Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

41. zk., 2026ko martxoaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, TRANTSIZIO ENERGETIKO ETA JASANGARRITASUNAREN SAILA
931

AGINDUA, 2026ko otsailaren 17koa, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarena, oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren ETEak sortu eta garatzeko aurrerakin itzulgarrietarako laguntza-aginduak aldatzen dituena. Gauzatu-Industria programa.

Gauzatu Industria programaren helburu nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren ETEen sorrera eta garapena sustatzea izan da, etorkizuneko lehiakortasuna indartzeko funtsezko estrategia gisa, enplegua sortzen duen inbertsioa bultzatuz eta enpresen hazkundea sustatuz, industria-sare moderno, dinamiko, garatu eta jasangarria sendotu nahian.

Jasotako laguntzak aurrerakin itzulgarriak dira, eta oinarri teknologikokotzat eta/edo berritzailekotzat jotzen diren eta aktibo finkoetan inbertsioak egiteko onuradun diren ETEentzat dira, baldin eta, aldi berean, enpleguari eustea eta/edo enplegua sortzea badakarte.

Gauzatu Industria programa arautzen duten aginduek, 2000ko ekitalditik 2025era arte, egin beharreko inbertsioekiko proportzionalak diren laguntzak deitu eta eman dituzte, aurrerakin itzulgarri gisa; laguntza horiek itzuli egin behar izan dira, deialdi bakoitzean ezarritakoaren arabera.

Emandako laguntzak itzultzeko prozedura sinplifikatzeko eta enpresa onuradunentzako administrazio-karga murrizteko, urteko bi itzulketen ordez (otsaila eta uztaila) urtean itzulketa bakarra egitea proposatzen da. Urte bakoitzeko lehen seihilekoan egin beharko da, eta ekainaren 30a izango da azken eguna.

Bestalde, SOCADEk, sustapen-neurriak kudeatzen dituen erakundea den aldetik, eta Gauzatu Industria programaren finantza-erakunde laguntzailea den aldetik, 2000ko deialditik 2017ra bitartean (urte hori barne), bere jardueren likidazio-prozesu ordenatua hasi du, eta, beraz, 2025eko abenduaren 31tik aurrera, erakunde laguntzaile gisa zegozkion eginkizun eta zeregin finantzarioak betetzeari utziko dio.

Hala, deialdi guztietarako finantza-kudeaketan erakunde laguntzaile bakarra izateko, urtea edozein dela ere, Finantzen Euskal Institutua izendatzea erabaki da, SOCADEk betetzen zituen eta 2018ko deialditik aurrera betetzen ari den zereginak bere gain hartzeko, GAUZATU-INDUSTRIA programaren erakunde laguntzaile gisa. Neurri horrek programaren enpresa onuradunentzako administrazio-izapideak sinplifikatzen laguntzen du, edozein dela ere hartu zuten deialdia.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Aurrerakin itzulgarriak itzultzea.

1.– Artikulu hauen edukia aldatzea, 2. apartatuan jasotzen den moduan:

– Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2007ko maiatzaren 21eko Aginduaren 18.3 artikulua, teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortu eta garatzen laguntzeko Gauzatu-Industria programa arautzen du (EHAA, 112. zk., 2007ko ekainaren 12koa). Agindu horren babesean, 2013ko maiatzaren 22an, Industriako sailburuordeak ebazpena eman zuen 2013ko ekitaldirako laguntzak emateko deialdia argitara emateko, eta 2014ko ekainaren 4an, berriz, 2014ko ekitaldirako laguntzetarako deialdia egin zuen.

– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2015eko ekainaren 10eko Aginduaren 18.3 artikulua, oinarri teknologikoko ETEak eta/edo berritzaileak sortzea eta garatzea sustatzeko 2015eko ekitaldirako laguntzak – aurrerakin itzulgarriak – arautzen eta deitzen dituena. Gauzatu-Industria programa.

– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren 2016ko maiatzaren 11ko Aginduaren 18.3 artikulua. Agindu horren bidez, teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortzea eta garatzea sustatzeko laguntza itzulgarriak arautzen dira eta horietarako deialdia egiten da 2016ko ekitaldirako. Gauzatu-Industria programa.

– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko maiatzaren 31ko Aginduaren 18.3 artikulua. Agindu horren bidez, teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortzea eta garatzea sustatzeko laguntza itzulgarriak arautzen dira eta horietarako deialdia egiten da 2017ko ekitaldirako. Gauzatu-Industria programa.

– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko ekainaren 27ko Aginduaren 18.3 artikulua, oinarri teknologikoko ETEak eta/edo berritzaileak sortzea eta garatzea sustatzeko 2018ko ekitaldirako laguntza itzulgarriak arautzen eta deitzen dituena. Gauzatu-Industria programa.

– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko apirilaren 17ko Aginduaren 22.3 artikulua. Agindu horren bidez, teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortzea eta garatzea sustatzeko laguntza itzulgarriak arautzen dira eta horietarako deialdia egiten da 2019ko ekitaldirako. Gauzatu-Industria programa.

– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2020ko uztailaren 1eko Aginduaren 21.3 artikulua, oinarri teknologikoko ETEak eta/edo berritzaileak sortzea eta garatzea sustatzeko 2020ko ekitaldirako laguntza itzulgarriak arautzen eta deitzen dituena. Gauzatu-Industria programa.

– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2021eko ekainaren 16ko Aginduaren 20.3 artikulua. Agindu horrek laguntza itzulgarriak arautu eta deitzen ditu 2021eko ekitaldirako, teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortzea eta garatzea bultzatzeko. Gauzatu-Industria programa.

– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2022ko apirilaren 27ko Aginduaren 21.3 artikulua. Agindu horrek teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortzea eta garatzea sustatzeko laguntza itzulgarriak arautu eta deitzen ditu 2022ko ekitaldirako. Gauzatu-Industria programa.

– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2022ko abenduaren 21eko Aginduaren 21.3 artikulua. Agindu horrek teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortzea eta garatzea sustatzeko laguntza itzulgarriak arautu eta deitzen ditu 2023ko ekitaldirako. Gauzatu-Industria programa.

– Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren 2023ko abenduaren 26ko Aginduaren 21.3 artikulua. Agindu horrek teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortzea eta garatzea sustatzeko laguntza itzulgarriak arautu eta deitzen ditu 2024ko ekitaldirako. Gauzatu-Industria programa.

– Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuaren 2025eko apirilaren 1eko Aginduaren 21.3 artikulua. Agindu horrek teknologia-oinarriko ETEak eta/edo berritzaileak sortzea eta garatzea sustatzeko laguntza itzulgarriak arautu eta deitzen ditu 2025eko ekitaldirako. Gauzatu-Industria programa.

2.– Honela geratuko da idatzita aurreko apartatuan aipatutako aginduetan zerrendatutako artikuluen testua:

«Aurrerakinaren bostena urtero itzuliko da, modu finkoan. Urtero itzulketa bakarra egingo da, eta ekitaldi bakoitzeko ekainaren 30a baino lehen egin beharko da. Epez kanpoko itzulketek berandutze-interesak sortuko dituzte egun horretatik dirua itzuli arte. Betebehar hori ez betetzeak berekin ekarriko du, hala badagokio, jasotako zenbateko guztiak eta berandutze-interesak itzultzeko espedientea hastea, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte.»

Bigarren artikulua.– Erakunde laguntzailea.

Oinarri teknologikoa duten eta/edo berritzaileak diren ETEak sortu eta garatzeko aurrerakin itzulgarriak arautzen eta deitzen zituzten lehenengo artikuluan zerrendatutako aginduen ondorioetarako, 2013, 2014, 2015, 2016 eta 2017ko ekitaldietako Gauzatu-Industria Programa. 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera, ekitaldi horietako erakunde onuradunek jasotako aurrerakinen itzulketak Finantzen Euskal Institutuak horretarako izango duen kontuan egin beharko dira. Finantzen Euskal Institutua, data horretatik aurrera, SOCADEk aipatutako urteetako deialdietan erakunde laguntzaile gisa esleituta zituen betebeharretan eta eginkizunetan subrogatuko da, eta erakunde laguntzaile gisa jardungo du, Dirulaguntzen Araubidea Erregulatzeko abenduaren 21eko 20/2023 Legearen 12. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta dagokion lankidetza-hitzarmenean gauzatuko da.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Agindu hau argitaratzen den egunean lehen itzulketa (2026ko otsailekoa) egin duten onuradunek bigarren itzulketa uztailean egin ahal izango dute, aurten soilik.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honen aurka interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarraldia.

Agindu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.

Vitoria-Gasteiz, 2026ko otsailaren 17a.

Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua,

MIKEL JAUREGI LETEMENDIA.


Azterketa dokumentala