, pertsona interesdunentzat eta eragindako administrazio publikoentzat. Kontsulta-izapidea egiteko legez ezarritako epea bukatu ondoren, zenbait organismoren txostenak jaso dira, eta haien emaitza espedientean dago jasota. Era berean, organo eskudunari jakinarazi zitzaion izapidea hasi zela.

Halaber, espedientea osatzen duten dokumentuak eskuragarri egon ziren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren webgunean, interesdun orok ingurumenaren arloan egokitzat jotzen zituen oharrak egiteko.

Jasotako txostenak aztertuta, egiaztatu da ingurumen-organoak ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko behar diren judizio-elementu guztiak dituela, Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79. artikuluari jarraikiz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 60. artikuluan xedatutakoaren arabera, dagokion ingurumen-ebaluazioko prozeduraren mende jarri behar dira, nahitaez, ingurumenean eragin nabarmenak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuak, bai eta haien aldaketak eta berrikuspenak ere, ingurumen-babes handia bermatzeko eta garapen jasangarria sustatzeko.

Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 76.2 artikuluan xedatutakoa betez, II.E eranskinean zerrendatutako proiektu publiko edo pribatuei ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie. E8 taldea. Ingeniaritza hidraulikoko eta ura kudeatzeko proiektuak, 8.f epigrafea Hornikuntzako lehen mailako sareak bideratzeko instalazioak, 800 mm-ko edo gehiagoko diametroa eta 3 km-ko edo gehiagoko luzera dutenak eta erabat edo zati batean lurzoru urbanizatugabetik igarotzen direnak. Proiektuak ur-eroanbide berria aurreikusten du hiri-lurzorua ez den lurzoruan, guztira, 3 km-tik gorako luzerarekin (burdinurtu nodularreko hodia, 3.943 m luzekoa eta DN800 mm-koa). Gainera, kontuan hartuta eroanbidearen luzera handitu egiten dela dagoeneko eginda dauden eta etorkizunean aurreikusita dauden tarteak kontuan hartzen badira, aplikatu egin behar da, halaber, 10/2021 Legearen II.E eranskinaren 1. puntua; hain zuzen ere, puntu horrek xedatzen du, besteak beste, ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozeduraren xede izango direla, zatituta egonik, II.E eranskinean jasotako atalaseetara iristen diren proiektuak, banaka kontuan hartutako proiektu bakoitzaren tamainak edo neurriak metatuta.

Halaber, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea aplikatu behar da, ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egin behar zaien proiektuen artean jasotzen dituena (21/2013 Legea, abenduaren 9koa, ingurumen-ebaluazioari buruzkoa: III. eranskina. II. eranskineko proiektu batek ingurumen-ebaluazio arrunta edo sinplifikatua behar duen zehazteko irizpideak, B apartatua: II. eranskineko 2. puntuan ezarritako atalaseen azpitik dauden proiektuei ingurumen-ebaluazio sinplifikatua egiteko irizpide orokorrak), II. eranskineko 8. taldeko f) apartatuan jasotako proiektuak: «Ura distantzia handietara eramateko instalazioak, I. eranskinean jasota ez daudenak, lurzoru ez-hiritarrean daudenak eta 10 km-tik gorako luzera dutenak, bai eta atalase horren azpitik daudenak ere, baldin eta 1. edo 2. irizpide orokorrak betetzen badituzte». Irizpide horiek bat datoz, besteak beste, proiektua honako hauekin gainjartzearekin: «... babes bereziko araubidea duten espezieak eta Batasunaren intereseko habitatak kontserbatzeko eremu garrantzitsuak (Espazioa kudeatzeko organo eskudunaren txostenaren arabera ondorio kaltegarririk eragin ezin dezaketen proiektuak salbu), unitate biogeografikoan aurkako kontserbazio-egoera badute...». Proiektuak kasuistika hori du, eta adierazten du bat datorrela onartutako kudeaketa-plana (bisoi europarra) duten fauna-espezieen interes bereziko eremuekin eta unitate biogeografikoan aurkako kontserbazio-egoera duten Batasunaren intereseko habitatekin (91E0* Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieetan baso alubialak).

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusita proiektuaren ingurumen-dokumentua zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txosten hau ematen du (organo hori da eskuduna Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen abenduaren 3ko 410/2024 Dekretuaren arabera). Bertan aztertzen da ea aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio nabarmenak izan ditzakeen eta, horren ondorioz, proiektuari ingurumen-inpaktuaren azterketa arruntaren prozedura egin behar zaion; halakorik egin behar ez bada, proiektua garatzean ingurumena egokiro babesteko bete beharreko baldintzak ezartzen dira txostenean.

Kontuan hartu dira: 10/2021 Legea, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 410/2024 Dekretua, abenduaren 3koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; eta aplikatzekoa den gainerako araudia. Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Enkarterri (Cadagua ibaia-Sollanoko EUA 2.2.2 tartean) lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egitea, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatua, honako baldintza hauen arabera:

A) Proiektuaren xedea da Enkarterriko baliabide hidrikoen aprobetxamendua hobetzea, kudeaketa integratua eta malgua ahalbidetuko duten azpiegitura berrien bitartez.

B) Ebazpen honetan, zeinaren bidez egiten baita Enkarterri (Cadagua ibaia-Sollanoko EUA 2.2.2 tartean) lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektuaren (aurrerantzean, proiektua) ingurumen-inpaktuaren txostena, proiektuaren ingurumen-dokumentuaren edukia aztertzen da, abenduaren 9ko 10/2021 Legearen II.F eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz:

1.– Proiektuaren ezaugarriak.

Proiektuak jarraipena ematen dio baterako proiektu honen esparruan egindako azpiegitura hidraulikoari: «Enkarterri lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektua». Proiektu horren helburua da Enkarterriko baliabide hidrikoak hobeto aprobetxatzea, eta honako hauetan banatzen da: «1 tartea. Las Carrerasko biltegia – El Arenao»; «2.1. tartea: Jarraltarako desbideratzea - Avellanedako biltegia» eta «2.2. tartea: Avellaneda – Sollano – Bilbato – Ametzaga». Zehazki, proiektua honako honekin dator bat: «2.2.2 tartea: Cadagua ibaia-Sollanoko EUA», honen barruan: «2.2. tartea: Avellaneda – Sollano – Bilbato – Ametzaga». Iltzatzearen abiapuntutik hasita, zeinaren bitartez aurreikusten baiten Cadagua ibaiaren ibilgua gurutzatzea Mimetizen, Sollanoko EUAraino.

Proiektatutako eroanbide nagusiak burdinurtu nodularreko hodi batek osatzen ditu, DN800 mm-koa eta C30 klasekoa, eta funtzionamendu itzulgarria du. 1., 2.1 eta 2.2.1. tarteetako diametro eta material berberak ditu. Proiektuan jasotako 2.2.2 zatiaren (Cadagua-Sollanoko EUA) luzera osoa 2.500,0 m-koa da, eta, era berean, 2 azpitartetan banatu daiteke:

– 1. ardatza: 2.2.1 zatiaren (Cadagua ibaia) eta Longarreko ponpaketaren arteko lotura, 1.077,0 metrokoa.

– 2. ardatza: Longarreko ponpaketaren eta Sollanoko EUAren arteko tartea, 1.424,0 metrokoa.

Proiektuan sartzen da, halaber, Ibarratik Sollanorako kanalizazioa ere, aurreko ardatzen ezaugarri berberekin:

– 3. ardatza: Ibarrako ponpaketa berriaren eta Sollanoko EUAren arteko tartea, 1.442,0 metrokoa.

Zangan joango diren eroanbideez gain, proiektuak egitura hauek izango ditu:

– Cadagua ibaiaren azpian 1.200 mm-ko diametroko altzairuzko atorraren iltzatzea eta barruan DN 800 mm FDko hodi morroiloduna sartzea (L = 90 m).

– Longarreko ponpaketa; salbuespenezko kasuetan, Sollanoko EUAtik Avellanedako biltegiraino DN800 mm-ko arteria nagusitik datorren larrialdi-emaria bultzatuko du, eta modu arruntean ustiatzen denean, ohiko emaria igoko du biltegi bereraino DN150 m-ko eroanbide osagarritik. Hortaz, bi ponpaketa desberdin hartzen ditu: bata, 1000 l/s diseinuko emaria duena lehen fasean, eta 1500 l/s-koa duena bigarren fasean, maiztasun-erregulagailuak eta 800 kW-eko potentzia nominala dituzten 6 ponpaketa-multzoz osatua; eta bestea, txikiagoa, 48 l/s igotzeko gai diren eta 55 kW-ko potentzia nominala duten 2+1R ponpaz osatua.

Ponpaketa-eraikina erdi lurperatutako egitura bat da; ponpen hobia urbanizazio-kotaren azpian dago (100 m), 2,30 m altuko soto batean. Eraikinaren gainerako zatia kota horren gainean dago, bi solairutan. Beheko solairuan, erdi-tentsioko eta behe-tentsioko areto elektrikoak eta transformadoreak daude, eta goiko solairuan, berriz, erabilera anitzeko gela bat, eremu garden bat eta komunak.

Hobiaren oinplanoko luzera 39,6 m-koa da, eta zabalera 12,0 m-koa. Mutur batean 10 tonako edukiera duen zubi-garabi baten zamalanetarako plataforma bat dago. Zubi-garabi horrek hobi osoa hartzen du, 12,6x5,36 metrokoa da, eta kanpoko urbanizaziotik sartzen da bertara. Eremu horretan, eraikinaren gehieneko altuera 10,10 metrokoa da, zolataren kotatik (97,70 m).

Longarreko ponpaketa 30 kA LSAT LA JARA-BALMASEDA 1 linea batez elikatuko da elektrikoki. Gaur egun, linea hori lurpean dago ponpaketa jarriko den partzelaren inguruan.

Halaber, aurreikusten da, Longarreko ponpaketa-Sollanoko EUA tartean, Kodujo eta Kodujo-Berriako bultzadetarako konexio-kutxatila jarriko dela, Sollanoko EUAren inguruan, eta, gainera, biltegi horietan jarduketak egingo direla, emaria mugatzeko balbulak, sestra-balbulak eta emari-neurgailuak jartzeko.

– BI-636 errepidearen azpian 1.200 mm-ko diametroko altzairuzko atorraren iltzatzea eta barruan DN 800 mm FDko hodi morroiloduna sartzea (L = 75 m).

– Lotura-obra Sollanoko EUAn. Sollanoko EUAren partzelan dago, eta emariak erregulatzeko, Longarreko ponpaketa indargetzeko eta klorazio-tangarako erabiliko da. Lurpeko biltegi bat da, Ordunteko kanala geldiarazten duena EUAren irteeran, eta 1.182 m3-ko biltegiratze-bolumena du. Elementu horretan giltzen ganbera bat dago, ponpaketa hartzeko eta Kodujo eta Kodujo-Berriako biltegietara bideratzeko beharrezkoak diren balbulekin.

Sollanoko biltegi berria instalazioan dagoen motorren kontrol-zentrotik elikatuko da elektrikoki, eta beharrezkoa izango da irteera-lerro bat egitea biltegiraino. Lerro horren lehenengo zatia hodiaren azpitik igaroko da, eraikinetik atera arte, eta, gero, lurperatutako kanalizaziotik, biltegiak geldiarazi arte. Biltegiak behe-tentsioko koadro bat izango du, bertako ekipo elektrikoak eta zerbitzu osagarriak elikatzeko. Gainera, irteera bat izango du, lurperatutako kanalizaziotik Kodujoko biltegiak elikatuko dituena.

– Ibarrako ponpaketa berria. Instalazioa Cadagua ibaiaren eskuinaldean dago, hargunea kokatuko den presa txikiaren parean, El Longar industrialdean. Proiektatutako eraikinak, aldi berean, turbina berriak izango ditu.

Eraikinari berari dagokionez, 35,50 metro luze eta 13,50 metro zabal izango den nabe angeluzuzena proiektatu da, 7,50 metro altu izango den solairu bakarra izango du, eta estalki lauarekin amaituko da. Nabe horrek ponpaketa berriaren eta turbinen instalazioak hartuko ditu. Gainera, 30,0 metro luze eta 4,0 metro zabal den nabe bat izango du atxikita, eta 4,0 metro altu den solairu bakarra izango du, instalazio elektrikoak eta kontrol-instalazioak hartuko dituena.

Eraikinaren zati bat lurpean egongo da, eraikinaren solairuaren erdia baino gutxiago hartzen duena, eta urbanizazio-kotaren azpitik 10 metro baino gehiagoko sakoneran jarriko zaizkio zimenduak. Lurpeko zati hori Cadagua ibaitik datorren hargune-kanalaren sarrera-obra gisa proiektatu da. Proiektuak in situ egikaritu beharreko egituraren zatiaren obra zibila egikaritzea aurreikusten du bakarrik, hau da, urbanizazio-kotaraino, eta sestra gaineko zati aurrefabrikatua ondorengo fase baterako geratuko da.

Aurreko paragrafoan adierazi den bezala, Ibarrako ponpaketarako hartutako soluzioak Cadagua ibaitik datorren hargune bat jasotzen du; horren egikaritzea, ordea, ez da proiektuan sartzen. Proiektuan, ponpaketa-eraikinetik El Longar poligonoko irteerarainoko hargune-kanalaren zatiaren egikaritzea bakarrik jasotzen da.

Oro har, obrak egiteko, 28.105,17 m2 okupatu beharko dira aldi baterako, eta 14.625,80 m2 lursaila ere bai, zortasun iraunkor gisa egongo dena.

Ingurumen-dokumentuan kalkulatu da proiektua garatzeko 36.481,97 m3-ko indusketa beharko dela, eta horietatik 20.481,59 m3 obran berrerabiliko direla (betelanerako); beraz, soberakinak 16.000,38 m3 izango dira, obratik kanpo birkokatu beharreko materialarenak.

Bestalde, proiektuak behin-behineko instalazio batzuk hartu ditu kontuan eroanbideen trazaduran zehar eta proiektuaren osagai berezien inguruan. Guztira, jarduketa-eremuan banatutako 15 esparru dira eta, arau orokor gisa, hesituta egon beharko dute.

Esparru horietara sartzeko, ez da pentsatu behar izan eroanbideen eraikuntza-pista ez den beste biderik. Oro har, hodien trazadurari jarraituz sartuko da. Obra berezietan, hala nola Longarreko ponpaketan, Sollanoko EUAko lotura-obran edo iltzatzeen eraso- eta irteera-putzuetan, egun dauden kaleetatik edo errepideetatik sartuko da zuzenean.

Obrak gauzatzeko kalkulatutako epea 24 hilabetekoa da guztira.

Alternatiben azterketari dagokionez, 0 alternatiba («ez jardutea») baztertu egin da, ez baitira betetzen Enkarterri lehen mailako sarearen bidez hornitzeko baterako proiektuaren helburuak (1. tartea, dagoeneko eraikita dagoena, + 2.1 tartea, obraren lizitazio-fasean dagoena, + 2.2 tartea, eraikuntza-proiektua idazteko fasean dagoena). Hori egikaritzea justifikatuta dago Enkarterri salbuespenezko egoeretan hornitzeko berme handiagoa izatea komeni delako, erabilgarri dauden baliabideak erabat aprobetxatuta (udal-kudeaketatik datorren ura –ur-bilketak eta edateko uren araztegi txikiak–, Zadorra sistema, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak kudeatua, eta Ordunte sistema, Bilboko Udalak kudeatua), lotura-azpiegitura berriak eginez.

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, alternatiben azterlan oso bat egin da Enkarterri lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektuaren esparruan (2.2 tartea: Avellaneda-Sollano-Bilbo-Ametzaga), eta proiektu horretatik abiatuta, 2.2.2 eraikuntza-tartea garatu da: Cadagua ibaia-Sollanoko EUA. Proiektu osoa aztertzean, jarraian laburbiltzen diren irizpideak eta baldintzak hartu ziren kontuan:

– 1. tarteko eta 2.1 tarteko eraikuntza-proiektuek ezarritako baldintzatzaileak.

– Baldintzatzaile hidraulikoak, sistemarako planteatutako helburuak betetzea ahalbidetuko dutenak.

– Eroanbide-luzerak minimizatzea.

– Jabari publikoko partzelen trazadura, hala nola udal-bideak eta -lursailak, ahal den neurrian pribatuei eragitea saihestuz.

– Eremu zabalen araberako trazadura, lanerako plataforma nahikoa izateko.

– Kostu ekonomikoak minimizatzea.

– Sarbide erraza makineria eta materialen guneetara eta proiektatutako instalazioetara.

– Ingurumeneko gorabeherak minimizatzea.

– Kanpoko baldintzatzaile mugatzaileak, hala nola udal-plangintza, dauden zerbitzuekiko eragina, eremuan proiektatutako beste obra batzuk, etab.

Guztira, 12 alternatiba aztertu dira bide nagusiaren (DN 800 mm) tarte nagusirako. Gainera, Longarreko ponpaketaren eta Sollanoko EUAren arteko tartearen azterlan xehatua egin da, ponpaketak trazadura-proiektuarekiko duen kokapen berria dela eta, hura ere arteria nagusian egonik (DN800 mm), eta beste sei alternatiba sortu dira.

Alternatiben analisian erabilitako irizpideak barne hartzen dituzte: alderdi tekniko eta eraikuntza-alderdiak (azpiegituretan izan dezakeen eragina eta eroanbidea ustiatzeko erraztasuna), alderdi ekonomikoak (eraikuntza- eta ustiapen-kostuak), inpaktu soziala (jabetza pribatuei eragindako afektazioak eta bizikleta-bide eta oinezkoen ibilbideei eragindako afektazioa) eta ingurumen-inpaktua (katalogatutako eremu naturalei, lehentasunezko eta lehentasunik ez duten habitatei, babestutako animalia-espezieen interes bereziko eremuei, ibilguei, ur-bazterreko landarediari, ondare-elementuei eragindako afektazioa eta kutsatutako lurzoruei eragindako afektazio-aukera).

Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, irizpide anitzeko analisiaren emaitza gisa, ondorioztatzen da B4 alternatiba dela onuragarriena eta hori hautatu da eraikuntza-proiektuan garatu beharreko trazatu orokor gisa. Longarreko ponpaketa – Sollanoko EUA tartean, alternatiben analisiaren emaitza gisa, E1 alternatiba garatuko da.

2.– Proiektuaren kokapena.

Azpiegitura hidraulikoaren proiektua Zallan dago, Enkarterrin (Bizkaia), eta batik bat hiri- eta laborantza-eremuetatik igarotzen da.

Trazatua Ibaizabalgo Unitate Hidrologikoan (UH) dago, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren barruan (ES017). Abiapuntua Cadagua ibaiaren ezkerraldetik 60 m ingurura dago, Lehendakari Agirre etorbideko 25. zenbakiaren parean, hiri-eremuan. Trazadurak Cadagua ibaia iltzatze bidez gurutzatzen du, eta Cadagua ibaiaren eskuinaldetik igarotzen da, bi adarretan banatzen deneraino (koordenatuak: X= 488420.619, Y=4783531.227): bata, El Longar industrialdean egikaritu beharreko azpiegitura hidraulikoekin lotzeko, eta bestea, Sollanoko EUA eta haren alboan egikaritu beharreko azpiegitura hidraulikoak lotzeko. Proiektuaren eremuan, ibaia Cadagua II ur-masa gisa dago sailkatuta (ES073MAR002900), eta bat dator «oso eraldatutako ibai-ardatz kantauriar-atlantiko nagusiak» tipologiarekin. 2023ko balorazio-urtean, Cadagua II ur-masaren egoera ekologikoaren potentziala neurrizkoa da, egoera kimikoa ona eta urteko egoera globala ona baino okerragoa. 2019-2023 aldian, egoera kimikoa eta globala oso onak dira. Proiektua, trazaduraren zati batean, Cadagua ibaiarekin lotutako jabari publiko hidraulikoan dago. Jabari hori Plan Hidrologikoko Gune Babestuen Erregistroan sartzen da, «hornidura-harguneak dituen masa» gisa, eta bat dator «mehatxatuta dauden espezieentzako interes bereziko eremuekin» (bisoi europarra). Plangintzaren eskumen-eremuei dagokienez, sare hidrografikoa erkidego arteko arroen barruan dago, eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoak du haren gaineko eskumena ur-arloan.

Litologikoki, trazadurak Cadagua ibaiaren ibai-dinamikarekin lotutako biltegi alubialak zeharkatzen ditu, porositateagatiko iragazkortasun ertainekoak, eta txandatako detritikoak (lutitak) ere bai, porositateagatiko iragazkortasun txikikoak. Proiektuak eragiten dien lurzoruak, batik bat, nekazaritzarako erabiltzeko gaitasun oso handia duten flubisolekin bat datoz. Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren arabera, eroanbideak, trazaduraren zati handi batean, balio estrategiko handiko Nekazaritza eta Abeltzaintzako kategoriarekin bat egiten du.

Ikuspuntu hidrogeologikotik, proiektuaren eremua Hegoaldeko Antiklinorioko (ES017MSBT017-006) lurpeko ur-masaren gainean dago –ur-masa horien egoera globala ona da–, eta ibilbidearen zati handi batek Arabako Plataforma Jabariaren Balmaseda-Elorrio Sektore Kuaternarioa zeharkatzen du. Balmaseda-Elorrio Sektore Kuaternarioa, EAEko lurpeko ur-masen sektorea, bat dator interes hidrogeologikoko gunearekin.

Proiektuaren eremuan ez dago ez Natura 2000 Sareko gunerik, ezta naturagune babesturik ere. Halaber, ez dago EAEko Interes Geologikoko Lekuen Inbentarioan jasotako interes geologikoko puntu edo lekurik; era berean, ez da ikusten gainjartzerik erabilera publikoko mendiekin. Aztertutako eremuan, Cadagua ibaia EAEko azpiegitura berdearen bilbe urdinean dago, eta Bizkaiko azpiegitura berde-urdinean (kodea: CCA.07).

Eusko Jaurlaritzaren landarediaren kartografiaren arabera, proiektua honako hauetatik igarotzen da: hiriguneak eta lugorriak, belardi eta labore atlantikoen azalerak eta, puntualki, haltzadi kantauriarraren azalerak. Ingurumen-dokumentuaren arabera, aztertutako eremuan ez da mehatxatutako flora-espezierik antzeman; hala ere, proiektuak bat egiten du Batasunaren intereseko bi habitatekin: 91E0* habitata (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieez osatutako baso alubialak) eta 6510 habitata (altitude baxuetako sega-belardi txiroak).

Faunari dagokionez, proiektuaren eremua bisoi europarraren interes bereziko eremua da, bisoi europarraren kudeaketa-planaren arabera (Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretua, Bisoi Europarraren –Mustela lutreola (Linnaeus, 1761)– Kudeaketa Plana onartzekoa Bizkaiko Lurralde Historikoan, galzorian dagoen espeziea izanik babes-neurri espezifikoak behar baititu). Planaren eremuak ez du ukitzen fauna mehatxatua kudeatzeko onartutako planen xede den beste eremurik, ez eta Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoak edo Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2016ko maiatzaren 6ko Aginduaren arabera (2016/05/23ko GAO, 96. zk.) abifauna babesteko ezarritako beste eremurik ere. Ingurumen-dokumentuak hegazti-faunaren, ugaztunen, anfibioen, narrastien eta iktiofaunaren espezie ugari aipatzen ditu proiektuaren jarduketa-eremuan. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, proiektuaren eremuan dauden mehatxatutako edo intereseko espezieen artean, honako hauek aipatzen dira: bisoi europarra (Mustela lutreola), karramarro autoktonoa (Austropotamobius pallipes), ferra-saguzar handia (Rhinolophus ferrumequinum), ferra-saguzar mediterraneoa (Rhinolophus euryale), Geoffroy saguzarra (Myotis emarginata), baso-igel iberiarra (Rana iberica), Schreiber muskerra (Lacerta schreiberi), zikoina zuria (Ciconia ciconia).

Proiektuaren eremua honako hauek osatzen dute: nekazaritza eta basogintzako mosaikoak eta nekazaritza-paisaia atlantikoak, ibai-eremuko eta hiriguneetako baso-plantazioak. Ez dator bat katalogatutako edo inbentariatutako paisaia-balioekin, ez eta EAEko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogo Irekiko paisaia-mugarriekin ere.

Ondare kulturalari dagokionez, trazadurak Donejakue Bidea, Enkarterriko Bidea (Bolunburuko Bidea) zeharkatzen du urtarrilaren 10eko 2/2012 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa) jasotakoa. Proiektuaren inguruan kultura-ondasun izendatutako ondare kulturaleko hainbat elementu daude; proiektutik hurbil daudenez, Ibarra 13 baserria (eraikitako ondarea, monumentu-multzoak eta Donejakue Bideari atxikitako higiezinak, oinarrizko babesa) eta Solano dorretxea (balizko arkeologia-gunea, eraikinaren hormen barruko gunea babesteko eremua, 97-06-10eko EHAA, 109 zk.) aipatu behar dira.

Ingurumen-arriskuekin lotuta, eta geoEuskadiren arabera, proiektuari 10, 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholdeek eragiten diote, eta lehentasunezko fluxu-eremuan dago. Gainera, eremuak barne hartzen du lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen Ihoberen inbentarioko 48096-00073 kodea duen zabortegi-partzela. Bestetik, erriberako landarediaren azalera batzuk ukitzen dituenez, baso-sute arrisku oso handia identifikatzen da.

Beste arrisku batzuei dagokienez, alde batera utzi dira sismikotasunari lotutakoak, bai eta akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiarekin edo oso handiarekin lotutakoak ere. Era berean, baztertu egin dira salgai arriskutsuen errepideko edo trenbideko garraioko istripuekin lotutako arrisku handiak, bai eta SEVESO III araudiari lotutako enpresen hurbiltasunarekin lotutakoak ere.

3.– Balizko inpaktuaren ezaugarriak.

Proiektuaren izaera eta ezaugarriak kontuan hartuta, inpakturik nabarmenenak obrak egiteko fasean sortuko dira. Erasanak, batez ere, honako hauen ondoriozkoak izango dira: landaredia soiltzea eta moztea, eroanbideak jarriko diren zanga egiteko lurren mugimenduak, Longarreko ponpaketa, Ibarrako ponpaketa eta Sollanoko EUAko lotura kokatuko diren partzeletan eraikuntza- eta urbanizazio-obra osagarriak, Cadagua ibaiaren eta BI-636 errepidearen azpiko iltzatze-sistemaren bidezko indusketa, trazaduran zehar kutxatilak jartzea eta, aldi baterako, obrako behin-behineko instalazioek hamabost esparru okupatzea trazaduran zehar. Horien ondorioz, hauek kutsatzeko arriskuak eragin ditzakeen inpaktuak sortuko dira: lurzoruak, landaredia, fauna, kalitate atmosferikoa, egoera akustikoa, ondarea eta paisaia. Horiez gain, hondakinak sortzetik eta istripuzko isuriengatik lurzoruak eta urak kutsatzeko arriskutik ere eratorriko dira, bereziki Cadagua ibaitik gertu dauden lanetatik eratorritakoak; ibai-uren kalitatea murriztea eragin ahal izango dute, solido esekiak areagotzeagatik eta erabilitako makinetatik datozen istripuzko balizko isuriengatik.

Proiektuak aurreikusitako lurren azken balantzeak 16.000,38 m3-ko soberakinak jasotzen ditu. Horiek balioztatzea ezinezkoa bada, xedapen hauen arabera kudeatuko dira: 646/2020 Errege Dekretua, uztailaren 7koa, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duena, eta 49/2009 Dekretua, otsailaren 24koa, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duena.

Trazadura zati batzuek uholde-arriskuko eremuak ukitzen dituztenez, kontuan hartu beharko dira Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren (2022-2027) arau-xedapenetan ezarritakoa eta EAEko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoa.

Bestalde, proiektua bat dator Batasunaren intereseko bi habitatekin: 91E0* habitata (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieez osatutako baso alubialak) eta 6510 habitata (altitude baxuetako sega-belardi txiroak). Ildo horretan, ingurumen-proiektuak ez du erasanik aurreikusten Batasunaren intereseko 91E0* habitatean (Alnus glutinosa eta Fraxinus excelsior espezieez osatutako baso alubialak). Nolanahi ere, aurkeztutako dokumentazioan, Batasunaren intereseko 6510 habitateko (altitude baxuetako sega-belardi txiroak) 5.425,8 m2-tan sastrakak kenduko direla aipatzen da. Zati hori obren ondoren lehengoratzea aurreikusten da. Azkenik, landarediari dagokionez, ingurumen-dokumentuak intereseko landaredia babesteko neurri batzuk aurreikusten ditu, zuinketaz gain. Besteak beste, neurri hauek beteko dira: obrek zeharka eragin diezaieketen zuhaitz berezien aleak babestea eta moztutako zuhaitzak birjartzea, gutxienez 1:1 erlazioan, kendutako aleen eta landatutako aleei dagokienez. Gainera, erriberako eremuetan ezpondak hidroereitea eta landareztatzea aurreikusi da.

Faunari dagokionez, proiektuak bisoi europarrarentzako interes bereziko eremuan obrak egitea aurreikusten du. Espezie horrek ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren bidez onartutako Kudeaketa Plana du Bizkaian, zehazki, Cadagua ibaiaren iltzatze bidezko bidegurutzean. Ingurumen-dokumentuak ez du aurreikusten intereseko faunari eragingo zaionik Cadagua ibaia gurutzatzeko iltzatzean, ibilguan eraginik izan gabe, eta obren egutegia doitzea aurreikusten du, bisoi europarra ugaltzeko aldi kritikoan jarduketarik ez egiteko ibilguetan. Aurkeztutako dokumentazioan aipatutako karramarro autoktonoari dagokionez, ingurumen-dokumentuko ingurumena zaintzeko programan aurreikusten da obrak egin aurretik ibilguak ikuskatzea, espezie horretako banakoei zuzenean ez eragiteko.

Ondareari dagokionez, proiektuak Donejakue Bidearekin, Enkarterriko Bidearekin (Bolunburuko Bidea) gurutzatuko dela jasotzen du; hain zuzen, bide hori honako honetan jasotzen da: 2/2012 Dekretua, urtarrilaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegotik pasatzen den Donejakue Bidearen zatia Monumentu Multzoa kategoriako Kultur Ondasun Sailkatua izendatzekoa. Ingurumen-dokumentuak Ondare Kultural eta Arkeologikoari buruzko Azterlan bat (Arquetipo SCL, 2021eko apirila) jasotzen du 2. eranskinean. Azterlan horren arabera, obrak neurrizko eragina izango du galtzadan, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena behar izango da. Ingurumen-dokumentuak kontrol arkeologikoa egitea aurreikusten du lur-mugimenduetan, eta Donejakue Bidearen ingurunea babestea.

Azkenik, proiektua lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dituzten lurzoruen Ihoberen inbentarioko 48096-00073 kodea duen zabortegi-partzelarekin bat etortzeari dagokionez, ingurumen-dokumentuaren arabera ez da eraginik izango, kokaleku horrekin bat datozen jarduketak harrian iltzatuz egingo baitira eta eraso- eta irteera-putzuak partzelatik kanpo egongo baitira.

Ingurumen-dokumentuak inpaktu negatiboak identifikatzen ditu obren fasean, honako hauekin lotuta: kutsadura atmosferikoa, kutsadura akustikoa, lurraren modelatuaren gaineko eragina, lurzoruaren galera, lurzoruaren kutsadura, lurrazaleko uren gaineko eragina, landarediaren galera, paisaia eta kultura-ondarea suntsitzeko arriskua. Ustiapen-faserako, ingurumen-dokumentuak positibotzat jotzen ditu uraren hornidura eta jarduera ekonomikoa hobetzearekin lotutako inpaktuak.

Bigarrena.– Ebazpen honetan, babes- eta zuzenketa-neurriak eta ingurumen-jarraipeneko kontrolak ezartzen dira, proiektuak ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izan ez dezan eta Enkarterri (Cadagua ibaia-Sollanoko EUA 2.2.2 tartean) lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektuan, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egin beharrik izan ez dadin, baldin eta ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriak txertatzen badira.

Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuetan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak organo eskudunaren bidez Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan aurkeztutako dokumentazioan ezarritakoa aintzat hartuta.

Ezarritako neurriek eta kontrolean arituko diren langileek bermatu egin beharko dituzte ingurumen-dokumentuan ezarritako kalitate-helburuak eta ingurumen-txostenean finkatzen direnak.

Neurri horiek guztiak obrak kontratatzeko baldintza-agirietan txertatu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, obretako jardunbide egokiak aplikatuko dira.

Gehitu egin beharko dira honako apartatu hauetan adierazitako neurriak:

Natura-ondarea babesteko neurriak.

– Cadagua ibaia EAEko azpiegitura berdearen bilbe urdinaren barruan dago, eta, beraz, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen eta Klima Aldaketarekiko Egokitzapenaren Zuzendaritzak adierazi bezala, korridore horren funtzionaltasun ekologikoa mantentzen dela bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dira. Horren harira, aipatutako zuzendaritzak adierazten duen moduan, honako neurri hauek hartuko dira kontuan:

• Ibai-ertzak landareztatzeko proposamena (ingurumen-dokumentuko «erreka-ertzak landareztatzea» izeneko unitate bat), egun dagoen erriberako basoa indartuko duena, proiektuan bertan sartuko da, egikaritu ahal izateko behar den besteko xehetasun-mailarekin (espezieak, kimuen tamaina, metodologia, aurrekontua, etab.).

• Obrako ingurumen-zaintzak gainbegiratu beharko du babes- eta zuzenketa-neurriak eraginkortasunez ezartzen direla, eta langile espezialistek egin beharko dute hori.

• Landaketak egin ondorengo berme-aldia hiru urtekoa izango da.

• Cadagua ibaiari dagokionez, bisoi europarraren (Mustela lutreola) interes bereziko eremua denez, kontuan hartuta ez dela aurreikusten ibilguaren gainean zuzenean jardungo denik, egokitzat jotzen da proposatutako egutegia doitzea (martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitarteko aldi kritikoan gune horretan jarduera-mota oro saihestea), ibaitik hurbilen dauden eremuetan obrak egiteko edo metaketak erabiltzeko (erriberako pilatze-eremua, ibaiaren ondoko etxebizitza baten atzeko bigarren mailako sarea ordezkatzea, Ibarrako ponpaketa berriaren obrak). Nolanahi ere, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarriko ditu bisoi europarrari buruz egokitzat jotzen dituen baldintzak, espeziea kudeatzeko organo arduraduna baita.

– Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiko Ondare Naturalaren Zerbitzuari honako honen arabera nahitaezkoa den txostena eskatuko zaio: Foru Aldundiaren ekainaren 19ko 118/2006 Foru Dekretuaren (horren bidez Bisoi Europarraren, Mustela lutreola (Linnaeus, 1761) Kudeaketa Plana onetsi da, Bizkaiko Lurralde Historikoan, galtzeko arriskuan dagoen espeziea den eta babesteko neurri bereziak behar diren aldetik) 10. artikulua. Natura Ondarearen Zerbitzuak iritzia emango du aurretiazko baimena behar izateari dagokionez, baldin eta, azkenean, bisoi europarraren habitataren ezaugarriak alda ditzaketen jarduketak daudela irizten badio (Kudeaketa Planaren 9. artikulua).

– Obrak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako operazio osagarrien multzoa garatzeko, proiektua gauzatzeko ezinbesteko den gutxieneko eremua baino ez da erabiliko, betiere ezarritako gehieneko mugen barruan. Obren mugaren zuinketa egingo da, eta saihestu egingo da obrako makinak eta ibilgailuak aurreikusitako mugetatik kanpo ibiltzea.

– Beharrezkoak diren mozte-, inauste- eta eskokatze-lanak, obra-sarbideen irekierak eta kontratistaren instalazio-guneak –makineria-parkea, obra-etxetxoak, obra-materialak aldi baterako pilatzeko eremuak eta landare-lurrak eta hondakinak aldi baterako pilatzeko eremuak barne– ingurumenean ahalik eta eraginik txikiena izateko irizpideen arabera egingo dira, eta, zehazki, drainatze naturaleko sareari eta intereseko landarediari eragin gabe (haltzadia eta beste zuhaitz autoktono batzuk).

– Kontratistak berak egokitu beharko ditu bere instalazio osagarriak, bertan gauzatuko diren jardueren ondoriozko ingurumen-inpaktuak minimizatzeko. Kontratistaren instalazio-eremuen mugaketa zehatza eta ezaugarriak kasuan-kasuan jarduten duen obra-zuzendaritzak onartu beharko ditu, ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren, txosten honetan aurrerago obrako ingurumen-aholkularitzarako ezarritakoaren arabera.

– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusi ez den eremuetan, ez da kenduko bertako landaredi naturala. Intereseko espezieren baten aleak egoera onean dauden eremuetan, kontu handiz jardun beharko da, eragina proiektua egiteko beharrezkoa den azalerara mugatu dadin. Horren harira, obrak gauzatzeko nahitaez moztu behar ez diren zuhaitz autoktonoak eta zuhaitz-unadak in situ balizatuko dira aldez aurretik. Hala badagokio, zuhaitzak moztu aurretik markatu egingo dira, eta ahalik eta mozketa gutxien gauzatuko dira. Gainera, kontserbatu beharreko zuhaitzak behar bezala babestuko dira, sustrai-sistemak ez izateko kolperik eta kalterik. Adierazitako eremutik kanpo ustekabean afekziorik gertatuz gero, zuzenketa- eta leheneratze-neurri egokiak ezarri beharko dira.

Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.

– Cadagua ibaia metalezko iltzatzearen bidez gurutzatzeari dagokionez, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren obrak baimentzeko prozeduraren mende jarriko den proiektuak, URAk adierazten duen moduan, eragina ahalik eta txikiena dela bermatzeko neurriak edo kautelak izan beharko ditu; besteak beste, honako hauek:

• Zulatze-aldian hurbil dauden lurrazaleko urak zaintzeko eta kontrolatzeko sistema bat definitzea.

• Erasanen bat gertatuz gero, jarduketa-protokolo bat definitzea, gertatu den kutsadura geldiarazteko, erauzteko eta arintzeko metodoak jasoko dituena (eraikuntza-jarduerak gelditzea, erabilitako eraikuntza-metodoak birdiseinatzea edo doitzea, atxikipen-hesiak, kutsatzailea erauztea, kutsatutako urak tratatzea, etab.).

– 1. ardatza Ibarrako ponpaketa berriaren ibilgutik hurbil dagoenez, bai eta Sollanoko EUAra lotzeko obratik ere, kontu handiz jokatu beharko da eraikuntza-fasean eraginik ez izateko, eta zortasun-eremuko jabari publiko hidraulikoa okupatzea eta egun dagoen erriberako landarediari erasatea saihestuko da.

– Azkenik, gogorarazten da, proiektuaren dokumentazioan jasotzen den moduan, jabari publiko hidraulikoaren zortasun- eta zaintza-eremuetan jarduketa oro egiteko Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren nahitaezko baimena beharko dela, eta Uraren Euskal Agentziak izapidetuko duela.

– Oro har, eraikuntza-fasean, ahalik eta efluente kutsatzaile gutxien sortuko da, eta ahalik eta material xehe eta substantzia kutsatzaile gutxien isuriko da drainatze-sarera. Materialak ibilguetara arrastan joan daitezkeela edo isurketa zehaztugabeak gerta daitezkeela aurreikusten den guneetan, jalkinei eusteko hesiak jarriko dira, ingurumen-agirian aurreikusiak. Jabari publiko hidraulikora ekarpen solidoak iristea saihesteko proposatutako neurriek behar bezala funtzionatzen dutela kontrolatu beharko da, bereziki La Presa auzoko bidean zehar proiektatutako sedimentuen atxikipen-hesietan; izan ere, gune horretan Cadagua ibaiaren ibilgutik oso hurbil dauden lan-eremuak identifikatzen dira.

– Hidrokarburoen xurgatzaile espezifikoa jarri beharko da eskura obretan, istripuz isuri edo ihesen bat gertatuz gero berehala aplikatu ahal izateko.

– Obrako makinen parke gisa erabiltzen den lurrazala eta horren mantentze-eremua drainatze naturaleko saretik isolatuko dira. Zolata iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistema izango ditu, olioek eta erregaiek lurzorua eta ura kutsa ez ditzaten. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta lantegiko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako guneetatik kanpo egin.

– Iltzatzeak egitean sortzen diren urak dekantazio-putzuetara bideratuko dira. Gailu horien neurria zehazteko kalkulu hidraulikoak egingo dira, solidoei ahalik eta ondoen eusten dietela bermatzeko, bai eta, isurketaren bat gertatuz gero, gune jakin batean isurtzen direla bermatzeko ere, betiere uraren parametro fisiko-kimikoak indarrean dagoen araudiaren araberakoak direla ziurtatuta.

Dekantazio-putzuen mantentze-lanak eta aldizkako garbiketa egin beharko dira, eta metatutako lohiak aldizka hustuko dira, tratamendu-sistemaren funtzionamenduaren errendimendu optimoa bermatzeko.

– Hormigoi-ontzietako kanaletak garbitzeko, edukiontzi iragazgaiztu bat jarriko da, kanaleten garbiketa-urak jaso ahal izateko. Hormigoi-upelak obra-eremutik kanpo garbituko dira. Ez da inola ere onartuko hormigoiaren ikuzketaren hondarrak ibaiaren ibilgura isurtzea. Edukiontzi horretan metatutako hormigoi-hondarrak kudeatzaile baimenduak kudeatu beharko ditu.

Uholde-arriskuarekin lotutako neurriak.

– URAk adierazi duenez, Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren 37.6 artikuluaren arabera, ezin da pilatu inolako hondakinik uholde-arriskuko eremuetan, eta alderdi hori kontuan hartuko da eraikuntza-fasean obrako eremu osagarrien eta makineria aparkatzeko lekuen kokapena eta morfologia diseinatzerakoan. Hori ezinezkoa bada, kokapen horiek ibilgutik ahalik eta urrunen jarriko dira.

– Nolanahi ere, kontuan hartu beharko dira Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoko Plan Hidrologikoaren arau-xedapenetan xedatutakoa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialaren uholdeen aurkako babesari buruzko araudi espezifikoa.

Interes agrologikoko lursailak babesteko neurriak.

– Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzak ezartzen duenaren arabera, proiektua EAEko Nekazaritza eta Basogintza Antolatzeko Lurraldearen Plan Sektorialeko balio estrategiko handiko lurzoruekin bat datorrenez, ingurumen-dokumentuak nekazaritza-arloko eraginari buruzko ebaluazioa (PEAS) jaso beharko du. Ebaluazio horrek, gainera, hala badagokio, zuzenketa- eta konpentsazio-neurri zehatzak definitzeko balioko du.

Aurrekoa gorabehera, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Zuzendaritzak adierazten duen moduan, proiektuak balio agrologiko handiko lurzoruak babesteko neurri hauek jasoko ditu:

• Belardi, laborantza-eremu eta aprobetxamenduetatik erretiratzen den lurzoruaren gainazaleko geruzaren landare-lur emankorrena gainerako indusketa-lurretatik aparte pilatu beharko da, ondoren jatorrizko lekuan jartzeko, beheko geruzetara irauli gabe.

• Makinen, materialen eta abarren erabileraren eraginpean dauden belardi eta laborantza-eremuetan, dagokion berrereintza egingo da. Belardiak berrereiteko, aldez aurretik lurra pixka bat landu edo aitzurtu beharko da lurraren trinkotasuna desegiteko, era horretan egokiak izan daitezen ondorengo berrereintza eta erneketa.

• Hala badagokio, eragindako laboreak birlandatuko dira, dagozkien kalte-ordainekin.

• Itxiturak eta partzeletan nahiz eragindako laboreetan dauden gainerako azpiegitura-elementuak (drainatzeak, etab.) ordeztuko dira.

– Nolanahi ere, eta Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikari buruzko abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 16. artikuluari jarraituz, nekazaritzaren arloko foru-organo eskudunak txostena behin betiko onartu beharko du.

Zarataren eta bibrazioen ondorioak murrizteko neurriak.

– Lanek iraun bitartean, jardunbide egokiak aplikatu beharko dira sorburuan zaratak murrizteko –bereziki indusketa-, eraispen-, zama- eta garraio-lanetan–, bai eta erabilitako makinen mantentze orokorrean, zaraten eta bibrazioen sorburuko murrizketan, zarata sortzeko ordutegiaren mugaketan, lanetan erabilitako ekipoen zaraten kontrolean eta abarretan ere.

– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legerian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokio, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.

– Bestalde, proiektua garatzean, obraren eragin-eremuan sorrarazitako zaratek ez dituzte gaindituko kalitate akustikoaren helburuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Hots Kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritakoak, hargatik eragotzi gabe dekretu horretako 35.bis artikuluan aurreikusitakoa.

– Egunez bakarrik egingo da lan.

– Obrek sei hilabete baino gehiago irauten badute, inpaktu akustikoari buruzko azterketa egin beharko da, dagozkion neurri zuzentzaileak zehazteko, hala xedatzen baitu urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 35 bis artikuluak.

Hondakinak kudeatzeko neurriak.

– Sortutako hondakin guztiak Ekonomia zirkularrerako hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan-kasuan, bereizi egin beharko dira hondakin mota eta helmugarik egokiena zehazteko.

– Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinak sortzea prebenitu behar da, edo, hala badagokio, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira; hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea, balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne, eta, azkenik, deuseztatzea.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da aldez aurretik behar bezala justifikatzea haien balorizazioa ez dela bideragarria teknikoki, ekonomikoki edo ingurumenaren aldetik.

– Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.

– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela eta, isurketaren bat gertatuz gero, nahasita, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan. Hondakin arriskutsuak dituzten edukiontziek edo ontziek Hondakinak eta lurzoru kutsatuak arautu eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 21. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileari eman arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Edukiontzi edo ontzi horiek argi etiketatu beharko dira, irakurtzeko eta ezin ezabatuzko moduan, eta indarrean dagoen araudiaren arabera.

– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen duen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

Aipatutako ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak gehitu beharko dio eraikitze-proiektuari hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketa-azterlan bat, eta I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du.

Halaber, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinekiko eta materialekiko betebeharrak nola konplituko dituen azaltzeko.

– Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, 16.000,38 m3-ko soberakinak aurreikusten dira. Soberakin horiek kudeatzeko, hierarkiaren printzipioari eta hondakinak kudeatzeko hurbiltasunaren printzipioari jarraituko zaie. Eraginpeko eremua morfologikoki lehengoratzeko erabiltzea baztertu ondoren, balorizatzea lehenetsiko da, honelako lanetan erabiliz: material horien premia duten gertuko eraikuntza-obretan, erauzketa-jarduerek eragindako lursailak birgaitzeko lanetan edo beste espazio degradatu batzuk lehengoratzeko lanetan; horrela, betelan-instalazioetan ezabatzea ekidingo da. Horretarako, kontuan izango da urriaren 10eko APM/1007/2017 Agindua, Hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorri-obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzkoa.

– Gainera, zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, Hondakinak zabortegietan utziz ezabatzeko jarduera arautzen duen uztailaren 7ko 646/2020 Errege Dekretuari eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuari jarraituko zaie.

Edozein inguruabar dela-eta hondeaketako soberakinak pilatzeko biltegiak eraiki behar izanez gero, betelan-proiektu bat idatzi beharko da, eta haren edukia otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari egokituko zaio. Horretaz gain, beste alderdi hauek ere jasoko dira proiektuan: kontuan hartutako kokaleku bakoitzerako ingurumen-eraginaren analisia, hartutako irtenbidearen justifikazioa, aurreikusitako leheneratze- eta kontrol-neurriak, eta dagokien aurrekontu xehatua.

– Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 29. artikuluari eta Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraikiz kudeatuko da sortzen den olio erabilia.

Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira behar bezala etiketatutako andel estankoetan; zola iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, kubo txikietan edo ihes eta isuriei aurre egiteko sistemen barruan.

– Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da hondakin arriskutsuak aldi batean pilatzeko, hala nola olio-potoak, iragazkiak, olioak eta pinturak. Gainera, hondakin geldoak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.

– Aplikatu beharreko araudia betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistemok, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, ez da inolaz ere kontrolatu gabeko efluenterik sortuko erregai eta produktuak biltegiratzeagatik, makinen mantentze-lanak egiteagatik edo hondakinak erretzeagatik.

– Kontuan hartuko da abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 84.3 artikuluan erosketa publiko berdeari buruz xedatutakoa.

Airearen kutsadura minimizatzeko neurriak.

– Aldian-aldian, obra-sarbideak garbituko dira, eta, atzemandako hauts-igorpenen arabera, ureztatzea programatuko da. Sarbideek egoera egokian egon beharko dute beti.

– Obretako instalazio osagarrien guneetako irteeran ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak biltzeko sistemekin hornituta. Gailuok egoera onean mantenduko dira obra-faseak dirauen artean.

– Hondeaketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreia ez daitezen.

Kultura-ondarea babesteko neurriak.

– Donejakue Bidearen (Enkarterriko ibilbidea) bidegurutzearekin lotuta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen, Jabetza Intelektualaren eta Lege Gordailuaren Zuzendaritzaren arabera, eta ingurumen-dokumentuan deskribatzen denarekin bat etorrita, honako neurri hauek beteko dira:

• Jarduketa amaitzen denean, lanaren afekzio-eremua jatorrizko egoerara itzuliko da.

• Obrek iraun bitartean, Bidearen seinaleak mantendu egingo dira, erromesen pasabidea ez da etengo eta ondo seinaleztatutako pasabide alternatiboa jarriko da.

• Donejakue Bideari buruzko 2/2012 Dekretuan eta Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legearen 33. artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren baimena beharko da dekretuak babestutako edozein eremuri eragiten dioten esku-hartzeetarako.

– Euskal Kultura Ondarearen maiatzaren 9ko 6/2019 Legean xedatutakoari jarraituz, lurrak mugitzeko obretan arkeologia-izaerako aztarnarik aurkituz gero, berehala jakinaraziko zaio Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari, eta azken horrek zehaztuko du zer neurri hartu behar diren.

Paisaia babesteko eta obren eraginpeko lekuak lehengoratzeko neurriak.

– Proiektua gauzatzean kaltetutako gune guztiak lehengoratu egingo dira (aldi baterako bilketa-eremuak, aldi baterako lurzoru-okupazioak, obra-eremuetarako sarbidea). Landareztatzea, espezie autoktonoak sartuta, ahalik eta lasterren egingo da erosio-prozesurik eta ibilguetarako solido-arrasterik ez izateko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horien inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotuko dira.

– Lurrak mugitzerakoan, landare-lurra kenduko da eta bereizita pilatuko da, obrek eragindako inguruen lehengoratze- eta landareztatze-lanak erraztearren.

– Kanpoko landare-espezie inbaditzaileak sartu eta hedatzea hauteman eta saihesteko kontrol-neurriak hartuko dira. Landare-estalkia lehengoratzeko erabilitako lurren jatorria kontrolatu beharko da, eta Robinia pseudoacacia, Fallopia japonica, Cortaderia selloana, Buddleja davidii edo beste espezie inbaditzaile batzuen propaguluekin edo haziekin kutsatuta egon daitezkeen lurrak erabiltzea saihestu beharko da.

– Erabiltzen diren makinek garbi egon beharko dute, lokatz- edo lur-arrastorik gabe, ez izateko arriskurik inguruan koka daitezkeen espezie inbaditzaileen propaguluak edo haziak proiektuaren eragin-eremura hedatzeko. Obrek dirauten bitartean espezie inbaditzailerik ikusten bada, ahal den guztietan, desagerrarazi egingo da jarduketa-eremuetatik.

Osasun publikoa babesteko neurriak.

– Bizkaiko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak adierazten duenarekin bat, beharrezkoa da osasun-agintaritzaren aldeko txostena, proiektuaren arduraduna den erakunde publikoak edo pribatuak eskatua.

– Hodiak eta instalazioak garbitu eta desinfektatu behar dira, martxan jarri aurretik.

– Kontrola eta zaintza egiteko laginketa-puntuak izendatu behar dira.

– Instalazio berrietan edo, konponketa- edo berreraikitze-lanen kasuan, kontsumo publikoko urak hartzeko, tratatzeko, biltegiratzeko edo banatzeko dauden instalazioetan erabiltzeko materialek, baldin eta ur horiekin kontaktua badute, ez dute uraren kalitatea okertu beharko, ezta urari osasunerako kaltegarriak diren substantziak, germenak edo propietateak, edo urak I. eranskineko parametroak betetzea kaltetu dezaketenak transmititu ere. Horretarako, honako oinarrizko higiene-baldintza hauek bete beharko dituzte:

• Ez dute arriskuan jarriko, ez zuzenean ez zeharka, giza osasunaren babesa.

• Ez dute negatiboki eragingo uraren kolorean, usainean edo zaporean.

• Ez diote mikrobioak ugaritzeari mesede egingo.

• Ez dute kontsumo publikoko uretara kutsatzailerik migratuko material horren aurreikusitako helbururako beharrezkoa den mailetatik gora edo uraren kalitatea okertzen duenik, eta inola ere ez dituzte gaindituko 3/2023 Errege Dekretuaren I. eranskineko balio parametrikoak.

Edonola ere, proiektuaren alderdi guztien garapenak bateragarria izan behar du inguruko biztanleriaren ongizatea eta osasuna babestearekin, eta aplikagarri zaion araudi juridiko eta administrazio-xedapen orori heldu behar dio.

Jardunbide egokien sistema bat ezartzea.

– Langileek jardunbide egokien sistema bat ezarri beharko dute, helburu hauek, besteak beste, ahalik eta hobekien bermatzeko:

• Obraren okupazio-mugak eta makinen zirkulazioa kontrolatzea: egiaztatu egin beharko da lanen eremua proiektuko aurreikuspenekin bat datorrela; obrek ez dute hartuko aurrez ikusitako baino eremu handiagoa.

• Natura-intereseko landaretza-azaleren gaineko eragina kontrolatzea.

• Kultura-ondarearen gaineko eragina kontrolatzea (Donejakue Bidea).

• Hondakin-isurketak kontrolatzea, eta olio-isurketen edo lur-arrasteen ondorioz lurzorua eta ura ez kutsatzea.

• Obretan sortutako hondakinak era egokian kudeatzea.

• Proiektuaren eragin-esparruan zarata eta hautsa direla-eta eragindako eragozpenak ekiditea.

Garbiketa eta obra bukatzea.

Obra bukatu ondoren, garbiketa-kanpaina zorrotz bat egingo da; proiektuak ukitutako eremua inolako obra-hondakinik gabe utzi beharko da, eta aldi baterako instalazio guztiak desmuntatu egin beharko dira. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, txosten honen aurreko apartatuetan hondakinak kudeatzeko xedatzen dena aplikatuko da.

Ingurumen-aholkularitza.

Obra amaitu arte eta haren berme-aldian zehar, obra-zuzendaritzak ingurumenaren eta babes- eta zuzenketa-neurrien arloan kualifikatutako aholkularitza izan beharko du.

Ingurumen-aholkularitzak, gainera, jardunbide egokien kontrola egingo du, obra egikaritzean. Besteak beste, proiektuko ekintzen eragina aztertuko du, bereziki hauei dagokienez: natura-ondarearen kontserbazioa, makinen mugimenduak, hauts eta zarataren sorrera eta hondakinen kudeaketa.

Hirugarrena.– Aipagarria da ez dela uste proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari, lehenengo puntuan ezarritakoaren arabera, eta baldin eta ebazpen honetan jasotako babes- eta zuzenketa-neurriak hartzen eta ezarritako kontrolak ezartzen badira, bai eta sustatzaileak proposatutakoak ere –adierazitakoen aurkakoak ez badira–. Horrenbestez, ez da beharrezkotzat jotzen ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea proiektu honi dagokionez: Enkarterri (Cadagua ibaia-Sollanoko EUA 2.2.2 tartean) lehen mailako sarearen bidez hornitzeko proiektua, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak sustatutakoa.

Laugarrena.– Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari jakinaraztea ebazpen honen edukia.

Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Seigarrena.– Euskadiko Ingurumen Administrazioaren abenduaren 9ko 10/2021 Legearen 79.5 artikuluak ezarritakoaren arabera, aipatutako proiektua gauzatzen ez bada Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko urtarrilaren 27a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

NICOLAS GARCIA-BORREGUERO URIBE.


Azterketa dokumentala